Iragarkia
75. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
84E/2026 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako tokiko ekintza-taldeei dirulaguntza emateko deialdia, 2026an emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta bultzatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako teknikariak kontratatzen laguntzeko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 895140.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuta eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduta. Horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuaren bidez onetsitako estatutuen arabera, bere eskumenetako bat da Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzea eta kudeatzea, eta bere eginkizunetako bat da eskumenen esparruko politikak bultzatzeko dirulaguntzen deialdiak kudeatzea.
Tokiko ekintza-taldeak eskualde mailako elkarteak dira, eta bertan biltzen dira eskualdeko sare sozioekonomikoa ordezkatzen duten solaskide publikoak (udalak eta mankomunitateak) eta pribatuak (gazteen kolektiboak, emakume-elkarteak, enpresa-elkarteak, sindikatuak eta abar). Landa garapenaren Europako estrategiak aplikatzea dute helburu, kolektibo sozial, ekonomiko eta instituzionalen arteko adostasunaren ondorioz sortzen diren eskualdeko programak diseinatuz, abian jarriz eta kudeatuz.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean, "Herritar aktiboak, ahalduntzea eta parte-hartzea" kapituluaren barnean, bereziki aipatzen dira alderdi hauek: genero ikuspegia landa garapeneko jarduketetan txertatu beharra, emakumeen ahalduntzea landa esparruan, despopulazioari aurre egiteko neurriak, landa esparruan dagoen eten digitala desagerrarazteko jarduketak eta abar. Auzi horietan guztietan, tokiko ekintza-taldeen jarduna erabakigarria da; izan ere, lurraldeari bultzada emateko garrantzi eta eragin handiko entitateak dira. Bestalde, berdintasunari buruzko foru lege horrek berak administrazio publikoei eskatzen die eskain ditzatela pertsona guztien bizitzaren jasangarritasuna errazten duten baliabideak, eta aintzatets dezatela etxeko lanaren eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaren funtzio sozial eta ekonomikoa, bai eta ordainsaririk edo aintzatespen profesionalik gabeko jarduera feminizatuak ere. Horren harira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bizitzaren jasangarritasunean eta zainketen balioan oinarritutako eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko, "Zainketen aldeko Itunak Nafarroan" programa garatzen du Nafarroako Gobernuaren departamentuekin eta tokiko ekintza-taldeekin lankidetzan.
Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan, kontuan hartzen da toki administrazioaren erantzukizuna ildo estrategiko guztietan, eta, bereziki, I. ildo estrategikoan, zeinaren helburua baita genero-ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza-ereduan, toki administrazioa barne, eta hura tokiko ekintza-taldeen parte ere bada, adierazi den bezala. II. ildo estrategikoak, bere aldetik, helburu estrategikotzat du zainketek bizitza sostengatzeko duten balioa aitortzea. Halaber, plan estrategiko horren IV. ildo estrategikoak ardatz du gizarte zibilaren protagonismoa sustatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraiki eta finkatzeko orduan. Balioak aldatzeko, gizarte zibilak protagonismo handiagoa izan behar du, eta emakumeek eta gizonek konpromiso aktiboa eta arduratsua hartu behar dute berdintasunarekin, hura baita pertsona guztien ongizatea lortzeko bidea. Horren haritik, elkarteen lana ezinbestekoa da, hain zuzen ere, ikuspegi feminista aintzat hartuz eta emakumeen aniztasunetik, emakumeen beharrizanei ahotsa jarriko dioten elkarteena, eta erakundeekin izanen duten elkarrizketak eragina izan behar du politika publikoetan.
Adierazi behar da, bestalde, tokiko esparrua dela herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki entitateek emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin eta tokiko ekintza-taldeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.
Tokian tokiko errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten tokiko ekintza-taldeentzat. Era berean, deialdi honen xedea da tokiko ekintza-taldeei laguntzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako teknikariak kontratatzen, haiek lanean has daitezen eta finka daitezen bultzatuta. Laguntza hori funtsezko tresnatzat jotzen da tokiko eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-helburuak egon eta bultzatzeko, eta horren emaitza izan behar du lanbide-profil hori finkatu eta mantentzea.
Deialdiak bi modalitate hartzen ditu kontuan, hainbat baldintza eta zenbateko ezarrita. Lehenengo modalitatea berdintasunerako agentea duten edo kontratatzeko asmoa duten tokiko ekintza-taldeentzat da; kasu horretan, dirulaguntzak laguntza emanen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen eta bultzatzen duten talde horien proiektuak egiteko, baita berdintasunerako teknikariak kontratatzeko ere, betiere deialdiak ezarriko dituen baldintzak eta mugak betetzen badira. Bigarren modalitatea tokiko ekintza-taldeentzat da, baldin eta ez badute profesional hori, baina emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko eta bultzatzeko proiektuak garatzen badituzte.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki erakundeen berdintasun politika planifikatzeko ibilbidea dokumentua proposatzen die toki erakundeei, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako tokiko politikan kalitate estandarrak txertatzeko tresna gisa. Ibilbide hori tokiko ekintza-taldeentzako eredu gisa ere erabiltzen ahal da, deialdian jasotzen diren proiektuak planifikatzeko jarraibideak markatzen dituen erreferentzia-tresna gisa. Era berean, tokiko ekintza-taldeen lana planifikatzeko baliagarria izan daiteke "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa", zeina eskualde-eremuko mota horretako elkarteentzako lankidetza-proiektu espezifiko baten emaitza baita. Deialdi honetan parte hartzen duten tokiko ekintza-taldeek bi dokumentu horietako edozein erabiltzen ahal dute diruz lagun daitezkeen jarduerak egituratzeko eta bateratzeko.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako tokiko ekintza-taldeei dirulaguntzak emateko 2026ko deialdia onestea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta bultzatzeko proiektuak garatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako teknikariak kontratatzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 75.000,00 euroko kreditua baimentzea 2026ko gastu-aurrekontuaren "080001 08100 4819 232207 Tokiko ekintza-taldeentzako transferentziak" aurrekontu-partidaren kargura.
4. Ebazpen hau eta haren oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta balorazio irizpideak (II. eranskina) biltzen dituzten eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 18an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) 2026. urtean Nafarroako tokiko ekintza-taldeei emanen dizkien dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.
2. Dirulaguntza honen helburua da emakume eta gizonen arteko berdintasunerako udal politikak bultzatzea, honako hauen bidez:
a) Berdintasunerako teknikariak sartu, finkatu eta mantentzea, eta tokiko ekintza-taldeetan egitura egonkorrak sortzen laguntzea.
b) Tokiko ekintza-taldeek egindako berdintasun proiektuak finantzatzea, ibilbide hauetako batekin lerrokatuta: "Nafarroako toki erakundeen berdintasun politika planifikatzeko ibilbidea" edo "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa".
3. Gauzatze-aldia: diruz laguntzen ahal diren jarduketak 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean egin beharko dira, berdintasuneko teknikariak kontratatzeko ezarritakoa izan ezik, hori 2025eko abenduaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean eginen baita. Ez da sartzen 2025eko azaroa kontrataziora bideratutako gastu diruz lagungarritzat, aldi hori jada sartuta baitzegoen helburu bera zuen 2025eko deialdi batean.
2. oinarria. Erakunde onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.
2.1. Erakunde onuradunak: Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatean legez eratutako tokiko ekintza-taldeek, Nafarroako Foru Komunitatean deialdi honetako proiektuak sustatzen badituzte, eta, era berean, oinarri hauetako baldintzak betetzen badituzte.
2.2. Dirulaguntza motak: Bi modalitate ezarri dira:
a) A modalitatea.
Tokiko ekintza-taldeentzat da, baldin eta berdintasun teknikariak (berdintasun agentea) badituzte lanaldi osorako kontratatuak, edo diruz laguntzen ahal den aldian horrelako lanpostu batean beste kontratazio bat egin nahi badute.
Modalitate honetan, tokiko ekintzarako taldeek honako hauek egiten ahalko dituzte:
–Oinarri hauetan ezarritakoarekin bat datozen berdintasun proiektuak sartzea eskaeran.
–Berdintasun teknikariak kontratatzeko gastuak finantzatzeko laguntza eskatzea, ezartzen diren baldintza eta mugen barruan.
b) B modalitatea.
Lanaldi osoan aritzen den berdintasun teknikaririk ez duten tokiko ekintza-taldeentzat da, 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Modalitate honetan, tokiko ekintza-taldeek berdintasun proiektuak sartzen ahalko dituzte, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera.
3. oinarria. Betebeharrak.
Dirulaguntza eskatzen duten tokiko ekintza-taldeek betekizun hauek bete beharko dituzte eskaera egiten dutenean, eta dirulaguntzaren xede den jarduera egiten den denbora guztian mantendu beharko dituzte.
3.1. Erakunde eskatzaile guztien betekizun orokorrak.
a) Tokiko ekintza-taldea legez eratua egon beharko da Nafarroako Foru Komunitatean eta Nafarroako Gobernuak hautatua eta onetsia.
b) Lan plan bat izan beharko du –prestakuntza barne hartzen duena–, eta aurrekontu-esleipena izan beharko du berdintasunaren arloan (IV. eranskinaren bidez adierazten da).
c) Tokiko ekintza-taldea osatzen duten erakunde guztiek proiektua elkarrekin egiteko konpromisoa bete beharko dute. Konpromiso hori hartutzat joko da tokiko ekintza-taldearen Zuzendaritza Batzordeak –edo antzeko organoak– V. eranskina bete eta sinatzen duenean.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako debeku egoeretako batean ere ez egotea.
e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza izenduna ez jasotzea aurrekontu-ekitaldi berean.
3.2. A modalitaterako berariazko betekizuna.
Modalitate honetan sartzen ahalko dira, betekizun orokorrez gain, honako hauek ere betetzen dituzten tokiko ekintza-taldeak:
1. Berdintasuneko agentea edukitzea edo kontratazioari ekitea: B mailako berdintasuneko agentea kontratatua izatea edo plantillan lanaldi osoa izatea, edo diruz laguntzeko moduko aldian lanpostu berri bat kontratatzen hastea.
–Kontratazioak indarrean dagoen araudia bete beharko du.
–Ez dira diruz lagunduko berdintasunerako teknikariak lanaldi partzialean dituzten proiektuak, agente nagusiaren lanaldi murrizketak direnean izan ezik. Kasu horietan, lanaldi osoa bi pertsonak betetzen ahalko dute.
–Lanaldi osoaren baliokidetzat hartuko dira zortziren, seiren edo laurden bateko murrizketak, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuaren edo aplikatu beharreko araudiaren arabera. (IV. eranskinean eskuragarri dagoen erantzukizunpeko adierazpenean sartzen da).
2. Erakunde eskatzailearen organo eskudunaren baimena izatea, berdintasuneko agenteak, egitekotan, parte har dezan NABIk antolatutako genero berdintasunaren arloko etengabeko prestakuntzako programan, diruz laguntzen ahal den aldi osoan (IV. eranskinean dagoen erantzukizunpeko adierazpenean sartu da).
3.3. B modalitaterako berariazko betekizuna.
Eskaera egiten denean B mailako berdintasun teknikaririk (berdintasun agentea) ez duten tokiko ekintza-taldeek eskatzen ahalko dute modalitate hau, lanaldi osorako kontratatuak badira. (IV. eranskinaren araberako akreditazioa).
4. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak.
Tokiko ekintza-taldeek proiektu bakarra aurkeztu behar dute, dagokien modalitatean.
Proiektuak ibilbide hauetako bati egokitu beharko zaizkio: "Nafarroako toki erakundeen berdintasun politika planifikatzeko ibilbidea" edo "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa". Gauzatzen diren bitartean egokitzen ahalko dira, betiere jakinarazitako plangintzarekiko koherentziari eusten bazaio.
4.1. A modalitatea: Tokiko ekintza-taldeek berdintasun agenteekin egindako proiektuak, edo horiek kontratatzeko prozesua hasten dutenak.
4.1.1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko jarduketak. Proiektuetan, tokiko erakundeen ibilbidearen hiru etapetako edozeinetan sartzen diren jarduketak sartzen ahalko dira. Edonola ere, ibilbidearen "Zeharkako edukiak" kapituluaren 3 lan-ildoen arabera sailkatuko dira jarduketak. Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen ibilbidea erreferentzia gisa hartzea aukeratzen bada, ibilbide horretan jasotako hiru mailetako edozeinetan sartzen ahal diren ekintzak planifikatzen ahalko dira.
Dirulaguntza jasotzen ahal duten ekintzak hautatutako ibilbidearen arabera egituratuta azalduko dira, eta honelakoak izan daitezke:
–Berariazko prestakuntza.
–Prozedurak, tresnak edo planak, diagnostikoaren, eraketaren, eguneratzearen edo ebaluazioaren faseetan.
–Tokiko ekintza-taldeak sinatutako Zainketen aldeko Tokiko Itunean jasotako zainketen arloko jarduketak, 2026ko urteko lan planean sartutakoak. Ekintza horiek zenbateko gehigarria jasotzen ahalko dute, 7.2 oinarriaren arabera.
–Indarkeriaren Tokiko Protokoloa egitea edo eguneratzea, NABIk argitaratutako Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko tokiko koordinazio-protokoloak egiteko gidan jasotakoaren arabera. Protokolo hori bakarra izanen da tokiko ekintza-taldearentzat.
–Tokiko Koordinazio Mahaiari zuzendutako prestakuntza espezifikoa. Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko prestakuntza orokorra, edo protokoloari buruzko prestakuntza espezifikoa, tokiko ekintza-taldearen langile guztientzat.
–Protokoloaren zabalkunde, jarraipen eta ebaluaziorako jarduketak.
–Aholkularitza juridikoa eta laguntza psikologikoa emateko zerbitzuak.
–Erreparazio integraleko ekitaldiak, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei omenaldiak barne.
–Gizarte zibilaren protagonismoarekin eta inplikazioarekin lotutako jarduketak, sentsibilizazioarekin (kanpainak, materialak...) edo emakumeen ahalduntzearekin eta parte hartzearekin lotutakoak. Jarduketa horiek ez dute proiektuaren aurrekontuaren % 50 gainditzen ahalko, eta ez dira 10.000 eurotik gorakoak izaten ahalko.
4.1.2. Berdintasun agentea kontratatzeko gastuak.
A modalitateko baldintzak betetzen dituzten tokiko ekintza-taldeetan berdintasun teknikariak (berdintasun agentea) kontratatzea diruz laguntzen ahalko da. 7. arauan zehaztuko dira gastu horiek dirulaguntza jaso dezaketen gastu gisa egozteko baldintzak eta mugak.
Kontratazio berrien gastuak eta ondorengo kontratazio-urteetakoak dirulaguntza jasotzen ahalko dute, berdintasun agentearen lanpostuak lanaldi osoan sortu eta finkatzeko. Kontratazio berritzat hartuko dira dirulaguntzaren xede den aldian lehendik ez zegoen berdintasunerako agente baten lanpostuan hasten direnak. Inola ere ez dira halakotzat hartuko B mailako eta lanaldi osoko berdintasunerako agente lanpostuei dagozkien kontratuen berritzeak, aldaketak, berrekiteak edo ordezkapenak.
Deialdi honen ondorioetarako, tokiko ekintza-taldean berdintasun arloko teknikariak kontratatzeko gastuak diruz laguntzeko modukotzat onartzea soilik lotzen zaio 2025eko abenduaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarteko aldi diruz lagungarriari, kontuan hartu gabe kontratu-harremana mugagabea den edo epe horretatik haragokoa den. Ez da sartzen 2025eko azaroa kontrataziora bideratutako gastu diruz lagungarritzat, aldi hori jada sartuta baitzegoen helburu bera zuen 2025eko deialdi batean.
4.2. B modalitatea: Berdintasun agenterik gabeko tokiko ekintza-taldeen proiektuak.
Modalitate honen proiektuak tokiko erakundeentzako ibilbidearen 1. etapan bakarrik inskribatu behar dira, eta "Zeharkako edukiak" kapituluaren lerroen arabera sailkatuko dira. Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen ibilbidea erreferentzia gisa hartzea aukeratzen bada, ibilbide horren 1. mailan sartzen ahal diren ekintzak soilik planifikatzen ahalko dira.
B modalitate honetan prestakuntza, prozedura, plan, azterlan edo diagnostikoko jarduketek baizik ez dute dirulaguntzarik jasoko, eta horien barruan honako hauek sartzen ahalko dira:
–Tokiko ekintza-taldearen langileentzako prestakuntza berdintasunean.
–Diagnostikoa egitea edo eguneratzea, tokiko ekintza-taldeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan duen egoera aztertzeko. Helburua lurraldean jarduteko lehentasunak ezartzea izanen da, lan planean edo programan sartzeko.
–Tokiko ekintza-taldearen berdintasun plana edo lan programa egitea.
–Protokolo espezifikoak egitea: "Jaigunetako eraso sexistei aurre egiteko jarduketa protokoloak" edo "Emakumeen aurkako indarkeriagatiko hilketa eta egoera larriei aurre egiteko jarduketa protokoloak", NABIren emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko tokiko koordinazio protokoloak egiteko gidan jasotzen denari jarraikiz. Protokoloak komunak izanen dira eta toki ekintzako talde osoan aplikatuko dira. Hala ere, udalerri horiek borondatez atxikitzen ahalko dira, eta behar bezala aplikatzeko behar diren egokitzapenak edo doikuntzak egiten ahalko dituzte.
–Tokiko ekintza-taldeak planifikatzen eta gauzatzen dituen proiektuetan genero ikuspegia zeharka sartzea.
–Genero-ikuspegia sartzea informazio-sistemetan.
–Hizkuntzaren erabilera inklusiboa eta ez-sexista.
–Prestakuntza beharrak berdintasunean identifikatzea.
–Zainketen arloko egoeraren diagnostikoa.
–Zainketen aldeko Tokiko Ituna duten tokiko ekintza-taldeek (2026rako sinatuta edo sinatzeko konpromisoarekin, NABIk aldez aurretik onartuta) Itunaren Akordioan eta 2026ko urteko lan planean jasotako zainketen arloko jarduketak sartzen ahalko dituzte. Ekintza horiek zenbateko gehigarria jasotzen ahalko dute, 7.2 oinarriaren arabera.
5. oinarria. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.
Ez dute dirulaguntzarik jasoko ondoko kasuetan egiten diren proiektu edo jarduketek:
a) Deialdiaren baldintza orokorrak eta 4. oinarrian aipatzen diren betebeharrak betetzen ez dituztenak.
b) Helburu nagusitzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea ez dutenak, NABIren teknikariek egindako balorazioaren arabera.
c) Tokiko ekintza-taldearen zuzeneko arreta zerbitzuak sortzeko, zabaltzeko edo finantzatzeko erabiltzen direnak (adibidez, ludotekak, jubilotekak, atseden zerbitzuak edo pertsonentzako zerbitzuak). Baztertuta geratzen dira laguntzeko beharra duten pertsonei bakarrik zuzendutako proiektuak, 6.1. e) apartatuan ezarritakoa salbu.
d) 50 langile edo gehiago dituzten tokiko ekintza-taldeetako langileen barne-berdintasunerako planak, haien diagnostikoak barne.
e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dagozkion programak eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.
f) Zainketen aldeko Tokiko Itunen programa gauzatzeko laguntza teknikoaren zerbitzu-kontratua arautzen duen pleguan jada jasota dauden ekintzak.
6. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta ez-lagungarriak.
6.1. Gastu diruz lagungarriak.
Dirulaguntzaren xede bakarra gastu hauek finantzatzea izanen da: Kasu guztietan, zenbatekoak merkatuko balioari egokitu beharko zaizkio:
a) Laguntza teknikoa. Diruz lagundutako jardueraren azpikontratazio osoa edo partziala, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Txostengileek, adituek edo diruz lagun daitezkeen ekintzak gauzatzen dituzten erakundeek sortutako ordainsariak, baita jarduketa horiei zuzenean lotutako dieten, joan-etorrien eta ostatuen gastuak ere.
c) Argitalpen eta zabalkunde gastuak (zabalkunderako materialak, diseinua, inprimaketa, hedabideetako zabalkundea, komunikazioa eta dirulaguntza jaso duten jarduerekin zerikusia duten gainerako publizitate gastuak).
d) Jarduerak egiteko behar diren lokalen eta ekipamenduen alokairuaren gastua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak gutxienez bi urtez erabili beharko ditu ondasun horiek dirulaguntza eman zen helburu zehatzerako.
e) Diruz lagundutako jarduketak gauzatu bitartean, eta orduan bakarrik, laguntza beharra duten pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).
f) Dirulaguntzaren xede den jarduerarekin zuzeneko lotura duten finantza, lege edo finantza-aholkularitzako gastuak, behar bezala prestatu edo burutzeko ezinbestekoak direnak.
g) Berdintasun agentearen langileen gastuak. Berdintasun teknikariei (berdintasun agentea) dagozkien lansariak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotak izaten ahalko dira dirulaguntzen xede, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak eta 7. oinarrian ezarritako mugak betetzen badira.
2025eko abenduaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean benetan sortutako eta ordaindutako gastuak baino ez dira diruz lagunduko, kontratuaren iraupen osoa edozein dela ere.
6.2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Tokiko ekintza-taldearen langileen nominak, 6.1.g) oinarrian ezarritako berdintasun agentearen nomina izan ezik. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:
–Berdintasuneko agentearen nominan sartzen ez diren bestelako langile-gastuak.
–Kontratua azkentzeagatiko kalte-ordainak.
–Konpentsazioak, enplegu publikoaren araudian ezarritako administrazio araubidearen kontratazioaren gehieneko epeak betetzen ez badira.
b) Tokiko ekintza-taldearen langileen nominak, laguntza zerbitzuetarako direnak, salbu eta diruz lagundutako jardueretan laguntza behar duten pertsonei laguntzeko behar diren kontratazio puntualak (6.1.e oinarria).
c) Tokiko ekintza-taldearen berezko zerbitzuen funtzionamendutik eratorritako gastuak, hala nola, zaintza zerbitzu iraunkorrak, ludotekak, liburutegiak, adinekoen zentroak edo izaera jarraituko bestelako zerbitzuak.
d) Janarien, edarien, janaurrekoen, oparien, protokolo-arreten edo antzekoen gastuak, salbu eta txostengileenak, adituenak edo dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak gauzatzen dituzten erakundeenak (6.1 b oinarrian adierazitakoak).
e) Sustapen, publizitate edo merchandising materialen ekoizpenerako gastuak.
f) Beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen ekipamenduak edo produktuak erostea (adibidez, material informatikoa erostea, inprimagailuak, proiektoreak, telefonia eta abar).
7. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoak.
7.1. Finantzaketaren araubide orokorra eta lehentasunak.
Dirulaguntzak aurrekontuetan dagoen dirua agortu arte emanen dira.
Aurrekontuko partida agortzen bada eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaera guztiei erantzun gabe, laguntzak lehentasun hurrenkera honen arabera emanen dira:
1. A modalitatearen eskaerak, proiektuaren balorazio orokorrerako II. eranskinean jasotako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.
2. B modalitatearen eskaerak, proiektuaren balorazio orokorrerako II. eranskinean jasotako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.
Modalitate bereko eskaeren artean berdinketarik gertatuz gero:
–Lehentasuna izanen du II. eranskinaren "proiektuaren kalitate teknikoa" apartatuan puntuaziorik handiena lortzen duen erakundeak.
–Berdinketak jarraitzen badu, biztanle gehien hartzen dituen tokiko ekintza-taldeak izanen du lehentasuna.
7.2. Finantzaketaren gehieneko zenbatekoa.
7.2.1. A modalitatea.
1) Gehienez ere 29.000 euroko finantzaketa ematen ahalko da tokiko ekintza-taldean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko jarduketa guztietarako. Kopuru hori oso-osorik erabiltzen ahalko da jarduketak egiteko, baita berdintasun agente bat kontratatzeko gastuak zati batean ordaintzeko ere.
Kalkulua egiteko, 35.000 euro ezarri dira erreferentziatzat (diruz laguntzen ahal den aldian lanaldi osoko kontratazio batek izanen duen kostu zenbatetsiari dagokiona), B mailako berdintasun agente postu baterako, soldata eta Gizarte Segurantzako enpresa-kotizazioak barne. Diruz laguntzen ahal den gastuaren gehieneko mugak eta justifikatu beharreko zenbatekoa zehazteko baino ez da erabiltzen kopuru hori.
a) Kontratazio berriak. Kontratazio berritzat hartuko dira 4.1.2. oinarrian zehaztutakoak. Kasu horietan, langileen gastuak diruz laguntzen ahal diren gastutzat hartzen ahalko dira, 24.500 eurora bitarte gehienez.
b) Lehendik dauden kontratazioak. Dirulaguntza jasotzen ahal duten gastutzat berdintasun agenteen gastuak egozten ahalko dira, gehienez ere 21.000 euro.
Langileria gastuengatik diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa egozten denean, erreferentziako kopuru osoa (35.000 euro) justifikatu beharko da. Zenbateko txikiagoa egozten bada, justifikatu beharreko zenbatekoa proportzionalki murriztuko da.
2) 5.000 eurorainoko finantzaketa osagarria ematen ahalko da Zainketen aldeko Tokiko Itunarekin lotutako ekintzetarako.
7.2.2. B modalitatea.
1) 3.500 euro bitarte, proiektuko jarduketa guztietarako.
2) 3.000 euro gehigarri arte, zainketengatik tokiko itunarekin lotutako ekintzetarako, baldin eta tokiko ekintza-taldeak 2026an sinatu badu edo sinatzeko konpromisoa hartu badu.
8. oinarria. Laguntzak emateko eta zenbatekoa zehazteko irizpideak.
Laguntzak 11. oinarrian eta II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera emanen dira.
60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak gaitzat joko dira eta dirulaguntzaren zenbatekoa honela zehaztuko da:
- Dagokion modalitaterako ezarritako gehieneko zenbatekoaren % 100, jakinarazitako eta onartutako aurrekontua berdina edo handiagoa bada.
- Jakinarazi eta onartutako aurrekontuaren % 100, gehienezko zenbatekoa baino txikiagoa bada.
9. oinarria. Dokumentazioa.
9.1. Aurkeztu beharreko agiriak.
Tokiko ekintza-taldeek honako dokumentu hauek entregatu beharko dituzte, dokumentu bereizietan, eskura dituzten eranskinak nahitaez erabilita:
a) Eskaera (III. eranskina).
Eredu ofizialean entregatu behar da, eta honako hauek jaso behar ditu:
–Proiektuaren memoria, jarduketa guztiak zehatz-mehatz azalduta.
–Aurrekontu osoa, erreferentziako dokumentu gisa aukeratutako ibilbidearen lan ildoen arabera banakatuta eta proiektuaren egiturara egokituta. Ez da baliozkoa izanen aurrekontu orokor bat, jarduketak banakatu gabe.
–Parte hartzen den modalitateari berariaz dagokiona betetzea.
b) Tokiko ekintza-taldearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena (IV. eranskina). Erakunde bakoitzak bere modalitateari dagokiona entregatu beharko du.
c) Tokiko ekintza-taldearen Zuzendaritza Batzordeak edo antzeko organoak proiektua elkarrekin egiteko hartutako konpromisoa (V. eranskina).
d) Bankuko datuak. NABIrekin lanean hasiz gero edo Nafarroako Gobernuan dagoen banku-kontua aldatuz gero, esteka honen bidez eguneratu beharko dira datuak: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
9.2. Administrazioaren eskuetan egoteagatik eskatzen ahal ezin diren dokumentuak.
Dokumentu horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko organoek ziurtatu behar badute betekizunak betetzen direla edo dokumentuak haren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean entregatu ziren dokumentuak.
9.3. Zuzenketa.
Instrukzio organoak entregatutako dokumentuetan akats konpongarririk ikusten badu, erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar egun balioduneko epea emanen, zuzen dezan. Akatsa zuzentzen ez bada, eskaeran atzera eginen da, NABIren zuzendari kudeatzaileak ebazpena eman ondoren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluaren arabera.
Proiektuaren deskribapenari eta aurrekontu xehatuari buruzko dokumentuak ez dira inola ere zuzentzen ahalko. Hala ere, NABIk dokumentu horiei buruzko argibideak eskatzen ahalko ditu, baina horrek ez du ekarriko aurkeztutako proiektuan aldaketarik egitea. Argibide horiei erantzuteko epea ere hamar egun baliodunekoa izanen da.
10. oinarria. Eskaerak egiteko epea eta tokia.
Eskaerak elektronikoki soilik izapidetuko dira, deialdiaren fitxaren bidez. Fitxa horren esteka eskuragarri dago oinarri hauen hondarrean.
Eskaerak egiteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
11. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
11.1. NABIren Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Norgehiagokako araubidearen bidez eginen da deialdia.
11.2. NABIren teknikariek baloratuko dituzte eskaerak, eta ebaluazio txostena eginen dute. Txosten horretan erakunde eskatzaileek eskatutako betekizunak betetzen dituztela agertuko da, baita proiektuaren balorazio teknikoa ere, ezarritako irizpideen arabera.
Txosten hori loteslea izanen da instrukzio organoarentzat.
11.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Dirulaguntza emanen da proiektuaren balorazio tekniko orokorraren arabera, betiere II. eranskinean eta deialdiaren 7. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.
Emakida banakatua eginen da, III. eranskinaren aurrekontuko apartatuen arabera:
–Jarduketa orokorren proiektua ematea. Hala badagokio, apartatu honetan banakatuko da kontratazio-gastuetarako erabilitako kopurua.
–Zainketen aldeko Tokiko Itunaren emakida, hala badagokio.
11.4. Proiektuaren balorazio orokorrean gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez-gaitzat joko dira eta ez dute dirulaguntzarik jasoko.
11.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak, teknikariek egindako ebaluazio-txostena ikusita, ebazpen proposamena eginen du, eta NABIren zuzendari kudeatzaileari helaraziko dio, onets dezan.
12. oinarria. Ebazpena.
12.1. Dirulaguntza emateko ebazpena NABIren zuzendari gerenteak emanen du, gehienez ere 3 hilabeteko epean, eskaerak egiteko epea bukatzen denetik hasita. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
12.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean honako hauek jasoko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuak, emandako zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta, hala badagokio, gainerako eskaerak ezetsi izana, arrazoia zehaztuta.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, NABIk ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
12.3. Onuradun izan daitezkeen eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan xedatutakoaren arabera gardentasun betebeharra duten elkarteak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Dirulaguntzen onuradunak diren erakundeek foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa jakinarazi beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita. Horretarako, dirulaguntzak emateko ebazpenaren ondoren, esteka bat gaituko da deialdiaren fitxan, gardentasunari buruzko adierazpenaren kudeaketa tramitatzeko.
Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
13. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.
Proiektuak deialdian ezarritako epearen barruan burutu beharko dira eta egindako eskaeraren edukiari eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzei egokitu beharko zaizkie. Edozein jarduketa NABIk onartutako helburu, lan ildo eta aurrekontuaren arabera egin beharko da.
14. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
14.1. Dirulaguntzaren ordainketa:
Ordainketa bakarrean emanen da dirulaguntza, proiektuaren justifikazio osoa egin eta ebaluatu ondoren.
14.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:
Justifikazioa egiteko epea 2026ko azaroaren 5ean bukatuko da, eta horren barruan sartuko da gauzatze aldian egindako gastua (1.3 oinarrian adierazia) eta 2026ko azaroaren 5era arte ordaindutakoa.
Dokumentuak bereizita entregatu behar dira, eta dirulaguntzaren fitxan azaltzen diren eranskinetara egokitu behar dira nahitaez:
a) VI. eranskina: Justifikazio memoria.
b) VII. eranskina: Tokiko ekintza-taldearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.
Hau egiaztatu beharko du:
–Diruz lagundutako proiektuaren gastu osoa, onartutako aurrekontuaren arabera.
–Xede bererako jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak edo dirulaguntzak (edo jaso ez izanaren adierazpena).
Egindako gastutzat hartuko da justifikazio aldia agortu aurretik benetan ordaindutakoa, Gizarte Segurantzari egindako tributu edo ordainketen ordainketa izan ezik, horien likidazio aldia oraindik zabalik ez badago.
c) VIII. eranskina: Gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, jarduketen gastu guztiak banakatzeko, entregatutako fakturekin bat etorrita.
d) Fakturak eta ordainagiriak.
Behar bezala egindako faktura guztiak edo froga-balio baliokidea duten dokumentu guztiak entregatu behar dira. Horiek ordaindu izanaren frogagiria ere eman beharko da. Faktura guztiak dokumentu bakar batean entregatuko dira, bakoitzari dagokion ordainagiriarekin batera, eta VIII. eranskinean jasotako zerrendaren hurrenkera berean ordenatuta.
PFEZren gastuak egozten badira, hiruhileko 715 ereduak eta horien ordainagiriak ere emanen dira.
Inola ere ez dira onartuko ordainagiriak, kutxako tiketak, eskaerak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.
Jarduketa guztiak justifikazio epea agortu baino lehen (2026ko azaroaren 5a) ordaindu beharko dira. Beraz, muga horretatik kanpoko faktura eta frogagiri guztiak ez dira onartuko.
e) Nominak eta ordainagiriak (berdintasun agentea kontratatzeko gastuak diruz laguntzeko modukoak badira).
Berdintasun agente gisa kontratatutako pertsonaren edo pertsonen nominak eta ordainketa egiaztagiriak entregatuko dira, diruz laguntzen ahal den aldiko hileroko guztiei dagozkienak (2025eko abendua-2026ko urria). Halaber, gizarte aseguruak (TC1 eta TC2) eta horiei dagozkien ordainagiriak ere sartu behar dira.
f) IX. eranskina: Enpresaren hautapenaren adierazpena.
Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik gastu diruz lagungarria 12.000,00 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), tokiko ekintza-taldeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
g) Egindako jarduketen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak.
Horietan jaso beharko da Nafarroako Gobernuak eta NABIk diruz lagundutako jardueretan parte hartu dutela adierazteko betebeharra betetzen dela, eta publizitatean eta hedapenean, erabilitako edozein bitartekotan eta horiekin lotutako dokumentu guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala sartuko dela, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera. Zainketen aldeko Tokiko Ituna programan sartutako ekintzetan, aurreko logotipoez gain, Zainketen aldeko Tokiko Itunak programaren logotipoa ere txertatu beharko da.
Era berean, NABIren ikur grafikoa ere jarri beharko da, "Subvenciona/Diruz laguntzen du" testuarekin. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoa eta Zainketen aldeko Itunak programaren logotipoa eskuragarri egonen dira, halaber, deialdiaren fitxan, zeinaren esteka oinarri hauen testuaren hondarrean baitago. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.
Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.
h) X. eranskina: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntzari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (B modalitaterako soilik).
B modalitatean kontratatutako enpresek edo pertsonek, baldin eta azterlan, txosten, diagnostiko, prozedura, plan, protokolo edo antzekoak egiteko jarduketak edo prestakuntza-ekintzak gauzatzen badituzte, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publikoek edo pribatuek) emandako berdintasuneko 120 ordu gutxienez egiaztatu beharko dituzte. X. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena entregatu beharko da, pertsona edo erakunde kontratatuak egina eta sinatua.
14.3. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak egindako justifikazioan, eskaera egin duen erakundeari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean.
14.4. Gizarte zibilaren protagonismoarekin eta inplikazioarekin zerikusia duten eta sentsibilizazioarekin edo emakumeen ahalduntzearekin eta parte hartzearekin lotuta dauden A modalitateko jarduketen gastuak (4.1.1 oinarrian jasotakoak) justifikatzeko, oinarri horretan ezarritako ehunekoen mugak hartu beharko dira kontuan. Justifikatutako gastua emandako zenbatekoaren % 50 baino handiagoa bada, murrizketa proportzionala aplikatuko da, eta % 50era arte baino ez da onartuko.
14.5. Dirulaguntzaren murrizketa proportzionala.
Proiektuaren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartutakoa baino txikiagoa denean, edo gastua egiaztatzeko dokumentuen eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako kopurua justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa denean, dirulaguntza proportzionalki gutxituko da, honela:
Murrizketa proportzionala aplikatuko da, kontuan hartuta emandako zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoa, formula honen arabera:
Jaso beharreko azken zenbatekoa = | Justifikatutako eta onartutako zenbatekoa X emandako zenbatekoa |
Justifikatu beharreko zenbatekoa |
Arau hori aplikatuko zaio, halaber, hala badagokio, Zainketen aldeko Tokiko Itunaren jarduketetarako emandako zenbateko gehigarriari. Gastuak VI. eranskinaren arabera justifikatu beharko dira.
Proiektua aurreikusitakotik nabarmen hurbil dagoenean eta zalantzarik gabe konpromisoak betetzera bideratuta dagoen jarduketa bat egiaztatu denean baino ez da gutxituko, eta hasierako balorazio teknikoari eutsiko zaio.
15. oinarria. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek beste administrazio eta erakunde publiko edo pribatuetatik xede eta helburu bererako diru-sarrerak, dirulaguntzak edo laguntzak jasotzen ahalko dituzte, baldin eta horien guztien baturak deialdi honetan adierazitako proiektuaren kostuaren % 100 gainditzen ez badu. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan jasoa.
Dirulaguntza hau ez da bateragarria NABIk aurrekontu-ekitaldi berean emandako dirulaguntza izendunarekin.
16. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Tokiko ekintza-talde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak, oinarri hauetan ezarritakoak eta, bereziki, betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diruz lagundutako proiektua egitea, deialdiaren helburua eta baldintzak beteta.
b) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena entregatu beharko dute laguntzen fitxaren bitartez, laguntzen fitxan gaituko den estekan eskuragarri dagoen eredua erabilita, deialdiaren 12.3 oinarriaren arabera.
Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
c) NABIk egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako jarduketak ahalbidetzea eta erraztea.
d) NABIri jakinaraztea bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik jaso duen diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak entregatuta.
e) Kontabilitate liburuak, bideratutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, erakunde onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
f) Jasotako funtsak nola erabili diren eta nola ordaindu diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jarduketak egin ahal diren bitartean.
g) Publizitate instituzionalaren betebeharra betetzea, diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duen informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkunde orotan Nafarroako Gobernuaren parte hartzea eta testu hau adierazita: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".
h) Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak, gardentasun betebeharrak arautzen dituenak, xedatutakoa betetzea.
17. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
17.1. Erakunde onuradunak oinarri hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, eta, hala badagokio, berandutze interesa ere bai, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritako zenbatekoan, hargatik eragotzi gabe 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eskatzen ahal den bestelako erantzukizuna.
–Ez bada gauzatzen proiektuan adierazitako jardueretatik bakar bat ere 4. oinarrian ezarritakoaren arabera, % 100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.
–14. oinarrian ezarritakoak zehazten du zer egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.
17.2. Aurrekoa gorabehera, A modalitatearen kasuan, gainera, jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira baldin eta, tokiko ekintza-taldearen erabakiz eta legezko arrazoirik gabe, berdintasun agentearen kontratazioa azkentzen bada eta berdintasun agentea berriz kontratatzeko prozesua hasi ez bada hilabeteko epean. Ildo horretan, erakunde onuradunek dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote NABIri.
17.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura arautuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, eta ebatzi beharko da abiarazten denetik 12 hilabeteko epean.
18. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
19. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.
20. oinarria. Araudi gehigarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa.
II. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK
Balorazio irizpideek ez dituzte 3. oinarrian ezarritako baldintzak ordezten edo betetzetik salbuesten.
A modalitatea.–Proiektuaren balorazio orokorra.
A) BERDINTASUN-TEKNIKARIAK | 10 puntu |
Proiektua gauzatzen den bitartean, tokiko ekintza-taldeak konpromisoa hartzen du berdintasunaren arloko prestakuntza arautuko praktiketako langileak hartzeko. | 10 |
B) ARAUDIA, PLANGINTZA ETA PROZEDURAK | 20 puntu |
Tokiko ekintza-taldeak dokumentu operatiboak edo estrategikoak ditu bere berdintasun politika zeharka garatzeko (dokumentuak edo argitalpen ofizialerako estekak eman beharko dira): –Berdintasunari buruzkoak, edo generoaren ikuspegia txertatzeari buruzkoak: 3 puntu. –Hizkuntza inklusiboari edo komunikazio ez-sexistari buruz: 2 puntu. | 5 |
Tokiko ekintza-taldeak Indarkeriaren Tokiko Protokoloa du, NABIren Gidaren arabera. | 5 |
Tokiko ekintza-taldeak tokiko esparruan berdintasuna gauzatzeko programa edo proiekturen batean parte hartzen du edo parte hartu du azken hiru urteetan, bakarka edo elkarlanean (programa edo proiektu horri buruzko informazioa edo dokumentazioa entregatu beharko da). | 5 |
Tokiko ekintza-taldea Zainketen aldeko Tokiko Itunari atxikita dago. | 5 |
C) AURREKONTUA | 10 puntu |
Berdintasunerako aurrekontuak, tokiko ekintza-taldearen aurrekontu orokorrarekiko: –Aurrekontu osoaren % 1 hartzen du: 2,5 puntu. –Aurrekontu osoaren % 1 baino gehiago hartzen du: 5 puntu. | 5 |
Aurkeztutako proiektuak, tokiko ekintza-taldearen berdintasunerako aurrekontu osoarekiko: –% 25era arte hartzen du: 5 puntu. –% 26tik % 50era arte hartzen du: 3 puntu. –% 51tik % 75era arte hartzen du: 1 puntu. | 5 |
D) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA | 55 puntu |
Diruz laguntzen ahal den proiektua koherentea da tokiko ekintza-taldearen berdintasunerako lan orokorreko programarekin. | 10 |
Proiektua modu argi, egituratu eta sintetikoan idatzita dago. | 10 |
Proiektua oinarriek proposatutako bi ibilbideetako edozeinetara egokituta dago. | 10 |
Proiektuak zehatz deskribatzen ditu jarduketak: helburuei lotzen zaizkie, publiko hartzailea zehazten da, kronologia zehazten da, giza baliabideak eta baliabide teknikoak zehazten dira, behar bezala zabaltzen dira, adierazleak eta ebaluatzeko mekanismoren bat sartzen dira... | 10 |
Proiektuan 15 ordu baino gehiagoko prestakuntza jarduketak sartzen dira. | 10 |
Proiektuan gizarte agenteak, tokiko kolektiboak, emakumeen elkarteak edo lurraldeko beste erakunde edo instituzioak sartzen dituzte, proposatutako jarduerak gauzatzeko. | 5 |
E) PROIEKTUKO JARDUKETEN IRISGARRITASUNA | 5 puntu |
Proiektuaren parte diren jarduketetarako irisgarritasun unibertsalaren baldintzak bermatzen dira. |
B modalitatea.–Proiektuaren balorazio orokorra.
A) BERDINTASUNEKO EGITURA EDO PROZEDURAK | 25 puntu |
Tokiko ekintza-taldeak berdintasun arloko egituraren bat du organigraman. | 10 |
Tokiko ekintza-taldeak jai-eremuetako eraso sexisten aurkako tokiko protokoloa du, NABIren gidaliburuaren arabera. | 5 |
Tokiko ekintza-taldeak emakumeen hilketetarako eta emakumeen aurkako indarkeria larrietarako tokiko jarduketa-protokoloa du, NABIren gidaliburuaren arabera. | 5 |
Tokiko ekintza-taldea Zainketen aldeko Tokiko Itunari atxikita dago. | 5 |
B) AURREKONTUA | 10 puntu |
Aurkeztutako proiektuak, tokiko ekintza-taldearen berdintasunerako aurrekontuarekiko: –% 50era arte hartzen du: 5 puntu. –% 51tik % 75era arte hartzen du: 2,5 puntu. | 5 |
Aurrekontua diruz laguntzen ahal den proiektuari egokitzea. | 5 |
C) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA | 60 puntu |
Proiektua modu argi, egituratu eta sintetikoan idatzita dago. | 12 |
Proiektua oinarriek proposatutako bi ibilbideetako edozeinetara egokituta dago. | 12 |
Proiektuak zehatz deskribatzen ditu jarduketak: helburuei lotzen zaizkie, publiko hartzailea zehazten da, kronologia zehazten da, giza baliabideak eta baliabide teknikoak zehazten dira, behar bezala zabaltzen dira, adierazleak eta ebaluatzeko mekanismoren bat sartzen dira. | 12 |
Proiektuan 10 ordu baino gehiagoko prestakuntza jarduketak sartzen dira. | 12 |
Proiektuan gizarte agenteak, tokiko kolektiboak, emakumeen elkarteak edo lurraldeko beste erakunde edo instituzioak sartzen dituzte, proposatutako jarduerak gauzatzeko | 12 |
D) PROIEKTUKO JARDUKETEN IRISGARRITASUNA | 5 puntu |
Proiektuaren parte diren jarduketetarako irisgarritasun unibertsalaren baldintzak bermatzen dira. | 5 |
III. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA.
IV. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA.
V. ERANSKINA.–BATERA EGITEKO KONPROMISOA.
VI. ERANSKINA.–JUSTIFIKAZIO MEMORIA.
VII. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA (Justifikazioa).
VIII. ERANSKINA.–GASTUEN EREDUA.
IX. ERANSKINA.–ENPRESAREN HAUTAPENAREN ADIERAZPENA.
X. ERANSKINA. GENEROAREN ARLOKO PRESTAKUNTZAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA.
Iragarkiaren kodea: F2604622
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
