75. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

83E/2026 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, dirulaguntza hau emateko deialdia onesten duena: "Dirulaguntza, 2026-2027 aldian Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteentzat eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitate batzuentzat". DDBN kodea: 893514.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumenak ditu Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuaren arabera.

Eskumen horiek gauzatzeko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eginkizunak izanen dira, besteak beste, emakumeen asoziazionismoa eta parte-hartze soziala bultzatzea eta sostengatzea, planak eta estrategiak proposatzea emakumeen ahalduntzea bultzatzeko, eta elkarteetan emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzea.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, 25. artikuluan, ezartzen du botere publikoen politikek eta jarduketek sustatu behar dutela emakumeek parte-hartze aktiboa izan dezaten eremu publikoetan, bai maila indibidualean bai kolektiboan, emakumeen elkarteak eta talde feministak sartuta helburu horretarako.

Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horren IV. ildo estrategikoak ardatz du gizarte zibilaren protagonismoa sustatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraiki eta finkatzeko orduan. Balioak aldatzeko, gizarte zibilak protagonismo handiagoa izan behar du, eta emakumeek eta gizonek konpromiso aktiboa eta arduratsua hartu behar dute berdintasunarekin, hura baita pertsona guztien ongizatea lortzeko bidea. Horren ildotik, elkarteen lana ezinbestekoa da; hain zuzen ere, emakumeen beharrizanei ahotsa jarriko diote elkarteek, emakumeen aniztasunetik, eta instituzioekin elkarrizketan arituko dira, politiketan eragina izateko.

Beraz, politika publikoek emakumeak ahalduntzen lagundu behar dute, haien elkarte eta entitateetan eta haietatik abiatuta, ikuspegi feminista eta ikuspegi intersekzionala kontuan hartuta, bizitzaren jasangarritasunean eta zaintzaren balioan oinarritutako eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko.

Nafarroako Gobernuak emakumeen herritartasun osoa garatu dadin sustatzeko eta babesteko legezko agindua du. Agindu hori betetze aldera, zenbait baliabide ekonomiko bideratu ditu, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean, 2026-2027 aldian, genero-ikuspegidun proiektuak garatu dituzten emakume-elkarteentzat eta irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, proiektu horiek helburu dutenean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea eta bultzatzea.

Emakumeen elkarteek eta horien federazioek indar handia dute emakumeen asoziazionismoan, emakumeen eskubideei, interesei eta ekarpenei buruzko aldarrikapenak bideratzen dituztelako ikuspegi berrietatik. Giza kapital horrek, neurri handi batean, gizarte berdinzaleago bat eraikitzen laguntzen du, eta aldaketa-eragile bihurtzen da.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateei.

2. Laguntza horien oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu eta baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(euroak)

080001 08200 4819 232203 Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntzak

2026

180.000

080001 08200 4819 232203 Emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntzak

2027

80.000

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2026ko martxoaren 16an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdiak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (aurrerantzean, NABI) dirulaguntzak emateko prozedura arautzen du, Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako proiektuak garatzen dituzten emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateei zuzenduta.

Dirulaguntzen helburuak hauek dira:

–Emakumeen parte hartze soziala eta politikoa sustatzea.

–Emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzea, asoziazionismoaren bidez.

–Genero-berdintasuna sustatzea gizartean eta herritarren artean.

2. oinarria. Gauzatzeko epea.

Deialdi hau urte anitzekoa da, eta, beraz, dirulaguntzen zenbatekoa bi alditan banatuko da:

–Lehen aldia: 2026. Finantzatuko dira 2026ko otsailaren 1etik 2026ko urriaren 31ra arte egindako jarduerak.

–Bigarren aldia: 2027. Finantzatuko dira 2026ko azaroaren 1etik 2027ko urtarrilaren 20ra arte egindako jarduerak.

Diruz lagundutako proiektuekin lotutako jarduera edo ekintza guztiak egin beharko dira aldi orokorraren barnean, hau da, 2026ko otsailaren 1etik 2027ko urtarrilaren 20ra.

3. oinarria. Onuradunak.

Honako hauek izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradun:

–Emakumeen elkarteak. "Emakumeen elkartetzat" joko dira, dirulaguntza honen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen Elkarteen Zentsuan inskribatzeko baldintzak betetzen dituzten elkarteak, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsua arautzen duen uztailaren 27ko 52/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.

–Irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateak. "Irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitatetzat" joko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak, nahiz eta ez egon Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen Elkarteen Zentsuan inskribaturik:

  • Beren helburuen eta jarduera eremuaren barnean emakume eta gizonen arteko berdintasuna daukatenak.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako proiektuak garatzen dituztenak.

4. oinarria. Baldintzak.

Dirulaguntza hau lortzeko, irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta elkarteen erregistroan inskribatuta egotea, nahiz eta inskripzio hori publizitate ondorioetarako baizik ez izan.

–Dirulaguntza jasoko duten jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean egitea.

–Estatutuetan helburutzat jasotzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea.

–Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen (aurrerantzean, DFL) 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean.

–NABIren dirulaguntza izendunik ez jasotzea.

–Bermatzea proiektuaren helburuak deialdi honen xedearekin bat datozela.

Baldintza hauek bete beharko dira eskaera aurkezten den unean, eta hala segitu beharko dute proiektua gauzatzen den bitarte guztian, bukaeran justifikatzen diren arte.

5. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak eta diruz lagungarriak ez direnak.

5.1. Proiektu diruz lagungarriak.

Proiektu diruz lagungarriak bi motatakoak dira:

–A mota: jardueren proiektuak, gai hauek jorratzen dituztenak:

  • Garrantzi bereziko egunen inguruko jarduera programak (M-8a, urriaren 15a eta A-25a, besteak beste).
  • Zaintzaren, erantzukidetasunaren eta balio aldaketaren gaineko sentsibilizazio eta prestakuntzarako jarduerak.
  • Emakumeen ahalduntzeari eta parte-hartzeari buruzko jarduerak.
  • Emakumeen eragin politikoko eta parte-hartze kolektiboko gaitasuna sustatzen duten jarduerak.
  • Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko jarduerak.

–B mota: emakumeen elkarteen arteko topaketarako proiektuak, gai hauen inguruan:

  • Emakumeen sareak sortzeko eta elkarteen mugimendua sustatzeko jarduerak.
  • Esperientzien trukea sustatzea.
  • Belaunaldiarteko itunak eta lurraldeen arteko lankidetzak sustatzea.

Topaketak egun batean zehar egin beharko dira.

–Honako hauek hartu beharko dira kontuan:

  • Emakumeen elkarteek bi eskaera aurkezten ahalko dituzte: eskaera bat A motako proiektu batekin eta beste eskaera bat B motako proiektu batekin.
  • Gainerako elkarte edo entitateek eskaera bakarra aurkezten ahalko dute, A motako proiektu bat soilik jasoko duena.

Jarduerek izan beharko dute doakoak eta irekiak herritarrentzat, eta hedapen egokia eman beharko zaie, parte-hartzea bermatzeko. Salbuespenez, prezio sinbolikoa edukitzea baimenduko da, baldin eta NABIri justifikatzen bazaio eta hala islatzen bada aurrekontuan eta proiektuaren justifikazioan.

5.2. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.

Proiektuak eta jarduerak ez dira izanen diruz lagungarriak, baldin eta:

–Dirulaguntzaren baldintza orokorrak betetzen ez badituzte.

–Genero-ikuspegia txertatzen ez badute diseinuan, abian jartzean eta ebaluazioan.

–Mugatzen badira aisialdi, musika, kirol edo jolas arloko jardueretara soilik.

–Mugatzen badira genero estereotipoek ezarritako zereginak trukatzeko edo gaitasunak ikasteko jardueretara.

–Terapia psikologikoko jarduerak tartean badira, banakakoak edo taldekoak.

–Zerbitzuak eskaintzen badizkiete beste entitate batzuei, deialdi hau zuzentzen baitzaie laguntza zuzenean eskatzen duten onuradunei soilik.

–Ikasgeletan edo eskola orduetan egiten badira, Nafarroako Hezkidetza Planarekin bat.

–NABIren berezko jarduera edo programak jasotzen badituzte.

6. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta diruz lagungarriak ez direnak.

6.1. Gastu diruz lagungarriak:

–Zuzeneko gastuak:

  • Laguntza teknikoa.
  • Hizlarien zerbitzu-sariak: ikastaroak edo hitzaldiak emateko edo azterlanak edo diagnostikoak egiteko; kontratatzen den pertsonak 120 orduko prestakuntza izan beharko du, gutxienez, berdintasun arloan, edo 2 urteko eskarmentua, gutxienez, antzeko jardueretan (9. eranskinaren bidez aurkeztu beharko da, justifikazio epean).
  • Hizlarien dietak eta bidaia- eta ostatu-gastuak; gehienez ere 1.000 euro jarduera bakoitzeko.
  • Diruz lagundutako jardueren publizitatea edo zabalkundea.
  • Proiektuaren helburua lortzeko ezinbestekoak diren materialen argitalpena.
  • Lokalak alokatzea jarduera egiteko, lokal horiek elkartearen egoitza ez direnean (dena delako jardueraren zenbatekoaren %50era arte).
  • Jarduera egiteko material suntsikorra.
  • Jarduerak gauzatu bitartean laguntza beharra duten pertsonei eman beharreko arreta (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoen zaintza eta abar).
  • B motako topaketan parte hartzeko bidaia-gastuak, elkarteak ordainduak (gehienez ere 1.000 euro).
  • Jarduerari lotutako aholkularitza juridikoa.
  • Onartutako jardueren ordainketari lotutako banku transferentzien gastuak.

Jarduerarekin lotutako aholkularitza edo laguntza (teknikoa, juridikoa edo bestelakoa) emateko zerbitzuen zioz diruz laguntzen ahal diren gastuak 12.000 eurotik gorakoak badira (BEZik gabe), entitate onuradunak justifikatu egin beharko du enpresa hautatzean kontuan hartu direla eraginkortasunari eta ekonomiari loturiko irizpideak.

Hautapen hori justifikatzea ez da beharrezkoa izanen, baldin eta:

  • Merkatuan ez badago entitate nahikorik zerbitzu hori ematen duenik, edo
  • Gastua egin bazen dirulaguntza eskatu baino lehen.

Justifikazio hori 10. eranskinaren bidez aurkeztu beharko da: Enpresaren hautapenaren adierazpena.

Diruz lagundutako jardueren %100 azpikontratatzen ahalko dira.

–Zeharkako gastuak:

Emandako dirulaguntza osoaren edo justifikatutako gastu osoaren %10 gehienez, gastu horrek onartutako dirulaguntza baino zenbateko txikiagoa egiten badu, betiere.

  • Proiektuaren aldiarekin lotutako alokairua, argia, ura, telefonoa eta administrazio gastuak.
  • Proiektua gauzatzeaz arduratu diren langileen nominak.
  • Elkarteko langile eta bazkideen bidaia-gastuak, beharrezkoak badira proiektuan onartutako jarduerak egiteko.

6.2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:

–Banku interesak, isunak edo errekarguak.

–Prozedura judizialak.

–Aperitiboak, otorduak, opariak edo merchandisinga (egutegiak, kamisetak edo gisakoak).

–Inprimagailuak, gailu mugikorrak edo elektronikoak, eta gisako ekipamenduak.

–Deialdiaren xede eta helburuari lotuta ez dauden ekintzak.

–Diruz lagundutako jardueraren publizitatea edo sustapena, ez badira ageri Nafarroako Gobernuaren eta NABIren logotipoak.

–Entitatearen beraren publizitatea edo sustapena.

–Elkarte onuradunari lotutako pertsonek egindako jardueren gastuak. Lotutako pertsonatzat jotzen dira elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide direnak.

7. oinarria. Eman beharreko dirulaguntzaren kalkulua.

7.1. Dirulaguntzaren kalkulua:

Dirulaguntza kalkulatzeko, ehuneko hauek aplikatuko dira, oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera:

–Eman beharreko zenbatekoa 3.500 euro edo gutxiagokoa den proiektuetarako:

  • Zenbatekoaren %100, baldin eta gainditu badira 2. eranskineko oinarrizko irizpideak baloratzeko atal guztiak.

–Eman beharreko zenbatekoa 3.500 eurotik gorakoa den proiektuetarako:

Baldin eta proiektuak oinarrizko irizpideen balorazioa gainditu badu eta gutxienez 25 puntu lortu baditu 2. eranskineko irizpide osagarrien balorazioan:

  • 41-50 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako zenbatekoaren %100.
  • 31-40 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako zenbatekoaren %80.
  • 25-30 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako zenbatekoaren %60.

Balorazioa gainditu ez duten edo irizpide osagarrietan 25 puntu baino gutxiago eskuratu duten proiektuei ez zaie dirulaguntzarik emanen.

7.2. Dirulaguntza emateko zenbatekorako muga:

–Emakumeen elkarteak: 10.000 euro gehienez.

–Irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte edo entitateak: gehienez 5.000 euro.

8. oinarria. Aurrekontuaren banaketa.

Aurrekontu osoa honela banatuko da: %80 emakumeen elkarteei bideratuko zaie; gainerako %20a bestelako elkarte eta entitateei:

  • 208.000 euro emakumeen elkarteek aurkeztutako proiektuetarako.
  • 52.000 euro irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateek aurkeztutako proiektuetarako.

Ez bada kreditua agortzen kategorietako batean, soberakina beste kategoriara transferituko da dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik.

9. oinarria. Behar den dokumentazioa.

Nahitaezkoa da erabil daitezen deialdi honetan eranskin gisa jasotzen diren ereduak:

–3. eranskina: Eskaera, proiektua eta onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena.

–Estatutuak (aurreko deialdietan aurkeztu ez badira edo gerora aldatu badira).

–4. eranskina: Kalkulu-orria, proiektuaren aurrekontua jasotzen duena.

–5. eranskina: Gardentasunari buruzko adierazpena.

Entitate eskatzaileek, eskaerarekin batera, aurkeztuko dute 14.3 oinarrian araututako gardentasun-betebeharra betetzeko eskatzen den informazioa.

10. oinarria. Eskaerak aurkeztu eta akatsak zuzentzea.

10.1. Eskaerak aurkeztea:

Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira, deialdiaren fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen tramiteen atarian (www.nafarroa.eus). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Izapidea egiteko nahitaezkoa izanen da elkarte eskatzaileak ziurtagiri digital bat izan dezan.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskatzailea emakumeen elkartea bada eta A motako eta B motako proiektuak aurkeztu nahi baditu, bi eskaera bereizi egin beharko ditu: proiektu bakoitzak eskaera bat.

Irabazi-asmorik gabeko bestelako elkarte eta entitateen kasuan, emakumeen elkarte ez badira 3. oinarriaren arabera, eskaera bakarra aurkezten ahalko da: A motako proiekturako.

10.2. Zuzenketak:

Aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta bada edo akatsen bat badago, elkarte edo entitatea jakinaren gainean jarriko da, informazioa osatu edo zuzen dezan, 10 egun balioduneko epean. Epe horretan informazioa zuzentzen ez badu, haren eskaera bertan behera utziko da, horretarako dagokion ebazpena eman ondoren.

Ezin izanen da zuzendu 3. eranskinari (proiektuaren atalean) eta 4. eranskinari (aurrekontuari buruzkoa) loturiko dokumentazioa. Hala ere, NABIk proiektuaren gaineko azalpenak eskatzen ahalko ditu. Azalpen horiei erantzuteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da.

11. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

NABIko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza arduratuko da dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioaz.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidetuko da. Aurrekontua ez bada aski baldintzak betetzen dituzten eta gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaera guztiei erantzuteko, zenbateko osoa diruz lagundutako proiektuen artean hainbanatuko da, 7. oinarrian adierazitako zenbatekoen arabera.

11.1. Balorazio teknikoa eta aurrekontuaren onarpena:

NABIko teknikariek eskaera bakoitza baloratuko dute, zehazteko ea betetzen dituzten 2. eranskineko irizpideen arabera ezarritako baldintzak. Gainera, ez dira kontuan hartuko oinarri hauen arabera diruz lagungarriak ez diren jarduerak eta gastuak.

Langileok txosten teknikoa igorriko dute, eskaeren balorazioa jasota. Txosten hori loteslea izanen da organo instruktorearentzat, eta, beraz, horren arabera, ebazpen-proposamenaren txostena igorriko du.

Balorazioan, honako hauek ezarriko dira:

–Proiektuaren aurrekontua: entitateak 4. eranskinean aurkeztutako aurrekontua da.

–NABIk onartutako aurrekontua: berrikuspen teknikoa egin ondoren onartutako zenbatekoa, kontuan hartuta deialdi honen oinarrien arabera diruz lagungarritzat jo direnak soilik.

–Dirulaguntza emateko ehunekoa: balorazio teknikoan lortutako puntuen arabera kalkulatuko da, deialdiaren 7. oinarriko eta 2. eranskineko irizpideak aplikatuz.

3.500 eurora arteko proiektuek ez badute balorazioa gainditzen, ezetsi eginen dira. 3.500 eurotik gorako proiektuek ez badute balorazioa gainditzen edo 25 puntu lortzen ez badituzte, ezetsi eginen dira.

Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen-proposamena igorriko dio NABIko zuzendari kudeatzaileari. Proposamen horretan txosten bat jasoko da, entitate eta elkarte onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela berretsiz.

12. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren jakinarazpenak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barnean egiten diren komunikazioak telematikoki eginen dira, entitate onuradunek beren eskaeran adierazi duten gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GEHB) bidez.

GEHBa lortzeko, https://dehu.redsara.es/ orrira sartu behar da. Prozesua osatzeko, beharrezkoa da ziurtagiri digital bat edukitzea. Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretan harpidetu beharko dute entitateek. Harpidetza, halaber, GEHBa eskuratzen den helbide berean ere egiten da.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, NABIk ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Izapidearen fitxaren bidez, jasoko da deialdi hau izapidetzearekin lotutako informazio guztia.

Halaber, jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalearen bidez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), adierazita zer dirulaguntza eman diren deialdian, zer aurrekontu-kredituri egotzi zaizkion, eta zein izan diren onuradunak eta emandako zenbatekoak.

14. oinarria. Laguntzak emateko ebazpena.

14.1. Ebazpenaren epea eta jakinarazpena:

Dirulaguntzak emateko ebazpena NABIko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean jakinaraziko da, gehienez ere.

–Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxa espezifikoan.

–3 hilabete igarotakoan ez bada ebazpenik jakinarazi, eskaera ezetsitzat joko da, eta errekurtsoa jartzen ahalko da.

14.2. Ebazpenaren edukia:

Ebazpenean, 2026-2027ko deialdiari buruzko informazio zehatza jasoko da:

–Jasotako eskaera guztien zerrenda.

–Ezetsitako eskaeren zerrenda, bakoitzaren kausa adierazita.

–Entitate onuradunen zerrenda, aldi bakoitzerako emandako zenbatekoak adierazita.

–Aldi bakoitzeko justifikatu behar den zenbatekoa.

–Balorazio-ehunekoa.

14.3. Gardentasun-baldintzak:

Entitate onuradunek bete beharko dituzte Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen (aurrerantzean, GFL) 12.4 artikuluan aipatzen diren gardentasun-betebeharrak, baldin eta:

–Urtebetean 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte.

–Laguntzak haien urteko diru-sarreren %20 badira gutxienez, betiere gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Ez-betetzea:

Betebehar hau betetzen ez bada, ez da dirulaguntza ordaintzen ahalko, ez eta aurrerakinak ere, DFLren 35.1.c) artikuluari jarraikiz.

Betebeharra betetzeko:

–Entitate eskatzaileek, dirulaguntzaren eskaerarekin batera, aurkeztu beharko dute 5. eranskinaren arabera gardentasun-betebeharra betetzeko eskatzen den informazioa.

15. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoa betez.

Aurrera eramaten diren bitartean, proiektuko ekintzak egokitzen ahalko dira, baldin eta aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzen ez bada.

Oro har, ez dira aldaketak baimentzen, oinarri honetan ezarritako kasuetan izan ezik.

16. oinarria. Aurrerakina.

Entitateek, eskaera egiten duten unean, eska dezakete emandako dirulaguntzaren %100eko aurrerakina 2026ko lehen aldirako, baina baliabide nahikorik ez dutela justifikatzen badute soilik.

Aurrerakina eskatzeko, beharrezkoa da:

–Eskaeran atal egokia betetzea (3. eranskina).

–Banku saldoen egiaztagiria eranstea (gehienez ere eskaera egin baino hilabete lehenagokoa).

17. oinarria. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak egutegi honen arabera ordainduko dira:

–Lehen aldia (2026ko otsailaren 1etik 2026ko urriaren 31ra):

  • Aurrerakina eskatu duten entitateentzat: gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztu ondoren, proiektuko lehen aldia gauzatzeko emandako zenbatekoaren aurrerakina jasoko dute.
  • Aurrerakinik eskatu ez duten erakundeentzat: egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena (6. eranskina) aurkeztu eta hilabeteko epean, ordainketa bat jasoko dute lehen aldirako emandako dirulaguntzaren kontura. Adierazpena aurkezteko azken eguna 2026ko urriaren 31 izanen da.

–Bigarren aldia (2026ko azaroaren 1etik 2027ko urtarrilaren 20ra):

Entitate guztientzat: proiektu osoa justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren, bigarren aldiko gastuei dagokien ordainketa jasoko dute, gehienez ere hiru hilabeteko epean, justifikatzeko azken egunetik zenbatzen hasita.

Dirulaguntzaren ordainketa eginen da Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den onuradunaren kontuan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

18. oinarria. Gastuen justifikazioa.

Dirulaguntza ordaintzeko, entitateek aurkeztu beharko dute egindako gastuak eta ordainketak justifikatzeko dokumentazioa, epe hauen arabera:

–2026ko urriaren 31ra arte:

6. eranskina: egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena (aurrerakinik jaso ez duten onuradunek soilik aurkeztu behar dute).

–2027ko urtarrilaren 31ra arte: onuradun guztiek proiektu osoaren azken justifikazioa aurkeztu beharko dute, 2026ko otsailaren 1etik 2027ko urtarrilaren 20ra egindako gastua guztien dokumentazio tekniko-ekonomikoarekin batera:

  • 7. eranskina: Justifikazio memoria.
  • 8. eranskina: Gastuen eredua (kalkulu orria): gastuen frogagirien eta egindako ordainketen zerrenda.
  • Fakturak eta ordainagiriak. Faktura guztiak dokumentu bakar batean aurkeztuko dira, bakoitzaren ondoren dagokion ordainketa-frogagiria sartuta, eta ordenaturik 8. eranskinean (gastuen eredua, kalkulu-orriaren formatuan) jasotako zerrendaren segida aberean.
  • Nominak eta horien ordainagiriak, eta horiekin lotutako edozein agiri ekonomiko eta dagozkien ordainagiriak.
  • 715 eredua, proiektuan sartutako enpresa- eta lanbide-jardueren lan-atxikipenei buruzkoa, eta/edo 190 eredua, aurreko urteko lan-atxikipenei buruzkoa, hala badagokio, eta dagozkien ordainagiriak.
  • Froga dokumentalak: argazkiak, kartelak, agiriak eta bestelakoak, erakusteko sartu direla Nafarroako Gobernuaren eta NABIren logotipo ofizialak, dirulaguntza eman aurretik inprimatutako materialetan izan ezik.
  • 9. eranskina: Prestakuntzako erantzukizunpeko adierazpena. Bete beharko dute ikastaro edo hitzaldiak ematen dituzten hizlariek edo azterlanak edo diagnostikoak egiten dituzten pertsona edo laguntzaile teknikoek soilik. Izan beharko da gutxienez 120 orduko prestakuntza berdintasun arloan, edo 2 urteko eskarmentua antzeko jardueretan.
  • 10. eranskina: Enpresaren hautapena justifikatzeko erantzukizunpeko adierazpena. Bete beharko da aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuetako enpresen ondoriozko gastua 12.000 eurotik gorakoa bada soilik.

Gastuak justifikatzeko, fakturak eta ordainketaren agiriak erabiliko dira (faktura elektronikoak eta gastuak frogatzeko balio bera duten bestelako dokumentuak onartuko dira, PDF formatuan, baina ez ordainagiriak, tiketak edo merkataritza-trafikoan baliozkoak ez diren beste dokumentu batzuk).

Jarduera guztiak eginik egon beharko dira gauzatzeko epearen barruan (2026ko otsailaren 1etik 2027ko urtarrilaren 20ra).

Era berean, jarduera guztiek justifikazio-aldiaren barruan egon beharko dute ordainduta (azken eguna: 2027ko urtarrilaren 31).

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira benetan ordaindu direnak diruz lagundutako proiektuak justifikatzeko epea bukatu baino lehen, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan badira.

Finantza edo tributu gastuak justifikatzen ahalko dira, benetako ordainketa frogatu gabe, baldin eta likidazio aldia irekita badago data horren ondotik.

Aurkeztutako dokumentazioan akatsak atzematen badira, 10 egun baliodun emanen dira akatsak zuzentzeko.

Proiektuaren azken kostua NABIk onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzioan doituko da, formula honen arabera:

–Justifikatutako eta onartutako zenbatekoa bider emandako zenbatekoa, zati justifikatu beharreko zenbatekoa.

19. oinarria. Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Entitate onuradunek, xede eta helburu bererako, jasotzen ahalko dituzte dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera gehiago, estatuko edo nazioarteko beste administrazio batzuek edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emanak, betiere guztizko zenbatekoak (dirulaguntza guztiak batuta) ez badu gainditzen proiektuaren kostuaren %100, eta ez badu jasotzen NABIren dirulaguntza izendunik.

Entitate onuradunak NABIri jakinarazi beharko dio beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu dituela diruz lagundutako proiektuaren barneko jarduerak finantzatzeko. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, dena delako laguntza eman izana frogatzen duen dokumentazioa erantsita, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

Oinarri hauetan araututako dirulaguntza eskatzea bateraezina da gauzatzeko aldian NABIren dirulaguntza izendun bat izatearekin, xedea edo proiektua edozein dela ere.

Jarduerak baliabide propioekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu badira, bukaerako memorian justifikatu beharko dira funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa.

20. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetako dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte, DFLn ezarritakoez gain:

a) NABIri eta beste organismo eskudun batzuei aukera ematea teknikoki eta ekonomikoki egiaztatu eta kontrolatu ditzaten eskatutako eta emandako dirulaguntzak . Berrikuspen horietan eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztea.

b) Jarduera bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu bada, NABIri horien berri ematea. Jakinarazpen hori informazioaren berri izan bezain laster egin behar da, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.

c) Kontabilitateko liburu, erregistro eta agiriak araudiaren arabera mantentzea.

d) Funtsen erabilerari buruzko frogagiri guztiak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Emakumeen irudi diskriminatzaileak edo estereotipo sexistak saihestea. Proiektuko material, dokumentazio, publizitate edo irudi orotan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da, eta sustatu beharko da irudiek errespeta ditzaten berdintasuna, ekitatea, aniztasuna, erantzukidetasuna eta genero-rol eta -identitateen askotariko izaerak.

f) Proiektua sare sozial, kartel edo bestelako komunikazio kanalen bidez hedatzea.

g) Espresuki adieraztea ea NABIri baimena ematen zaion, dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiten denean, behar diren datuak kontsulta ditzan, zerga-betebeharrak nahiz Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea egiaztatze aldera. Kontsulta hori baimentzen ez bada, dirulaguntzaren fitxaren bidez aurkeztu beharko dira egiaztagiriak.

21. oinarria. Ez-betetzea eta itzulketa.

Deialdi honen oinarriak edo DFL urratuz gero, jasotako zenbatekoak osorik edo partzialki itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne, ordainketaren egunetik itzulketa egin behar dela adierazten den datara arte, araudi aplikagarriaren arabera, horrek deusetan galarazi gabe legezko beste zehapen batzuk ezartzea.

–Erabateko ez-betetzea: proiektuko jarduera bat ere egiten ez bada. Kasu horretan:

  • Entitateak aurrerakinen bat jaso badu: aurreratutako zenbatekoaren %100 itzuli beharko du.
  • Entitateak ez badu aurrerakinik jaso: dagokion zenbatekoa kobratzeko eskubidea galduko du.
  • Konturako ordainketak: 2026ko urrian konturako ordainketa jasotzen badute eta 2027an justifikatzen ez badute, jasotakoa ere itzuli beharko dute.

–Ez-betetze partziala: jarduera batzuk gauzatzen ez badira, entitateak dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko du, edo, bestela, deklaratuko da dagokion zenbatekoa kobratzeko eskubidea galdu izana, kasuaren arabera.

Itzulketa eskatzeko prozeduran, DFLren 35.6 artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Arau-hausteak eta zehapenak aplikatuko dira DFLren 42. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera.

22. oinarria. Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

23. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarri hauetan berariaz aurreikusi ez den orotan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean (DFL), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoa aplikatuko da.

Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondoko justifikazioa:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/emakumeen-elkarte-eta-irabazi-asmorik-gabeko-bestelako-elkarte-edo-entitateentzako-dirulaguntza-emakumeen-eta-gizonen-arteko-berdintasuna-bultzatu-eta-sustatzeko-proiektuak-garatzeko-2026-2027

2. ERANSKINA.–EBALUAZIO IRIZPIDEAK

A) Oinarrizko irizpideak: proiektu guztietarako.

Proiektu guztiek gainditu beharko dute oinarrizko irizpideen ataletako bakoitza.

OINARRIZKO IRIZPIDEEN ATALAK

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

EGOKIA DA?

Kalitate teknikoa

Proiektua deialdiaren helburura eta xedera egokitzen da

Bai / Ez

Azalpenean eta idazketan informazio aski eta argia jasotzen da

Proposatutako jarduerak aski deskribatzen dira eta kronograma baten bidez planifikatzen dira

Koherentzia dago jardueren, helburuen eta aurrekontuaren artean

Genero ikuspegia

Jarduerek kontuan hartzen dute lurraldeko emakumeen eta gizonen errealitatea

Bai / Ez

Proiektua deskribatzean, datuak sexuen arabera bereizita ematen dira

Proiektuko jardueren bidez laguntzen da estereotipoak eta genero-rolak murrizten

Aurrekontua

Jarduerak deskribatzean, aurrekontu xehatua ematen da

Bai / Ez

Proiektua egokia da proposatutako jardueretarako

Zabalkundea eta komunikazioa

Era egokian deskribatzen da jarduerak hedatu eta jakinarazteko modua, parte-hartzea sustatzeko

Bai / Ez

B) Irizpide osagarriak: 3.500 eurotik gorako proiektuetarako.

3.500 eurotik gorako dirulaguntza lortu nahi duten proiektuek, oinarrizko irizpideen atal bakoitza gainditzeaz gain, gutxienez 25 puntu lortu beharko dituzte irizpide osagarrien balorazioan. Gutxieneko puntuazio hori lortzen ez bada, ez da dirulaguntzarik eskuratuko.

IRIZPIDE
OSAGARRIAK

AZPI-IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

LORTUTAKO PUNTUAK

Erakundea / entitatea

(20 puntu)

Elkartea edo entitatea osatzen duen pertsona kopurua

10 baino gutxiago: 1 puntu

10 eta 75 bitarte: 2 puntu

75 baino gehiago: 3 puntu

Elkarte edo entitatean emakumeak bazkideen %85 baino gehiago dira

7 puntu

Entitatea emakumeen elkartea da, edo legezko ordezkaria emakumea da

5 puntu

Elkartea edo entitatea dagoen herriko biztanle kopurua

0-1.000: 5 puntu

1.001-3.000: 3 puntu

3.001-6.000: 2 puntu

6.001-10.000: 1 puntu

Sareko lana

(8 puntu)

Lankidetzan aritzen da beste elkarte batzuekin proiektua garatzeko

6 puntu

Lankidetzan aritzen da zinegotzitza, berdintasun teknikari, gizarte zerbitzu eta abarrekin

2 puntu

Berrikuntza

(2 puntu)

Proiektua originala eta sormenezkoa da

2 puntu

Intersekzionalitatea eta balio-aldaketa

(6 puntu)

Irisgarritasuna sustatzeko neurriak ditu

2 puntu

Programazioan zaintzari eta erantzukidetasunari balioa emateko jarduerak ditu

1 puntu

Emakume gazteei, emakume migratzaileei eta abarri zuzendutako jarduerak ditu

1 puntu

Emakumeen kontrako indarkeriari eta harreman afektiboei buruz ikasteko jarduerak ditu

1 puntu

Genero-estereotipoei buruz eta eredu berrien ikaskuntzari buruz hausnartzeko jarduerak ditu

1 puntu

Inpaktua eta ebaluazioa

(4 puntu)

Proiektuaren garapenak lurraldeko edo herriko eragin politikoa sustatzen du

2 puntu

Ebaluazio adierazleak zehazten dira neurtzeko proiektuaren garapena egokia den

2 puntu

Jardueren tipologia

(10 puntu)

Proiektuak berdintasun arloko prestakuntza-ekintza espezifikoak jasotzen ditu, gutxienez 10 ordukoak

4 puntu

Proiektuak sentsibilizazio ekintzak jasotzen ditu, zehazki, berdintasunari buruzko hitzaldiak edo jardunaldi espezifikoak

3 puntu

Proiektuak asoziazionismoa sustatzeko ekintzak ditu

3 puntu

Guztira

Gehienez, guztira:

50 puntu

Eskuratutakoa, guztira

Iragarkiaren kodea: F2604229