Iragarkia
75. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
71E/2026 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen deialdi bat Nafarroako toki-entitateentzat, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako teknikarien kontratazioa bultzatzeko 2026. urterako. DDBN kodea: 892644.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero-berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero-desberdinkeriako eta bazterketako modu guztiak deuseztatzen lagunduz. Horretarako, haren estatutuen arabera –Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuaren bidez onetsiak–, erakundearen eskumenetako bat da emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak koordinatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, eta haren funtzioetako bat da eskumen-esparruko politikak sustatzeko dirulaguntzen deialdiak kudeatzea.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, 12. artikuluan, ezartzen du toki entitateek emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa txertatuko dutela beren eskumenak baliatzean, eta horretarako elkarlanean arituko direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin. Halaber, baieztatzen du, foru-lege honek esleitzen dizkien funtzioei dagokienez, Nafarroako Gobernuak toki-entitateen nahikotasun finantzarioa osatuko duela eta toki-entitateok lagunduko dituela, berdintasunerako teknikarien kontratazioa sustatuz.
Bestalde, berdintasunari buruzko foru-lege horrek berak administrazio publikoei eskatzen die baliabideak eskain ditzatela pertsona guztien bizitzaren jasangarritasuna errazteko, eta aintzatets dezatela etxeko lanaren eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaren funtzio sozial eta ekonomikoa, bai eta ordainsaririk edo aintzatespen profesionalik gabeko jarduera feminizatuak ere. Horren harira, Nafarroako Berdintasunerako Institutua, bizitzaren jasangarritasunean eta zaintzaren balioan oinarritutako eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko, "Zainketen aldeko Itunak Nafarroan" programa garatzen ari da Nafarroako Gobernuaren departamentuekin eta toki-entitateekin lankidetzan.
Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" da plangintza publikoko tresna nagusia Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan, kontuan hartzen da toki-administrazioak ildo estrategiko guztietan duen erantzukizuna; bereziki, I. ildo estrategikoan, zeinaren helburua baita genero-ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza-ereduan, toki-administrazioa barne, bai eta II. ildo estrategikoan ere, bere helburu estrategikoen artean baitauka zaintzak bizitzaren jasangarritasunerako duen balioa aitortzea.
Tokiko esparrua dago herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen, eta, beraz, hori da esparru egokienetako bat emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki-entitateek emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean, honako hau biltzen da: sustatu eta lagundu behar dela udalek konpromisoa hartzea zaintza-lanen banaketa erantzukidearen aldeko neurriak garatzeko, garrantzizko gizarte-eragileekin adosturik.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero-berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki-entitateekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.
Toki-entitateetako errealitate desberdinen behar eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du gizonen eta emakumeen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten toki-entitateentzat. Halaber, deialdi honen xedea da toki-entitateak babestea emakumeen eta gizonen berdintasunerako teknikariak kontratatzeari dagokionez, haiek laneratzea eta lanpostuan finkatzea sustatuz. Babes hori funtsezko tresnatzat jotzen da emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko helburuak toki-eremuan aintzat hartzeko eta bultzatzeko, eta haren emaitza toki-administrazioetan profil profesional hori sendotzea eta mantentzea izan behar du.
Deialdian bi modalitate aurreikusten dira, eskakizun eta zenbateko desberdinekin. Lehen modalitatea berdintasuneko agentea duten edo hura kontratatzea aurreikusten duten toki-entitateentzat da. Kasu horretan, dirulaguntzak babestuko du toki-entitate horiek emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen eta sustatzen duten proiektuak egitea, baita berdintasuneko teknikariak kontratatzeko finantzaketa ere, betiere deialdian ezarriko diren eskakizun eta mugak betetzen badira. Bigarren modalitatea, berriz, figura profesional hori ez duten baina emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatu eta bultzatzeko proiektuak garatzen dituzten toki-entitateei eskaintzen zaie.
Azkenik, nabarmendu beharrekoa da Nafarroako toki-entitateen berdintasun-politika planifikatzeko ibilbidea Nafarroako Gobernuaren tresna bat dela, toki-entitateen eskura jartzen duena kalitate-estandarrak txertatzeko emakumeen eta gizonen berdintasunerako toki-politikan. Toki-entitateei proposatzen zaien ibilbidea jasotzen du, haiek, beren errealitatetik abiatuta, gai izan daitezen araudiak berdintasunaz agintzen duenari pixkanaka erantzuteko, modu planifikatu, sistematiko eta homogeneoan. Ibilbide horrek, erreferentziazko tresna gisa, deialdian jasotzen diren proiektuak planifikatzeko jarraibideak markatuko ditu.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 26ko 134/2025 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdia onestea, Nafarroako toki-entitateentzakoa, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako teknikarien kontratazioa bultzatzeko 2026. urterako.
2 Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3 Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 984.000,00 euroko aurrekontu-kreditua baimentzen da 2026ko gastu-aurrekontuko "080001 08100 4609 232200 Toki-entitateentzako transferentziak berdintasun-politikak eta zaintza-hitzarmenak bultzatzeko" aurrekontu-partidaren kargura.
4 Ebazpen hau eta beronen oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta balorazio-irizpideak (II. eranskina) biltzen dituzten eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
5 Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 10ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
1 Deialdi honen xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) 2026. urtean Nafarroako toki-entitateei emanen dizkien dirulaguntzen emakidaren araubidea ezartzea.
2 Dirulaguntza honen xedea da emakumeen eta gizonen berdintasuneko toki-politikak sustatzea, ekintza hauen bidez:
a) Berdintasuneko teknikariak lanean hastea, lanpostuak sendotzea eta haietan irautea; modu horretan, toki-entitateetan egitura egonkorrak sortzen lagunduko da.
b) Nafarroako toki-entitateen berdintasun-politika planifikatzeko ibilbidearekin bat datozen eta toki-entitateek garatzen dituzten berdintasun-proiektuak finantzatzea.
3 Exekuzio-aldia: diruz lagundu daitezkeen jarduketak 2025eko azaroaren 1a eta 2026ko urriaren 31 bitartean egin beharko dira, berdintasuneko teknikariak kontratatzearen inguruan ezarritakoa alde batera utzita: horretarako exekuzio-aldia 2025eko abenduaren 1a eta 2026ko urriaren 31 bitartekoa izanen da. 2025eko azaroa ez da sartzen diruz laguntzen ahal den kontratazio-gastu gisa, aldi hori 2025ean xede berarekin egindako deialdi batean sartu baitzen.
2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntza-modalitateak.
2.1 Entitate onuradunak.
Nafarroako toki-entitateak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
2.2 Dirulaguntzen modalitateak; bi modalitate ezartzen dira:
a) I. modalitatea.
Berdintasuneko teknikari bat (berdintasuneko agentea) lanaldi osoz kontratatua duten edo diruz laguntzen ahal den aldian ezaugarri horiek dituen kontratazio berri bat hastea aurreikusten duten toki-entitateei zuzentzen zaie.
Modalitate honetan, toki-entitateek honako ekintza hauek egiten ahalko dituzte:
–Oinarri hauetan aurreikusitakoa betetzen duten berdintasun-proiektuak sartu beren eskaeran.
–Berdintasuneko teknikariak kontratatzearen gastuak finantzatzeko laguntza eskatu, ezarritako eskakizun eta mugen barruan.
Modalitate honetan, indibidualki parte hartzeaz gainera, beste toki-entitat batzuekin elkartzeko akordioak ere egiten ahalko dituzte toki-entitateek, berdintasuneko agentea lanaldi osoz kontratatzeko. Kasu horretan, taldeak batera parte hartuko du I. modalitate honetan, eta proiektu bakar bat aurkeztuko du. 4.1.4 b) oinarrian zehaztutako baldintzei jarraikiz egin beharko da elkartze-akordioa.
b) II. modalitatea.
Berdintasuneko teknikaririk lanaldi osoz ez duten eta 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki-entitateei zuzendua, 3. oinarrian xedatutako baldintzak betetzen badituzte.
Modalitate honetan, toki-entitateek berdintasun-proiektuak sartzen ahalko dituzte, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera.
3. oinarria. Betebeharrak.
Dirulaguntza eskatzen duten toki-entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte.
3.1 Entitate eskatzaile guztien betebehar orokorrak.
a) Sinatua izatea Nafarroako toki-entitateen berdintasun politika planifikatzeko ibilbidera atxikitzeko dokumentua (V. eranskina). Dokumentu horretan jasotako konpromisoak bete beharko ditu toki-entitateak; besteak beste, berdintasunaren alorreko gaikuntza, lanerako plan bat diseinatzea eta aurrekontu-esleipena.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan jasotako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.
c) NABIren dirulaguntza izendunik ez jasotzea aurrekontu-ekitaldi berean.
d) Mankomunitateen edo udalerri-elkartzeen kasuan, proiektua batera lantzeko konpromisoa hartu beharko dute udalerri kide guztiek.
e) Elkartzeek lurraldekoak eta ez-estrategikoak izan behar dute.
Zenbait toki-entitatek batera parte hartzen dutenean, lurralde-arrazionaltasuneko eta arrazionaltasun funtzionaleko irizpideak bete beharko ditu elkarteak. Ez da onartuko modalitatea, eskakizunak eta finantzaketaren zenbatekoa aldatzeko asmo hutsez eratutako elkarterik. NABIk azalpenak eskatzen ahalko ditu formularen erabilera instrumentala izan dela uste izateko zantzuak daudenean.
3.2 I. modalitatean sartzeko betebehar espezifikoak:
Modalitate honetan sartzen ahalko dira baldintza orokorrak betetzeaz gain ondoko hauek betetzen dituztenak:
1 Berdintasuneko agentea izatea edo haren kontratazioa hastea.
B mailako berdintasuneko agente bat kontratatua edo plantillan izatea, edo kontratazio berri bat hastea diruz laguntzeko moduko aldian lanpostu berri batean.
–Enplegu publikoaren esparruan indarrean den araudiaren araberakoa izan beharko du kontratazioak.
–Ez dira diruz laguntzeko modukoak izanen lanaldi partzialeko berdintasuneko teknikariak dituzten proiektuak, salbu eta agente nagusiaren lanaldi-murrizketak direnean. Kasu horietan, lanaldia bi pertsonaren artean osatzeko aukera emanen da.
–Lanaldi oso baten parekotzat joko dira zortziren, seiren eta laurden baten murrizketak, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuaren edo aplikatu beharreko araudiaren arabera (IV. eranskin gisa datorren ziurtagirian jasotako aitorpenaren bidez ziurtatzen da).
2 Berdintasunaren alorreko funtzioak dituen egitura organiko bat izatea: berdintasuneko zinegotzigoa, batzordea edo atala. Lehenbizikoz berdintasuneko teknikariak kontratatzen dituzten toki-entitateek konpromisoa hartu beharko dute egitura hori diruz lagundutako aldian eratzeko.
3 Barne-koordinazioko egitura tekniko bat izatea: Udaleko arloen arteko talde tekniko bat izatea, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa toki-entitatearen lan-arlo guztietan eraginkortasunez integratzen dela ziurtatzeko. Teknikariak izan behar ditu udaleko lan-arlo guztietan, eta haien bileren egutegia finkatu beharko da. Lehenbizikoz berdintasuneko teknikariak hartzen dituzten toki-entitateek konpromisoa hartu beharko dute talde hori diruz lagundutako aldian eratzeko (IV. eranskinaren arabera ziurtatuta).
4 Entitate eskatzaileko organo eskudunaren baimena izatea, berdintasuneko agenteak parte har dezan NABIk genero-berdintasunaren arloan diruz laguntzen ahal den aldian antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada (IV. eranskinaren arabera ziurtatuta).
5 Udalez gaindiko talde eta toki-entitateentzako eskakizun espezifikoak.
Berdintasuneko agente bera duten mankomunitate, talde tradizional eta boluntario-taldeen kasuan:
a) Udal kide bakoitzak berdintasun-politika bultzatuko duen arlo edo erreferente tekniko bat izan beharko du.
b) Udal bakoitzak politikari bat izendatu beharko du berdintasun-gaietarako erreferentzia gisa. Haren berariazko onespena VI. eranskinean jasoko da.
c) Berdintasuneko lurralde-mahai bat edo lan-mahai bat eratu beharko da lurraldean berdintasuna kudeatzeko, zeinean politikari erreferenteek ordezkatuko baitituzte udal kide guztiak. Mahai horrek koordinazio- eta gobernantza-organo gisa jardunen du eta taldearen lurralde-eremu osoan berdintasunaren inguruko lanaren plangintza onesteko ardura izanen du.
6 Indibidualki B mailako berdintasuneko agentea lanaldi osoz duten udalerriek banaka parte hartu beharko dute eta ez dira talde bateko kide izaten ahalko baterako kontratazioaren ondorioetarako.
7 Berdintasuneko agentea duten mankomunitateek eta agente bera duten toki-entitate elkartuek proiektu bakar bat aurkeztu beharko dute; ez dute beste proiektu gehigarri bat aurkezten ahalko bakarka, ezta beste eskaera batean parte hartzen ahalko ere. Eragindako lurralde osoa estali beharko du proiektuak eta, halaber, lan-mahaiak onetsitako plangintza komuna jaso beharko du.
3.3 II. modalitatean sartzeko betebehar espezifikoak:
Modalitate honetan parte hartzen ahalko dute eskakizun hauek betetzen dituzten entitateak:
1 Ez izatea B mailako berdintasuneko teknikaririk (berdintasuneko agentea) lanaldi osoz kontrataturik eskaera egiteko unean (IV. eranskinaren arabera egiaztatuta).
2 5.000 biztanle baino gutxiago izatea.
3 Eskaera egiten den unean ez sarturik egotea B mailako berdintasuneko teknikaria lanaldi osoz kontratatua duen mankomunitate batean.
4. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak.
Eskatzaile guztiek proiektu bakar bat aurkeztu beharko dute dagokien modalitatean.
Nafarroako toki-entitateen berdintasun-politika planifikatzeko ibilbidearen (aurrerantzean, Ibilbidea) araberakoak izan beharko dute proiektuek; haien garapena egokitzen ahalko da, betiere aurkezturiko plangintzarekiko koherentzian.
Kasu guztietan lehenetsiko da udalerri-esparruan berdintasun-politikak sendotzea; horrez gainera, lurralde-eraginkortasuneko irizpideei jarraitzen dieten eta izaera instrumentalik ez duten udalez gaindiko proiektuak babesten ahalko dira.
4.1 I. modalitatea: Berdintasuneko agentea duten edo hura kontratatuko duten toki-entitateen proiektuak.
Jarduketa hauek barne hartzen ahalko dituzte proiektuek Ibilbidearen hiru etapetako edozeinen esparruan. Kasu guztietan, "Zeharkako edukiak" kapituluko 3 lan-lerroen arabera sailkatuko dira jarduketak.
4.1.1. 1. lerroa. Berdintasunean oinarritutako antolaketa sozioekonomiko jasangarria.
Honako hauek izanen dira diruz lagungarriak:
–Prestakuntza espezifikoa.
–Prozedura, tresna eta planak, diagnostiko-, prestatze-, eguneratze- eta ebaluazio-faseetan.
–Zaintzen arloko jarduketak:
a) Zainketen aldeko Tokiko Ituna (2026an sinatua edo urte horretan sinatzeko konpromisoa, NABIk onetsi ondotik) duten toki-entitateak: Hitzarmenerako Akordioan eta 2026ko urteko lanerako planean jasotako ekintzak sartzen ahalko dituzte. Zenbateko gehigarria jasotzen ahalko dute ekintza horiek, 7.2 oinarriari jarraikiz.
b) Zainketen aldeko tokiko itunik ez duten toki-entitateak: zaintzen arloko egoeraren diagnostiko bat eta hartan sartutako jarduketak bakarrik (dagoeneko itun hori edukiz gero) izanen dira diruz laguntzeko modukoak.
4.1.2. 2. lerroa. Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko udalerriak.
I. modalitatean, jarduketa hauek bakarrik izanen dira diruz laguntzeko modukoak:
–Indarkeriaren aurkako tokiko protokoloa prestatzea edo eguneratzea, NABIk argitaratutako "Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida" lanean jasotzen denari jarraikiz. Mankomunitateen kasuan, baterako protokoloa izan beharko du; ez dira onartuko udalerri kideen banakako protokoloak.
–Tokiko koordinazio-mahaiari zuzendutako prestakuntza espezifikoa. Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko prestakuntza orokorra eta protokoloari buruzko prestakuntza espezifikoa, teknikari eta politikari guztiei zuzendua.
–Protokoloaren hedapena, jarraipena eta ebaluazioa egiteko jarduketak.
–Aholkularitza juridikoko eta laguntza psikologikoko zerbitzuak.
–Erreparatze integraleko jarduketak, barnean hartuta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimen aldeko omenaldiak.
4.1.3. 3. lerroa. Gizarte zibilaren protagonismoa eta inplikazioa.
Jarduketak sartzen ahalko dira 3. lerroan baldin eta ez badute gainditzen proiekturako aurrekontuaren % 50 eta ez badira 8.000 eurotik gorakoak.
4.1.4. Berdintasuneko eragilea kontratatzearen finantzaketa.
Diruz laguntzen ahalko da berdintasuneko teknikarien (berdintasuneko agentea) kontratazioa I. modalitateko eskakizunak eta jarraian zehazten direnak betetzen dituzten toki-entitateetan.
a) 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak.
b) 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien elkartzeak. Elkartzearen populazio osoa ez da 10.000 biztanle baino gehiagokoa izaten ahal. Elkartze-akordio bat izan beharko dute udalek, honako alderdi hauek jasoko dituena:
–Entitate bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen.
–Dirulaguntzaren zenbatekoaren banaketa.
–Entitate ordezkari edo ahaldun bakarraren izena.
–Kontratazioa eginen duen udalaren identifikazioa.
c) Guztira 14.000 biztanle baino gutxiagoko populazioa duten udalerrien mankomunitateak.
Kontratazio berriak eta ondoz ondoko kontratazio-urteak finantzatuko dira –edo, dagokionean, diruz laguntzeko moduko gastutzat onartuko dira–, lanaldi osoko berdintasuneko agenteen lanpostuen sorrera eta sendotzea bultzatze aldera. Kontratazio berritzat joko dira soilik diruz laguntzen ahal den aldian hasi direnak aldez aurretik ez zegoen berdintasuneko agente baten lanpostu batean. Ezein kasutan ez dira halakotzat joko lehendik lanaldi osoz diharduten B mailako berdintasuneko agentearen lanpostuak berritzea, aldatzea, berriro hastea eta ordezkatzea. Modalitate honi aplikatzen ahal zaizkion gehieneko finantzaketa-kopuruak eta hala dagokionean gastu horiek diruz laguntzeko modukotzat jotzeko kondizioak eta egozte-mugak 7.2 oinarrian xedatzen dira.
Deialdi honen ondorioetarako, berdintasuneko teknikarien kontratazioaren finantzaketak toki-entitateko berdintasuneko egitura teknikoaren baterako finantzaketa partzialaren izaera du, eta 2025eko abenduaren 1a eta 2026ko urriaren 31 bitarteko diruz laguntzeko moduko aldiari bakarrik lotzen zaio, nahiz eta kontratu-harremana mugagabea izan edo aldi horretatik haratago luzatu. 2025eko azaroa ez da sartzen diruz laguntzen ahal den kontratazio-gastu gisa, aldi hori 2025ean xede berarekin egindako deialdi batean sartu baitzen.
4.2 II. modalitatea: Berdintasuneko agenterik ez duten eta 5.000 biztanletik behera dituzten toki-entitateen proiektuak.
Modalitate honetako proiektuak Ibilbideko 1. etapan bakarrik inskribatuko dira, eta "Zeharkako edukiak" kapituluko lerroen araberako sailkapena izanen dute.
4.2.1. 1. lerroa. Berdintasunean oinarritutako antolaketa sozioekonomiko jasangarria.
Diruz laguntzen ahalko dira honako gai hauek barne hartzen dituzten prestakuntza, prozedura eta planak.
–Berdintasunaren alorreko prestakuntza-premien identifikazioa.
–Berdintasunaren alorreko prestakuntza teknikari eta politikarientzat.
–Toki-entitateak zaintzei dagokienez emakumeen eta gizonen berdintasunean duen abiapuntuko egoera aztertzeko txosten diagnostikoa egitea edo eguneratzea (zaintzen diagnostikoan sartutako jarduketak onartzen dira, halakorik izanez gero).
–Berdintasun-plana edo lan-programa prestatzea.
Genero-ikuspegia txertatzea informazio-sistemetan.
–Hizkuntzaren erabilera inklusiboa eta ez-sexista.
–Zaintzen arloko jarduketak:
- Zainketen aldeko Tokiko Ituna (2026an sinatua edo urte horretan sinatzeko konpromisoa, NABIk onetsi ondotik) duten toki-entitateak: Hitzarmenerako Akordioan eta 2026ko urteko lanerako planean jasotako ekintzak sartzen ahalko dituzte. Zenbateko gehigarria jasotzen ahalko dute ekintza horiek, 7.2 oinarriari jarraikiz.
- Tokiko ituna duten mankomunitateetako entitateek ez dute aurkezten ahalko zaintzen arloko jarduketak dituen eskaerarik.
4.2.2. 2. lerroa. Emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko udalerriak.
Alderdi hauei bakarrik ematen ahalko zaie dirulaguntza:
–Protokolo espezifikoak prestatzea: "Jaigunetako eraso sexistei aurre egiteko jarduera-protokoloa" edo "Emakumeen aurkako indarkeriagatiko hilketa eta egoera larriei aurre egiteko jarduera-protokoloa", NABIk argitaratutako "Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida" izenekoan jasotzen denari jarraikiz. Mankomunitateen kasuan, baterako protokoloa izan beharko du; ez dira onartuko udalerri kideen banakako protokoloak.
–Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko prestakuntza espezifikoa, berdintasuneko agenterik ez duten entitateentzako gidak jasotzen dituen egiturei zuzendua: Jaietako eraso sexisten aurkako mahaia, bozeramaileen batzarra, komunikazio-mahai kudeatzailea eta udaleko osoko bilkura.
–Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko prestakuntza espezifikoa (edo lehendik dagoen protokoloari buruzkoa), teknikari eta politikari guztiei zuzendua.
–Protokoloaren hedapenari, jarraipenari eta ebaluaziori lotutako jarduketak.
–Aholkularitza juridikoko eta laguntza psikologikoko zerbitzuak.
4.2.3. 3. lerroa. Gizarte zibilaren protagonismoa eta inplikazioa emakumeen eta gizonen berdintasuna eraiki eta sendotzeko prozesuan.
Jarduketak sartzen ahalko dira lerro honetan baldin eta ez badute gainditzen proiekturako aurrekontuaren % 50 eta ez badira 2.500 eurotik gorakoak.
5. oinarria. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.
Ez dute dirulaguntzarik izanen honako kasu hauetakoren bat betetzen duten proiektu eta jarduketek:
a) Deialdiaren baldintza orokorrak eta 4. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen ez dituztenak.
b) Emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzea eta sustatzea helburu nagusitzat ez dutenak, NABIko teknikarien balorazioaren arabera.
c) Toki-entitatearen zerbitzuak sortu, zabaldu edo finantzatzeko asmoa dutenak (adibidez, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak eta pertsonentzako zerbitzuak). Bazter utziko dira laguntza-beharra duten pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak, salbu eta 6.1.e) atalean xedatutakoa.
d) Langileen berdintasunerako barne-planak plantillan 50 langile edo gehiago dituzten toki-entitateetan. Toki-entitatearen mendeko erakunde publikoetan, ez dira ezein kasutan diruz lagungarriak izanen langileen berdintasunerako barne-planak.
e) NABIri dagozkion programak eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.
f) NABIren zainketen aldeko tokiko itunen programa garatzeko laguntza teknikoko zerbitzurako kontratuaren baldintza-orrian jasota dauden ekintzak.
6. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta ez-lagungarriak.
6.1 Gastu diruz lagungarriak.
Ondoren adierazten diren gastu-kontzeptuak finantzatzera bideratuko da soil-soilik dirulaguntza. Kasu guztietan, merkatuko balioekin bat etorri beharko dute zenbatekoek.
a) Laguntza teknikoa. Diruz lagundutako jarduera osorik edo partez azpikontratatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Ekintza diruz lagungarriak gauzatzen dituzten hizlariek eta adituek edo entitateek sortutako ordainsariak, bai eta ekintza horiek joan-etorriengatik, jatorduengatik eta ostatuagatik ekarritako dietak ere.
c) Argitalpen- eta hedapen-gastuak (barnean hartzen dira dibulgazio-materialak, diseinua, inprimatzea, hedabideetan zabaltzea, komunikazioa eta diruz lagundutako jarduerei lotutako gainerako publizitate-gastuak).
d) Jarduerak egiteko behar diren lokal eta ekipamenduen alokairuaren gastua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, entitate onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, bi urteko epean, gutxienez.
e) Diruz lagundutako jarduketak gauzatu bitartean, eta orduan bakarrik, laguntza-beharra duten pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).
f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura dutenak eta hura ongi prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak direnak.
g) Berdintasuneko agentearen pertsonal-gastuak. Diruz laguntzen ahalko dira berdintasuneko teknikariari (berdintasuneko agentea) dagozkion soldata-ordainketak eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuotak, betiere deialdi honetan xedatutako eskakizunak eta 7. oinarrian zehaztutako mugak betetzen badira.
Diruz lagungarriak izanen dira soilik 2025eko abenduaren 1etik 2026ko urriaren 31rako aldiari dagozkion gastu benetan sortuak eta ordainduak, edozein dela ere kontratuaren iraupen totala.
6.2 Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Ez dira diruz lagungarriak izanen honako gastu hauek:
a) Toki-entitateko langileen nominak, berdintasuneko agentearen nomina izan ezik, zeina 6.1.g) oinarrian aurreikusten baita. Honako gastu hauek ez dira ezein kasutan diruz lagungarriak izanen:
–Berdintasuneko agentearen nominan sartzen ez diren beste pertsonal-gastu batzuk.
–Kontratua burutzeagatiko kalte-ordainak.
–Enplegu publikoaren araudian administrazio-kontratuetarako jasotako gehieneko epeak ez betetzeagatik ordaindu beharreko konpentsazioak.
b) Udal-langileen nominak, laguntza-zerbitzuetara bideratuak, salbu diruz lagundutako jarduerek dirauten artean laguntza behar duten pertsonak artatzeko behar-beharrezkoak diren kontratazio puntualak (6.1.e oinarria).
c) Toki-entitatearen zerbitzu propioen funtzionamendutik eratorritako gastuak; halakoak dira zaintza-zerbitzu iraunkorrak, ludotekak, liburutegiak, adinekoen zentroak eta beste zerbitzu jarraitu batzuk.
d) Janari, edari, aperitibo, opari, protokolo-arreta eta antzekoen gastuak, alde batera utzita ekintza diruz lagungarriak gauzatzen dituzten hizlarienak, adituenak eta entitateenak (6.1 b oinarrian adieraziak).
e) Sustapen-, publizitate- eta merchandising-materialak ekoizteko gastuak.
f) Beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen ekipamenduak edo produktuak erostea (adibidez, material informatikoa, inprimagailuak, proiektoreak, telefonia eta abar erostea).
7. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoak eta guztizkoa.
7.1 Finantzaketaren araubide orokorra eta lehentasuna.
Aurrekontuan gaitutako kontsignazio erabilgarria agortu arte emanen dira dirulaguntzak.
Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, honako lehentasun-ordena honi jarraikiz emanen dira laguntzak.
1. I. modalitateko eskaerak, proiektuaren balorazio orokorrerako lortutako puntuazio-ordenan, II. eranskinean jasotako balorazio-irizpideei jarraikiz.
2. II. modalitateko eskaerak, proiektuaren balorazio orokorrerako lortutako puntuazio-ordenan, II. eranskinean jasotako balorazio-irizpideei jarraikiz.
Berdinketa izanez gero modalitate bereko eskaeren artean:
–Lehentasuna izanen du II. eranskineko "proiektuaren kalitate teknikoa" atalean puntuazio handiena lortzen duen entitateak;
–Berdinketak badirau, biztanle gehien dituen toki-entitateak izanen du lehentasuna.
7.2 Gehieneko finantzaketa-zenbatekoak.
7.2.1. I. modalitatea.
1) Lan-lerroetako jarduketak:
a) 16.000 euro bitarte proiektuko hiru lan-lerroetan sartutako jarduketa guztietarako.
b) 6.000 euro gehigarri bitarte herritarren aldeko tokiko itunari lotutako ekintzetarako, betiere toki-entitateak 2026an sinatu badu edo urte horretan sinatzea hitzartu badu.
2) Berdintasuneko agentea kontratatzearen finantzaketa.
Kontratazioa finantzatzeko gehieneko zenbatekoak ezartzeko, kontuan hartzen dira aurretiko konkurrentzien kopurua eta entitate-mota, taula honen arabera:
1. DEIALDIA | 2. DEIALDIA | 3. DEIALDIA | 4. DEIALDIA | HURRENGO DEIALDIAK | |
5.000 eta 10.000 biztanle bitarteko udalerri indibidualak edo 2.000 biztanleko batezbestekoa gainditzen duten udalerri-elkartzeak | Gehienekoa: 30.000 euro | Gehienekoa: 25.000 euro | Gehienekoa: 20.000 euro | Gehienekoa: 15.000 euro | Ez da zenbateko jakinik eskatzen. Pertsonal-gastuak proiektuaren gastutzat egozten ahalko dituzte, gehienez ere 10.000 euro |
5.000 biztanletik beherako udalerri indibidualak edo 2.000 biztanle baino gutxiagoko batezbestekoa duten udalerri-elkartzeak | Gehienekoa: 35.000 euro | Gehienekoa: 30.000 euro | Gehienekoa: 25.000 euro | Gehienekoa: 20.000 euro | Gehienekoa: 15.000 euro |
14.000 biztanle baino gutxiago dituzten mankomunitateak. | Gehienekoa: 25.000 euro | Gehienekoa: 20.000 euro | Gehienekoa: 15.000 euro | Gehienekoa: 10.000 euro | Ez da zenbateko jakinik eskatzen. Pertsonal-gastuak proiektuaren gastutzat egozten ahalko dituzte, gehienez ere 10.000 euro |
Oinarri honen ondorioetarako, "finantzaketa-deialditzat" joko da toki-entitate batek NABIren berdintasuneko agentearen kontrataziorako finantzaketa espezifikoa eskuratu duen aldien kopurua. Zenbaketa entitateka egiten da, oinarri arautzaileek denboran zehar izan dituzten aldaketak kontuan hartu gabe.
Entitate-elkartzeen edo mankomunitateen kasuan, zenbaketa hori ez da berriro hasiko, eta deialdi-kopurutzat konkurrentzia-egoera aurreratuena duen entitate kideari dagokiona hartuko da.
Irizpide horren helburua da berdintasuneko agenteen lanpostuak pixkana indartu daitezen bermatzea, baita finantzaketa-sisteman distortsioak saihestea ere.
NABIk ofizioz egiaztatuko du entitate bakoitzak aurretik zenbat finantzaketa-deialdi izan dituen, eta emakidaren ebazpenean jasoko da.
7.2.1.1. Kontratazio berriei eta ondoz ondoko konkurrentziei buruzko argibidea.
–Kontratazio berriak eta ondoz ondoko urteetakoak finantzatuko dira, lanpostuak sendotzeko.
–Kontratazio berritzat joko da soilik diruz laguntzen ahal den aldian eta lehendik ez dagoen lanpostu baterako hasitakoa.
–Ez dira kontratazio berritzat jotzen: lehendik dauden berdintasuneko agentearen lanpostuak berritzea, aldatzea, berriro hastea eta ordezkatzea.
7.2.1.2. Bosgarren urtetik aurrera pertsonal-gastuak egoztea.
Bosgarren konkurrentzia-urtetik aurrera, kontrataziorako zenbateko espezifikorik jasotzen ez duten entitateek berdintasuneko agentearen pertsonal-gastuak diruz laguntzen ahal diren gastu gisa egozten ahalko dituzte, betiere taulan adierazitako eskakizunak betetzen badituzte.
Kasu horietan, kalkuluaren ondorioetarako, 35.000 euroko erreferentziazko zenbatekoa ezartzen da, diruz lagundutako aldian B mailako berdintasuneko agente bat lanaldi osoz kontratatzearen kostu zenbatetsiari dagokiona, barne harturik soldata eta Gizarte Segurantzako enpresa-kotizazioak. Diruz laguntzen ahal diren gastuen gehieneko mugak eta justifikatu beharreko zenbatekoa zehazteko bakarrik erabiltzen da kopuru hori.
Berdintasuneko agentearen pertsonal-gastuak diruz laguntzeko moduko gastu gisa egozten ahalko dira 10.000 euro bitarte, zeinak 7.2.1.a) ataleko 16.000 euroko mugan sartu beharko baitira. Pertsonal-gastuen kontzeptuan diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa egozten denean, erreferentziazko zifraren guztizkoa justifikatu beharko da (35.000 euro). Zenbateko txikiago bat egozten bada, justifikatu beharreko zenbatekoa proportzionalki murriztuko da.
7.2.2. II. modalitatea.
Proiektuko lan-lerroetako jarduketak:
a) 5.000 euro bitarte proiektuko hiru lan-lerroetan sartutako jarduketa guztietarako.
b) 4.000 euro gehigarri bitarte herritarren aldeko tokiko itunari lotutako ekintzetarako, betiere toki-entitateak 2026an sinatu badu edo urte horretan sinatzea hitzartu badu.
8. oinarria. Emakidarako irizpideak eta zenbatekoa zehaztea.
11. oinarrian eta II. eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau.
60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak egokitzat joko dira eta honako modu honetan zehaztuko da haientzako dirulaguntzaren zenbatekoa:
- Dagokion modalitaterako ezarritako gehieneko zenbatekoaren % 100, baldin eta aurkeztutako eta onetsitako aurrekontua haren berdina edo handiagoa bada.
- Aurkeztutako eta onetsitako aurrekontuaren % 100, gehieneko zenbatekoa baino txikiagoa bada.
8.1 Berdintasuneko agenteak kontratatzeko laguntzaren zehaztapen espezifikoa.
Berdintasuneko teknikarien kontratazioa finantzatzearen ondorioetarako, erreferentzia tekniko gisa ezartzen da 35.000 euroko zenbatekoa, diruz lagunduko den aldirako kontratazio baten batezbesteko kostuari dagokiona.
Zenbateko hori laguntza zehazteko proportzionaltasun-irizpide gisa bakarrik erabiltzen da, eta ezein kasutan ez du adierazten kontratazioaren kostu errealaren erabateko finantzaketa.
7.2 oinarrian adierazitako gehieneko zenbatekoak osorik emateko, 35.000 eurokoa edo hortik gorakoa izan behar du diruz lagunduko den aldirako berdintasuneko agentearen pertsonal-gastuen aurrekontuak. Aurrekontu hori txikiagoa denean, aurrekontua proportzionalki txikiagotuko da zenbateko hori erreferentziatzat hartuz, kasu guztietan errespetatuko direlarik 7.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak.
9. oinarria. Dokumentazioa.
9.1 Aurkeztu beharreko agiriak.
Toki-entitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dokumentu bereizietan:
a) Eskabidea (III. eranskina).
Eredu ofizialean aurkeztu beharko da, eta honako elementu hauek jaso beharko ditu:
–Proiektuaren memoria, jarduketa guztien azalpen xehatua jasotzen duena.
–Aurrekontu totala, Ibilbideko lan-lerroen arabera xehakatua eta proiektuaren egiturara egokitua. Ez da baliozkoa izanen jarduketen xehakapenik jasotzen ez duen aurrekontu orokorrik.
–Parte hartzen den modalitateari dagozkion eskakizun espezifikoak.
Batera parte hartzen duten toki-entitateen kasuan, izendatutako entitate ordezkariak sinatu beharko du eskaera, zeinak barnean hartu beharko baitu zer egiteko konpromisoa hartu duen elkartzeko udal bakoitzak.
b) Idazkaritzaren ziurtagiria (IV. eranskina). Bere modalitateari dagokion ziurtagiria aurkeztu behar du entitate bakoitzak.
c) Ibilbiderako atxikimenduaren dokumentua (V. eranskina).
d) Mankomunitateen edo udalerri-elkartzeen kasuan, proiektua batera lantzeko konpromisoa (VI. eranskina), udalerri kide bakoitzeko berdintasuneko politikari erreferente guztiek sinatua.
e) Baterako kontratazioaren akordioa, I. modalitatean, bi toki-entitateren edo gehiagoren elkartze-akordio bidez kontratatzen denean berdintasuneko eragilea. Diruz lagunduko den aldi guztirako balio duen akordioaren kopia osoa aurkeztu behar da.
f) Bankuko datuak. NABIrekiko eragiketak hasten badira edo Nafarroako Gobernuaren eskura dagoen banku-kontua aldatuz gero, datuak eguneratu beharko dira esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
9.2. Dagoeneko administrazioaren esku dagoelako eskatuko ez den dokumentazioa.
Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla edo agiriak haren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.
9.3 Zuzenketa.
Aurkeztutako dokumentazioan zuzentzeko moduko akatsak ikusten baditu instrukzio-organoak, entitate eskatzaileari jakinaraziko dio hori, eta hamar egun balioduneko epea emanen dio zuzentzeko. Akatsa ez zuzentzeak berekin ekarriko du eskaeran atzera egitea, NABIko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren ondotik, dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikulua betez.
Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko dokumentazioa ez da zuzentzen ahalko. Hala ere, dokumentu horiei buruzko argibideak eskatzen ahalko ditu NABIk, baina ez da aukerarik izanen aurkeztutako proiektuan aldaketarik egiteko. Azalpen horiei erantzuteko epea ere hamar egun baliodunekoa izanen da.
10. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
Eskabideak elektronikoki soilik tramitatuko dira, deialdiaren fitxaren bitartez (oinarri hauen hondarrean dago esteka).
Aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
11. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
11.1 NABIren Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Norgehiagoka-araubidean izapidetuko da deialdia.
11.2 NABIko teknikariek baloratuko dituzte eskaerak: ebaluazio-txosten bat eginen dute, zeinean jasoko baita eskakizunak betetzen dituztela entitate eskatzaileek eta proiektuaren balorazio teknikoa, ezarritako irizpideen arabera.
Txosten hori loteslea izanen da instrukzio-organoarentzat.
11.3 Eskabideak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Proiektuaren balorazio tekniko orokorraren arabera emanen da dirulaguntza, betiere II. eranskinean eta deialdiko 7. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.
Emakida xehakatua eginen da, III. eranskinean jasotako aurrekontu-atalei jarraikiz:
–Proiektuko lan-lerroen emakida.
–Zainketen aldeko Tokiko Itunaren emakida, hala badagokio.
–Berdintasuneko agentearen kontratazioaren emakida, hala badagokio.
11.4 Proiektuaren balorazio orokorretan gutxienez 60 puntura iristen ez diren proiektuak ez dira onartuko, eta ez dira diruz lagunduko.
11.5 Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak, ikusita teknikariek egindako ebaluazioa, ebazpen-proposamena egin, eta NABIko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.
12. oinarria. Ebazpena.
12.1 Dirulaguntzak emateko ebazpena NABIko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
12.2 Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuak, dirulaguntzaren zenbatekoa, zuritu beharreko zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, NABIk jendaurrean jarriko ditu ematen dituen dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere webgunean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
13. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.
Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta aurkeztutako eskaeran eta emakidaren ebazpenean ezarritakoa betez. Xedeen, lan-lerroen eta NABIk onartutako aurrekontuaren arabera egin beharko da jarduketa oro.
14. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
14.1 Dirulaguntzaren ordainketa:
Dirulaguntza ordainketa bakar batean ordainduko da, proiektuaren justifikazio osoa aurkeztu eta ebaluatu ondotik.
14.2 Dirulaguntzaren justifikazioa:
2026ko azaroaren 5a bitarte aurkezten ahalko da justifikazioa, zeinak barne hartu beharko baitu exekuzio-aldian egindako gastua (1.3 oinarrian jasoa) eta 2026ko azaroaren 5a bitarte ordaindutakoa.
Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztu beharko da, eta bat etorri beharko du, nahitaez, dirulaguntzaren fitxako eranskinekin.
a) VII. eranskina: Justifikazio-memoria.
b) VIII. eranskina: Idazkaritzaren ziurtagiria.
Ziurtagiri hauek aurkeztu behar dira:
–Diruz lagundutako proiektuaren gastu totala, onetsitako aurrekontuaren araberakoa.
–Xede bererako jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak (edo halakorik jaso ez izanaren adierazpena).
Egindako gastutzat hartuko dira justifikazio-epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta likidazio-epea oraindik irekita ez daukaten tributuak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk.
c) IX. eranskina: Gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, jarduketen gastu guztiak banakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorrita.
d) Fakturak eta ordainagiriak.
Igorritako faktura baliodun edo froga-balioko dokumentu baliokide guztiak aurkeztuko dira. Ordainagiria izan behar dute. Dokumentu bakar batean aurkeztu beharko dira fakturak, bakoitzari dagokion ordainagiriarekin batera, eta IX. eranskinean jasotako zerrendaren sekuentzia beraren arabera ordenatuta.
PFEZeko gastuak egozten badira, dagozkion hiru hilez behingo 715 ereduak eta haien ordainagiriak erantsiko dira.
Ezein kasutan ez dira onartuko ordainagiriak, kutxako tiketak, eskaerak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.
Justifikazio-epea (2026ko azaroaren 5a) agortu aurretik ordaindu behar dira jarduketa guztiak. Ondorioz, muga horretatik kanpoko frogagiri eta ordainagiri guztiak ez dira onartuko.
e) Nominak eta haien ordainagiriak (kontratazioa finantzatzeko laguntza eskatuz gero).
Berdintasuneko agente gisa kontratatuko pertson(ar)en nominak eta ordainagiriak aurkeztuko dira, diruz lagundutako aldiko (2025eko abendua-2026ko urria) hileko soldata guztiei dagozkienak.
f) X. eranskina: Enpresaren hautapenaren ziurtagiria.
Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000,00 eurotik gorakoa (BEZa sartu gabe) bada, toki-entitateak frogatu beharko du efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela enpresa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
g) Egindako jarduketen egiaztagiriak eta haiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak.
Frogatu beharko dute bete dela diruz lagundutako jardueretan Nafarroako Gobernuak eta NABIk parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra, egiten den publizitatean eta zabalkundean Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz –Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera–, erabilitako edozein bitartekotan, bai eta horrekin lotuta egiten den dokumentazio guztian ere. Zainketen aldeko Tokiko Ituna programan sartutako ekintzetan, aurreko logotipoez gain, Zainketen aldeko Tokiko Itunak programaren logotipoa ere txertatu beharko da.
Era berean, NABIren ikur grafikoa ere jarri beharko da, "Subvenciona / Diruz laguntzen du" testuarekin. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoa eta Zainketen aldeko Itunak programaren logotipoa eskuragarri egonen dira, halaber, deialdiaren fitxan, zeinaren esteka oinarri hauen testuaren hondarrean baitago. Hori guztia eskatzen ahalko da dirulaguntza eman ondotik gauzatutako jarduerei dagokienez.
Salbuespenez, ez da nahitaezkoa izanen zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, baldin eta, izaera berezia dela eta, zaila bada logoa eta aipatutako testua jartzea. Hala ere, agertu beharko dute jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, mezu elektronikoak, banatzen diren prestakuntza-materialak eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.
h) XI. eranskina: Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena (II. modalitaterako soilik).
Azterketa, txosten, diagnostiko, prozedura, plan, protokolo eta antzekoak prestatzean oinarritutako jarduketak eta/edo prestakuntza-ekintzak egikaritzen dituzten enpresa eta pertsonek, II. modalitatean kontratatu badira, gutxienez 120 ordu ziurtatu beharko dituzte berdintasunean, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publikoak nahiz pribatuak) emandako saioetan. Hori frogatzeko, XI. eranskin honetan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta sinatu beharko du kontratatutako pertsonak edo entitateak.
14.3 Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen entitateari errekerimendua eginen dio haiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean.
14.4 3. lan-lerroari dagozkion jarduketen gastuen justifikazioan, kontuan hartu behar dira 4.1.3 oinarrian (I. modalitatea) eta 4.2.3 oinarrian (II. modalitatea) ezarritako ehuneko-mugak. Emandako zenbatekoaren % 50 gainditzen badu justifikatutako gastuak, murrizketa proportzional bat aplikatuko da, eta % 50 bitarte baino ez da onartuko.
14.5 Dirulaguntzaren murrizketa proportzionala.
Proiektuaren behin betiko kostu totala dirulaguntza kalkulatzeko erabilitakoa baino txikiagoa denean edo gastua ziurtatzeko dokumentuen eta ordainagirien bidez justifikatutako zenbatekoa justifikatu beharrekoa baino txikiagoa denean, dirulaguntzaren murrizketa proportzional bat aplikatuko da, honela:
Murrizketa proportzionala aplikatuko da, kontuan hartuta emandako zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoa, formula honen arabera:
Jaso beharreko azken zenbatekoa = | Justifikatu eta onartutako zenbatekoa x emandako zenbatekoa |
Justifikatu beharreko zenbatekoa |
Arau hori aplikatuko zaio, halaber, Zainketen aldeko Toki Ituneko jarduketetarako emandako zenbateko gehigarriari, hala dagokionean, eta berdintasuneko agentea kontratatzeko emandako zenbatekoari, dagokionean. VII. eranskinean adierazitakoaren arabera justifikatu beharko dira gastuak.
Murrizketa bidezkoa izanen da soilik proiektua aurreikuspenetatik oso gertu egin denean eta zalantzarik gabe konpromisoak betetzera bideratutako jokaera bat egiaztatzen denean, hasierako balorazio teknikoa mantenduta betiere.
15. oinarria. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren entitateek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien baturak ez badu gainditzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren % 100. Horretarako, idazkariaren ziurtagiri bat erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan jasotakoa.
Dirulaguntza honen eskaera ez da bateragarria aurrekontu-ekitaldi berean Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntza izendunekin.
16. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Toki-entitate onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak, oinarri hauetan ezarritakoak eta bereziki honako hauek:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua eta baldintzak betez.
b) NABIk egiten dituen egiaztapeneko eta kontrol teknikoko jarduketak ahalbidetzea eta erraztea.
c) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea NABIri. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondotik jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta.
d) Kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta izatea, entitate onuradunari aplikatu beharreko araudiak eskatutako baldintzetan, horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko eskumenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.
e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-lanen xede diren bitartean.
f) Publizitate instituzionalaren betebeharra betetzea, diruz lagundutako proiektuari lotutako informazio, komunikazio, publizitate eta zabalkunde orotan Nafarroako Gobernuaren partaidetza eta honako testu hau jasoz: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad / Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".
g) Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturiko betetzea. Foru lege horren bidez arautzen dira gardentasun-betebeharrak, dirulaguntzen onuradun diren toki-entitateenak barne.
17. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
17.1 Entitate onuradunak, oinarri hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko da, bai eta berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, deusetan galarazi gabe aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
–% 100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da ez bada proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere gauzatzen 4. oinarrian ezarritakoaren arabera.
–14. oinarrian ezarritakoak zehazten du zer egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.
17.2 Aurrekoa gorabehera, I. modalitatean, jasotako diru guztia itzuli beharko da baldin eta toki-entitateak, bere erabakiz eta legezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu badu eta ez bada beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, entitate onuradunek NABIri jakinarazi beharko diote dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzen aldaketa guztien berri.
17.3 Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraikiz arautuko da, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
18. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
19. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluak eta hurrengoak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua.
20. oinarria. Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondoko justifikazioa.
II. ERANSKINA.–BALORAZIO-IRIZPIDEAK
Balorazio-irizpideek ez dituzte ordezten 3. oinarrian xedatutako eskakizunak, eta ez dute haiek betetzetik salbuesten.
I. modalitatea.–Proiektuaren balorazio orokorra.
A) BERDINTASUN-TEKNIKARIAK | 20 puntu |
Toki-entitateko berdintasun-teknikariaren plaza plantilla organikoan sartuta dago, eta lan-kontratu finkoa duen langile batek edo funtzionario batek betetzen du. | 15 |
Toki-entitateak konpromisoa hartzen du proiektuaren exekuzioan berdintasunaren alorreko prestakuntza arautuko ikasleak praktikaldian hartzeko. | 5 |
B) ARAUDIA, PLANGINTZA ETA PROZEDURAK | 20 puntu |
Bere berdintasun-politika arautu eta garatzeko udal ordenantzak ditu toki-entitateak (dokumentuak edo argitalpen ofizialerako estekak erantsi behar dira): –Berdintasunaren inguruko ordenantza: 3 puntu. –Hizkuntza inklusiboaren edo komunikazio ez-sexistaren inguruko ordenantza: 2 puntu. | 5 |
Toki-entitateak badu indarkeriaren aurkako tokiko protokoloa, NABIren gidaliburuaren araberakoa. | 5 |
Toki-entitateak badu emakumeen kontrako indarkeriaren biktimentzako aholkularitza juridikoko zerbitzua. | 3 |
Toki-entitateak badu emakumeen kontrako indarkeriaren biktimentzako laguntza psikologikoko zerbitzua. | 3 |
Toki-entitatea Zainketen aldeko Tokiko Itunari atxikita dago. | 4 |
C) AURREKONTUA | 10 puntu |
Berdintasunaren arloko aurrekontua, toki-entitatearen aurrekontu orokorraren aldean: –Aurrekontu orokorraren % 1era iristen da: 2,5 puntu. –Aurrekontu orokorraren % 1etik gorakoa da: 5 puntu. | 5 |
Aurkeztutako proiektuak hau hartzen du toki-entitatearen berdintasun-arloko aurrekontu osoarekiko: –% 25 bitarte: 5 puntu. –% 26tik % 50era arte: 3 puntu. –% 51tik % 75era bitarte: 1 puntu. | 5 |
D) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA | 45 puntu |
Diruz laguntzeko moduko proiektu gisa aurkezten den programa koherentea da berdintasunaren alorreko lan-programa orokorrari dagokionez. | 8 |
Proiektua modu argi, egituratu eta sintetikoan idatzita dago. | 8 |
Proiektua Ibilbidearen araberakoa da. | 8 |
Proiektuan xehetasunez deskribatzen dira jarduketak: helburuei lotzen zaizkie, publiko hartzailea zehazten da, kronologia xehatzen da, giza baliabideak eta baliabide teknikoak zehazten dira, behar bezala zabaltzen dira, adierazleak eta mekanismo-ebaluazio batzuk sartzen dira... | 8 |
Proiektuak 15 ordutik gorako prestakuntza-ekintzak jasotzen ditu toki-entitateko politikari eta teknikarientzat. | 8 |
Proiektuan barne hartzen dira eragile sozialak, tokiko kolektiboak, emakumeen elkarteak eta tokiko edo udalerriko beste entitate batzuk, aurkeztutako jardueren garapenari dagokionez. | 5 |
E) PROIEKTUKO JARDUKETEN IRISGARRITASUNA | 5 puntu |
Irisgarritasun unibertsaleko kondizioak bermatzen dira proiektua osatzen duten jarduketetarako. |
II. modalitatea.–Proiektuaren balorazio orokorra.
A) BERDINTASUNEKO EGITURA EDO PROZEDURAK | 25 puntu |
Toki-entitateak badu berdintasun-arloko egituraren bat: berdintasun-batzordea, -kontseilua edo -zinegotzia. | 10 |
Toki-entitateak badu jai-eremuetako eraso sexisten aurkako tokiko protokoloa, NABIren gidaliburuaren arabera. | 5 |
Toki-entitateak badu emakumeen hilketetarako eta emakumeen aurkako indarkeria larrietarako tokiko jarduketa-protokoloa, NABIren gidaliburuaren arabera. | 5 |
Toki-entitatea Zainketen aldeko Tokiko Itunari atxikita dago. | 5 |
B) AURREKONTUA | 10 puntu |
Aurkeztutako proiektuak hau hartzen du toki-entitatearen berdintasun arloko aurrekontuarekiko: –% 50era bitarte: 5 puntu. –% 51tik % 75era bitarte: 2,5 puntu. | 5 |
Aurrekontua diruz lagundu daitekeen proiektuari egokitzea. | 5 |
C) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA | 60 puntu |
Proiektua modu argi, egituratu eta sintetikoan idatzita dago. | 12 |
Proiektua Ibilbidearen araberakoa da. | 12 |
Proiektuan xehetasunez deskribatzen dira jarduketak: helburuei lotzen zaizkie, publiko hartzailea zehazten da, kronologia xehatzen da, giza baliabideak eta baliabide teknikoak zehazten dira, behar bezala zabaltzen dira, adierazleak eta mekanismo-ebaluazio batzuk sartzen dira... | 12 |
Proiektuak 10 ordu baino gehiagoko prestakuntza-jarduketak jaso ditu toki-entitateko pertsonal politiko eta teknikoarentzat. | 12 |
Proiektuan barne hartzen dira eragile sozialak, tokiko kolektiboak, emakumeen elkarteak eta tokiko edo udalerriko beste entitate batzuk, aurkeztutako jardueren garapenari dagokionez. | 12 |
D) PROIEKTUKO JARDUKETEN IRISGARRITASUNA | 5 puntu |
Irisgarritasun unibertsaleko kondizioak bermatzen dira proiektua osatzen duten jarduketetarako. | 5 |
III. ERANSKINA.–ESKABIDE-EREDUA.
IV. ERANSKINA.–IDAZKARITZAREN ZIURTAGIRIA.
V. ERANSKINA.–IBILBIDERAKO ATXIKIMENDUAREN DOKUMENTUA.
VI. ERANSKINA.–PROIEKTUA BATERA LANTZEKO KONPROMISOA (mankomunitate eta udal-elkartzeak).
VII. ERANSKINA: JUSTIFIKAZIO-MEMORIA.
VIII. ERANSKINA.–IDAZKARITZAREN ZIURTAGIRIA (justifikazioa).
IX. ERANSKINA.–GASTUEN EREDUA.
XI. ERANSKINA.–ENPRESAREN HAUTAPENAREN ZIURTAGIRIA.
XI. ERANSKINA–GENEROAREN ARLOKO PRESTAKUNTZAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA.
Iragarkiaren kodea: F2604228
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
