74. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

170E/2026 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita haize-parke hauei buruzko proiektuen ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena, baita Lizarrerriko azpiestazio elektrikorainoko hustuketa-azpiegitura partekatuari buruzko proiektuarena ere: "África 1", "América 1", "Antártida 1", "Asia 1", "Europa 1", "Los Continentes 1", "Oceanía 1", "Zelandia 1", "Corredera 1" eta "Margarita 19". Bada, Savanna Power Solar 18, Savanna Power Solar 17, Savanna Power Solar 15, Savanna Power Solar 14, Savanna Power Solar 16, Savanna Power Solar 21, Savanna Power Solar 19, Savanna Power Solar 20, Enigma Green Power 38 eta Enigma Green Power 37 entitateek sustatu dituzte haize-parkeak, hurrenez hurren, Artaxoan, Mendigorrian, Ziraukin, Villatuertan eta Oteitzan.

Dituzten ezaugarriak direla-eta, proiektuak Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (21/2013 Legea, abenduaren 9koa) I. eranskineko 3. taldean –Industria energetikoa, j)– jasotzen dira, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaie.

1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

"África 1", "América 1", "Antártida 1", "Asia 1", "Europa 1", "Los Continentes 1", "Oceanía 1" eta "Zelandia 1" proiektuen sustatzaileek haize-parkeei buruzko proiektuak aurkeztu zituzten Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, 2024ko martxoan, Lizarrerriko azpiestazio elektrikorainoko hustuketa-azpiegitura partekatuari buruzko proiektuarekin eta proiektu guztietarako ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuarekin batera. Dokumentazio hori 2025eko martxoan eguneratu zen, Artaxoako Udalarekin eta tokiko komunitatearekin izandako elkarrizketen ondoren.

Bat etorrita 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin, organo substantiboak jendaurrean jarri zuen espedientea 30 egunez, iragarkia argitaratuta 2025eko apirilaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (83. zk.). Aldi berean, kontsultak egin zitzaizkien proiektuek ukitzen dituzten administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ezarritako epea igaro ondotik, bost alegazio eta bederatzi txosten jaso ziren, horietako bat epez kanpo.

Espedientea jendaurrean jarri eta kontsultak egiteko aldia agortutakoan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako alegazioak eta txostenak bidali zizkien sustatzaileei, eta, 2025eko abuztuaren 14an, sustatzaileek txosten eta alegazio horiei emandako erantzunak aurkeztu zituzten organo substantiboaren aurrean, proiektu eguneratuekin eta ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratu eguneratuarekin batera. Halaber, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eta lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena izapidetzen hastea eskatu zuten.

2025eko azaroan, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak proiektuak hobetzeko eskatu zien, beste prozedura batzuetan aurkako txostena jaso zuten kokapenetako habitatekin eta/edo afekzio eremuekin bat eginen ez zuten kokapen berriak baloratu behar zirelako. Horren ondorioz, proiektuak berrikusi zituzten.

Bestalde, "Corredera 1" eta "Margarita 19" proiektuen sustatzaileek haize-parkeei buruzko proiektuak aurkeztu zituzten Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan. Hasiera batean, Garesen zeuden kokatuta, baina, hango udalarekin hitz egin ondoren, txostenak xede dituen gainerako haize-parkeetarako aurreikusitako kokapenetatik hurbil ezarri dira. Hortaz, elkarrekin izapidetu dira guztiak.

Esandakoaren arabera, hamar haize-parkeen sustatzaileek dokumentazio berria aurkeztu zuten 2025eko abenduan. Dokumentazio hori jendaurrean jarri zen, iragarkia argitaratuta 2025eko abenduaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (258. zk.), eta, era berean, kontsultak egin zitzaizkien proiektuek ukitzen dituzten administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ezarritako epea igaro ondotik, hogeita bost alegazio eta hamar txosten jaso ziren, horietako bat epez kanpo.

Ebazpen honen espedientearen azterketa teknikoaren gorputzean adierazten da nola hartu diren kontuan espedientea jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko bi izapideetan jasotako txostenak eta ekarpenak, zeinek ingurumen arloko edukia baitute eta garrantzitsutzat jotzen diren inpaktuak aipatzen baitituzte.

Espedientea jendaurrean jarri eta kontsultak egiteko aldia agortutakoan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako alegazioak eta txostenak bidali zizkien sustatzaileei, eta haiek txosten eta alegazio horiei emandako erantzunak aurkeztu zizkioten Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, proiektu eguneratuekin eta ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratu eguneratuarekin batera. Halaber, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eta lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena izapidetzen hastea eskatu zuten.

2.–Proiektuen deskribapena.

Proposatutako haize-parke bakoitzak aerosorgailu bakarra du, 105 metroko abatz-garaiera eta 149,10 metroko errotore-diametroa dituen dorre baten gainean paraturik. Hamar aerosorgailuak elkarrengandik hurbil eta aztertutako ingurune berean daude; zehazki, koordenatu hauetan:

HAIZE-PARKEA

X

Y

África 1

600.631

4.718.140

América 1

600.076

4.717.841

Antártida 1

599.543

4.717.412

Asia 1

598.639

4.717.492

Europa 1

598.417

4.717.884

Oceanía 1

599.005

4.718.478

Zelandia 1

599.821

4.717.655

Los Continentes 1

598.641

4.718.449

Corredera 1

599.795

4.718.584

Margarita 19

599.367

4.718.501

Erreferentziako Koordenatu Sistema (CRS) ETRS 1989 / UTM Zone 30N

Gainera, neurketa anemometrikoko dorre autosostengagarri bat instalatzea aurreikusten da; 120,4 metroko garaiera izanen du, eta koordenatu hauetan ezarriko da: X: 599.100 eta Y: 4.718.119. Dorrea behe-tentsioan elikatuko da "Oceanía 1" aerosorgailutik, zanga baten bidez, sarbidearekiko paraleloan.

Sortutako elektrizitatea aerosorgailuetatik ebakitze-zentroraino eramateko, 30 kV-ko zirkuitu elektrikoak jarriko dira, lurpean, gehien-gehienak sarbideekin paralelo. Ebakitze-zentroak 104,83 m²-ko azalera izanen du gutxi gorabehera, Artaxoako 1. poligonoko 2123 partzelan, "Margarita 1" aerosorgailuaren ondoan. Hortik, 30 kV-ko linea bat abiatuko da Artaxoako 66/30kV azpiestazio jasotzaileraino, airetik eta lurpetik. Hala, lurpeko bi tarte eginen dira (300 metrokoa bata, eta 600 metrokoa bestea), eta, bien artean, 1,05 km-ko tarte bat airetik joanen da.

Artaxoako 66/30kV azpiestazio jasotzailea koordenatu hauetan egonen da: X: 598.157, Y: 4.718.935, eta, gutxi gorabehera, 1.248 m²-ko azalera izanen du. Hortik, 66 kV-ko linea elektriko bat abiatuko da Lizarrerriko 66/220kV azpiestazio elektrikoraino, airetik eta lurpetik. Hala, aireko tartea 8,465 km-koa izanen da, eta lurpekoa 6,309 km-koa. Lurpeko linea elektrikoen trazaduraren zatirik handiena gaur egungo bideekin paralelo igaroko da.

Aerosorgailuetara iristeko, 12+125 kilometro-puntura joan behar da, NA-6020 errepidetik NA-9604 errepiderako saihesbidera, eta sarbidearen zatirik handiena dagoeneko badauden bideetatik igarotzen da. Bide berriek honako ezaugarri hauek izanen dituzte, eta lehendik daudenak ere ezaugarri berberak izateko egokituko dira: 6 m-ko errodatze-zabalera, gutxienez 60 m-ko biraketa-erradioa, trinkotutako materialarekin (% 95 PM) egindako gutxienez 0,20 m-ko lodierako oinarri-azpia eta trinkotutatuko ibaiko zabor-legarrez (% 95 PM) egindako 0,10 m-ko oinarria. Proiektuan ez dira malda maximoak edo hormigoizko tarteak definitzen.

Materialak pilatzeko eremu bat egonen da Artaxoako 1. poligonoko 2.191 laborantzako partzelan, eta, lanak bukatutakoan, leheneratu eginen da.

3.–Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren inpaktu nagusien tratamendua.

–Alternatiben azterketa:

Haize-parkeak kokatzeko eta hustuketa-linea trazatzeko alternatibak aztertu dira, irizpide teknikoak, ekonomikoak eta ingurumenekoak kontuan harturik.

Aurkeztu den ingurumen dokumentuan alternatiben analisia dago; bertan, lau aukera aztertzen dira, "0 alternatiba" deitutakoaz gainera. Sustatzaileak alternatiba hori ezetsi du, energia berriztagarrien sustapenari kalte eginen liokeelako; izan ere, berotegi efektuko gasen sorkuntza eta energia mendekotasuna areagotuko lirateke.

Gainerako lau alternatibetatik, zortzi aerosorgailu barnebiltzen zituen proiektuaren hasierako proposamena da bat, eta beste hirurek hamarna aerosorgailu barnebiltzen dituzte; horietako bik "eolikoak hartzeko ingurumen mugak dauzkaten zonetan", eta hirugarrenak "ingurumen mugarik ez duten edo muga urriak dauzkaten zonetan", bat etorrita Nafarroako Plan Energetikoarekin (2030) eta IDENAn eskuragarri dagoen kartografiarekin.

Hustuketa-linearako, alternatiba bat aztertu da parkeak kokatzeko proposamen bakoitzeko. Linea osoa lurperatzeko aukera azterturik, ekonomikoki bideraezina dela balioetsi da; hortaz, proposatutako alternatibak zati batean lurperatzeko aukera aztertu da.

Parkea non kokatu erabakitzeko, sustatzaileak irizpide anitzeko azterketa bat egin du, ingurumeneko hainbat alderdi kontuan hartuta. Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuaren arabera, hautatutako alternatiba ingurumen mugarik ez duten edo muga urriak dauzkaten zonetan kokatzen da, eta alternatiba horrexek dauzka malda gutxien eta lur mugimenduen bolumenik txikiena. Gainera, nekazaritzako laborantza lursailei eragiten die gehienbat, eta, beraz, gainerako alternatibek baino eraldaketa maila handiagoa dauka; bestetik, Batasunaren intereseko habitatei gutxien eragiten dien alternatiba da, eta gutxien ikusten dena.

–Atmosfera: Airearen kalitatea eta zaratak:

Ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuaren arabera, eraikuntza fasean, obra zibila egitearen ondorioz atmosferara igortzen diren hauts partikulen emisioak dira nabarmentzekoak. Une jakin batzuetan afekzioa pilatu eta esanguratsua izan badaiteke ere, aintzat harturik lur mugimenduak urriak izanen direla eta ondorioak lanak buruturikoan eten eginen direla, sustatzaileek bateragarritzat jo dute landare estaldura kentzeko ekintzen ondorioz eta lur mugimenduen ondorioz atmosferaren kalitateari eraginen zaion inpaktua. Eraispen fasean ere, inpaktua antzekoa izanen da.

Funtzionamendu fasean, ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuan kontuan hartu da kutsadura akustikoaren afekzioa, aerosorgailuen funtzionamenduak eremuko zarata mailak areagotzea ekarriko baitu ustiapen fasean. Zarata horien balioak, halere, haizearen abiaduraren eta aerosorgailu modeloaren araberakoak izanen dira. Proiektatutako hainbat aerosorgailu abeltzaintzako ustiategi batzuetatik hurbil daudenez, aerosorgailuek ustiategi horietan eraginen duten zarata maila aztertu dute sustatzaileek, eta egiaztatu indarreko legedian baimendutako mailatik beherakoa dela; horrenbestez, inpaktua bateragarritzat jo dute. Horri buruz, Artaxoako Udalak ohartarazi du aerosorgailu batzuk abeltzaintzako zenbait ustiategitatik hurbil daudela eta horrek kalte egiten ahalko diola ukuiluratutako ganaduari. Hala, sustatzaileak adierazitakoaren justifikazioa eskatu du udal horrek, ganaduari kalte eginen ez zaiola esan baitu.

Beste alegatzaile batzuek adierazi dutenez, aerosorgailuren bat Artaxoako hirigunetik distantzia txikira egonen da, eta horrek inpaktu handiak eraginen dizkie bertakoei: alegatzaile horien ustez, herritarren bizi-kalitatea narriatu eginen da, zarataren, itzal estroboskopikoen eta gaueko argi kutsaduraren erruz.

–Geologia, geomorfologia eta edafologia:

Faktore hauen gaineko inpakturik handiena eraikuntza fasean sortuko da, eta, ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuaren arabera, inpakturik handienak lurzoruaren aldaketa morfologikoak eta higadura arriskuaren gehikuntza izanen dira, lur mugimenduen ondorioz eta landare estaldura ezabatzearen ondorioz. Hala ere, neurrizko inpaktutzat jo dira. Era berean, lurzorua trinkotu eginen da, eta lurzoruaren kalitatea aldatu, baina inpaktuok bateragarritzat jo dira.

Ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuaren arabera, haize-parkeak erliebe ingurune leun edo ez hain leunean kokatuko dira: eremu lauak eta malda handiagoko toki marlkartsuagoak txandakatzen dira. Zehazki, "África 1", "América 1", "Antártida 1", "Oceanía 1", "Zelandia 1", "Corredera 1" eta "Margarita 19" aerosorgailuak "zertxobait inklinatu" gisa sailkatutako lurretan jarriko dira (0,6-5,7.º); "Asia 1", "Europa 1" eta "Los Continentes 1" aerosorgailuak, berriz, "inklinatu" gisa sailkatutako maldak dauzkaten zonetan egonen dira (5,7-8,5.º).

Ezarpen eremuaren morfologia dela eta, kontuan harturik lur mugimenduen bolumena txikia izanen dela, dauden bideak birgaitzea planteatu dela gehiago bide berriak egitea baino, lurpeko hustuketa-azpiegituraren zati handiena dagoeneko badiren bideen ertzetik edo barrualdetik igaroko dela eta lanak bukatutakoan leheneratze plan bat gauzatuko dela, ingurumen organo honek balioetsi du proiektua bateragarria dela faktoreokin.

–Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:

Azterketa eremua Arga ibaiaren bi ertzetan hedatzen da: mendebalderantz, lehorreko laborantzak gailentzen dira, non larreak, sastrakak eta zuhaitz-masak baitaude malda arin eta ertaineko tokietan; ekialderantz, aldiz, lursailaren uhindura leunagoa da, eta belar laborantza ureztatuak gailentzen dira. Iparraldean, Ibarbero gainetarantz, konifero birpopulatzeak daude.

Aerosorgailu guztiak belar laborantzako partzeletan jarriko dira; guztiak, "Zelandia 1" haize-parkea izan ezik, larre batean egonen baita. Bestetik, hustuketa-linea belar laborantza ureztatuen gainetik igaroko da, zeharkatuz Arga ibaia, zuhaitzik gabeko baso-orbanen bat eta artez, erkametzez eta ipuruz osaturiko baso-masa bat; azken kasu horretan, halere, euskarriak alor landuetan kokatuko dira. Lizarrerriko azpiestazio elektrikora iritsi aurretik lurperatutako azkenengo tartearen zatirik handiena lehorreko belar laborantzetatik igaroko da.

Informazio bibliografikoaren arabera, ez dago intereseko flora espezierik, ezta Estatuan edo autonomia-erkidegoan babestutako flora espezierik ere.

Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, bat etorrita eskuragarri dagoen kartografiarekin, azterketa eremuan Batasunaren intereseko 5210, 6220, 6420, 9240 eta 9340 habitatak ageri dira; dena dela, landa-lanean zehaztu zenez, proiektuaren eraginpeko eremuan duten azalera ez da handia. Aurreko paragrafoan esandakoaren arabera, hustuketa-azpiegiturak artez, erkametzez eta ipuruz osaturiko baso-masa bat zeharkatuko du Arga ibaiaren mendebaldean, zeina Batasunaren intereseko habitata baita. Zuhaitzak dituen baso-masa horretan, euskarriak alor landuetan egonen diren arren, baliteke gutxi gorabehera 108 metro izanen dituen segurtasun kale bat ireki behar izatea airean eta, halaber, hustuketa-azpiegitura lurpean izanen duen beste kale bat egitea, 200 metrokoa, jada badagoen bide baten trazadurari jarraikiz.

Ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuan detektatutako inpaktu handiena eraikuntza fasean gertatuko da, landare estaldura asaldatuko baita eta Batasunaren intereseko habitatei eraginen baitzaie. Azterketan, zenbatuta ageri dira proiektuek aldi baterako nahiz behin betiko ukituko dituzten landaredi naturaleko azalerak eta Batasunaren intereseko habitaten azalerak; alabaina, kontuan harturik dagoeneko sarbide ugari daudela (eraiki behar diren bide berrien eraginpeko azalera murriztuko dute), aerosorgailuak laborantzako partzeletan jarriko direla eta hustuketa-azpiegituraren trazaduraren zatirik handiena dagoeneko badiren bideen ertzetatik igaroko dela, faktore honen gaineko afekzioa asko gutxituko da. Sustatzaileek neurrizkotzat jotzen dituzte landarediaren gaineko inpakturik handienak.

–Fauna eta naturagune babestuak:

Ingurumen-dokumentuan proiektuaren eraginpeko eremuko espezieen inbentario bibliografikoa bildu da, lehorreko espezieen Espainiako inbentarioaren arabera eta 10 km-ko aldea duen UTM koordenatu-sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Iturri horien arabera, proiektua kokatzen den laukietan lehorreko 210 ornodun espezie daude (10 anfibio, 11 narrasti, 40 ugaztun eta 149 hegazti). Espezieen kopurua altua bada ere, haietako askok, nahiz eta eragindako laukietan egon, ez daukate harremanik zuzenean inplikatutako eremuekin.

2024ko otsailetik 2025eko otsailera, abifaunaren urteko zikloa aztertu zen hasiera batean "África 1", "América 1", "Antártida 1", "Asia 1", "Europa 1", "Los Continentes 1", "Oceanía 1" eta "Zelandia 1" haize-parkeetarako egindako proposamenaren ingurunean, behaketa-estazioetatik laginketak eginez, oinez ibiliz eta ibilgailuan ibilbideak eginez (tarteka geratuta). Horretaz gainera, mirotz urdinaren eta mirotz zuriaren errolda espezifikoak egin ziren. Hasiera batean aerosorgailuetarako proposatutako kokalekuak hondarreko kokalekuetatik hurbil daudenez (batzuek, gainera, bat egiten dute), abifaunaren urteko zikloaren azterketa eremua aintzat harturik, sustatzaileek uste dute ezen azterketa haren emaitzak baliagarriak direla oraingo proiektuak abifaunari eraginen dizkion afekzioak aztertzeko.

Ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuaren arabera, hauek dira eraikuntza fasean abifaunari eraginen zaizkion afekzio nagusiak, biak ala biak neurrizkotzat joak: habitaten galera edo afekzioa eta langileek nahiz makinek eragindako eragozpenak. Ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuaren arabera, ustiapen fasean sortuko da inpakturik handiena; batez ere, hegaztiei erasanen zaie. Sustatzaileen ustean, konektagarritasunaren galera eta aerosorgailuekin talka egiteko arriskua dira fase horretan sortuko diren afekzio nagusiak, eta, hurrenez hurren, bateragarritzat eta neurrizkotzat jo dituzte. Eremu babestuei buruz, sustatzaileek uste dute inpaktua ustiapen fasean bakarrik izanen dela esanguratsua, eta bateragarritzat jo dute.

Landarediari buruzko apartatuan esan bezala, azterketa eremua Argaren bi ibaiertzetan hedatzen da. Mendebalderantz, lehorreko laborantzak gailentzen dira, non larreak, sastrakak eta zuhaitz-masak baitaude malda arin eta ertaineko tokietan. Ekialderantz, aerosorgailuen ezarpen eremuan, belar laborantza ureztatuak gailentzen dira. Alor horiek oso ustiatuta daude, eta oso habitat sinplifikatuak dauzkate; beraz, eremu horretan espezieen ugaritasuna, aberastasuna eta aniztasuna nahiko murritzak direnez, proiektuek ez diote aldaketa handirik ekarriko inguruneari. Iparraldean, Ibarbero gainetarantz, konifero birpopulatzeak daude.

Abifaunaren urteko zikloaren azterketan, 122 espezie hauteman ziren, eta, tamaina ertain eta handiko hegaztien artean, sai arrea, eper gorria eta kurriloa nabarmendu ziren. Hustuketa-linea jarriko den tokian, 61 espezie detektatu ziren, eta kurriloa eta sai arrea nabarmendu ziren. Halaber, beste hegazti harrapari batzuk behatu ziren eremuan, hala nola miru gorria, mirotz urdin eta zuria eta zingira-mirotza, zapelatz arrunta, arrano sugezalea, miru beltza, belatz gorria eta abar.

Sai arrea da, zalantzarik gabe, gehien ikusi den espeziea: aerosorgailuen ezarpen eremuan, 245 ale behatu dira (horien % 72 talka arriskuko altueran), eta, hustuketa-linearen ezarpen eremuan, 44 (talka arriskuko altueratik gora guztiak). Ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuaren arabera, ez dago habiak jartzeko eremurik inguruan, eta, nahiz eta bizi eremua izan, gehien erabiltzen den zonaldea ezarpen eremuaren iparraldeko pinudietan dago, zeina proiektuen eragin eremutik kanpo baitago.

Estatuan galzoriko espezie gisa katalogatuta dagoenez, batez ere neguan begiztatutako 40 miru gorriak nabarmentzen dira. Sustatzaileen esanetan, 2024an erregistratutako habia bakarra azterketa eremutik 2 km-ra baino gehiagora dago; alabaina, kontuan harturik espeziearen katalogazio maila galzorikoa dela, begiztatzeen % 47,5 talka arriskuko altueran egin direla eta hurbil dauden beste haize-parke batzuetan espezie horretarako hilkortasun datuak altuak direla, sustatzaileek neurrizkotzat jo dute haize-parkeek abifaunari eraginen dioten inpaktua, eta espezie horren heriotza arriskua murriztuko duten neurriak ezartzea komeni da.

Mirotz urdina, bestalde, kaltebera gisa dago katalogatuta Estatuan eta autonomia-erkidegoan. Bada, nahiz eta jakin aerosorgailuen ezarpen eremutik hurbil habiak jartzeko zonaldeak daudela, abifaunaren urteko zikloaren azterketan lau begiztatze baino ez dira egin; beraz, ez du ematen espezierako toki bereziki garrantzitsua denik. Hori dela eta, aintzat harturik, baita ere, gehienetan talka arriskuko altueratik behera egiten dutela hegan (% 75) eta hurbileko beste haize-parke batzuetan gorabehera bakarra erregistratu dela espezie horretarako, sustatzaileen ustez mirotz urdina ez da oso kaltebera azpiegitura eolikoekiko.

Antzeko zerbait gertatzen da mirotz zuriarekin: Nafarroan, kaltebera gisa katalogatuta dago, baina abifaunaren urteko zikloan bi begiztatze baino ez dira egin, talka arriskuko altueratik oso behera biak.

Azkenik, kurriloaren begiztatze ugariak nabarmendu behar dira; halere, kontuan hartu behar da guztiak egun berean egin zirela, gehienak talka arriskuko altueratik gora (% 73,2) eta Arga ibaiaren inguruan, aerosorgailuen kokapenetik ekialdera. Nolanahi ere, espeziearen heriotza arriskua murriztuko duten neurriak hartu behar dira.

Bestalde, hustuketa-azpiegituraren sekzio bat lurperatu egin behar dela balioesten dugu, X:592.518, Y:4.719.085 eta X:594.024., Y:4.718.134 koordenatuen artekoa, inguruan mirotz urdinaz gainera hainbat habitat eta espezie daudelako eta, halaber, linea-tarte hori gailur eremu batean dagoelako eta, beraz, abifaunari kalte egiteko arriskua handiagoa delako.

Bestetik, 2024ko apiriletik urrira bitartean, kiropteroen jarduera aztertu zen hasiera batean "África 1", "América 1", "Antártida 1", "Asia 1", "Europa 1", "Los Continentes 1", "Oceanía 1" eta "Zelandia 1" aerosorgailuetarako aurreikusitako eremuan, eta, lehen azaldu moduan, sustatzaileek uste dute azterketa hori baliozkoa dela oraingo proiektuaren afekzioen analisirako. Lortutako emaitzen arabera, askoz ere jarduera handiagoa detektatu da gailurretan (Ibarbero gainetan), alor landu ureztatuetan baino, eta proiektuak, hain zuzen ere, azken horietan kokatuta daude. Alor landu ureztatuak, gainera, urrun daude baso-masa zabaletatik, urmaeletatik, aintziretatik eta kiropteroentzat erakargarriak diren bestelako inguruneetatik.

Azterketaren arabera, Pipistrellus pipistrellus, Pipistrellus kuhlii, Tadarida teniotis eta Hypsugo savii espezieen hilkortasuna txikia izanen da; dena dela, ohartarazten da beste espezie batzuen jarduera baxuagoa izan arren, haien ohiturak eta aerosorgailuen bizitza luzea kontuan hartuta, balitekeela saguzar batzuk (N. leisteri, N. Noctula eta N. lasipterus) hiltzea, nahiz eta hilkortasuna murritza izan. Azken bi espezie horiek mehatxatuta daude, migratzaileak dira, eta populazio eskas samarrak dauzkate; hortaz, prebentzio neurri modura, sustatzaileek adierazi dute aukera dagoela aerosorgailuak martxan jartzeko abiadura 6 m/s-ra handitzeko, eguzkia sartzen denetik eguna argitu arte, kiropteroen jarduera handiko aldietan.

Alegatzaile askok idazkietan adierazi dute katalogatutako edo babes bereziko abifauna espezieak eta kiropteroak daudela eremuan, zeinek, gainera, funtsezko eginkizun ekologikoak betetzen baitituzte ekosistemen osasunerako. Hortaz, espezie horiek gutxitzeak berekin ekartzen ahal du aurretik jakin ezin diren desoreka ekologikoak sortzea. Halaber, adierazi dute espezie migratzaileak eremutik igarotzen direla, biodibertsitate asko galduko dela eta proiektuek faunari inpaktu handia eraginen diotela. Bestetik, uste dute ez dela haize-parke berririk eraiki behar, baldin eta hustuketa-linea elektriko berriak egitera behartzen badute; hala, erabateko gaitzespena agertu diote izapidetzen ari den hustuketa-azpiegiturari.

Eremu babestuei dagokienez, aerosorgailuen ezarpen eremua ez dago sartuta inolako KBEtan, ezta Nafarroako naturagune babestuetan edota fauna espezieak babesteko eremuetan ere; are, aerosorgailuen inguruko 10 kilometroetan ez da babespeko eremurik ageri. Halaber, ezin da balioetsi aerosorgailuek afekziorik eragiten ahal dietenik eremu horietatik datozen edo eremuotara lotuta dauden espezieei. Hustuketa-linearen trazadura Nafarroako estepako abifaunaren kontserbazio eremu kritikotik hurbil igarotzen da ("AC-01: Aberin-Larraga-Morentin-Oteitza-Villatuerta"), baina lurperatzea planteatu da; aireko tartea hortik 2,8 km-ra baino gehiagora geratuko da. Dena dela, alegatzaile batzuek adierazi dute proiektuek arriskuan jarriko dutela Natura 2000 Sareko eremuekin eta Nafarroako naturagune babestuekin lotutako fauna espezie ugariren konektagarritasuna eta horrek indarreko legedia urratzen duela.

Espedientea aztertu ondotik, ingurumen organo honek ikusi du aerosorgailuen ezarpen eremua hainbat espezieren bizi eremua dela eta, gainera, espezie horietako batzuk interesekoak edo katalogatuak direla; alabaina, espezie horiek eremuan egiten duten erabilera murritza da oro har, eta, beraz, proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatuta, ebazpen honen baldintzetan ezarritakoez gainera, proiektuen instalazioa bateragarria izaten ahal da faunarekin eta eremu babestuekin.

–Paisaia:

Ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuaren arabera, azterketa eremuak erliebe uhindua dauka, lehorreko nahiz ureztatutako alor landuz estalia, eta, eremuaren arabera, sastraka eta zuhaizti gehiago edo gutxiago tartekatzen dira. Elementu antropikoen artean, Mendigorria eta Artaxoa nabarmentzen dira; azken horretan, Erdi Aroko multzo bat dago, El Cerco, paisaia arloko mugarri oso garrantzitsua. Paisaia-inpaktu negatiboa eragiten duten elementu antropikoen artean, aerosorgailuak, abeltegiak, Nafarroako ubidea eta lurzati berrantolamenduaren ondoriozko ingurune sinplifikazioa nabarmentzen dira.

Dokumentuan adierazten denez, obra fasean eragindako afekzioak lur mugimenduetan eta landare ezabaketan izanen du jatorria, baina inpaktua neurrizkoa izanen da. Dokumentuaren arabera, instalazioen presentziak zertxobait aldaraziko du pertzepziozko ingurunea ustiapen fasean, instalazioek harreman zuzena izanen baitute paisaiaren osagaiekin eta, horrenbestez, eragindako arro bisualetara sartuko baitira; inpaktua neurrizkotzat jo da.

Alegazioak jarri dituzten toki entitateek, elkarteek eta norbanakoek proiektuen ezarpenak paisaia balioei eraginen dizkien afekzioak aipatu dituzte; haien ustez, afekziook bateraezinak izanen dira paisaiaren kontserbazioarekin, narriadura onartezin horrek kalte handia eraginen baitio ingurune osoari, Artaxoako udalerrian bereziki, zeinetan zuzenketa edo konpentsazio neurriek ez duten afekzio hori murrizten ahalko. Gainera, batzuek paisaia azterketaren zorroztasunik eza salatu dute, haien ustez inpaktuaren balioak 0,49 eta 0,52 artean egon beharko bailuke gutxienez eta inpaktua larritzat jo behar baita 0,5etik gorakoa denean. Beste alegatzaile batzuek adierazi dute kezkatuta daudela, paisaiaren gaineko inpaktuak kalte egiten ahalko dielako eremu osoko turismo jarduerei.

Artaxoako Udalak salatu duenez, instalazioak oso hurbil egonen dira Artaxoako herrigunetik, eta azpimarratu du ezarpen eremuan babestu beharreko paisaia naturala dagoela, bistak babeste aldera, hala mendebaldetik Artaxoako Cercorantz, nola Cercotik mendebalderantz, baita errepide batzuetatik ere, eta adierazi du aerosorgailuak jartzeak afekzio bisual larria eraginen diola paisaiari. Halaber, uste du ezen proiektuak egikaritzeak inpaktu larria eraginen diola Artaxoako eraikinen ondare balioari.

Ingurumen Ebaluazioaren Atalak txostena eskatu dio Lurralde eta Paisaia Atalari; halere, ebazpen hau idatzi den egunean artean ez da erantzunik jaso, eta, beraz, Lurralde eta Paisaia Atalak lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenean gaiari buruz idazten dituen oharren mende geratzen da ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau.

–Sinergiak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuan, sinergien azterketa jasotzen da, non kontuan hartzen baitira haize-parkeak, eguzki-parkeak, errepideak, bideak eta ingurunean dauden edo izapidetzen ari diren beste azpiegitura batzuk. Askotariko faktoreetan izanen diren ondorio sinergiko eta metagarriak aztertu ondoren, azterketan ondorioztatu da afekziorik handiena faunari eta paisaiari eraginen zaiela; bi kasuetan, inpaktua neurrizkotzat jo da.

Hala ere, alegatzaile batzuek adierazi dute eremuan haize-parkeak metatu egin direla eta, horren eraginez, eremu osoa beteta dagoela, are gehiago kontuan hartuz gero ingurunean proiektu eta instalazio gehiago daudela. Halaber, adierazi dute ingurumen-inpaktuaren azterketak ez dituela behar bezala ebaluatzen hurbileko beste proiektu batzuekiko afekzio sinergikoak, ez eta instalazioek lurraldean, biodibertsitatean, Batasunaren intereseko habitatetan eta kultura eta natura ondarean duten eragin metatua ere.

4.–Proposamena.

Behin espedientearen azterketa teknikoa eginda, Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura ongi bete dela eta, era berean, proiektuak bideragarriak direla ingurumenaren aldetik. Horregatik, azaldutakoarekin bat eginez, eta legeek emandako eskudantziak erabiliz (martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzkoa, 32. artikulua; abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariarena, eta azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena), honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Haize-parke hauei buruzko proiektuen ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena formulatzen da, baita Lizarrerriko azpiestazio elektrikorainoko hustuketa-azpiegitura partekatuari buruzko proiektuarena ere: "África 1", "América 1", "Antártida 1", "Asia 1", "Europa 1", "Los Continentes 1", "Oceanía 1", "Zelandia 1", "Corredera 1" eta "Margarita 19". Bada, Savanna Power Solar 18, Savanna Power Solar 17, Savanna Power Solar 15, Savanna Power Solar 14, Savanna Power Solar 16, Savanna Power Solar 21, Savanna Power Solar 19, Savanna Power Solar 20, Enigma Green Power 38 eta Enigma Green Power 37 entitateek sustatu dituzte haize-parkeak, hurrenez hurren, Artaxoan, Mendigorrian, Ziraukin, Villatuertan eta Oteitzan.

2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

i) Proiektuaren baldintza orokorrak:

1. Sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan, haren eranskinetan eta espedienteko gainerako dokumentazioan jasotako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurri guztiak bete beharko ditu, baldin eta ebazpen honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira, baita ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan zehaztutako baldintza eta neurri gehigarriak ere.

2. Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sartuko dira sustatzaileak eraikuntza baimena eskatze aldera organo substantiboari aurkeztu behar dion exekuzio proiektuan, Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikulua betetzeko. Dokumentazio horrek ingurumen organoaren oniritzia izan beharko du, 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren arabera. Era berean, lanak bukatzean, funtzionatzen hasteko baimena eskatu aurretik, ingurumen organoari egiaztatu beharko zaio ebazpen honetan ustiapen faserako zehaztu diren edota sustatzaileak proposatu dituen neurri aringarriak eta ingurumen jarraipeneko neurriak programatu edo abiarazi direla.

3. Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalak paisaiaren gaineko afekzioei buruz emandako aldeko txostena jaso beharko da, eta lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenari eransten ahalko zaio.

4. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena jaso beharko da.

Nolanahi ere, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan).

5. Proiektua bertan behera uzteko eta desegiteko faserako, sustatzaileak proiektu espezifiko bat aurkeztu beharko du, bat etorrita maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 19. artikuluarekin (foru-dekretu horretan, Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen da), eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena ere beharko du.

6. Lanak hasi baino 72 ordu lehenago gutxienez, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari abisatu beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

ii) Inpaktu esanguratsuenak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriei buruzko baldintzak:

7. Ebakitze-zentroa eta Artaxoako 66/30kV azpiestazio jasotzailea toki berean elkartzeko aukera aztertu beharko da, aireko linea elektrikoa luzatzea eragin gabe.

8. Ingurunean, mirotz urdinaz gainera, hainbat habitat eta espezie daudenez eta, era berean, linea-tarte hori gailur eremu batean dagoenez, non abifaunari kalte egiteko arriskua handiagoa baita, X:592.518, Y:4.719.085 eta X:594.024, Y:4.718.134 koordenatuen arteko hustuketa-linearen tartea lurperatu egin beharko da.

9. Estepako abifaunaren aldeko neurri osagarri gisa, gutxienez 50 hektareako azalera bat kudeatuko da haize-parkeen bizitza baliagarri osoan; ahal dela, hurbilen dauden eremu kritikoen barruan.

Azalera hori zerealen lehorreko laborantzako partzeletan banatuko da, habitat ezin egokiagoa baita estepako hegaztientzat. Lursail horiek aukeratzeko, aholkua eskatzen ahalko zaio Nafarroako Gobernuaren Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hari aurkeztu beharko zaio aukeratutako lursailen zerrenda, onets dezan. Egiaztatu egin beharko da partzela horiek erabiltzeko eskubidea badela edo jabeekin edota nekazariekin horretarako akordioa egin dela. Lanei ekin aurretik, lursail horien kudeaketa zehaztu beharko da; aukerak izan daitezke, besteak beste, lugorri uztea eta bizpahiru urtetik behin landarediaren garapena kontrolatzea, azaro-otsail artean azaleko lur-lantze bat eginez, beharrezkoa izanez gero, edo laborantzak eta lugorriak kudeatzeko beste eredu batzuei heltzea, betiere fitosanitarioen erabilera baztertuz eta lur-lantzeak ugalketa garaitik kanpo eginez (ugalketa garaia martxotik abuztura artekoa da, biak barne). Ez dira erabiltzen ahalko energia berriztagarrietarako beste proiektu batzuengatik konpentsazio neurri gisa nekazaritza eta ingurumen arloko neurriak ezarrita dauzkaten partzelak.

10. Proiektuaren diseinua eta exekuzioa lurzorua eta lurzoruaren morfologia ahalik eta gutxien ukituz egin beharko dira. Horretarako, exekuzio proiektuan, malda eta lur mugimendu txikieneko eremuetan diseinatu beharko dira aerosorgailuen, muntaketa plataformen eta bideen maniobra eremuen kokapenak. Halaber, aldi baterako bideak edo plataformak egiteko behar diren lur erauzketak eta betelanak lehengo egoera topografikora eramanen dira, eta landareztatu.

11. Lanak hasi aitzin, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturalean ahalik eta afekziorik txikiena eraginen da, lan eremua ahalik eta txikiena izanen da, eta ukitu ezin diren eremuak balizatu eginen dira. Landaredi naturaleko eremuetan ez da inolako material bilketarik edo isuririk eginen, eta makinak ez dira eremu horietan kokatuko. Partzelen arteko banaketa mugak eta bertan dagoen landaredia zaintzeaz gainera, egon daitezkeen harri metak errespetatuko dira, faunarako intereseko lekuak izaten ahal direlako. Neurri hau aplikagarria izanen da linea elektrikoaren trazadurak eta zangek ukitutako azaleretan.

12. Zehazki, "Zelandia 1" aerosorgailua lekualdatu egin beharko da, adibidez, planteatu den tokiaren ondoko bidearen beste aldera, halako moldez non larreari afekzioa eragitea saihestu eta lur mugimenduen bolumena murriztuko baita.

13. Lur naturala edo alor landuak dituzten jarduketa eremuetan, landare lurreko geruza aurretiaz kendu beharko da, gutxienez 30 cm-ko sakoneraraino. Material hori berariaz hautatutako tokietan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, lanak bukatutakoan leheneratze lanetan erabiltzeko.

14. Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran bertan erabilita. Hondeaketak eta zangen exekuzioa bukatzean sobera dauden lurrak nekazaritzako partzeletan zabaltzen ahalko dira, baina ez landaredi naturala duten eremuetan, ezta hurbileko lur etzeetan ere. Lur soberakinik egotekotan, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko eremu narriatuak leheneratzea. Leheneratze lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera eramanen dira. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten lan guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.

15. Areken eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan, drainatze sare naturalaren jarraitutasuna egiaztatuko da, eta saihestuko da higadura gune berriak sortzea eta urak solidoak drainatze sare naturalera eramatea.

16. Lanak egin bitartean detektatzen bada Nafarroako landare eta animalia mehatxatuen katalogoetan edo Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan jasotako espezieren bat dagoela, lanek kaltetzen ahal dutena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

17. Kiropteroen heriotza tasa murrizteko prebentzio neurri gisa, haizearen abiadura atalasea 6 m/s-ra igoko da aerosorgailua abiarazten hasteko, eguzkia sartzen denetik egunsentira arte, uztailetik urrira, biak barne, tenperatura edozein dela ere. Neurri hori berrikusten ahalko da saguzarren altuerako jarduera aztertzen bada, egiten dituzten hegaldiak noiz eta zer egoeratan egiten dituzten zehatz-mehatz zehazteko (egunak, baldintza atmosferikoak…); horretarako, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko da.

18. Aerosorgailu guztiek talken aurkako detekzio eta etete gailu bat izanen dute. Eraginkorrenak 3Dko zaintza sistemak dira, hau da, ikusmen estereoskopikoa lortzen duten bereizmen handiko kamerak edo radar bidezko detekzio gailuak. Gailu horiek hegaztien joan-etorrien bektoreak aztertzen dituzte, ibilbideak aurreikusten dituzte, eta, talka egiteko aukera dagoela uste badute, banakako etete seinaleak bidaltzen dituzte behar besteko denborarekin, talka egitea saihesteko edo talka egiteko probabilitatea murrizteko.

19. Hegazti sarraskijaleak erakartzea eta elkartzea saiheste aldera, sustatzaileak jarraipen zorrotza eginen die proiektuaren ingurune barruan utzitako etxeko animalien gorpuei, arreta berezia jarrita aerosorgailuetatik hurbil dauden abeltegiei. Sustatzaileak abere hilak behar bezala kendu behar dituztela jakinaraziko die abeltzaintzako ustiategietako titularrei edo haize-parkeen eragin eremuetako larreak erabil ditzaketenei, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aplikatzeko. Foru agindu horren bidez, basa faunako zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalia azpiproduktuekin elikatzeko modua eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua arautu ziren, eta, horrez gainera, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri, eta funtzionamendurako arauak zehaztu ziren. Beharrezkoa bada, arau horiek betetzen direla zainduko du.

20. Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, sustatzaileak jarraipen eta zaintza plan bat entregatu beharko du obra eta funtzionamendu faseetarako. Plan horrek Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren onespena izan beharko du, eta egin beharreko jarduketetarako metodologia proposamena jaso; zehazki, ebazpen honen II. eranskinean jasotako jarraibideak.

21. Proiektuen jarraipena egiten den bitartean ikusten bada baimendutako aerosorgailuren batek arazoak sortzen dituela hegaztien edo kiropteroen talkek/barotraumek eragindako hilkortasuna dela eta, ebazpen honen III. eranskinean ezarritako baldintzetan, III. eranskin horretan jasotako jarduketa protokoloari jarraituko zaio.

22. Proiektuaren elementuen argiztapena ezinbestekoa bakarrik izanen da, ez gehiago. Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

23. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena argitaratu eta ondoko hiru urteetan ez bada haize-parkea eraikitzen hasten eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena berritzeko eskatu nahi bada (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikulua), urteko beste azterketa bat egin beharko da hegazti-faunak eta kiropteroek eremuan egiten duten erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa hori aurkeztu beharko du, adierazpena luzatzeko eskaerarekin batera.

24. Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, sustatzaileak ingurumena leheneratzeko proiektu xehatua eta aurrekontuduna aurkeztu beharko du. Proiektu hori Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak gainbegiratu eta baliozkotu beharko du, Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15.1 artikulua betetzeko. Ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratuan ezarritakoaren kontrara, leheneratze proiektuak barruan jaso beharko du aldi batez eragindako lursailak birlandatzeko proiektua, nekazaritzako laborantzetarako erabiliko den lursailetarako izan ezik. Inguruneko landare serieekin eta geoseriearekin bat datozen espezie autoktonoak erabiliko dira lursailak landareztatzeko. Zurezko landareen eta basogintzako landareen haziak ingurukoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materiala Identifikatzeko eta Erabiltzeko Eskualdeetako arauen arabera. Lanak bukatu eta sei hilabeteko epean bukatu beharko dira landareztatze lanak. Landaketak eta hidroereiteak, sasoiaren, eguraldiaren eta abarren mende daudenez, lanak bukatu eta hurrengo aldi begetatibo egokian eginen dira. Landaketen, ereiteen eta hidroereiteen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, proiektuaren bizitza baliagarri osoan zehar.

25. Lanak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta lanen hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Lanen eraginpeko lurzoru guztiak (aldi batez eragindakoak barne hartuta) harrotu eginen dira, eta, behar izanez gero, landare lurraren geruza batez estaliko dira, zeina aurretik desugertu eta ongi pilatuko baita. Aurreko puntuan ezarritakoaren arabera birlandatuko dira lurrak.

26. Proiektuaren bizitza baliagarria bukatuta, instalazio guztiak deseginen dira, eta okupatutako lurrak jatorrizko egoerara leheneratuko dira. Uzte eta eraispen faseak leheneratze proiektu espezifiko bat izan behar du; sustatzaileak aurkeztuko du, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena izan beharko du.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ez da errekurtsorik paratzen ahalko ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalari eta Ingurumeneko Basozainen Ataleko Tafalla-Zangoza aldeko Koordinazio Unitateari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruña, 2026ko martxoaren 17a.–Ana Bretaña de la Torre, Ingurumeneko zuzendari nagusia.

I. ERANSKINA.–UKITURIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETARAKO ETA PERTSONA INTERESDUNENTZAT IREKITAKO KONTSULTA-IZAPIDEAREN EMAITZA

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatzeko, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien eragindako erakunde hauei, "África 1", "América 1", "Antártida 1", "Asia 1", "Europa 1", "Los Continentes 1", "Oceanía 1" eta "Zelandia 1" haize-parkeetarako proiektuen inguruan, eta taulan adierazten diren txostenak jaso zituen:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Artaxoako Udala

Mendigorriko Udala

Añorbeko Udala

Ziraukiko Udala

Oteitzako Udala

X

Villatuertako Udala

X

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala - Lurralde Antolamendua

X

Ustiapen Atala - Lurralde Kohesioa

X

Ondare Arkitektonikoaren Atala

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Herri lurren Atala

X

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU

ENAGAS

X

Red Eléctrica de España SAU

AZ

Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzia

X

Ekologistak Martxan

SEO/BirdLife

Halaber, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri ditu, 30 egun baliodunez, "África 1", "América 1", "Antártida 1", "Asia 1", "Europa 1", "Los Continentes 1", "Oceanía 1", "Zelandia 1" haize-parkeen eta horien trasformazio- eta hustuketa-azpiegituren aurreproiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, iragarkia argitaratuz 2025eko apirilaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (83. zk.), eta alegazio hauek jaso ditu:

  • 1. alegazioa.–Erriberako Ekologistak Martxan.
  • 2. alegazioa.–Zangozako Ekologistak Martxan.
  • 3. alegazioa.–Aguacanal.
  • 4. alegazioa.–Sustrai Erakuntza fundazioa.
  • 5. alegazioa–Héctor Díez Gómez.

Sustatzaileak zenbait aldaketa egin ondoren, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatzeko, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak beste kontsulta izapide bat egin zien ukitutako erakunde hauei, "África 1", "América 1", "Antártida 1", "Asia 1", "Europa 1", "Los Continentes 1", "Oceanía 1", "Zelandia 1", "Corredera 1" eta "Margarita 19" haize-parkeetarako proiektuei buruz, eta taula honetan adierazten diren txostenak jaso zituen:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Artaxoako Udala

Mendigorriko Udala

Ziraukiko Udala

Villatuertako Udala

Oteitzako Udala

X

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala - Lurralde Antolamendua

X

Ustiapen Atala - Lurralde Kohesioa

Ondare Arkitektonikoaren Atala

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

X

Herri lurren Atala

X

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

X

I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU

X

Aguacanal

ENAGAS

X

Red Eléctrica de España SAU

X

Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzia

Ekologistak Martxan

SEO/BirdLife

Halaber, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri ditu, 30 egun baliodunez, "África 1", "América 1", "Antártida 1", "Asia 1", "Europa 1", "Los Continentes 1", "Oceanía 1", "Zelandia 1", "Corredera 1" eta "Margarita 19" haize-parkeen eta horien trasformazio- eta hustuketa-azpiegituren aurreproiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, iragarkia argitaratuz 2025eko abenduaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (258. zk.), eta alegazio hauek jaso ditu:

  • 1. alegazioa.–Paula Beriain Viguria.
  • 2. alegazioa.–Silvia García Muñoz.
  • 3. alegazioa.–Ergoieneko Udala.
  • 4. alegazioa.–Ergoieneko Unanu kontzejua.
  • 5. alegazioa.–Lizarrako kontzejua.
  • 6. alegazioa.–Gesalazko Udala.
  • 7. alegazioa.–Bidaurretako Udala.
  • 8. alegazioa.–Artaxoako Udala.
  • 9. alegazioa.–Ricardo Azpillaga Alsasua.
  • 10. alegazioa.–María Teresa Sangüesa Azcona.
  • 11. alegazioa.–Fran Yoldi Arbizu.
  • 12. alegazioa.–Ariane Irure Alvarez.
  • 13. alegazioa.–Lizarrerriko Ekologistak Martxan.
  • 14. alegazioa.–Macrina Solar 34 SL.
  • 15. alegazioa.–Artaxoa Auzolan taldea.
  • 16. alegazioa.–Espainiako Ornitologia Elkartea - SEO Birdlife.
  • 17. alegazioa.–Gure Haizea/Nuestro Viento.
  • 18. alegazioa.–Sustrai Erakuntza fundazioa.
  • 19. alegazioa.–Idoia Sarlegui Alkotz.
  • 20. alegazioa.–Ongaiz-Zangozako Ekologistak Martxan.
  • 21. alegazioa.–Goñerriko Udala.
  • 22. alegazioa.–Mendigorriko Udala.
  • 23. alegazioa.–Amaia Piquero Rodríguez.
  • 24. alegazioa.–Ecología y Libertad elkartea.
  • 25. alegazioa.–Iñigo Lerga Fuertes.

II. ERANSKINA.–HAIZE-PARKEAK USTIATZEKO FASEAN HEGAZTIAK ETA KIROPTEROAK INGURUMENEAN ZAINTZEKO PLANA

Haize-parkeak ustiatzeko fasean, inguruko hegazti-faunaren eta kiropteroen jarraipena egin beharko da, dokumentu honetan adierazitako jarraibideak kontuan hartuta.

Gutxieneko neurrien dokumentu bat da, non parke guztiek bete beharreko jarraibide komunak ezartzen baitira, horien guztien emaitzak konparagarriak izan daitezen.

1.–Eremuaren erabilera:

1.1. Hegazti-fauna:

Parkea martxan jarri eta hiru urtera, hegazti-faunak eremua nola erabiltzen duen aztertuko da urteko ziklo oso batean, martxan jarri aurreko metodologia berarekin, aurreko eta ondorengo egoerak alderatzeko. Emaitzaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren orientaziopean neurri berriak egokitzea edo aplikatzea baloratuko da.

Ustiapen fasean potentzialki kaltetutzat jotzen diren espezie katalogatuen urteko erroldak eginen dira, edo kontuan hartu beharreko beste batzuenak, parkearen funtzionamenduaren lehenbiziko bost urteetan, proiektua abian jarri aurretiko eta ondorengo populazioak alderatzeko.

1.2. Kiropteroak:

Parkea martxan jarri eta hiru urtera, aldez aurreko ingurumen-inpaktuaren azterketan egindako laginketa bera eginen da, eta bi lanen emaitzak alderatuko dira.

Jarraipen osagarri gisa, laginketa bat eginen da ultrasoinuen grabagailuekin, gondolatik, mikrofonoa gondolaren atzealdean eta behealdean jarrita. Uztailaren 1etik urriaren 30era bitartean eginen da, etengabe, gutxienez bost aerosorgailutik batean; saguzarrentzat, eremu egokienetakoak aukeratuko dira (zuhaitzetatik, hezeguneetatik, harkaitzetatik, heskaietatik edo ganadua duten eremuetatik hurbil daudenak). AESAren araudia betetzeko argiztapena duen aerosorgailuren bat sartu beharko da. Lan hori parkea martxan jarri eta hurrengo bost urteetan eginen da, eta gutxienez elkarren segidako bi urtetan.

Parkean eta altuera berean (gondoletan edo dorre meteorologikoetan) jasotako parametro klimatikoekin (haizearen intentsitatea, tenperatura, prezipitazioa) lotutako hegaldiak aztertuko dira. Urtean behin txosten bat aurkeztuko da lortutako emaitzekin, arriskuen azterketarekin eta, behar izanez gero, gomendatutako neurri zuzentzaileekin.

Koloniak berrikustea: Parkearen inguruko 5 km-ko erradioan aerosorgailuak egoteagatik kalteberatasun handia duten saguzar espezieen koloniak detektatzen badira, kolonia horien errolda eginen da funtzionamenduaren lehenbiziko hiru urteetan. Errolda koloniaren presentzia duten estazioetan eginen da. Talde horretan Pipistrellus, Hypsugo, Eptesicus, Nyctalus, Vespertilio, Miniopterus eta Tadarida generoetako espezieak daude. Begiratuko da ea koloniaren tamainak behera egiten duen parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta, baita parke barruan espezie horietako aleak hilda dauden ere.

ESPEZIE KATALOGATUEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN HARTU BEHARREKO
GUTXIENEKO DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa

(km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

2.–Hegaztien eta kiropteroen hilkortasunaren kontrola:

2.1. Aerosorgailuak:

Haize-parkea martxan jarri ondoko lehenengo hiru urteetan, instalazioko aerosorgailu guztietan izandako gorabeheren jarraipena eginen da. Jarraipen fase horretan, hilabete arteko zifra konparagarriak edukitzeko, aerosorgailuak astero berrikusiko dira.

Funtzionamenduaren laugarren urtetik aurrera, lortutako datuen arabera eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena eman ondoren, ahalegina murrizten ahalko da; halere, instalatutako aerosorgailuen % 40 aztertuko dira gutxienez, hilean behin.

Aerosorgailu bakoitzaren azterketa eremua zirkularra izanen da. Eremu horren diametroak errotorearen diametroak baino % 10 handiagoa izan behar du, gutxienez. Azalera hori lurraren eta landaretzaren ezaugarrietara egokitu beharko da, bilaketa gehiegi zailtzen dutenean. Horretarako, aerosorgailu bakoitzaren laginketarako azalera erreala definitu eta kartografiatu beharko da azterketa eremuaren barruan.

Laginketak oinez eginen dira. Aerosorgailuaren berrikuspen azalera estaltzen duten trantsektu paraleloen bidez eginen dira. Trantsektuak elkarrengandik gehienez 15 metroz bereizita egonen dira. Aerosorgailu bakoitzaren laginketan emandako denbora ez da 40 minututik beherakoa izanen.

Aerosorgailuen azterketak hegazti eta kiropteroen gorpuzkiak detektatzeko trebatuta dauden miaketa txakurrekin batera eginen dira.

Laginketetatik kanpo hautemandako gorabeherak bereizita erregistratu eta kontuan hartu beharko dira.

Laginketetan nahiz haietatik kanpo hautemandako gorpuzki bakoitzerako, fitxa bat bete beharko da, eta gutxienez honako datu hauek erregistratuko dira:

–Haize-parkea.

–Ustez zer aerosorgailutan gertatu den gorabehera.

–Zer egunetan aurkitu den.

–Espeziea.

–Adina eta sexua, zehazten ahal badira.

–GPS bidez lortutako UTM koordenatuak.

–Gorpuzkien kokapena, hurbilen dauden aerosorgailuekiko (distantzia eta orientazioa).

–Zaurien deskribapena.

–Gorpuzki mota (adibidez, gorpu osoa, hegalak, lumak, etab.).

–Gorpuzkiaren egoera: berria, partzialki usteldurik, janda, hezurrak…

–Gorpuzkia laginketetan ala haietatik kanpo aurkitu den.

–Nork aurkitu duen gorpuzkia.

2.2. Linea elektrikoak:

Lehenengo bi urteetan, gutxienez hiru hilean behin, linea elektrikoetan talka egin duten edo elektrokutatu diren hegaztien gorpuzkiak bilatuko dira. Hirugarren urtetik aurrera, aldizkakotasuna inpaktuaren ezaugarrietara egokitzen ahalko da, jarraipena egiteko ahalegina handituta edo murriztuta.

Azterketak sigi-saga ibiliz eginen dira, abiadura konstantean, linea elektrikoaren trazaduran zehar eta alde bakoitzean 25 m hartuta. Luzera handiko linea elektrikoen kasuan, gorabeheren bilaketa 5 km-ko sekzioetan egin daiteke. Sekzio horiek sistematikoki aztertuko dira trazadura osatu arte.

2.3. Dorre meteorologikoak:

Bilaketa metodoa aerosorgailuetakoaren berdina da, baina dorre meteorologikoaren kable tenkatzaileek hartzen duten azalera izanen da bilaketa eremua. Aerosorgailuetan egiten den maiztasun berarekin egiten ahal dira azterketak.

3.–Gorpuzkien desagertze tasaren eta bilaketaren eraginkortasunaren azterketa:

Gorpuzkien desagertze tasa eta bilaketaren eraginkortasuna aztertuko dira, SEO/BirdLife-ren "haize-parkeek hegazti eta saguzarretan duten eragina ebaluatzeko jarraibideak" dokumentuan (3.0 bertsioa edo ondorengoak) ezarritako jarraibideen arabera.

4.–Gorabeheren berri ematea:

Espezie katalogatuak: Mezu elektroniko bat igorriko da berehala Ingurumen Ebaluazioaren Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), gorabeheraren fitxa erantsita.

Gorabeherak hilero bidaltzea: Ingurumen Ebaluazioaren Atalak Accessen datu-base bat emanen du, eta bertan gorabehera guztiak sartu beharko dira (espezie sentikorrak barne). Datu-base hori hilero bidali beharko da posta elektronikoz Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), argazkirik gabe, aiseago erabiltzeko.

III. ERANSKINA.–ARAZOAK SORTZEN DITUZTEN AEROSORGAILUEKIN JARDUTEKO PROTOKOLOA

Jarraipenak erakusten badu aerosorgailuren batek hegaztien edo kiropteroen heriotza eragiten duela talken ondorioz, sustatzaileak jarduteko protokolo honen arabera jardunen du.

1.–Arriskuan dauden espezieen katalogo nazionalean edo autonomikoan "galzoriko espezie" edo "espezie kaltebera" gisa sailkatuta dagoen espezieren batekin talka eragiten duten aerosorgailuak:

1.1. Aerosorgailu batekin aurreko bost urteetan ez badu talka egin arriskuan dagoen ezein espeziek: sustatzaileak, talka detektatu bezain laster, kautelaz geldiaraziko du aerosorgailuaren funtzionamendua, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es), ingurumen organoa denez gero. Sustatzaileak ahalik eta lasterren aztertuko ditu kausak; talka arriskua berraztertuko du, eta ingurumen organoari neurri aringarri batzuk proposatuko dizkio, aerosorgailuaren diseinuaz edo funtzionamenduaz gain, baita konpentsazio neurri batzuk ere, arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako galeragatik. Hori guztia egin ondoren eta ingurumen organoak ezartzen dituen neurri gehigarriak aplikatu ondoren (ezarriz gero), sustatzaileak berriz ere abian jartzen ahalko du aerosorgailua, ingurumen organoak ontzat emanez gero. Halaber, aerosorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien ezarpen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1.2. Aurreko bost urteetan aerosorgailu berean beste talka bat izan bada espezie mehatxatu batekin: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak aerosorgailuaren kautelazko geldialdia eginen du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak aerosorgailuaren ingurunean ukitutako espezieen populazioaren azterketa xehatua eginen du (kontuan hartu beharreko gutxieneko distantziak, 1. taularen arabera), urteko ziklo batean, espeziaren migrazio pasabideak barne. Talka arriskuaren azterketa berrikusiko du, eta beste ebaluazio bat eginen du aerosorgailuak espeziearen gainean dituen ondorioei buruz (desagertze faktorea tokiko eskalan, hustubide efektua…). Prebentzio neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie biodibertsitatearen arloko organo substantiboari eta organo eskudunari, bai istripu berrien arriskua saihesteko (hala nola migrazio igarobideetan funtzionatzeari uztea, espeziea dagoen garaietan eta jarduera ordutegietan edo bestelako arrisku egoeretan funtzionamendua etetea edo aerosorgailua eraistea), bai arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako kalte berriagatik konpentsazio neurriak ordaintzeko. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko aerosorgailuaren funtzionamendua, betiere organo substantiboak —biodibertsitatearen arloan eskumena duen organo autonomikoak proposatuta— espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin. Halaber, aerosorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, baita neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien ezarpen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1. TAULA.–KATALOGATUTAKO ESPEZIEEN POPULAZIOEN
AZTERKETETAN KONTUAN HARTU BEHARREKO GUTXIENEKO DISTANTZIAK

Talde taxonomikoak

Erradioa

(km)

Hegazti nekrofagoak

15

Kiropteroak

5

Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk

5

Gainerako hegaztiak

1

1.3. Aurreko bost urteetan aerosorgailu beraren eta arriskuan dagoen espezie baten arteko bi talka edo gehiago badaude: talka hauteman bezain laster, sustatzaileak horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es), eta espezie mehatxatuaren populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurriak proposatuko dizkie. Aerosorgailuaren funtzionamendua behin betiko geldituko du, eta lehenbailehen desegin beharko du, salbu eta organo substantiboak, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta, salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarraitzeko, istripu berririk ez gertatzeko moduko baldintza berrietan.

2.–Arriskuan ez dauden Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen Zerrendako (nazionala edo nafarra) espezieekin talka eragiten duten aerosorgailuak:

2.1. Aerosorgailu batek, urtebetean, 2. taulan adierazitako hilkortasun atalaseren bat gainditzen badu, arriskutsutzat joko da. Sustatzaileak kautelaz geldituko du funtzionamendua, eta horren berri eta urteko heriotza tasaren analisiaren emaitzaren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Une horretatik aurrera, aerosorgailu arriskutsua geldirik edukita, sustatzaileak aerosorgailuaren talka arriskua aztertuko du, eta istripu gehiago izateko arriskua nabarmen murriztu edo desagerraraziko duten neurri aringarri gehigarriak proposatuko dizkie organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo eskudunari. Aurreko jarduketa guztiak egin ondoren, aerosorgailua berriz martxan jartzen ahalko da, baldin eta ingurumen organoak berariazko baimena ematen badu. Era berean, martxan jarri ondoren, sustatzaileak jarraipena eginen dio ezarritako neurri aringarri gehigarrien eraginkortasunari. Halaber, sustatzaileak, urtebeteko hurrengo bost aldietan, areagotu eginen du aerosorgailu arriskutsu horiek eragindako hilkortasunaren jarraipena, bai eta ezarritako neurri aringarri gehigarrien ezarpen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

2.2. Aurreko apartatuan adierazitako aerosorgailu arriskutsu baten jarraipen bereziko bost urteko aldian egiaztatzen bada aerosorgailu horrek berdin jarraitzen duela eta, era berean, Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen Zerrendan (estatu mailakoan edo foru komunitatekoan) sartutako espezie ez-mehatxatuen talka eragiten jarraitzen badu eta, neurri aringarri gehigarriak hartu arren, aurreko apartatuan adierazitako atalaseak gainditzen baditu berriz urteren batean, aerosorgailua behin betiko gelditu eta deseginen da, salbu eta organo substantiboak (biodibertsitaterako organoak proposatuta) salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu beste istripurik ez gertatzeko moduko baldintza berri batzuetan funtziona dezan.

2. TAULA.–AEROSORGAILU BAT ARRISKUTSUTZAT JOTZEA ERAGITEN DUTEN BBEBZ-KO ESPEZIE EZ-MEHATXATUEN TALKEN KOPURUA, URTEAN

Talde taxonomikoa

Talka kop. urteko

Eguneko harrapariak (akzipitriformeak eta falkoniformeak) eta gauekoak (strigiformeak), sai arrea izan ezik

3

Sai arrea (Gyps fulvus)

5

Itsas hegaztiak (gabiformeak, prozelariformeak eta pelekaniformeak), uretakoak (antseriformeak, podizipediformeak, zikoniformeak eta fenikopteriformeak), larolimikolak (karadriformeak), gruiformeak, pterokliformeak eta kaprimulgiformeak

5

Galliformeak, kolunbiformeak, kukuliformeak, apodiformeak, koraziformeak, piziformeak eta paseriformeak

10

Kiropteroak

5

Iragarkiaren kodea: F2604291