74. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2026 EBAZPENA, martxoaren 13koa, Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uzten baita IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT horniduren kontratuak egiteko eskumena, ikastetxe bakoitzaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikietarako, eta eskumen hori erabiltzeko prozedura ezartzen baita.

Ikastetxe publikoek behar duten autonomia bermatzeko eta, aldi berean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea betetzeko, beharrezkoa da beste eskuordetze bat onestea ikastetxe horiei arlo horretako eskumenak emateko, zeinaren bidez ordeztuko baita Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 8/2025 Ebazpenaren bidez egindako eskuordetzea.

Horrenbestez, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuko txostena ikusirik, eta bat etorriz Hezkuntza Departamentuko oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean ezartzen denarekin, Hezkuntza Departamentuko egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uztea Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 8. xedapen gehigarriak zuzendari nagusiei ematen dien eskumena beren administrazio unitateen funtzionamendurako beharrezko gertatzen diren gastu txikiak baimentzeko, ikastetxearen kargurako baliabide finantzario eta materialak kudeatzeko aukera izan dezan.

2. Eskuordetzan emandako eskumena erabiltzeko prozedura:

2.1. Ikastetxearen gastu finkoak (energia elektrikoa, berokuntza, ura, garbiketa, kontserbazioa...) eta ikastetxearen funtzionamendu arrunterako bestelakoak ordaindu ondoren, ikastetxeak kudeaketa-funtsetako gerakinak erabiltzen ahalko ditu funtzionamendurako behar diren IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT horniduren kontratuak egiteko.

2.2. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariek ikastetxearen funtzionamendurako behar diren IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT horniduren kontratuak egiten ahalko dituzte, baldin eta kontratuaren zenbatekoak 5.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu.

Eskaintzen diren zerbitzuak hobetze aldera, bai eta ikastetxeetako ekipamendu informatikoaren eta sareen kudeaketa eta mantentzea hobetzeko eta ikastetxeen premiak hobeki ezagutzeko ere, IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT horniduren kontratuek (esate baterako, ekipamendu informatikoa, mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, monitore interaktiboak, chromebookak, robotika osagaiak eta halako ekipamendu guztiak) Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuaren oniritzi teknikoa izan beharko dute edozein dela ere haien zenbatekoa.

2.3. Kontratu horien zenbatekoak aurreko puntuan ezarritakoa gainditzen badu, baina betiere 15.000,00 euroko zenbatekoa gainditu gabe (BEZa kanpo), Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena eman beharko du.

Horretarako, ikastetxeko zuzendariak datu hauek biltzen dituen agiria eginen du:

a) Kontratuaren xedearen deskribapena, gutxieneko betekizun teknikoak argi eta garbi adierazita.

b) Gastua zentralizatuta dagoenean edo sistema dinamiko, esparru-akordio edo horien baliokideren bat dagoen kasuetan, agirian horniduraren edo zerbitzuaren balorazio ekonomikoa zehaztuko da.

c) Gastua zentralizatuta ez dagoenean edo sistema dinamikorik, esparru-akordiorik edo horien baliokiderik ez dagoen kasuetan, agirian kontratua adjudikatzeko balorazio irizpideak zehaztuko dira, eta haien haztapena.

–Dokumentu hori kontratua gauzatzeko gaitasuna duten hiru enpresa edo profesionali bidaliko zaie, gutxienez, epe jakin batean eskaintza aurkez dezaten. Ondasunaren izaera dela kausa hornitzaile aski ez badago, baldintza hori ez da bete beharko.

–Aurkeztutako eskaintzak ikusirik, eta aipatu agirian finkatutako irizpideen arabera baloraturik, ikastetxeko zuzendariak adjudikaziorako proposamen-txostena eginen du.

d) Bai b) kasuan bai c) kasuan, kontrataziorako proposamena eskola kontseilura edo organo baliokidera bidaliko da, hark onets dezan.

2.4. Onespen hori lortuta, ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Departamentuarena eskuratu beharko du; horretarako, eskabidea eta espedienteko agiriak (aurreko tramiteak betetzen direla frogatzeko agiri guztiak) aurkeztuko ditu.

Eskaerak Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura bidaliko dira, hark txosten teknikoa egin dezan proposatutako kontratazioaren premiari buruz; Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera bidaliko du txostena, atalak txostena egin dezan ikastetxeak kontratazioa egiteko duen bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuak IKT zerbitzuen katalogoaren barruan inplementatuko ditu prozesu hori guztia kudeatzeko jarraibideak eta tresnak.

3. Ikastetxeen kontratazio guztiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazioaren arloan duen araudia bete beharko dute.

Hezkuntza Departamentuak erabaki dezake kontratazioa bere kabuz egitea, komenigarritzat jotzen badu.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako IKT Azpiegituren Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera.

Iruñean, 2026ko martxoaren 13an.–Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

Iragarkiaren kodea: F2604252