74. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1008E/2026 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2026. urterako gastua baimentzen baita desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzen deialdirako, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez onetsi ziren oinarriak aldatzen baitira. DDBN kodea: 883283.

Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, lan bitartekotza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2026. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2026. urterako gastua baimentzea desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako.

Aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez eta hura aldatu zuten maiatzaren 28ko 1951E/2021, otsailaren 23ko 477E/2022 eta otsailaren 21eko 442E/2023 ebazpenen bidez.

2025-2028 aldirako Enplegu Politika Aktiboen Planak 1. helburu espezifikotzat proposatzen du enplegu zerbitzuetako lan eskatzaileen enplegagarritasuna, landunena nahiz langabeena, hobetzea, xedea baita enplegua lortzeko dituzten aukerak handitzea. Horretarako, etengabeko prestakuntzarako eskubidea azpimarratuko da, norberaren profila errealitate sozial, ekonomiko eta teknologiko berrietara egokitzeko, enplegu politika aktiboak eguneratuz eta indartuz. Zehazki, desgaitasuna duten pertsonak eta pertsona zaurgarriak enplegu arruntean aritzea sustatzeko helburu espezifikoak neurri gisa jasotzen du lanpostuak egokitzeko finantzaketa. Orain, dirulaguntzaren aprobetxamendua handitu nahi da, eta, horretarako, baldintzak hobetu eta izapideak sinplifikatu nahi dira.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia onestea, 2026. urterako, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzen laguntzeko.

2. 390.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

950001 96100 4709 241118 [PEP: E-24/000737-01] Konferentzia sektoriala. Enplegurako zailtasunak dituzten kolektiboen kontrataziorako laguntzak

2026

390000

3. 2025eko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2026ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

4. Maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarriak aldatzea, honela:

4.1. 2.1 b oinarriari paragrafo hau gehitzea:

"Era berean, laguntza hori aplikatuko da kontratua indarrean dagoen bitartean, kontratazioaren ondoren aitortutako gerora etorritako desgaitasunaren kasuetan".

4.2. Deialdiaren 3.2 oinarria aldatzea, testu hau izateko:

"2. Organo kudeatzaileak, desgaitasuna duen pertsonak betetzen duen lanpostua egokitzeko dirulaguntza eskatzearen ondorioetarako, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Balorazio Atalari eskatuko dio lanpostua egokitzeko beharrari eta horretarako proposatutako neurriei buruzko aldeko txostena".

4.3. Deialdiaren 8.1.2 oinarria aldatzea, testu hau izateko:

"Lanpostua egokitzeko, babes-ekipoak jartzeko edo oztopoak ezabatzeko laguntzen eskaerak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, aurkeztutako fakturen azken ordainketatik aurrera, betiere dagokion gastu-baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da, baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurrekontu ekitaldi bakoitzaren kargura izanen dira aurreko urteko azaroaren 1etik eta abian den urteko urriaren 31ra bitartean egin eta ordaindutako inbertsioei dagozkien eskaerak".

4.4. Deialdiaren 9. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

Honako hau dioen tokian: "Bete beharreko lanpostuaren deskribapena eta azterketa".

Honela behar du: "Bete beharreko lanpostuaren deskribapena eta azterketa. Desgaitasuna duen pertsona kontratatuaren lanpostu-egokitzapenari buruzko txostena erantsi beharko da. Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak eginen du aipatu txostena, edo, bestela, enpresa onuradunak proposatzen duen antzeko zerbitzuak".

5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, kreditua sortzeagatik aurrekontu-kreditu erabilgarria handitu ondoren, baldin eta halakorik bada. Hala bada, organo eskudunak aipatutako kreditu gehigarria deialdiaren baldintza berberetan argitaratuko du, eta horrek ez du ekarriko dirulaguntzen eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea berriro zenbatzen hastea ere.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko martxoaren 17an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Esther Fernández Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2604300