1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
28/2026 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko dirulaguntzen 2026ko deialdia, baimentzen baita ekitaldi horri dagokion gastua eta aldatzen baitira deialdiaren oinarri arautzaileak (abuztuaren 20ko 2297/2018 Ebazpenaren bidez onetsi ziren). DDBN kodea: 883339.
Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, lan bitartekotza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2025. urtea baino lehen onetsi dira.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
Hortaz, bidezkoa da 2026. urterako gastua baimentzea, ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdirako.
Bestalde, deialdiaren kudeaketa errazteko, proposatzen da oinarrietan gastuen justifikaziorako malgutasuna gehitzea, bai eta ordainketa partzialak eskatzeko aukera ere.
Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea ekonomia sozialari buruzko sentsibilizazio eta sustapen ekintzak egiteko dirulaguntzen 2026ko deialdia, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abuztuaren 20an emandako 2297/2018 Ebazpenaren bidez arautua.
2. 250.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura finantzatuko da:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
950001-96100-4809-241200: Ekonomia sozialerako laguntzak, hedapen proiektuetarako | 2026 | 250000 |
3. Deialdiko 15.a) oinarri arautzailea aldatzea. Honela geldituko da:
Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea. Horregatik, laguntza emateko ebazpenean kontuan harturiko funtsezko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, haien berri eman beharko dute.
Diruz lagundutako proiektuaren funtsezko aldaketatzat joko da proiektuaren garapena larriki aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak agertzea proiektua gauzatzen den bitartean.
Ez da funtsezko aldaketatzat joko deialdiaren 5. oinarrian adierazitako "gastu-multzo" bakoitzaren %10etik beherako desbideratze ekonomikoa, hasierako aurrekontuarekin alderatuta, beste multzo batekin konpentsatzen bada. Ez dira halakotzat hartuko, halaber, %10etik beherako desbideratzeak, multzo bereko gastu-partiden artekoak badira. Desbideratze horiek ez dute ekarriko emandako laguntza handitzea.
Funtsezko aldaketetarako eskaerek behar bezala arrazoitu beharko dute aldaketa edo zailtasun hori, eta aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak agertu orduko aurkeztu beharko dira. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea eragiten ahalko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharra. Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko dira justifikazioko txostenean.
4. 13. oinarriari 4. puntua gehitzea: "Emandako dirulaguntzaren %50eko ordainketa partzial bat egiten ahalko da entitateak justifikatzen badu diruz lagundutako jardueraren %50 egin eta ordaindu duela."
5. 18.5 oinarria kentzea.
6. Ebazpen hau igortzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura eta kontu-hartzailetza delegatura.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin.
Iruñean, 2026ko martxoaren 3an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Esther Fernández Razquin.
Iragarkiaren kodea: F2604337