73. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Deialdia, guraso-elkarteei dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidean (2025-2026 ikasturtea). Laburpena

DDBN kodea: 894608.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan xedatuarekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra). Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/894608).

Iruñeko Udalak 2025-2026ko ikasturteko dirulaguntzen deialdia egiten du guraso-elkarteentzat eta guraso-elkarteen federazioentzat, norgehiagokako araubidean; hori guztia, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorrean xedatuari jarraikiz, zeina argitaratu baitzen 2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 17an. Deialdiaren laburpena ematen da argitara. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke.

Lehena.–Deialdiaren xedea:

Arautzea Iruñeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko zein itunduetako guraso-elkarteentzako eta guraso-elkarteen federazioentzako dirulaguntzak, 2025-2026 ikasturtekoak, honako hauetarako: ikastetxeko bertako gurasoentzako prestakuntza jarduerak; ikastetxeetako ikasleentzako eskolaz kanpoko jarduerak, eskola ordutegitik kanpo; hezkuntza komunitate guztiarentzako jolas-jarduerak, eskola-orduetan eta horietatik kanpo, eta, orobat, elkartearen edo federazioaren funtzionamendu eta kudeaketa gastuak. Betiere, bete beharko dira deialdi honen B.3 atalean ezarritako baldintzak eta betebeharrak.

Bigarrena.–Deialdiaren helburua:

Deialdi honen helburua da sustatzea gurasoek parte har dezaten ikastetxeetako bizitzan eta funtzionamenduan.

Hirugarrena.–Diruz lagun daitezkeen ekintzak/proiektuak/jokabideak/jarduerak egiteko baldintzak, betebeharrak eta epea:

1.–Diruz lagun daitekeen jarduera, parte hartzeari dagokionez, ikasle guztiei irekia egonen da, bai eta, kasua bada, ikastetxeko guraso guztiei ere, eta guraso-elkarteko bazkide ez izatea ez da izanen parte-hartzea ukatzeko arrazoia. Horri dagokionez, diruz lagunduko da honako hauek egitea: ikastetxeko bertako gurasoentzako prestakuntza jarduerak; hezkuntza komunitate guztiarentzako jolas-jarduerak, eskola-orduetan eta horietatik kanpo; ikastetxeko bertako ikasleentzako eskolaz kanpoko jarduerak; "goiztiarren" zerbitzuak; oporraldietako hiri-kanpamentuak, eta familia eta lana bateragarri egiteko beste jarduera batzuk.

2.–Diruz lagun daitezkeen jarduerak 2025-2026 ikasturtean egin beharko dira.

3.–Proiektuetako jardueren edukiak sustatu beharko du ikastetxeko ikasle eta familien prestakuntza integrala, hainbat balio nabarmendurik, hala nola indarkeria fisikoaren edo genero-indarkeriaren arbuioa, belaunaldien arteko harremanak, eta gure hiriko ingurunearen, kulturaren edo historiaren ezagutza. Halaber, jarduera horiek egiteak bide emanen du topaguneak sor daitezen ikasleen arteko harremanak ezartzeko eta laguntasuna eta bizikidetza sustatzeko, ikasleen artean zein haien familiekin. Bat etorriz 31/2022 Foru Legean ezarritakoarekin, jardueren diseinuak bultzatuko du pertsona guztientzako irisgarritasun unibertsala eta sustatuko du benetan parte har dezaten desgaitasuna duten haur guztiek.

4.–Berariaz uzten dira deialdi honetatik kanpo:

a) Ikasleei eta haien familiei zehazki zuzentzen ez zaizkien jarduerak.

b) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza-balioak errespetatzen ez dituzten jarduerak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak, ez eta jarduera eta argitalpen politikoak ere.

c) Aski diru-sarrera propio izanik, finantzaketan defizitik ez duten jarduerak.

d) Iruñeko beste deialdi batzuen bidez finantzaturiko jarduerak, bereziki eskola-jantokia zentzu hertsienean (janaria eta officeko langileak).

Laugarrena.–Deialdiaren gehieneko zenbateko osoa.

100.000,00 euro.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko tokia.

Eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, "Pertsona juridikoentzako dirulaguntzen eskabide elektronikoa" deritzon izapidearen bidez, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan (www.pamplona.es/eu).

Seigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Hilabete, deialdi honen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Zazpigarrena–Eskabideak eta agiriak aurkezteko modua.

Eskaera egiteko, aurkeztu beharko da eskabide-orria edo PDFko eskabidea (telematikoki aurkezteko), interesdunak sinatua edota dirulaguntza eskatzeko behar adinako ordezkaritza-ahala duen pertsona batek sinatua (bere erantzukizunpean adierazi beharko du ordezkaritza hori). Deialdi honen I. eranskineko eredua erabili beharko da. Eskabidearekin batera, deialdi honen G.4) atalak aipatzen dituen agiriak eta jakingarriak aurkeztuko dira.

Ez dira aurkeztu beharko G.4) atalean aipaturiko agiriak, baldin eta horiek dagoeneko administrazio jardulearen esku badaude edo beste edozein administraziok eginak badira; dena dela, horretarako, eskatzaileak edo haren ordezkariak baimena eman beharko dio Iruñeko Udalari informazio hori eskura dezan dagokion administraziotik. Hori guztia, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak edo ez badira aurkezten deialdian agindutako agiriak edo, bestela, Iruñeko Udalari baimena ematen ez bazaio horiek eskura ditzan agiriak egin dituen administraziotik, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean. Orobat, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarri guztiak onartzea.

Zortzigarrena.–Diruz lagun daitezkeen gastuak egiteko epea.

2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 30era arte.

Bederatzigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epea.

2026ko irailaren 15era arte.

Iruñean, 2026ko martxoaren 16an.–Aitziber Campion Gamboa, Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkaria.

Iragarkiaren kodea: L2604387