73. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

53/2026 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez administrazio baimena ematen baita 4,8 MW-eko "Cabeza Royo" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta horrekin lotutako transformazio- eta hustuketa-azpiegiturak eraikitzeko Murchanteko eta Tuterako udal-mugarteetan.

1.–Aurrekariak.

2022ko abuztuaren 2an, bat etorririk Sektore Elektrikoaren Legearen (24/2013, abenduaren 26koa) 53. eta 55. artikuluetan ezarritakoarekin, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Berlín SLk eskatu zuen aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, Murchanteko eta Tuterako udal-mugarteetan "Cabezo Royo" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren transformazio- eta hustuketa-azpiegiturak egiteko proiekturako.

Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiaren 2024ko abenduaren 19ko 169/2024 Ebazpenaren bidez (2025eko urtarrilaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 15. zk.), aurretiazko administrazio baimena eman zitzaion Sociedad de Explotación Fotovoltaica Berlín SLri, instalazio horretarako. Ebazpen hauek kontuan harturik eman zen ebazpen hori:

  • 1192E/2024 Ebazpena, azaroaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren aldeko txostena formulatzen duena (2025eko urtarrilaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 8. zk.).
  • 530E/2025 Ebazpena, abenduaren 17koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena ematen duena.

2.–Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaera.

2025eko urriaren 10ean, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 130. artikulua aplikatzeko, Heliosolar SLk, Sociedad de Explotación Fotovoltaica Berlín SL ordezkatuz, eraikitzeko administrazio baimena eskatu zuen "Cabeza Rojo" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren transformazio- eta hustuketa-azpiegiturak egiteko. Horretarako, proiektu bat aurkeztu zuen, hustuketa-linearen tarte batean doikuntzak aurreikusten zituena.

Erantsitako dokumentazio teknikoaren arabera, eguzki-instalazio fotovoltaikoak 8,24 hektarea hartzen ditu gutxi gorabehera; Murchanteko 1. poligonoko 475, 476, 477, 478, 479, 480, 481, 483, 484, 485, 486, 487, 494 eta 495 partzeletan dago, eta elementu nagusi hauek dauzka:

  • Alde biko 12.012 modulu fotovoltaiko, Longiren LR5-72HBD modelokoak edo antzekoak, 621 W-eko potentzia unitarioa dutenak (1,15 x 540 W), guztira 7.459,452 kWp-ko potentzia-erpinarekin.
  • 15 inbertsore fotovoltaiko, Sungrow-en SG350HX modelokoa edo antzekoa, 40 ºC-tan 320 kW-eko potentzia izendatua dutenak, guztira 4.800 kWn-ko potentzia izendatuarekin.
  • Instalazioan bertan kokatutako transformazio-zentro bat, non 5.000 kVA-ko potentzia-transformadore bat eta 0,8/13,2 kV-ko transformazio-erlazioa baitaude.
  • Ebakitze- eta neurketa-zentro bat, instalazioaren iparraldean kokatua.

Beraz, bat etorrita azaroaren 5eko 997/2025 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoarekin, eguzki-instalazio fotovoltaikoaren potentzia instalatua 4,8 MW-ekoa da.

Inbertsore fotovoltaikoen bidez, modulu fotovoltaikoek korronte zuzenean sortutako energia korronte alterno bihurtzen da, eta korronte hori transformazio-zentroko behe-tentsioko armairuraino husten da, 13,2 kV-era transformatzeko. Energia transformatu ondotik, 320 metro luze den 13,2 kV-eko lurpeko linea batek ebakitze- eta neurketa-zentroarekin konektatzen du transformazio-zentroa, eta, ebakitze- eta neurketa-zentrotik, sortutako energia hustu egiten da, gutxi gorabehera 4.770 metro dituen 13,2 kV-eko beste lurpeko linea baten bidez, zeina igarotzen baita Murchanteko eta Tuterako udal-mugarteetako nekazaritza erabilerako bideetatik, Labradasko transformazio-azpiestazio banatzaileraino. Azpiestazioa I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren jabetzakoa da, eta sartzeko eta konektatzeko baimena dauka.

3.–Kontsulten izapidea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131. artikulua aplikatzeko, kontsulta egin zitzaien ukitutako erakunde hauei, baldintza tekniko egokiak ezar zitzaten, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

EGUNA(K)

Murchanteko Udala

-

-

Tuterako Udala

-

-

Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzua

-

-

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri Lurren Atala

2

2025-12-26

2026-02-06

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (CHE)

1

2025-11-18

Araudi berari jarraituz, sustatzaileari txostenok igorri zitzaizkion, eta haiei buruzko erantzuna aurkeztu zuen hark.

Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

Halaber, Ingurumen Ebaluazioaren Atalari eta Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalari eskatu genien egiaztatzeko ea proiektuak betetzen duen aurretiazko administrazio baimenaren harira idatzitako ingurumen-inpaktuaren txostenean eta lurzoru urbanizaezinean jarduteko eta hura erabiltzeko baimenean eskatutakoa, hurrenez hurren:

  • 2025eko azaroaren 19an, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren txostena jaso genuen, eta, bertan, adierazten zen hustuketa-linean eginen diren doikuntzek ez dutela beste ingurumen-ebaluaziorik behar; beraz, eutsi egiten zaie Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 26an emandako 1192E/2024 Ebazpenaren bidez formulatutako ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzei.
  • 2025eko abenduaren 4an, Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalaren txostena jaso genuen, non instalazioaren hirigintza-bateragarritasunaren lehenengo balorazioa egiten baitzen.

4.–Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena hustuketa-linearako, ebakitze-zentrorako eta transformazio-zentrorako.

Lurralde Antolamenduko zuzendaritza nagusiaren abenduaren 17ko 530E/2025 Ebazpenak ez zituen babesten hasiera batean proiektatutako hustuketa-linea, ebakitze- eta neurketa-zentroa eta transformazio-zentroa, eta, hortaz, lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena eskuratu zain geratu zen uzia. Baimen hori eskuratzeko, entitate sustatzaileari eskatu zitzaion proposatutako trazaduraren justifikazio txosten bat aurkez zezala, beste alternatiba batzuei zegokienez, eta men egin ziezaiola Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Nagusiak agindutakoari.

Hori dela eta, entitate sustatzaileak, eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, proposatutako hustuketa-trazadura justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu zuen, beste alternatiba batzuei zegokienez, zeina Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalera bidali baitzen.

Aurrekoa ikusirik, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 104E/2026 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena eman zitzaion sustatzaileari, bai parke fotovoltaikotik Labradasko transformazio-azpiestazio banatzaileraino 13,2 kV-eko lurpeko linea elektrikoa eraikitzeko, bai ebakitze-zentro bat eta transformazio-zentro bat muntatzeko (etxola prefabrikatu batean biak), bai bi zentroak konektatuko dituen 13,2 kV-eko lurpeko linea bat eraikitzeko, ebazpenean bertan jasotzen diren zehaztapenei jaramon eginik. Besteak beste, ebazpen horrek ezartzen duenez, "Herri-lurren Atalak 2026ko otsailaren 6an abelbideei buruz emandako txostenean xedatutakoari helduko zaio" (eranskinaren 2. txostena).

5.–Eraikitzeko administrazio baimenaren proposamena.

Horregatik guztiagatik, aurkeztutako agiriak ikusita eta Sektore Elektrikoari buruzko Legean (24/2013, abenduaren 26koa) xedatutakoa kontuan hartuta, Industria Antolamendu, Energia Azpiegitura eta Meategien Zerbitzuko Energia Azpiegituren Atalak ondorioztatu du prozedura ongi gauzatu dela, eta proposatu du Sociedad de Explotación Fotovoltaica Berlín SL enpresari eraikitzeko administrazio baimena ematea, Murchanteko eta Tuterako udal-mugarteetan 4,8 MW-eko "Cabeza Royo" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren transformazio- eta hustuketa-azpiegiturak egiteko.

Adierazitakoarekin bat, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz (11/2019 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzkoa), honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Eraikitzeko administrazio baimena ematea Sociedad de Explotación Fotovoltaica Berlín SLri, 4,8 MW-eko "Cabeza Royo" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren transformazio- eta hustuketa-azpiegiturak eraikitzeko, Labradasko transformazio-azpiestazio banatzaileraino, Murchanteko eta Tuterako udal-mugarteetan.

2. Baimen hau emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.

3. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baitira goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak (JTO-GTE 01etik 23ra); otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baitira goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak (JTO-GTL 01etik 09ra); eta abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baita behe-tentsioko erregelamendu elektroteknikoa.

4. Behin proiektua gauzatuta, eskatzaileak behin-behineko ustiapenerako baimena eskatu beharko du, probetarako. Eskaera horrekin batera, obra bukaerako ziurtagiria aurkeztuko du, teknikari eskudun batek sinatua, baita araudian ezarritako gainerako agiriak ere.

5. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen Ebaluazioaren Atalari, Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalari, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritzaren Zainketa Atalari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren Herri-lurren Atalari, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren Ondare Arkitektonikoaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Sociedad de Explotación Fotovoltaica Berlín SLri, Energía Inagotable de Tara SLri, "Ongaiz/Zangozerriko Ekologistak Martxan" eta "Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan" elkarteei, Energía Inagotable de Providentia SLri, Nafarroako Ubidearen Ureztatzaileen Elkarte Orokorrari, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Red Eléctrica de España SAUren Operazioetako eta Sistemaren Garapeneko zuzendaritzei eta, halaber, ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea bukatzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Errekurtsoan, espedientearen kodea adierazi beharko da.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Murchanteko eta Tuterako Udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta, era berean, aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruña, 2026ko martxoaren 23a.–Iñigo Arruti Torre, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia.

ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian:

1. txostena–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (EKH).

2025eko azaroaren 18ko txostenaren bidez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak jakinarazi zuen 2025-OI-996 erreferentziako espedientea ireki zela.

2. txostena.–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atala.

2025eko abenduaren 26an, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko Herri-lurren Atalak txostena eman zuen, eta adierazi ez zegoela konforme hustuketa-linearen tarte batekin.

2026ko urtarrilean, entitate sustatzaileak Herri-lurren Atalaren aurkako txostenari buruzko erantzun idazkia aurkeztu zuen. Erantzunean, aurkako iritzi hori birpentsatzeko eskatu zuen, argudiatuta proposatutako trazadura analisi eta optimizazio prozesu zorrotz baten emaitza dela, aurretiko ingurumen ebazpen batzuen araberakoa. Sustatzailearen hitzetan, prozesu horretan benetako hainbat alternatiba aztertu eta baztertu ziren, hautatuko soluzioa delako inpaktu orokorra gehien murrizten duena, abelbideei eraginen zaien afekzioa barne hartuta.

Aurrekoa ikusirik, 2026ko otsailaren 6an, Herri-lurren Atalak aldeko txostena eman zion hustuketa-linearen trazadurari, zenbait baldintzarekin (VP159/25/II espediente-zenbakia).

Iragarkiaren kodea: F2604370