1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
24/2026 FORU DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen duena.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuak jakinarazi du beharrezkoa dela hezkuntza teknologiako aholkulari lanpostua sortzea Nafarroako Hezkuntza Digitalizaziorako ikasNOVA Baliabide Zentroan, eta dagozkion ordainsariak adierazi ditu.
Era berean, departamentuko plantilla organikoa aldatu beharra dagoela adierazi du, plantilla hango benetako beharretara egokitzeko, eta, horren harira, eskatu du unibertsitateaz kanpoko irakasleen halako 16 plaza sortzea Hezkuntza Departamentuan.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak horri buruzko txostena egin du.
Hori horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko martxoaren hogeita bostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. artikulua. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen lanpostu bat sortzea Hezkuntza Departamentuan.
Bat.–Hezkuntza teknologiako aholkulari lanpostua sortzen da, Nafarroako Hezkuntza Digitalizaziorako ikasNOVA Baliabide Zentroan aritzeko.
Bi.–Lanpostu horri uztailaren 25eko 71/2012 Foru Dekretuaren eranskinean ILZetako aholkularientzat ezarritako osagarria esleitzen zaio (foru dekretu horren bidez, irakaskuntzako zuzendaritza lanpostuko osagarriaren esleipena arautzen da).
2. artikulua. Plaza batzuk sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoan.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa honela aldatzen da:
Ondotik adierazten diren plazak sortzen dira plantilla organikoan. Behar den zuzkidura ekonomikoa dute indarreko gastu-aurrekontuaren I. kapituluan:
–Hezkuntza Departamentua.
–Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusia:
- Hezkuntza teknologiako aholkularien hamasei plaza huts, funtzionarioen araubidekoak, plantilla organikoan 40789, 40790, 40791, 40792, 40793, 40794, 40795, 40796, 40797, 40798, 40799, 40800, 40801, 40802, 40803 eta 40804 zenbakiak dituztenak.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau garatu eta betearazteko gaikuntza.
Ahalmena ematen zaio Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2026ko martxoaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.
Iragarkiaren kodea: F2604634