73. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

23/2026 FORU DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, Hezkuntza Departamentuaren mendeko Nafarroako Hezkuntza Digitalizatzeko Baliabide Zentroaren (ikasNOVA) sorrera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 111 bis artikuluak ezartzen duenez, hezkuntza administrazioek eta ikastetxeetako zuzendaritza taldeek sustatuko dute informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera ikasgeletan, irakaskuntza-ikaskuntza eginkizunak egiteko baliabide didaktiko egokia eta baliotsua baita. Gainera, artikulu berean ezartzen denez, hezkuntza administrazioek ezarri beharko dituzte baldintza egokiak, IKTak modu desegokian erabiltzearen ondoriozko arrisku egoerarik gerta ez dadin eskolaren esparruan, bereziki zainduz sareko indarkeria egoerak. Konfiantza eta segurtasuna sustatuko dira teknologien erabileran, eta arreta berezia jarriko da konpetentzia digitalak berdintasun baldintzetan eskuratzea zailtzen duten genero estereotipoak desagerrarazteko. Era berean, pertsona guztientzako diseinuaren eta irisgarritasun unibertsalaren printzipioak bermatuko dira, bai formatu eta edukietan, bai ikasteko tresna eta ingurune birtualetan ere.

Hezkuntzaren eraldaketa digitala dimentsio anitzeko kontzeptua da, eta hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona zein erakunde guztien prozesu, lan egiteko modu eta harremanak hobetzeko helburua duten ekintza guztiak biltzen dira haren baitan, etengabeko aurrerapena eskaintzen duten soluzio digitalen ekarpenari esker. Aldi berean da hezkuntzaren kudeaketan eta antolamenduan ari diren mundu osoko erakundeek eman duten erantzuna, konpetentzia digitala hobetzeko teknologiak eskaintzen dituen aukerei probetxua ateratzeko. Teknologia ezagutzak transmititzeko erabiltzetik haratago doa: irakaskuntza-ikaskuntza prozesua antolatu eta gauzatzeko modua berriro pentsatu eta aldatzeko eginahala da, hezkuntza esperientzia eta haren emaitzak hobetzea helburu.

Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Departamentuaren bitartez, 15 urtetik goiti daramatza hezkuntzaren eraldaketa digitalerako plan bat sustatzen, funtsezko zenbait esparrutan, besteak beste, azpiegituran, ekipamenduetan, konpetentzia digitalak hobetzeko metodologietan, kudeaketa administratibo eta akademikorako eta ikastetxeetako plan digitalak prestatzeko tresnetan. 2018an ikasNOVA izena eman zitzaion.

Nafarroako Hezkuntzaren Eraldaketa Digitalerako IkasNOVA 2024-2030 Planak, hasiera-hasieratik, ikasleak jarri ditu prozesu osoaren erdigunean, haien konpetentzien ikaskuntza garatzeko, eskola arrakasta bultzatzeko eta teknologiarako sarbidea bermatzeko helburuz, arrakala digitalak murriztu daitezen. ikasNOVAk konpetentzia digitalari buruzko Europako erreferentziako esparruen orientabideei jarraitu die (#DigCompOrg, #DigCompEdu eta #DigComp), Irakaskuntzako Konpetentzia Digitalaren Erreferentzia Esparru berria (IKDEE) eta hezkuntza sistema digitalizatzeko estatuko programak garatuz. #EcoDigEdu eta #CompDigEdu.

Baliabide Zentroa da Nafarroako Hezkuntza Digitalizatzeko Planean hezkuntza modernizatu eta etengabe hobetzeko planteatzen den erronkari emandako erantzuna. Zentro honen helburua da estrategia horri bultzada erabakigarria ematea, hezkuntza sistemaren bilakaeran laguntzeko, bizi dugun garai digitalarekin bat etorrita. Ikastetxeko baliabide materialak ongi hornitzea eta berritzea, eta ikastetxeko giza baliabideak eta antolakuntza behar bezala dimentsionatzea ere, gakoak izanen dira, Nafarroako hezkuntza komunitatearen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko.

ikasNOVA Hezkuntza Digitalizatzeko Baliabide Zentroaren sorrerarekin oinarrizko zenbait behar eta helburu jorratu nahi dira:

–Hezkuntza prozesua modernizatzea: hezkuntza prozesua eguneratu eta aberastea, horretarako tresna digital eta metodologia berritzaileak erabilita, irakaskuntza-ikaskuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko.

–Garapen profesionala jarraitua: etengabeko prestakuntza eta garapena eskaintzea hezitzaileei, ikasgelan teknologiaren erabilera efizientea egiteko konpetentziak eskuratu eta eguneratzeko aukera emanda.

–Aukera berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren, irisgarritasun unibertsalaren eta desabantailen konpentsazioaren printzipioak bermatzea Nafarroako ikastetxe guztietan.

–Berrikuntza eta elkarlana: hezkuntza giro berritzailea sustatzea, hezkuntza komunitateari, hau da, irakasle, ikasle, familia eta hezkuntzaren arloko profesionalei, lankidetzan aritzeko, esperientziak partekatzeko eta ideia berriak garatzeko espazioa eskainiz.

–Euskarria eta baliabideak: askotariko baliabide teknologiko, laguntza tekniko eta aholkularitza zerbitzuak eskura jartzea, teknologia eguneroko jardun pedagogikoetan txertatzea errazteko.

–Nafarroako hezkuntzan erreferentea: rol erabakigarria izatea Nafarroa izan dadin hezkuntza komunitate abangoardista eta egokitzailea, erreferente izanik Nafarroako hezkuntzaren eraldaketa digitalean.

Horrenbestez, kontuan harturik Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan ezarritakoa, bai eta abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan ezarritakoa ere (horren bidez onetsi zen unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren arloko Estatuaren funtzioen eta zerbitzuen eskualdatzea) egokia da Nafarroako Gobernuak arautu dezan Nafarroako Hezkuntza Digitalizatzeko ikasNOVA Baliabide Zentroaren sorrera, antolamendua eta funtzionamendua, Hezkuntza Departamentuaren mendetasunean.

Foru dekretu honek lau kapitulu, xedapen gehigarri bat eta azken hiru xedapen ditu.

I. kapituluan, "Xedapen orokorrak" izenburupean, arautzen dira dekretuaren xedea eta baliabide zentroaren helburuak eta eginkizunak.

II. kapituluan, "ikasNOVA baliabide zentroaren egitura eta antolamendua" izenburupean, jasotzen dira haren egitura, plantilla, zuzendaritza eta haren eginkizunak, arloak, osaera eta arduradunen funtzioak, bai eta zentroaren gobernu organoa eta haren funtzioak ere.

III. kapituluan, "Lan plana eta koordinazioa" izenburupean, baliabide zentroaren urteko lan planak eta memoriak arautzen dira, bai eta horien kudeaketa ekonomikoa ere.

IV. kapituluan, "Lanpostuak betetzea, lanaldia eta ordutegia" izenburupean, zentroko lanpostuak betetzeko mekanismoak eta horien lanaldia eta ordutegia ezartzen dira.

Foru dekretuak xedapen gehigarri bakarra du, non ezartzen den nola hornituko diren hezkuntza teknologiako aholkularien lanpostuak, zerbitzu eginkizunetan, zentroa martxan jartzen den ikasturteetan.

Foru dekretuaren bukaeran biltzen dira hiru azken xedapen; lehenengoak ezartzen du arau aldaketa bat, eta hurrengo biek garatzen dituzte, hurrenez hurren, foru dekretu hau garatzeko ahalmenak eta indarra hartzeko unea, hain zuzen ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Horiek horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2026ko martxoaren 25ean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

1.–Foru dekretu honen xedea da Nafarroan eraldaketa digitalerako ikasNOVA Hezkuntza Digitalizatzeko Baliabideen Zentroa sortzea, antolatzea eta haren funtzionamenduaren araubidea ezartzea.

2.–Nafarroako Hezkuntza Digitalizatzeko ikasNOVA Baliabide Zentroa, organikoki, Hezkuntza Departamentuan hezkuntza teknologiaren arloko eskumena duen unitatearen mende egonen da.

3.–Zentroak Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan araututako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak ematen dituzten eta funts publikoekin finantzatzen diren ikastetxe guztiekin lotuta eramanen ditu aurrera bere eginkizunak.

2. artikulua. Helburuak.

1.–Nafarroako hezkuntzaren eraldaketa digitalaren katalizatzaile izateko jaio da ikasNOVA baliabide zentroa, hezkuntza sektorearen berrikuntza eta etengabeko hobekuntza ahalbidetuko duen ingurune bat eratzeko asmoz.

2.–ikasNOVA baliabide zentroaren oinarrizko helburuak hauek dira:

a) Irakasleen konpetentzia digitalari egiaztapena ematea.

b) Irakasleei prestakuntza eskaintzea hezkuntza teknologietan.

c) Ikasleen konpetentzia digitala bultzatzea.

d) Ikasleen konpetentzia digitalaren egiaztapena sustatzea.

e) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sustatzea eta erabiltzea hezkuntzaren ingurunean, bai kudeaketaren eremuan, bai curriculumaren arlo eta ikasgaietan integratuta ere.

f) Lankidetza ezartzea hezkuntzaren munduan garrantzitsuak diren nazioko eta nazioarteko unibertsitate eta erakundeekin, haiekin batera sustatzeko ikerketa, esperientzien trukea eta prestakuntza, irakasleen lanbidea eguneratua egon dadin eremu digitalean.

g) Kalitateko hezkuntza baliabide irekiak prestatzea, zaintzea eta horien berri zabaltzea, irisgarritasun unibertsalaren printzipioak betetzen direla bermatuz.

h) Indarra duten xedapenek esleitzen ahal dizkioten beste zeinahi eginkizun, eta helburuak egoki betetzeko agintzen ahal zaizkionak, haren kudeaketa esparruaren barruan.

3. artikulua. Jarduketa eta lankidetza printzipioak.

Ekitate, normalizazio eta inklusio printzipioak errespetatuz, eta irisgarritasun unibertsala eta pertsona guztientzako diseinua kontuan hartuta, bai eta landa eremuko desberdintasunen konpentsazioa ere, ikasNOVAren esku-hartzea ikastetxeen ohiko baliabideen osagarria eta subsidiarioa izanen da, betiere prestakuntzan oinarritua eta haien autonomia indartzeko helburuz egina, inola ere haien eginkizuna ordezteko asmorik gabe.

ikasNOVA baliabide zentroa hezkuntza digitalizazioan espezializatutako zentroa da eta, beraz, berak gidatu behar du sistemaren eraldaketa digitalerako estrategia; horretarako ezarriko ditu jarraibideak, irizpide komunak eta estandar tekniko eta pedagogikoak, ezarpenerako eta jarraipenerako egutegiak, eta ikastetxeei lagunduko die, beren beharren arabera, metodologia inklusiboak eta baliabide digitalak baliatzeko orduan.

Era berean, ikasNOVA zentroak dagoeneko ezarrita dauden esperientziak aztertu eta hezkuntzaren digitalizazioaren arloko ikerketa eta berrikuntza bultzatuko ditu eta, bere eskumenen esparruan, lankidetza protokoloak ezarriko ditu, Nafarroako beste baliabide zentro batzuekin eta beste eskualde batzuetako antzeko erakundeekin. Zehazki, koordinazio eta lankidetza bideak lotuko ditu Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroarekin (NHEBZ), Euskara Irakasteko Baliabide Zentroarekin (EIBZ) eta Irakasleen Arretarako Zentroekin (IAZ), era horretan bermatu ahal izateko hezkuntzako eraldaketa digitalaren arloko jardueren koherentzia, osagarritasuna eta zeharkakotasuna.

Hori guztia bideratuko da eraldaketa digitalari lotutako ezagutza trukatzera, prestakuntzara eta laguntzara, hezkuntza sistema etengabe hobetzeko, betiere bat etorriz normalizazioaren eta inklusioaren, ekitatearen eta aniztasunarekiko arretaren printzipioekin.

4. artikulua. Eginkizunak.

Oinarrizko helburu horien esparruan, ikasKOVA baliabide zentroari dagozkio ondoko eginkizun hauek:

1.–Irakasleen garapen profesionalean laguntzea.

Zentroak garapen profesionalerako baliabideak eskainiko ditu, irakasleek teknologia ikasgelan modu eraginkorrean erabiltzeko behar dituzten trebetasunak lortu ditzaten. Baliabide horiek irisgarritasun unibertsaleko irizpideak beteko dituzte, eta eskaintzan sartuko dira:

a) Internet bidezko eta aurrez aurreko ikastaroak, azken teknologia eta metodo pedagogikoen ingurukoak.

b) Tresna espezifikoetarako gaikuntza lortzeko tutorialak eta web mintegiak.

c) Hezkuntza teknologien eta irakaskuntza digitalaren egiaztapen programak.

d) Irakaskuntzako konpetentzia digitalaren egiaztapena.

2.–Hezkuntza komunitatearen topagune izatea.

Hezkuntza komunitate osoarentzako jarduera gune gisa funtzionatuko du, familiak inplikatuz hala behar denean, eta esperientzien eta ezagutzen trukea sustatuz:

a) Arrakala digitala murrizteko lana eginen du, hezitzaile eta ikasle guztiek ikasteko aukera ekitatiboak eta inklusiboak izatea bermatuz.

b) Lankidetzarako espazioak eskainiko ditu, esaterako, eztabaidarako foroak, online komunitateak eta sare profesionalak. Horri esker, hezitzaile eta bestelako profesionalek ideiak, esperientziak eta baliabideak partekatzeko aukera izanen dute, hartara hezkuntza komunitate osoa aberastuz.

c) Erakundeen arteko lankidetza ahalbidetuko dute, proiektu partekatuak eta ekimenak garatzeko.

d) Gailuen eta teknologiaren probak eta manipulazioak ahalbidetuko ditu ikasgelara eraman aurretik.

e) Hezkuntza teknologien koordinatzaileak eta ikasNOVA zentroko arduradunak koordinatuko ditu, baita ikastetxeetan digitalizazioaz arduratzen diren lanpostuak ere.

3.–Hezkuntzarako berrikuntza teknologikoa sustatzea.

Zentroak jardunbide egokien ereduak sustatuko ditu hezkuntzako teknologien ezarpenean, hezkuntza instituzioak kitzikatu eta motibatzeko bide hauek jorratu ditzaten:

a) Planteamendu pedagogiko berritzaileekin esperimentatzea.

b) Ikasleek ikastetxearekiko duten interakzioa eta konpromisoa hobetzeko estrategiak ezartzea.

c) Teknologia berriak ekarri eta erabiltzen hastea, ingurune digitaletako irisgarritasun unibertsalari buruzko indarreko arauen arabera.

d) Garatzen ari diren teknologia berriak txertatzea hezkuntzan, hala nola adimen artifiziala, errealitate areagotua eta gamifikazioa.

e) Hezkuntza Departamentuak ezarritako lan ildoak garatzeko hainbat entitaterekin sinatzen diren lankidetza hitzarmenak prestatzea eta haien betearazpenaren jarraipena egitea.

4.–Hezkuntzaren arloko informazio eta baliabide garrantzitsuetarako sarbidea erraztea.

Askotariko materialak, tresnak eta baliabideak zentralizatu eta antolatuko ditu, erraz eskuratu eta erabiltzeko moduan egon daitezen, hezitzaileentzat eta hezkuntzako gainerako profesionalentzat. Helburu horren ardatzak hauek dira:

a) Kalitateko hezkuntza baliabide digitalak dituen biltegi sendo bat sortzea, irisgarritasun unibertsalaren arloan indarrean dagoen araudia betez.

b) Hezkuntza teknologiaren arloko ikerketa lan eguneratuak eta joera berriak eskura jartzea.

c) Aplikazio eta plataforma gomendatuak eta pertsona guztientzako irisgarriak biltzea, hezkuntzaren fase desberdinetako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan txertatzen ahal diren begiratzeko.

d) Ikastetxeei materialak maileguan ematea, beren kabuz eskuratu ezin dituzten baliabideak hornitzeko. Horrez gain, langile tekniko espezializatuek akonpainamendua eskainiko diete ikasgelako pilotaje eta ezarpen prozesuetan laguntzeko.

e) Hezkuntza komunitateko sektoreek, Hezkuntza Departamentuak ezarritako mekanismoen bitartez, teknologiak curriculumean integratzeari, metodologiei eta gailuei buruz egiten ahal dituzten kontsulta guztiak aintzat hartu eta aholkularitza eskaintzea, Hezkuntza Departamentuak ezarritako bideak erabiliz.

5.–Erabakiak hartzen laguntzea.

Informazio xehatua eta aholkularitza eskainiko ditu hauen inguruan:

a) Eduki digitalen sekuentziatzea eta programazio didaktikoko proposamenak.

b) Hezkuntza testuinguru desberdinetarako teknologia egokiak hautatzea.

c) Tresna digitalen txertaketa eraginkorra ikasketa planetan.

d) Inpaktu ebaluazioak, ikasleen aniztasunari erantzuteko jardunbide egokienak identifikatu eta horiek hautatzeko, ikaskuntza pertsonalizatuko hezkuntza ikuspegiarekin eta hezkuntzako inklusioaren oinarriekin eta printzipioekin bat etorriz.

e) Segurtasun digitala eta datu pertsonalen babesa.

6.–Jarraipena eta ebaluazioa erraztea.

Jarraipen eta ebaluazio tresnak izanen ditu xede hauetarako:

a) Hezkuntza instituzioei erraztea eraldaketa digitalak ikasleen errendimenduan duen inpaktua neurtzea.

b) Ezarritako metodo pedagogikoen eraginkortasuna ebaluatzea.

c) Ikasleen konpetentzia digitala garatzea.

d) Eduki digitalak kontsumitzeko eskaerak ezagutzea eta ebaluatzea.

7.–Aldaketa teknologikoetara moldatzea.

Helburu hauek izanen ditu:

a) Hezkuntzaren arloko aurrerapen teknologikoekin eguneratuta egotea.

b) Zerbitzuko webguneko edukiak eta materialak eguneratzea hezkuntzako teknologiari buruzko informazioarekin.

c) Hezkuntzako jardunbideak eta tresnak eguneratuta daudela eta egokiak direla ziurtatzea.

d) Hezkuntza teknologiekin lotutako berrikuntzako proiektuak sustatzea.

II. KAPITULUA.–IKASNOVAREN EGITURA ETA ANTOLAKETA

5. artikulua. Lantaldea.

Bere funtzioak aurrera eramateko, ikasNOVAren lantaldeak izanen du zuzendari bat eta arlo bakoitzerako arduradun bana eta lantalde bana, hurrengo artikuluan aipatzen diren arloetan. Bere funtzionamendurako beharrezkotzat jotzen ahal diren beste langile batzuk ere izaten ahalko ditu.

6. artikulua. Egitura.

1.–ikasNOVA zuzendaritzak eta lau arlo funtzionalek osatuko dute: konpetentzia digitala, pentsamendu konputazionala, eduki digitalak eta ikasNOVA-berrikuntza ikasgelak.

2.–Arlo bakoitzak arduradun bana izanen du. Zuzendaritzak izendatuko ditu arduradun horiek, ikastetxearen mendeko hezkuntza teknologiako aholkularien artetik.

3.–Arlo bakoitza ikastetxeko zuzendaritzak zehazten dituen langileez osatuko da, ikastetxearen mendeko hezkuntza teknologiako aholkularien artetik hautatuak; hezkuntza teknologiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren oniritzia beharko dute.

4.–Arloak eta haien eginkizunak aldatzen ahalko dira, hezkuntza gaietan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez.

7. artikulua. Zuzendaritza.

1.–Zuzendaritza postua betetzen duen pertsona funtzionarioa izanen da, Hezkuntza Departamentuaren mendekoa edo hari atxikia, zerbitzu aktiboko egoeran.

2.–Zuzendaritzaren eginkizunak hauek dira:

a) Ikastetxearen ordezkaritza eramatea eta hari atxikitako langile guztien buru aritzea.

b) Ikastetxearen ordutegiak eta egutegia prestatzea, foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

c) Urteko lan plana egitea eta hezkuntza teknologiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren oniritzia jasotzeko aurkeztea.

d) Urteko memoria prestatzea eta hezkuntza teknologiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari helaraztea.

e) Aurrekontua prestatzea, gastuak baimentzea eta ikastetxearen kudeaketa ekonomikoa onestea.

f) Hezkuntza Departamentuak bere plangintzarako eskatzen duen informazioa ematea.

g) Hezkuntza teknologiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ezarritako helburuak eta lehentasunezko ildoak lortzeko ematen zaizkion jarraibideak betetzea, eta zuzendaritza horrek agintzen dizkion ekimenak garatzea.

h) Arloko arduradunak izendatzea.

i) Hezkuntza Departamentuarekin koordinatzea beste erakunde edo organismo batzuekiko hitzarmenak proposatzea eta prestatzea.

j) Urteko memoria aurkeztea hezkuntza teknologien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari.

k) Zentroko profesionalen prestakuntza plana prestatzea.

l) Hezkuntza teknologien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ezartzen ahal dituen bestelako eginkizunak.

3.–Zentroko zuzendariak jasoko du 71/2012 Foru Dekretuaren eranskinean NHEBZren zuzendaritzarako ezarritako osagarri berdina.

4.–Ikastetxeko zuzendariak irakaskuntzako koordinazioko karguen izaera bera izanen du.

8. artikulua. ikasNOVA zentroaren arloak.

ikasNOVA baliabide zentroa 4 arlo funtzionaletan banatuko da:

1.–Konpetentzia digitalaren arloa.

Ikasleen konpetentzia digitalaren garapena, hobekuntza eta egiaztapena sustatzeko egiten diren ekintza guztien arduraduna da. Ekintza horiek dira, besteak beste, irakasle eta ikastetxeei zuzendutako aholkularitza eta laguntza teknikoa, Ikastetxeko Plan Digitala ezarri eta haren jarraipena egiteko aholkularitza ematea, irakasleen konpetentzia digitala hobetzeko prestakuntza eta konpetentzia horren egiaztapena eskaintzea.

2.–Pentsamendu konputazionalaren arloa.

Arlo honen eginkizuna da garatzea pentsamendu konputazional deskonektatua, programazioa, robotika, errealitate hedatuak, adimen artifiziala eta STEAM arloak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika); helburua da ikasleak hornitzea ingurune digitalera egokitzen lagunduko dieten trebetasunez, etengabeko bilakaeran baitabil, arreta berezia jarriz egoera ahulenean dauden ikasleen errealitatean.

Arlo honek lankidetza estuan lan egiten du ikastetxeekin eta irakasleekin, pentsamendu konputazionala sustatuko duten estrategiak diseinatu, inplementatu eta ebaluatzeko. Horren barruan sartzen dira zentro eta erakunde teknologikoen arteko lankidetza sareak sortzea, irakasleei prestakuntza eta laguntza ematea, material eta baliabide espezifikoak garatzea, STEAM proiektuak bultzatzea eta aholkularitza teknikoa eta metodologikoa ematea, pentsamendu konputazionala eskolako curriculumean integratzeko.

3.–Eduki digitalen arloa.

Arlo honen eginkizun nagusiak dira hezkuntza material digitalak, multimedia baliabideak eta curriculumeko edukiak, kalitatezkoak eta pertsona guztientzat eskuragarriak, garatzea eta ebaluatzea, ondoren estrategia pedagogiko eta metodologia aktibo bakoitzaren esparruan aplikagarriak izan daitezen. Arlo honen ibilbide orrian dago baliabideen banku bat sortu eta mantentzea. Prestakuntza espezifikoak eskainiko dizkie irakasleei, eduki digitalak sortu eta erabiltzeko, eta etengabeko aholkularitza ere bai, horren barne dela tresna digitalak ezartzeko pilotajea. Era berean, edukiak sortu eta kontsumitzearen inguruko lankidetza sareak garatuko ditu Nafarroan, estatuan eta Europan.

4.–ikasNOVA-berrikuntza Ikasgelen arloa.

ikasNOVA ikasgelen jarraipenaz eta kudeaketaz arduratzen da, balio anitzeko espazio zabalak izan daitezen, altzari moldagarriez eta abangoardiako ekipamenduez hornituak, ikasgelaren konfigurazio desberdinak egiteko aukera izateko eta teknologia ikasle zein irakasleen eskura jartzeko. Espazio horiek, ikaskuntza prozesuetan inpaktu positiboa izan dezaketen joera berriak esperimentatu ez ezik, berrikuntza horiek hezkuntza teknologiaren arloan inplementatzeko ere balio dute, betiere baliozkotu ondoren. Horrez gain, irakasle, aditu eta hezkuntza administrazioko arduradunen arteko lankidetza eta sare lana sustatzeko aukera eskaintzen dute.

9. artikulua. Arloko arduradunak.

1.–ikasNOVA osatzen duten arloetako bakoitzean arduradun bana egonen da. Irakasle funtzionarioa izanen da, Hezkuntza Departamentuaren mendekoa edo hari atxikia, eta zerbitzu aktiboan egonen da.

2.–Honako hauek izanen dira arloko arduradunen eginkizun orokorrak:

a) Dagokien arloko lan plana egitea, ikastetxeko zuzendaritzaren oniritziarekin.

b) Beren arloko lan plana aldian-aldian ebaluatzea.

c) Beren arloko baliabideak kudeatzea.

d) Behar diren neurriak hartzea, ikasNOVA zentroa koordinatzeko batzordearen erabakiak gauzatzeko, beren eskumenen eremuan.

e) Zentroko zuzendaritzari aholkularitza ematea.

f) ikasNOVA zentroaren ordezkaritza eramatea, hala dagokionean.

g) Zentroko zuzendaritzak edo hezkuntza teknologien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ezartzen ahal dituzten bestelako eginkizunak.

3.–Arlo bakoitzeko arduradunek 71/2012 Foru Dekretuaren eranskinean baliabide zentroetako arloko arduradunentzat ezarritako osagarria jasoko dute.

4.–Arlo bakoitzeko zuzendariek irakaskuntzako koordinazioko karguen izaera bera izanen dute.

10. artikulua. Arloko hezkuntza teknologiako aholkulariak.

1.–Arlo bakoitzak hezkuntza teknologiako aholkulariak izanen ditu. Hezkuntza teknologiako aholkulari lanpostuak beteko dituzte Hezkuntza Departamentuaren mendeko edo hari atxikitako irakasle funtzionarioek; zerbitzu aktiboan egon behar dute.

2.–Hezkuntza teknologiako aholkulariek jasoko dute IAZ aholkularientzat 71/2012 Foru Dekretuaren eranskinean ezarritako osagarri berdina.

11. artikulua. ikasNOVAren gobernu organoak.

ikasNOVAren gobernu organoa izanen da koordinazio batzordea, zuzendaritzak eta arloko arduradunek osatua.

12. artikulua. Koordinazio batzordearen eginkizunak.

1.–Koordinazio batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zentroko zuzendaritzak prestatutako urteko lan plana onartzea.

b) Urteko lan planean erantsi litezkeen ekintzak proposatzea.

c) Lan planaren garapena aldian behin ebaluatzea.

d) Arlo bakoitzerako esku-hartzeen irizpideak onestea.

e) ikasNOVA zentroko profesionalen prestakuntza premiak detektatzea.

f) Arloak koordinatzea.

g) Pedagogiaren arloko esperimentaziorako eta ikerketarako ekimenak sustatzea.

h) Zentroko zuzendaritzak edo hezkuntza teknologien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ezartzen ahal dituzten bestelako eginkizunak.

2.–Koordinazio batzordea, gutxienez, hilean behin bilduko da, zentroko zuzendariak deialdia eginda, edo batzordeko kideen herenek hala eskatuta. Bilera horietara bertaratzea nahitaezkoa da batzordeko kideentzat.

III KAPITULUA.–LAN PLANA ETA KOORDINAZIOA

13. artikulua. Urteko lan plana.

1.–Zentroaren urteko lan plana ikasNOVA zentroa antolatu eta koordinatzen duen dokumentua da, erantzunik egokienak eman ahal izateko, ikasturte bakoitzaren denbora esparruan. Plan hori zentroko zuzendaritzak prestatuko du, eta urtero ekainean onetsi beharko du koordinazio batzordeak. Aldez aurretik, hezkuntza teknologian eskumena duen zuzendaritza nagusiaren oniritzia behar du.

2.–Urteko lan planean jasoko dira zentroak lortu nahi dituen helburuak, iritsitako lorpenen adierazle egokiekin, haietako bakoitzaren denbora garapena, eta haien jarraipen eta ebaluazio prozesuak. Plana prestatzean aintzat hartu behar ditu, alde batetik, foru dekretu honetan ezarritako helburuak eta jarduketarako printzipioak, bestetik, Hezkuntza Departamentuan hezkuntza teknologien gaietan eskumena duen unitateak ezarritako jarraibideak, eta orobat, gai horietan indarra duen legedia.

3.–Arlo bakoitzak ere bere urteko plan espezifikoa izanen du, non diseinatu, hautatu eta praktikan jarriko diren jarduketa multzo bat, hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona guztiei zuzenduak, arreta berezia eskainiz hezkuntza laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen errealitateari. Arlo bakoitzeko plan espezifikoa arloko arduradunek prestatuko dute, eta urteko lan planaren barruan jasoko da.

14. artikulua. Urteko memoria.

1.–Zentroko zuzendaritzak memoria bat prestatuko du ikasturte bakoitzaren hondarrean; han jasoko ditu ikasturte horretan programatu eta burura eramandako jarduerak, haien justifikazio labur batekin eta hobetzeko proposamenekin batera.

2.–Memoria hori urte bakoitzeko ekainean bidaliko zaio hezkuntza teknologiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari.

15. artikulua. Kudeaketa ekonomikoa.

ikasNOVA baliabide zentroak autonomiaz kudeatuko ditu bere funtsak. Hezkuntza Departamentuak hornituko du diruz ikasNOVA zentroa, esleituko zaizkion aurrekontuen bidez, funtzionamendu gastuei eta bere jarduerak aurrera eramateak eragiten ahal dituen gastuei aurre egiteko. Ekitaldi ekonomiko bakoitzean, Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen aurrekontu araudiarekin bat etorriz, gastu horri aurre egiteko behar diren diru-igorpenak eginen dira.

IV. KAPITULUA.–LANPOSTUAK BETETZEA, LANALDIA ETA ORDUTEGIA

16. artikulua. Lanpostuak betetzea.

1.–ikasNOVA baliabide zentroko zuzendaria Hezkuntza Departamentuak berak izendatuko du, zerbitzu eginkizunen erregimenean.

2.–ikasNOVA zentroko hezkuntza teknologiako aholkularien lanpostuak hornitzeko, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuan (haren bidez arautzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuen hornidura) xedatutakoa aintzat hartuta jokatuko da.

17. artikulua. ikasNOVA baliabide zentroaren lanaldia eta egutegia.

1.–Zentroko langileen urteko lanaldia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuan ari diren langileentzat oro har ezarritakoa izanen da.

2.–Jaiegunak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuan ari diren langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egunak.

3.–Oro har, eguneroko lanaldiaren iraupena izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileentzat ezarritako bera, bete behar dituzten eginkizunen ezaugarrietara egokitua.

4.–Zentroko zuzendariak banatuko du bertako langileen asteko ordutegia, ikastetxeei eta irakasleei zerbitzua goizez eman ahal izateko eta, beharrezkoa bada, arratsaldeko orduetan ere bai. Horregatik, zentroko zuzendariak zilegi du orokorrean ezarritakoaz bestelako eguneko lanaldiak antolatzea, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileentzat ezarritako urteko lanaldia errespetatuz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarri bakarra.–Zentro berria abian jartzeko zerbitzu eginkizunak.

37/2014 Foru Dekretuaren 4.1.d) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2026/2027, 2027/2028 eta 2028/2029 ikasturteetarako hezkuntza teknologiako aholkulari lanpostuaren zerbitzu eginkizunak hezkuntza teknologiako zuzendaritza nagusi eskudunak proposatuta emanen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Aldatzea 153/2023 Foru Dekretua, irailaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa arautzen duena.

153/2023 Foru Dekretuaren 1. artikulua aldatzen da, testu hau emanez:

"1. Foru dekretu honen xedea da ikastetxe publikoek eskura dituzten baliabideen kudeaketa ekonomikoa arautzea eta garatzea.

2. Foru dekretu hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Hezkuntza Departamentuaren mendean ari diren unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko guztietan.

Ondorio horietarako, ikastetxe publikoak dira titulartasun publikokoak direnak eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotzen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzen dituztenak, eta, orobat, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Hezkuntza Departamentuak erregelamendu bidez zehazten ahal dituen zentro publikoak.

Era berean, foru dekretu honen aplikazio eremuan sartuko dira irakasleentzako laguntza zentroak, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ); Nafarroako hezkuntza digitalizatzeko baliabideen zentroa ikasNOVA; eta Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa (EIBZ)."

Azken xedapenetako bigarrena.–Arau garapena.

Hezkuntzako kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iruñean, 2026ko martxoaren 25ean.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya, Hezkuntzako kontseilariaren ordez (6/2026 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariarena).

Iragarkiaren kodea: F2604633