71. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

130E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko funtsezko gutxieneko zerbitzuak, eta Osasun Departamentuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek eman beharrekoak, 2026ko martxoaren 17ko 00:00etatik aitzina 24 orduz egitekoa den greba dela eta.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da komunitatearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Grebarako deialdia dela eta, alde batetik, gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko zerbitzua ezin da erabat gelditu, ez eta Osasun Departamentuko osasun zentro eta establezimenduetan hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuak ere, botere publikoek bermatu beharreko osasun laguntza behar bezala eman ahal izateko zerbitzu osagarriak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen da, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dielako, hala nola pazienteen bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.

Beste alde batetik, gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.f), 53. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bere gain dituen eskumenak direla eta.

Azaldutakoaren ondorioz, foru agindu honen helburua da, 2026ko martxoaren 17an egitekoa den greba dela eta, gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko zerbitzuei dagozkien funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzean aintzat hartu da, batik bat, ezinbestekoak direla herritarren osasun beharrei era egokian erantzuteko. Argudio horiek ikusita, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea iragarritako grebak dirauen bitartean.

Gaixorik dauden eta istripua izan duten pertsonak anbulantzian garraiatzeko funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituen azaroaren 13ko 498/1995 Foru Dekretuaren 1. artikuluaren arabera:

"Osasun Garraioaren Sektorean greba egitean, gaixoak garraiatzeko funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuko dira:

a) Ondoren zehazten diren tratamenduetarako, garraioen %100 eginen dira:

–Kimioterapia.

–Erradioterapia.

–Hemodialisia.

b) SOS-NAFARROAk eskatutako larrialdi zerbitzuak ere %100ean eginen dira, eta, beraz, itxaron-baseetako anbulantziek 24 orduz emanen dute zerbitzua.

c) Ondoren zehazten diren zerbitzuak ere %100ean eginen dira:

–Pazienteak kontsulta medikoetara eramatea.

–Ospitaleko altak.

–Pazienteak zentro batetik bestera eramatea".

Gutxieneko zerbitzuak ezartzean, lehenbizi, oxigenoterapia zerbitzuei eta etxeko bestelako arnas terapiei dagokienez, eta kontuan hartuz zerbitzu horien beharra duten erien ezaugarriak eta beharrezkotzat jotzen diren zerbitzuak ez emateak ekar litzakeen ondorio larriak, bermatu beharko da eguneko 24 orduetan arreta ematen zaiela sor daitezkeen presako abisuei.

Farmazia bulegoei dagokienez, Osasun Departamentuak etengabeko arreta farmazeutikoa bermatzen die herritarrei. Horretarako, egunero guardiako zerbitzuak eman behar dituzten farmazia bulegoak finkatzen ditu. Hortaz, guardiako farmaziak dira gutxieneko zerbitzuak emanen dituztenak.

Farmazia produktuak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, ezinbestekotzat jo da farmazia bulegoek eta behar bezala baimendutako farmazia zerbitzuek premiaz eskatzen dituzten sendagaien horniketa bermatzea.

Bestalde, laginen osasun garraioari dagokionez, beharrezkoa da Nafarroa osoko osasun zentroetatik eta kontsultategietatik erreferentziako laborategietaraino gauzatuko dela bermatzea, laginak ez hondatzeko eta erabiltzaileek eragozpenik ez izateko.

Azkenik, hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta establezimenduetan egiten dituzten gainerako zerbitzuei dagokienez –zehazkiago, segurtasun zerbitzuak eta mantentze-lanetako zerbitzuak–, jaiegunetan beren jarduna gauzatzeko izaten dituzten zerbitzu berberak mantendu beharko dituzte funtsezko gutxieneko zerbitzu gisa. Gainerako zerbitzuei dagokienez –Nafarroako osasun zentro eta ospitaleetako garbiketa zerbitzuak eta elikadura zerbitzuak–, gutxieneko zerbitzu gisa mantendu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 10eko 522E/2026 Ebazpenean gutxieneko zerbitzu gisa ezarritako jarduera bermatzeko beharrezkoak direnak.

Horrenbestez, kontuan harturik xedatuta dagoena Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren 2. paragrafoan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.2 artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan,

AGINTZEN DUT:

1. 2026ko martxoaren 17rako iragarritako greba eginen da jarraian zehazten diren funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek mantentzen direla errespetatuz:

1.1. Nafarroako osasun garraioaren sektorean, funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuko dira:

a) Ondoren zehazten diren tratamenduetarako, garraioen %100 eginen dira:

–Kimioterapia.

–Erradioterapia.

–Hemodialisia.

b) SOS-NAFARROAk eskatutako larrialdi zerbitzuak ere %100ean eginen dira, eta, beraz, itxaron-baseetako anbulantziek 24 orduz emanen dute zerbitzua.

c) Ondoren zehazten diren zerbitzuak ere %100ean eginen dira:

–Pazienteak kontsulta medikoetara eramatea.

–Ospitaleko altak.

–Pazienteak zentro batetik bestera eramatea.

1.2. Oxigenoterapia zerbitzuei eta etxeko bestelako arnas terapiei dagokienez, bermatu beharko da eguneko 24 orduetan arreta ematen zaiela sor daitezkeen presako abisuei.

1.3. Farmazia produktuak banatzeko handizkako biltegiei dagokienez, beharrezkoa da farmazia bulegoek eta behar bezala baimendutako farmazia zerbitzuek premiaz eskatzen dituzten sendagaien horniketa bermatzea.

1.4. Guardiako zerbitzua ematen duten farmazia bulegoen zerbitzuaren ehuneko ehun bermatuko da.

1.5. Hirugarrenek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta establezimenduetan egiten dituzten zerbitzuei dagokienez –zehazkiago, segurtasun zerbitzuak eta mantentze-lanetako zerbitzuak–, jaiegunetan beren jarduera gauzatzeko izaten dituzten zerbitzu berberak mantendu beharko dituzte funtsezko gutxieneko zerbitzu gisa. Gainerako zerbitzuei dagokienez –Nafarroako osasun zentro eta ospitaleetako garbiketa zerbitzuak eta elikadura zerbitzuak–, gutxieneko zerbitzu gisa mantendu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 10eko 522E/2026 Ebazpenean jasotakoak.

2. Foru agindu honetan jasotako funtsezko zerbitzuei dagokienez, ukituriko enpresetan horretarako izendatzen diren langileek egin beharko dituzte, eta zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea legez kontrakotzat joko da eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau Greba Batzordeari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zerbitzuari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2026ko martxoaren 12an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2604092