1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
64C/2026 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa.
Ikusi da Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa aldatzeko erabakiaren testua (kodea: 31100182132017), zeina erregistroan sartu baitzen 2026ko martxoaren 13an eta Udaleko eta sindikatuetako ordezkariek sinatu baitzuten 2026ko urtarrilaren 29an.
Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan arloko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du, Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboetarako ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela egiaztatzeko.
Aurrekoa gorabehera, ohartarazi behar da toki erakundeak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta hura garatzeko erregelamenduen aplikazio-eremuaren mende daudela, eta horietan ezartzen diren arauak aginduzkoak eta ez gutxienetakoak dira.
Bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikuluan, bai eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta kontuan hartuta zer xedatzen den Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Agindua ematea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskriba dadin Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa aldatzeko erabakia (kodea: 31100182132017).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko martxoaren 23an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
AKORDIO KOLEKTIBOAREN ALDAKETA
Nafarroako Gobernuak artikulu bat sartu du 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 16/2025 Foru Legean, txandakako, gaueko ordutegiko eta jaiegunetako lanaren aldagaien ordainketak sar daitezen langileak otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren araberako baimen ordainduaren egoeran dauden egoeretarako. Honako hau dio aipatu artikuluak:
"24. artikulua. Konpentsazioak, baimen edo lizentzia ordainduen egunetako aldagaiengatik.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako enplegatu publikoek bidezko diren konpentsazioak jasotzeko eskubidea izanen dute, txandakako, gaueko ordutegiko eta jaiegunetako lanagatik, baimen edo lizentzia ordaindua duten egunetan, baldin eta baimen edo lizentzia horiek izateak ez badu berekin prestaziorik ekartzen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren edo gizarte-aurreikuspeneko beste erakunde edo mutualitate batzuen kargura".
Konpentsazio hori Iruñeko Udalean orokortzeko, proposatzen da 23 bis artikulua sartzea akordio kolektiboan, ordainsariei buruzko atalean. Honela dio aipatu artikuluak:
"Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako enplegatu publikoek bidezko diren konpentsazioak jasotzeko eskubidea izanen dute, txandakako, gaueko ordutegiko eta jaiegunetako lanagatik, baimen edo lizentzia ordaindua duten egunetan, baldin eta baimen edo lizentzia horiek izateak ez badu berekin prestaziorik ekartzen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren edo gizarte-aurreikuspeneko beste erakunde edo mutualitate batzuen kargura, salbu eta akordio honen 12. artikuluan dagoeneko jasota dagoena lan-istripuen edo gaixotasun profesionalen kasuetarako".
Bestalde, guardia lokalizatuen ordainketa Nafarroako Gobernuarekin eta haren administrazio erroarekin homogeneizatzeko, proposatzen da 19.2.a) artikulua aldatzea. Honela geldituko da idatzirik:
"Herritarrei etengabeko eta berehalako arreta bermatzeko, udal-zerbitzuek ezartzen ahalko dute Iruñeko Udaleko langileek guardia lokalizatuak egitea. Hori betetzeari buruzko araudi aplikagarria Nafarroako Gobernuaren araudi aplikagarriak arautuko du, eta ordainsariaren zenbatekoa izanen da ekitaldi bakoitzean Nafarroako Gobernuaren administrazio erroko langileentzat ezartzen dena. Abisu baten ondorioz emandako zerbitzuak, baldin eta langilea benetan lanpostuan egon bada, aparteko orduetan konpentsatuko dira".
Iragarkiaren kodea: F2604609