Iragarkia
71. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
725/2026 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoan dibertsitatearen arloko kudeaketari izateko 1 lanpostu (B maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko.
Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 25ean hartutako erabaki baten bidez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 249 zk., 2025eko abenduaren 16koa) onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2025eko lan publikoaren eskaintza, eta han, besteak beste, dibertsitatearen arloko kudeaketari izateko 894 lanpostua jaso zen, funtzionarioen araubidekoa (B maila).
Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an harturiko erabaki baten bidez -zeina Gobernu Kontseiluaren 2026ko otsailaren 17ko erabaki baten bidez aldatu baitzen-, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia onetsi zen, eta haren 9. artikuluak xedatzen duenez, lanpostu hutsak lehenik eta behin lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko eskaini behar dira, funtzio publikoan sartzeko deialdietan gehitu baino lehenago. Arau horrek ezartzen du lekualdatze lehiaketa aplikatu beharreko mugikortasun prozedura izanen dela kasu hauetan: atalen artean edota atal baten barruan ez dauden maila txikiagoko unitate organikoen artean, eta langileak atxikia duen eremu organiko bereko lanpostuen artean baldin eta lanpostu horiek campus desberdinetan badaude edo lanaldi mota desberdina badute.
Dibertsitatearen arloko kudeaketarien lanpostu guztiak atal berari eta campus berari atxikita daudenez eta lanaldi mota bera dutenez, ezin da lanpostu horien artean lekualdatze lehiaketarik egin.
Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan dibertsitatearen arloko kudeaketari izateko 1 lanpostu oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.
Ikusirik TEKAZELak Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen txostena, zeina ontzat eman baitu Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan dibertsitatearen arloko kudeaketari izateko 1 lanpostu (B maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.
Bigarrena.–Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 27an.–Kudeatzailea, Mar González Paredes.
DIBERTSITATEAREN ARLOKO KUDEAKETARI IZATEKO 1 LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA
Hauek dira deialdia arautuko duten:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan dibertsitatearen arloko kudeaketari izateko lanpostu huts bat oposizio bidez eta txanda irekian betetzea da (funtzionarioen araubidekoa eta B mailakoa). Oinarri hauen II. eranskinean ageri da zein diren lanpostuaren zenbakia, baldintzak eta lantokia.
1.2. Halaber, deialdi honen xedea da hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea, deialdi honen 11. oinarrian xedatutakoarekin bat.
1.3. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera -Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa-, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdi honen oinarrietan berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialeko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:
https://www.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3&submenu=yes&languageId=100001
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek ere har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.
c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: gradua, diploma, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo haien baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.
d) Behar diren zereginak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.
e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.
2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.
2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.
3.–Eskaerak eta dokumentazioa.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hogei egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, deialdi honi dagokion ataleko "Joan tramitera" botoian, helbide honetan:
https://www.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3&submenu=yes&languageId=100001
Desgaitasunen bat duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, horren berri eman beharko dute eskabidean. Nolako denbora- eta/edo bitarteko-egokitzapena eskatzen duten zehaztu behar dute eskabidean horretarako dagoen tartean. Horretarako, izangaiak komenigarritzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztu behar du eskabidearekin batera.
3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:
a) Deialdian eskatzen den tituluaren kopia edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
b) Tasa ordaintzetik salbuetsiak daudela egiaztatzen duen agiria, 4.2 oinarrian jasotako kasuetan.
4.–Tasa.
4.1. Funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da.
Tasaren ordainketa telematikoki eginen da, eskaera formalizatzen den unean, ordainketa telematikoko sistema seguru baten bidez.
4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.
Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.
b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.
Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.
4.3. Salbuetsita egoteko arrazoirik egiaztatu ezean, tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du.
4.4. Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.
5.–Izangaien onarpena.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratzeko aginduko du.
5.2. Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea edo deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea.
5.3. Behin-behineko zerrendetan ageri ez diren izangaiek edo behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat egin badute, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.
Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez.
Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.
5.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitara daitezela aginduko du.
5.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.6. Izangaiak haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.
5.7. Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak argitaratuta, interesdunei jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
6.–Epaimahai kalifikatzailea.
6.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.
6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:
–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.
Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.
–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.
Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.
–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.
Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.
–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.
–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko TEKAZEL bat, Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko TEKAZEL bat, Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.
6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.
Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.
Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.
6.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.
Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
6.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.
6.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.
6.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.
7.–Oposizioaren garapena.
7.1. Oposizioa 2026ko irailetik aurrera hasiko da.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.
Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.
Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.
7.2. Probak.
7.2.1. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai zerrendako gaietan oinarrituko dira.
Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
7.2.2. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ahal diren egokitzapenak eginen dira hautaprobak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan.
7.2.3. Proben banaketa.
Hiru proba hauek izanen ditu oposizioak:
7.2.3.1. Lehenbiziko proba.
Deialdiaren I. eranskinean ageri den gai zerrendako gaiei buruz, test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz. Galdera bakoitzak zenbait erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.
Formula honen arabera zigortuko dira akatsak:
Nota = Erantzun zuzenak - Akatsak / k-1
Non:
k = aukera kopurua galdera bakoitzerako
Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du, proba hasi baino lehen, oposizioan parte hartzen dutenek zenbat denbora izanen duten proba egiteko; bi ordu gehienez ere.
Proba honi dagokion puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
7.2.3.2. Bigarren proba.
Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako gaiei buruzko ariketa teoriko-praktiko bat egin beharko da, galdera labur batzuei idatziz erantzunez.
Gehienez ere bi ordu iraunen du probak.
Proba plika-sistemaren bidez eginen da.
Proba honi dagokion puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
7.2.3.3. Hirugarren proba.
Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako gaiei buruzko kasu praktiko bat edo gehiago idatziz ebatzi beharko dira.
Epaimahaiak ezarriko du, ariketa hasi baino lehen, ariketa egiteko zenbat denbora izanen den; hiru ordu gehienez ere.
Proba plika-sistemaren bidez eginen da.
Proba honi dagokion puntuazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
7.3. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena modu telematikoan alega dezaten.
7.4. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.
8.–Gainditu dutenen zerrenda.
8.1. Azken kalifikazioa probetako puntuazioen batura izanen da.
8.2. Puntuazioetan berdinketarik egonez gero, hirugarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde eginen da, eta, berdinketak jarraitzen badu, bigarren proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
Berdinketak irauten badu, epaimahai kalifikatzaileak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren deituretatik eta izenetik abiatuta. Zozketaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.
8.3. Azken proba bukatutakoan, epaimahai kalifikatzaileak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du bakoitzak lortutako kalifikazioekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen zaio ezagutzera, baldintzak egiaztatzeko tramiteak egin ditzan.
9.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.
9.1. Epaimahaiak prozesua gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio kudeatzaileari. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.
9.2. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia konpultsatua eta deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatutako tituluarena.
b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.
c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.
d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa.
9.3. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.
9.4. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.
9.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.
9.6. Giza Baliabideen Zerbitzuak bere eskumenak baliatzeko eskatzen duen beste edozein agiri, ez bada deialdiaren xede den lanposturako betekizun eta baldintzak egiaztatzeko agiri bat, proposatutako izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.
10.–Funtzionario izendatzea, lanpostu hutsa esleitzea eta lanpostuaz jabetzea.
10.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, dibertsitatearen arloko kudeaketari izateko lanpostuan aritu dadin, eta lanpostu hutsa ebazpen bidez esleituko dio.
10.2. Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatutako pertsona, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio, araubide horretan ezarritako babesarekin.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko du izendatuak lanpostuaren jabetza, salbu eta behar bezala egiaztatutako arrazoiren bat badago.
Ezinbesteko kasuetan salbu, ez badu finkatutako egunean hartzen lanpostuaren jabetza, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 9.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
10.4. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute une horretan beste administrazio publikoren batean ari delako lanean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da (betiere indarrean den araudian jasoak dauden kasuetan), 9.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.
11.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.
11.1. Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28an emandako erabaki batean xedatutakoari jarraikiz -erabaki horrek Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen arabera eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten ditu-, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:
1) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
2) Prozesua gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda. Hauek osatuko dute:
a) Hautaketa-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaiek.
b) Hautaketa-prozesuko lehenbiziko probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu dutenek.
Hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuko dira gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendako izangaiak. Halaber, prozesua gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendaren ordena osatzeko, lehenbizi, gainditutako proben kopurua hartuko da kontuan, eta, ondoren, gainditutako probetan lortutako puntuazioen batura. Aldiz, b) letran ezarritako kasuan, lehenbiziko proban lortutako puntuazioari erreparatuko zaio.
Berdinketarik egonez gero, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketak hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz ebatziko da.
11.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28ko erabakian ezarri zuena izanen da -Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen arabera eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituena-, une bakoitzean indarrean dagoen idazketarekin.
11.3. Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa; kontratua formalizatzen den unean aurkeztuko da dokumentazio hori.
11.4. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte sarrera-deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, alde batera utzi gabe eskaeran datu faltsuak emateagatik izan dezaketen erantzukizuna.
11.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei lanpostuan eskatzen diren baldintzak aitortzen zaizkienik. Baldintza horiek oinarri honetan ezarritako moduan egiaztatu beharko dira.
12.–Datu pertsonalen tratamendua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza Baliabideak" atalean.
Datuen tratamenduaren eraginpeko interesdunak hautaketa-prozesuetako izangaiak eta NUPeko langileak izanen dira. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskumenekoak diren beste batzuk.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
13.–Errekurtsoak.
Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko ekintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, aurkaratutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
I. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. gaia.–2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Ikasketen antolamendua. Ikasleak Unibertsitate Sisteman. Unibertsitate publikoen egitura. Unibertsitate publikoetako teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak.
2. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Xedapen orokorrak. Unibertsitatearen egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko komunitatearen arartekoa.
3. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutua. Funtzionarioen hautaketa; funtzionario izaera hartu eta galtzea; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak; lanpostuak betetzeko prozesua; ordainsariak; ordezkaritza-organoak.
4. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Atariko titulua: xedapen orokorrak. Herritarrak administratu gisa. Interesdunak administrazio prozeduran. Kontzeptua eta motak. Jarduteko ahalmena. Ordezkaritza. Interesdunen identifikazioa eta sinadura administrazio prozeduran.
5. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio publikoen jarduketaren arau orokorrak: pertsonen eskubideak administrazio publikoekiko harremanetan. Administrazio publikoekiko harremanak elektronikoak izateko eskubidea eta obligazioa. Prozeduren hizkera. Pertsonen lankidetza. Pertsonen agertzea. Interesdunek prozeduran aurkeztutako dokumentuak.
6. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio publikoen jarduketaren arau orokorrak: erregistroak. Dokumentuak artxibatzea. Izapidearen gaineko erantzukizuna. Administrazio publikoek dokumentuak jaulkitzea. Administrazio publikoek egindako kopien balioa eta eraginkortasuna.
7. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio publikoen jarduketarako arau orokorrak: denboraren zenbaketa. Epemugak eta epeak. Preskripzioa. Iraungitzea. Ebazteko obligazioa. Ebazteko gehieneko epearen etetea. Ebazteko eta jakinarazpena egiteko gehieneko epearen zabaltzea. Isiltasun administratiboa interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan. Ebazpen espresurik eza ofizioz hasitako prozeduretan.
8. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-egintzak. Kontzeptua. Egintza administratibo motak. Egintza administratiboen osagaiak. Egintza administratiboen betebeharrak. Egintza administratiboen eraginkortasuna. Ondorioak. Jakinarazpena. Argitalpena.
9. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio Prozedura Erkidea (I): kontzeptua eta izaera. Prozeduraren bermeak. Abstentzioa eta errekusazioa.
10. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio Prozedura Erkidea (II): prozeduraren abiapuntua. Ordenazioa. Instrukzioa. Prozeduraren burutzea. Bukaera. Ohiko bukaera. Ebazpena. Atzera egitea eta uko egitea. Iraungitzea.
11. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio Prozedura Erkidea (III): egintza administratiboen exekuzioa.
12. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Egintza administratiboaren baliogabetasunaren teoria. Egintza administratiboen deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio-bidean berrikustea. Ofiziozko berrikuspena.
13. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-errekurtsoak. Printzipio orokorrak. Gora jotzeko errekurtsoa. Aukerako berraztertze-errekurtsoa. Berrikuspen-errekurtso berezia.
14. gaia.–822/2021 Errege Dekretua, 2021eko irailaren 28koa, Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena. Unibertsitateko ikasketen antolaketa: gradua, unibertsitateko masterra eta doktoretza. Unibertsitateen ikasketa berekiak.
15. gaia.–29E/2025 Foru Agindua, maiatzaren 14koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoengatik eta gainerako eskubideengatik 2025-2026 ikasturtean ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzen dituena.
16. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak. Egutegiak, antolamendu akademikoa, ikasleen kategoriak eta arduraldia, graduko eta masterreko ikasketa ofizialetarako sarbidea eta onarpena eta matrikula.
17. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko araudia. Onartua izateko prozedurak: ikasketak hasteko, Espainiako ikasketa bukatu gabeak aldatzeko, atzerriko ikasketa unibertsitarioak aldatzeko. Ikasleak zenbait egoera berezitan onar daitezela errazteko neurriak.
18. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko titulazioak eta doktoretza-programak: tituluen eskaintza, sartzeko bideak eta ikaspostu mugak. Ikasketak uztea eta berriz hastea. Ikasketetan jarraitzeari buruzko araudia.
19. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan ebaluazio prozesuak arautzen dituen araudia. Printzipio orokorrak. Kalifikazio sistemak. Ebaluazio sistema. Ebaluazio prozesuak. Ebaluazio jardueren garapena eta plangintza. Komunikazioa, kalifikazioak berrikustea eta erreklamazioak. Iruzurrezko bitartekoak erabiltzea. 719/2016 EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 11koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez ebaluazio prozesuak egokitzeko neurriak ezartzen baitira desgaitasun baten, Ikaskuntzaren Nahasmenduaren (IN) eta Arreta Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmenduaren (ADHN) ondorioz hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat.
20. gaia.–Kanpoko praktikak: 2019/2012 Ebazpena, 2012ko abenduaren 20koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez agintzen baita argitaratzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikak Arautzen dituen Arautegia.
21. gaia.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren beka orokorrak unibertsitateko ikasketetarako.
22. gaia.–Nafarroako Gobernuaren beka orokorrak unibertsitateko ikasketetarako.
23. gaia.–NUPeko beka eta dirulaguntza espezifikoak: lankidetza-bekak, nazioarteko mugikortasunerako dirulaguntza bereziak eta matrikula ordaintzeko eta larrialdi sozialeko dirulaguntzak zailtasun ekonomikoak dauzkaten ikasleentzat.
24. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Datuen babeserako printzipioak. Pertsonen eskubideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Datuak Babesteko duen Politika.
25. gaia.–3/2022 Legea, 2022ko otsailaren 24koa, unibertsitateko bizikidetzari buruzkoa.
26. gaia.–1791/2010 Errege Dekretua, 2010eko abenduaren 30ekoa, Unibertsitateko Ikaslearen Estatutua onesten duena.
27. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren organigrama, egitura, gobernu organoak eta zerbitzuak.
28. gaia.–Unibertsitate zabalpena eta haren kredituen aitorpena. Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketetan prestakuntza osagarriko unibertsitate jarduerengatik kredituak aitortzen dituen araudia.
29. gaia.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, 2013ko azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onesten duena.
30. gaia.–31/2022 Foru Legea, 2022ko azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Diskriminaziorik eza eta autonomia. Autonomia pertsonala bermatzeko neurriak. Laguntza pertsonala eta bizimodu independenterako bulegoa. Unibertsitateko hezkuntza. Irisgarritasuna komunikazioan. Irisgarritasuna produktu eta zerbitzuetan.
31. gaia.–224/2019 Foru Agindua, 2019ko maiatzaren 31koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasun eta/edo desgaitasun egoera bat aitortua duten pertsonen laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa arautzen duena. 515/2014 Foru Agindua, 2014ko abuztuaren 18koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, desgaitasun maila egiaztatzeko txartela sortzen duena.
32. gaia.–4/2015 Legea, 2015eko apirilaren 27koa, Delituaren Biktimaren Estatutuarena. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. Oinarrizko eskubideak. Biktimak babestea. Biktimei laguntzeko bulegoak.
33. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, 2007ko martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoa. Atariko titulua: Legearen xedea eta eremua. I. titulua: Berdintasunaren printzipioa eta bereizkeriaren aurkako tutoretza. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak.
34. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. III. titulua: Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak. IV. titulua: I. kapitulua: Herritar aktiboak, ahalduntzea eta parte-hartzea. III. kapitulua: Bizitzaren iraunkortasuna: lan produktiboa eta erreproduktiboa.
35. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, 2004ko abenduaren 28koa, genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa. Atariko titulua: Legearen xedea. II. titulua: Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak.
36. gaia.–14/2015 Foru Legea, 2015eko apirilaren 10ekoa, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. IV. titulua: Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. V. titulua: Arretarako eta oneratzeko baliabideak eta zerbitzuak. IX. titulua: Erreparazioa. 3/2018 Foru Legea, 2018ko apirilaren 19koa, 14/2015 Foru Legea aldatzen duena, zeina apirilaren 10ekoa baita, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitekoa.
37. gaia.–10/2022 Lege Organikoa, 2022ko irailaren 6koa, sexu askatasunaren berme integralari buruzkoa. Atariko titulua: Xedea eta helburua. Aplikazio eremua. II. titulua: I. kapitulua: Prebentzioa eta sentsibilizazioa hezkuntzan, osasunaren arloan, arlo soziosanitarioan eta gizarte zerbitzuenean. Leku publiko seguruak. II. kapitulua: Detekzioa eta esku-hartzea arlo soziosanitarioan eta gizarte zerbitzuen sisteman. IV. titulua: I. kapitulua: Eskubidearen helmena eta bermea. VI. titulua: Justizia eskura izatea eta lortzea. VII. titulua: Erreparazio eskubidearen helmena eta bermea. Erreparazio sinbolikoa eta ikuspegi erreparazio emailea.
38. gaia.–4/2023 Legea, 2023ko otsailaren 28koa, transexualen berdintasun erreal eta eraginkorrekoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: II. kapitulua: 4. atala: Osasunaren arloko neurriak. 5. atala: Hezkuntzaren arloko neurriak. II. titulua: I. kapitulua: Legitimazioa. Ondorioak. II. kapitulua: 3. atala: Osasunaren arloko neurriak. III. titulua: Babes eraginkorra eta erreparazioa LGTBIfobiagatiko diskriminazioaren eta indarkeriaren aurka.
39. gaia.–8/2017 Foru Legea, 2017ko ekainaren 1koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: I. kapitulua: Arlo sentikorretan jarduten duten profesionalak. II. kapitulua: Gizarte arloko neurriak. III. kapitulua: Osasun arloko neurriak. V. kapitulua: Unibertsitateko hezkuntza. III. titulua: Transgenero, transexualitatea eta intersexualitatea. IV. titulua: IV. kapitulua: Arretarako eta ordainerako eskubidea.
40. gaia.–NUPeko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako II. Plana (2022-2027).
41. gaia.–Pertsona transexualek, transgeneroek eta intersexualek Nafarroako Unibertsitate Publikoan izena aldatzeko protokoloa.
42. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan jazarpen psikologikoa, sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitzeko, hautemateko eta haien aurrean jarduteko protokoloa.
43. gaia.–Hizkuntzaren erabilera inklusiboa eta ez-sexista NUPen. Hizkuntza modu inklusibo eta ez-sexistan erabiltzeko estrategia linguistikoak: forma zehatzak, bi generoen erabilera, forma generikoak eta beste baliabide batzuk.
44. gaia.–15/2006 Foru Legea, 2006ko abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (1): Xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumen eta antolaketa araubidea. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa.
45. gaia.–15/2006 Foru Legea, 2006ko abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (2): Kontsulta eta partaidetza organoak. Gizarte zerbitzuetako profesionalak. Ekimen pribatua. Kalitatea, ikuskapena eta zehapen araubidea.
46. gaia.–15/2016 Foru Legea, 2016ko azaroaren 11koa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena. 26/2018 Foru Dekretua, 2018ko apirilaren 25ekoa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzkoa.
47. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa (5): Desgaitasunen bat duten pertsonen arreta eta gaixotasun mentalen bat dutenena.
48. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa (6): Gizarte-bazterketa egoeran edo horretarako arriskuan dauden pertsonen arreta.
49. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa (7): Adingabeen arreta eta genero indarkeriaren biktimentzako arreta.
50. gaia.–19/2021 Legea, 2021eko abenduaren 20koa, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duena.
51. gaia.–2/1998 Foru Legea, 1998ko martxoaren 27koa, Bolondres lanari buruzkoa.
52. gaia.–Nafarroako Osasun Mentaleko Plana. Nahasmendu mentala duten pertsonei arreta emateko baliabideak. Nafarroako Osasun Mentaleko Sareko Gizarte eta Osasun Laneko Zerbitzuen Karta.
53. gaia.–Esku hartze sozialeko ereduak eta metodoak. Arreta Integralaren Eredua. Pertsona Ardatz duen Arreta Eredua.
54. gaia.–Esku-hartze sozialeko teknikak eta tresnak.
55. gaia.–Gizarte laguntza inklusio prozesuetan esku hartzeko metodo gisa: definizio adostua, parte hartzeko baldintzak, ezaugarriak eta esku hartzeko plana.
56. gaia.–Bioetika. Bioetikaren lau printzipio klasikoak. Beauchamp eta Childress.
57. gaia.–Etika esku-hartze sozialean: printzipio eta dilema etikoak.
58. gaia.–Gizarte bazterkeria Espainian: gizarte bazterkeriaren kontzeptua. Baztertutako pertsonak identifikatzeko eta bazterketa-prozesuen alderdiak kuantifikatzeko adierazle sozialak.
59. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Dibertsitatearen eta Inklusioaren Unitatea: programak, zerbitzuak eta laguntza tipologiak.
60. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko mentoretza sozialeko programak: Urretxindorra eta Prometeus programak.
61. gaia.–CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia: Batzorde sektorialak eta sareak: Unibertsitateetan Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntzeko Zerbitzuen Sarea (SAPDU), Dibertsitatearen aldeko Unibertsitateen Sarea (RUD). Espainiako Unibertsitateetako Bizikidetza Batzordeen Sarea (CCU) eta Jasangarritasun Batzordeko Unibertsitate Osasungarrien Taldea.
62. gaia.–Pertsona Migratzaileei Harrera Egiteko Nafarroako Plana (2021-2026). Pertsona migratzaileen harreraren oinarri teorikoa. Planaren eskumen-, arau- eta politika-esparrua. Planaren esparru politikoa eta estrategikoa. Printzipio gidariak eta helburu orokorra. Ardatz estrategikoak eta jarduteko ildo lehentasunezkoak, helburu espezifikoak eta neurriak. Segimendua eta ebaluazioa.
63. gaia.–4/2000 Lege Organikoa, 2000ko urtarrilaren 11koa, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoa, eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzkoa. Atzerritarren araubide juridikoa, Espainiako lurraldean sartzeko baldintzak. Bisa motak. Bisa ematea. Egonaldi- eta bizileku-baimena. 1155/2024 Errege Dekretua, 2024ko azaroaren 19koa, 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onesten duena. Lege organiko hori 2000ko urtarrilaren 11koa da, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoa, eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzkoa. Iraupen luzeko bisak. Egonaldi luzea egiteko baimena ikasketak, ikasleen mugikortasun programak, boluntariotzako zerbitzuak edo prestakuntza-jarduerak egiteagatik.
64. gaia.–Osasun laguntzaren eskuragarritasuna. 16/2003 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzkoa. Atariko kapitulua. Prestazioen antolamendua. 576/2013 Errege Dekretua, Osasun Sistema Nazionaleko aseguratu edo onuradun ez direnei osasun laguntza emateko hitzarmen bereziaren oinarrizko baldintzak ezartzen dituena eta 1192/2012 Errege Dekretua aldatzen duena. Errege dekretu horrek arautzen du Espainian funts publikoen kargura eta Osasun Sistema Nazionalaren bidez osasun laguntza jasotzeko aseguratu eta onuradun izaera. 7/2018 Errege Lege Dekretua, Osasun Sistema Nazionalerako sarbide unibertsalari buruzkoa. Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2018ko apirilaren 6koa, zeinaren bidez erabakitzen baita Nafarroako osasun laguntzako hitzarmen berezietatik eratorritako prezio publikoa ordaintzetik salbuestea kalteberatasun ekonomiko eta sozial bereziko egoeran daudenak.
Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
II. ERANSKINA.–DIBERTSITATEAREN ARLOKO KUDEAKETARI IZATEKO LANPOSTUA (B MAILA)
LANPOSTUA | NORA ATXIKIA | CAMPUSA | LANALDIA |
894 | Giza Baliabideen Zerbitzua / Osasunaren Sustapenerako eta Jasangarritasunerako Atala / Dibertsitatearen eta Inklusioaren Unitatea | Iruñea | Lanaldi zatitua |
Iragarkiaren kodea: F2604894
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
