2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EGUESIBAR
Aldaketa, Kontribuzioaren hobarirako ordenantza fiskal orokorrean. Behin betiko onespena
Eguesibarko Udalak, 2025eko abenduaren 17an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea Lurraren kontribuzioaren zergaren kuotan hobaria ezartzeko ordenantza fiskal orokorrean, kasu hauetan: kasuko etxebizitza ohiko bizilekua baldin bada familia ugari edo familia gurasobakar baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularrak diren subjektu pasiboentzat, eta, orobat, zergadunek kotizazio gabeko pentsioak badituzte eta errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen badute.
Aldaketa horren hasierako onespenari eta arauzko jendaurreko aldiari buruzko iragarkia argitara eman zen 2026ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 27an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko aldian ez zitzaion alegaziorik aurkeztu. Hala bada, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta aplikatzekoa den gainerako legedian.
14. artikuluari apartatu berri bat (laugarrena) gehitzen zaio, hauxe dioena, hitzez hitz:
"14.4. Lurraren kontribuzioaren zergaren hobariak.
14.4.1. Lurraren kontribuzioari dagokionez, honako hobari hauek ezartzen dira zergaren kuotaren gainean, kasuko etxebizitza ohiko bizilekua baldin bada familia ugari edo familia gurasobakar baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularrak diren subjektu pasiboentzat, eta, orobat, zergadunek kotizazio gabeko pentsioak badituzte eta errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen badute.
Hobari bat, aipatutako higiezinaren kuotaren %20tik %90era bitartekoa, hobaria eskatzen duten etxebizitzaren titularrak badira soilik, eta honako errenta-mailen taula honen arabera:
PER CAPITA ERRENTAREN TARTEA | HOBARIAREN EHUNEKOA |
5.000 eurotik beherako per capita errenta | %90 |
5.000 euroko edo hortik gorako eta 8.000 eurotik beherako per capita errenta | %75 |
8.000 euroko edo hortik gorako eta 12.000 eurotik beherako per capita errenta | %50 |
12.000 euroko edo hortik gorako eta 15.000 eurotik beherako per capita errenta | %30 |
15.000 euroko edo hortik gorako eta 20.000 eurotik beherako per capita errenta | %20 |
Familia gurasobakarren kasuan, aurreko taula aplikatzeko, kide bat gehiago zenbatuko da per capita errenta zehazteko.
Hobaria soilik aplikatuko zaio subjektu pasiboaren ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako etxebizitzari. Ondorio horietarako, ohiko bizilekutzat hartuko da subjektu pasiboa eta haren familia-unitateko kide guztiak erroldatuta dauden etxebizitza. Hobaria etxebizitzari dagokion zergaren kuotaren zatiari bakarrik aplikatuko zaio, eta kanpoan geratuko dira higiezinaren beste elementu batzuk, hala nola garajeak, trastelekuak, lorategiak, portxeak edo zoladurak.
Hobari hau eskuratzeko errenta-muga zehazterakoan, kontuan hartuko den lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da indarrean zegoena hobariaren portzentajea frogatzeko aurkeztu behar den errenta aitorpenari dagokion urtearen abenduaren 31n.
Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien portzentajeak kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren –pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren– egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta horiek zatituko dira familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz. Hobaria kalkulatzeko, aintzat hartuko da indarrean den PFEZaren gaineko araudian xedatutako familia-unitatea.
Hobari hau aplikatzeko baldintza izanen da familia-unitateko kideen errenten batura ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).
Ezinbesteko baldintza izanen da familia-unitatea ez izatea etxebizitza baten baino gehiagoren titularra.
14.4.2. Hobaria eskatu egin behar da, eta zerga-hobariaren titularrak higiezin batean bakarrik aplikatzen ahalko du. Hobaria zer ekitalditarako eman den, ekitaldi horretan soilik izanen du balioa, eta eskatu beharko da dagokion zergaldiaren azaroaren 1etik abenduaren 31ra bitartean. Gainera, nahitaez aurkeztu beharko dira honako agiri hauek:
–Etxebizitzarako hobaria, kasuko etxebizitza ohiko bizilekua baldin bada familia ugari edo familia gurasobakar baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularrak diren subjektu pasiboentzat:
a) Etxebizitza bakar baten titular izatearen erantzukizunpeko adierazpena.
b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari edo familia gurasobakar baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularra.
c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren edo aitorpenen (eskaeraren urtean egindakoa edo egindakoak) fotokopia (higiezinei buruzko informazioaren eranskina barne) edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.
–Etxebizitzarako hobaria, kasuko etxebizitza ohiko bizilekua baldin bada kotizazio gabeko pentsioak dituzten eta errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten subjektu pasiboentzat:
a) Etxebizitza bakar baten titular izatearen erantzukizunpeko adierazpena.
b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren edo aitorpenen (eskaeraren urtean egindakoa edo egindakoak) fotokopia (ondareari buruzko eranskinak barne) edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.
Bi kasuetan, hobaria eskatzen duten subjektu pasiboak ez daude behartuta aurkeztera jada Udalaren eskuetan dauden agiriak. Dena den, horren berri eman beharko dute eskaeran, eta adierazi zer prozeduratan aurkeztu zituzten.
Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako eskaerarik.
Hobaria eskatzen den unean, ezinbestekoa izanen da egunean izatea Udalarekiko zerga-betebeharrak.
Hobaria aitortua duten subjektu pasiboek Udalari komunikatu beharko diote gorabehera oro, baldin eta horrek eragina badu hobari fiskala emateko eta hartaz baliatzeko baldintzetan. Hala egiten ez badute, Udalak erregularizazio-espedientea hasiko du ofizioz, eta, kasua bada, eskatuko du hobaridun zenbatekoak itzultzeko.
Zerga honengatik hobaria jasotzea bateraezina da zerga bereko beste edozein hobarirekin. Ez da analogiarik onartuko zerga-egitatearen eremua edo hobariena bere horretatik harago eramateko.
Sarrigurenen, 2026ko martxoaren 13an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.
Iragarkiaren kodea: L2604153