2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Aldaketa, Iruñeko Udal Planaren ARS-4ko (UI-XIX) S-2 sektoreko behin betiko likidazioaren kontuan, epai bat bete beharrez. Onespena
Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko martxoaren 16an, honako erabaki hau hartu zuen:
JOB 16-MAR-26 (5/UV).
Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2025eko irailaren 9an egin bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Iruñeko Udal Planaren ARS-4ko (UI-XIX) S-2 sektoreko behin betiko likidazioaren kontua.
Dokumentuaren 8. atalean ("Egoera judiziala kalte-ordainen zenbatekoei eta urbanizazio-kostuei dagokienez"), jasotzen zen zein egoeratan zegoen ebatzi gabeko errekurtso bat, zeinak hizpide baitzuen ARS-4ko S-2 eremuaren behin-behineko likidazioaren kontua jasotzen zuen birpartzelazio-proiektua behin betiko onesteko erabakia eta zeina jarri baitzuten Ángel Oroz Asiainek, José María Oroz Asiainek eta Elena Oroz Asiainek.
2025eko abenduaren 17an, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Kasazio Atal Berezi Autonomikoak auto bat eman zuen. Auto horren bidez, ez zen onartu Iruñeko Udalaren 328/2025 Kasazio Errekurtso Autonomikoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2023ko azaroaren 9ko 314/2023 Epaiaren aurkakoa. Epai horren bidez, baietsi zen Elena Oroz Asiainek eta Ángel Oroz Asiainek jarritako 316/2023 Apelazio Errekurtsoa, Iruñeko administrazioarekiko auzien 1. epaitegiaren 2023ko maiatzaren 24ko Epaiaren aurkakoa. Epai horren bidez, ezetsi zen Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarraren 2022ko uztailaren 4ko Erabakiaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Erabaki horren bidez, ezetsi zen Iruñeko Udal Planaren ARS-4ko (UI-XIX) S-2 sektoreko birpartzelazio-proiektuaren behin betiko onespenaren aurkako berraztertzeko errekurtsoa. Aipatu auto horren bidez, gainera, ezetsi ziren errekurtsogileek aurkeztutako alegazioak eta behin betiko onetsi zen Iruñeko Udal Planaren ARS-4ko (UI-XIX) S-2 sektoreko birpartzelazio-proiektua.
Autoak zehazten du irmoa dela Oroz anai-arrebek aipatu birpartzelazio-proiektuaren behin betiko onespenaren aurka jarritako errekurtsoa onesten duen epaia, eta agintzen du, batetik, alda dadin likidazioaren kontua eta aitor daitezen ordainketak, lehen birpartzelazio-proiektuan aitortutako kalte-ordainak konpentsatuta, eta, bestetik, aintzat har ez daitezen TELCOk egindako behin-behineko sarbideak egiteko kostuak, oinarri hartuta Hiri Bizigarriko Zinegotzigo Delegatuaren 2017ko azaroaren 13ko Ebazpena.
Azaldutakoarekin bat,
ERABAKITZEN DA:
1. Onestea Iruñeko Udal Planaren ARS-4ko (UI-XIX) S-2 sektoreko behin betiko likidazioaren kontuaren aldaketa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2023ko azaroaren 9ko epaia bete beharrez. Guztira, 5.252.557,55 eurokoa da.
2. Erabaki hau igortzea Iruñeko Udaleko Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko Alorreko Ogasun Zuzendaritzari eta Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako Zerbitzu Ekonomikoari.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Iruñeko Udal Planaren ARS-4ko (UI XIX) S-2 sektoreko behin betiko likidazioaren kontuaren dokumentua argitaratzea Udalaren webgunean (https://www.pamplona.es/eu/temas/urbanismo-vivienda-e-infraestructuras/actuaciones-urbanisticas/gestion-poligonos).
5. Erabaki hau jakinaraztea espedientean interesa dutenei, eta adieraztea kasu bakoitzean zer errekurtso diren bidezkoak.
Iruñean, 2026ko martxoaren 17an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L2604226