70. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2026 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: dirulaguntzak, egoitza Nafarroan duten lau unibertsitate zentroentzat, 2026an udako ikastaroak egiteko. DDBN kodea: 891863.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, eta bertan proposatu Nafarroako lau unibertsitate zentroetan 2026an udako ikastaroak egiteko dirulaguntzen deialdia onets eta argitara dadila.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: dirulaguntzak, egoitza Nafarroan duten lau unibertsitate zentroentzat, 2026an udako ikastaroak egiteko. Haren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Gehienez, 100.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko aurrekontuko "Nafarroako unibertsitateetako eta UNEDek Nafarroan dituen zentroetako udako ikastaroak" izeneko G10001 G1100 4819 322300 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen, deialdi honen eta deialdiaren oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

Sarrigurenen, 2026ko martxoaren 6an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Eva Perujuániz Bermúdez.

ERANSKINA.–DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, NAFARROAN EGOITZA DUTEN LAU UNIBERTSITATE ZENTROETAN 2026AN UDAKO IKASTAROAK EGITEKO

1. oinarria.–Xedea.

a) Deialdi honen xedea da Nafarroan egoitza duten unibertsitate zentroek antolatutako udako ikastaroak finantzatzea, helburua izanik Nafarroako gizarteari ezagutza hedatzea.

b) Ikastaroen gaia, ahal dela, lotuta egon beharko da Agenda 2030ean jasotako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), Unibertsitate Zuzendaritza Nagusiaren partaidetza duten Nafarroako Gobernuaren plan desberdinetan aurreikusitako ekintzekin (berdintasuna, irisgarritasun unibertsala, jasangarritasuna eta abar), bai eta tolerantzia, bizikidetza eta balio demokratikoak sustatzen dituzten gaiekin, eraldaketa demografiko, berde eta digitalarekin lotutako gaiekin, edo zientzia, teknologia eta osasunean gizarte zientziak zeharka sartzen dituzten horiekin ere.

c) Gainera, unibertsitate bakoitzak proposatutako ikastaroen eskaintzan nahitaez sartu beharko da euskaraz eskainitako udako ikastaro bat, gutxienez.

2. oinarria.–Parte-hartzaileak.

Nafarroan egoitza duten unibertsitateek parte hartzen ahal dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentroek.

3. oinarria.–Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura.

Laguntzak finantzatzeko deialdiaren zenbatekoa 100.000 eurokoa da.

4. oinarria.–Eskaerak.

a) Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Ikastaroak antolatzen dituen unibertsitate zentroak izanen du eskaera aurkezteko ardura.

b) Aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Erantsitako dokumentazioa fitxategi bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

c) Honako hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera:

1.–Eginen diren ikastaroen proposamena:

–Ikastaroaren testuingurua: Gizarteari helarazi nahi zaizkion xedeak eta jarduera pedagogikoak.

–Bateragarritasuna Agenda 2030ean jasotako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) eta Unibertsitate Zuzendaritza Nagusiaren partaidetza duten Nafarroako Gobernuren planetan aurreikusitako ekintzekin (berdintasuna, irisgarritasuna, jasangarritasuna, despopulazioa eta abar).

–Ikastaro bakoitzaren edukiaren laburpen txikia: ikastaroa emateko data, ordu kopurua, kredituen arabera baliozkotzeko aukera, lekua, prezioa (hala badagokio)...

–Ikastaroak gauzatzeko kronograma.

–Ikastaroen eskaerarekin batera, "Ikastaroen eskaintza" izeneko Excel dokumentua aurkeztu beharko da beti.

–Erreserbako ikastaroak: unibertsitate bakoitzak erreserbako ikastaroen atal bat aurkezten ahalko du. Ikastaro horiek baloratuko dira, eta erabiltzen ahalko dira, organo eskudunak baimena eman ondoren, baldin eta hautatutako ikastaroren bat bertan behera gelditzen bada, behar adina eskaera ez egoteagatik edo ezinbesteko arrazoiengatik.

2.–Ikastaro bakoitzerako proposatutako hizlarien laburpena eta biografia laburra.

3.–Gastuen aurrekontua, ikastaro bakoitzaren arabera xehakatua, laguntzaren fitxako ereduari jarraituta.

4.–Ikastaroen eskaintza hedatzeko bitartekoak.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio zentro eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko da, eta artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta ikastaroen finantzaketa.

Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko ditu deialdi honen esparruan unibertsitate zentro bakoitzak emandako udako ikastaroak egitearen ondoriozko gastu zuzen guztiak, zentro bakoitzeko 25.000 euroko muga ezarrita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak dira garatu beharreko jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak. Hala, diruz laguntzeko modukoak izanen dira ikastaroen gastu zuzenak, besteak beste hizlari eta konferentziagileei egin beharreko ordainketak, hizlarien bidaia, ostatu eta dietak, ikastaroaren zuzendaritza, informazioko material eta liburuxkak, eta ikastaroak garatzeko beharrezkoak diren zuzeneko bestelako gastuak.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluetan xedatutakoaren arabera, ekipo ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza edo laguntza enpresek egindako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan ez badago hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate. Aukeraketa hori egiteko, gutxienez 3 hornitzaile desberdinen aurrekontuak hartuko dira kontuan.

Gastuen aurrekontu bat aurkeztuko da, laguntzaren fitxan ezarritako ereduaren araberakoa. Aurrekontuan, ikastaroa emateko sortuko diren gastuak banakatuko dira.

Proiektuen araberako gastu aurrekontuan haiei lotutako gastuak agertuko dira bakarrik, hau da, proiektua osatzen duen jardueretako bakoitzari lotutakoak. Zuzeneko gastu horiek izaeraren arabera xehakatu beharko dira (ordainsariak, materialak, eskuorriak, etab.).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak dira zalantzarik gabe bat datozenak garatu beharreko jardueraren izaerarekin, baldin deialdi honetan ezarritako epean egin eta memorian sartu badira.

Kontratatzen diren langileen gastua ere diruz laguntzen ahalko da, deialdi honetan aurkezten diren proiektuetako jarduerak garatzeko kontratatzen badira, dedikazio zuzen eta esklusiboan. Gastu hori ez da izanen proiektuetako kostu diruz lagungarri guztien %15 baino gehiago.

Ez dira diruz lagunduko unibertsitatearen barneko langileria gastuak, unibertsitatearen jarduera arruntarenak, ez eta idazkaritzako, kudeaketako eta gisako gastuak ere. Zeharkako gastuak ere ez dira inola ere lagunduko, urtebetetik gorako bizitza baliagarria duten ekipamendu informatikoak edo antzekoak barne.

Unibertsitateko langileek egindako lanaren kostua diruz laguntzen ahalko da, baldin eta langile horiek hizlariak badira hitzaldi eta ikastaroetan. Horretarako, dagokion faktura egin beharko da zerbitzu horiek egiteagatik.

Jasandako BEZa justifikatu beharreko zenbatekoan sar daiteke, unibertsitate eskatzailearen jarduerei aplikatzen ahal zaien BEZeko salbuespenari dagokion zati proportzionalean. Horretarako, unibertsitateek egiaztagiri fiskala aurkeztuko dute.

Diru-sarrerak dituzten jarduerengatik aurreikusitako diru-sarrerak (adibidez, parte-hartzaileen matrikulak) gastuen aurrekontuan sartu beharko dira, eta guztizko zenbatekoa txikiagotuko dute.

6. oinarria.–Prozedura eta hautapen irizpideak.

a) Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraituta emanen dira, objektibotasun, gardentasun, berdintasun, publikotasun eta diskriminaziorik ezeko printzipioekin bat.

b) Prozedura instruitzeko organo eskuduna Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusia da, eta, haren barnean, Unibertsitateko Zerbitzua. Balorazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak. Batzorde hori Unibertsitateen Zerbitzuko teknikariek osatuko dute, eta Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuetako teknikarien laguntza eskatzen ahalko dute.

c) Unibertsitate zentro bakoitzaren proposamena lortutako puntuazioaren arabera antolatuko da. Gutxienez 60 puntu lortu behar dira dirulaguntza jasotzeko aukera izateko. Eskaerak irizpide hauek kontuan hartuta ebaluatuko dira:

–Gehienez 40 puntu ikastaroak 1. oinarrian aipatzen diren gaietara egokitzeagatik.

–Gehienez 20 puntu ikastaroak emateko proposatutako hizlarietan emakumeen eta gizonen arteko orekari eusteagatik eta alderdi desberdinetan generoa zeharkako moduan aplikatzeagatik.

–Gehienez 20 puntu proposatutako eskaintzan euskarazko ikastaroak sartzeagatik.

–Gehienez 10 puntu ikastaroak emateko proposatutako espazioetan irisgarritasun neurriak aurreikusteagatik eta baliabide pedagogiko irisgarriak erabiltzeagatik.

–Gehienez 5 puntu ikastaroak zabaltzeagatik (sare sozialak, neswsletterra, webgunea, etab.).

–Gehienez 5 puntu ikastaroen proposamena aurkezteko moduagatik (formatua, informazioaren aurkezpen argia, sartutako berrikuntzak, etab.).

Organo eskudunak hautatutako ikastaroren bat bertan behera gelditzen bada behar adina eskaera ez egoteagatik edo ezinbesteko arrazoiengatik, unibertsitateak ikastaro horren ordez erreserbako beste ikastaro bat egiten ahalko du, gutxienez 60 puntu lortu baditu balorazioan. Horretarako, organo eskudunari kontsulta eginen zaio, eta hark baimendu beharko du aldaketa hori.

7. oinarria.–Deialdia ebaztea eta laguntzak ematea.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta eskaerak ebaluatu ondoren, Unibertsitateko zuzendari nagusiak, hilabeteko epean gehienez, ebazpen bat emanen du laguntzak emateko. Ebazpena Nafarroako Gobernuko Atariko izapideen katalogoan argitaratuko da (www.nafarroa.eus), eta zentro interesdunei jakinaraziko zaie gaitutako helbide elektronikoan (DEHu). Gastuen aurrekontua eta ebazpen horretan onesten den laguntza ezin izanen dira gainditu behin betiko laguntzaren justifikazioan eta ordainketan.

8. oinarria.–Gauzatzeko epea.

Udako ikastaroak 2026ko aurrekontu ekitaldiaren barruan eman beharko dira, eta, zehatzago, udako hilabeteetan, 2026ko ekainetik 2026ko irailera bitarte. Diruz lagundutako ikastaroak ematen direnetik, unibertsitate zentro esleipendun bakoitzak jardueren gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu Unibertsitateko Zerbitzuan, hurrengo oinarrian adierazitako prozeduraren arabera.

9. oinarria.–Ordainketa eta justifikazioa.

a) Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez baimenduko da dirulaguntzaren ordainketa, behin zentro onuradunek aurkeztuta proiektuen gastuaren justifikazio kontua Nafarroako Gobernuko Atariko tramiteen katalogoan, 2026ko azaroaren 4a baino lehen.

b) Justifikazio kontuak bi atal izanen ditu: memoria ekonomikoa eta memoria akademikoa.

A.–Justifikazio ekonomikoa - Memoria ekonomikoa.

a) Ikastaroen gastuen laburpena aurkeztuko da, dagozkien fakturak xehakaturik, laguntzaren fitxako ereduari jarraituta.

b) Gastua justifikatzeko, fakturen kopiak eta egiaztatzeko moduko ordainagirienak aurkeztu beharko dira.

c) Hizlariek aurkezten dituzten fakturetan zehaztu beharko da zenbat ordu egin duten fakturatutako zerbitzuan.

d) Deialdi honetan aurkezten diren ikastaroak emateko asmoz dedikazio zuzen eta esklusiboarekin kontratatzen diren langileen gastuaren kasuan, kontratua aurkeztu beharko da. Horrez gain, unibertsitateko langileria arduradunak egindako ziurtagiria erantsiko da, non adieraziko baita kontratazio horren kostua; bertan zehaztu beharko da nola banatzen eta egozten den kostu hori langile horien parte-hartzea izan duten ikastaroetako bakoitzean.

e) Laguntza horien zenbatekoa laguntzaren xedeko ikastaroak egitean zuzenean sortzen diren gastuei aplikatzen ahal zaie soilik, deialdi honen 7. oinarrian zehaztutakoa kontuan harturik. Gastuen ordainagirien eguna, hots, fakturena, 2026. urtekoa izanen da. 9. oinarrian ezarritako justifikazio epea bukatu aurretik egiazki ordaindu diren gastuak soilik izanen dira diruz lagungarriak.

f) Diru sarrerak izan dituzten ikastaroen kasuan, diru sarrera horiek zenbatu eta justifikatu beharko dira (adibidez, parte-hartzaileen matrikulak). Diru-sarrera horiek jardueren gastuetatik kenduko dira jarduera horietan diruz lagundu daitekeen kostua kalkulatzean.

g) Ematen ez diren ikastaroak ez dira diruz lagunduko, prestatzeko gastuak eduki arren.

B.–Justifikazio akademikoa - Memoria akademikoa.

Memoriak honako hauek bildu beharko ditu:

a) Deialdi honen kargura finantzatu eta garatu diren ikastaroen edukia eta xehetasunak.

b) Erabilitako hedabideak (sare sozialak, prentsa, webgunea, etab.) eta horretarako diseinatutako materialak.

c) Beste edozein bitarteko, jarduerak egiazki egin direla justifikatzeko.

d) Ikastaro bakoitzean parte hartu dutenen kopurua (sexuaren arabera banatuta).

e) Eskari kopurua eta azkenean estalitako plaza kopurua.

f) Ikastaroetako partaideen asebetetze ebaluazioa, sexuaren arabera banatuta.

Atal hau justifikatzeko, "Memoria akademikoa" izeneko Excel dokumentua bete beharko da (eskuragarri utziko da horretarako).

10. oinarria.–Zentro onuradunen betebeharrak.

–Ikastaroak ezarritako egutegian egitea.

–Udako ikastaroen berri ematea, jendeak horietan parte har dezan.

–Memoria akademiko eta ekonomikoa ezarritako epean aurkeztea.

–Ikastaroetan eta horien zabalkundea egiteko materialetan Nafarroako Gobernuak emandako laguntza aipatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

–Betetzea ezarrita dagoena irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan (haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa). Azken horrek Nafarroako Foru Aurrekontuen kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak ezartzen ditu. Betebehar horiek bete behar badira, onuradunek arauan eskatzen den informazioa emanen dute. Betebehar horretatik salbuetsita badago, horren gaineko adierazpena aurkeztuko du.

–Emanen diren ikastaroak aurrez aurrekoak direnean, jarduera horiek garatzen diren ingurune fisikoaren irisgarritasun unibertsala bermatu beharko da. Online jarduerak direnean, horietarako irisgarritasun kognitiboa bermatuko da. Ikastaro horien informazioa zabaltzen denean, irisgarriak direla behar bezala jakinarazi beharko da.

11. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honek udako ikastaroen gastuak gehienez ere 25.000 eurora arte finantzatzea aurreikusten duenez, horiek egiteko ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da jarduera horietarako kanpotik jasotzen den beste edozein laguntza edo finantzaketarekin, betiere muga hori gainditu gabe.

Gastua 25.000 eurotik gorakoa bada, deialdi honetan emandakoaz bestelako finantzaketa jasotzen ahalko du.

12. oinarria.–Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedaturik ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

13. oinarria.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2603819