2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LARRAUN
Ordenantza, Udalaren autotaxien zerbitzu publikoari buruzkoa. Behin betiko onespena
Larraungo Udalak, 2025eko ekainaren 10ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Larraungo Udalaren autotaxien zerbitzu publikoaren ordenantza.
2025eko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 3an, eta Udalaren iragarki-taulan argitaratu ondoan, amaitu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.
Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen dira aldatutako artikuluak.
Larraunen, 2026ko otsailaren 16an.–Alkatea, Mikel Uharte Martija.
LARRAUNGO UDALAREN AUTOTAXIEN ZERBITZU PUBLIKOAREN ORDENANTZA
ATARIKO XEDAPENAK
1. artikulua. Indarrean dauden xedapenek ematen dizkioten eskudantziak baliatuz, Larraungo Udalak bidaiariak alokairuko automobil arinetan, taximetrorik gabe, garraiatzeko zerbitzua antolatzen du, bat etorriz erregelamendu honetako aginduekin, Zirkulazio Kodearekin, martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuarekin (haren bidez onetsi zen Ibilgailu arinen bidezko hiriko eta hiriarteko garraio zerbitzuen erregelamendu nazionala) eta erregelamendu horrekin bat heldu diren gainerako xedapenekin eta etorkizunean aplikatzen ahal zaizkionekin.
I. KAPITULUA.–ORDENANTZAREN XEDEA
2. artikulua. Ordenantza honen xedea da gidaria duten alokairuko ibilgailu arinetan bidaiariak garraiatzeko zerbitzua oro har arautzea, Larraungo Udalaren mugartean.
Autotaxien arloan, zerbitzuaren antolaketa eta antolamendua Larraungo Udalari dagozkio, aldez aurretik arlo honetako lanbide elkarteei entzunaldia emanda.
3. artikulua. Autotaxi esaten zaio taximetro kontagailurik gabeko turismo-ibilgailuari.
II. KAPITULUA.–IBILGAILUAK, HAIEN JABETZA ETA ZERBITZUA EMATEKO BALDINTZAK
1. ATALA.–AUTOTAXI IBILGAILUAK
4. artikulua. Ibilgailu guztiek balio izanen dute alokairuko zerbitzu publikorako, baldin eta potentzia, segurtasun eta itxura aldetik erregelamenduzko baldintzak betetzen badituzte, eta zerbitzua egiteko Udalaren baimena badute.
Ibilgailu horiek karrozeria itxia izan beharko dute, baita sarrera errazeko ateak ere. Ate horietan, gibelaldean, leihatilak izan beharko dituzte, behar beste, ahalik eta ikuspen, argitasun eta aireztapen handiena lortzeko, beira garden eta ezpaldu ezinezkoez hornituak.
Ibilgailuen barrenean behar den argi elektrikoa paratu beharko da. Su-itzalgailu bat ere izan beharko dute.
Ateek beti modu onean egon beharko dute, ibilgailuan aise sartu eta atera ahal izateko, eta beren leihoetako kristalak mugiarazteko behar den mekanismoa eduki beharko dute.
5. artikulua. Autotaxi ibilgailuek 9 HP baino potentzia handiagoa izan behar dute, eta benetako edukiera Industria Ordezkaritzak mota bakoitzerako ezarritakoa izanen da, baina ibilgailuaren edukiera ez da inola ere 5 plaza baino txikiagoa izanen, ezta 9 baino handiagoa ere, gidariarena barne.
Ez da baimenik emanen zerbitzuan bost urte baino gehiago daramatzaten ibilgailuak zerbitzuan jartzeko, eta ibilgailu horietako batek ere ezin izanen du zirkulatu alkatearen baimenik gabe.
6. artikulua. Autotaxiek plaka bat eraman beharko dute karrozeriaren aurrealdean zein atzealdean, "SP" letrak dituena, eta matrikula urdina izanen dute. Atzealdeko kristalean "Larraun" hitza jarriko du.
7. artikulua. Ibilgailuek, beren barrenean, plaka bat eraman beharko dute, eta hartan matrikula, lizentziaren zenbakia eta jarleku erabilgarrien kopurua paratuko dira; eta horretaz gain, behar bezala homologatutako su-itzalgailu bat ere izan beharko dute.
8. artikulua. Zerbitzu hori emateko ibilgailuak edozein koloretakoak izan daitezke. Oinarri horren gainean erabakiko du Larraungo Udalak erakundearen nortasun korporatiboaren aplikazioa. Ibilgailuek ez dute beste bereizgarririk izango, artikulu honetan aipatzen direnak izan ezik.
9.artikulua. Publizitatea.
1. Zerbitzu hori emateko ibilgailuek publizitatea eraman ahal izango dute, bai barruan, bai kanpoan. Larraungo Udalak erabakiko du publizitate horren aplikazioa, erregulazioa eta ezaugarriak.
2. Zerbitzu hori emango duten ibilgailuei zuzendutako publizitateak bide-publizitateari eta -segurtasunari buruz indarrean dagoen araudia errespetatu beharko du, ibilgailuaren estetika zaindu beharko du, hiri-paisaian duen inpaktua minimizatu beharko du eta ez du ikuspena galdu edo arriskurik sortu beharko.
10. artikulua. Ibilgailuek agiri hauek izan behar dituzte:
1.–Ibilgailuari dagozkion agiriak:
–Lizentzia.
–Plaka, ibilgailuaren udal-lizentziaren zenbakia eta plaza kopurua adierazita.
–Ibilgailuaren zirkulazio baimena.
–Aseguru poliza, indarduna.
2.–Gidariari dagozkion agiriak:
–Zirkulazio Kodeak eskatzen duen gidabaimen mota, erakunde eskudunak emana.
3.–Zerbitzuari dagozkion agiriak:
–Erreklamazio liburua.
–Erregelamendu honen ale bat.
–Osasun etxe, anbulantzia, ospitale, suhiltzaile eta gainerako larrialdi zerbitzuen helbideak eta kokalekuak.
–Herriaren planoa eta kale-izendegia.
–Toki erakundeak baimendutako ordainagirien taloitegiak.
–Indarrean dauden tarifen ale ofiziala.
4.–Indarra duen legeriak eskatzen dituen agiri guztiak.
11. artikulua. Ibilgailuak gutxienez urtean behin desinfektatu beharko dira eta intsektuak kendu, bai eta alkatetzak agintzen duen aldiro, Osasun Ikuskaritzak proposatuta; horren frogagiria eraman beharko da.
12. artikulua. Autotaxi ibilgailuaren azterketa eginen da urtero, Alkatetzak edo Industriako Ordezkaritzak beharrezkotzat joz gero agindu dezakeenaz gain, egoki irizten diotenean. Ibilgailuen titularrei zehapena paratzen ahalko zaie, baita lizentzia kendu ere, arauak behin eta berriz hautsiz gero, alegia, zainketa, itxura eta garbitasun aldetik beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez badituzte edo eskatutako bereizgarriak eta agiriak falta badituzte.
Autotaxi ibilgailuen urteroko azterketa Udalak egokiro erabakitzen duen epean eginen da. Azterketaren ordena autotaxien ordezkariekin bat etorrita ezarriko da.
2. ATALA.–LIZENTZIAK
13. artikulua. Larraungo Udalaren eskumena da lizentzien kopurua zehaztea, eta dagokion informazio batzordeak edo horretarako izendatu daitekeen epaimahaiak proposatuta emanen ditu.
Bi kasuetan herriko taxilariei entzunen zaie.
Udal lizentzien kopurua zerbitzuaren beharraren edo komenigarritasunaren araberakoa izanen da, kontuan hartuz haren egoera, kalitatea eta hedadura, bai eta biztanleria eta garraioan eta zirkulazioan oro har duen eragina ere.
Lizentziak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira eta Udalak eginen du horren baremoa; plaza hutsak gelditzen direnean bide bera erabiliko da.
14. artikulua. Autotaxiaren udal lizentzia eskatzen ahalko dute pertsona fisikoek bakarrik.
Lizentziarako eskabideak Larraungo Udalari zuzenduko zaizkio. Haietan eskatzaileak adieraziko du baduela erregelamendu honen xedapen guztien berri eta onartzen dituela. Horrekin batera, agiri hauek ere aurkeztuko dira:
1.–Ibilgailuak gidatzeko behar den baimen mota, agintaritza eskudunak emana.
2.–NANaren fotokopia.
3.–Hiru argazki, karneteko neurrikoak.
4.–Zinpeko aitorpena, gidabaimena kentzeko zehapenik jaso ez izanari buruzkoa, ez prozedura penalez, ez administratiboz.
5.–Beste edozein agiri, indarra duen legeriarekin bat.
Eskatutako baimena lortuz gero, onuraduna behartuta egonen da, jakinarazpen egunetik hasi eta gehienez ere hilabeteko epearen barrenean, honako agiri hauek aurkeztera:
a) Zerbitzua eginen duen ibilgailuaren zirkulazio baimena, bost urtetik beherako antzinatasuna duena.
b) Aseguru poliza mugagabea, hirugarrenei eta garraiatutako lagunei eragindako kalteetatik heldu den erantzukizuna estaltzeko. Aipatu epean agiri horiek aurkeztu ezean, kontzesioa iraungitzat joko da, eta berriz ere lehiaketa publikorako deialdia eginen da, arestian adierazitako prozedura erabiliz.
15. artikulua. Hutsik geratzen diren postuak Udalak erabakitakoaren arabera beteko dira, aldez aurretik ediktuak jarrita udaletxe honetako iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Ediktu horietan deialdi publikoaren betekizunak aipatuko dira, aurreko artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituzten izangaiek eskatu ahal izan ditzaten postu huts horiek.
16. artikulua. Udalak zehaztutako osasun zerbitzuek osasun azterketa eginen diete izangai guztiei.
17. artikulua. Ematen diren lizentziak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira, eta titularrek debekatuta izanen dute lizentzia eskuz aldatzea, lagatzea edo saltzea.
Hala eta guztiz ere, Udalak baimena emanen du lizentzia eman edo eskualdatzeko lan horretan aritzeko eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonei, honako kasu eta baldintza hauetan:
a) Titularraren heriotzagatik.
b) Taxilariak bere lanean aritzeko ezintasun iraunkor osoa izateagatik.
c) Erretiroa hartzeagatik edo jarduera borondatez uzteagatik; nolanahi ere, gutxienez 65 urte beteta izan beharko ditu.
Halaber, aipatutako eskualdaketa edo esleipena baimenduko da, baldin eta eskatzen bada titularraren arauzko jubilazioaren aurreko bost urteen barrenean, baldin eta aurreko hamabost urteetan jarraian zerbitzu ematen ari izan bada.
Ezintasun iraunkor osoa Gizarte Segurantzako dagokion organoak emandako ebazpenean zehaztuko da.
d) Gidabaimena gerora baliogabetu eta berrikuspena ukatzeagatik, taxilariak behar den gaitasun psikofisikoa edo psikoteknikoa galdu duelako edo une horretan ez izateagatik, betiere gaitasun gabezia hori ez bada interesdunak eragindako gertaera edo arau-hausteen ondorioz etorri.
Titularra hiltzen bada, lizentzia beste hauei esleitzen ahalko zaie, lehentasun ordena honen arabera:
1.–Ezkontide alarguna.
2.–Seme-alabak.
3.–Gurasoak.
4.–Legezko jaraunsleak, bigarren mailara arteko ahaidetasuna dutenak, zuzeneko lerrotik nahiz albokotik.
Aipatutakoek ez badute nahi edo ez badaude lizentzia ustiatzeko moduan, edonori eskualdatu diezaiokete, eskualdatzeko beste hiru kasuetako baldintza berberetan.
Esleipenaren onarpena edo eskualdaketa hitzarmena, kasu guztietan, notarioaren agiriaren bidez egin beharko da, bertan jarririk eskualdatzailearen nahiz hartzailearen izena eta gorabeherak, eta eskualdaketaren prezioa.
Heriotza kasuan, aipatu beharko dira, baita ere, lehentasunezko eskubidea duten ahaideen inguruabarrak eta, halakorik bada, eskubideari egindako ukoa.
Arauzko esleipen edo eskualdaketarako eskubidea iraungiko da, baldin eta aipatutako eskritura hori, behar den bezala eta eskabidea nahiz erregelamendua bete dela frogatzeko beharrezko diren gainerako agiriak formalizatu eta Udalean aurkezten ez badira, hura sortu duen kausa gertatu ondoko sei hilabetean, epe hori nahikoa baita, gertatzen diren goiti-beheitiak argitzeko.
Esleipen edo eskualdaketa kasu guztietan, Udalak txostena eskatuko dio taxilarien lanbide elkarteari, halakorik baldin bada; hartan egiaztatu beharko da interesdunek bete beharreko baldintza profesional, legal eta funtzional guztiak betetzen dituztela.
18. artikulua. Taxi-lizentzien eta -baimenen titularrek zuzenean edo kontratatutako langileen bidez eman ahal izango dute zerbitzua, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzetan.
19. artikulua. Kontratatutako langileekin zerbitzua ematea.
1. Lizentziaren titularrak gidari bat kontratatu ahal izango du, gehienez ere, ordu haranak, asteburuak, jaiegunak edo jai-bezperak, gertaera bereziak, herriko jaiak edo antzekoak betetzeko.
2. Taxi-zerbitzua gidari kontratatu baten bidez ematen den urteko denbora osoak ezin izango du gainditu lizentziaren titularrak zerbitzua ematen emandako denbora.
20. artikulua. Une oro, eta dagokion udal-baimenarekin, ibilgailu baten ordez beste bat erabili ahal izango da, betiere erregelamendu honetan aipatzen diren beharrezko baldintzak betetzen baditu.
Kasu berezietan, eta lizentziaren titularrak bere kabuz lanbidean aritzeko ezintasuna badu, Udalak, interesdunak emandako ziurtagiria jaso ondoren, lankide baten laguntza eman ahal izango du, epe jakin baterako; era berean, zerbitzuaren kasuan, 24 orduetan eta etengabeko lanaren premiarekin, ordezko bat baimenduko da titularraren konturako langile gisa, betiere araudi honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu.
21. artikulua. Larraungo Udalak emandako lizentzien erregistro edo fitxategi bat eramango du, eta bertan titularrei, ibilgailuei, ordezkapenei eta abarri buruzko gorabeherak idatziko dira.
3. ATALA.–TARIFAK
22. artikulua. Udalak tarifak ezarriko ditu, dagokion administrazio-agintaritzak baimena eman ondoren. Tarifak honako hauek izango dira:
–Eguneko tarifa: 10 euro eta 0,73 euro*km.
–Gaueko eta jaiegunetarako tarifa: 12 euro eta 0,91 euro*km.
–Hiru tarifa mota ezarriko dira: arrunta, goizeko 7:00etatik gaueko 22:00ak artekoa; gauekoa, gaueko 22:00etatik goizeko 7:00ak artekoa; eta jaiegunetakoa, jaiegunaren goizeko 0:00etatik gaueko 24:00ak artekoa.
Erabiltzaileak tarifak ikusi ahal izanen ditu ibilgailuaren barnealdean.
Tarifak aldatzeko erabiliko da haiek baimentzeko ezarrita dagoen prozedura bera.
Aplikatu beharreko gehieneko tarifak Nafarroako Gobernuak urtero taxien hiriarteko zerbitzuetarako onartzen dituenak izango dira.
Tarifak nahitaez bete beharko ditu taxilariak eta erabiltzaileak, eta udal-mugartearen barruan egongo dira indarrean. Herri arteko zerbitzurako tarifak aplikatu ahal izango ditu, emandako zerbitzuek udal-mugartearen muga gainditzen dutenean.
Tarifak ibilgailuaren barrutik ikusi ahal izango ditu erabiltzaileak.
Tarifak berrikusteko, baimena emateko aurreikusitako prozedura berari jarraituko zaio.
III. KAPITULUA.–ZERBITZUA EMATEA
1. ATALA.–BETEKIZUN OROKORRAK
23. artikulua. Erabiltzaileek lizentziaren titularrari eskatzen diotenean hasiko da zerbitzua.
Zerbitzua etenik gabekoa izanen da, eguneko hogeita lau ordukoa, igandeak eta jaiegunak barne. Udal zerbitzuek seinaleak paratuko dituzte taxiaren geltoki erreserbatua zehazteko.
Titularrak garbi, apain eta txukun agertu beharko du, itxura fisikoaren nahiz janzkeraren aldetik.
2. ATALA.–ZERBITZUA EMATEKO MODUA
24. artikulua. Gidariak ez dio uko egiten ahalko zerbitzu bat egiteari, bidezko arrazoirik ez bada. Bidezko arrazoitzat hartuko dira honako hauek:
1.–Polizia ondotik segika duten lagunek zerbitzua eskatzea.
2.–Ibilgailurako baimendutako lekuak baino lagun gehiago eramateko eskatzea.
3.–Bidaiaria mozkorturik edo sorgorkarien eraginpean badago, haren bizirako arriskua dagoenean izan ezik.
4.–Bidaiariaren arropek edo aldean daramatzan fardel, maleta edo animaliek ibilgailuaren barnealdea hondatu edo kalteak eragin ditzaketenean.
5.–Igarotzerik ez dagoen bideetan ibiltzea eskatzen zaionean, arriskutsua bada bidaiarien, gidariaren eta ibilgailuaren segurtasunerako eta osotasunerako; trafikoari irekitako bideetatik zirkulatzeko eskatzen zaienean, ezin zaio uko egin zerbitzua emateari.
25. artikulua. Taxilarien eginbeharra da, noiznahi, agintaritzako agenteek agindutako zerbitzua betetzea, istripuan zauritutakoak edo laguntza behar duten pertsonak eramateko.
Kasu horietan ibilgailuek jasaten dituzten kalteak Udalaren kontura konponduko dira, Udalak laguntza hartu duen pertsonari gastuen ordaina eskatzea deusetan galarazi gabe, baina horretarako, nahitaezkoa izanen da ibilgailua Udalean aurkeztea, ezbeharra gertatu eta 24 orduko epearen barrenean.
IV. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
26. artikulua. Erregelamenduaren kontrako arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izaten ahal dira.
27. artikulua. Arau-hauste arinak dira:
a) Erretzea zerbitzua ematen ari denean.
b) Ibilgailua, kanpotik nahiz barnetik, behar bezain garbi ez edukitzea.
c) Norberaren txukuntasun falta.
d) Hitzezko tratu txarra gidari lankideen artean.
28. artikulua. Arau-hauste astunak dira:
a) Sei hilabeteko epearen barrenean lau arau-hauste arin egitea, edo urtebetean hamar.
b) Erabiltzaileak aukeratutako ibilbiderako agindu zehatzei kasu ez egitea, beharrik gabe ibilbide luzeagoak eginez.
c) Norbera edo ibilgailua egoera txarrean dagoela zerbitzu egitea.
d) Inori zerbitzua ukatzea, bidezko arrazoirik gabe.
e) Bezeroekiko harremanetan edo oinezkoen nahiz beste ibilgailuen gidarien kontra hitz edo keinu zakarrak edo mehatxuak egitea.
f) Beste udal-mugarte batean bidaiariak biltzea.
g) Ibilgailuen azterketa arrunt nahiz berezietara ez joatea.
29. artikulua. Arau-hauste oso astunak dira:
a) Bidaiaria abandonatzea, eskatu duen zerbitzua egin gabe, horretarako arrazoirik batere ez dagoela.
b) Zerbitzura alkoholaren edo sorgorkarien eraginpean agertzea.
c) Erabiltzaileei gehiegizko prezioak kobratzea.
d) Urtebetean lau arau-hauste astun egitea.
e) Ibilgailuan ahantzitako edozein gauza ezgalkor bereganatzea, Larraungo Udalari horren berri eman gabe, gertatu ondoko 72 orduetan.
f) Zirkulazio Kodearen 289. artikuluan zehaztutako arau-hausteak.
g) Lanbidean aritzerakoan, dolozko delituak egitea.
30. artikulua. Alkatetzak zehatuko ditu arau-hauste arin, astun eta oso astunak. Arau-hauste arinengatik 30,05 eurotik 60,10 eurora bitarteko isuna ezarriko du eta lizentzia kenduko, 15 egun naturalera bitarte; arau-hauste astunengatik 60,10 eurotik 150,25 eurora bitarteko isuna, eta lizentzia etetea, 6 hilabetera arte; arau-hauste oso astunengatik 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna.
Horrez gain, arau-hauste oso astunak lizentzia behin betikoz kenduta zehatzen ahalko dira.
31. artikulua. Zehatzeko prozedura tramitatuko da Administrazio Prozeduraren Legean ezarritakoari jarraikiz, aldez aurretik interesdunari entzunaldia emanda.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Erregelamendu hau Nafarroako Gobernuak gero batean onesten dituen xedapenen menpe egonen da, eta aurreikusita ez dagoen orotan, berriz, martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuaren (haren bidez onetsi zen Ibilgailu arinen bidezko hiriko eta hiriarteko garraio zerbitzuen erregelamendu nazionala) edo hura gerora ordezkatzen duen bestelako xedapenen menpe.
Iragarkiaren kodea: L2604061