7. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

FITERO

Deialdia, administrari laguntzailearen plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren abenduaren 17ko 483/2020 Ebazpenaren bidez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, administrari laguntzailearen plaza bat hautaprobak eginez eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, funtzionarioen araubidean jardun dezan Fiteroko Udalaren zerbitzura.

OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari laguntzailearen plaza bat, D mailakoa eta funtzionarioen araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez eta txanda irekian betetzea, Fiteroko Udalaren zerbitzura jarduteko.

Prozesua gauzatuko da honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Deialdi honetan kontratatzeko hautatzen den pertsona funtzionarioa izanen da, eta izanen ditu indarreko xedapenek Fiteroko Udaleko langileen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Halaber, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da zerrenda bat eratzea probak gainditu arren hautapen prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin, oinarri hauetan xedatutakoarekin bat, zerbitzuan sortzen diren aldi baterako beharren arabera administrari laguntzailearen D mailako lanpostua aldi baterako betetzeko.

1.3. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan D mailako lanpostuetarako oro har ezarritakoak, baita Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta ordainsari osagarriak, halakorik balego, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.

1.4. Deialdia egin duen administrazioak ezarriko ditu lanaldi mota eta ordutegia, eta horiek zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro; administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, zerbitzuaren beharren arabera, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.5. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak izangaien zerrenda bat eratzeko ere erabiliko dira, administrari laguntzailearen lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratazioetarako, Fiteroko Udalean sortzen diren beharrei erantzute aldera.

Izangaien zerrenda horrek indarrik eta ondoriorik gabe uzten du izangaien beste edozein zerrenda, Fiteroko Udaleko administrari laguntzailearen lanpostuan aritzeko aldi baterako kontrataziorako.

Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

1.6. Lanpostuari dagozkion eginkizunak honako hauek dira:

Haren mailako eta kategoriako berezko jarduketekin zerikusia duten askotariko zerbitzuak, bai eta tokiko zerbitzu publikoen berezko jarduketekin zerikusia dutenak ere, eta haiek egoki funtziona dezaten begiratzea. Hona hemen batzuk, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe:

Jendeari arreta ematea eta administrari laguntzaileek udal bulegoetan dituzten zeregin guztiak betetzea: ordenagailuekin lan egin, testu tratamendua, kudeaketa programak, edozein eratako udal zerbitzuak eman eta Alkatetzak nahiz organo ordezkariek agindutako lanak egin; zeregin horiek guztiak, betiere, haren eskumen, maila eta kategoriaren esparrukoak izanen dira. Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta zuzemenak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

1.7. Hautapen prozedura oposizio-lehiaketa bidez eginen da, deialdiko lanpostuak duen izaera eta bertan gauzatu beharreko eginkizunak direla-eta. Izan ere, oposizio-lehiaketaren sistemari esker, merezimendu eta gaitasun printzipioak hobeki baloratzen ahal dira, esperientzia baloratzeaz gain, gauzatu beharreko eginkizunekin lotutako prestakuntza eta ezagutza teoriko eta praktikoak baloratzen ahal baitira.

Hautaprobak izanen dira 6. oinarrian ezarritakoak.

2. oinarria. Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Titulu hauetako bat izatea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, lehen mailako Lanbide Heziketakoa, horietako baten baliokidea, edo, bestela ere, titulu horietako bat eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Fiteroko Udalaren erregistro orokorrean (San Raimundo pasealekua 11), edo baliatuz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, hori ziurtatu aurretik.

Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

2. Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den titulu akademikoaren kopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

3. Alegatu diren merezimendu guztiak frogatzeko agiriak, lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratu daitezen. Izangaiek baremoan (6.2 oinarria) ageri den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

Ez da inolaz ere onartuko adierazitako epearen ondoren ezer gehitzea.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko egokitzapenik behar badute denbora edo baliabideen aldetik, zilegi izanen dute horiek parte hartzeko eskabidean eskatzea eta, horretarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

4. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria. Izangaiak onartzea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Fiteroko alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondotik, Fiteroko alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Fiteroko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

5.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako agiriak edo Udalak bere eskuetan dauzkanak aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, horrek deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizunak.

5.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

6. oinarria. Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Lehiaketaldia.

Izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, oinarri honetan dagoen baremoaren arabera. Deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honen arabera:

6.2.1. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak. 20 puntu gehienez.

Administrazio publikoetan, administrari laguntzailearen edo administrari-ofizialaren lanpostuetan egindako zerbitzuak: puntu bat urteko.

Aurreko apartatuan ezarritako merezimenduak frogatzeko, izangaiak aurkeztu beharko ditu zerbitzuak egindako administrazio publiko edo erakundearen ziurtagiriak; merezimenduak zenbatzeko, kontuan hartuko dira administrari laguntzaile gisa edo administrari-ofizial gisa egindako zerbitzuak, izan lan-araubidean, funtzionarioen araubidean edo administrazio-kontratuarekin, aldi baterako zein modu finkoan kontrataturik.

Denbora-tarte berean administrazio publiko batean baino gehiagotan eman badira zerbitzuak, soilik baloratuko da epealdi luzeena; eta datak bat badatoz, horietako bat bakarrik baloratuko da.

Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.

Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat.

Izangaiak zerbitzuak eman zituen administrazio publikoen edo erakundeen ziurtagirietan, hauek jaso beharko dira: lan egindako denbora, zerbitzuen hasiera eta bukaera datak, betetako lanpostua eta lanaldiaren iraupena.

Gehienez 20 puntu emanen dira apartatu honetan.

6.2.2. Beste merezimendu batzuk. 10 puntu gehienez. Prestakuntza ikastaroak.

Deialdiaren xede den lanpostuari dagozkion gaiei buruzko prestakuntza-ikastaro eta -ekintzak, hala hobekuntzakoak nola espezializaziokoak, erakunde eta zentro ofizialek eta unibertsitateek antolatuak baldin badira, eta administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzarako ekintzak: 0,02 puntu egindako prestakuntza-ordu edo ikastaro-ordu bakoitzeko.

Ziurtagirietan ikastorduak bakarrik jaso beharko dira. Azaldutako moduan jasota ez dagoen kasuetan, 0,05 puntu emanen dira.

6.2.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.

6.2.4. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, aurreko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.2.5. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

6.2.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Aurkezten diren frogagiriek aipatu baremoaren aplikaziorako beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko dute.

6.2.7. Merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako behin-behineko puntuazioa Fiteroko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

6.2.8. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, halakorik aurkeztu bada, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak Fiteroko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

6.3. Oposizioaldia.

Ariketak baztertzaileak izanen dira, eta oposizioaldian, gehienez, 70 puntu lortzen ahalko dira.

Oposizioaldia (proba teorikoa eta praktikoa) gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da.

Oposizioaldian bi proba eginen dira, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Biak ere baztertzaileak izanen dira.

a) Proba teorikoa.

Proba honetan test moduko galde-sorta bati erantzun beharko zaio. Galderek zenbait erantzun izanen dituzte aukeran, baina bakarra izanen da zuzena. Gaiak izanen dira deialdiko II. eranskinean ageri direnak.

Ariketa hasi baino lehen, epaimahaiak zenbat iraunen duen ezarriko du.

Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 1 puntu balioko du, eta erantzun oker bakoitzeko 0,50 puntu kenduko dira.

Probak 50 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

25 puntu lortzen ez dituztenek ezin izanen dute hurrengo proba egin.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, bolaluma urdina izan ezik.

Proba egin eta kalifikatu ondoren, epaimahaiak lortutako behin-behineko kalifikazioen zerrenda argitaratuko du Fiteroko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Era berean, gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua ere adieraziko dira.

Gutun-azal itxiak ireki ondotik, 5 egun balioduneko epea izanen dute interesdunek eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

b) Proba praktikoa.

Administrazio-agiri batzuk prestatu beharko dira eta/edo galdera praktiko labur batzuei erantzun, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin: lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak izanen dira, eta deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik hautatuko ditu epaimahaiak.

Epaimahaiak idatziz, ahoz edo ordenagailuz planteatzen ahalko du kasu praktiko bakoitza. Era berean, eskuz edo ordenagailuz aritzeko eska dezake epaimahaiak, agiria prestatzeko edo galdera praktiko laburrei erantzuteko.

Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak, agiriaren aurkezpena, eta epaimahaiak emaniko datuak ongi jaso izana.

Bigarren proban gehienez 20 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez puntuen erdia erdietsi beharko da.

Oposizioko proba bakoitza egin eta kalifikatu ondoren, epaimahaiak lortutako behin-behineko kalifikazioen zerrenda argitaratuko du Fiteroko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Era berean, gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua ere adieraziko dira.

Gutun-azal itxiak ireki ondotik, 5 egun balioduneko epea izanen dute interesdunek eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa aterako da bi ariketetan lortutako puntuazioak baturik, baina ezinbestekoa izanen da proba biak gaindituta edukitzea.

6.4. Ariketa bakoitza egiteko dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Ezarritako moduan nor diren frogatzen ez dutenak edo aurretik zehaztutako egun, ordu eta tokian agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.5. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean hala eskatu badute.

7. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina behin betiko osaera zehazten ahalko da izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean:

–Epaimahaiburua: Miguel Aguirre Yanguas, Fiteroko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–1. epaimahaikidea: Elena Jiménez Fernández, administrari laguntzailea, Fiteroko Udaleko funtzionarioa.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–2. epaimahaikidea: Félix Calleja Fernández, langileen ordezkaria. Zerbitzu anitzetako enplegatua, Fiteroko Udaleko funtzionarioa.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–3. epaimahaikidea: Jesus Mangado Beroiz, Fiteroko Udaleko ekonomia-aholkularia.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

–Epaimahaikide idazkaria: Jesus Lacarra López, Fiteroko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.

7.1. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

7.2. Kalifikazio-epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu eta epaimahaikide guztiek sinatuko dituzte.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak; berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

7.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.5. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin eta abstentziorako arrazoiren bat badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren arabera. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8. oinarria. Emaitzak.

8.1. Azken kalifikazioa kalkulatzeko, oposizioaldian lortutako puntuazioa eta lehiaketaldian lortutakoa batuko dira, betiere izangaiak oposizioaldiko bi ariketak gainditu baditu.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko lehen ariketan (proba teorikoan) puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak segitzen badu, bigarren ariketan (praktikoa) lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, eta ebatziko da puntuaziorik handiena duenaren alde. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio epaimahaiak berariazko zozketa publiko bakar bat eginen du hura ebazteko.

8.2. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu eta bietako puntuak batu ondotik, epaimahaiak prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du Fiteroko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Zerrendan, oposizio-lehiaketan guztira lortu den kalifikazioa jasoko da, eskuratutako puntuazio osoaren ordenan.

Epaimahaiak puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko/kontratatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Proposamen hori epaimahaiburuak argitaratuko du Fiteroko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

8.3. Oposizioaldiko bi ariketak gainditu arren plazarik eskuratzen ez duten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan.

9. oinarria. Agiriak aurkeztea.

9.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

–Deialdian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

–Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea. Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, deialdia egin duen erakundeak lanpostuan bete beharreko eginkizunak betetzeko bateragarritasun txostena eskatuko dio Eskubide Sozialetako Departamentuko desgaitasunak baloratzeko arloari.

–Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela administrazio publiko batean jarduteko desgaiturik edo gabeturik, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

–Lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko jatorrizko agiriak edo horien kopia autentifikatuak. Agiri horiek ez badira zehatzak edo bat ez badatoz lehenago aurkeztu eta lehiaketaldian baloratu zirenekin, izangaiaren aldeko izendapen-proposamena baliorik gabe geldituko da automatikoki, eta deialditik baztertuko da.

–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2. Agiri horiek ez badira aurkezten adierazitako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, horrek deusetan galarazi gabe erantzukizuna eskatzeko aukera, eskabidean faltsukeria egiteagatik.

9.3. Aurreko apartatuko kasua gertatuz gero, plaza beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan (8.2 apartatua) ondo-ondotik datorren izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako moduan.

10. oinarria. Izendatzea eta kontratatzea.

10.1. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Fiteroko Udaleko funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, txandaren eta lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

10.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du plazaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 9.3 apartatuan xedatutakoari jarraikiko zaio.

10.3. Funtzionario bihurtzen den izangaiari, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik lanpostuan batere aritu gabe, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 9.3. oinarrian xedatzen den moduan.

11. oinarria. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta deialdi honen 1.5 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaiekin.

11.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Fiteroko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

11.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, deialdiaren 8.3 oinarriarekin bat.

11.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda erabiliko da deialdi honen oinarrietan ezarritakoaren arabera.

11.5. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte aurkeztu beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak, kontratua formalizatzen denean eta kopiak aurkeztuta.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

11.6. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek, bai eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek ere, galduko dituzte sarrera-deialdian parte hartzetik datozen eskubide guztiak, horrek deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

11.7. Prozesu honetan onesten diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak bost urtez egonen dira indarrean, eta Fiteroko Alkatearen erabaki baten bidez luzatzen ahalko da haien indarraldia.

12. oinarria. Aldi baterako kontrataziorako zerrenden kudeaketa.

12.1. Deitzea.

Probak gainditu dituzten eta epaimahaiak proposatutako eta horretarako onetsitako zerrendan ageri diren izangaiei dei egiten ahalko zaie sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Aurrekoa gorabehera, aldi baterako beharrei erantzuteko langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan (administrazio publikoetan desgaitasuna duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera), eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaie eta afiliatuko dira.

12.2. Dei egiteko arau orokorrak:

1. Deiak egiteko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, eman ditzakete harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 12.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio. Horrela, dagokion zerrendan azken tokira pasatuko da.

4. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.

5. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie eskainiko beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik, salbu deialdia beste lanpostu bati dagokion beste zerrenda batetik egiten denean.

6. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

12.3. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten badio, zerrendako azken tokira pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetakoren batean dagoela; izan ere, kasu horretan, duen postuari eutsiko dio:

–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere kabuz baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera (bikote egonkorra), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Kasu horietan, izangaia deitzeko moduan ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak deitzeko moduan agertzeko eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egiten ez den artean, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.

Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean segituko dute.

12.4. Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira izangaiak deiari dagokion zerrendatik kanpo gelditzeko arrazoiak:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.

c) Lanpostutik alde egitea.

d) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazteko moduan.

e) Sinatutako kontratuari uko egitea.

f) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

12.5. Deia jasotzen dutenek behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.

13. oinarria. Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Fiteroko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo tratamendua beharrezkoa da kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (delegadoprotecciondatos@fitero.es).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

14. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen, beronen oinarrien edo deialdia bera aplikatzeko egintzen aurka, baldin egintza horiek ez badira kalifikazio-epaimahaiarenak, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Fiteron, 2025eko abenduaren 17an.–Alkate udalburua, Miguel Aguirre Yanguas.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/Bon/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Administrazio-agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua.

2.–Udal errolda: Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa: II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeen xedapen erkideak.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. IX. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa: Nafarroako toki-erakundeen jarduketen aurkaratzea eta kontrola.

6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: I. titulua: Toki-korporazioetako kideen estatutua. II. titulua: Toki-erakundeen beharrezko antolaketa. III. titulua: Lurralde mailako toki-erakundeen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua: Lurralde mailako toki-erakundeen antolaketa osagarria. VI. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa.

7.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. tituluko I. kapituluko 1. atala: Hirigintzako lizentziak.

8. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (salbu II. tituluko XI. kapitulua eta V. eta VI. tituluak).

9.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea. I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak.

10.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. I. titulua, Xedapen orokorrak; II. titulua, Gardentasuna; III. titulua, Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

11.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua.

Oharra: deialdia zein egunetan argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den legediaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2516614