7. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1434E/2025 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena Azagrako udal mugartean fruta produktuak egiteko dagoen instalazio baterako. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Iberfruta-Muerza SA da.

Abian den instalazio hori ingurumen baimen bateratuaren araubidearen mende dago, eta, aurkeztu den proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende egotera igaroko da; hain zuzen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.1.b) ii) kategorian sartuko da (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Instalazioa, orobat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4.b) ii) epigrafean sartuta dago.

Instalazioaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. taldeko b) kategorian sartuta dago (Animalia eta landare produktuak ontziratzeko eta lataratzeko industria instalazioak), eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 18ko 1085E/2023 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar, eta ingurumen inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gainean ondorio nabarmenik ez duela adierazita. Ebazpen honen eranskinean, ingurumen inpaktuaren txostenean jasotako informazioa ageri da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 48. artikuluan xedatutakoarekin.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan (errege dekretu horren bidez substantzia arriskutsuak dauden istripu larrietako berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onesten dira).

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isurketa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko balizko arriskua baloraturik, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera nabarmenik ez dagoela, eta, beraz, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea kokalekuaren egungo egoerari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek lur azaleko uretan zuzenean isurtzeko baimena dakar, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena. Horren ondorioetarako, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak isurketen onargarritasunari buruz emandako txostenaren edukia erantsi da.

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, udalaren eskumenekoa da, eta ez du lurzoru urbanizaezineko jardueraren baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe izapide horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Espedientea honako hauetan xedatutakoaren arabera izapidetu da: Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta hura garatzen duen Erregelamendua (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsia), eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren II. tituluko I. kapitulua eta 24. artikulua (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Halaber, prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ingurumen ebaluazioari dagokionez ezarritako jarduketak.

Egiaztatu da ezen aurkeztutako dokumentazioarekin justifikatu dela betetzen dela Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoa, horretan ezartzen baitira elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea fruta produktuak egiteko Azagrako udal mugartean dagoen instalazio baterako. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Iberfruta-Muerza SA da.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan zentroak hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa duen inskripzioa mantentzea (15P02042007212004 zenbakia), eta baita hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa duena ere (15P03042007212016 zenbakia). Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Baimenean txertatzea hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena, eskatzen dena Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan, jarraikiz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriari (legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Uren Legearen testu bategina). Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen.

Isurketarako baldintzek bost urteko indarraldia dute, ebazpen honen egunetik hasita, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko dira, betiere isurketek Uren Legearen testu bateginaren 92 bis artikuluan ezarritako ingurumen helburuak betetzen badituzte.

Baimenaren indarraldian zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, ingurumen baimen integratua isurketari dagokionez berrikusteko prozedura hasteko eskatzen ahalko dio organo eskudunari honako kasu hauetan:

a) Halako gorabeherak gertatzen direnean non, lehenago gertatu izan balira, baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketen.

b) Isurketaren ezaugarriak hobetzen direnean edo isurketen kantitatea aldatzen denean eta interesdunak hala eskatzen duenean.

c) Isurketak ingurumen kalitateko arauetara edo ingurune hartzaileari aplika dakizkiokeen eta mugapeko plan hidrologikoan jasota dauden beste ingurumen helburu batzuetara egokitzeko, edo, halakorik ezean, oro har ematen diren arauetara eta ingurumen kalitateko arauetara egokitzeko.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isuriaren baldintzak aldatzen ahalko ditu, kalitate helburuak Uren Legearen testu bateginaren 104. artikuluan ezarritakoari jarraiki bermatzeko. 10.2. Baimena baliogabetzea. Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 263 bis artikuluan ezarritakoa betez, arroko erakundeak organo eskudunari jakinarazten ahalko dio isurketaren baldintzak baliogabetu direla, horretarako nahitaezko txosten loteslea eginez.

Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako inguruabarren bat (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bosgarrena.–Titularrak araztegia egokitzeko proiektua gauzatu beharko du (irabiatzeko eta oxigenoa emateko sistema duen eta bigarren mailako erreaktorean oxigenoa injektatzeko sistema duen 4.000 m³-ko depositu berria), eta ebazpen hau eman eta bi hilabeteko epean jarriko da martxan.

Seigarrena.–Instalazioa martxan jartzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, hala xedatua baitago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen Industriako Isurien Erregelamenduaren 12. artikuluan.

Zazpigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Titularraren adierazpena, non hitz emanen baitu ezen, baimendutako jarduera bertan behera utziz gero, lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratuko duela gehienez ere bost urteko epean.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan xedatua. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

Zortzigarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira irekitzeko baimena eskuratu ondoren, eta, edozein kasutan, proiektatutako handitzea martxan jartzen denetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau igortzea Iberfruta-Muerza SAri, Azagrako Udalari, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Lurralde Antolamendurako Zerbitzuari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2516344