7. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONAMARIA

Udalaren lokalen erabilera eta lagapena arautzen dituen ordenantza eta Udalaren lokalak erabiltzeko eta lagatzeko tarifak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Donamariako Udalak, 2025eko urriaren 8an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zituen Udalaren lokalen erabilera eta lagapena arautzen dituen ordenantza eta Udalaren lokalak erabiltzeko eta lagatzeko tarifak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Iragarkia 2025eko 210. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 21ean, eta jendaurreko aldian inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jotzen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Donamarian, 2025eko abenduaren 11n.–Alkatea, Natalia Rekarte Oteiza.

DONAMARIAKO UDALAREN LOKALEN ERABILERA ETA LAGAPENA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Araudi honen xedea da Donamariako Udalaren jabetza diren lokalen erabilera lagatzeko baldintzak ezartzea, gizarte eta kultur jarduerak egiteko.

2. artikulua. Udalak arduradun bat izendatuko du, honako ardura hauek izanen dituena: giltzak uztea eta biltzea, egoera gainbegiratzea antolatzen den ekitaldi bakoitzaren aitzinetik eta ondotik, eta arau hauen 10. artikuluak aipatzen duen ziurtagiria biltzea. Nolanahi ere, eskatzen diren jarduerak ez ditu arduradun horrek baimenduko, Donamariako Udalaren ardura izanen baita, arau hauen 5. artikuluan azaltzen den gisan.

3. artikulua. Interesdunek udaletxean aurkezten duten eskabidean ezartzen dena izanen da ekitaldien iraupena. Baimendutako jarduerak bukaturik, giltzak arduradunari itzuliko zaizkio, eta hark gainbegiratuko du zer egoeratan dauden instalazioak eta haien sarbideak. Baimendua erantzulea izanen da deus hautsirik baldin bada, eta berriak jarri beharko ditu, lehengoen antzekoak, edo diru ordaina Udalari eman.

4. artikulua. Baimenduek Donamariako Udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dituzte eskabideak edo, bestela, udaletxean, ahalik eta aurrerapen handienarekin, eskabidea aztertu ahal izan dadin. Eskabidea zer motatakoa den, dokumentazio hau eskatzen ahalko da:

–Pertsona fisikoaren, elkartearen, entitatearen eta/edo enpresaren IFKren fotokopia (identifikazio fiskaleko kode zenbakia).

–Egin beharreko jardueren gaineko txostena, haien edukia, datak eta ordutegiak barne, baita eskatzaileari komenigarria iruditzen zaion beste edozein agiri ere. Betiere, txostenaren barnean sartuko dira eskatzailearen datuak (izena, harremanetarako pertsona, helbidea, harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoa geroko harremanetarako).

5. artikulua. Proposamenen azterketa eta onespena:

Eskabideak alkatearen ebazpen bidez onetsi edo ukatuko dira.

Debeku dira espresuki elikagaiak eraldatzea dakarten jarduerak.

6. artikulua. Adjudikaziorako irizpideak eta lagapenaren aurretiazko dokumentazioa:

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, erabiltzeko proposamenak onartzeko:

–Proposamenaren interesa, gizarte, kultura eta hezkuntzaren aldetik.

–Proposatu diren egun eta orduak.

–Proposamenaren komunikazio eta publizitate plana, Udalaren partaidetza aipaturik.

–Jardueraren ardura duten pertsona eta entitateen curriculuma.

–Prezio eta tarifen proposamena, halakorik bada.

–Hobekuntzarako bestelako proposamenak, halakorik bada.

Gisa berean, Udalak, baimen bat onartu eta interesdunari jakinarazi ondoan, hura gero deuseztatu edo aldatzeko eskubidea izanen du, baimenduari inolako ordainik eman behar izan gabe horregatik.

Baimenduari jakinaraziko zaizkio bai baimenak bai geroko aldaketak edo deuseztapenak, halakorik badago.

7. artikulua. Baimenduak bere bizkar eskuratu beharko ditu proposatzen dituen jarduera guztiak egiteko behar diren baimenak.

8. artikulua. Baimenduak giltzak ematen zaizkion momentuan aitorpen bat sinatuko du, higiezina egoera onean jasotzen duela dioena, eta erabileraren lagapena bukatzean jaso bezain egoera onean itzultzeko betebeharra ezartzen diona. Makurren bat izanez gero, ekitaldia egin baino lehen jakinarazi beharko zaio giltzen arduradunari; bestela ez da kontuan hartuko.

9. artikulua. Baimenduaren kontura izanen dira erantzukizun zibila nahiz istripuengatikoa, hala bere zerbitzuko langile guztiena nola parte hartzaileena edo programatzen diren jarduerena. Donamariako Udalak, berriz, ez du inolako erantzukizunik izanen haien gain.

10. artikulua. Lokalean ez da inolako jarduerarik egiten ahalko, aurkeztutako txostenean agertzen ez bada. Arrazoiren bat dela-eta aldaketarik gertatzen bada, horren berri eman beharko zaio aitzinetik Udalari, baita honek onetsi ere. Beraz, jarduera bakoitza antolatzeko, Udalak aitzinetik jakin eta baimendu beharko du.

11. artikulua. Honako hauek izanen dira baimenduaren betebeharrak:

–Berak eskaintzen dituen zerbitzu guztien funtzionamenduaren gaineko erantzukizun osoa.

–Lokala eta bertako sarrerak behar bezala zaintzea jarduera garatzen den bitartean.

–Programaturiko jarduera guztiak koordinatzea.

–Tarifarik bada, haiek kobratzea.

–Donamariako Udalak eskuordetutako arduradunaren eskutik giltzak bildu eta berari itzultzea, zehaztutako epeetan.

–Instalazioen erabilera okerraren ondoriozko kalteen erantzule izatea.

–Instalazioaren funtzionamenduan edozein makur gertatuz gero, horren berri berehala ematea Udalak eskuordetutako arduradunari.

–Jarduera amaitzean, egunero, erabilitako materiala desmuntatu edo biltzea, eta tokia aurkitu zuen gisa berean uztea.

–Lokala garbi edukitzea, osotasunari kalte egiten ahal dion deus egin gabe (besteak beste afixak eta paperak finkatzeko itsasgarriak edo bestelako baliabideak erabiltzea), baldin Udalak aitzinetik eta espresuki baimendu ez badu.

–Bere jarduerari dagozkion instalazio eta ekipoen mantentze-lanak egitea.

–Higiene, osasun eta osasungarritasun kontuak direla-eta, animalia guztiei sarrera debekatzea, baita erretzea eta askari handiak egitea ere.

–Erantzukizun zibilaren eta istripuengatiko erantzukizunaren segurtasunaren erantzule izatea, hala bere zerbitzuko langile guztiei nola parte hartzaileei edo programatzen diren jarduerei dagokienez; Donamariako Udalak, berriz, ez du inolako erantzukizunik izanen haien gain.

12. artikulua. Gastu hauek baimenduak hartu beharko ditu bere gain:

–Dagokion tarifaren gastua.

–Proposatutako jardueren ondoriozko gastu guztiak.

–Hala bere zerbitzuko langile guztiei nola parte-hartzaileei edo programatzen diren jarduerei dagokienez, erantzukizun zibileko asegurua eta istripuengatikoa kontratatzearen ondoriozko gastuak.

13. artikulua. Udalak beretako gordeko du instalazioan edozein emanaldi antolatzeko eskubidea, eta horrek lehentasuna izanen du beste edozein entitatek, baimendua barne, antolatzen dituenen aitzinetik; antolaketaren aldetik, baimenduari komunikatu beharko dio, gutxienez ere hamabost egun lehenago, salbu eta presako eskabideak, Udalak baloratuko dituenak, erabakitzen ahalko baitu zer emanaldik duen lehentasuna.

14. artikulua. Udalbatzako edozein kidek ikuskatzen ahalko ditu, berak edo berak gaitutako beste baten bitartez, programaturiko zerbitzu eta jarduera guztien egoera eta funtzionamendua; beraz, xede horrekin, sarbidea zabalik izanen dute barnera eta jarduera horietara, izenik eman gabe eta aitzinetik gaztigatu gabe.

15. artikulua. Aparteko arrazoien kariaz lokala guztiz edo partez itxi behar baldin bada, Udalak ez ditu bere gain hartuko eragindako kalte-galerak.

16. artikulua. Debeku da espresuki baimena lagatzea edo eskualdatzea, nolanahi ere eta edonola izendatuta ere.

Halaber, baimendua bakarra izanen da; ez da beste zenbaiten artean barreiatzen edo zatikatzen ahalko. Orobat, baimenduak zuzenean eta pertsonalki eginen du jarduera.

17. artikulua. Baimenduak inoiz ez du lokalean aldaketa iraunkorrik sartuko, horretako Udalaren baimen espresurik ez badu. Horietarako baimena jaso ondoan, baimenduaren kontura izanen dira, eta jarduera bukatzen delarik Udalarentzako geldituko dira, horrengatik batere dirurik ordaindu behar izan gabe.

18. artikulua. Aplikatu beharreko tasak ordenantza fiskalean zehaztutakoaren arabera arautuko dira.

19. artikulua. Ordenantza honetako betebeharretako edozein ez betetzea izanen da baimena hutsaltzeko arrazoi, deusetan eragotzi gabe baimenduari eska lekizkiokeen erantzukizunak.

20. artikulua. Baimenduaren gain egonen da programaturiko jardueren arrisku eta mentura.

21. artikulua. Ordenantza honen ondoriozko lagapen prozedurak izaera administratiboa du; beraz, haren ondoriozko gorabehera guztien ebazpena, baita bertako xedapenen interpretazioa ere, Donamariako Udalaren eskutan egonen dira lehen-lehenik, nahiz eta haren ebazpenen kontra jotzen ahalko den, hautara, Nafarroako toki erakundeetarako ezarririk dauden bideak erabiliz.

22. artikulua. Donamariako Udalak noiznahi berrikusten eta aldatzen ahalko ditu arau hauek, baina horrek ez die eraginen lehenago onetsitako eskabideei.

23. artikulua. Bi eskabideek data eta ordutegietan bat egiten badute, lehenago aurkeztu dena nagusituko da. Hala ere, eta salbuespen gisa, Donamariako Udalak erabakitzen ahalko du zer ekitaldik duen lehentasuna aldi bererako proposatu direnen artean.

24. artikulua. Tasa jarduera hasi aitzin ordainduko da, banku transferentzia bidez, 48 orduko epean, baimena jakinarazten denetik hasita. Udalak dagokion faktura igorriko du.

DONAMARIAKO UDALAREN LOKALAK ERABILTZEKO ETA LAGATZEKO TARIFAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua.

Arau honetan udal instalazioak erabiltzeko tasak ezartzen dira, Udalak baimendutako pertsona fisiko edo juridikoentzat eta erakunde eta entitateentzat, jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari.

2. artikulua.

Zerga-egitatea honako hau da: pertsona fisiko edo juridikoek erabilera publikoko udal instalazioak –bilkurak eta gizarte, kirol, kultura eta hezkuntza arloko jarduerak egiteko– baimenduta erabiltzeak dakartzan zerbitzuak ematea.

3. artikulua.

Subjektu pasiboak honako hauek dira: aipatu instalazioak erabiltzeko Udalaren baimena duten pertsona fisiko edo juridikoak.

4. artikulua.

Tasa ordaintzeko betebeharra sortuko da baimena eman ondoan. Tasa ordainduko da baimenean zehaztutako gisan, banku transferentzia bidez. Udalak dagokion faktura igorriko du.

5. artikulua.

Zerga-oinarria da egiten den eskabide bakoitza edo egindako jarduera bakoitza.

6. artikulua.

Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.

7. artikulua.

Ezartzen diren prezioak ordaintzetik salbu daude ondoko jarduera hauek:

1. Udalak antolatutako jarduerak, eta udal hau partaide duten mankomunitateek antolatutako jarduerak.

2. Foru Komunitateko Administrazioak edo bere menpeko erakunde autonomoek antolatutako jarduerak. Ez dira inola ere salbuetsiko honako enpresa hauek antolatutako jarduerak: Donamariako Udalaz besteko administrazio publikoek sustatutako laguntza edo kudeaketa kontratuen adjudikazioa dutenek.

3. Honako hauek sustatutako jarduerak: udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politikoek eta gizarte, kultura eta hezkuntzaren arlokoak diren eta irabazi-asmorik ez duten elkarteek eta gainerako erakundeek.

Betiere, Donamariako Udalak lagatzeko lehentasuna bermatuko die herritarrei zerbitzuak eta laguntza ematea xede duten entitateei, baldin eta egoitza soziala Donamarian badute.

4. Ez da inola ere salbuetsiko instalazioen erabilera, egiaztatzen bada eskatzailea ez dela benetan jardueraren sustatzaile eta antolatzailea.

TARIFEN ERANSKINA

–1. tarifa.

  • Irabazi-asmoa duen jarduerak, egun bateko iraupena dutenak.

–2. tarifa.

  • Irabazi-asmoa duten jarduerak, egun batetik gorako iraupena dutenak.

–Aplikatu beharreko tasak:

  • 1. tarifa: 5,00 euro egunean.
  • 2. tarifa: 20,00 euro hilean.

Iragarkiaren kodea: L2516424