Iragarkia
7. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Deialdia, gizarte-langilearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Mankomunitateko buruaren abenduaren 19ko 2025-0161 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da, batetik, lan araubideko gizarte-langileen plaza bat bete dadin oposizio-lehiaketaren bidez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuan aritzeko, eta, bestetik, izangaien zerrenda bat era dadin, sortzen diren beharrei erantzutearren. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da lan araubideko gizarte-langileen plaza bat betetzea oposizio-lehiaketaren bidez. Plaza horrek 2 zenbakia du Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan.
Adierazitako plaza 2024ko lan publikoaren eskaintzan dago sarturik.
Halaber, deialdi honen bidez osatu nahi da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat, hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin.
1.2. Ordainsariak izanen dira B mailari dagozkion oinarrizkoak, gizarte-langilearen lanposturako zehaztutakoak, eta izanen dituzte Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoan ezarritako osagarriak.
1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Mankomunitateak kontratua suntsiarazi edo hutsaltzen ahalko du, iruditzen bazaio emaitzak ez direla izan Mankomunitateak nahi bezalakoak, lanpostuaren zereginak betetzean.
1.4. Dagozkion hautaprobak gainditu eta hautatzen diren izangaiak izendatuta, bilakatuko dira lan-kontratudun finko, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatean, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta afiliatuko dituzte Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, eta alta emanen zaie.
1.5. Deialdia egin duen administrazioak ezarriko ditu lanaldiaren araubidea eta lan-ordutegia, zerbitzuaren beharren arabera beti; hala bada, noiznahi alda ditzake.
1.6. Proben emaitzak izangaien zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, Mankomunitatean sortzen diren beharrei erantzutearren, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda horrek lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eraturik dagoen edozein zerrendaren gainetik –beraz, lehendik dagoen zerrenda subsidiarioa izanen da, deialdi honen ondorioz eratzen den zerrendari dagokionez–, eta gehienez bost urteko indarraldia izanen du, hura onesteko ebazpena ematen denetik hasita, salbu eta epe laburragoan agortzen bada edo beste deialdi bat egiten bada.
Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.
1.7. Eginkizunak bere mailari eta kategoriari dagozkionak izanen dira, eta bermatuko dute behar bezala funtzionatzen duela Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak antolakuntzaren, administrazioaren eta alderdi exekutiboaren aldetik, barne daudelarik zerbitzuak aurrera eramaten dituen gizarte-programak. Zeregin eta lan guztiak Mankomunitateko buruak antolatu eta esleituko dizkie lantaldea osatzen dutenei.
1.8. Plazak bete gabe utz ditzake epaimahaiak, baldin eta uste badu izangaietatik bakar batek ere ez duela gutxieneko mailarik lanpostuan jarduteko.
1.9. Deialdiaren oinarri hauek argitara emanen dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen iragarki-taulan, bai eta haren web-orrian ere: https://www.comarcasanguesa.es/.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea. Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako nazionalitatea dutenek ere sartzea izanen dute lanpostu publiko guztietan, espainiarrei eskatzen zaizkien baldintza beretan, salbu eta botere publikoan zuzenean edo zeharka parte hartzea dakarten lanpostuetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak defendatzea helburu duten eginkizunetan. Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei (baldin zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude), baita haien ondorengoei eta ezkontidearen ondorengoei ere (zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude), baldin eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira. Halaber, parte hartzeko eskubidea dute Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio esparruan sartutako pertsonek, baldin herrialde horietan aplikatzekoa bada langileen joan-etorri askea.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Gizarte Laneko diplomadun edo gradudun titulua edo baliokidetzat aitortutako beste titulu bat edukitzea, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horren bidez aldatu zen haurrak eta nerabeak babesteko sistema), gizarte-langileen lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.
g) B.1 motako gidabaimena izatea.
h) Izangaia kondenatua egon ez izana 1/2004 Lege Organikoan edo 14/2015 Foru Legean jasotako inguruabarren bat dela-eta (1/2004 Lege Organikoa, Genero Indarkeriari buruzkoa, eta 14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko Indarkeriari buruzkoa).
2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.3. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta kontratazioak dirauen bitartean.
Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
g) Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen kontuan (3. oinarrian zehaztua) 11,20 euro sartzea, azterketa eskubideak ordaintzeko.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean edo Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez; edo, bestela, erabiliz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Aipatu eskabideak deialdian I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta horiekin batera aurkeztuko dira honako agiri hauek, deialdi honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko beharrezkoak:
a) NANaren kopia.
b) Eskatutako tituluaren kopia.
c) Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.
d) B motako gidabaimenaren kopia.
e) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautu zen erregistro hori.
f) 11,20 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.
CAIXABANK: ES88 2100 3698 5121 0039 2960.
Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: gizarte-langilearen deialdia.
Eskaerak aurkezten baldin badira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), hots, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean ez, beste batean, eskatzaileek mancomunidad@mscs.es helbide elektronikora igorri beharko dituzte eskabidearen kopia eta behar diren agiriak, hau da, deialdian parte hartzeko 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak, eta izan beharko dute kasuan kasuko erregistroaren zigilua eta sarrera-data, betiere eskabideak aurkezteko epearen barnean. Nahitaezkoa eta saihetsezina izanen da aipatutako agiriak posta elektronikoz igortzea, hautapen-prozesuaren izapideak aurrera egin dezan, baina ez du erabateko baliorik izanen, harik eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatean jatorrizko ereduaren araberako eskabidea sartzen den arte.
Igorpen-prozedura hori bete ezean, izangaia hautapen-prozesutik kanporatuko da, baldin eta erregistratutako eskabidea iristen bada izangai onartu eta baztertuen hasierako zerrendaren argitalpenaren ondotik.
3.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.3. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.4. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskabidean adierazi beharko dute inguruabar hori, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzen duen agiria, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emana.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik Zangozako Mankomunitateko lehendakariak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian ere.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko edo eskabidean eginiko akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen web-orrian eta iragarki-taulan.
Bazterturik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda.
4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.6. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko ariketa eta zein izanen den epaimahaiaren behin betiko osaera. Gerora, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen web-orrian eta iragarki-taulan.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Aitor Sola Ochotea, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakaria.
Ordezkoa: Mikel Martínez Pérez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariordea.
–Epaimahaikidea: María Cristina Lopes Dos Santos, gizarte-langilea.
Ordezkoa: Ana Isabel Elarre Aznarez, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
–Epaimahaikidea: Ana Isabel Garro Macaya, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
Ordezkoa: Beatriz Uriz Lusarreta, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte hezitzailea.
–Epaimahaikidea: María Soledad Elarre Beltrán, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaritza-organoak izendatutako ordezkaria.
Ordezkoa: Sonia Continente Toledo, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaritza-organoak izendatutako ordezkaria.
–Idazkaria: Inés Carpintero Ruiz, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko idazkari kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Sara Pérez Luqui, Urraulgoitiko eta Urraulbeitiko Udalen Batasuneko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean. Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko legez ezarritako kausak direla eta, aditzera emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera. 4.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko auziak.
5.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiburuari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean. Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.
5.5. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
6. oinarria.–Proben nondik norakoa.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero.
6.2. Oposizioa hasiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adierazitako egun, toki eta orduan.
6.3. Oposizio-lehiaketan, gehienez 100 puntu eskuratzen ahalko dira orotara; haietarik, 30 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 70 puntu oposizioaldiari.
7. oinarria.–Lehiaketaldia.
7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 apartatuan aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman baremoan adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
7.3. Alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira. Ez da baztertzailea izanen. Lehiaketaldiaren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honekin bat:
a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez 17,9 puntu.
b) Prestakuntza osagarriagatik, baldin haren edukiak zuzenean zerikusia badu lanpostuarekin, gehienez 10 puntu.
c) Euskaraz jakitea; gehienez ere, 2,1 puntu.
d) Laneko eskarmentuagatik, gehienez 17,9 puntu.
–Administrazio publikoetan, xede den lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan, B mailan, emandako zerbitzuak, baldin lanposturako nahitaezkoa bazen Gizarte Laneko diplomadun titulua izatea: 2 puntu urteko. 14 puntu, gehienez.
–GKEetan, elkarteetan, fundazioetan, irabazi-asmorik gabeko erakundeetan eta enpresa pribatuetan egindako zerbitzuak, baldin eta lanpostu horietan sartzeko B1 mailako Gizarte Laneko Diplomatura edo baliokidea izatea eskatzen bada: 1 puntu, urte bakoitzeko. 3,9 puntu gehienez.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, emanen da proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
3. Gehienez 17,9 puntu emanen dira lanbide-esperientziagatik.
Laneko eskarmentua frogatuko da enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiriak aurkeztuz.
Enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagirietan hauek jaso beharko dira: Lanbide-kategoria, lanaldi mota eta lan egin den aldiaren hasierako eta bukaerako egun zehatzak.
Ez dira kontuan hartuko zerbitzuen ziurtagiriak, baldin eta ez badituzte jasotzen merezimenduen hasierako eta bukaerako egun zehatzak.
Ez da ziurtagiririk aurkeztu beharko Zangoza Eskualdeko Mankomunitatean lan egindako denborarako.
b) Prestakuntza osagarriagatik, baldin haren edukiak zuzenean zerikusia badu lanpostuarekin, gehienez 10 puntu:
–Unibertsitateko gradua (betekizun gisa eskatzen dena ez bada): 1 puntu. Gehienez 2 puntu eskuratzen ahalko dira.
–Aditua, masterra: 1 puntu.
–Erakunde edo zentro publikoek edo unibertsitateek antolatutako prestakuntzak: 7 puntu, gehienez:
- Lanpostuarekin zerikusia izanik 120 ordutik beherakoak diren prestakuntzengatik: 0,20 puntu prestakuntza bakoitzeko.
- Lanpostuarekin zerikusia izanik 120 ordukoak edo gehiagokoak diren prestakuntzengatik: 0,50 puntu prestakuntza bakoitzeko.
Oharra: apartatu honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute.
c) Euskaraz jakitea; gehienez ere, 2,1 puntu.
Bat etorriz 97/2024 Foru Dekretuarekin, euskararen balorazioa %7koa izanen da, merezimenduen baremoaren gainerakoari esleitutako puntuazioari dagokionez (foru dekretu horrek arautzen du nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko).
a) Euskarazko A1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa, jarraikiz Europako Erreferentzia Esparruari: 0,42 puntu.
b) Euskarazko A2 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa, jarraikiz Europako Erreferentzia Esparruari: 0,84 puntu.
c) Euskarazko B1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa, jarraikiz Europako Erreferentzia Esparruari: 1,26 puntu.
d) Euskarazko B2 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa, jarraikiz Europako Erreferentzia Esparruari: 1,68 puntu.
e) Euskarazko C1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa, jarraikiz Europako Erreferentzia Esparruari: 2,10 puntu.
Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak maila gorena duena baizik ez du baloratuko.
Ezar daitezen hizkuntzen jakite maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 210/2010 Ebazpena.
Jatorrizko tituluaren edo haren kopia konpultsatuaren bidez frogatu beharko dira.
7.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, argitara emanen da izangai bakoitzak zenbateko puntuazioa lortu duen, Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen web-orrian.
Hamar egun balioduneko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko.
8. oinarria.–Oposizioaldia.
Oposizioaldiaren helburua da frogatzea lanposturako behar den gaitasuna. Proba teoriko bat eta proba praktiko bat izanen ditu. Plika itxien sistema erabiliko da eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira.
Dei bakarra eginen da proba bakoitzeko. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.
8.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
–Lehen ariketa: teorikoa. Test motako 50 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira.
–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdi honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko bi kasu ebatzi beharko dira.
Ariketa hasi aurretik zehaztuko da haren iraupena.
8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 70 puntu emanen dira gehienez, honela banatuak:
–Lehen ariketa: 50 puntu gehienez.
–Bigarren ariketa: 20 puntu gehienez.
8.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
Ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gutun-azal itxiak irekitzeko deia eginen die parte-hartzaileei, jendaurreko ekitaldi batean, eta argitaratuko da probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, adierazita eskuratutako kalifikazioak, Zangozako Eskualdeko Mankomunitatearen iragarki-taulan.
Hamar egun balioduneko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
9. oinarria.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
9.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuen ordenan, batuta izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioak, eta organo deitzaileari igorriko dio izendapen proposamena, puntuaziorik handiena duten izangaien alde.
9.2. Epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren (horrelakorik baldin bada), izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian, eta Mankomunitateko lehendakariari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, ebazpena eman dezan.
Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da merezimenduen atalean puntuazio handiena lortu duenaren alde. Hala ere, berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen zozketa bakar baten bidez.
10.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
10.1. Behin hautapen-prozesua bukaturik eta izendatzeko proposatu den izangaiak agiriak aurkeztuta, buruak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko langile lan-kontratudun finko izendatuko du, gizarte-langile lanpostuan aritzeko.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu.
10.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, organo deitzaileak hutsik gelditzen diren lanpostuak beteko ditu beste izangai batzuekin, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 31. artikuluko 1. apartatuan aipatutako zerrendan ageri diren izangaiekin (erregelamendu hori onetsi zen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez). Izangai horiekin ere aurreko apartatuetan ezarritako moduan jokatuko da.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendaren kudeaketa.
11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.3 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
11.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitara emanen da Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoan.
11.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
Deiak honela eginen dira:
a) Lokalizaturik egon daitezen, zerrendako izangaiek Zangozako Eskualdeko Mankomunitateari emanen dizkiote harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat, gutxienez, eta informazio hori une oro eguneraturik eduki beharko dute.
b) Aldi berean kontratu bat baino gehiago egiten bada, lehen tokian dagoen pertsonari aukera eman beharko zaio haietako edozein aukeratzeko.
c) Izangai batek aldi baterako kontratu batekin diharduenean, ez zaio beste bat eskainiko, harik eta lehena bukatu arte.
d) Kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira zerrendako izangai bakoitzarekin, hark emandako bideak erabiliz, eta saiakerak horiek 48 orduko epean eginen dira.
Salbuespenez, eta premia frogaturik dagoen kasuetan soilik, kontratua eskainiko zaio hura onartzen duen lehen izangaiari, betiere deiak kontratazio zerrendaren hurrenkeran eginik.
e) Zerrendako izangai batekin harremanetan jartzerik ez badago, zerrendan hurrengoa denari edo hurrengoei deituko zaie, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Ez bada egon izangai batekin harremanetan jartzerik, zerrendan duen postuari eutsiko dio. Eta deialdi honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko da 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana.
11.4. Izangairen batek uko egiten badio eskaini zaion lanpostuari edo kontratuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetako batean dagoela:
a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.
c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko alaba edo seme bat.
d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua gobernatu ezin duena adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.
e) Izangaiaren ezkontza edo pareko egoera (jarraikiz uztailaren 3ko Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko 6/2000 Legeari), baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.
f) Beste lan-kontratu baten frogagiria aurkeztea.
Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean daudenek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan daudenek, hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian frogatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.
Artikulu honen lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
11.5. Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, baldin ez badira gertatzen B letrako kasuak.
c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
d) Urtebeteko epean ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea, nahiz eta behin eta berriz deitu kontratatzeko, hark emandako telefonoen edo helbide elektronikoen bidez.
Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak alta emanen die kontratatuei Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, eta hartan afiliatuko; beraz, haren kargu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena, behar diren kopuruetan.
11.6. Jendearekin harremanetan jartzeko ardura duen pertsonak fitxa bat beteko du, eman beharreko argibideekin eta telefono deiaren emaitzarekin. Honako informazio hau emanen du: eskainitako kontratu mota, zer lanpostutan hasiko den, eginkizun eta eskumenen zerrenda laburra, lan baldintzen laburpen laburra eta zenbaterainoko iraupena kalkulatzen zaion kontratuari.
Horretarako betetzen den fitxan telefono deiaren emaitza agertuko da; hauetako bat izanen da:
–Saiatuagatik ere huts egina: ezin izan denean izangaiarekin harremanetan jarri, lokalizatzeko bi saiakera eginik gutxienez.
–Saiatu eta arrakastaz: pertsonarekin harremanetan jarri ez ezik kontratazioa onartzen duenean.
–Harremanetan jarriagatik ere uko egina: pertsonarekin harremanetan jarriagatik ere, kontratatzeko eskaintza onartzen ez duenean.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.
12.–Datuen babesa.
Jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:
–Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen ardura da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamendua.
–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
–Hauxe da oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren parte denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko. Orobat, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua.
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, non informazio gehiago baitago eskura.
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Zangozan, 2025eko abenduaren 19an.–Mankomunitateko lehendakaria, Aitor Sola Ochotea.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. IV. titulua. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. V. titulua. Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak.
2.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. VI. titulua. Gizarte zerbitzuetako profesionalak. VII. titulua: Ekimen pribatua. VIII. titulua. Gizarte zerbitzuen kalitatea. IX. titulua. Ikuskapena eta zehapen araubidea.
3.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. II. titulua. Datu babesaren printzipioak. III. titulua. Pertsonen eskubideak.
4.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa. I. titulua. Haur eta nerabeen eskubideak. II. titulua. II. kapitulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki erakundeen eskumenak.
5.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
6.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, Sexu Askatasunaren Berme Osoarena: Atariko titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Prebentzioa eta detekzioa. III. titulua: Prestakuntza. IV. titulua. Laguntza integral espezializatu eta eskuragarria izateko eskubidea.
7.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena. III. kapitulua. 5.-18. artikuluak.
8.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak garatzeari buruzkoa: II. kapitulua: gizarte inklusiorako eskubidea.
9.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema: oinarrizko gizarte-laguntzaren oinarrizko programak: hitzaurrea. I. kapitulua: xedapen orokorrak. II. kapitulua: oinarrizko gizarte zerbitzuen programak.
10.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena. Martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuaren bidez eguneratua (2019ko apirilaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). I. eranskina. Prestazio bermatuak. A: Oinarrizko gizarte-laguntza.
11.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena. Martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuaren bidez eguneratua (2019ko apirilaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). I. eranskina. Prestazio bermatuak. F: Gizarte-bazterketa egoeran edo horretarako arriskuan dauden pertsonen arreta.
12.–442/2020 Foru Agindua, abenduaren 28koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prozedura garatzen duena Gizarteratzeko Aparteko Laguntzak balioetsi eta emateko.
13.–6/2011 Foru Dekretua, urtarrilaren 24koa, Nafarroako gizarte zerbitzuetako erreferentziako profesionala arautzen duena.
14.–Nafarroako Gobernuaren oinarrizko laguntzari buruzko esparru-dokumentua. 2. puntua. Gaur egungo egoera.
15.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 1. liburukia. 5. Babes faltako kasu posibleak detektatzea eta jakinaraztea. 6. Ikerketa eta ebaluazio prozesua. 7. Erabakiak hartzea eta kasu-plana (garapena eta ixtea).
16.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 2. liburukia. 2. Oinarrizko laguntzako gizarte-zerbitzuen funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitateko Haurrak Babesteko Sisteman. 3. Sustapena eta prebentzioa oinarrizko gizarte-laguntzatik. 4. Babesgabetasun-gradienteak.
17.–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesaren esparruko prozeduraren II. eskuliburua. 3.B liburukia. Tratu txarren tipologiak. C. Haurtzaroko eta nerabezaroko oinarrizko beharren taxonomia.
18.–Familientzako baliabideen gida (Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua, 2015eko ekaina). Laguntza ekonomiko eta sozialak.
19.–Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoa 2019-2023 aldirako: ikuspegia, misioa, printzipioak, helburuak, ildo orokorrak, ildo estrategikoak. Ebaluatzeko adierazleak.
20.–Nafarroako Inklusioaren Plan Estrategikoa (2018-2021). I. blokea, 1. puntua. Oinarrizko beharrak eta errenta-bermea, eta 3. puntua. Gizarteratzea.
21.–Nafarroako Foru Komunitatean Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntza Emateko II. Plan Integrala (2017-2023). VI. zatia. Jarduketa eremuak, ildo estrategikoak, programak eta jarduerak.
22.–Nafarroako Desgaitasun Plana (2019-2025). 4. puntua. Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen profila eta egoera.
23.–III. Prebentzio plana: Drogak eta adikzioak (2018-2023). 2. puntua. Egoera Nafarroan.
24.–III. Prebentzio plana: Drogak eta adikzioak (2018-2023). 6. puntua. Jarduera-arloak eta 7. puntua. Ebaluazioa eta egoera ekonomikoa.
25.–Nafarroako Osasun Mentalaren Plana (2019-2023). 5. puntua. Gaur egungo egoera.
26.–Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Plana (2021-2026). II. multzoa. 2.4. Ardatz estrategikoak.
27.–Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Plana (2021-2026). II. multzoa. 2.5. Lehentasunezko jarduera-ildoak, helburu espezifikoak, neurriak eta adierazleak.
28.–Nafarroan adinekoek jasaten dituzten tratu txarren egoerak goiz detektatzeko eta esku hartzeko gida. 1.-2.-3. puntuak.
29.–Gizarte Lanaren kode deontologikoa. Nafarroako Gizarte Laneko Kontseilu Ofiziala.
30.–Pertsonarengan zentratutako arreta eredua. Oinarri zientifikoak, printzipioak eta aplikazioak. Pilares fundazioa.
31.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa. I. titulua eta II. titulua.
32.–Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa (2021-2024). 6. puntua Programazioaren printzipio estrategikoak. 7. puntua Programazioa. Ardatz estrategikoak, helburuak eta ekintzak.
33.–Nafarroako ijitoen garapenerako 2019-2022 estrategia. 6. puntua Jarduketa ildo estrategikoak.
34.–Nafarroako Adinekoen Kontseilua (Nafarroako Gobernua). Eginkizunak.
35.–Ordenantza, arautzen duena Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ). 2009ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 24koa.
36.–Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak. 2012ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 8koa.
37.–Lagun-egitea esku-hartze metodo gisa inklusio prozesuetan.
Hausnarketa berriak. Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak argitaratua. 2016.
38.–Errenta Bermatua. Nafarroako Gobernua. Eskatzeko baldintzak.
39.–Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera. Nafarroako Gobernua. Baldintzak.
Iragarkiaren kodea: L2516864
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
