Iragarkia
66. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
7E/2026 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen deialdi bat, merkataritzako enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko 2026an. DDBN kodea: 890314.
Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Plana (2022-2025), gaur egun, nola gauzatu den ebaluatzeko eta izan dituen emaitzak eta adierazleak aztertzeko fasean dago, horixe izanen baita abiapuntua Nafarroako txikizkako merkataritzarako plan sektorial berri bat egiteko. Plan horrek sektore horretan garatu beharreko jarduketa publikoen ibilbide-orria ezarriko du, eta hartu beharreko helburu estrategikoak, jarduketa-ildoak eta neurri zehatzak zehaztuko ditu.
Merkataritza jarduera funtsezko osagai bat da gure bizitza sozialaren ereduan, auzoetan eta toki entitateetan, eta berekin dakar tokiko ekonomia haztea eta enplegua sortzea. Horrexegatik beharrezkoa da lehendik dagoen txikizkako merkataritzaren enpresa-ehuna eraldatu eta mantendu dadila sustatzen jarraitzea, saltegien modernizazioa eta enpresa horien digitalizazioa eta jasangarritasuna bultzatuz, sektorearen lehiakortasuna hobetzea helburu hartuta.
Halaber, ekintzailetzari bultzada eman nahi zaio txikizkako merkataritzaren sektorean, eta laguntza, sektoreko enpresa txiki eta ertainen eskualdaketari eta haien belaunaldiarteko erreleboari.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.
Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin,
EBAZTEN DUT:
1. Txikizkako merkataritzako enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko 2026ko dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Onestea dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. 1.400.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko; deialdia finantzatuko da 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen "Merkataritzako ETEentzako dirulaguntzak. Lehiakortasuna hobetzea eta enpresak sortzea" izeneko 830001 83100 7701 431402 partidaren kargura edo partida baliokidearen kargura.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko otsailaren 27an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.
ERANSKINA.–DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, TXIKIZKAKO MERKATARITZAKO ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO 2026. URTEAN. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da txikizkako merkataritzan ari diren enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzen araubidea zehaztea eta enpresa berrien sorrera bultzatzea sektore horretan.
Merkataritza sektoreko enpresa-ehuna indartzea eta hari oinarri sendoa ematea da deialdi honen helburua, eta hori Nafarroako herrien hiri-bilbean integratutako saltegien modernizazioaren bidez lortu nahi da.
Era berean, saltokietako erreleboa sustatu nahi da, sektoreak dituen premia handieneko arazoetako bat baita, hartara errentagarriak diren negozioen jarduera mantendu eta sektoreko enplegu galera murrizteko.
Horrez gain, asmoa da sektoreko enpresa txiki eta ertainen kudeaketa sistemak hobetzea, informazio eta komunikaziorako tresna teknologiko berriak aplikatuz, bide ematen dutenak kontsumo eredu berrietara egokitzeko eta garapen teknologikoa lortzeko.
Azkenik, sektorean enpresak sortzea sustatu nahi da, hots, txikizkako merkataritzako enpresa proiektu berriak ezartzea, sektorean enplegua sortzea eta merkataritza ez-sedentarioko enpresek egiten dituzten inbertsioak bultzatzea; halaber, merkataritza jarduerari loturiko zerbitzu jarduera jakin batzuk ere sustatu nahi dira.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
1. 1.400.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honela banatuta, proiektu diruz lagungarrien moten arabera:
PROIEKTU MOTA | ZENBATEKOA | |
A | Modernizatzea eta eraberritzea (ME) | 760.000 |
B | Merkataritzako eskualdaketa (MEs) | 170.000 |
C | Merkataritzako ekintzailetza (MEk) | 200.000 |
D | Merkataritza ez-sedentarioa (MES) | 45.000 |
E | Digitalizazio komertziala (DK) | 100.000 |
F | Jarduera parakomertzialak (JP) | 125.000 |
Guztira | 1.400.000 | |
Modernizazioa eta eraberritzea ataleko proiektuetarako kreditua honela bereizten da:
MODERNIZATZE ETA ERABERRITZE PROIEKTUAK (ME) | ZENBATEKOA |
Iruña | 300.000 |
Nafarroako gainerako toki entitateak | 460.000 |
Guztira | 760.000 |
2. Proiektu mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, beste proiektu mota batzuen eskaerei erantzuteko erabiliko da, irizpide honi jarraikiz:
–Gainerako toki entitateetako ME motako edo Iruñeko ME motako proiektuen gerakinak haien artean erabiliko dira, beharrezkoa balitz.
Hala eta guztiz ere ME motako proiektuen gerakinik badago, MEk, MEs, DK, MES eta JP motetako proiektuen eskaerei erantzuteko erabiliko dira, hurrenkera horretan.
–MEs motako proiektuen gerakinak MEk, DK, MES, ME (gainerako toki entitateak, Iruña) eta JP motetako proiektuen eskaerei heltzeko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.
–MEk motako proiektuen gerakinak MEs, DK, MES, ME (gainerako toki entitateak, Iruña) eta JP motetako proiektuen eskaerei heltzeko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.
–DK motako proiektuen gerakinak MEk, MEs, MES, ME (gainerako toki entitateak, Iruña) eta JP motetako proiektuen eskaerei heltzeko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.
–MES motako proiektuen gerakinak MEk, MEs, DK, ME (gainerako toki entitateak, Iruña) eta JP motetako proiektuen eskaerei heltzeko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.
–JP motako proiektuen gerakinak MEk, SE, DK, MES, ME (gainerako toki entitateak, Iruña) eta ME motetako proiektuen eskaerei heltzeko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.
3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.
1. Inbertsioak 2025eko urriaren 18tik 2026ko urriaren 16ra bitartean gauzatu beharko dira, egun horiek barne.
2. Fakturek eta ordainagiriek 2025eko urriaren 18tik 2026ko urriaren 16ra artekoak izan behar dute, biak barne.
3. 2026ko laugarren hiruhilekoko PFEZaren atxikipenak onartuko dira haien ordainketak 2027ko otsailaren 15era arte egiten badira, egun hori barne.
4. oinarria. Enpresa onuradunak. Baldintza orokorrak.
Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
1. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
2. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
3. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
4. Enpresak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta garatzen badituzte irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege-dekretuak debekatutako jarduerak. Errege lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak hartu ziren Gazako genozidioaren aurka eta palestinarren alde. Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
5. Eskatzaileek eratzen dutenean pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.
Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko Entitateen Erroldan izena emateko orrian adierazitako partaidetza ehunekoak, non eta eskatzaileak ez duen aurkezten bestelako partaidetza ehuneko batzuk jasotzen dituen erantzukizunpeko adierazpenik (eskaera-orrian dagoena).
6. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1.–Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adieraziko baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa).
Telematikoki aurkeztuko da 6. atalean eskatzen den dokumentazioa, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean.
Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, arestian aipatu hilabete horretan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortu ondoren, hiru hilabeteko gehieneko epean aurkeztuko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.
Arestian aipatutako epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
7. Dirulaguntza 30.000 eurotik beherakoa bada ere, gastu diruz lagungarri guztiek bete beharko dituzte hornitzaileei ordaintzeko epeak, araudi sektorialean ezarritakoak, edo, halakorik ezean, 3/2004 Legearen 4. artikuluan ezarritakoak.
8. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
5. oinarria. Enpresa onuradunak. Betebehar espezifikoak.
Eskatzaileek, betebehar espezifiko hauek bete behar dituzte eskaera aurkezten duten egunean:
1. Saltegiak modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuak (ME), merkataritzako eskualdaketakoak (MEs), merkataritzako ekintzailetzakoak (Mek) eta digitalizazio komertzialekoak (DK).
Negozioaren jarduera nagusia izatea Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2025) hurrengo jardueretako bat (sailkapen hori urtarrilaren 14ko 10/2025 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen):
- 47.11 eta 47.79 taldeen arteko jarduerak, biak barne.
- 47.82 taldeko jarduerak (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).
Kanpoan geldituko dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko establezimendu espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar dutenez, 47.26 (tabako produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.
Baldin eta txikizkako merkataritzarekin batera merkataritzakoa ez den beste jardueraren bat egiten bada establezimenduan, frogatu beharko da jarduera nagusia diruz lagungarria den txikizkako merkataritzakoa dela, eta, horretarako, aurkeztu beharko dira jarduera ekonomiko bakoitzaren negozio edo salmenten zifren frogagiriak, edo hori frogatzeko beste edozein dokumentazio.
Zilegi izanen da txikizkako merkataritzako jarduera ez izatea jarduera nagusia, baldin eta saltegia 1.500 biztanle baino gutxiagoko toki entitate batean kokaturik badago.
2. Merkataritza ez-sedentarioko proiektuak (MES).
Negozioaren jarduera nagusiak EJSN-2025 delakoaren 47.11 eta 47.79 taldeen artekoa izan beharko du, biak barne.
2.1. Modalitate hauek soilik onartzen dira: aldizkakotasun zehatzeko salmenta puntu eta azoka txikietan saltzea, aldez aurretik ezarritako tokietan, eta merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan. Ez da onartuko azoketan edo festetan egiten den salmenta.
2.2. Merkataritza ibiltaria egiten denean denda-ibilgailuetan, merkataritza ibilbideak, ahal dela, Nafarroako toki entitateetan barnakoak izanen dira, eta herri horietan eginen dira enpresaren salmenten %80 eginen gutxienez.
2.3. Azoka txikietako salmentaren kasuan, enpresak egiten dituenen %80 gutxienez Nafarroako toki entitateetan egin behar dira.
2.4. Merkataritza jarduera gutxienez hilean lau egunetan egin behar da, batez beste.
2.5. Enpresaren jarduera nagusia salmenta ibiltaria izan behar da, salbu eta oinarri honetako 2.8 atalean aurreikusitako kasuan. Ez da halakotzat joko produktoreen zuzeneko salmenta, ezta geroago salduko diren produktuen ekoizpena edo elaborazioa ere.
2.6. Merkataritza ibiltariaren jarduerarako erabiltzen den denda-ibilgailuak egokituta egon behar du berariaz jarduera hori egiteko.
2.7. Merkataritza ez-sedentarioko jarduerak eskualdatuz gero, eskualdatutako negozioak lehenago adierazitako baldintzak bete beharko ditu, eta, horretarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du.
2.8. ETE bat, aldi berean, txikizkako merkataritzako jardueren eta merkataritza ez-sedentarioko jardueren titular denean, diruz laguntzeko moduko kontzeptutzat hartuko dira oinarriotan jarduera ekonomiko mota bietarako ezarritakoak.
3. Jarduera parakomertzialen proiektuak (JP).
Negozioaren jarduera nagusiak ESJN-2025 delakoaren hauetako bat izan beharko du:
- 96.10 taldeko jarduerak: Oihalezko eta larruzko jantziak garbitzea.
- 95.23 taldeko jarduerak: Oinetakoak eta larruzko gaiak konpontzea eta mantentzea.
- 95.29 taldeko jarduerak: Norberaren gauzak eta etxean erabiltzeko gaiak konpontzea eta mantentzea.
- 10.71 taldeko jarduerak: Ogiaren eta okintzako eta gozogintzako produktu freskoen fabrikazioa.
4. Jarduera nagusia baldin bada ondoren salgai jartzen diren produktuen elaborazioa, ekoizpena eta eraldaketa (esaterako, gozo-denda, pizzeria, okindegia, izozkitegia eta abar), ez da ekonomia jarduera diruz lagungarritzat hartuko, salbu eta 5.1 oinarrian ezarritako salbuespen kasuan eta aurreko atalean (jarduera parakomertzialak) zehaztutako jardueren kasuan.
Ez dira diruz lagunduko merkataritza elektronikoko jarduera ekonomikoak, makina automatikoen bidezko salmenta, etxez etxeko salmentak, etab.
5. Eskatzaileak ekonomia jardueren gaineko zergan (aurrerantzean EJZa) alta hartuta egon beharko du, Nafarroako toki entitateren batean, diruz lagungarritzat hartuko diren jarduera ekonomikoen baliokide zuzena den epigraferen batean. Informazio horren bidez egiaztatuko da zein den enpresaren banaketa edo salmenta bide nagusia, saltokiko salmenta, salmenta sedentarioa edo Internet bidezkoa bereizita.
EJZri buruzko informazioa web esteka honetan egonen da: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.Web/Registro.aspx.
Merkataritzako ekintzailetza proiektuen kasuan (MEk), eskatzailea ez badago alta hartuta EJZn, enpresa planean emandako informazioa hartuko da kontuan, enpresaren ekonomia-jarduera EJSN-2025 delakoan sailkatu ahal izateko. Kasu horretan, enpresa eskatzailea deialdian aurreikusitako dirulaguntzen onuradun bihurtzen bada, 2026ko abenduaren 1erako aurkeztu beharko du, beranduenik, EJZn alta hartu izanaren aitorpena.
6. Eskatzailearen enpresak tamaina hauetakoa izan beharko du, proiektu motaren arabera:
PROIEKTU MOTA | ENPRESAREN TAMAINA |
Modernizatzea eta eraberritzea (ME) | Mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertaina |
Merkataritzako eskualdaketa (MEs) | Mikroenpresa edo enpresa txikia |
Merkataritza ez-sedentarioa (MES) | Mikroenpresa edo enpresa txikia |
Merkataritzako ekintzailetza (MEk) | Mikroenpresa edo enpresa txikia |
Digitalizazio komertziala (DK) | Mikroenpresa edo enpresa txikia |
Jarduera parakomertzialak (JP) | Mikroenpresa edo enpresa txikia |
Jarduera anitzeko lokalen kasurako, eta elikagaiak garraiatzeko ibilgailuak egokitu edo ibilgailu egokituak erosteko kasurako, mikroenpresek bakarrik eska dezakete laguntza.
7. Saltegiak modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuak (ME).
2025eko urriaren 1a baino lehenagotik eta dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunera arte aritu izana, etengabe, zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan (ondorio horietarako, EJZn ematen den informazioa hartuko da kontuan).
Aldi horretan enpresa batek bere izena, forma juridikoa, osaera edo negozioaren titulartasuna aldatu badu, baldintza hori betetzat joko da txikizkako merkataritzako jarduera berean jarraitzen badu eta, gainera, lehenago adierazitako aldaketen ondoren, enpresako kideetako batek enpresa eskatzailearen titularra izaten jarraitzen badu.
8. Merkataritzako eskualdaketa proiektuak (MEs).
Saltegiari EJZn baja ematen zaionetik negozioa eskuratzen duen enpresari alta eman arte (EJZren talde berean) ezin dira bi hilabete baino gehiago igaro. Halaber, negozioa eskualdatzeko akordio bat formalizatu behar da 2025eko apirilaren 16tik 2026ko urriaren 16ra bitartean, biak barne.
Horrelako proiektuetarako, ez bestetarako, 2025eko apirilaren 16tik 2026ko urriaren 16ra bitartean (biak barne) gauzatutako inbertsioak onartuko dira.
9. Merkataritza ez-sedentarioko proiektuak (MES).
Eskatzaileak Nafarroako toki entitate batean egon behar du alta hartuta EJZn, merkataritza ez-sedentarioari dagokion epigraferen batean, 2025eko urriaren 1a baino lehenagotik.
Merkataritza ez-sedentarioko jarduerak eskualdatuz gero, EJZri dagokionez, merkataritzako eskualdaketa proiektuetarako ezarritakoari jarraituko zaio.
10. Merkataritzako ekintzailetza proiektuak (MEk).
a) Txikizkako merkataritzako enpresa berri bat eratzea eta saltegi berri bat irekitzea Nafarroan. Enpresa dagoeneko eratuta badago eta egoitza fiskala Nafarroatik kanpo badu, modernizazio eta eraberritze proiektutzat joko da establezimendu berria irekitzea eta, EJZko altaren ondorioetarako, atal honen d) letran xedatutakoa aplikatuko da.
b) Enpresak eraturik egon behar du, eta behin betiko IFKa eduki, laguntza eskaera aurkezten denean.
c) Deialdi honetatik kanpo geratuko dira lehendik zegoen enpresa baten izen edo izaera juridikoaren aldaketaren ondorioz sorturiko enpresak edo horren kapital-gehikuntzaren edo egitura-aldaketaren ondorioz sortutakoak.
d) EJZn alta hartu izanaren data 2025eko urriaren 1etik 2026ko abenduaren 1era bitartekoa izanen da, biak barne.
e) Negozio berriak aldeko bideragarritasun plana edo enpresa plana izan beharko du.
11. Merkataritza ez-sedentarioko proiektuak (MES).
Nafarroako toki entitate batean alta hartuta egotea EJZn, merkataritza ez-sedentarioari dagokion epigraferen batean, 2025eko urriaren 1a baino lehenagotik.
Merkataritza ez-sedentarioko jarduerak eskualdatuz gero, EJZri dagokionez, merkataritzako eskualdaketa proiektuetarako ezarritakoari jarraituko zaio.
12. Jarduera parakomertzialen proiektuak (JP).
Nafarroako toki entitate batean alta hartuta egotea EJZn, ekonomia jarduera diruz lagungarriei dagokien epigraferen batean, 2025eko urriaren 1a baino lehenagotik.
Establezimenduak 1.500 biztanle baino gutxiagoko toki entitate batean kokaturik egon behar du.
6. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.
1. Diruz lagungarriak diren proiektu motak.
a) Saltegiak modernizatzea eta eraberritzea (ME).
Diruz lagungarriak dira, alde batetik, lehendik dauden saltegiak modernizatu, eraberritu edo zaharberritzeko inbertsioak, eta, bestetik, lekuz aldatzen diren saltegietarako lokalak egokitu eta hornitzekoak, baita saltegi berrien lokalak hornitzekoak ere, horrek ekartzen badu enpresak duen saltegi kopurua handitzea.
Halaber, proiektu mota honetan diruz lagungarriak izanen dira Nafarroako landa eremuetan jarduera anitzeko lokalak eraberritzeko, zaharberritzeko edo hornitzeko inbertsio guztiak.
b) Merkataritzako eskualdaketa (MEs).
Diruz lagungarriak dira 2025eko apirilaren 16an jardunean den saltegi bat erostearen ondoriozko inbertsioak, baldin eta bertako jarduera ekonomikoaren jarraitutasuna bermatzen bada eta saltegiaren jabetza osoa eskualdatzen bada.
c) Merkataritza ez-sedentarioa (MES).
Diruz lagungarriak dira ibilgailua berriak erosi edo egokitzeko inbertsioak, denda-ibilgailuan merkataritza ez-sedentarioan aritzeko, baita azoka txikietan merkataritza ez-sedentarioan aritzeko berariazko ekipamendua erosteko inbertsioak ere.
Gainera, diruz lagungarriak dira merkataritza ez-sedentarioko jarduera bat eskuratzearen ondoriozko inbertsioak, baldin eta jarduera hori 2025eko apirilaren 16an jardunean bazegoen, jarduera ekonomikoaren jarraitutasuna bermatzen bada eta jarduera osoa eskualdatzen bada.
d) Merkataritzako ekintzailetza (MEk).
Diruz lagungarriak dira txikizkako merkataritzako enpresa proiektu berriak saltegietan ezartzen dituzten enpresa berriek egindako inbertsioak.
e) Digitalizazio komertziala (DK).
Diruz lagungarriak dira ETEen eraldaketa digitalerako behar diren inbertsioak, ekipamendu digitala ezartzekoak, baita tresna eta garapen teknologikoak ere, aukera ematen dutenak negozioaren kudeaketa hobetzeko eta kontsumitzaileen erosteko ohituretara egokitzeko.
Proiektu mota honetako eskaerak kontuan hartzeko, laguntza eskaerako jarduketa guztiek 6.2.4 oinarrian barne hartuta egon beharko dute.
Digitalizazio komertzialeko inbertsioak ez badira iristen mota horretako proiektuetarako eskatzen den gutxienekora, inbertsio horiek deialdian ezarritako beste edozein proiektu motatarako eskaerarekin batera aurkezten ahalko dira.
f) Jarduera parakomertzialak (JP).
Diruz lagungarriak dira ekonomia jarduera mota hauek egiten diren establezimenduak eraberritu eta egokitzeko inbertsioak, bai eta jarduera horretan aritzeko behar diren altzariak eta berariazko ekipamendua erostekoak.
2. Inbertsio diruz lagungarriak.
2.1. Saltegiak modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuak (ME) eta merkataritzako ekintzailetza proiektuak (MEk).
Honako jarduketa hauek dira inbertsio diruz lagungarriak:
1) Saltegietako instalazioak, lokalak eta irudia eraberritzeko, egokitzeko eta berritzeko obrak.
Honako jarduketa hauek onartuko dira: saltegietan egindako eraberritze lanak; kanpoko eta barneko errotulazioak; erakusleihoetan edo fatxadetan egindako eraberritzeak; irisgarritasun arloko hobekuntzak; oztopo arkitektonikoak kentzea; aire girotuko, lapurreten aurkako edo segurtasun sistemak instalatzea; wifi eremuak instalatzea; energia-efizientzia hobetzeko jarduketak; saltegiko instalazioak berritzea, hala nola argiteria eta iturgintza lanak, eta antzeko beste jarduketa batzuk.
2) Saltegietako merkataritzako ekipamendua.
Aktibo finko berri hauek erostea, instalatzea eta muntatzea onartuko da, besteak beste:
–Produktuak erakusteko eta biltegiratzeko altzariak.
–Ekipamendu berariazkoa, makineria eta inbertsioak merkataritza jarduerarako beharrezkoak diren beste aktibo finko batzuetan.
3) Zerbitzu-sariak ezinbesteko zerbitzu tekniko profesionalak ordaintzeko, lotura zuzena badute laguntzaren xedearekin. Bakar-bakarrik onartuko dira proiektua idazteko gastuak, obra zuzendaritzakoak, eta dekorazio edo instalazio proiektuenak.
Kontzeptu horiengatik, oro har, diruz lagungarritzat hartuko dira aurreko 1. eta 2. ataletako inbertsio diruz lagungarrien zenbatekoaren %20ra arte. Portzentaje hori kasuan kasuko dirulaguntza ordaintzean ere aplikatuko da.
4) Digitalizazio komertzialeko inbertsioak.
Onartuko diren jarduketek kudeaketa edo merkaturatze sistemak hobetzekoak izan beharko dute, oinarri hartuta, batetik, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) txertatzea, eta, bestetik, txertatutako tresna teknologikoak abian jartzeko eta erabiltzeko behar den prestakuntza; zehazki, jarduketa hauek:
a) Merkataritza elektronikoa ezartzea (e-commerce).
Diruz lagungarria izanen da online salmentadun web-orri berriak sortzea, lehendik dauden web-orriak online salmenta txertatzeko egokitzea eta online salmenta duten web-orriak garatzea, baldin eta garapen horrek hobekuntza eta egokitzapen nabarmenak badakartza eta inbertsiotzat hartu badaiteke, eta ez funtzionamendu edo mantentzeko gastu huts gisa.
Baldintza hauek bete beharko dira:
–Sistema estandarretan garatzea eta gailu mugikorretara egokitua egotea.
–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.
–Pribatutasun politikaren orrialdea izatea, indarreko araudiarekin bat.
–https datuen transferentziarako protokoloa izatea.
–Sinkronizaturik egotea saltegiaren kudeaketa sistemarekin.
–Ordainketa-pasabidea izatea.
b) Gailu mugikorretako aplikazioak garatzea, helburu baldin badute bezeroak lortzea (promozio sistemak, marka nabarmentzea, errealitate areagotua, georreferentziarako sistemak...).
c) Kudeaketa tresnak, programa informatikoak eta lotutako softwarea ezartzea, bakar-bakarrik konexiorik eta ikustekorik ez dutenean salmenta prozesuaren kudeaketarekin eta enpresaren fakturazio sistemarekin, bai ordea, enpresako langileen kudeaketarekin edo ordutegien kontrolarekin eta antzekoekin, esaterako.
d) Ekipamendu digitala: ordainagirien inprimagailuak, prezioen etiketatze elektronikorako sistemak eta barra kodeen irakurgailuak.
5) Enpresa-integrazioko inbertsioak: Frankizietara, erosketa-zentraletara eta enpresa-integrazioko beste formula batzuetara sartzeko kanonak eta irudi komunera edo korporatibora egokitzeko beharrezkoak diren beste inbertsio batzuk, 2.500 biztanletik beherako toki entitateetan kokatutako saltokien kasuan.
6) Elikagaiak garraiatu eta banatzeko ibilgailuak egokitzea.
Ibilgailuak egokitzeko edo ibilgailu egokitu berriak erosteko beharrezkoak diren inbertsioak onartuko dira, elikagaien txikizkako merkataritza jardueran aritzeko, eskatzailea 1.500 biztanletik beherako toki entitate batean kokatutako saltegi baten titularra denean, kasu horretan bakarrik.
Ibilgailuak egokitzea ez da diruz lagungarria izanen beste produktu mota batzuk garraiatu edo banatzeko baldin bada, edo eskatzailearen beste jarduera profesional batekin zerikusia duenean, txikizkako merkataritzako jarduera eta beste jarduera aldi berean egiten badira.
Ibilgailuek, orobat, ibilgailu garbi gisa egon behar dute etiketaturik beren energia-efizientziaren arabera (bereizgarri hauek: 0 isuri, Eco, C eta B).
2.2. Merkataritzako eskualdaketa proiektuak (MEs).
Inbertsio diruz lagungarriak dira 6.2.1 oinarrian ezarritakoak, bai eta makina, erreminta, instalazio eta merkataritza ekipamendu gisako aktibo finko erabiliak eskuratzea ere.
Zerbitzu tekniko profesionalen zerbitzu-sari gisa onartuko dira 6.2.1 oinarrian ezarritako gastuak, eta kontzeptu horiengatik, oro har, diruz lagungarritzat hartuko dira gainerako inbertsio diruz lagungarrien zenbatekoaren %20ra arte. Portzentaje hori kasuan kasuko dirulaguntza ordaintzean ere aplikatuko da.
Horrez gain, diruz lagungarritzat onartuko dira peritu txostena edo negozioaren tasazio txostena prestatzearen ondoriozko gastu guztiak, baina gastu horiengatiko dirulaguntza 500 eurokoa izanen da gehienez ere.
Kontzeptu diruz lagungarriei dagokienez, eskualdatzearen fakturatik gehienez ere peritu edo tasazio txostenean egiaztatutako zenbatekoa onartuko da.
2.3. Merkataritza ez-sedentarioko proiektuak (MES).
Honako jarduketa hauek dira inbertsio diruz lagungarriak:
1) Salmenta, denda-ibilgailuetan. Ibilgailu berriak erostea edo ibilgailuak garraio eta salmentaren jarduerara egokitzea, ibilgailua salmenta ibiltarirako baliabide nagusia denean.
Ibilgailuak ezin dira turismo gisa sailkaturik egon, eta ibilgailu mistoak diruz lagungarriak izateko, egokituta egon behar dute salgaien garraiorako.
Ibilgailuek, orobat, ibilgailu garbi gisa egon behar dute etiketaturik beren energia-efizientziaren arabera (bereizgarri hauek: 0 isuri, Eco, C eta B).
2) Salmenta, azoka txikietan. Berariazko ekipamendua erostea, hala nola:
–Olanak, karpak, instalazio metalikoak edo egitura eramangarriak saltokirako.
–Produktuak erakusgai jartzeko ekipamendu komertziala edo altzariak, elektrizitate-sorgailuak eta abar.
3) Digitalizazio komertzialeko inbertsioak.
4) Merkataritza ez-sedentarioko jarduerak eskualdatzean, peritu txostena edo negozioaren tasazio txostena prestatzearen ondoriozko gastuei 6.2.1 oinarrian ezarritakoa aplikatuko zaie, eta, horrez gain, diruz lagungarritzat hartuko da 6.2.2 atalean adierazitako aktibo finko erabiliak eskuratzea.
Eskualdatzearen fakturatik gehienez ere peritu- edo tasazio-txostenean egiaztatutako zenbatekoa onartuko da.
2.4. Digitalizazio komertzialeko inbertsio proiektuak (DK).
Inbertsio diruz lagungarritzat joko dira 6.2.1.4) atalean adierazitakoak.
2.5. Jarduera parakomertzialen proiektuak (JP).
Inbertsio diruz lagungarritzat joko dira 6.2.1. oinarriko 1., 2. eta 3. ataletan adierazitakoak.
3. Diruz lagundu ezin diren kontzeptuak.
a) Dirulaguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ez eta enpresa eskatzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.
b) Materialak eta elementuak erostea obretarako, instalazioetarako, eraikuntzetarako edo ETE eskatzaileak egiten duen edozein proiektutarako, salbu eta egiaztatzen denean material horiek erabiltzen dituen enpresa edo profesional batek gauzatu dituela lanak.
c) Bigarren eskuko aktibo finko ukigarriak eta ondasun erabiliak. Halere, kontzeptu hau diruz lagungarria izanen da, soilik, negozioen eskualdaketen kasuan.
d) Merkataritzako eskualdaketa proiektuetan, negozioa eskualdatzeko, merkataritza funtsaren truke, izakinen truke edo funtzionamendu gastutzat jotzen den beste edozein gastutarako ordaindutako kontzeptuak.
e) Saltegia eta lursailak erosteko egindako inbertsioak, eta eraikinak eraikitzekoak.
f) Garraiorako elementuak; salbuespena dira denda-ibilgailuetan egiten den merkataritza ez-sedentarioko proiektuetarako ezarritakoa eta elikagaien garraiorako egokitutako ibilgailuen kasua.
g) Edozein eratako tributuak, lizentziak, baimenak, kuotak edo antzeko gastuak.
h) Erakusketetarako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak, eta aldi baterako erakusketen instalazioa.
i) Saltegien alokairu gastuak eta material suntsikorrenak.
j) Leasing edo renting bidezko finantzaketaren bitartez eskuratutako aktiboak.
k) Ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, telefono mugikorrak eta antzekoak.
l) Kudeaketa tresnak, programa informatikoak, softwarea edo enpresaren fakturazio sistemarekin lotutako beste edozein inbertsio.
m) Salmenta puntuko terminalak (ST), balantza digitalak eta salmenta zein fakturazio prozesua kudeatzeko beharrezkoa den edo horrekin zerikusia duen beste edozein ekipamendu informatiko.
n) Obrak egitea edo lokaletarako aktiboak edo ekipamenduak erostea, saltegitik aparte edo haren ondoan baina konektatuta egon gabe, biltegi edo lantegi gisa erabiltzeko edo merkataritza jarduera ez diren bestelakoetarako.
ñ) Oro har, merkataritza jardueran aritzeko guztiz ezinbestekoak ez diren aktiboak edo ekipamenduak.
o) Eguzki plakak instalatzea.
p) Webguneen bilatzaileen optimizazio gastuak (SEO posizionamendua).
q) Denda-ibilgailuen ordezko piezak.
r) 150 eurotik beherako fakturak (BEZa gabe).
s) Salmenta automatikoko makinak (vending), salbu saltegian bertan daudenean.
4. Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.
4.1. Inbertsio diruz lagungarriak Nafarroan egin behar dira, zehazki hiri-bilbean integratuta dauden txikizkako saltegietan. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da lokala hiri-lurzoru urbanizagarrian egotea, baldin lurzati horrek edo ondokoek, hau da, mugakideek, nagusiki bizitegietarako erabilera badute, eta baztertuko dira industrialdeetan, merkataritza guneetan eta zerbitzu poligonoetan kokatuta dauden saltegiak, baita mugako eskualdeetan daudenak ere.
Aurrekotik salbuetsirik daude merkataritza ez-sedentarioko proiektuetan egindako inbertsioak eta 1.500 biztanletik beherako toki entitateetan kokatutako saltegietan egindakoak. Deialdi honetan, biztanle kopurua aintzat hartzeko, kasu eginen zaio Nafarroako kontzejuetako populazio zifra ofizialak deklaratzen dituen Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariaren foru aginduari, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoenari, alegia.
4.2. Saltegi berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz lagungarria den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta, betiere, merkataritza jarduera hori izanen da saltegi horretako jarduera ekonomiko nagusia.
4.3. Inbertsioak enpresaren aktiboan sartu beharko dira, eta dirulaguntzaren xedeko saltegian bertan kokatu behar dira, salbu eta merkataritza ez-sedentarioko proiektuen kasuan eta digitalizazio komertzialeko jarduketa jakin batzuetan, eta diruz lagundutako jarduerarako erabiliko dira.
4.4. Diruz lagundutako aktibo finkoak berriak izan behar dira, negozioak eskualdatzeko proiektuetarako aurreikusitakoan salbu, eta ezin dira enpresa eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak izan.
4.5. Jarduera anitzeko lokalen kasuan, 1.200 biztanletik behera dituen toki entitate baten jabetzakoak diren eraikinetan gauzatuko dira jarduketak, baldin eta toki entitate horretan ez bada bestelako saltegirik, zeinentzat aipatu negozioak zuzeneko lehia baitakar.
4.6. Dirulaguntzaren xede diren inbertsioek bukatuta, erabilgarri eta abian egon behar dute, 2025eko urriaren 18tik 2026ko urriaren 16ra bitartean, biak barne, eta saltegiak jendearentzat irekita eta funtzionamenduan egon behar du 2026ko urriaren 16rako.
Salbuespen gisa, saltegiak irekitzeko epea 2026ko abenduaren 1era arte luzatzen ahalko da, egun hori barne, baldin eta inbertsioak guztiz gauzatuta eta amaituta badaude 2026ko urriaren 16an, eta atzerapena enpresari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik baino ez bada, hala nola administrazio-lizentziak edo -baimenak ematean izandako atzerapenengatik.
4.7. Ezinbesteko kasuen ondoriozko aldaketak.
Onuradun izateko eskatu zaizkion baldintzetako bat aldatzea eskatzen ahalko du onuradunak, baldin eta aldaketa eskaera egiteko momentuan aurreikusteko modukoa ez zen ezinbesteko kasu baten emaitza bada, eskaera justifikatzen duen arrazoia bere erantzukizun edo zabarkeriaren ondorioa ez bada eta aldatzeko eskaera dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatu eta justifikatzeko ezarritako epea bukatu aurretik (2026ko urriaren 16a) aurkeztu bada.
Zerbitzu kudeatzaileak eskaera hori aztertzen ahalko du, betiere hirugarrenen interesen kontrakoa ez bada eta dirulaguntzaren izaera edo helburuak aldatzen ez baditu. Era berean, dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko epea luzatzen ahalko du, 2026ko abenduaren 9ra arte gehienez, egun hori barne, eta saltegia irekitzeko epea, 2026ko abenduaren 14ra arte gehienez, egun hori barne. Kasu horietan, egindako jarduketak justifikatzeko epea 2026ko abenduaren 9ra arte luzatzen ahalko da, egun hori barne, eta egindako fakturak eta ordainketak onartzekoa, 2026ko abenduaren 9ra arte ere, egun hori barne.
7. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Honako hau da gutxienez eskatzen den inbertsioa (BEZa kanpo):
ENPRESAREN TAMAINA | ||||
Proiektu motak | Mikroenpresa | Enpresa | Enpresa | Gutxieneko inbertsioa |
Modernizazioa eta eraberritzea | 10.000 | 27.000 | 105.000 | Saltegi bakoitzeko |
Merkataritzako eskualdaketa | 2.000 | 10.000 | - | Saltegi bakoitzeko |
Merkataritza ez-sedentarioa | 1.500 | 1.500 | - | Enpresa bakoitzeko |
Merkataritzako ekintzailetza | 5.000 | 17.000 | - | Saltegi bakoitzeko |
Digitalizazio komertziala | 2.000 | 5.000 | - | Enpresa bakoitzeko |
Jarduera parakomertzialak | 5.000 | 12.000 | - | Enpresa bakoitzeko |
2. Saltegiak modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuetan, "merkataritzako ekipamendua" kontzepturako baino ez bada laguntza eskatzen, gutxieneko inbertsioa 5.000 eurokoa izanen da mikroenpresentzat; 12.000 eurokoa, enpresa txikientzat; eta 45.000 eurokoa, enpresa ertainentzat.
3. Jarduera anitzeko lokalen kasuan, laguntza eskatzen bada "merkataritzako ekipamendua" kontzepturako, gutxieneko inbertsioa 2.000 eurokoa izanen da, eta laguntza eskatzen bada "modernizazio eta eraberritze lanak" kontzepturako, 10.000 eurokoa izanen da gutxieneko inbertsioa.
4. Elikagaiak garraiatzeko ibilgailuak egokitzeko edo ibilgailu egokituak erosteko, eskatzen den gutxieneko inbertsioa 5.000 eurokoa da. Inbertsio hori ezin da beste ezein proiekturekin metatu eskatutako inbertsio gutxienekoak lortzeko.
5. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondotik zehazten diren portzentajeak aplikatu behar dira inbertsio diruz lagungarriaren gainean (BEZa kanpo), gehieneko zenbateko hauek gainditu gabe:
Proiektu motak | Dirulaguntzaren % | Dirulaguntzaren gehieneko | Dirulaguntzaren muga |
Modernizazioa eta eraberritzea | 40 | 50.000 | Saltegi bakoitzeko |
Merkataritzako eskualdaketa | 80 | 60.000 | Saltegi bakoitzeko |
Merkataritza ez-sedentarioa | 60 | 10.000 | Enpresa bakoitzeko |
Merkataritzako ekintzailetza | 50 | 50.000 | Saltegi bakoitzeko |
Digitalizazio komertzialeko proiektuak | 70 | 10.000 | Enpresa bakoitzeko |
Jarduera parakomertzialak | 40 | 25.000 | Enpresa bakoitzeko |
6. Jarduera anitzeko lokalen kasuan, dirulaguntzaren portzentajea %80 izanen da, eta gehieneko dirulaguntza saltegi bakoitzeko, 45.000 euro.
7. Elikagaiak garraiatzeko ibilgailuak egokitzeko edo ibilgailu egokituak erosteko, dirulaguntzaren portzentajea %40 izanen da, eta gehieneko dirulaguntza enpresa bakoitzeko, 10.000 euro.
8. Enpresa eskatzaile bakoitzari 60.000 euroko dirulaguntza ematen ahalko zaio gehienez.
Baimendutako gastua aurkeztu diren eskaeretatik eratorritako konpromiso guztiak ordaintzeko nahikoa bada, ez da muga hori aplikatuko.
Bestela, proiektu mota baterako eta besterako dirulaguntzak metatzearen ondorioz enpresa bati dagokion dirulaguntza altuagoa bada aurretik aipatutako zenbatekoa baino, eskatzaileari 3 egun balioduneko epea emanen zaio, dirulaguntza ematen duen ebazpena baino lehen, adierazi dezan zer proiektu mota lehenetsi nahi duen, hura izan dadin dirulaguntzaren xedekoa.
8. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
2.1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-mejora-de-la-competitividad-de-las-empresas-comerciales-minoristas-y-el-fomento-del-emprendimiento-comercial (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen eguntzat.
2.2. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.
2.3. Eskaera bat aurkeztuko da saltegi bakoitzeko, proiektu hauen kasuan: modernizatzea eta eraberritzea, merkataritzako eskualdaketa eta merkataritzako ekintzailetza.
Modernizatzeko eta eraberritzeko proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero, enpresa eskatzaileak zenbakitu egin beharko ditu, nahi duen lehentasun-hurrenkeran (1, 2,3,...), eskaera-orrian ezarritakoaren arabera, 10.1 oinarrian xedatutako ondorioetarako.
Eskaera bat aurkeztuko da enpresa bakoitzeko, proiektu hauen kasuan: merkataritza ez-sedentarioa, digitalizazio komertziala eta jarduera parakomertzialak.
2.4. Enpresa txiki eta ertainak, aldi berean, txikizkako merkataritza jardueren eta merkataritza ez-sedentarioko jardueren titularrak badira, aurreikusitako jarduketek proiektu bakoitzean behar duten zenbatekoari erreparatuko zaio, eta zenbateko handienekoan sailkatuko dira laguntza eskaerak; horren arabera aplikatuko dira dirulaguntzaren portzentajea, gutxieneko inbertsioaren zenbatekoa eta gehieneko dirulaguntza.
2.5. Saltegiak dagoeneko dirulaguntza jaso badu merkataritzako eskualdaketa proiektu batengatik, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak merkataritzako ETEen lehiakortasuna hobetzeko 2024. edo 2025. urtean emandako dirulaguntzen deialdien baitan, haren eskaera ezin izanen da berriro ere sailkatu merkataritzako eskualdaketa proiektu gisa.
3. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.
Eskaera-orriarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira, dokumentu bereizietan eskaneatuta eta behar bezala izendatuta:
3.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
Eskaera-orrian erantzukizunpeko adierazpen hauek daude:
a) Adierazpen bat, frogatzeko betetzen direla 4. oinarrian eskatutako betebehar orokorrak.
b) Adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta de minimis laguntzei buruzkoa (14. oinarrian aipatzen dira).
c) Adierazpen bat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, hala badagokie, dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko beste portzentaje batzuk hartzen dituzten beren gain, Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenez bestelakoak direnak.
3.2. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa.
–Sozietateen kasuan: Sozietatearen eraketaren eskritura publikoaren kopia eta haren aldaketena (behar bezala inskribatuta egon behar dute Merkataritza Erregistroan) edo Merkataritza Erregistroak emandako ohar soila.
–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Erroldan inskribatuta daudela frogatzen duen dokumentuaren kopia.
–Pertsona fisikoen kasuan: Nortasun-agiri nazionalaren kopia.
3.3. Ekonomia jarduerari buruzko dokumentazioa.
Jarduera nagusia egiaztatzeko frogagiri bat aurkeztu behar da, non jasota egon beharko baitu enpresa eskatzailea EJSN-2025 delakoaren zer taldetan dagoen eskaera aurkezteko egunean (EJSN-2025, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala onesten duen urtarrilaren 14ko 10/2025 Errege Dekretuaren arabera).
Merkataritza sozietateen kasuan, notario eskriturak, estatutuak, urteko kontuak, Merkataritza Erregistroko informazioa edo EJSN-2025eko taldea egiaztatzeko beste edozein agiri aurkezten ahalko da.
Autonomoen kasuan, Gizarte Segurantzak emandako lan bizitzaren txostena, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) alta hartu izanaren agiria, lan autonomoaren jardueren txostena edo EJSN-2025eko taldea egiaztatzeko beste edozein agiri.
3.4. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.
a) Dirulaguntzaren xedeko proiektua azaltzen duen memoria teknikoa eta ekonomikoa, gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:
–Enpresaren aurrekariak, inbertsioak egitea gomendatzen duten arrazoiak eta proiektua gauzatzearekin lortu nahi diren helburuak.
–2025eko urriaren 18tik 2026ko urriaren 16ra bitarte egindako jarduketen edo epe horretarako aurreikusitakoen azalpena.
–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntza eskaera aurkezten denean, eta aurreikusitako egutegia.
–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen zenbateko zehatzak eta horien finantzaketari buruzko informazioa.
–Inbertsioak abian jartzeko aurreikusitako eguna eta, hala badagokio, saltegia irekitzekoa.
–Saltegian egindako jarduera ekonomiko guztien azalpen zehatza, bertan adierazita EJZren zein epigrafetan dagoen alta hartuta. Merkataritza ez-sedentarioaren edo digitalizazio komertzialen kasuan, enpresa alta hartuta dagoen epigrafe guztiak adieraziko dira.
b) Saltegien instalazioak, lokalak eta irudia eraberritzeko, egokitzeko eta zaharberritzeko lanen kasuan, saltegiaren kanpoko eta barruko argazki eguneratuak, laguntzaren xede diren jarduketak egin aurreko egoera egiaztatzeko.
c) Diruz lagunduko den aldian egindako nahiz aurreikusitako inbertsioen zerrenda baloratua eta zehatza (laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera eta Excel formatuan); hori justifikatzeko, gastuak zenbatesteko bide ematen duten aurrekontuak erabiliko dira, edo proformako fakturak zein azken fakturak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.
Negozio eskualdaketen kasuan, ondasun erabiliak eskuratzea aurreikusten bada, proformako fakturak edo azken fakturak banakatuta jaso beharko ditu negozioa eskualdatzeagatik fakturatutako kontzeptu guztiak (merkataritza-funtsa, instalazioak, altzariak, izakinak, etab.).
Inbertsio diruz lagungarriaren bolumena zehazteko, honako hau hartuko da kontuan: dirulaguntza eskatzeko berariazko inprimakiko informazioa, atal honetan aipatutako zerrenda eta dirulaguntzaren xedeko proiektuaren memoria ekonomikoan dagoen informazioa. Ondorio horietarako, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren eskatzaileak emandako beste edozein agiri.
d) Merkataritzako ekintzailetza proiektuen kasuan, a) atalean aipatutako memoriaren ordez, bideragarritasun planaren edo enpresa planaren kopia bat aurkeztu beharko da, behar bezala onetsia, osoa eta bukatua.
Plan horrek a) atalean aurreikusitako memoria egiteko eskatutako informazioa jasoko du, eta, gainera, honako alderdi hauen berri emanen du:
–Ekintzailearen lanbide kualifikazioaren eta egokitasunaren analisia.
–Merkatuaren eta lehiaren analisia, marketin plana eta plan ekonomiko-finantzarioa.
–Enpresaren antolaketa, negozioaren definizioa eta merkaturatu beharreko produktuen definizioa.
–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntza eskaera aurkezten denean, eta aurreikusitako egutegia.
Behar bezala kualifikatutako entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek prestatu beharko du plana, eta dirulaguntza eskatzen duen enpresak berak ezin izanen du egin, ezta prestatu ere. Plana nahitaez dirulaguntzaren eskaera-orriarekin batera aurkeztu beharko da.
e) Saltegiak eskualdatzeko kasuan edo merkataritza ez-sedentarioko jardueren kasuan, negozioa eskuratzen duena jarduera horretan berean edo antzeko batean aritu ez bada 2025eko apirilaren 16a baino lehen, behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu egiaztatzeko analizatu egin direla eskuratu duen negozioa kudeatu eta zuzentzeko daukan egokitasuna, gaitasuna eta lanbide kualifikazioa. Azterlan edo analisi hori behar bezalako kualifikazioa duen entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek egina beharko du, eta ezin du egin enpresa eskatzaileak berak.
f) Merkataritza ez-sedentarioan aritzen diren enpresek honako honi buruzko informazioa eman behar dute:
–Zer azoka txikitan parte hartu ohi duten Nafarroako toki entitateetan, eta, kasua bada, beste autonomia erkidego batzuetan, eta urtean eta hilean zenbat aldiz joaten diren haietara.
–Merkataritza ibiltariaren zer ibilbide egiten duten denda-ibilgailuetan, adierazita Nafarroako zer toki entitatetatik pasatzen diren eta, kasua bada, beste autonomia erkidegoetako zeinetatik, eta urtean eta hilean zenbat aldiz egiten dituzten ibilbideok.
Bi kasuetan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du, eskaera-orrian horretarako jasoko dena.
g) Jarduera anitzeko lokalen kasuan, toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, 6.5.4 oinarriko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duena.
h) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuaren kasuan (birgaitzeak eta eraberritze lanak), edo 12.000 eurotik gorakoa bada, aholkularitza edo laguntza teknikoko enpresek ekipamendu ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan (aktibo finkoak erostea, garraio elementuak, zerbitzu teknikoak edo profesionalak kontratatzea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, eta, horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanen ditu eskaera inprimakiko "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" atalean.
Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
3.5. Jarduketa baloratzeko dokumentazioa.
Dokumentazio jakin bat aurkezteko eskatzen diren irizpideak baloratzeko, 9. oinarrian ezarritakoaren arabera, soilik baloratuko dira baldin eta dokumentazioa eskaerak aurkezteko epearen barruan aurkezten bada, eta ezin izanen da zuzendu.
4. Eskaerako dokumentazioa zuzentzea.
Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
9. oinarria. Dirulaguntza emateko balorazio-irizpideak.
1. Balorazio-irizpide hauek aplikatu behar zaizkie modernizatzeko eta eraberritzeko, merkataritzako eskualdaketako, merkataritzako ekintzailetzako, digitalizazio komertzialeko eta jarduera parakomertzialetako proiektuen eskaerei:
1. irizpidea.–Saltegia dagoen toki entitatearen biztanle kopurua.
SALTEGIA DAGOEN TOKI ENTITATEAREN BIZTANLE-KOPURUA | PUNTUAK |
1.000 biztanle arteko toki entitateak | 35 |
1.001 eta 1.500 biztanle arteko toki entitateak | 25 |
1.501 eta 2.500 biztanle arteko toki entitateak | 20 |
2.501 eta 5.000 biztanle arteko toki entitateak | 15 |
5.001 eta 10.000 biztanle arteko toki entitateak | 10 |
10.001 eta 100.000 biztanle arteko toki entitateak | 5 |
100.000 biztanle baino gehiagoko toki entitateak | 0 |
2. irizpidea.–Lurraldearen despopulazio arriskua.
ARRISKU MOTA | PUNTUAK |
Muturreko arriskua | 20. |
Arrisku bizia | 16 |
Arrisku nabarmena | 12 |
Gainbehera bizia | 8 |
Gainbehera moderatua | 4 |
Egoera ahula | 2 |
Arriskurik gabe | 0 |
Ondorio horietarako, kontuan hartuko da Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean despopulazio-arriskuan dauden udalerrien zerrenda onesten duena.
Digitalizazio komertzialeko proiektuetan, enpresa batek saltegi bat baino gehiago baditu, 1. eta 2. irizpideak aplikatzeko, kontuan hartuko da eskatzailearentzat onuragarriena den saltegiaren kokalekua.
3. irizpidea.–Enpresaren tamaina.
Kontuan hartuko da eskaeran horretarako aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpena, eta puntuazio hau emanen da:
ENPRESAREN TAMAINA | PUNTUAK |
Mikroenpresa | 30 |
Enpresa txikia | 20 |
Enpresa ertaina | 10 |
4. irizpidea.–Aurreko dirulaguntzak.
Kontuan izanda zenbateko laguntzak eman diren merkataritza arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak 2023., 2024. eta 2025. urteetako deialdietan Nafarroako merkataritza-enpresen lehiakortasuna hobetzeko izapidetutako dirulaguntzen deialdietan, organo kudeatzaileak puntuazio hau esleituko du:
ALDI HORRETAN ESKURATUTAKO | PUNTUAK |
Dirulaguntzarik lortu ez bada | 15 |
4.000 euro bitarte | 10 |
4.001 eurotik 8.000 eurora | 9 |
8.001 eurotik 12.000 eurora | 8 |
12.001 eurotik 16.000 eurora | 7 |
16.001 eurotik 20.000 eurora | 6 |
20.001 eurotik 24.000 eurora | 5 |
24.001 eurotik 28.000 eurora | 4 |
28.001 eurotik 32.000 eurora | 3 |
32.001 eurotik 36.000 eurora | 2 |
36.001 eurotik 40.000 eurora | 1 |
40.000 eurotik gora | 0 |
Enpresa onuradunek epe barruan egin bazieten uko onartutako dirulaguntzei, horiek ez dira kontatu behar emandako dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzean.
5. irizpidea.–Merkatarien elkarte bateko partaide izatea.
Eskatzaileak frogatzen badu Nafarroako merkatarien elkarte baten kide dela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehenagotik, 5 puntu emanen zaizkio gehienez, antzinatasunagatik, honela:
ANTZINATASUNA MERKATARIEN ELKARTE BATEAN | PUNTUAK |
5 urtekoa edo hortik gorakoa | 5 |
4 urte edo gehiago eta 5 urte baino gutxiago | 4 |
3 urte edo gehiago eta 4 urte baino gutxiago | 3 |
Urtebete edo gehiago eta 3 urte baino gutxiago | 2 |
Urtebete baino gutxiago | 1 |
Elkarteak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, non enpresa elkartu gisa alta hartu zuen eguna adieraziko baita.
Antzinatasuna kalkulatzeko kontuan hartuko da zenbat denbora igaro den enpresak merkatarien elkarteko kide gisa alta hartu zuenetik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
6. irizpidea.–Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita egotea.
Eskatzailea atxikita badago Kontsumoko Arbitraje Sistemari deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 4 puntu emanen zaizkio.
Deialdiaren organo kudeatzaileak egiaztatuko du hori Kontsumo Zerbitzuan, baina, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz adierazi badu laguntzaren eskaera-orrian.
7. irizpidea.–Genero berdintasunaren arloko prestakuntza berariazkoa eta berdintasun-planak.
Indarreko arauekin bat enpresa ez badago beharturik berdintasun-plan bat prestatzera baina frogatzen badu, eskaera aurkezten duen egunean, berdintasun-plan bat ezarri duela, berdintasunaren arloan neurriak hartu dituela edo berariazko prestakuntza jaso duela, 3 puntu emanen zaizkio gehienez, honela:
BERDINTASUNAREN ARLOKO PRESTAKUNTZA | 3 PUNTU GEHIENEZ |
Enpresak berdintasun-plan bat duela egiaztatzen du | 3 |
Enpresak berdintasun arloko neurriak hartu ditu | 1 |
Enpresak berdintasunaren arloko berariazko prestakuntza egin du (langileei emandako 8 prestakuntza orduko) | 1 |
Kasua bada, lan arloko agintari eskudunaren aurrean erregistratutako berdintasun-planaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta berdintasunaren arloan neurriak hartu izana edo prestakuntza jaso izana frogatzeko agiriak ere.
Deialdia kudeatzen duen organoak aholku eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, laguntza eskatzen duen enpresak aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.
8. irizpidea.–Merkataritzako eskualdaketak.
Kontuan izanda zenbat saltegi dauden 2025eko abenduaren 31n eskualdatzen den saltegia kokatuta dagoen toki entitatean (eskualdatzen dena barne), honako puntuazio hau aplikatuko da:
SALTEGIEN KOPURUA | PUNTUAK |
1-3 artean | 16 |
4-7 artean | 12 |
8-11 artean | 8 |
12-15 artean | 4 |
15 baino gehiago | 0 |
Atal honetan puntuak lortzeko, saltegien kopurua egiaztatu beharko da, dagokion toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiriaren bidez.
9. irizpidea.–Babes-araubide berezia duten saltokiak.
Saltegiak nolabaiteko babesa edo aitortza jaso badu toki entitatearen partetik, duen izaera bereziagatik, bizitza luzekoa izateagatik, ehun urtetik gora izateagatik eta abar, 2 puntu emanen zaizkio.
Toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, ezaugarri berezi hori aitortzeko arau figura edo tresna aipatzen duena (ordenantzak, udal ondasunen katalogoa, udal plan orokorra edo bestelako babes mekanismoak).
2. Aurreko ataleko irizpideak aplikatu ondoren, balorazio-irizpide hauek ere aplikatuko zaizkie Iruñeko saltegien eskaerei:
1. irizpidea.–Saltegia kokatuta dagoen auzoaren dentsitate komertziala.
Saltegia kokatua dagoen auzoaren dentsitate komertziala zein den, behean azaltzen den puntuazioa emanen da. Puntuazio hori finkatu da auzo bakoitzaren dentsitate komertzialaren alderantzizko proportzioaren arabera:
AUZOA | PUNTUAK |
Alde Zaharra | 1 |
Zabalguneak | 1 |
Donibane | 2 |
Iturrama | 2 |
Buztintxuri-Euntzetxiki | 2 |
Sanduzelai | 3 |
Abejeras-Azpilagaña | 3 |
Ermitagaña-Mendebaldea-Irunlarrea | 3 |
Arrotxapea | 3 |
Milagrosa-Arrosadia | 3 |
Etxabakoitz | 4 |
Txantrea-Orvina-Ezkaba | 4 |
Mendillorri | 4 |
2. irizpidea.–Saltegia kokatuta dagoen auzoko saltegien kopuruaren bilakaera.
Saltegia kokatuta dagoen auzoan izan den saltegi kopuruaren bilakaeraren arabera, behean azaltzen den puntuazioa emanen da. Puntuazio hori finkatu da auzo bakoitzaren bilakaeraren alderantzizko proportzioaren arabera:
AUZOA | PUNTUAK |
Etxabakoitz | 1 |
Buztintxuri-Euntzetxiki | 1 |
Abejeras-Azpilagaña | 2 |
Zabalguneak | 2 |
Donibane | 2 |
Mendillorri | 2 |
Sanduzelai | 3 |
Alde Zaharra | 4 |
Txantrea-Orvina-Ezkaba | 4 |
Ermitagaña-Mendebaldea-Irunlarrea | 4 |
Milagrosa-Arrosadia | 4 |
Arrotxapea | 4 |
Iturrama | 4 |
3. irizpidea.–Hiri garapen berritzat jotzen diren auzoetako saltegiak.
Jarduketak egiten badira hiri garapen berritzat hartzen diren auzoetan kokatutako saltegietan, honako puntuazio hau aplikatuko da.
AUZOA | PUNTUAK |
Lezkairu | 4 |
Erripagaña-Beloso | 4 |
3. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:
a) Dirulaguntzaren eskaera aurkezteko unean inbertsio guztiak burutuak (fakturatuta eta ordainduta) dituzten eskatzaileak, eta lehentasuna emanen zaie diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.
b) Dirulaguntzaren zenbateko txikiagoa jaso duten eskaerak (4. irizpidea).
c) Saltegia kokatzen den toki entitateko biztanle kopurua; lehentasuna emanen zaie biztanle kopuru txikiena dutenei. Iruñean kokatutako saltegien kasuan, lehentasuna emanen zaie dentsitate komertziala txikiena duten auzoetan kokatuta daudenei.
4. Merkataritza ez-sedentarioko proiektuen eskaerak baloratzeko irizpideak.
4.1. Nafarroako toki entitateetan 2025ean azoka txikietan egindako merkataritzarako, irizpide hauek aplikatuko dira:
1.irizpidea.–Azoka txikia egiten den toki entitateko biztanle kopurua.
TOKI ENTITATEAK | PUNTUAK |
%50ek 1.000 biztanle baino gutxiago dituzte | 10 |
%50ek 1.500 biztanle baino gutxiago dituzte | 5 |
%50ek 2.000 biztanle baino gutxiago dituzte | 3 |
2. irizpidea.–Hilean zenbat aldiz joaten den.
HILEAN ZENBAT ALDIZ | PUNTUAK |
7 egun baino gehiago | 10 |
6 eta 7 egun artean | 5 |
5 egun | 3 |
3. irizpidea.–Urtean zenbat aldiz joaten den.
URTEAN ZENBAT ALDIZ | PUNTUAK |
9 hilabete baino gehiago | 10 |
6 hilabete baino gehiago | 5 |
3 hilabete baino gehiago | 3 |
4.2. Nafarroako toki entitateetan 2025ean denda-ibilgailuetan egindako merkataritza ibiltarirako, irizpide hauek aplikatuko dira:
1. irizpidea.–Ibilbidean dauden Nafarroako toki entitateetako biztanle kopurua.
TOKI ENTITATEAK | PUNTUAK |
%50ek 1.000 biztanle baino gutxiago dituzte | 20 |
%50ek 1.500 biztanle baino gutxiago dituzte | 10 |
%50ek 2.000 biztanle baino gutxiago dituzte | 5 |
2. irizpidea.–Nafarroako zenbat toki entitatetatik pasa den merkataritzako ibilbide bakoitzean.
TOKI ENTITATEAK | PUNTUAK |
5 baino gehiago | 20 |
4 eta 5 artean | 10 |
3 baino gutxiago | 5 |
3. irizpidea.–Hilean zenbat aldiz egiten duen merkataritzako ibilbidea.
HILEAN ZENBAT ALDIZ | PUNTUAK |
7 egun baino gehiago | 20 |
6 eta 7 egun artean | 10 |
5 egun | 5 |
4.3. Aurreko irizpideak aplikatzeaz gain, merkataritza ez-sedentarioko jarduerak eskualdatuz gero, 20 puntu emanen dira.
4.4. Merkatu txikietan eta denda-ibilgailuarekin aritzen diren saltzaile ibiltariak.
Kasu horretan, laguntza zer inbertsio motatarako eskatzen den, hari dagokion baremoa aplikatu beharko da.
4.5. Merkataritza ez-sedentarioko proiektuei irizpideak aplikatzeko dokumentazioa.
Kontuan hartuko da eskatzaileak eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenean emandako informazioa, adierazitako irizpideei dagokien puntuazioa esleitzeko.
4.6. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:
a) Dirulaguntza aurkezteko unean inbertsio guztiak burutuak dituzten eskatzaileak, eta lehentasuna emanen zaie diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.
b) Nafarroako zenbat toki entitatetan jarduten den merkataritza ibiltarian diruz lagun daitekeen aldian; lehentasuna emanen zaie kopuru handiena dutenei.
c) Inbertsio diruz lagungarrien bolumena; zenbateko handiena dutenak lehenetsiko dira.
10. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.
1. Norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzearren proiektu mota bakoitzeko, ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie baldintza guztiak betetzen dituzten eskaerei, puntuaziorik handiena duenetik txikiena dueneraino, proiektu mota bakoitzerako dagoen kreditu erabilgarria agortu arte.
Kreditu erabilgarria gelditzen bada proiektu mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, gainerako proiektuen eskaerei erantzuteko erabiliko da, 2. oinarrian ezarritakoarekin bat.
Baimendutako kreditua ez bada aski dirulaguntzak eskuratzeko ezarri diren baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, zenbait saltegitarako (modernizazio eta eraberritze proiektuak) dirulaguntza eskaerak egin dituzten enpresei saltegi bakarrerako emanen zaie laguntza, zehazki enpresak lehentasunezkotzat jo duen lehenengoari.
Ondoriozko dirulaguntzak aurkeztutako eskaera guztiei esleitu ondoan, aurretik ezarritakoarekin bat betiere, oraindik ere krediturik balego erabilgarri, lehentasunezko bigarren postuan adierazitako eskaerei dagozkien dirulaguntzak esleituko lirateke (modernizazio eta eraberritze proiektuak), gero hirugarren postuan adierazitakoei, eta hala hurrenez hurren, kreditu erabilgarria agortu arte.
Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
Baimendutako kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da eskaeren lehentasun hurrenkera zehaztu beharrik izanen.
2. Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, kreditu aski ez dagoelako, laguntzak emateko ebazpena baino lehen 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin. Proposatutako dirulaguntzarekin ados daudela adierazten duten onuradunek dirulaguntza osagarri bat jasotzen ahalko dute, baldin eta aurrekontu-baliabide gehiago sortzen badira azkenean ordaintzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoa txikiagoa izateagatik hasieran onartutakoena baino, edo onuradunen batek uko egiteagatik dirulaguntzari.
3. Baldin eta dirulaguntzak esleitu ondoren deklaratzen bada laguntzaren bat kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu lortzen bada, beste xede hauetarako erabiltzen ahalko da, adierazitako hurrenkeran:
–Nahikoa aurrekontu kontsignaziorik ez izateagatik laguntza osoa jaso ez zuen eskatzaileari emandako laguntza partziala osatzea, aurreko atalean xedatutakoaren arabera, hurrenkera honetan: MEk, MEs, DK, MES eta ME motako proiektuak (gainerako toki entitateak, Iruña) eta JP.
–Nahikoa aurrekontu ez izateagatik ezetsi ziren eskaerei heltzea, hurrenkera honetan: MEk, MEs, DK, MES eta ME motako proiektuak (gainerako toki entitateak, Iruña) eta JP.
–Saltegi batetarako baino gehiagorako modernizazio eta eraberritze proiektuak aurkeztu dituzten enpresen eskaerei heltzea.
Zerbitzu kudeatzaileak 2026ko urriaren 30era arteko epea proposatzen ahalko du, egun hori barne, dirulaguntza osagarri horiek emateko, eta epe berriak ezarriko ditu diruz lagungarriak diren jarduketak gauzatu eta justifikatzeko, betiere 2026ko abenduaren 9ko data gainditu gabe, egun hori barne.
4. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
5. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia da.
Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Onuradunen zerrenda jarduketa bakoitzeko, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, hala badagokio, eta laguntzen zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.
Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, esanbidezkoak edo isilbidezkoak izan, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
11. oinarria. Inbertsioen justifikazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Edozein unetan aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2026ko urriaren 16an, egun hori barne.
2025eko laugarren hiruhilekoko PFEZaren atxikipenei dagozkien ordainketen justifikazioa 2027ko otsailaren 15era arte aurkeztuko da, egun hori barne.
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa 8. oinarriko 2. atalean adierazitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
Justifikazioa egiteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.
3. Egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa.
Honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta:
a) Azken memoria zehatza, egindako jarduketa guztiak eta proiektuaren exekuzioaren azken kostua xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.
b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen Excel formatuko ereduarekin bat.
c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulkiak beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerari erantsitako fakturak aurkeztea.
Saltegien eskualdaketari edo merkataritza ez-sedentarioko jarduerei dagokienez, erabilitako ondasunak eskuratu badira, azken fakturak banakatuta jaso behar ditu negozioa eskualdatzeagatik fakturatutako kontzeptu guztiak (merkataritza-funtsa, instalazioak, altzariak, izakinak, etab.). Kasu horietan, gainera, peritu txosten bat edo tasazio-enpresa baten txosten bat aurkeztuko da, bai eta negozioa eskualdatzeko akordioa ere.
Peritu edo tasazio txostenean xehakatu diren kontzeptuen zenbatekoek alde nabarmenak badituzte laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu zen proformako fakturan xehakatutako kontzeptuekin, onuradunak alde horiek justifikatu eta arrazoitu behar ditu.
Zerbitzu kudeatzailearen aburuz justifikazio hori nahikoa ez balitz eta inkoherentea balitz, beste enpresa baten beste peritu txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko lioke onuradunari.
d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.
Onuradunak banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz eginen ditu ordainketak. Horrela, ordainketen egiaztagiritzat hartuko dira onuradunak ordainketak finantza erakunde baten bidez egin dituela eta enpresaren kontuan kargatu direla adierazten dutenak. Ez dira onartuko eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak.
Ez dira inola ere onartuko onuraduna ez den beste pertsona edo enpresa batek egindako ordainketak, onuradunaren izenean eginak badira ere.
Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.
e) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: justifikazio-inprimakian adierazi behar dira dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak).
f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela iragartzeko baldintza bete dela egiaztatu ahal izateko argazkiak, frogagiriak edo web esteka, 13.1.k) oinarrian ezarritakoarekin bat.
g) Egindako jarduketen argazkiak:
–Obrak egiten badira saltegiak birgaitu eta egokitzeko eta haien irudia berritzeko, saltegiaren kanpoko eta barreneko argazkiak aurkeztu behar dira, lanak egin ondotik egoera zein den egiaztatu ahal izateko, baita saltegia zabalik eta funtzionamenduan dagoela ere.
–Ekipamendu komertziala edo digitala erosiz gero, diruz lagundutako aktibo finkoen argazkiak.
–Merkataritza ez-sedentarioari lotutako proiektuen kasuan, denda-ibilgailuaren argazkiak, edo erositako ekipamenduarenak.
h) Merkataritza elektronikoa ezartzeko inbertsioen kasuan, web esteka.
i) PFEZaren atxikipenak dituzten fakturak aurkeztuz gero, hileko eredua edo hiruhileko eredua (715 eredua) edo baliokidea aurkeztuko da.
12. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.
Justifikazio agiriak aztertuta, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintza guztiak.
Laguntza ordaintzeko ebazpena 2026ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.
13. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Pertsona fisikoek ez dute gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu behar.
Gainerako enpresa onuradunek, hilabeteko epean, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik hasita, telematikoki aurkeztu behar dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautzen dena.
Enpresak adierazpena aurkeztera beharturik badaude 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik, aipatu adierazpen horrekin batera foru lege horren 12.4 artikuluan ezarritako dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute.
Aldiz, 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak bete ez eta beharturik ez badaude, enpresek adierazpena aurkeztu beharko dute inguruabar horren berri emateko.
b) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek, hilabeteko epean, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik hasita, 4.6 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu behar dute , abenduaren 29ko 3/2024 Legean aurreikusitako ordainketa epeak bete dituztela egiaztatzeko.
c) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.
d) Salbuespenez, diruz lagundutako inbertsioak abian jarri badira edo saltegia jendearentzat ireki bada 2026ko abenduaren 1erako, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinarazi behar zaio zein egun zehatzetan irekiko den, ireki baino lehen.
e) Merkataritzako ekintzailetzaren proiektuen kasuan, EJZn alta hartuta daudela dioen agiriaren kopia aurkeztu beharko dute 2026ko abenduaren 1erako, egun hori barne.
f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea 2026ko irailaren 1erako, egun hori barne, emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, baldin eta aurreikusitako inbertsioak ez badira eginen ezarritako gauzatze epean.
g) Diruz lagundutako inbertsioen azken gauzatze maila %75eko edo hortik beherakoa izatea aurreikusten bada, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari 2026ko irailaren 1erako, egun hori barne.
h) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.
i) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako lortu den beste edozein diru-sarrera, dirulaguntza, babesletza eta abar.
j) Dirulaguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez edukitzea etenik gabe enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio-bizitzak iraun bitartean, hori laburragoa bada. Epe horiek inbertsioak abian jartzen direnetik zenbatuko dira, eta, ondorio horietarako, justifikazioan onartutako azken fakturaren data hartuko da kontuan.
Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, epe horren barnean dirulaguntza jasotzen duen enpresak dirulaguntzaren xedeko saltegiko merkataritza jarduera utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko, baldin eta bermatzen bada saltegi horretan txikizkako beste merkataritzako jarduera batek jarraituko duela (deialdian diruz lagungarriak izateko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu atal honetan ezarritakoaren arabera dagokion epea bukatu arte. Berdin jokatuko da enpresa onuradunak merkataritza ibiltaria uzten badu.
Hori gertatuz gero, enpresa onuradunak egoera horren berri eman beharko dio deialdiaren organo kudeatzaileari edozein erregistro ofizial erabiliz, nahikoa aurrerapenarekin eman ere. Halako kasuetan, dirulaguntza hartu duen enpresak zituen betebehar guztietan subrogatuko da saltegi horretan merkataritza jarduera bere gain hartzen duen enpresa edo salmenta ibiltarian jarraitzen duena.
Negozio bat eskualdatzen bada, onartuko da bi hilabete igaro ahal izatea eskualdatzen den negozioari EJZn baja ematen zaionetik negozioa eskuratzen duen enpresari alta ematen zaionera (EJZko talde berean).
Dirulaguntza saltegi elektroniko bat ezartzeko jaso bada, diruz lagundutako saltegi elektronikoko plataformak jardunean mantendu beharko dira 2 urtez gutxienez, inbertsioak abiatu zirenetik kontatzen hasita.
k) Dirulaguntzari publizitate egokia ematea, ondotik zehazten den moduan eta 2 urtez, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den biharamunetik aurrera edo, hala badagokio, inbertsioak abian jartzen direnetik aurrera:
–Kartel bat jarriko da saltegian argi ikusteko moduko toki batean, laguntzaren fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
–Gainera, digitalizazio komertzialerako inbertsioen kasuan, enpresaren web-orrian honako testu hau txertatuko da: "Enpresa honek dirulaguntza bat eskuratu du merkataritzako ETEen lehiakortasuna hobetzeko 2026ko dirulaguntzen deialdian". Testuarekin batera Nafarroako merkataritza marka eta Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala (2030 agendarekin) paratuko dira.
Laguntzaren web fitxan Nafarroako merkataritza marka eta Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erabiltzea eskatzeko estekak agertuko dira.
–Denda-ibilgailua erosi edo egokitzeko inbertsioen kasuan, edo elikagaiak garraiatzeko ibilgailuak egokitzeko direnetan, izen komertziala edo sozietate izena izanen dute ibilgailuek, baita Nafarroako merkataritzaren marka ere; horren erabilera eskatzeko, laguntzaren fitxan horretarako dagoen esteka erabiliko da.
l) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudirik diruz lagundutako jarduketetan, publizitate euskarrietan eta jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
m) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, dirulaguntza itzuli beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraituz; hala ere, enpresa deslokalizatzen bada, itzulketa 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzetan eginen da.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki:
a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:
–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
–Informazio hori epez kanpo aurkezten badu, baina, betiere, 2026ko urriaren 16ra bitarte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
b) Fakturen eta/edo ordainagirien data 2026ko urriaren 16tik aurrerakoa bada, baina 2026ko urriaren 30a baino lehenagokoa, haiengatik ordaindu beharreko dirulaguntza %30 murriztuko da.
c) Justifikazio-dokumentazioa 2026ko urriaren 16aren ondoren baina 2026ko urriaren 30a baino lehen aurkezten bada, %5 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza, aurreko atalean ezarritako murrizketa aplikatu ondoren, hala badagokio.
Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
d) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarte gauzatzen bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50, hain zuzen.
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik behera gauzatzen bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
Murrizketa horiek ez dira aplikatuko onuradunak ezarritako epean aurkezten badu oinarri honetako 1.f) atalean aurreikusitako jakinarazpena.
Gauzatze maila zehazteko, egokia bada, diruz lagundutako inbertsioaren zenbatekoa eta 2026ko urriaren 30era arte justifikatzen den inbertsio onartuaren zenbatekoa alderatuko dira.
Era berean, onartutako azken inbertsio justifikatua ezin da baxuagoa izan ezarritako gutxieneko inbertsioa baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
e) Oinarri honetako j) eta k) ataletan ezarritako aldiak betetzen ez badira, itzuli beharreko zenbatekoa zuzenki proportzionala izanen da betetzeko geratzen den denborarekiko, salbu eta kasu hauetan: onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.
f) Betetzen ez bada inbertsioak abian jartzeko data edo saltegia jendearentzat irekitzeko ezarri dena, edo, merkataritzako ekintzailetza proiektuen kasuan, EJZn alta hartu izana aurkezten ez bada egun horretarako, jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, behar diren berandutze-interesekin batera.
14. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.
1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin izanen da izan 300.000 eurotik gorakoa. Enpresa bakarraren definizioa erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarritakoa izanen da.
Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.
Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera-orrian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo "de minimis" beste erregelamendu batzuen mende badaude.
15. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.
16. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntza eta Laguntza Publikoen Publizitate Sistema Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/es/concesiones/consulta).
Emandako dirulaguntzak laguntzaren fitxan ere argitaratuko dira eta honako hauek adieraziko dira: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, enpresa onuradunak eta emandako diru kopurua.
17. oinarria. Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntza-ematea, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
18. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2603295
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
