66. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

66E/2026 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioak egiteko toki entitatendako dirulaguntzen deialdia eta hura arautuko duten oinarriak. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 891594.

Gobernuak 2023ko apirilaren 26an hartutako Erabakiak, zeinaren bidez Nafarroako Despopulatzearen aurka Borrokatzeko Estrategia onesten baita Nafarroako Foru Komunitatearen zeharkako plangintza publikoko tresna gisa, baterako gobernu ekintza bat sustatzen du helburu orokor honekin: gizarte-, ekonomia- eta lurralde-baldintzak ezartzea Nafarroan despopulatze bidean dauden eremuetako biztanleria mantentzeko eta biziberritzeko.

Estrategiaren helburu orokorra da jendez husten ari diren Nafarroako eskualdeen biztanleria mantendu eta indartzeko baldintza sozialak, ekonomikoak eta lurralde-baldintzak ezartzea. Horretarako, jarduketa-ardatzetan bildutako esparruak ezartzen dira, zeinen helburua baita despopulatzea eta horren ondorioak minimizatzea. Gainera, estrategiarekin batera, gobernantza-sistema bat eta proiektu gidatzaileen multzo bat daude. Dirulaguntzen deialdi honek esparru hauetan eragitea du helburu: 2. esparrua ("oinarrizko zerbitzuak"); helburua da despopulatzeko arriskuan dauden eremuetan bizi diren pertsonek oinarrizko zerbitzu publikoetarako sarbide ekitatiboa izanen dutela bermatzea, eta 5. esparrua ("lurralde kohesioa"); helburua da landa-eremuak garatzeko aukera emanen duen finkatze-eredu orekatu eta jasangarria bultzatzea.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan ezarri zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren misioa dela despopulatzearen kontrako borrokaren estrategiarekin lotuta dauden neurriak, erronka demografikoari aurre egitekoak eta lurralde egituraketaren aldekoak aztertu, koordinatu, proposatu eta izapidetzea.

Era berean, Erronka Demografikorako eta Lurraldearen Egituraketarako Zerbitzuak, aipatutako dekretuaren 26. artikuluan adierazitakoaren arabera, honako eginkizun hauek ditu, besteak beste: "Nafarroako Despopulatzearen aurka Borrokatzeko Estrategiatik eratorritako proiektuak garatzea eta kudeatzea" eta "Despopulazioak ukitutako lurralde-eremuetan dirulaguntzak kudeatzea, herritarrek aukera izan dezaten oinarrizko zerbitzu publikoak, ekintzailetza, belaunaldi-erreleboa eta landa-ingurunean etxebizitza eskuratzeko, besteak beste".

"Despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioak egiteko toki entitateendako dirulaguntzen" deialdi honen xedea da jarduketak sustatzea, udalerrien eta kontzejuen zuzkidurak erronka demografikoaren errealitatera egokitzearen bidez estrategiaren ardatzak lortzen aurrera egiteko.

2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 16/2025 Foru Legeak 923.923 euroko kreditua aurreikusten du "Despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioetarako dirulaguntzak" izeneko Nafarroako 2026rako Aurrekontu Orokorren 210002 21400 7609 922110 gastu partidari aplikatua.

Deialdi honen babesean eta haren xedea kontuan hartuta, litekeena da udalerriek eta kontzejuek inbertsio handiak egin nahi izatea, eta inbertsio horiek, batzuetan, nekez gauzatu ahal izatea aurrekontu-urte batean. Horregatik, dirulaguntza urte anitzekoa izatea planteatzen da. Deialdia urte anitzekoa denez, 2027ko ekitaldirako ere 2.000.000 euroko kreditua gaitu behar da, "Despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioetarako dirulaguntzak" izeneko Nafarroako 2026rako Aurrekontu Orokorren 210002 21400 7609 922110 gastu partida baliokideari aplikatua.

Gobernuaren 2025eko abenduaren 30eko Erabakiaren bidez, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari baimena ematen zaio 2.923.923 euroko urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzeko, despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioak egiteko toki entitateendako dirulaguntzen deialdia onesteko, zenbatekoak honela banatuta:

  • 923.923 euro 2026ko ekitaldiko gastuen aurrekontuaren "Despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioetarako dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922110 partidaren kargura.
  • 2.000.000 euro 2027ko ekitaldiko gastuen aurrekontuan 2026ko gastuen aurrekontuko "Despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioetarako dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922110 partidaren baliokide izateko gaitzen den partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa badago.

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorriz Sektore Publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Ondorioz, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Toki entitateendako dirulaguntzen deialdia onestea, despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioak egiteko 2026. eta 2027. urteetan.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 2.923.923,00 euroko urte anitzeko gastua baimentzea, aurrekontuaren partida hauen kargura:

  • 923.923 euro 2026ko ekitaldiko gastuen aurrekontuaren "Despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioetarako dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922110 partidaren kargura.
  • 2.000.000 euro 2027ko ekitaldiko aurrekontuan 2026ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioetarako dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922110 partidaren baliokide izateko gaitzen den partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzura, Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalera eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko martxoaren 6an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

I. ERANSKINA.–DESPOPULATZEAREN AURKA BORROKATZEKO INBERTSIOAK EGITEKO TOKI ENTITATEENDAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, 2026 ETA 2027 URTEETARAKO

1.–Xedea.

2023ko apirilaren 26an, Gobernuaren Erabakiaren bidez, Nafarroako Despopulatzearen aurka Borrokatzeko Estrategia onartu zen. Estrategia hori zeharkako plangintza publikorako tresna da Nafarroako Foru Komunitatean, eta baterako gobernu-ekintza sustatzen du gizarte-, ekonomia- eta lurralde-baldintza egokiak ezartzeko helburu orokorrarekin, Nafarroan despopulatzen ari diren eremuetako biztanleriari eusteko eta biziberritzeko.

Deialdi honen xedea da jarduketak sustatzea, udalerrien eta kontzejuen zuzkidurak erronka demografikoaren errealitatera egokitzearen bidez estrategiaren ardatzak lortzen aurrera egin ahal izateko. Zehazki, 2026. eta 2027. urteetan, estrategiaren ardatz hauek lortzea bultzatuko da dirulaguntzen bidez:

–Oinarrizko zerbitzuak.

  • Helburua:
    • Despopulatzeko arriskuan dauden eremuetan bizi diren pertsonek oinarrizko zerbitzu publikoetarako sarbide ekitatiboa dutela bermatzea.
  • Jarduketa ardatzak:

1. Adinekoentzako eta haurrentzako arreta eta zaintza.

2. Hezkuntza hobetzea biztanleria finkatzeko tresna gisa.

3. Osasun zerbitzuak ekitatez eskuratzea.

4. Oinarrizko elementuen hornidura (merkataritza, farmazia...).

–Lurralde kohesioa.

  • Helburua:
    • Landa-eremuen garapena ahalbidetuko duen finkatze-eredu orekatu eta jasangarria bultzatzea.
  • Jarduketa ardatzak:

1. Etxebizitza despopulazioaren aurka borrokatzeko tresna gisa.

2. Herritarren konektibitate digitala eta gaitasun digitalak.

3. Landa-eremuen baldintzetara egokitutako mugikortasun ereduak eta aukerak ezartzea.

4. Landa-ongizaterako oinarrizko azpiegiturak.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako udalerriek eta kontzejuek, baldin eta udalerria edo kontzejua Lurralde Kohesiorako kontseilariaren 8/2023 Foru Aginduan jasota badago (8/2023 Foru Agindua, otsailaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean despopulazio arriskuan dauden udalerrien zerrenda onesten duena).

Deialdi honen ondorioetarako, kontzejuak dagokien udalerriaren arrisku-kategoria berean daudela kontsideratuko da.

2.2. Pirinioetako Planaren lurralde eremuan sartuta dauden udal eta kontzejuak ez dira deialdi honen onuradun izaten ahalko.

Pirinioetako Planaren lurralde eremua osatzen dute Pirinioetako eskualdeak (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean zehazten denaren arabera) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udal mugarteek, baita ondoren Pirinioetako Planean sar litezkeen guztiek ere.

2.3. Udalerri edo kontzeju bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Eskabide bat baino gehiago aurkeztu dela ikusiz gero, Erregistro Orokor Elektronikoan lehenik aurkeztutako eskabidea bakarrik hartuko da kontuan, eta gainerakoak ezetsi eginen dira.

2.4. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3.–Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honetarako aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa 2.923.923 eurokoa da: 923.923 euro 2026ko aurrekontuen kargura, eta 2.000.000 euro 2027ko aurrekontuen kargura. 2026ko ekitaldian, gastua "Despopulatzearen aurka borrokatzeko inbertsioetarako dirulaguntzak" izeneko 210002 21400 7609 922110 aurrekontuko partidari egotziko zaio, eta 2027ko ekitaldian, berriz, aurrekontuetan haren baliokidea izateko gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

4.–Inbertsio finantzagarriak eta gastu diruz lagungarria.

4.1. Inbertsio finantzagarriak izanen dira Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren ildoan proposatzen diren eskaera eta beharrei erantzuten eta haren helburuak erdiesten laguntzen dutenak, honako apartatuetan sailka badaitezke:

a) Espazioak, lokalak, etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, alokairu araubidean ohiko etxebizitza iraunkor moduan erabiltzeko eta oporretarako alokairua kanpo utzita.

Toki entitate onuradunek horretarako sinatzen dituzten errentamendu kontratuen errentaren prezioa ez da izaten ahalko, inola ere, urte bakoitzean etxebizitza babestuen errentarako ezartzen den gehieneko prezioa baino handiagoa, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Coworking lokalak: coworking motako lantokiak ezartzeko espazioak edo lokalak erostea edo/eta birgaitzea.

c) Lokalak eta/edo espazioak erostea eta/edo birgaitzea erabilera anitzeko gelak ezartzeko (jantoki sozialak eta/edo haurrendako jantokiak, jubilotekak, ludotekak, zainketen profesional ibiltariei alokatzeko espazioak (fisioterapia, psikologia, terapia okupazionala, etab.), jarduera fisiko egokitua, etab.).

d) IKTak/adimen artifizialeko aplikazioak edo antzekoak eskuratzea, premia bereziak dituzten adinekoei emateko, landa-inguruneetan adinekoen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

e) Oinarrizko zerbitzuak eta zaintza zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, zaintzak, lagun egitea, etab.) eskuratzea erraztuko duten ibilgailuak/mugikortasun irisgarriko/egokituko irtenbideak eskuratzea edo egokitzea. Inbertsioak ez ditu inola ere oztopatzen ahalko Nafarroako Gobernuak egindako indarreko zerbitzu-emakidak.

f) Irisgarritasuneko baldintzak hobetzera eta oztopo arkitektonikoak kentzera bideratutako jarduketak (oztopo arkitektonikoak ezabatzeko egiturazko erreformak, arrapalak, igogailuak eta plataforma jasotzaileak instalatzea, komunak egokitzea eta irisgarritasun unibertsalerako gaikuntzak, seinaleztapena hobetzea, hala nola braillez idatzitako kartelak eta piktogramak, lokal publikoetan ibilbide irisgarriak sortzea, etab.).

4.2. Gastu diruz lagungarriak:

Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, oro har, laguntzaren xede den inbertsioa garatzearekin lotuta daudenak eta egokiak eta beharrezkoak direnak. Gastuek bat etorri behar dute aplikatu beharreko araudiarekin eta merkatuko prezioekin.

Gastu horiek 12. oinarrian ezarritako epean gauzatu eta ordaindu beharko dira.

Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute dirulaguntza, betiere merkatuko balioa gainditu gabe.

a) Ekintzak egiteko beharrezkoak diren obrak gauzatzeko gastuak, materialak, makineria, entitatetik kanpoko laguntza teknikoaren ordainsariak eta obraren kartela.

b) Diruz lagundutako ekintzetan aurreikusitako erabilerak garatu ahal izateko ekipamenduak eskuratzea.

c) Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren entitate onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

d) Ondasun higiezinak erosiz gero, eskurapenaren kostua, notario-gastuak, erregistrokoak, tasaziokoak, gestoriakoak eta antzekoak, baldin eta gastu horiek diruz lagundutako ekintzarekin zuzenean lotuta badaude eta ekintza behar bezala prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira.

e) Ondasun higigarririk eskuratuz gero, ondasuna eskuratzeko kostua eta inbertsioaren helburua betetzeko egin daitekeen egokitzapena.

f) IKTak/adimen artifizialeko aplikazioak edo antzekoak eskuratuz gero, premia bereziak dituzten adinekoei emateko eta landa-inguruneetan adinekoen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko, IKTak/aplikazioak edo antzekoak eskuratzea finantzatzen ahalko da, bai eta erabilera lizentziak edo horiek erabiltzeko behar den dokumentazioa ere, dirulaguntza gauzatzeko epean.

4.3. Honako hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Bitarteko propioekin gauzatutako jarduketen eskulan kostuak.

b) Banku-kontuetako interes zordunak.

c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

d) Prozedura judizialen gastuak.

e) Entitate(ar)en beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, obraren kartelak izan ezik.

f) Gastu suntsikorrak, inbertsioaren xedearekin lotuta badaude ere.

4.4. Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, %100 arte azpikontratatu daiteke, alegia, beste batzuekin hitzar daiteke dirulaguntzaren xede den inbertsioa gauzatzea, hein batean edo guztiz. Azpikontratazio hori 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

4.5. Nolanahi ere, udalerri eta kontzejuen kontura izanen da dirulaguntzaren xede diren inbertsioen ondorioz sortu edo eskuratutako kapital-ondasun edo kapital-zerbitzuak zaindu eta mantentzeko gastua.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Inbertsioak finantzatzeko gehieneko ehunekoak honako hauek dira:

a) Zenbateko lagungarriaren %60 (BEZik gabe), jasandako BEZaren kenkarirako eskubidea sortzen duten inbertsioetarako.

b) Zenbateko lagungarriaren %80 (BEZik gabe), jasandako BEZaren kenkarirako eskubidea sortzen ez duten inbertsioetarako.

Finantzaketa ehunekoa zenbateko lagungarriaren gainean aplikatuko da, BEZik gabe.

5.2. Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzaren zenbatekoa 160.000 eurokoa izanen da gehienez udalerri edo kontzeju eta urte bakoitzeko.

6.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Eskaera epea hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da kontatzen, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean akituko da.

6.2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoaren estekaren bidez (www.nafarroa.eus), dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta. Dokumentazioa pdf formatuan aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala daramala. Ziurtagiriak eta erantzukizunpeko adierazpenak ziurtagiri digitalarekin sinatu beharko dira.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du.

6.3. Baldin aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari eskatuko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da zuzentzeko errekerimendua.

6.4. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, zeina Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko laguntzen fitxatik deskargatzen ahalko baita, Interneten:

a) Eskabidea, behar bezala beteta, I. eranskinari jarraiki. Harremanetarako helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekin harremanetan jartzeko lehentasunezko bitarteko gisa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak II. eranskineko ereduaren arabera emana, honako hau adierazten duena:

1. Entitateak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat bera ere.

2. Entitate eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

3. Eskuratutako edo/eta birgaitutako higiezina deialdi honetan adierazitako xedeetara bideratzeko konpromisoa, gutxienez 7 urtez. Epe hori laburragoa izaten ahalko da gerora sortutako inguruabarrak gertatzen badira. Horretarako, aurretik Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari jakinarazi behar zaio eta Nafarroako Gobernuak baimena eman behar du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.5.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, jasandako BEZaren kenkariari buruz, III. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoa.

d) Eskurapenen kasuan:

1. Eskurapenaren zenbatespen ekonomikoa, tasazio, notario eta erregistro gastuak barne.

2. Udal idazkariaren txostena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 108. artikulua betetzen dela egiaztatzen duena.

3. Higiezinaren lurzati-zedula eta jabearen identifikazioa.

e) Birgaitze kasuetan:

1. Birgaitze obra egin nahi den espazioaren, lokalaren edo etxebizitzaren jabetza egiaztatzen duen agiria, edo alokairu kontratua edo beste edozein titulu, dirulaguntzaren onuradun den toki entitateak birgaitu beharreko higiezinak dirulaguntzaren xederako gutxienez 7 urtez erabiliko dituela egiaztatzen duena.

2. Proiektua, aurreproiektua edo memoria tekniko baloratua, dokumentazio grafiko eta guzti. Bertan, zenbateko ekonomikoa adierazi beharko da, honako hauek sartuta, hala badagokio: proiektuaren, segurtasun azterlanaren, obra-zuzendaritzaren eta segurtasun koordinazioaren kostuak eta diruz lagun daitezkeen gainerako gastuak.

f) Egin beharreko inbertsioaren memoria, honako aurkibidea izanen duena, eta oso-osorik beteta, IV. eranskineko ereduari jarraikiz:

1. Inbertsioaren deskribapen orokorra, proiektuak udalaz gaindiko eraginik duen, zein udalerritan eragiten duen eta, hala badagokio, eragina justifikatuz.

2. Inbertsioa gauzatzeko premia:

i. Inbertsioa gauzatzeko premiaren justifikazio teknikoa egin beharko da, bereiziz, berria eraikitzea, handitzea, eraberritzea edo erostea den.

ii. Bestela, kasu bakoitzean hartu beharreko neurriak zehaztuko dira.

3. Berrikuntza. Proiektua berritzailea da despopulazioaren aurkako borrokari begira:

i. Proiektuaren abiapuntuko egoera, beharrak, helburuak, jarduerak eta aldaketak zehazten dira.

ii. Berrikuntza mota.

4. Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiarekiko egokitasuna:

i. Inbertsioaren bidez despopulazioari aurre egiteko estrategiaren zein helburu bete nahi diren argudiatuko da.

ii. Aurretiazko diagnostiko eta jarduketa planik dagoen ala ez.

iii. Inbertsioaren bidez lortu nahi diren onuren azalpen argudiatua.

iv. Inbertsioaren onuradun izan daitezkeen kolektiboen azalpen argudiatua. Onuradun izan litezkeenen kopuruaren kalkulu argudiatua.

5. Ingurumen jasangarritasuna:

i. Ingurumenaren gaineko eragin positiboa.

ii. Emisioak murriztea/trantsizio energetikoa.

g) Exekuzio proiektu bat, aurreproiektu bat, oinarrizko proiektu bat edo aintzat hartu den memoria, eduki hauek izanen dituena gutxienez:

1. Inbertsioaren azalpen memoria, honako hauek adieraziko dituena: egungo egoera, aurreikusitako jarduketak, irisgarritasuna hobetzeko neurriak eta obra gauzatzeko epea.

2. Kokalekuaren planoa eta egungo egoeraren argazkiak.

3. Memoria ekonomikoa eta aurrekontu erabilgarria, honako hauek jasota:

i. Kostuen taula, egutegi teknikoa eta aurrekontu egutegia.

ii. Kudeaketa eta jasangarritasun ekonomikoko plana.

iii. Proiektuaren garapen maila.

iv. Proposaturiko inbertsioaren bideragarritasuna. Jarraitutasuna epe ertain eta luzera.

7.–Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

7.1. Inbertsioak diruz lagunduko dira deialdira aurkezten diren inbertsio proiektuek lortzen duten puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz. Irizpide hauen arabera puntuatuko dira:

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA:

100 puntu

1. Inbertsioaren lurralde eremua

Gehienez 35 puntu

A) Inbertsioa eginen den udalerriko despopulaziorako arrisku-mailaren indizea:

1. Muturreko arriskua: 20 puntu.

2. Arrisku bizia: 18 puntu.

3. Arrisku nahiko handia: 15 puntu.

4. Gainbehera bizia: 10 puntu.

5. Gainbehera moderatua: 5 puntu.

Gehienez 20 puntu

B) Arrisku-maila oinarrizko zerbitzuen eremuan, esteka honetan argitaratutako dimentsio anitzeko adierazlearen arabera: https://despoblacion.navarra.es/es/multidimensi%C3%B3n

1. Muturreko arriskua: 10 puntu.

2. Arrisku handia: 8 puntu.

3. Arrisku moderatua: 6 puntu.

4. Arriskurik ez. Jarraipena egiten: 4 puntu.

5. Arriskurik ez: 2 puntu.

Gehienez 10 puntu

C) Udalez gaindiko eragina. Planifikatutako azpiegiturak hainbat udalerriri emanen die zerbitzua:

1. Bi udalerri: 1 puntu.

2. Hiru udalerri: 2 puntu.

3. Lau udalerri: 3 puntu.

4. Bost udalerri: 4 puntu.

5. Sei udalerri edo gehiago: 5 puntu.

Gehienez 5 puntu

2. Inbertsioaren balorazio espezifikoa

Gehienez 65 puntu

A) Inbertsioa gauzatzeko premia: udalerrian ez dago horrelako azpiegiturarik, edo zerbitzua ematea eragozten duen egoeran dago.

Gehienez 5 puntu

B) Berrikuntza: proiektua berritzailea da despopulazioaren aurkako borrokari begira, berritzailea da ezartzen den lurraldean edo balioa ematen die dagoeneko garatzen ari diren ekimenei:

1. Proiektuaren abiapuntuko egoera, beharrak, helburuak, jarduerak eta aldaketak zehazten dira: gehienez 10 puntu.

2. Berrikuntza mota (soziala, produktua/zerbitzua, prozesua, komertziala/marketina eta/edo antolaketakoa): gehienez 10 puntu.

Gehienez 20 puntu

C) Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiarekiko egokitasuna:

1. Inbertsioak despopulazioa murrizteko egiten duen ekarpenaren justifikazioa eta estrategiaren eremuekin eta helburuekin bat etortzea. 10 puntu gehienez.

2. Inbertsioa diagnostiko baten eta aurretiazko jarduketa plan baten parte da: gehienez 5 puntu.

3. Espero diren onurak. Espero diren onurak zehazten ditu, adierazleen bidez kuantifikatzen ditu, eta dimentsio anitzeko adierazlearen adierazleak hobetzen nola laguntzen duen justifikatzen du. 5 puntu gehienez.

4. Onura jaso duten kolektiboak: modu positiboan baloratuko da despopulazioaren aurkako borrokan lehentasuna duten kolektiboak lehenestea (65 urtetik gorakoak, gazteak eta haurrak, emakumeak, desgaitasuna duten pertsonak...). 5 puntu gehienez.

Gehienez 25 puntu

D) Memoria ekonomikoa edo aurrekontu erabilgarria.

1. Kostuen taula, egutegi teknikoa eta aurrekontu egutegia. 2,5 puntu gehienez.

2. Kudeaketa eta jasangarritasun ekonomikoko plana (jarraitutasuna). 2,5 puntu gehienez.

3. Proiektuaren garapen maila. 2,5 puntu gehienez.

4. Proposaturiko inbertsioaren bideragarritasuna. 2,5 puntu gehienez.

10 puntu

E) Ingurumen jasangarritasuna.

1. Ingurumenaren gaineko eragin positiboa.

2. Emisioak murriztea/trantsizio energetikoa.

Gehienez 5 puntu

7.2. Eskaeraren xedeko proiektu bakoitzari emanen zaion puntuazioa, guztira, aurreko irizpideak aplikatuz lortutako puntuen batura izanen da.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte, eta puntuazio hori lortzen ez dutenak ezetsi eginen dira.

7.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1 artikuluko f) letran xedatutakoa betetzeari dagokionez, adierazi behar da deialdiaren xedea dela jarduketak sustatzea, eta toki entitateen zuzkidurak erronka demografikoaren errealitatera egokitzearen bidez estrategiaren ardatzak lortzen aurrera egin ahal izatea; beraz, taulan jasotako ia balorazio-irizpide guztiak irizpide sozialtzat hartzen dira.

8.–Dirulaguntzak emateko eta eskaerak baloratzeko prozedura.

8.1. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari dagokio, eta norgehiagokako araubidean izapidetuko da.

8.2. Eskaerak 7. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira. Gainera, instrukzio organoak beste departamentu eta entitate batzuetako pertsonen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 7. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira ekitaldi bakoitzeko aurrekontuko partida agortu arte. Erabilgarri dauden funtsak eskaeraren bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, partidan gelditzen den diru kopurua esleituko zaio, partida agortu arte.

8.4. Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie deialdiaren 7. oinarriko 1.A atalean puntuazio handiena lortzen dutenei. Berdinduta segitzen badute, lehentasuna emanen zaie 1.B atalean puntuazio handiena lortu duten proiektuei; gero, 1.C atalean puntuazio handiena dutenei, eta horrela hurrenez hurren. Berdinketak jarraitzen badu, erregistro elektronikoko sarrera-ordenaren arabera lehenetsiko dira proiektuak.

8.5. Urte bakoitzean erabilgarri dagoen dirua agortzeko, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak zilegi izanen du eskatutako proiektua birprogramatzea, irizpide tekniko eta ekonomikoen arabera.

8.6. Edonola ere, toki entitate bat onuradun izan dadin, ezinbestekoa da eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren exekuzio-kostuaren %15 baino handiagoa izatea, salbu eta toki entitateak berariaz ziurtatu eta egiaztatzen badu beste laguntza edo dirulaguntza batzuk ere jaso dituela, eta horiek, guztira, proiektuaren exekuzio-kostuaren %50 gutxienez egiten dutela.

8.7. Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak proiektuaren bideragarritasun teknikoa aztertuko du. Proiektu hori bideragarritzat joko da baldin eta, dirulaguntza jasoko duen inbertsioa bukatutakoan, 1. oinarrian adierazitako deialdiaren xedea betetzen bada, garatutako azpiegitura herritarren eskura jarrita.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko du entitate onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

9.2. Dirulaguntza ematea ebazteko organo eskuduna Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia da. Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko muga-egunetik hasita. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.3. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak, gauzatzeko urtea(k) eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi diren eta zergatik.

9.4. Era berean, ebazpenari zerrenda bat erantsiko zaio, ordenatuta zehaztuko dituena, onuradun izateko eskatutako baldintza administratiboak eta teknikoak bete arren, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik onartu ez diren eskaera guztiak, ezarritako balorazio-irizpideen arabera bakoitzari eman zaion puntuazioa adierazita. Kasu horretan, edozein arrazoirengatik kreditu nahikoa askatzen bada, instrukzio-organoak proposatzen ahal du dirulaguntza ematea dagokien eskatzaileei, puntuazioaren arabera, eta aukera hori entitate interesdunei jakinaraziko die, hamar eguneko epe luzaezinean dirulaguntzaren proposamena onar dezaten. Entitate eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, administrazio organoak dirulaguntza emateko egintza emanen du, eta jakinarazi eginen du.

9.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren atarian jendaurrean jarriko dira, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

10.–Emandako dirulaguntzari uko egitea.

Entitate onuradunak emandako dirulaguntzari uko egitea erabakitzen badu, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari jakinarazi beharko dio. Kasu horretan, uko egite horren ondorioz eskuragarri dagoen kreditua hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, 9.4 oinarrian ezarritakoaren arabera.

11.–Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

11.1. Gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, behar bezala justifikatuta, eta, betiere, laguntza emateko kontuan hartutako baldintza tekniko edo ekonomikoak funtsean aldatzen ez badira, onuradunek onartu zaien proiektua aldatzeko eskatzen ahalko dute. Kasu horretan, aldaketa ekonomikoek gehienez proiektuaren kostuaren %20 aldatzen ahalko dute.

11.2. Nolanahi ere, aldaketek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzaren xedea eta helburua ezin dira aldatu.

b) Emandako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa errespetatu beharko da. Onetsitako aurrekontuaren gainetik egiten den gastu-goititzea entitate onuradunaren kontura izanen da.

c) Aldaketa-eskaera eta haren onespena gauzatze-epea bukatu baino lau hilabete lehenago egin beharko dira gutxienez.

d) Hirugarrenen eskubideei ez zaie kalterik eginen.

11.3. Organo emaileak ebatziko du aldaketa-eskaera. Eskaera jaso eta hilabeteko epean onuradunari ez bazaio jakinarazten ados dagoela, ulertuko da ez dela eman aldatzeko baimena.

11.4. Prozeduraren ebazpenak azken ematen dio administrazio bideari, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.

11.5. Atal honen 1. paragrafoari dagokionez, aldaketak honelakoak direnean, ulertuko da ez direla aldatzen laguntza emateko kontuan hartutako baldintza teknikoak edo ekonomikoak, betiere proiektuaren aurrekontu osoa eta xedea eta helburua errespetatuz gero:

  • %15etik beherako desbideratzeak egitea eskatzaileak hasieran aurreikusitako aurrekontu-partiden artean.

–Desbideratzeak egitea aurreikusitako jarduketen kronograman, eragozten ez bada proiektua deialdian ezarritako bukaera-epearen barruan burutzea. Hala ere, desbideratze horiek argi eta garbi identifikatu beharko dira justifikazio kontuan.

12.–Gauzatzeko epea.

12.1. Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak gauzatzeko eta/edo eskuratzeko epea 2026ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2027ko urriaren 27an bukatuko, beranduenez.

12.2. 2026rako konprometitutako jarduketak 2026ko urriaren 27ra arte justifikatu beharko dira, egun hori barne.

12.3. 2027rako konprometitutako jarduketak 2027ko urriaren 27ra arte justifikatu beharko dira, egun hori barne.

12.4. Bi urterako konprometitutako jarduketek justifikazio partzialak eginen dituzte, aurreko paragrafoetan adierazitako data beretan.

13.–Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

13.1. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntzaren ordainketa.

13.2. Orokorrean, ordainketa bakarrean emanen da dirulaguntza, diruz laguntzen den inbertsioa egin ondoren, eta entitate onuradunak oinarri honetan adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren.

13.3. Gauzatzeko epea dela eta, 2026ko eta 2027ko ekitaldietan egin behar diren inbertsioen kasuan, dirulaguntza zatika ordainduko da, eta, justifikazio partziala egiteko, urte bakoitzeko urriaren 27ra artekoa (egun hori barne) hartuko da kontuan.

13.4. Azken frogagiriak. Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak egin ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarri gisa onartu zaizkien gastu guztiak. Horretarako, agiri hauek aurkeztuko dira (laguntzen fitxatik deskargatzen ahalko dira):

1. Proiektua egin dela justifikatzeko memoria, V. eranskineko ereduaren arabera.

2. Eskurapenen kasuan:

a) Eskurapenaren eskritura publikoaren kopia.

b) Tasazio txosten independente bat, ordaindutako balioa egiaztatzen duena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 107.3 artikulua betetzeko.

3. Exekuzio-proiektua (beharrezkoa bada eta aurretik aurkeztu ez bada).

4. Harrera-aktaren kopia, hornigaiaren entrega-akta edo faktura xehatua, hornitutako elementuen zerrenda erakusten duena.

5. Justifikazio kontua, VI. eranskineko ereduaren araberakoa.

6. Egindako inbertsioaren fakturak eta ordainagiriak, eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.

7. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentuak eta/edo argazkiak.

8. Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zenbat diru jaso duen eta nondik, guztia VII. eranskineko ereduari jarraikiz.

9. Idazkariaren ziurtagiria, VIII. eranskineko ereduaren arabera, honako hauek jasotzen dituena:

a) Kontratistak hautatzean, bete egin dela Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea.

b) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezartzen diren efizientzia eta ekonomia irizpideak betetzen direla. Gastu diruz lagungarriak 30.000 eurotik gorakoak direnean, obren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoak, ekipamendu-ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan.

c) Bidezkoa denean, egin dela profesionalei dagokien PFEZaren atxikipena.

d) Birgaitzeko jarduketen kasuan:

I. Kontratuaren adjudikaziora bideratzen den URL helbidea (Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu da).

II. Ordainsari teknikoen adjudikazioaren datuak; adjudikaziodunaren izena, IFZ, adjudikazioaren zenbatekoa, erabilitako adjudikazio prozedura.

10. Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza agerrarazteko betebeharra bete dela egiaztatzen duten agiriak, IX. eranskineko ereduen arabera.

13.5. Azken ordainketa eginen da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu eskudunak txosten teknikoa eman ondoren, behin jarduketa ikuskatuta eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuta.

13.6. Justifikazio partzialaren dokumentazioa: ordainketa partzialak egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

1. Eskurapenen kasuan:

a) Eskurapenaren agiri pribatuaren kopia.

b) Fakturen eta ordainagirien kopia.

2. Gainerako jarduketetarako:

a) Egindako inbertsioaren fakturak eta ordainagiriak, eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.

b) Exekuzio-proiektua (beharrezkoa bada eta aurretik aurkeztu ez bada).

3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentuak eta/edo argazkiak.

13.7. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera eginen da errekerimendu hori.

Errekerimenduari erantzun ezean, benetan justifikatutako gastuen eta ordainketen arabera eginen da ordainketa.

13.8. Emandako dirulaguntzen ordainketaren aurrerakinak egin daitezke, baldin eta entitate onuradunak justifikatzen badu dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsak behar dituela.

Ordainketa aurreratzeko eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Dirulaguntzaren xedea betetzeko funts-horniduraren beharrari buruzko justifikazio ekonomikoa.

2. Gauzatzeko epeen aurreikuspena.

3. Eskurapenen kasuan.

a) Eskurapenaren agiri pribatuaren edo higiezinaren jabetza-tituluaren egiaztagiriaren kopia.

b) Fakturen kopiak.

4. Gainerako jarduketetarako:

a) Ziurtagiri partzialak, jabeek, obren zuzendaritzak eta enpresa kontratistak sinatuak.

b) Egindako inbertsioaren fakturak eta, kasua bada, obra-ziurtagiriak (obraren tamainak eskatzen badu), zuzendaritza fakultatiboak (halakorik bada) eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.

5. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentuak eta/edo argazkiak.

14.–Bateragarritasuna.

14.1. Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun gertatzen diren entitateek zilegi dute Espainiako edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzea, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

14.2. Era berean, dirulaguntza bateragarria izan daiteke 7119.02.01 azpineurriarekin, alegia: "‘Estrategiaren esparruan hautatutako eragiketen exekuzioa: kanpoko sustatzaileak, kontuan izanda zer lankidetza-hitzarmen sinatu diren tokiko ekintza taldeekin beren partaidetzazko landa garapenaren estrategiak (LEADER) gauzatzeko".

15.–Jarraipena eta kontrola.

Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzua arduratuko da proiektuen jarraipena egiteaz eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeaz eta ebaluatzeaz.

16.–Betebeharrak.

16.1. Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, dirulaguntzaren xedearekin loturiko honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzea, eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Eskurapenen kasuan, ondasun higiezinaren erosketa egitea eta justifikatzea, erosketaren eskritura publikoa egitea eta egoki den erregistro publikoan inskribatzea.

c) Higiezinen xedeari buruzko konpromisoak betetzea, bai epeari dagokionez, bai erabilerari dagokionez, bai eta sinatzen diren alokairu kontratuen errentaren gehieneko prezioari dagokionez ere, 1. oinarrian eta 6.4.e) oinarrian ezarritakoaren arabera.

d) Toki entitateen ardura izanen da maizterrek baldintza horiek betetzen dituztela begiratzea.

e) Dirulaguntzaren xede den edozein ekintza dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari, eta aurkeztutako ekintzen kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, barne dagoela bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea.

f) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako inbertsioa egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

g) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea instrukzio organoari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

i) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren edozein komunikabideren bidez egiten diren proiektuaren publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen berri ematea. Lurralde Kohesiorako Departamentuaren logotipo ofiziala eta testu hau erakutsi beharko dira: "Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

j) Gardentasun betebeharra betetzea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoa.

k) Debekatuta dago etxebizitza alokairu turistikorako edo biztanleria finkatzea helburu ez duten beste erabilera batzuetarako erabiltzea, bai eta etxebizitzaren azpierrentamendua egitea ere.

17.–Dirulaguntzak itzultzea.

17.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan zehaztutakoak) eta Foru Lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetako edozeinek ekarriko du jasotako zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak. Honako kasu hauetan, itzulketa izapidetuko da, dagokion espedientearen instrukzioa eginda eta toki entitateari entzunda:

a) Dirulaguntzari uko egitea.

b) Dirulaguntza eskuratu bada eskatzen ziren betekizunak bete gabe edo horiek faltsututa.

c) Dirulaguntza zein xedetarako eman zen, xede hori ez denean betetzen.

d) Justifikatzeko betebeharrak betetzen ez badira, edo epez kanpo betetzen badira.

e) Dirulaguntzaren xede den higiezina erabiltzen ez denean ohiko bizileku gisa alokairu-araubidean ostatu hartzeko, deialdi honetan bildutako jarduketa-lerro bakoitzerako ezarritako baldintzetan.

f) Entitate onuradunari ezarritako beste edozein baldintza edo betebehar betetzen ez denean.

g) Entitate onuradunak Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari kontrol jarduketak egiten uzten ez dionean.

17.2. Toki entitate onuradunak deialdi honetan adierazitako epeak edo baldintzak betetzen ez baditu, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, legozkiokeen beste erantzukizun batzuk galarazi gabe, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, aplikatu beharreko berandutze-interesa gehituta.

Konprometitutako jarduketaren zati bat bakarrik egiten bada epe barruan, emandako laguntza doituko da eta haren zati bat kobratzeko eskubidea galduko da, betiere gutxienez konprometitutako kostu hautagarriaren %50 gauzatu bada eta gauzatutakoa oinarri hauetan ezarritako helbururako erabilgarria bada. Kasu horretan, onuradunak kostu hautagarriaren zer ehuneko gauzatu duen, horrenbesteko laguntza-ehunekoa jasoko du bakarrik.

Konprometitutako jarduketaren gutxienez %50 gauzatu ez bada, edo, ehuneko hori baino handiagoa gauzatuta ere, egindakoa ez bada oinarri hauetan ezarritako helbururako erabilgarria, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da deialdi honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik, eta jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, aurrerakinik izan bada, dagozkien berandutze-interesekin.

Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

18.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

20.–Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2603755