2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Arrotxapeko Plan Partzialaren A-6 unitate alternatiboaren eremurako antolamendu eta kudeaketarako hirigintza-hitzarmena. Behin betiko onespena
Iruñeko Udalak, 2026ko martxoaren 5ean egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
PLE 05-MAR-26 (3/CU).
Toki-erakundeek, hirigintzaren arloan dituzten eskumenen esparruan, akordioak egin ditzakete, hirigintzaren funtzio publikoa gauzatzean, pertsona publikoekin zein pribatuekin (kasuan kasuko lurren jabe direnekin zein ez direnekin), lagun dezaten hirigintza jarduera hobeki eta eraginkorrago gauzatzen.
Promociones OCEC SAk, 2025eko maiatzaren 30ean, hirigintza-hitzarmenaren zirriborro bat aurkeztu zuen, izapidetzeko, helburu zuena Arrotxapeko Plan Partzialaren A-6 unitatearen eremua antolatzea eta kudeatzea. Agiri hori ikusirik, errekerimendu bat egin zuten Hirigintzako Udal Gerentziako zerbitzu teknikoek. Sustatzaileak, errekerimendu horri jarraikiz, beste agiri bat aurkeztu zuen 2025eko abuztuaren 27an.
Hitzarmen honek, antolamenduari dagokionez, planteatzen du aldaketa bat egitea Arrotxapeko Plan Partzialaren A-6 unitate alternatiboan. Izan ere, determinazio berriak sartuko dira, eta unitateko antolamendu xehatua are gehiago zehaztuko da. Kudeaketari dagokionez, berriz, proposatzen du exekuzio-unitate ez-jarraitu bat eratzea, barne hartuko dituena A-6 unitatea, osorik, eta P-11 poligonoko lurzati batzuk. Unitatek horrek kirol erabilera izanen du, eta parke bat.
Iruñeko Udaleko osoko bilkurak urriaren 2an hartutako erabakiaren bidez, hasierako onespena eman zitzaion Arrotxapeko Plan Partzialaren A-6 unitatearen eremurako antolamendu eta kudeaketarako hirigintza-hitzarmenari, eta espedientea jendaurrean jarri zen, argitaratu baitzen 2025eko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (urriaren 23an), tokiko prentsan eta Iruñeko Udalaren webgunean zein ediktuen taulan. Jendaurreko epean ez da alegaziorik batere aurkeztu.
Horrenbestez,
ERABAKITZEN DA:
1. Behin betiko onespena ematea "Antolamendurako eta kudeaketarako hirigintza-hitzarmena, Arrotxapeko Plan Partzialaren A-6 unitate alternatiboaren esparrurako" agiriari. Hitzarmena Iruñeko Udalak eta Promociones OCEC SAk sinatu dute, eta erabaki honen eranskinean jasoa dago.
2. Alkateari ahalmena ematea hitzarmena sinatzeko.
3. Hitzarmena jasotzea Hirigintza-hitzarmenen artxiboan, jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 26. artikuluari (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
4. Udalaren webgunean argitaratzea (https://www.pamplona.es/eu/gaiak/hirigintza-etxebizitza-eta-azpiegiturak/hirigintzako-hitzarmenak).
5. Erabaki hau jakinaraztea Promociones OCEC SAri, eta kasu bakoitzean bidezko diren errekurtsoen berri ematea.
Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Iruñeko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 10ean.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L2603848