66. ALDIZKARIA - 2026ko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

19E/2026 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Komunikazio Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez lizentzia berritzen baitzaio Ribera Navarra SLri, Tuteran maiztasun modulatuan uhin metrikoen bidezko irrati-difusio soinuduneko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko (99.4 FM).

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, lurreko uhin hertziarren bidezko irrati edo telebista zerbitzu publikoa zeharka kudeatzeko kontzesioek, estatuko, autonomia erkidegoko edo tokiko esparrukoek, lege horrek indarra hartzean ez badira iraungitzat deklaratu, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko lizentzia bihurtu behar dute.

Nafarroan, horretan oinarrituta, Komunikazioko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 71/2010 Ebazpenaren bidez, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu publikoa zeharka kudeatzeko kontzesioak, ebazpenaren 1. eta 2. eranskinetan jaso zirenak, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko lizentzia bihurtu ziren. Ebazpen hori 2010eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 10ekoan.

Aipatutako ebazpenaren 1. eranskinean Ribera Navarra SL ageri da Tuteran maiztasun modulatuan uhin metrikoen bidezko irrati-difusio soinuduneko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko lizentzia baten titular gisa (99.4 FM). Lizentzia horren indarraldia hamabost urtekoa zen, ebazpena argitaratu zen egunetik aurrera.

2025eko abenduaren 9an, Ribera Navarra SLk lizentzia hori berritzeko eskaera aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuaren atarian horretarako argitaratutako tramitearen fitxaren bidez.

Kasu honetan aplikagarria den Nafarroako araudia, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuak, 21.2 artikuluan aurreikusten du lizentzia hauek berritzeko aukera, eta gaur egun aplikatu beharreko oinarrizko araudira jotzen du, hau da, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorrera, non ezartzen baita, 29.1 artikuluan, lizentziak ematen direla lizentzia hartzen duten entitateek hamabost urtez ustia dezaten, kontzesioak lizentzia bihurtu ziren egunetik hasita.

Era berean, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 29.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lizentzia automatikoki berritzen ahalko da, hasieran ezarritako epe berean, baldin eta:

"a) Haren titular izateko eskatzen diren baldintza berberak betetzen badira eta zerbitzua emateko ezarritakoak ere bete badira.

b) Kasuko lizentzien espektroari dagokionez, bat-bateko oztopo tekniko gaindiezinik ez badago.

c) Lizentziaren titularrak egunean badu jabari publiko irrati-elektrikoaren erreserbako tasen eta lege honetan ezarritakoen ordainketa".

Aipatutako 29.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalak, 2026ko urtarrilaren 14an, lizentziaren titularra den entitateari eskatu dio aurkeztutako ikus-entzunezko komunikazio-lizentziak berritzeko eskaera-fitxa osatzeko, aipatutako hiru baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena barne.

Zuzenketa behar bezala bete da 2026ko urtarrilaren 23an, epearen barruan, eta Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalak egiaztatu du Ribera Navarra SLk aurkeztutako berritze eskaerarekin batera aurkeztu direla Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 29.2 artikuluan eskatutako egiaztapenak justifikatzen dituzten agiriak.

Era berean, egiaztatu da Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen erregistroan lizentziaren titular horren datu guztiak daudela, Nafarroako Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 28. artikuluan ezarritakoak.

Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalaren txostena ikusita, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren 43.e) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 11E/2025 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenekin,

EBAZTEN DUT:

1. Lizentzia berritzea Ribera Navarra SLri, Tuteran maiztasun modulatuan uhin metrikoen bidezko irrati-difusio soinuduneko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko (99.4 FM); ondorioak izanen ditu 2025eko abenduaren 11tik 2040ko abenduaren 10era, bi egunak barne.

2. Berritze hau Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen erregistroan inskribatzea.

3. Ebazpen hau enpresa interesdunari jakinaraztea, eta Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzari igortzea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko otsailaren 27an.–Komunikazio Zerbitzuko zuzendaria. Eskuordeturiko eskumena erabiliz (Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 11E/2025 Ebazpena), Javier Solano Marzo.

Iragarkiaren kodea: F2603732