2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LESAKA
Aldaketa, Udal lokalen erabilera arautzen duen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena
Lesakako Udalak, 2025eko abenduaren 18an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa bat egitea Udal lokalak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalean.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2026ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 15ean. Jendaurreko aldia igarota inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da aipatu ordenantza, eta agintzen da argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatutakoarekin.
Lesakan, 2026ko otsailaren 17an.–Alkatea, Ladis Satrústegui Alzugaray.
ORDENANTZA FISKALA, UDAL LOKALEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
Erabilera
1. artikulua.
1. Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra ezartzea udal lokalen erabilera lagatzeko, bai noizean behingo edo aldi baterako beharrak ase nahi dituzten entitate edo pertsonei, bai lagapena eskatzen duten elkarteei.
2. Betiere, espazio eta baliabide horien erabilera bat etorriko da haien izaera eta funtzioekin, bai eta haien hornidurarekin ere.
2. artikulua.
1. Lesakako Udalak kudeatuko du espazio eta baliabide horien erabilera, kontuan izanik integrazioa eta partaidetza, herritar guztiak sartu ahal izateko, edozein gizabanako eta/edo talde delarik ere.
3. artikulua.
1. Pertsona eta entitate erabiltzaileek eskubide hauek izanen dituzte:
–Espazioak edo baliabideak erabiltzea, ordenantza honetan eta ematen zaien baimenean ezarritako moduan.
–Informazioa jasotzea, lokal, espazio edo baliabide ezberdinak erabiltzeko baldintzei buruz.
–Iradokizunak egitea, espazioen kudeaketa hobetze aldera.
2. Pertsona eta entitate erabiltzaileek betebehar hauek dituzte espazioen erabilera egokiari dagokionez:
–Instalazioak eta zerbitzuak behar bezala erabiltzea, eta haiek zaindu eta zainaraztea; pertsona edo entitate erabiltzailea izanen da erantzulea erabilera desegokiaren ondorioz gertatzen ahal diren kalteen aurrean.
–Erabiltzen dituzten espazioak eta baliabideak garbi eta ordenatuta edukitzea.
–Ardurapean dituzten pertsonen erantzule izatea, baimendutako espazioak erabiltzen ari direnean, trabarik ez egiteko gainerako pertsona eta entitate erabiltzaileei.
–Une oro errespetatzea espazio bakoitzerako ezarritako ordutegiak eta araudi berariazkoa, eta kasu egitea udal langileek edozein unetan egiten ahal dituzten oharrei.
–Zentroko giltzak zaintzea eta, erabiltzen azkena denean, hura ixtea.
–Esleitu zaien espazioaren erabilera ez lagatzea hirugarrenei, ez osorik ez zati batean, hirugarren horiek elkarteko kide izan ala ez.
–Gertatzen diren anomalia, gorabehera edo arazoen berri ematea Udalari, eta berehalakoan, larrialdi kasuetan.
4. artikulua.
1. Entitateen edo pertsonen noizean behingo edo aldi baterako beharrak asetzeko erabiliko diren espazioak eta lokalak honako eraikin hauetan daude:
–Harriondoa Kultur Etxea:
- Alasta aretoa.
- Erkazti aretoa.
- Zumarra aretoa.
- Maravedí aretoa.
- Korua aretoa.
- Berria aretoa.
- Liburutegia.
- Txokobiko agertokia.
- Komentua.
–Erabilera anitzeko lokala, Koskontako bideko 7 zenbakiko bigarren solairuan.
–Eskol Ttiki.
–Udaletxea:
- Bilkura aretoa.
- Batzorde aretoa.
–Irain ikastetxe publikoa (eskolalditik kanpo).
–Irain ikastetxearen udal pilotalekua.
–Udal pilotalekua.
–Lesakako kiroldegia (espazioen banakapena).
Erabiliko diren eremuak eta baliabideak partekatzekoak dira, eta pertsonek edo entitateek ez dituzte modu esklusiboan erabiliko. Espazio ezberdinen ezaugarri berariazkoak kontuan hartuz, horietako bakoitzera bideratuko den jarduera ahalik eta egokiena izanen da, kontuan hartuz espazioaren izaera eta funtzioak, bai eta bertako hornidura ere.
5. artikulua.
1. Arestian adierazitako espazioetako lokalak erabiltzeko bi modu ezarri dira:
–Aldi baterako erabilera: urtebetez jarduerak egiteko espazioak eskatzen dituzten entitate eta pertsonei aplikatuko zaie; betiere, urte bakoitzeko irailetik ekainera bitarteko denboraldiarekin bat eginen du.
–Noizean behingo erabilera: noizean behin jardueraren bat egiteko xedez espazioak eskatzen dituzten entitate eta pertsonei aplikatuko zaie; iraupen desberdinekoak izanen dira, iraunkorrak izan gabe eta zenbait ordutarako.
2. Aldi baterako emandako baimenak urtero berrituko dira; horretarako, baldintza berriak ezartzen ahalko dira, edo lehendik zirenak aldatu, espazio eta lokalen funtzionamendua hobetzeko helburuz.
3. Interes orokorreko arrazoiengatik, Lesakako Udalak baliorik gabe uzten ahalko du emandako edozein baimen, eta, kasua bada, ordaindutako tasa edo prezio publikoa itzuliko du, osorik edo dagokion proportzioan.
6. artikulua.
1. Espazioak lagatzeko beharrezkoa izanen da eskabidea aurkeztea telematika bidez edo aurrez aurre, baldintza hauei jarraikiz:
–Eskabide bakoitzean beharrezko datuak bilduko dira Lesakako Udalak pertsona nahiz entitate eskatzaileen ordutegiak eta jarduerak koordina ditzan, hala nola jakinarazpenetarako helbidea eta eskabidearen arduradunak, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia.
–Eskabidean, orobat, adieraziko dira eginen den jarduera, haren iraupena eta aurreikusitako parte-hartzaileen kopurua.
–Noizean behingo jardueren kasuan, gutxienez jarduera hasi baino 15 egun baliodun lehenago aurkeztu beharko da eskabidea.
2. Bi jarduerak bat egiten badute espazio eta ordutegi berean –deusetan ukatu gabe eskabideei sarrera ordenaren arabera emanen zaien lehentasuna–, formulak ezarriko dira ahal delarik horietako bat ez baztertzeko, horretarako kontuan hartuz jarduerak herritarrengan duen interesa eta eragina, bai eta une oro dagokion udal alorrak aplikatzen ahal dituen irizpideak ere.
3. Espazioak aldi baterako eta modu iragankorrean erabiltzeko baimenak alkatearen ebazpen bidez emanen dira. Baimenak irmotzat hartzeko, nahitaezkoa izanen da aurrez pertsona edo entitate eskatzaileari idatziz formalki jakinaraztea eta hark, kasua bada, baimenean ezartzen diren baldintzak eta betebeharrak betetzea.
7. artikulua. Erantzukizuna.
1. Erakunde erabiltzaile bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako tokietan bere kide eta erabiltzaileek egitez edo ez-egitez, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.
2. Erabiltzaileek, beharrezkotzat jotzen badute, berea duten edukia aseguratuko dute, beren material eta ondasunak bermatzeko. Edukiaren gaineko asegururik ez bada, Udalak ez du erantzukizunik izanen edukiok galdu, lapurtu edo hondatuz gero.
Prezio publikoak. Oinarria
8. artikulua.
Martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituz (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), arau honetan udal instalazioak erabiltzeko prezio publikoak ezartzen dira, Udalak baimendutako pertsona fisiko edo juridikoentzat, eta erakunde eta entitateentzat.
9. artikulua.
Zerga-egitatea honako hau da: pertsona fisiko edo juridikoek erabilera publikoko udal instalazioak –bilkurak eta gizarte, kirol, kultura eta hezkuntza arloko jarduerak egiteko– baimenduta erabiltzeak dakartzan zerbitzuak ematea.
10. artikulua.
Subjektu pasiboa: aipatu instalazioak erabiltzeko Udalaren baimena duten pertsona fisiko edo juridikoak dira.
11. artikulua.
Baimena ematen denean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra; hura gutxienez ere 24 ordu lehenago egin beharko da.
12. artikulua.
Zerga-oinarria da egiten den eskabide bakoitza edo egindako jarduera bakoitza.
13. artikulua.
Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.
14. artikulua.
Salbuespenak: ezartzen diren prezioak ordaintzetik salbu daude ondoko jarduera hauek:
1. Udalak antolatutako jarduerak, eta udal hau partaide duten mankomunitateek antolatutako jarduerak.
2. Foru Komunitateko Administrazioak edo haren mendeko erakunde autonomoek antolatutako jarduerak. Ez dira inola ere salbuetsiko honako enpresa hauek antolatutako jarduerak: Lesakako Udalaz besteko administrazio publikoek sustatutako laguntza edo kudeaketa kontratuen adjudikazioa dutenak.
3. Udalbatzan ordezkatuta dauden talde politikoek, elkarteek eta gizarte, kultur eta hezkuntza izaerako gainerako entitateek –irabazi-asmorik ez dutenak, behar bezala inskribatuta daudenak eta egoitza fiskala Lesakan dutenak– sustatutako jarduerak, eta gizarte nahiz kultur intereseko arrazoiengatik Udalak garrantzitsutzat jotzen dituenak, aurrez eskatzen eta justifikatzen badira. Elkarteak irabazi-asmorik ez duela uste izanen da haren estatutuetan hala adierazten denean eta inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo jarduera ekonomikoaren helburu bakarra estatutuetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.
4. Txokobiko agertokia erabiltzea eskatuz gero, ez dira salbuetsiko ordaindu beharretik hura erabiltzeko Udalak txarteldegiko, bertaratuei lekua emateko, aretoko teknikarirako eta garbiketako zerbitzuak emateagatik sortzen diren aparteko gastuak, ez bada Udalaren kultura programazioan daudela eta/edo interes kultural edo sozialarengatik Udalak ulertzen duela ez dutela ordaindu behar.
Betiere, Lesakako Udalak lagatzeko lehentasuna bermatuko die herritarrei zerbitzuak eta laguntza ematea xede duten entitateei, baldin eta egoitza soziala Lesakan badute.
5. Ez da inola ere salbuetsiko instalazioen erabilera, egiaztatzen bada eskatzailea ez dela benetan jardueraren sustatzailea eta antolatzailea.
15. artikulua.
Fidantza: Fidantza bat ezartzen da erabilera jarraiturako, tarifen eranskinaren arabera, lokalaren giltza lagatzeko eta erabilera arduratsua bermatzeko. Fidantza itzuliko da erabilera aldia bukatu eta giltza entregatu ondoren, eta, hala badagokio, zenbateko horri kenduko zaio hautsitakoak konpontzeko behar den zenbatekoa, bai eta berogailua gaizki erabiltzeagatik eta abarrengatik behar dena ere.
TARIFEN ERANSKINA, UDAL LOKALEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZARI DAGOKIONA
5.–UDALAREN KIROL ETA KULTUR INSTALAZIOEN ERABILERA |
5.1. | Pilotalekua (erabilera-orduak gehi argia): |
Erabilera-ordu bakoitzeko | 8,00 euro |
Aldagelak | 10,00 euro |
5.2. | Futbol zelaia (erabilera-orduak gehi argia): |
Erabilera-ordu bakoitzeko | 50,00 euro |
Argiak ordu bakoitzeko (erabilitako foku kopuruaren arabera) |
4 dorre | 31,00 euro |
2 dorre | 20,00 euro |
Aldagelak | 30,00 euro |
5.3. | Igerilekuak: |
Adinak: –Haurrak, 4-10 urte bitarte (ezin dira gimnasiora sartu) –Gazteak, 11-15 urte bitarte (ezin dira gimnasiora sartu) –Helduak, 16-64 urte bitarte –Erretiratuak, 65 urtetik goitikoak | |
5.3.1. | Hasierako matrikula: |
Helduak | 117,13 euro |
Gazteak | 87,58 euro |
Haurrak | 69,74 euro |
Beste batzuk | 87,04 euro |
5.3.2. | Urteko abonua (hileko kuota): |
Helduak (igerilekua edo gimnasioa) | 33,11 euro |
Gazteak | 23,34 euro |
Haurrak | 17,86 euro |
Beste batzuk (igerilekua edo gimnasioa) | 22,17 euro |
Eguneko sarrera bigarren zerbitzura (igerilekua edo gimnasioa) | 3,35 euro |
5.3.3. | Neguko abonua, 9 hilabete (hileko kuota): |
Helduak (igerilekua edo gimnasioa) | 36,29 euro |
Gazteak | 27,02 euro |
Haurrak | 21,47 euro |
Beste batzuk (igerilekua edo gimnasioa) | 25,77 euro |
Eguneko sarrera bigarren zerbitzura (igerilekua edo gimnasioa) | 3,35 euro |
5.3.4. | Bi zerbitzuetarako abonua (igerilekua eta gimnasioa), hilekoa (16 urtetik gorakoak): |
Urteko abonuaren kuota | 8,04 euro |
Neguko/udako eta hileko abonuaren kuota | 10,18 euro |
5.3.5. | Hilabeteko kuota: |
Helduak (igerilekua edo gimnasioa) | 70,00 euro |
Gazteak | 53,00 euro |
Haurrak | 43,50 euro |
Beste batzuk (igerilekua edo gimnasioa) | 52,25 euro |
5.3.6. | Udako abonua: |
Helduak (igerilekua edo gimnasioa) | 102,90 euro |
Gazteak | 90,30 euro |
Haurrak | 67,20 euro |
Beste batzuk (igerilekua edo gimnasioa) | 89,25 euro |
5.3.7. | Eguneko sarrerak: |
Helduak (igerilekua edo gimnasioa) | 10,00 euro |
Gazteak | 7,20 euro |
Haurrak | 5,60 euro |
Beste batzuk (igerilekua edo gimnasioa) | 6,40 euro |
Helduak (igerilekua eta gimnasioa) | 15,00 euro |
Beste batzuk (igerilekua eta gimnasioa) | 9,60 euro |
5.3.8. | Eguneko sarrerak, egun erdia (udan soilik): |
Helduak (igerilekua edo gimnasioa) | 6,00 euro |
Gazteak | 4,15 euro |
Haurrak | 3,40 euro |
Beste batzuk (igerilekua edo gimnasioa) | 3,75 euro |
Helduak (igerilekua eta gimnasioa) | 9,20 euro |
Beste batzuk (igerilekua eta gimnasioa) | 5,65 euro |
5.3.9. | Gastuak: |
Itzulketa gastuak | Ordainagiriaren %10 |
2. txartela | 4,00 euro |
5.3.10. | Kirol jardueren tarifak: enpresa kudeatzaileak zehaztuko ditu, sasoiko egitarauen arabera. | |
5.3.11. | Urteko abonatuentzako eszedentziadun kuotak mantentzeko hileko gastuak: |
Helduak | 10,59 euro |
Gazteak | 7,64 euro |
Haurrak | 6,00 euro |
Beste batzuk: | 7,04 euro |
5.3.12. | Neguko abonatuentzako (9 hilabete) eszedentziadun kuotak mantentzeko hileko gastuak: |
Helduak | 11,47 euro |
Gazteak | 8,69 euro |
Haurrak | 7,04 euro |
Beste batzuk | 8,09 euro |
5.3.13. | Urteko familia abonuaren matrikula: |
Helduak | 105,41 euro |
Gazteak | 78,83 euro |
10 urte | 62,77 euro |
4-9 urte | 62,77 euro |
Beste batzuk: | 78,34 euro |
5.3.14. | Urteko familia abonuaren hileko kuota: |
Helduak | 33,11 euro |
Gazteak | 23,34 euro |
10 urte | 17,86 euro |
4-9 urte | 0,00 euro |
Beste batzuk | 22,17 euro |
5.3.15. | Jarduerak. Abonatuak: |
Haurrentzako 30 minutuko igeriketa ikastaroa. Txanda bakoitzeko (15 saio) | 25,75 euro |
Helduentzako 45 minutuko igeriketa ikastaroa. Txanda bakoitzeko (15 saio) | 38,60 euro |
Helduentzako jarduerak, astean 2 egunetan. Hiruhilekoko kuota | 55,50 euro |
Helduentzako jarduerak, astean behin. Hiruhilekoko kuota | 27,75 euro |
Haur eta gazteentzako jarduerak, astean 2 egunetan. Hiruhilekoko kuota | 40,00 euro |
Haur eta gazteentzako jarduerak, astean behin. Hiruhilekoko kuota | 20,00 euro |
5.3.16 | Jarduerak. Abonatu gabeak: |
Haurrentzako 30 minutuko igeriketa ikastaroa. Txanda bakoitzeko (15 saio) | 71,90 euro |
Helduentzako 45 minutuko igeriketa ikastaroa. Txanda bakoitzeko (15 saio) | 107,85 euro |
Helduentzako jarduerak, astean 2 egunetan. Hiruhilekoko kuota | 104,00 euro |
Helduentzako jarduerak, astean behin. Hiruhilekoko kuota | 52,00 euro |
Haur eta gazteentzako jarduerak, astean 2 egunetan. Hiruhilekoko kuota | 75,40 euro |
Haur eta gazteentzako jarduerak, astean behin. Hiruhilekoko kuota. | 37,70 euro |
5.3.17. | Familia ugariek eta familia gurasobakarrek %20ko beherapena izanen dute, bai matrikulan bai gainerako kontzeptuetan. | |
5.4. | Koskontako bideko 7 zenbakiko 2. solairuko lokala: |
Erreserba ordu bakoitzeko (ordubetera iristen ez diren tarteak ordu erdia balira bezala ordainduko dira). | 22,00 euro |
Ordaintzetik salbuetsita egonen dira zerbitzu sanitarioak nahiz sozialak ematea helburutzat duten irabazi-asmorik gabeko entitateak. | |
5.5. | Irain eskola publikoa. Eskolalditik kanpo: |
Sukaldea/jangela, orduko | 50,00 euro |
Gelak, orduko | 25,00 euro |
Gimnasioa, orduko | 25,00 euro |
5.6. | Harriondoko lokalak: |
Alasta gela. Hilekoa, ordu indibidual bakoitzeko | 25,00 euro |
Erkazti gela. Banakako ordua | 25,00 euro |
Zumarra gela. Banakako ordua | 25,00 euro |
Korua gela. Banakako ordua | 56,00 euro |
Erakusketa gela - Komentuko eliza. Banakako ordua | 56,00 euro |
Txokobiko gela. Ordu indibiduala. Zerbitzu teknikoa eskatzaileak ordainduko du. | 300,00 euro |
5.7. | Ludoteka: |
Aste Santuko abonua. | 28,00 euro |
Iragarkiaren kodea: L2603748