2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
DONEZTEBE
Ordenantza fiskala, arautzen dituena hilerriko zerbitzuak egiteko tasak. Behin betiko onespena
Doneztebeko Udalak, 2025eko abenduaren 29an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen honako hau: ordenantza fiskala, arautzen dituena hilerriko zerbitzuak egiteko tasak.
Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Argitara ematen da, eta ohartarazten, honako errekurtso hauek aurkezten ahal direla erabakiaren aurka:
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien Jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Donezteben, 2026ko martxoaren 13an.–Alkatea, María Arantzazu Arregui Alberro.
ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA HILERRIKO ZERBITZUA EMATEKO
1. artikulua. Oinarria.
Ordenantza hau ezarri da honako arau hauen babespean: martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), tasa eta prezio publikoei dagokienez.
2. artikulua. Zerga-egitatea.
Udal hilerriko zerbitzuak ematea da; honako hauek dira:
a) Ehorztea.
b) Hobitik ateratzea, hilerri barnean tokiz aldatu eta berriz ehorzteko.
c) Hobitik ateratzea, beste udalerri bateko hilerrira aldatzeko.
d) Askotariko ehorztokiak erabiltzeko emakidak, hala nola lurrazpiko hilobiak, nitxoak eta kolunbarioak.
e) Hilerrian ematen diren bestelako zerbitzuak.
3. artikulua. Subjektu pasiboa.
Tasa ordaindu beharko du, subjektu pasibo den aldetik, adjudikazioa edo zerbitzua eskatzen duen edo haren onura jasotzen duen pertsona naturalak nahiz juridikoak.
4. artikulua. Zerga-oinarria.
Emandako zerbitzua zein den kontuan hartuta zehaztuko da zerga-oinarria, jarraikiz ordenantza honetako tarifetan agertzen diren zenbatekoei.
5. artikulua. Karga-tasa.
Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.
6. artikulua. Kuota.
Kuota kalkulatuko da zerga-oinarriari aplikatuz ordenantza honen eranskinean ageri den karga-tasa, edo, bestela, horretarako adierazten den zenbateko finkoa.
7. artikulua. Kudeaketa arauak.
Kuotak 30 egun naturaleko epearen barrenean ordaindu beharko dira, ordenantza honetan ezarritako zerbitzuak egin eta haien kostua jakinarazi ondoko egunetik aurrera.
Kuotak borondatez ordaintzeko aldietan ordaintzen ez dituztenei premiamendu bidez erreklamatuko zaizkie, eta behar diren errekarguak izanen dituzte; hots, ezarrita daudenak Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduan eta aplikatzekoa den tributuei buruzko gainerako araudian.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Modu osagarrian aplikatuko dira martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), tasa eta prezioei dagokienez.
Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek, behin onetsirik uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluko prozeduraren arabera (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu behin testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
TARIFEN ERANSKINA
1.–Askotariko ehorztokiak erabiltzeko emakidak, hala nola lurrazpiko hilobiak, nitxoak eta kolunbarioak.
–Nitxoak:
- 30 urteko kontzesioa: 550,00 euro.
- Bi luzapen, 10 urtekoa bakoitza: 250,00 euro.
–Kolunbarioa:
- 30 urteko kontzesioa: 450,00 euro.
- Bi luzapen, 10 urtekoa bakoitza: 200,00 euro.
2. epigrafea.–Ehortzi, hobitik atera eta berrehorzteko tasak.
Enpresa batek eginen ditu lan horiek, ez Udalak berak.
3 epigrafea.–Tasak, beste zerbitzu batzuengatik.
Interesdunei egotziko zaizkie hilerrian ematen diren bestelako zerbitzuen kostuak, tarifa hauetan aurreikusi ez direnak, Udaleko langileek eman nahiz kontratatutako kanpoko enpresa batek eman. Kostu horiek zehaztu ondoren, interesdunek berariaz onartu beharko dituzte.
Halaber, interesdunak kontrata dezake Udalaz kanpoko enpresa bat, bere kontura, lan horiek egin ditzan. Udalak izendatutako langileek ikuskatuko dituzte lan horiek.
Iragarkiaren kodea: L2604131