64. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONAMARIA

Ordenantza, terrazak elementu beiraztatuekin ixtea arautzen duena. Behin betiko onespena

Donamariako Udalak, 2025eko abenduaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Terrazak elementu beiraztatuekin ixtea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2025eko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 30ean.

Jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Donamarian, 2026ko martxoaren 13n.–Alkatea, Natalia Rekarte Oteiza.

ORDENANTZA, TERRAZAK ELEMENTU BEIRAZTATUEKIN IXTEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea zer baldintzatan baimenduko den udal-mugartean terrazak elementu beiraztatuekin ixtea, halako moduan non bermatuko baitira koherentzia estetikoa, eraikuntza-segurtasuna eta indarreko hirigintza-plangintzarekiko errespetua.

2. artikulua. Definizioa.

Itxitura beiraztatutzat jotzen da beirazko, PVCzko, aluminiozko, zurezko edo bestelako material arinezko egiturak terrazetan, balkoietan edo etxebizitza bati lotutako espazio irekietan instalatzea dakarren jarduketa oro. Dena den, horrek ez du ekarriko bizitzeko moduko bolumen itxi berririk sortzea.

3. artikulua. Etxebizitza handitzeko debekua.

Ordenantza honetan araututako itxiturek ezin izanen dute inolaz ere eragin etxebizitzaren azalera erabilgarria handitzea. Berariaz debekatzen da terrazetan beirak jartzea, baldin eta horren xedea espazio horiek etxebizitzaren barruan sartzea, jatorrizko erabilera aldatzea edo baimendutako azalera eraikigarria aldatzea bada.

4. artikulua. Baldintza tekniko eta estetikoak..

Terrazen itxiturek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Estalkia duten terrazak edo terraza-zatiak bakarrik itxi ahal izanen dira. Debeku da erabat irekitako eta aurretiaz estalkirik ez duten espazioak ixtea.

–Hala ere, batera proposatu ahal izanen da lehendik dagoen terraza estaltzea eta ixtea, betiere Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) onetsitako proiektu tekniko bat aurkezten bada, eraikinaren konfigurazio arkitektonikoari eragiten dion egiturazko obra bat baita, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legean (EAL) ezarritakoaren arabera.

–Itxiturak material beiraztatuen bidez egin ahal izanen dira, hala nola beira, polikarbonatoa edo antzekoak, konbinatuta profil metalikoekin, PVCzkoekin edo zurarekin.

–Gomendatzen da zura erabiltzea elementu egiturazko edo apaingarri gisa, betiere multzo arkitektonikoarekin modu harmonikoan integratzen bada.

–Itxiturak izaten ahalko du karel bat (dela harrizkoa, dela fatxadan erabilitakoaren antzeko material batekoa) edo etxebizitzaren eraikuntza-elementuak, koherentzia estetikoari eusteko asmoz.

–Baimentzen da kolore neutroak edo eraikinaren estetikarekin integratuak erabiltzea, baina ikus-inpaktu negatiboa sortzen duten akaberak saihestuta; oro har, zuraren kolorea izan behar da eraikin nagusikoaren berbera.

–Itxiturak finkoak edo mugikorrak izan daitezke, betiere higiezinaren egitura aldatzen ez badute eta bizitzeko espazioa handitzen ez badute.

Baimentzen da iluntze-elementuak instalatzea, hala nola gortinak, estoreak, binilo opakuak edo antzekoak. Debeku dira pertsiana biribilgarriak. Kontraleihoak bakarrik onartuko dira eguzkitik babesteko edo pribatutasun-sistema gisa.

Ezin izanen dira inola ere etxebizitzaren handitzetzat jo, eta, orobat, ezin izanen dute aldatu baimendutako azalera eraikigarria.

Aldez aurretik udalaren baimena eskatu beharko da, memoria teknikoarekin, kokapen-planoarekin eta materialen deskribapenarekin batera.

5. artikulua. Aplikazioa ataripeetan, eta balkoiak ixteko debekua.

Ordenantza hau ataripeak ixteko ere aplikatzen ahal da, betiere aurreko artikuluan ezarritako baldintza tekniko, estetiko eta juridikoak errespetatzen badira.

Aitzitik, berariaz debeku da balkoiak ixtea, nahiz eta teilatu-hegalaren azpian egon. Balkoitzat hartuko da kanporako hegal-elementu irekien multzoa, goiko egitura-estalkirik gabea.

6. artikulua. Zehapen araubidea.

Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeakzehapen-espedientea irekitzea eragiten ahal du, bai eta espazioa jatorrizko egoerara lehengoratu beharra ere.

Iragarkiaren kodea: L2604150