64. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

829/2026 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita soziologoen lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez eratzeko, bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko eta bestea aldi baterako kontratazioetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek eratzeko: batetik, izangaien zerrenda bat soziologoen lanpostuan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, eta, bestetik, zerrenda bat aipatutako lanpostuan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, salbu Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten plazak, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, plaza horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hau honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Soziologoen lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez eratzeko deialdia onestea: zerrenda bat, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, beste bat, aldi baterako kontratazioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari, Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2026ko martxoaren 9an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, SOZIOLOGOEN LANPOSTUAN ARITZEKO IZANGAIEN BI ZERRENDA HAUTAPROBEN BIDEZ ERATZEKO: ZERRENDA BAT PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANEN DA, ETA BESTEA ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAK EGITEKO

Honako hauek arautuko dute deialdia:

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hautaproben bitartez soziologoen lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzea: bat, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, beste bat, aldi baterako kontratazioetarako, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda erabili baino lehen, langile finkoen zerrendak erabiliko dira, daudenak edo etorkizunean eratzen direnak, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartu nahi dutenek bete beharreko baldintzak.

2.1. Onartuak izateko, deialdi honetan parte hartu eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan egon nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, deialdi honen xede diren lanpostuena baino maila edo talde beheragokoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Bere lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Soziologo gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

e) Soziologiako unibertsitate titulua edo gradua edo baliokidetzat aitortutako beste bat izatea, edo titulu horietako bat lortzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen titulua eskuratzeko moduan egon izanaren ziurtagiria.

Titulu horiek ezin dira izan langile finkoak jarduneko zerbitzuan aritzeko baliatu dituenak.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

2.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozesu osoan, izendapenaren unean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.3. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan sartzerik ez dute Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik kanpo dauden langileek ere.

Hirugarrena.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan parte hartu nahi dutenek bete beharreko baldintzak.

3.1. Onartuak izateko, deialdi honetan parte hartu eta aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan egon nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Soziologiako unibertsitate titulua edo gradua edo baliokidetzat aitortutako beste bat izatea, edo titulu horietako bat lortzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen titulua eskuratzeko moduan egon izanaren ziurtagiria.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

3.2. Aurreko atalean jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozesu osoan, kontratazio-eskaintzaren unean eta kontratuak indarrean iraun bitartean ere.

Laugarrena.–Eskaerak eta agiriak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa "Herritarrentzako lan deialdiak" atalaren barnean, deialdi honi dagokion fitxan, hain zuzen.

Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4.3. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna ofizialki aitortuta duten parte-hartzaileek eskaeran bertan adierazi beharko dute, eta eskaneatuta erantsi beharko dute IMSERSOk edo autonomia erkidegoko organo eskudunak horren gainean emandako ziurtagiria.

Desgaitasuna duten izangaiek probak egiteko behar diren denboren eta bitartekoen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Horretarako, eskaeran berariaz adierazi beharko dute eta, horretarako prestatutako tokian, zehaztu beharko dituzten egokitzapenak edo denbora- eta/edo baliabide-doikuntzak. Era berean, egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkezten ahalko dute eskaera aurkezteko unean. Eskaera horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia soilak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bosgarrena.–Izangaien onarpena.

5.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta aginduko du argitara daitezela Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, alegazioak aurkezten ahalko dituzte baztertzearen arrazoiari buruz, eta, hala badagokio, baztertzearen arrazoi izan diren akatsak zuzendu. Alegazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Internet bitartez, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onetsiko dira.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Alegazioak egiteko epea igaro ondoren, eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko dira. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, deialdian ezarritako hautapen probak egiteko data, ordua eta tokiarekin batera.

Izangaiek eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, baldin eta, emandako epean, aurkeztutako eskaera zuzendu ez badute edo ongi zuzendu ez badute.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak daukana aztertuta, eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Seigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaiko kideak honako hauek dira:

Epaimahaiburua: Marina Sagaseta López, Estatistikaren Koordinazio eta Zabalkunderako Ataleko burua, NASTAT-Nafarroako Estatistika Institutuan.

Ordezko epaimahaiburua: Pablo Cebrián Jiménez, NASTAT-Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Raquel González Eransus, soziologoa Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusian.

Ordezko epaimahaikidea: Mattias Bergman Johansen, Berrikuntza eta Ikuskapen Ataleko burua Etxebizitza Zuzendaritza Nagusian.

Epaimahaikidea: Laura Pérez Villanueva, Modernizazio eta Dibulgazio Ataleko burua Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuan.

Ordezko epaimahaikidea: Cristina García Ustárroz, Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren Ataleko burua Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusian.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Idazkaria: María Senosiain Labat, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezko idazkaria: María Ángeles García Briñol, Kulturen arteko Bizikidetzarako, Bitartekaritzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Ataleko burua Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusian.

6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiko kideei.

Zazpigarrena.–Probak.

7.1. Hautapen prozesuan proba teoriko-praktiko bat egin beharko da: epaimahaiak proposatutako zenbait galdera labur garatu eta zenbait kasu praktiko ebatzi beharko dira, ebazpen honen II. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiekin loturiko alderdiei buruz eta lanpostuaren berezko eginkizunak garatzeko behar diren ezagutzei buruz.

Probak hiru ordu iraunen du gehienez, eta 60 puntukoa izanen da gehieneko kalifikazioa. Gehieneko puntuazio horren %30 lortzen ez dutenak baztertuta geldituko dira.

7.2. Proba epaimahaiak izangaien eskura jarriko dituen ordenagailuetan eginen da; ordenagailuak testu-tratamenduko programa bat eta datuak aztertzeko tresnak izanen ditu, izangai onartuen behin betiko zerrenda argitaratzen denean zehaztuko direnak. Proba hau plika sistemaren arabera eginen da.

7.3. Probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute bertara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

7.4. Desgaitasuna aitortua dutenei proba egiteko behar dituzten denbora eta baliabideak egokituko zaizkie, posible den neurrian, hala eskatu badute.

Zortzigarrena.–Emaitzak.

8.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du emaitzei buruzko alegazioak telematika bidez aurkezteko.

8.2. Behin alegazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, epaimahaiak probaren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, eta zerrenda hauek jasoko ditu, bereizita:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendako hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendako hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

8.3. Epaimahaiak, izangaien puntuazioetan gertatzen diren berdinketak ebazteko, irizpide hauei jarraituko die:

a) Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako izangaiak: berdinketak epaimahaiak eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko dira. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

8.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Bederatzigarrena.–Soziologoen lanpostuan aritzeko izangaien zerrendak eta plazen eskaintza.

9.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrendak onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira, deialdiaren fitxan. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda.

–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

9.2. Izangaiei prestakuntzan aritzeko eskaintza egiten zaienean eta, hala badagokie, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzean, honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; deialdi honetako oinarriak; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

9.3. Izangaiei aldi baterako kontratu bidez aritzeko egiten zaien eskaintzan eta, hala badagokie, kontratatzean, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; Nafarroako administrazio publikoetako administrazio-araubideko langileen kontratazioa arautzen duen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, deialdi honetako oinarriak; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

9.4. Prestakuntza edo kontratazio eskaintza jasotzen dutenek, prestakuntza edo kontratazioa egin aurretik, eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte. Horretarako, Soziologiako unibertsitate tituluaren edo graduaren kopia edo horren baliokidetzat aitortutako tituluarena aurkeztu beharko dute, edo titulu hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren agiriarena, edo, hala badagokio, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratzeko moduan egon izanaren ziurtagiria.

Era berean, behar denean, izangaiek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela eskaintza honen bidez bete nahi den plazaren betebehar espezifikoak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia soilak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

9.5. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Klasea, estratifikazioa eta desberdinkeria. Klasearen, generoaren eta mugikortasun sozialaren teoriak eta neurriak (Marx, Weber, Wright, Goldthorpe, Dahrendorf, Offe).

2. gaia.–Lotura sozialen prekaritatea eta indibidualizazioa (Z. Bauman, U. Beck eta A. Giddens).

3. gaia.–Teknopolitika, sareak eta kolonialitate digitala: boterea eta identitatea sareko gizartearen aroan (M. Castells, B. Latour, B. Wellman, W. Mignolo).

4. gaia.–Hezkuntza eta igogailu soziala, berrikuspen kritikoak: aukera-berdintasunaren mitoa (Bourdieu eta Passeron; Bowles eta Gintis, Boudon).

5. gaia.–Soziologikoki pentsatzea: diskurtsoa, globalizazioa, modernitatea, postmodernitatea, arrazionalizazioa, gizartea, egitura/agentzia.

6. gaia.–Ongizatearen estatua: jatorria, garapena eta tipologiak. Ongizatearen estatua Espainian, ereduen testuinguruan.

7. gaia.–Gizarte bazterketa. Bazterketa aztertzeko eta neurtzeko metodoak. Gizarte bazterketaren ezaugarri nagusiak Nafarroan.

8. gaia.–Gazteria eta emantzipazioa. Emantzipazio-prozesuetan eragina duten faktoreak, kontzeptualizazioa eta haiek neurtzeko metodologia.

9. gaia.–Immigrazioa Espainian: ondorioak eta aukerak.

10. gaia.–Esku-hartze publikoa diseinatzeko eta planifikatzeko gida orokorra. Nafarroako Gobernua.

11. gaia.–Gizarte-politikak ebaluatzeko gida. Nafarroako Gobernua.

12. gaia.–Biztanleriaren mugimendu naturala: jaiotza-tasa, hilkortasun-tasa, biztanleriaren hazkundea (faktore sozialak eta biologikoak). Nafarroako biztanleriaren dinamika.

13. gaia.–Adierazleak: eraikuntza, erabilera egokia eta alderagarritasuna esparruz esparru. Adierazle sistemak.

14. gaia.–Gizarte ikerketa. Ikerkuntzaren perspektibak. Ikerketa baten diseinua: etapak eta motak.

15. gaia.–Neurketa gizarte zientzietan. Kontzeptuen operazionalizazioa. Neurketa mailak. Baliozkotasuna eta fidagarritasuna.

16. gaia.–Ikuspegi kuantitatiboa. Datu-iturriak: inkesta eta galdetegia. Datuak euskarri elektronikoarekin biltzeko moduak (CAPI, CATI, CAWI). Iturri administratiboak. Alde onak eta txarrak. Erabilerak.

17. gaia.–Lagina: teoria eta aplikazioa. Aztertutako unibertsoa, laginaren tamaina, laginketa-errorearen kontzeptua eta aztergai diren unitateen hautaketa (laginketa motak).

18. gaia.–Inferentzia estatistikoa. Parametroak kalkulatzea eta hipotesiak egiaztatzea. Konfiantza-tarteak.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2603977