Iragarkia
64. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Oposizioa, osoko bilkurako idazkari plaza betetzeko
Iruñeko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko martxoaren 16 an, deialdi bat onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udalaren zerbitzuko osoko bilkurako idazkari plaza, funtzionario araubidekoa eta A mailakoa, oposizio bidez betetzea. Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.
1.2. Plaza Aholkularitza Juridikoari atxikita dago, eta plantilla organikoan honako zenbaki honen bidez identifikatuta: 1-100000-1.
1.3. Izendapenak eta plazaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaio, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badago, aukeratzen ahalko du Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.
2.–Betekizunak.
2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:
a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako edo haien erakunde autonomoetako funtzionarioa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, betiere lanpostu hori eskuratzeko eskatu zaiolarik unibertsitate-gradu titulua Zuzenbidean, Zientzia Politikoan eta Administrazio Publikoan, Zientzia Politikoan eta Kudeaketa Publikoan, Zientzia Politikoetan, Soziologian, edo horien baliokide den titulu bat.
b) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikagarria duen eremuko estatu batekoa.
Halaber, espainiarren ezkontideek parte har dezakete, eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarrenek zein aipatutako nazioarteko itunen esparruko beste estatuetako herritarrenek ere -betiere zuzenbidez bereizita ez badaude-; bai eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek ere -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.
c) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte. Izangairen batek ez badu betetzen oinarri honetan jasotako betekizunetako bat, ezin izanen da izendatua izan osoko bilkurako idazkari, eta, horrenbestez, gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 8.2 zenbakian aurreikusitako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.2 oinarrian ezarritako dokumentazioaren kasuan, dokumentazio hori aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaerarekin batera.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Tasak.
Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 26,00 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
3.4.1. Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak diren izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte deialdi honen 2.1.a) letran jasotzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak.
3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.
3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.-Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Victoria Borja Etayo, Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Carmen Martínez Arcelus, Iruñeko Udaleko legelaria.
Epaimahaikidea: Juan Luis Guijarro Salvador, Iruñeko Udaleko legelaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Rebeca Sánchez Ruiz, Udaleko Hirigintza Gerentziako Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Ana María Rodríguez Hidalgo, Nafarroako Gobernuko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Iñaki Goñi Urrizola, Nafarroako Gobernuko Toki Entitateetako Langileen Kudeaketa eta Aholkularitza Ataleko burua.
Epaimahaikidea: Cristina Fabo Legarda, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Silvia Gonzalo Etxarri, Burlatako Udaleko idazkaria.
Epaimahaikidea: Berta Enrique Cornago, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko idazkari nagusia.
Epaimahaikide ordezkoa: Ana Isabel Yeregui Sarasola, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Kudeaketa Administratiboaren Ataleko burua.
Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide-idazkaria: Paula Unanua Albéniz, Iruñeko Udaleko legelaria.
Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Paloma Sánchez Ruiz, Iruñeko Udaleko legelaria.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.
6.–Oposizioaren garapena.
6.1. Oposizioa 2026ko irailetik aurrera hasiko da.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiaren I. eranskinean zehazten den gaitegiko gaiei buruz eginen dira.
6.2.1. Lehen proba:
Lehen proba: Izangaiek deialdi honen eranskinean jasotako gaitegiko gaiei buruzko 100 galdera erantzun beharko dituzte idatziz. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun zuzen bakoitzak 0,3 puntu gehituko ditu. Zuzena ez den bakoitzak 0,15 puntu kenduko ditu. Proba honetan gehienez ere 30 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 15 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
6.2.2. Bigarren proba:
Teoriko-praktikoa. Epaimahaiak zehaztuko duen irizpen juridiko bat egin beharko da, idatziz, epaimahaiak ezarritako iraupenarekin. Irizpen hori deialdi honen I. eranskineko gaitegiarekin eta lanpostuaren berezko eginkizunekin lotuta egonen da, eta honako gai hauetakoren bat edo batzuk izanen ditu xede: hauteskunde-araubidea; zinegotzien eskubideak eta betebeharrak; toki-korporazioen funtzionamendua; osoko bilkuraren araubide organikoa (bereziki, Iruñekoa, bere Erregelamendu Organikoan arautua); antolaketa, eskumenak eta tokiko araubide juridikoa; langileak; kontratazio publikoa, administrazio-emakidak; ondasunak; zerbitzu publikoak; aurrekontuak eta toki-ogasuna; hirigintza edo ingurumena.
Ariketa idazten duten bitartean, izangaiek ezin izanen dute lege-testurik kontsultatu, ez eta bestelako dokumentaziorik erabili ere.
Proba honetan gehienez ere 35 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 17,5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
6.2.3. Hirugarren proba:
Teoriko-praktikoa. Epaimahaiak zehaztuko duen irizpen juridiko bat egin beharko da, idatziz, epaimahaiak ezarritako iraupenarekin. Irizpen hori deialdi honen I. eranskineko gaitegiarekin eta lanpostuaren berezko eginkizunekin lotuta egonen da, eta honako gai hauetakoren bat edo batzuk izanen ditu xede: hauteskundeen araubidea; zinegotzien eskubideak eta betebeharrak; toki-korporazioen funtzionamendua; osoko bilkuraren araubide organikoa (bereziki, Iruñekoa, bere Erregelamendu Organikoan arautua); antolaketa, eskumenak eta tokiko araubide juridikoa; langileak; kontratazio publikoa, administrazioko emakidak; ondasunak; zerbitzu publikoak; aurrekontuak eta tokiko ogasuna; hirigintza edo ingurumena.
Ariketa idazten duten bitartean, hautagaiek egokitzat jotzen dituzten lege-testuak kontsultatzen ahalko dituzte paperean, baldin eta doktrina- eta jurisprudentzia-iruzkinik ez badute. Aldizkari ofizialetan, kodeetan edo webguneetan argitaratutako lege-testuen paperezko kopiak erabiltzen ahalko dira, bai eta aurkibide batekin ere, baldin eta kopia horiek koadernatuta badaude. Ez da onartuko orri solteak edo soilik grapatuta dauden orriak erabiltzea. Kopien liburuak edo koadernotxoak azpimarratuta edo koloreekin markatuta egoten ahal dira, baina ezin dute testu inprimatuari erantsitako inolako oharrik izan.
Proba honetan gehienez ere 35 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 17,5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
6.3. Oposizioaren probei aplikatu beharreko arauak.
6.3.1. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan; hala ere, eta kasua bada, bigarren eta hirugarren probetako irizpenetan positiboki baloratuko da gerora izan diren arau-aldaketak ere aipatzea.
6.3.2. Bigarren eta hirugarren probetan egindako txosten edo irizpen juridikoak, ondoren, izangaiak irakurriko ditu epaimahaiaren aurrean, ekitaldi publikoan. Ekitaldi horretan, epaimahaiak argibideak eskatzen ahalko ditu ahoz azaldutako ariketaren edukiari buruz. Izangaiei dei eginen zaie ariketa jendaurrean irakur dezaten epaimahaiaren aurrean, hark aurretiaz adierazitako egunean, orduan eta tokian.
Bi ariketak kalifikatzeko orduan, kontuan hartuko dira planteamenduaren zuzentasuna, zehaztasuna, sakontasuna eta zorroztasun teknikoa analisi juridikoan, planteatutako gaia edo gaiak behar bezala azaltzea eta ebaztea, eta jurisprudentzia- edo doktrina-erreferentziak aipatzea; izan ere, hautagaiak, jendaurreko irakurketan, zehatz-mehatz azaltzen ahalko ditu irizpenean aipatutako doktrina-iturria edo epaia(k).
6.3.3. Proba guztietara tinta urdina duen bolaluma batekin joan beharko da. Telefono mugikorrak deskonektatu beharko dira, eta ezinen da erloju adimendunik eraman. Probak egiteari buruzko edozein argibide behar besteko denboraz jakinaraziko da www.pamplona.es helbidean.
6.3.4. Izangaiak nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.3.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du interesdunek eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten, telematikoki.
6.3.6. Hautaprobak egin bitartean, behar diren egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio, izendapena egiteko izapideekin jarrai dezan.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, lehenbiziko proban puntuazio handiagoa lortzen dutenen alde ebatziko da; berdinduta segituz gero, bigarren proban puntuazio handiagoa lortzen dutenen alde, eta berdinketak jarraitzen badu, hirugarrenean puntuazio handiagoa lortzen dutenen alde. Halere berdinketa ez bada hausten, horretarako iragarriko den zozketa bakarraren bidez ebatziko da.
8.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Epaimahaiak Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatze aldera.
Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
8.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:
8.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Deialdiaren 2.1.a) oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua.
c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
8.2.2. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.
8.3. Agiri horiek aipatu epean -salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan- aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.
8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta betekizunak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.
8.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 8.2 apartatuan ezarritakoarekin bat.
9.–Izendapena, plaza hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.
9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsa esleituko dio aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoak izendapen-akordioan horretarako ezartzen den egunean hartu beharko du plazaren jabetza.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaren jabetza hartzen ez duenak Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
9.3. Izangaia funtzionario bihurtu eta, plazan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio plazaren jabetza hartzen duen egunetik beretik -indarreko araudian ezarritako kasuetan-, kasuan kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 8.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
10.–Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.
11.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, haren oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2026ko martxoaren 16an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
I. ERANSKINA.–GAITEGIA
1. Atala.–Zuzenbide Konstituzionala eta Europar Batasunekoa.
1.–1978ko Espainiako Konstituzioa. Ezaugarriak eta egitura. Konstituzioa arau juridiko gisa. Konstituzio-printzipioak.
2.–Herritarren eskubideak eta eginbeharrak Espainiako Konstituzioan. Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak. Eskubide eta eginbehar arruntak. Politika sozial eta ekonomikoaren gida-oinarriak. Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunak.
3.–Estatuaren lurralde-antolaketa. Autonomia-erkidegoak. Autonomia-estatutuak. Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumen-banaketa. Estatuak autonomia-erkidegoen gainean duen kontrola.
4.–Espainiako ordenamendu juridikoaren iturrien sistema. Legea: kontzeptua eta motak. Lege-erreserba. Lege dekretuak eta legegintzako dekretuak. Zuzenbidearen printzipio orokorrak.
5.–Estatuaren eta autonomia-erkidegoen legegintza-ahala. Estatuko ordenamenduaren eta ordenamendu autonomikoaren arteko harreman-sistemak. Oinarrizko legeak, esparru-legeak, transferentzia- edo eskuordetze-legeak eta harmonizazio-legeak. Lege autonomikoak.
6.–Konstituzio Auzitegia. Osaera eta eskumenak. Lege-mailako arauen konstituzionaltasun-kontrola: Konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa eta konstituzio-kontrakotasuneko arazoa.
7.–Estatuko organoen arteko konstituzio-gatazkak. Eskumenen gaineko konstituzio-gatazkak estatuko organo zentralen eta autonomia-erkidegoen artean eta autonomia-erkidegoen artekoak. Autonomia-erkidegoen xedapenak eta ebazpenak aurkaratzea. Tokiko autonomia defendatzeko gatazkak.
8.–Botere Judiziala. Funtzio judiziala 1978ko Konstituzioan. Botere eta funtzio judizialaren antolakuntza eta funtzionamendurako konstituzio-printzipioak. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia. Fiskaltza.
9.–Eskubideen babes judiziala Konstituzioan. Babes-errekurtsoa. Giza Eskubideen Europako Auzitegiari zuzendutako errekurtsoa. "Habeas corpus". Arartekoa.
10.–Europar Batasuneko zuzenbidea: printzipio informatzaileak eta iturriak. Europar Batasuneko Zuzenbidearen eta kide diren estatuen ordenamendu juridikoaren arteko harremana. Europar Batasuneko Justizia Auzitegia. Epaitu aurreko arazoa.
11.–Europar Batasuneko herritarren eskubideak eta askatasunak. Europar herritartasuna. Salgaien zirkulazio askea eta merkataritza-politika erkidea. Kokatzeko askatasuna eta zerbitzuak emateko askatasuna. Langileen zirkulazio askea. Gizarte- eta enplegu-politikak.
12.–Europar Batasunaren finantzaketa. Europako programak eta funtsak: xedeak, motak eta kudeaketa. Estatuaren laguntzak eta horien kontrola Europar Batasunaren eskutik. Egitura-funtsak.
2. Atala.–Administrazio Zuzenbide Orokorra.
13.–Administrazio Publikoa 1978ko Espainiako Konstituzioan. Administrazioak auzitegietan duen jarrera: autotutoretza-printzipioa; interdiktuak eta Administrazioa. Legezkotasun-printzipioa Administrazioaren jarduketan. Jarduera arautua eta jarduera diskrezionala. Kontzeptu juridiko zehaztugabeak. Agintea desbideratzea eta administrazio-jarduketaren legezkotasunaren kontrol jurisdikzionala. Administrazioaren jarduketa juridikoa: publikoa eta pribatua.
14.–Administrazio Publikoaren legegintza-ekimena eta erregelamenduak egiteko ahala. Erregulazio onaren printzipioak. Arauen ebaluazioa. Arauen publizitatea eta planifikazioa. Herritarren parte-hartzea lege mailako arauak eta erregelamenduak prestatzeko prozeduran. Toki eremuan xedapen orokorrak onesteko prozedura.
15.–Erregelamendua: kontzeptua eta motak. Legearen eta Erregelamenduaren arteko harremanak: lege-erreserbaren, eskumenaren eta arau-hierarkiaren printzipioak. Erregelamendu-ahalmenaren mugak. Legez kanpoko erregelamenduen aurkako defentsa juridikoa. Zerbitzuko jarraibideak eta aginduak.
16.–Administrazio Publikoen nortasun juridikoa. Erakunde publikoen tipologia. Administrazio korporatiboa: elkargo profesionalak eta ganbera ofizialak.
17.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua.
18.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
19.–Zerbitzu publikoa. Kontzeptuaren bilakaera. Interes orokorreko zerbitzuak eta zerbitzuak kontratazio publikorako arauetan. Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuak kudeatzeko moduak. Administrazioaren esku-hartzea jarduera pribatuan. Ekonomia-zerbitzuak. Ekintza sozioekonomikoa. Honako lege hauen aplikazioa Nafarroako toki-erakundeetan: 17/2009 Legea, azaroaren 23koa, Zerbitzuen jardueretara askatasunez iristeari eta haien erabilerari buruzkoa; 2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzkoa; 27/2013 Legea, abenduaren 27koa, Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzkoa.
20.–Administrazio publikoaren ondare-erantzukizuna. Urriaren 1eko 39/2015 eta 40/2015 Legeen bilakaera eta gaur egungo araubidea.
21.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.
22.–Datu pertsonalak babesteko eskubidea eta nola arautzen den apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan.
23.–Nahitaezko desjabetzea eta horren erregulazioa 1954ko abenduaren 16ko Legean eta 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren bidez onetsitako Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduan.
24.–5/1985 Lege Organikoa, ekainaren 19koa, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzkoa. Hauteskunde-sistema. Korporazioko kide izaera hartzea, etetea eta galtzea. Bateraezintasun-arrazoiak. Toki-korporazioetako kideen estatutua. Talde politikoak eta interesen erregistroa.
25.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Biztanle-kopuru handiko udalerrien antolakuntzako araubidea.
26.–Toki eremuko beste arau aplikagarri batzuk Nafarroan: 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua, apirilaren 18koa, Toki Araubidearen arloan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onesten duena; 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena; 1955eko ekainaren 17ko Dekretua, Toki-korporazioen Zerbitzuen Erregelamendua onesten duena.
27.–.Udal-autonomia. Nafarroaren eskumenak Toki Administrazioaren arloan. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Nafarroako udalerriak: kontzeptua, biztanleria eta udal-mugartea, ikurrak eta antolaketa. Eskumenak. Beste toki-erakunde batzuk.
28.–Iruñeko Udalaren Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoa.
29.–Nafarroako toki-erakundeen aurrekontuak eta gastu publikoa: edukia, onespena eta betearazpena. Kontabilitatea eta fiskalizazioa.
30.–Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak eta horien erregulazioa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean. Atariko tituluko arauak. Baliabide motak eta ordainarazpen guztien amankomuneko xedapenak. Zergaz besteko baliabideak. Tributu, dirulaguntza eta kreditu-eragiketetako partaidetza. Nafarroako toki-erakundeetako tributuak.
31.–Funtzio publikoaren estatutu-izaera. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua eta horren erregulazioa abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzen duten foru-dekretuetan (113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena; 68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio-araubidean kontratatzea arautzen duena).
32.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzkoa.
33.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena. 7/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duena.
34.–Ingurumenean eragina duten jarduerak eta horen erregulazioa abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean. Printzipio eta xedapen orokorrak. Ingurumenean esku hartzeko tresnak: aipamen berezia jarduera sailkatuen lizentziari. Honako lege hauen aplikazioa Nafarroako toki-erakundeetan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-eraginaren ebaluazioari buruzkoa; 7/2021 Legea, maiatzaren 20koa, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzkoa; 4/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzkoa.
35.–Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta Katastroak. Izaera, kontzeptua, edukia eta kontserbazioa. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak: aipamen berezia balioen aldaketa kolektiborako prozedurari eta Balorazio-ponentziei.
36.–Nafarroan etxebizitza izateko eskubidea eta hura arautzen duen 10/2010 Foru Legea, maiatzaren 10ekoa. Xedapen orokorrak. Etxebizitza babestuaren kontzeptua, ezaugarriak eta tipologiak eta etxebizitzaren arloa sustatzeko jarduera publikoa. Azaroaren 27ko 15/2025 Foru Legeak sartutako aldaketak.
37.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa eta horren erregelamendu bidezko garapena. Euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan eta horiek herritarrekin dituzten harremanetan. Iruñeko Udalean eta haren sektore publiko instituzionalean euskararen erabilpena arautzen duen ordenantza.
38.–.Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. Xedapen orokorrak. 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.
39.–12/2019 Foru Legea, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Herritarrek parte hartzeko prozesuak: aipamen berezia toki-erakundeen partaidetzako aurrekontuei. Herritarren ekimenak: aipamen berezia tokiko arau-proposamenei, tokiko udalbatzetako kideak gaitzesteko herritarren ekimenei eta toki-erakundeetan parte hartzeko prozesu bat irekitzeko ekimenari.
40.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: Nafarroako toki-erakundeen eginkizunak berdintasun politiken arloan; berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak.
Iragarkiaren kodea: L2604205
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
