64. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43/2026 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, bilduma museografiko iraunkor gisa aitortzen duena Zugarramurdiko Sorginen Museoa, Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen arabera.

Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen 16. artikuluak Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren aitorpena arautzen du, eta 14. eta 15. artikuluek, berriz, museo gisa aitortua izateko betebeharrak ezartzen dituzte.

16.1 artikuluari jarraikiz, Argitxu Aguerre Olaizola Zugarramurdiko alkateak, Zugarramurdiko Udalaren izenean, Zugarramurdiko Sorginen Museoa bilduma museografiko iraunkor gisa aitortzeko eskatu zuen 2024ko ekainaren 25ean.

Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko Foru Legearen 16.3 artikuluak ezartzen du betebeharrak betetzen direla egiaztatu eta Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren txostena ikusita emanen dela aitorpena.

Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko 10/2009 Foru Legearen 15. artikuluan zehazten dira erakunde bat bilduma museografiko iraunkor gisa aitortzeko bete beharrezko eskakizunak.

a) Balio arkeologikoa, historikoa, artistikoa, etnologikoa, zientifikoa, teknikoa edo kulturala duten ondasunen bilduma egonkor bat edukitzea, horiek ukigarriak nahiz ukiezinak izan.

Zugarramurdiko Sorginen Museoaren funtsak lau motatakoak dira, haiek osatzen dituzten ondasunen izaeraren arabera:

–Funts museografikoa. Interes etnografikoko 56 piezak osatua.

–Dokumentu-funtsa, Henningsen-Rey senar-emazteek dohaintzan emandako askotariko 31 dokumentuk osatua.

–Funts bibliografikoa, zeina sorginkeriari eta inkisizioari buruzko 49 alek osatzen baitute.

–Erakusketa iraunkorreko hitzaldian erakusten diren kultura-ondare immaterialaren alorreko adierazpenak, guztiak ere antzinako ohitura eta sinesmenen ingurukoak eta etxe-giroari buruzkoak.

b) Bere eginkizunetarako egokia den higiezin bat edukitzea, bildumaren egoitza iraunkorra izanen dena.

Irekitzeko lizentzia badauka museoak. Museo-ekipamendua dagoen eraikina duela gutxi eraberritu da: besteak beste, irisgarritasuna hobetu da espazio guztietan, baita segurtasun- eta kontserbazio-kondizioak ere. Gaitasun desberdinak dituzten pertsonentzat egokituta dago, irisgarritasun unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legearen 43. artikuluarekin betez, zeinak jarduera kulturaletan, kiroletakoetan eta aisialdikoetan irisgarritasuna bermatzen baitu. Fisikoki irisgarria izateaz gainera, ikus-entzunezko bitartekotzarako materialak badira lau hizkuntzatan eta zeinu-hizkuntzan. Erakusketako edukiak teknologia berriekin eta alderdi digitalaren bidez osatzen dira, baliabide didaktikoen, ikus-entzunezko baliabideen eta irisgarritasun unibertsala bermatzen duten birsorkuntzen bidez. Webgunea ere barne hartzen da irisgarritasun-planteamenduan, zeina sortuta baitago dagoeneko; hala, digitalizaziorako euskarria izanen da. Museoen Zerbitzuak baloratzen du ekipamenduak bat egitea lurralde ez-zentraletan eta landa-eremuetan herritarren eskubide kulturalak bermatzen dituen irisgarritasun unibertsalaren kontzeptu berriarekin.

c) Bere bildumaren erakusketa iraunkorra, antolatua eta esanguratsua egitea.

Erakutsitako bilduma iraunkorra da, erakusketa-diskurtsoaren eremu guztiak hartzen ditu, baina ordena ez da zentratzen piezen balioa azpimarratzean. Izan ere, diskurtso zentrala egituratzen duten ikus-entzunezkoei eta elementu museografikoei laguntzeko elementu gisa tratatzen dira, komunitateko kultura-ondare ukiezineko elementuak erakustean oinarritzen baita diskurtso hori.

d) Funtsen inbentarioa eta erregistro liburuak izatea.

Bilduma materialaren eta immaterialaren inbentario osoa da, baita legearen araberako erregistro-liburu bat ere.

e) Ingurumenaren eta segurtasunaren aldetik, bildumaren kontserbazioa eta zaintza bermatzeko moduko ezaugarriak izatea.

Segurtasun-sistemen kontratua eta kontserbazio prebentiboko txostena aurkeztu dira.

f) Erakusketa jendearentzako zabalik izatea, modu iraunkorrean eta bisitatzeko ordutegi finko batekin.

Legezko betebeharrak betetzen dira irekiera publikoari eta bildumarako doako bisiten araubideari dagokienez.

Eskaera baloratzeko garaian, legeak ezarritako eskakizunez gainera, beste alderdi batzuk ere izan ditu kontuan Museoen Zerbitzuak, hala nola:

–Ekipamenduaren jasangarritasuna, finantziazio-iturri egonkor baten bidez;

–Udalerriko ondare natural eta kulturalaren kudeaketa jasangarria, ekipamenduaren testuinguruko lurraldeari buruzko ezagutza sustatzeko bisitak eta bestelako jarduera batzuk diseinatuz eta garatuz, herria ezagun egin duten gertaera historikoak gogoan dituen toki gisa;

–Pertsonak, ondare-komunitateak eta kolektiboak memoria-toki honi eta eskualdeko eta udalerriko kultura-ondare ukiezin eta immaterialari lotzean duen esperientzia-izaera;

–Kultura-ondare immaterialari dagokionez, ekipamenduak betetzen du Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legea, baita Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionala ere, toki-erakundeak ondare hori babesteko eta hedatzeko egiten duen lankidetzagatik eta babes-jarduerak garatzeko eragile gisa.

Dokumentazioa ikuskatu ondotik, titularrekin zenbait alderdi argitze eta egiaztatze aldera egindako kudeaketen eta bisitaren ondotik, Museoen Zerbitzuak irizten dio egokia dela bilduma museografiko iraunkorraren aintzatespena ematea.

2026ko otsailaren 16an aurkeztu zitzaion proposamena Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Museoen Batzordeari, zeinak aintzatestearen aldeko txostena eman baitzuen 2026ko otsailaren 17an.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Zugarramurdiko Sorginen Museoa bilduma museografiko iraunkor gisa aintzatestea.

2. Zugarramurdiko Sorginen Museoa Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribatzea, datu hauekin:

–Kodea: Bc4.

–Izena: Museo de las Brujas de Zugarramurdi-Zugarramurdiko Sorginen Museoa.

–Egoitza: Beheitiko karrika, 18. Indaburua etxea, Zugarramurdi.

–Helburuak eta irizpide zientifikoak:

Tokiko kultur ondarea babestea —bereziki, alderdi immaterial eta ukiezinena— eta une eta prozesu historiko horren berri zabaltzea, XVII. mendeko bizimodua nolakoa zen ikusarazteko eta memoria-toki hori irisgarri bihurtzeko. Zenbait funtzio gauzatzen ditu, bai udalerria bisitatzen duten pertsonei zuzenduak, bai herriko eta eskualdeko komunitatea osatzen dutenei zuzenduak. Udalak komunitatearen elkargune gisa sustatzen du eta espazio balioaniztunak eta publiko guztientzat antolatutako jarduerak eskaintzen dira, arreta berezia ematen zaielarik familiei, eskola-komunitateari eta lurraldeko elkarteei.

–Titularra: Zugarramurdiko Udala.

–Kudeaketa-organoa: Zugarramurdiko Garapena SL elkartea.

–Lantaldea: Kudeaketako zuzendaritza, publikoa artatzeko eta bisita gidatuak zuzentzeko langileak, mantentze-lanetako langileak eta garbitzaileak.

–Antolaketa: Irekitze-ordutegia zabala eta egonkorra da:

Urtarrilaren 16tik 31ra, otsailean, azaroan eta abenduan: asteazkenetik ostiralera, 10:30etik 17:30era; larunbat eta igandeetan, 10:30etik 18:30era. Martxotik ekainera eta urrian: asteazkenetik ostiralera, 10:30etik 18:00etara; larunbat eta igandeetan, 10:30etik 18:30era. Uztailaren 1etik 14ra eta irailaren 16tik 30era: asteazkenetik igandera, 10:30etik 18:30era. Uztailaren 15etik irailaren 15era: asteartetik igandera, 10:30etik 19:00etara.

Ordutegi zabalagoak ditu jaiegunetan, zubietan eta Aste Santuan, abenduaren 24an eta 31n izan ezik, egun horietan goizez bakarrik izaten baita irekia.

–Jendeari arreta ematea: Astegunetan, pertsona bat aritzen da lanaldi osoz eta beste bat lanaldi erdiz. Asteburuetan, beste pertsona batzuk ere aritzen dira laguntzen, lanaldi partzialean. Aste Santuan eta udan laguntza hori lanaldi osokoa izaten da, edo beste pertsona bat ere kontratatzen da, aurreikuspenak kontuan izanda.

–Dohainekoa: Museoen Zerbitzuak eskatuta, Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen 27. artikuluko 4. puntuan xedatutakoa betez aintzatespen-prozesua gauzatzeari dagokionez, Zugarramurdiko Udalak doakotasun-egutegi hau proposatu du 2025erako:

  • maiatzaren 18a. Museoen Nazioarteko Eguna.
  • Irailak 27. Turismoaren Nazioarteko Eguna.
  • Urriaren 12a. Espainiako jai nazionala.
  • Abenduaren 3. Nafarroaren eguna.
  • Abenduaren 6. Konstituzioaren eguna.

–Tarifak: Hau planteatu da 2025erako, tarifak egokitzeko Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen 27. artikuluko 5. puntuan ezarritako baldintzetara:

  • Tarifa orokorra (+18): 6,00 euro buruko.
  • Doako tarifako modalitateak: Zugarramurdiko biztanleak, 18 urtetik beherakoak, 65 urtetik gorakoak, desgaitasunen bat duten pertsonak, ikertzaileak, ikasle-taldeei laguntzen datozen irakasleak, kazetariak eta ICOMeko kideak.
  • Tarifa-murrizketaren modalitateak: Familia ugariak eta taldeak.

–Oinarrizko zerbitzu hauek ditu:

  • Webgunea; hobekuntzak ditu entzumenezko irisgarritasunean eta irisgarritasun kognitibo eta bisualean.
  • Onlineko sarrera-salmenta eta edukieraren kontrola.
  • Baliabide didaktikoak.
  • Espazio balioaniztuna hirugarren solairuan eta 68 pertsonarentzako auditorioa behe-solairuan.
  • Hizkuntzak: gaztelania, euskara, frantsesa, ingelesa.
  • Denda espezializatua.
  • Bisita gidatuak.
  • Lantegiak.
  • Jarduerak. Emanaldi eta hitzaldi programatuak.
  • Mugikortasun mugatua duten pertsonentzako moduko komunak eta erakusketa-ibilbide irisgarria.

–Ondasun inbentariatuak: Bilduma osatzen dute 56 pieza etnografikok, Henningsen-Rey senar-emazteek dohaintzan emandako askotariko 31 dokumentuk, sorginkeriari eta inkisizioari buruzko 49 ale bibliografikok eta kultur ondare immaterialeko 7 ondasunek.

Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren arabera, aitorpena egiten denetik, inbentarioan sartzen diren gainerako ondasunak ondasun inbentariatutzat jotzen dira, eta titularrak bete beharko ditu Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak ezarritako betebeharrak.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea Zugarramurdiko Sorginen Museoa bilduma museografiko iraunkor gisa aitortu izana.

4. Titularrari jakinaraztea Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritako eginbeharrak betetzeko beharra.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Museoen Zerbitzura, Nafarroako Museoaren Atalera eta Museoen Atalera; eta interesdunei jakinaraztea.

Iruñean, 2026ko martxoaren 9an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

Iragarkiaren kodea: F2603859