64. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

49E/2026 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita honako deialdi hau: "Nafarroako udalei zuzendutako dirulaguntzak, 2026ko ekitaldian zehar udal plan orokorrak eta plan bereziak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko". DDBN kodea: 889180.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 20. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari agintzen dio udalen hirigintza jarduerari laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea, bereziki hirigintza planeamenduko tresnak idazteko. Laguntza ekonomiko hori duela urte batzuk ematen hasi zen administrazioa, Hirigintza-plangintza prestatu eta aplikatzearen arloan administrazioen arteko lankidetza arautzen duen uztailaren 2ko 145/2002 Foru Dekretuaren bidez (dagoeneko indargabetuta dago).

Udal hirigintza-plangintza egiteko laguntzen araubidea arautzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretu berria onartzeak aldaketa handia ekarri du laguntza horiek emateko sisteman; izan ere, laguntzak, orain, urteko deialdien bidez formalizatu behar dira, eta eskaerak banakako ebaluazioaren araubidearen bidez ebatziko dira. Laguntza eredu berri horren ondorioz, ez da beharrezkoa udalek aurkeztutako eskaerak alderatzea; izan ere, aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte aipatutako 98/2022 Foru Dekretuan aurreikusitako fase edo tarte bakoitzari dagozkion lanak benetan bukatu ondoren. Horrela, bi helburu lortzen dira: batetik, udalerriak akuilatzea plangintza egin dezaten, eta, bestetik, saihestea ekitaldi batean baino gehiagotan dirulaguntzetarako konprometitutako funts publikoak izoztea.

Testuinguru horretan, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren asmoa da, 2026ko ekitaldian zehar, Nafarroako udalerrietara ongien egokitzen diren hirigintza planeamenduko tresnak prestatu eta berrikusten jarraitzea, haien ezaugarri eta beharrekin bat, eta, horrekin batera, araudi arautzailean jasotako aurreikuspenak betetzea.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko prozedura ere. Zehazki, foru lege horren 17.1 artikuluak xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean eginen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiltzeko baimena ematen duenean. Ildo horretan, 98/2022 Foru Dekretuaren 7. artikuluak honako hau xedatzen du: "Dirulaguntzak emateko prozedura 1. artikuluan adierazitako urteko deialdi publikoaren bidez hasiko da, eta banakako ebaluazioaren araubidean tramitatuko da".

Horren ondorioz, udal hirigintza arloko jarduketak erraztu eta sustatzeko asmoz eta udal hirigintza planeamendua prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretuan ezarritako helburuak betetzeko xedearekin, bidezkoa da deialdi bat tramitatzea udalei dirulaguntzak emateko udal plan orokorrak egin edo berrikus ditzaten, baita hiriguneak osorik antolatzea helburu duten plan bereziak egin edo berrikusteko ere goian aipatutako 98/2022 Foru Dekretuan adierazitako baldintzetan.

Dirulaguntza hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da (48 erregistro-zenbakia), Lurralde Kohesiorako Departamentuaren dirulaguntzen lerroen barruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako udalei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat 2026ko ekitaldian zehar udal plan orokorrak eta plan bereziak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 65.948,19 euroko gastua baimentzea deialdi honi aurre egiteko, 2026ko Aurrekontu Orokorretako "Administrazioen arteko lankidetza" izeneko 240000 24100 7609 261702 partidaren kargura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka eta haren oinarrien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea eta deialdia dirulaguntzen datu-base nazionalari jakinaraztea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Atalari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari) eta Ekonomia eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuari.

Iruñean, 2026ko otsailaren 20an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcen Zunzarren.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO UDALEI ZUZENDUTAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA 2026KO EKITALDIAN ZEHAR UDAL PLAN OROKORRAK ETA PLAN BEREZIAK EGIN EDO BERRIKUSTEKO PLANAK FINANTZATZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

1.1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko behar den prozedura finkatzea udal plan orokorrak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz.

Horrez gain, plan bereziak prestatzeko laguntzak ere emanen zaizkie Nafarroako udalei. Plan berezi horien xedea izanen da hiriguneak osorik antolatzea, haien jarduketa eremuak gutxienez 5 hektareako azalera hartzen badu, eta helburua bada lurzoruaren okupazioa arintzea, zuzkidura publikoak sortzea, auzoak saneatzea, mugikortasun edo estetika arazoak konpontzea, hiria berroneratzeko edo berritzeko jarduketak arautzea edo antzeko beste xederen bat. Espazio horiek bat etortzen ahalko dira lehentasunez birgaitu beharreko areatzat hartutakoekin, zeinak etxebizitza arloan indarra duen araudian arautzen baitira.

1.2. Kanpo geratzen dira indarrean dagoen hirigintza-plangintzaren aldaketak eta hirigintza-plangintzako gainerako tresnak.

2.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aipatzen diren dirulaguntzak honako arau hauek eraenduko dituzte: deialdi honetako oinarriak, udal hirigintza-plangintza prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa eta dirulaguntzen arloko gainerako arau aplikagarriak.

3.–Onuradunak eta betebeharrak.

3.1. Deialdian parte hartzen ahalko dute udal plan orokorra edo plan berezia prestatu edo berrikusteko prozesua izapidetzen hasi duten eta 4. oinarrian adierazitako tauletan aurreikusitako prozedura-faseren bat burutu duten Nafarroako udalek.

3.2. Deialdi honetan araututako laguntzak jaso ahal izateko, aldez aurretik lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharko da departamentuarekin, 98/2022 Foru Dekretuaren 3.2 artikuluan adierazitako baldintzetan.

3.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren egoeretako batean dauden udalak ezin izanen dira deialdiaren xede diren laguntzen onuradun izan.

4.–Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.

4.1. Udal plan orokorrak egiteko fase bakoitzerako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoek ezin izanen dituzte gainditu biztanle-tarteen arabera jarraian ageri den taulan jasotzen diren mugak:

UDAL PLAN OROKORRAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN GEHIENEKO ZENBATEKOAK

Udalerrietako biztanleria

Gehieneko zenbatekoak faseka (BEZa barne)

Gehieneko
zenbatekoa
(BEZa barne)

%15

%15

%35

%25

%10

Udalak LAEEa onestea

Lurraldearen
Antolamenduko Batzordeak LAEEa onestea

Hasierako
onespena

Behin-behineko onespena

Behin betiko
onespena

1.000 biztanle baino gutxiago

18.000 euro

18.000 euro

42.000 euro

30.000 euro

12.000 euro

120.000 euro

1.001-3.000 biztanle

22.500 euro

22.500 euro

52.500 euro

37.500 euro

15.000 euro

150.000 euro

3.001-5.000 biztanle

27.000 euro

27.000 euro

63.000 euro

45.000 euro

18.000 euro

180.000 euro

5.001-10.000 biztanle

31.500 euro

31.500 euro

73.500 euro

52.500 euro

21.000 euro

210.000 euro

>10.001 biztanle

40.500 euro

40.500 euro

94.500 euro

67.500 euro

27.000 euro

270.000 euro

4.2. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen legediaren arabera, udal plan orokorra behin betiko onetsi ondoren testu bategina egiteko eskatu bada, ez da eskatzen ahalko azken fase horretarako aurreikusitako zenbatekoak ordaintzeko, harik eta testu bategina entregatu eta organo eskudunak egokia dela egiaztatu arte.

4.3. 4.1 ataleko taulan ezarritako zenbatekoak %10 igotzen ahalko dira kontzeptu hauetako bakoitzarengatik:

–Udalerri konposatuak, edo jendea bizi den 3 hirigune bereiz edo gehiago dituztenak.

–70 km²-tik gorako azalera.

4.4. Plan bereziak prestatzeko fase bakoitzerako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak, azterlanaren xedeko eremuaren azaleraren arabera ezarriak, ezin dira handiagoak izan taula honetan ezarritako mugak baino:

PLAN BEREZIAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN GEHIENEKO ZENBATEKOAK

Plan bereziaren
eremua

Gehieneko zenbatekoak faseka (BEZa barne)

Gehieneko zenbatekoa
(BEZa barne)

%60

%40

Hasierako onespena

Behin betiko onespena

5-10 ha

30.000 euro

20.000 euro

50.000 euro

10-20 ha

45.000 euro

30.000 euro

75.000 euro

20 ha baino gehiago

60.000 euro

40.000 euro

100.000 euro

4.5. Aurreko atalen arabera ematen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak ezin dira izan zerbitzu kontratuaren esleipen prezioaren %80 baino handiagoak. Ehuneko hori, era berean, lanak egiteko fase bakoitzeko gehieneko zenbatekoak kalkulatzeko erreferentzia izanen da.

4.6. Udal eskatzaileek faseren batean justifikatutako zenbatekoak taulan gehieneko gisa adierazitakoak baino txikiagoak badira, jaso beharreko laguntzen zenbatekoak murriztu eginen dira, justifikatutako zenbateko horiek gainditzen dituzten neurri berean. Hala ere, fase bakoitzerako finkatutako gehienekoetara ez iristeagatik ordaindu gabe gelditzen diren zenbatekoak hurrengo faseetan ordaintzen ahalko dira, betiere justifikatzen badira eta guztizko zenbatekoak gainditzen ez baditu kasuan kasuko gehieneko zenbatekoak.

Era berean, faseren batean justifikatzen diren zenbatekoak taulan gehieneko gisa adierazitakoak baino handiagoak badira, zenbateko horietatik gorakoak hurrengo faseetan ordaintzen ahalko dira, betiere adierazitako gehieneko mugak gainditzen ez badira.

4.7. Udalek burututako bi fasetarako edo gehiagotarako eskatzen ahalko dituzte laguntzak, metatuta. Kasu horretan, fase bakoitzari dagozkion zenbatekoen batura izanen da laguntza horien zenbatekoa.

4.8. Aurreko deialdietan laguntzen xede izan diren faseak ez dira hurrengo deialdietan berriz diruz laguntzen ahalko.

4.9. Dirulaguntzak ematea, nolanahi ere, dauden aurrekontu-baliabideen mende egonen da.

5.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2026ko azaroaren 3an bukatuko, egun hori barne. Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

5.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Deialdi honetarako finkatutako eskabide ereduarekin bat ez datozen eskaerak ez dira aurkeztutzat joko. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

6.–Dokumentazioa.

Udalek aurkeztutako dirulaguntza eskabideak oso-osorik bete beharko dira, eta dagokion udal alkatetzak sinatu beharko ditu. Gainera, eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera-idazkia, argi azalduz udal plan orokorra edo plan berezia idazteko zein fasetarako eskatzen den dirulaguntza, eta zenbat eskatzen den, II. eranskineko eskabide ereduari jarraikiz.

b) Udal plan orokorra edo plan berezia idazteko lanen esleipenari buruz udalak hartu duen erabakiaren ziurtagiria, udal idazkaritzak emana, esleipenaren prezioaren zenbatekoa eta, hala badagokio, onartutako kontratu aldaketak adierazita.

c) Udal idazkaritzak emandako ziurtagiria, bidezkoa bada, udal plan orokorra edo plan berezia egiteko dirulaguntza zer fasetarako eskatu den, fase hori egitea onesten duen udal akordioari buruzkoa.

d) Egindako gastuei dagozkien fakturak eta diruz lagungarriak diren lanak ordaindu izanaren justifikazioa.

e) Udal Idazkaritzaren ziurtagiria, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako lege aginduak betetzeari buruzkoa.

f) Helburu bererako jasotako dirulaguntzen ziurtagiria, udal idazkaritzak emana.

g) Udal alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena udalak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere.

h) Udal alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena udalak egunean dituela Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

i) Emandako dirulaguntzen berri emateko betebeharrak bete izanaren egiaztapen edo froga dokumentala, 14. oinarrian ezarritakoari jarrraikiz (udal webgunerako esteka, parte hartzeko saioen deialdiak, etab.).

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

7.1. Dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz izapidetuko da, eta betiere printzipio hauek errespetatuz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

7.2. Dirulaguntza-eskaerak 4. oinarrian jasotako taulan adierazten den udal plan orokorren edo plan berezien izapidetze fase bakoitza bukatu ondoren aurkeztuko dira, deusetan galarazi gabe 4. oinarriaren 2. puntuan xedatutakoa. Berariaz adierazi beharko da zein fasetarako eskatzen den finantzaketa eta zenbat diru eskatzen den, eta, betiere, 6. oinarrian eskatzen den dokumentazioa erantsi beharko da.

8.–Antolaketa eta instrukzioa.

8.1. Laguntza ekonomiko hauek emateko prozedura antolatu eta bideratzeko organo eskuduna Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzua izanen da, eta hark egiaztatuko du betetzen direla dirulaguntzak jaso ahal izateko baldintzak. Gero, eskaerak banaka baloratuko ditu, aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz, eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa finkatuko du, 4. oinarrian jasotako taulekin bat.

8.2. Eskaerek ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte edo eskatutako agiriak aurkezten ez badira, udal eskatzaileari eskatuko zaio akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

8.3. Eskaerak aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz ebatziko dira, aurrekontu kreditua agortu arte. Aurrekontu-kontsignaziorik ez izateagatik dirulaguntzarik jasotzen ez duten eskaerak hurrengo deialdietan kontuan hartuko dira, eta, gainera, laguntza eskatu zen deialdiaren eskaera-data errespetatuko da.

Atal honetan aurreikusitako ondorioetarako, osatu gabeko eskaerak ez aurkeztutzat joko dira eskaera osorik zuzendu arte.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari dagokio dirulaguntzak ematea edo ukatzea. Ebazpen horretan zehaztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta nola ordainduko den.

9.2. Ebazpena telematikoki jakinarazi beharko da hiru hilabeteko epean, eskaera izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik aurrera. Epe hori igaroz gero ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko da.

9.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

9.4. Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordaintzeko erabakia dirulaguntza emateko ebazpenean jasoko da, eta ordainketa transferentzia bidez eginen da, gehienez ere bi hilabeteko epean, dagokion ebazpena jakinarazten denetik aurrera, betiere 2026ko abenduaren 31 baino lehen.

11.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak izanen dira xede bererako ematen diren beste batzuekin, haien izaera eta ematen dituen administrazioa edo erakundea edozein dela ere, baldin eta guztien baturak ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua.

12.–Kontzeptu diruz lagungarriak.

12.1. Gastu diruz lagungarritzat joko dira udal plan orokorrak eta plan bereziak (BEZa barne) idazteko lanak egiteko behar diren zerbitzu profesionalak kontratatzearen ondoriozko ordainsariak.

Dirulaguntzen bidez gehienez ere zerbitzu kontratu horien esleipen prezioaren %80 finantzatuko da, betiere 4. oinarrian finkatutako gehieneko zenbatekoak gainditzen ez badira.

12.2. Laguntzak zatika eman eta ordainduko dira, 4. oinarrian jasotako taulan ezarritako tresnak prestatu eta izapidetzeko fase bakoitza bukatutakoan, lurraldearen antolamendu eta hirigintza gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrak emanen duen ebazpenaren bidez, egiaztatu ondoren oinarri hauetan eta udal hirigintza planeamendua prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen direla.

12.3. Laguntzak eskuratu ahal izateko, fase horietako bakoitzak bukatua egon beharko beharko du, eta lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloan indarra duen legeriak eskatzen dituen agiriak eduki beharko dira.

12.4. Lan diruz lagungarriak kasuan kasuko deialdia argitaratzen den urteari dagokion aurrekontu ekitaldian eginak izan daitezke, edo aurreko ekitaldietan.

13.–Onuradunen betebeharrak.

a) Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta betebeharrak betetzen dituztela frogatzea.

b) Dirulaguntzaren helburua betetzea eta dirulaguntza emateko edo erabiltzeko arrazoi izan den jarduera egin dela eta xedea bete dela frogatzea.

c) Ematen diren dirulaguntzak eman diren helburuetarako erabiltzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

f) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapenen eta kontrolen xede izan daitezkeen artean.

g) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

h) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere, halakorik bada.

i) 14. oinarrian aipatutako zabalkunde neurriak hartzea.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamaseigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

14.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

14.1. Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan, dirulaguntzen onuradunek adierazi beharko dute nork eman duen dirulaguntza. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

14.2. Finantzaketaren izaera publikoaren publizitatea egiteko, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erakutsi beharko da, gutxienez, udalaren webguneko informazio iragarkietan eta/edo, hala badagokio, parte hartzeko eta komunikatzeko saioetan.

15.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

15.1. Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo emandako datuak faltsuak badira, dirulaguntza galduko da, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Ondorioz, zilegi izanen da helburu bera edo antzekoa duten ondorengo dirulaguntza-eskaerak ez onartzea, deusetan galarazi gabe ordenamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak.

15.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan ere onuradunek jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, artikulu horretan ezarritako prozedurarekin bat.

15.3. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

16.–Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18.–Errekurtsoak.

18.1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

18.2. Lurraldearen antolamendu eta hirigintza gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez deialdi hau aplikatzeko onesten diren egintzen aurka ere gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Aurkeztu beharreko dokumentazioa fitxa honetan kontsulta dezakezu:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/subvencion-para-financiar-los-trabajos-de-elaboracion-o-revision-de-planes-generales-municipales-y-planes-especiales-durante-el-ano-2026

Iragarkiaren kodea: F2603605