64. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza hauen deialdia: "Nafarroako toki-entitateentzako laguntzak, memoriaren, biktimen, giza eskubideen, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko". DDBN kodea: 891601.

Bakea eta bizikidetza Nafarroako gizarte osoak gogo biziz eskatzen dituen bi nahi dira, eta Gobernuaren programaren eta ekintzaren lehentasunezko helburuak dira.

Nafarroako errealitate sozial eta politikoa motibazio politikoko indarkeriak markatu du azken hamarkadetan. Indarkeriak kalte konponezinak sortu ditu, pertsonaren duintasunaren aurka egin du, giza eskubideak sistematikoki urratu ditu eta, neurri handi batean, zatiketa eta urruntze sakona ekarri du norbanako, talde, familia, herri, erakunde eta hizkuntzaren, kulturaren eta politikaren arloko unibertsoen artean, eta kalte larria eragin bizikidetza-harremanetan.

Gainera, bereziki azken urteotan, bizikidetza nahaspilatuz joan da gure erkidegoaren zenbait esparrutan etnia, kultura, zibilizazio eta erlijio-proposamen desberdinen artean ageri den mesfidantza eta diskriminazioagatik.

Errealitate horiek agerian uzten dute ahalegin bat egin beharra, egindako kalteak gainditzeko eta gatazka eta indarkeriazko eszenatoki berrien agerpena galarazteko. Horretarako, memoria historikoari buruzko legeetan xedatutakoa betetzeko asmoz, ezinbestekoa da gertatu denarekiko memoria bizia eta kritikoa indartzea, begirada biktima izan direnei zuzenduta, merezi dutelako egia, justizia eta erreparazioa. Aniztasuna onar eta errespeta dadila sustatzea ere beharrezkoa da, bakearen kultura bultzatuta. Alde horretatik, ideologia, etnia, kultura, zibilizazio eta bizipen erlijiosoen arteko harremanek, bizikidetzak eta topaketak balio positiboa eta aberasgarria izan behar dute gure gizarte demokratikoarentzat; betiere aintzat hartuta ezen pertsonaren duintasuna eta giza eskubideak erreferentzia etiko unibertsal eta ukaezina direla desberdinen arteko harremanetan.

Nafarroako Gobernuak, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Nafarroako toki-entitateen ahalik eta inplikazio handiena sustatu nahi du memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekimenak bultzatu eta garatzeko.

Toki-entitateek funtsezko zeregina dute bizikidetza inklusibo berri baten eraikuntzan, herritarrengandik hurbil daudelako eta benetako parte-hartze demokratiko errespetuzkoaren eszenatokiak sortzeko aukerak dituztelako. Erakunde multzo horren bete-beteko sostengu irmoa funtsezkoa da bake iraunkorreko eta errespetuzko bizikidetzako agertoki berria sendotuko bada.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du zer araubide juridiko orokor aplikatu behar zaien onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak horien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Deialdi honen xedea da toki-entitateei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, memoriaren, biktimen, giza eskubideen, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren arloko jarduerak egin ditzaten 2026an.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak, Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia ados egonik.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki-entitateei memoriaren, biktimen, giza eskubideen, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko emanen zaizkien laguntzen 2026ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru-agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. 60.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B20002 B2100-4609-232503 Toki-entitateentzako dirulaguntzak bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko

2026

30.000,00

B20002-B2100-7609-232500 Toki-entitateentzako dirulaguntzak memoriaren, biktimen eta giza eskubideen arloko jarduketetarako

2026

30.000,00

4. Foru-agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru-agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, haren Kontabilitate Zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko martxoaren 5ean.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

NAFARROAKO TOKI-ENTITATEENTZAKO LAGUNTZEN PROGRAMA, MEMORIAREN, BIKTIMEN, GIZA ESKUBIDEEN, BAKERAKO HEZKUNTZAREN ETA BIZIKIDETZAREN ARLOKO JARDUERAK EGITEKO 2026AN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Laguntzen xedea da Nafarroako toki-entitateek jarduketa hauetakoren bat egitea:

I.–Memoriaren eta biktimen arloko inbertsioak.

1) 1936ko kolpe militarraren eta ondoko errepresio frankistaren biktimak gogoratzeko eta errekonozimendua egiteko elementuak jartzea (plakak, panelak, oroitarriak, etab.).

2) Terrorismoaren biktimak gogoratzeko eta errekonozimendua egiteko elementuak jartzea (plakak, panelak, oroitarriak, etab.).

3) Frankismoaren memoriari lotutako ondare-elementuei esanahi berri bat ematea, bizikidetza sustatzeko eta giza eskubideen inguruan hausnartzeko guneak izan daitezen.

4) Ikur eta elementu frankistak kentzea eremu publikotik, 33/2013 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

II.–Bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko jarduerak.

Gizarte osoak parte hartzeko moduko jarduerak antolatzea, hala nola:

1) Erakusketak, foroak, hitzaldiak, eztabaidak, lehiaketak eta topaketak, helburu dutenak hausnarketa eta konpromisoa sustatzea bake- eta bizikidetza-kulturaren balioen gainean, bai eta giza eskubideen urraketak ez errepikatzearen gainean ere.

2) Bizikidetza lortze aldera egindako jarduerak, helburu dutenak topaketa, elkar ezagutzea eta elkarrizketa sustatzea sentsibilitate politiko desberdinetako pertsona eta taldeen artean, eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinetakoen artean.

3) Bizikidetza eraikitzeko tokiko planak garatzea.

Deialdi honen xedetik kanpo gelditzen dira kulturen arteko bizikidetza berariaz sustatzeko tokiko planak; izan ere, horiek diruz lagunduko dira Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak dagokionean egiten dituen deialdien bidez.

2.–Jarduketa-eremua eta helburua.

Dirulaguntzaren xedeko proiektu eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean garatuko dira, argi eta garbi erakutsi beharko dute zer ahalmen pedagogiko eta sozial duten memoriaren, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren alde, eta helburu hauetakoren bat bultzatu beharko dute:

–Indarkeriazko gure historia nola sortu eta garatu den eta haren ondorioak ikasten laguntzea, berriro gerta ez dadin bermatzeko, giza eskubideen zapalketekiko memoria kritikoa bultzatuz.

–Giza eskubideen errespetua sustatzea, eta biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubideari erantzutea, betiere biktima bakoitza bere biktima-izaeraren testuinguruan hartuta.

–Hainbat sentsibilitate politikotako eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologikotako pertsona eta taldeen arteko topaketa eta gogoeta, analisia eta elkarlanaren esperientzia sustatzea, adiskidetzea, bakea eta bizikidetza helburu duten jarduera eta ekitaldien bitartez.

–Laneko batzorde edo talde egonkorrak bultzatzea, lan egin dezaten bakearen eta bizikidetzaren aldeko programa edo proiektuak sustatzen.

–Herritarrak, batez ere belaunaldi gazteenak, inplikatzea bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren kultura sustatzen, hainbat ideologia, sinesmen, uste edo iritzitako herritarren artean haustura sozial gehiago agertu baino lehen.

Laguntza hauek Nafarroako Bizikidetzaren II. Plan Estrategikoak abiatu zuen ekintza lerroaren parte dira.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako udal, kontzeju eta mankomunitateek jasotzen ahalko dituzte oinarri hauetan arautu diren laguntzak.

Aurkezten diren entitateek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Zergen arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

c) Memoria historikoaren arloko araudian xedatutakoa betetzea, eta, bereziki, 1936ko estatu-kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean xedatutakoa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

4.–Jarduerek bete beharrekoak.

Laguntzaren xedeko jardueren ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.

Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 20ra bitarte egin beharko dira.

5.–Eskabideak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Erakunde interesdunek eskabide bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatutako ereduen araberakoa: proiektuak inbertsioak barne hartzen baditu, I.a eranskineko eredua erabili beharko da, eta jarduerak barne hartzen baditu, berriz, I.b eranskinekoa. Erakunde interesdunaren proiektuak inbertsioak nahiz jarduerak barne hartzen baditu, I.a eta I.b eranskinak aurkeztu beharko dira. Eredu horiek erakundeen eskura daude Nafarroako Atariko zerbitzuen katalogoaren fitxan:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/ayudas-a-entidades-locales-de-navarra-para-la-realizacion-de-actividades-en-materia-de-memoria-victimas-derechos-humanos-educacion-para-la-paz-y-convivencia

Eskabideak aipatutako fitxaren bidez ("Tramitatu" botoia) aurkeztu beharko dira, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Eskaera Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari zuzendu beharko zaio, destinoko unitate honi: 10007893.

Erakunde interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkeztu behar da ezarritako ereduen arabera prestatua (ereduak erakunde interesdunen eskura daude, 5.1 oinarrian adierazi bezala), erakundearen ordezkariak behar bezala sinatua, eta honako dokumentazio honekin batera:

a) Toki-entitateko organo eskudunak laguntza eskatzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria, eskatzen den diru zenbatekoaz gainera, jarduerak egiteko aurreikusitako gastu-aurrekontuaren guztirako zenbatekoa adierazita.

b) Toki-entitatearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera batean ere ez dagoela dioena.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ziurtagiri horien ordez, II. eranskinean xedatutako baimena ematen ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ofizioz egiazta dezan inguruabar hori betetzen dela.

d) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo erakunde publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, toki-entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela dioena.

e) Mankomunitateen kasuan, estatutuen fotokopia aurkeztu beharko dute, eta jarduera mota eta izaera juridikoa adierazi.

f) Dirulaguntza eskaera lehenbizikoz aurkezten duten erakundeen kasuan eta banku-kontuaren zenbakia aldatu duten erakundeen kasuan soilik, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, edo Nafarroako Gobernuaren web-orri honen bitartez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio-organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan "instrukzio-organoa" aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio-organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta ebazpen-proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu erakunde onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

7.–Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuta, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Baremo hauei jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

7.1. Inbertsioak barne hartzen dituzten proiektuen kasuan (omentzeko elementuak instalatzekoak edo ikurrak kentzekoak):

a) Inbertsio-proiektuaren kalitate teknikoa: 20 puntu arte.

a1. Tipologia, definizioa eta garapenaren plangintza: 10 puntu arte.

a2. Berariazko helburuen irismena eta justifikazioa: 10 puntu arte.

b) Egin beharreko inbertsioaren hedadura eta begien bistako eragina: 40 puntu arte.

a1. Kaleetan, eraikinetan, auzoan, natura-eremuan edo ondare-elementuan ukitutako eremua edo azalera: 20 puntu arte.

a2. Inbertsioaren begien bistako eragina: 20 puntu arte.

c) Beste erakunde publiko eta/edo pribatu batzuekin elkarlanean egindako ekimenetako inbertsioak (Parlamentua, Nafarroako Gobernua, memoriaren arloko elkarteak, biktimen elkarteak, fundazioak, etab.): 20 puntu arte.

d) Inbertsioaren aurrekontuaren eragimena: 20 puntu arte.

7.2. Gastu arruntetan oinarritutako jarduerak barne hartzen dituzten proiektuen kasuan:

a) Jardueren proiektuaren kalitate teknikoa: 65 puntu arte.

a1. Jardueren tipologia, zehaztasuna eta abian jartzeko plana: 15 puntu arte.

–Jardueren zehaztasun-maila: 10 puntu arte.

–Jardueren aniztasuna: 5 puntu arte.

a2. Berariazko helburuen irismena, eragina eta espero diren emaitzak: 20 puntu arte.

–Berariazko helburuen irismena eta justifikazioa: 10 puntu arte.

–Eraginaren eta espero diren emaitzen kalitatea: 10 puntu arte.

a3. Jendearen parte-hartzea: 20 puntu.

–Hainbat motatako jendeak parte hartuko duela aurreikusten bada (toki-entitateko langileak, elkarteak, gazte taldeak, herritarrak, hizlariak, etab.): 10 puntu arte.

–Jendearen partaidetza-maila eta inplikazio aktiboa: 10 puntu arte.

a4. Aurrekontuaren efizientzia: 10 puntu arte.

b) Jarduerak bakearen eta bizikidetzaren helburuarekin lan egiten duten beste udal-egitura edo/eta plan zabalago batzuetan sartzea: 10 puntu arte.

d) Jarduerak egiteko hartu diren zeharkako neurrien intentsitatea (genero-berdintasuna, aukera-berdintasuna, gaztelania eta euskara erabiltzea, ingurumen-arloko neurriak jardueren eragina gutxitu edo zuzentzeko): 15 puntu arte.

e) Jardueren zabalkunderako planaren kalitatea: 10 puntu arte.

7.3. Laguntza jasotzeko, proiektuek 60 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

7.4. Inbertsioak eta jarduerak barne hartzen dituzten proiektuek bi puntuazio izanen dituzte, jarduketa bakoitzari dagozkionak. Proiektuaren atal bakoitzak 60 puntu lortu beharko ditu gutxienez.

8.–Laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100erainokoa izaten ahalko da esleitzen den laguntzaren zenbatekoa, kontuan izanda proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izaten ahal dela. Toki-entitate bakoitzak deialdi honen babesean laguntzea eskatzen dituen jarduera guztiak jaso beharko dira proiektuan, inbertsioak barne.

Inbertsioetarako partidan edo gastu arruntetarako partidan dagoen aurrekontua gainditzen bada, laguntzak puntuazio-ordenari jarraikiz emanen dira, partida bakoitzeko aurrekontu-kontsignazioa agortzen den arte.

Eskatu eta onartzen den zenbatekoaren gaineko intentsitate-tarte hauek ezarriko dira dirulaguntza kalkulatzeko, lortutako puntuazioen arabera eta aurrekontu-partida bakoitzerako bereizita:

TARTEAK

INTENTSITATEA (%)

60 edo hortik gora, eta 65etik behera

65

65 edo hortik gora, eta 70etik behera

70

70 edo hortik gora, eta 75etik behera

75

75 edo hortik gora, eta 80tik behera

80

80 edo hortik gora, eta 85etik behera

85

85 edo hortik gora, eta 90etik behera

90

90 edo hortik gora, eta 95etik behera

95

95 edo hortik gora

100

Instrukzio-organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak 60.000 euro ditu 2026ko gastu-aurrekontu indardunean, deialdi honetako dirulaguntzak finantzatzeko, partida hauen kargura:

–30.000,00 euro "Toki-entitateentzako dirulaguntzak bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jardueretarako" izeneko B20002 B2100 4609 232503 partidaren kargura.

–30.000,00 euro "Toki-entitateentzako dirulaguntzak memoriaren, biktimen eta giza eskubideen arloko jarduketetarako" izeneko B20002 B2100 7609 232500 partidaren kargura.

Proiektuak baloratu eta dirulaguntza emateko proposamena egin ondotik, modalitateetako batean baimendutako kreditua agortzen ez bada, eskabide guzti-guztiak ebatzi ondotik, gainerako zenbatekoa baliatzen ahalko da beste modalitaterako baimendutako zenbatekoa handitzeko, organo eskudunaren erabaki arrazoituaren bidez eta dagokion ekonomia- eta kontabilitate-espedientea tramitatu ondotik, betiere dirurik jaso ahal izan ez duen eskabiderik gelditzen bada bigarren modalitate horretan.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak izanen dira 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 20ra bitarte egiten diren gastuak.

Diruz lagundutako gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu hautagarritzat hartzeko, gastu horiek zuzeneko lotura izan beharko dute jardueraren garapenarekin, zalantzarik gabe, eta toki-entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu xehatu eta zehaztuan jasota egon beharko dute.

Inbertsio-gastuei dagokienez, oroigarriak jartzearekin eta/edo ikur frankistak kentzearekin zuzenean lotutako gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

Ez dira inoiz diruz lagungarritzat hartuko erakunde eskatzailearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, ez eta langileen gastuak ere.

Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (adibidez, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ez dira diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarrien barrenean, diruz lagundutako jarduera zabaltzeko gastuen zenbatekoa, laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dena, ez da izanen jardueraren aurrekontuaren %20 baino handiagoa.

Baldin toki-entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntzaren muga zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.

Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio-organoak aurkeztutako ebazpen-proposamena ikusita, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak ematearen gainean.

Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta bertan adieraziko dira dirulaguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Hala ere, diru zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ezin du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da, eta berandutze-interesa eskatuko da.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

12.1. Laguntza ordainduko da jarduerak justifikatu eta deskribatu ondoren, egutegi honen arabera:

–Abuztuaren 31n edo lehenago guztiz bukatzen diren proiektuetarako, bukatu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, eta 2026ko irailaren 11 izanen da horretarako azken eguna.

–Abuztuaren 31ren ondoren guztiz bukatzen diren proiektuetarako, bukatu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, eta 2026ko azaroaren 24a izanen da horretarako azken eguna.

Justifikazio ekonomikoa eta justifikazio teknikoa aurkezteko, Nafarroako Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabili behar da ("Justifikatu" atala): https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/ayudas-a-entidades-locales-de-navarra-para-la-realizacion-de-actividades-en-materia-de-memoria-victimas-derechos-humanos-educacion-para-la-paz-y-convivencia. Bestela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa erabil daiteke.

12.2. Diru-sarrerak eta gastuak justifikatzeko kontu bat aurkeztu behar da justifikazio ekonomikoa egiteko, eta IV. eranskineko eredua erabili behar da horretarako. Gastuen atalean, azalduko dira dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulkipen-data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta ordainketaren data efektiboa; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Justifikazioko-kontu horrek dagozkion frogagiriak eduki beharko ditu. Egiaztagiri gisa, bankuko kontu-laburpenak, fakturak eta antzeko agiriak onartuko dira bakarrik, eta haietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen fakturazio-betebeharrak arautzen dituen erregelamendua. Nolanahi ere, dirulaguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.

12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, ebaluazio-memoria teknikoa aurkeztu behar da 12.1 oinarrian ezarritako datak baino lehenago. Memoria horrek datu kuantitatibo eta kualitatiboak jaso behar ditu diruz lagundutako jarduera bakoitzaren gauzatzeari buruz, eta V. eranskinaren araberakoa izan behar du. Nahi izanez gero, erakunde onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla bermatzeko. Ebaluazio-memoria teknikoaren eta erakunde onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio-kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.

13.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Gardentasunari buruzko adierazpenari dagokionez, toki-entitateek konplitu beharko dituzte Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasota dauden gardentasun- eta publizitate-betebeharrak.

Horrez gainera, laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Berariazko oinarri arautzaileetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Dirulaguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate guztian. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen erakundearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Web-orri honetan deskarga daitezke logotipo horien zenbait bertsio:

https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen-lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Betetzea kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak, erakundearen izaeraren araberakoak.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokor baten bidez.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Jarraipena.

Instrukzio-organoak, 12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu diren, zer irismen izan duten eta erakunde onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak diren egiaztatzeko.

15.–Baldintzak aldatzea.

Erakunde onuradunek, xede bererako jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Salbuespen gisa, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edo programen edukia aldatzeko eskatzea, bai eta programa egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan eragozpen edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Instrukzio-organoak %10etik beherako aldaketa ekonomikoak onartzen ahalko ditu kontzeptu diruz lagungarrietan, baldin eta horien ondorioz proiektuaren helburuak aldatzen ez badira edo baremoan lortutako puntuazioa jaitsi beharra gertatzen ez bada.

16.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaindu daitezela eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

17.–Erantzukizuna eta zehapen-araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen-araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aplikatu beharko da 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean xedatutakoa, eta, zehazki, 11.3 eta 24. artikuluetan xedatutakoa.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Agirien ereduak eskura daude tramiteen fitxa honetan:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/ayudas-a-entidades-locales-de-navarra-para-la-realizacion-de-actividades-en-materia-de-memoria-victimas-derechos-humanos-educacion-para-la-paz-y-convivencia

Iragarkiaren kodea: F2603769