1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
89/2026 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, Osasuna Sustatzen duten Eskolen Sarea sortzen duena eta Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan funts publikoekin sostengatutako ikastetxeak sare horretan sartzeko prozedura ezartzen duena.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren (LOMLOE) 95. artikuluak honako hau jasotzen du: "Hezkuntza administrazioek neurriak hartuko dituzte jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria haurren eta gazteen portaeraren parte izan daitezen. Bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko eta finkatzeko helburuarekin".
Ildo beretik, Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza etapen antolamendua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituzten arauek printzipio pedagogiko gisa hartzen dute arlo guztietatik sustatuko direla emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, bakerako hezkuntza, kontsumo arduratsurako eta garapen jasangarrirako hezkuntza eta osasunerako hezkuntza, afektibo-sexuala barne.
Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeak 4. artikuluan ezartzen du Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren pertsonek eskubidea dutela osasuna sustatzeko eta gaixotasuna prebenitzeko neurriak hartzeko, bai eta osasun hezkuntzako ekintzak egiteko ere.
Bestalde, Haurrei eta nerabeei arreta eta babesa emateko eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adingabeei bermatuko dizkie osasuna babestu eta sustatzeko eskubidea eta osasun laguntza jasotzekoa, behar denean etxean ere bai, indarra duten legeetan xedaturikoarekin bat.
Zehazkiago, aipatu foru legeak arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zainduko duela hezkuntzak eman diezaiola adingabeari prestakuntza integrala, bere nortasuna eratzeko aukera emanen diona, adingabearen gaitasunak eta edozein motatako erronka eta zailtasunei aurre egiteko trebetasunen garapenari zuzenduta, tolerantziaz, elkartasunez, askatasunez eta diskriminaziorik gabe joka dezan. Hezkuntza emozionala eta pertsonalizatua emanen zaie, haurren eskubideak sustatzen dituena, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioari jarraikiz, eskolako espazio, jarduera eta ordutegi orotan, horrek erraztuko baitu autonomiaz esku hartzea Nafarroaren garapen prozesuan eta erkidego honetako herritar diren aldetik.
Bestalde, azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuak, sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duenak, eta urtarrilaren 16ko 3/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko haur eskoletan eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan elikadurako eta ariketa fisikoko ohitura osasungarriak sustatzeko neurriak ezartzen dituenak, Hezkuntza Departamentuak Osasun Departamentuarekin eta beste batzuekin lankidetzan aplikatu beharreko neurriak ezartzen dituzte.
Era berean, 2023ko martxoaren 3an, "Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren eta Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusiaren arteko akordioa, hezkuntzaren arloan osasuna sustatzeari buruzkoa" sinatu zen. Akordio horren helburua da ikastetxeek osasunaren sustatzaile gisa duten zeregina erraztea eta Nafarroan Osasuna Sustatzen duten Eskolen Sare bat sortzea sustatzea. Akordio horren xedea da Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren eta Osasun Zuzendaritza Nagusiaren artean beharrezkoak diren lankidetza eta koordinaziorako mekanismoak ezartzea, Nafarroako Gobernuan dauden baliabideak optimizatzeko eta osasunaren sustapena eskola-jardunean txertatzen laguntzeko hezkuntza jarduerak bateratzeko.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak eginiko txostena ikusirik, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Osasuna Sustatzen duten Eskolen Nafarroako Sarea sortzea.
2. Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan funts publikoekin sostengatutako ikastetxeak sare horretan sartzeko prozedura ezartzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau eta eranskinak bidaltzea Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari, Prestakuntza eta Kalitate Atalari, Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari.
5. Ebazpen honek eta haren eranskinek ez dute administrazio bidea agortzen eta beren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 10ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASKUNTZAN FUNTS PUBLIKOEKIN SOSTENGATUTAKO IKASTETXEAK NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO OSASUNA SUSTATZEN DUTEN ESKOLEN SAREAN SARTZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
Lehena.–Xedea.
Oinarri hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta itunpekoak Osasuna Sustatzen duten Eskolen Sarean nola sartu arautzea.
Bigarrena.–Hartzaileak.
Deialdi honen xede dira honako irakaskuntza hauek ematen dituzten ikastetxe publikoak eta itunduak:
a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntza.
b) Bigarren Hezkuntza (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ditu barne).
c) Lanbide Heziketa.
d) Araubide berezikoak (hizkuntzen, arte edo kirol irakaskuntzak ditu barne).
e) Hezkuntza berezia.
f) Helduen Hezkuntza.
Hirugarrena.–Proiektuek bete beharrekoak.
Sarean sartu nahi duten ikastetxeek eskaera bat aurkeztu behar dute, III. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa, landu nahi den osasuna sustatzeko proiektuarekin batera.
Proiektuek kontuan hartu beharko dituzte IV. eranskineko erreferentzietan jasotzen diren osasuna sustatzen duten eskolen ildo eta printzipio orokorrak.
Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea eta epeak.
Oro har, sarean sartzeko eskaerak ikasturte bakoitzaren hasieran aurkeztuko dira, urriaren 15a baino lehen. Sarean sartzeko, ikastetxeko Eskola Kontseiluaren onespena beharko da; II. eranskineko ereduaren araberako agiri batean jasoko da.
Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalera zuzenduko dira, eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez aurkeztuko: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa.
Bosgarrena.–Hautapen prozesua.
Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren eta Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusiaren arteko akordioaren bosgarren oinarrian aurreikusten den batzorde mistoak, hezkuntza eremuan osasuna sustatzearen arlokoak, baliozkotu eginen du sarean parte hartzeko aurkeztutako proiektuen egokitasuna, Osasuna Sustatzen duten Eskolen Sarearen Batzorde Teknikoak proposatu ondoren, eta erabakia jakinaraziko die ikastetxe interesdunei.
Seigarrena.–Laguntzak eta aintzatespena.
Batzorde teknikoak laguntza eta aholkua emanen die ikastetxeei proiektuak garatzeko.
Zazpigarrena.–Sareko kide izatearen indarraldia.
Sareko kide izateko epea lau urtekoa da, eta denbora hori iragan ondoren luzatzen ahalko da, beste proiektu bat aurkeztuta.
Zortzigarrena.–Proiektuaren argitalpena eta hedapena.
Hezkuntza Departamentuak hautatu diren proiektuak jendaurrean jartzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Egokitzat hartzen den beste bide batzuen bitartez ere zabaltzen ahalko dira, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti aipatu beharko da proiektuaren egileak nor diren. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela.
Sarean sartzeko eskaerak haren oinarriak onartzea dakar berekin, bai eta edozein argitalpen egiteko behar diren eskubideak lagatzea ere.
II. ERANSKINA.–ESKOLA KONTSEILUAREN ONESPENA
Ikastetxearen datuak:
–Izena: ...............................................................................................................................................
–Helbidea eta posta kodea: ................................................................................................................
–Herria: .............................................................................................................................................
–Helbide elektronikoa: ...........................................................................................................................
–Telefonoa: ...........................................................................................................................................
Zuzendaritzaren datuak:
–Izen-deiturak: ..................................................................................................................................
–IFZa: ......................................................................................................................................................
–Helbide elektronikoa: ..........................................................................................................................
Eskola Kontseiluko burua naizen aldetik, eskatzen dut Osasuna Sustatzen duten Eskolen Sarean sartzea, Eskola Kontseiluak egun honetan egin zuen bilkuran eskaera onetsi baitzuen: …...........………….
Eguna, sinadura eta ikastetxeko zigilua
III. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA
Ikastetxearen datuak:
–Ikastetxearen izena: ...........................................................................................................................
–Herria: ...............................................................................................................................................
–Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa: ................................................................................
–Ikastetxeko telefonoa: ...........................................................................................................................
Proiektuaren datuak:
–Titulua:
–Abiapuntua eta egoeraren azterketa:
–Testuingurua:
–Helburu orokorrak:
–Hurrengo ikasturteetan egin beharreko jarduketak:
–Proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak:
IV. ERANSKINA.–ERREFERENTZIAK
Osasun eta Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioek ikastetxeetan osasuna sustatzeko arauak eta akordioak bultzatu dituzte. Era berean, bi ministerioek batera argitaratu dute "Osasuna Sustatzen duten Eskolen Gida":
https://www.sanidad.gob.es/areas/promocionPrevencion/entornosSaludables/escuela/docs/guia_EscuelasPromotorasdeSalud.pdf
Eskolan osasuna sustatzearen helburua da hezkuntza komunitateko pertsona guztien osasuna eta ongizatea hobetzeko eta babesteko konpromisoak eta ekintzak hartzea. Eskola politika osasungarriekin, eskolan ingurune osasungarria sortzearekin, banakako eta taldeko osasun trebetasunekin eta eskola curriculumeko ekintzarako gaitasunekin lotutako ekintzak barne hartzen ditu, betiere aukera osasungarriak hezkuntza komunitate osoarentzat eskuragarriagoak izatea sustatuta.
Osasuna sustatzen duen eskola batek etengabe indartzen du bizitzeko, ikasteko eta lan egiteko ingurune osasungarri izateko duen gaitasuna. Osasun hezkuntzako jarduerak dituen eskola baino gehiago da.
Hezkuntza komunitate osoak jardun eta parte hartzera bideratuta dago, eta tokiko komunitateari ere irekita dago. Osasunaren kontzeptu positiboan oinarrituta, osasuna irabazteko helburua du, ingurune fisikoa eta soziala nahiz hura osatzen dutenen bizi-jokabideak eraldatuta. Horrek garapen fisiko, psikiko eta sozial osoa ahalbidetuko du, hezkuntza komunitateko kide guztien artean eta ingurunearekin harreman onak egotea sustatuz eta sor daitezkeen ekitate ezak arinduz.
Osasuna sustatzen duten eskolek honako sei oinarri hauek hartzen dituzte kontuan:
1. Ikuspegi integrala: Ikasgelako osasun hezkuntza eskola politiken garapenarekin, eskolako giroa hobetzeko jarduketekin, bizitzarako gaitasunei buruzko prestakuntzarekin eta eskola komunitate osoaren parte-hartzearekin konbinatzen dute.
2. Parte-hartzea: Hezkuntza komunitatearen benetako inplikazioa eta parte-hartzea sustatzen dute, eta arreta berezia jartzen dute ikasleen parte-hartze nabarmenean. Erabaki eta ekintza bateratuak hartzen laguntzen dute, bai eta ikasleen, langileen eta familien kidetasun-sentimendua sustatzen ere.
3. Ikaskuntzaren kalitatea: Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu hobeak sortzen dituzte, bai eta emaitza hobeak ere. Ikasle osasuntsuek hobeki ikasten dute eta langile osasuntsuek hobeki lan egiten dute eta zoriontsuagoak dira.
4. Ebidentzia: Ebidentzian oinarritutako ikuspegi eta jardunbide berriak garatzea.
5. Eskola eta komunitatea: Eskolak ekintza komunitarioa sustatzeko eragile aktibotzat hartzen dira, eta auzoarekiko eta bertako baliabide eta aktiboekiko lotura errazten dute.
6. Ekitatea eta inklusioa: Beren jardunak pertsona guztiak aintzat hartzen dituela kontuan hartzen dute, inor ahaztu gabe, inklusioa zainduz eta desberdintasunak murrizten lagunduz.
Sei oinarri horiek ikastetxearen eguneroko bizitzan aplikatzen dira, elkarren artean elkarreragiten duten eta sinbiotikoak diren sei arlo desberdinetan lan koordinatua bultzatuz:
1. Osasuna sustatzeko eskola politikak: Eskola politika eta ikastetxearen antolaketa egitura, osasuna eskola ikuspegi integraletik sustatzen laguntzen dutenak. Argi eta garbi definitutako lan esparruak erabiltzen dituzte, ikastetxean osasuna eta ongizatea zeharka sustatzeko lan egiteko konpromisoa barne. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiektuaren eta haren arau esparruaren parte dira.
Adibidez, eskolako elikadurari buruzko araudian osasun eta jasangarritasuneko irizpideak berariaz txertatzea.
2. Lidergoa osasuna sustatzen duen eskola integralaren ereduan:
Eredua garatzea eta planifikatzen diren ekintzak ezartzea ahalbidetzen duten ikastetxeko antolamendu, prestakuntza, koordinazio eta metodologia neurriak aipatzea.
3. Hezkuntza komunitatearen eta bertako komunitatearen partaidetza:
Hezkuntza komunitateko kideen arteko loturak sustatzea, zeinek aktiboki parte hartu behar baitute ahotsarekin, lidergoarekin eta ekintza gaitasunarekin, garatu beharreko jarduketetan kidetasun-sentimendua eta lankidetza ahalbidetuz.
Gainera, komunitatearekin eta eskolaren eta inguruko komunitateko talde/eragileen artean aliantzak eta lankidetza-kanalak ezartzea, tokiko agintariak, gobernuz kanpoko erakundeak (GKE), kirol elkarteak, jolas klubak, hirugarren sektoreko erakundeak eta interesa izan dezaketen beste zerbitzu edo sektore batzuetako teknikariak barne. Bereziki garrantzitsua da zonaldeko osasun baliabideekin koordinatzea, dela oinarrizko osasun laguntzarekin, dela osasun publikoarekin, dela udaleko osasun zerbitzuekin.
Komunitateko alderdi interesdun guztiei kontsulta egitea eta haiekin lankidetzan aritzea lagungarri izanen da eskola komunitatearentzat, osasuna sustatzeko jarduerak gauzatzeko. Horrela, gainera, eskola barnean nahiz kanpoan jolasteko, ikasteko eta garatzeko aukerak zabaltzen lagun dezaketen jarduerak sustatuko dira, komunitateari zuzendutako zerbitzu bati lotutako ikaskuntza barne.
4. Hezkuntza programazioa:
Eskola curriculumaren bidez osasunerako gaitasun indibidual eta kolektiboak eta jarduteko gaitasunak landuko dituen programazioa, ingurunearekin, osasunarekin, ongizatearekin eta hezkuntza lorpenekin lotutako gaitasunak eta erabakiak hartzea ahalbidetzen duten ezagutzak eta trebetasunak garatzen dituzten jardueren bidez, bai eta diziplinarteko ikaskuntza eta curriculumetik kanpoko jarduerak ere, eskola eremu osoan. Adibidez, eskolako eguneroko bizitzako osasunarekin lotutako portaerei buruzko ekintzak, hala nola egunero jarduera fisikoa egitea, elikadura osasungarria, trebetasun sozialen garapena eta osasun alfabetatzea.
5. Ingurune fisikoa eta sozioemozionala:
Eskolaren ingurune fisikoa eraikinak, sarbideak, lursailak, errepidea eta eskolaren inguruak dira. Ikasgelez eta kanpoko eremuez gain, barne ingurunea ere barne hartzen du, hala nola argiztapena, zarata, higienea, arkitektura, barne diseinua, isolamendua, aireztapena, altzariak eta instalazioak, eta segurtasuna (adibidez, eskolako ingurune fisikoak jarduera fisikoa sustatzen laguntzea jolas-orduan).
Eskolako ingurune sozioemozionalak gaitasun sozialak eta emozioen igarpena hartzen ditu barne, baita eskola komunitateko kideen arteko harreman pertsonalen ezaugarriak eta kalitatea ere. Adibidez, ikasleen, irakasleen/irakasle ez diren langileen, beste langile batzuen eta eskolako zuzendaritza taldearen arteko harremanen kalitatea barne hartzen du. Era berean, osasunarekin eta ongizatearekin, jazarpenaren aurkako babesarekin, segurtasunarekin, aniztasunarekin, tratu onaren sustapenarekin, bizikidetzarekin, inklusioarekin, ekitatearekin eta komunikabide sozialekin (agertoki birtualak barne) lotutako eskola politikak barne hartzen ditu.
6. Ebaluazioa:
Ebaluazioaren kultura sustatzen da, hezkuntza komunitatearen ahalik eta parte-hartze handienarekin egin dadin, gaitasun kritikoa eta konstruktiboa bultzatzeko eta herritarrendako trebetasunak sustatzeko. Osasuna sustatzen duen eskolaren eredu integralerako aurrerapenak eta ikasturte bakoitzean planifikatutako ekintzak ebaluatuko dira.
Osasuna Sustatzen duten Eskolen estandarrak:
–Eskola politikak eta ikastetxearen antolaketa egiturak osasuna eskola ikuspegi integraletik sustatzen laguntzen dute.
–Ikastetxeak zuzentzen ditu osasuna sustatzeko ekimenak, osasuna sustatzeko eskola eredu integralaren bidez.
–Hezkuntza komunitateak parte hartzeko mekanismoak daude, eta lankidetzan aritzeko aliantzak eta mekanismoak ezartzen dira komunitateko eragileekin.
–Ikastetxeak osasunaren sustapenarekin bat etorriz ezartzen du hezkuntza programazioa.
–Ikastetxeak ingurune fisiko eta sozioemozional osasungarria, segurua eta jasangarria eskaintzen du.
–Ikastetxeak osasuna sustatzeko ezarritako ekimenak eta jarduerak ebaluatzen ditu.
Iragarkiaren kodea: F2603974