63. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

72E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko esparruan, 2026ko martxoaren 17rako iragarrita dauden greba orokorrerako deialdiak direla eta.

Hezkuntza Departamentuak 2026ko martxoaren 17an greba orokorra egiteko zenbait deialdiren jakinarazpena jaso du.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehenengo xedapen gehigarrian ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Greba Batzordeen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, baita konstituzionalak berak ere.

Konstituzio Auzitegiak zenbait adierazpen egin ditu grebetan gutxieneko zerbitzuak finkatzeari dagokionez. Adierazpen horietatik ondorioztatzen da ezen, oinarrizko zerbitzuak emateko bermeak grebarako eskubidea egikaritzeko mugapena dakarrenez, beharrezkoa eta ezinbestekoa dela tartean diren interesen arteko haztapena ezartzea. Horretarako, zerbitzua ziurtatzeak elkarren aurka jarritako eskubideak koordinatzearen ondoriozko beharrezko berme izan behar du, ulertuta greban parte hartuko duten pertsonen eskubidea mugatu beharko dela baldin eta, greba baten bitartez beren interesen defentsa egikaritzeak oinarrizko zerbitzua emateari lotutako eskubidearen titularrei nahiz hartzaileei kalte are larriagoa eragiten badie edota eragiten ahal badie.

Hezkuntzarako eta integritate fisikorako nahiz moralerako eskubide konstituzionalak eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 18. artikuluan aitortutako eskubideak botere publikoek beharrezko zerbitzuak ematea ziurtatzeko neurrien eta prebentzio neurrien bidez bermatzekoak dira, eta eskubideok ezin dira babesik gabe utzi grebara joateko eskubidea modu legitimoan egikaritzearen aurrean.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, funts publikoen bidez sostengatutako ikastetxe eta bulegoen funtzionamendua bermatzea. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela greba egiteko edo ez egiteko eskubidea.

Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, guztientzako hezkuntza-eskubidea aitortzen du, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.

Kontuan hartuta ikasleek unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko eskubidea dutela –eta, batzuetan, betebeharra ere bai–, Hezkuntza Departamentuak behar bezalako arreta bermatu behar die 2026ko martxoaren 17an ikastetxeetara doazen ikasleei (gehienbat, adingabeak dira). Era berean, greban parte hartzen ez dutenek lan egiteko eskubidea dutenez, zuzendaritza lanak bermatu behar dira, grebarik egiten ez dutenek beren lanaldia egin ahal izateko.

Aipamen berezia merezi du hezkuntza bereziko ikastetxeetan gutxieneko zerbitzuak finkatzeak. Ikastetxe horietan desgaitasun intelektualagatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzen dira, eta ia ikasle guztiak 4. motakoak edo 4. mailakoak dira; izan ere, beste pertsona batzuen laguntza behar dute eguneroko bizitzako jarduera gehienetarako edo guztietarako, norberaren zaintzakoak barne, bai eta hainbat testuingurutan parte hartzeko eta haien osasuna eta segurtasuna bermatzeko ere. Beraz, beste pertsona batzuen laguntza hil edo biziko premia bat da haientzat. Kalitatezko hezkuntza arreta emateko, ikastetxe horiek diziplina anitzeko plantillak behar dituzte, eta profesionalen eta ikasleen arteko ratio oso baxuak. Eskola-garraioa eta -jantokia bereziki zaindu behar dira, zerbitzu horietan ikasleen segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatzeko baldintzak eta laguntzak bete behar baitira. Zerbitzu horiek bereziki hartu behar dira kontuan langileen baliabideak antolatzeko; izan ere, beren eginkizunak betetzean, lehentasunez esku hartzen dute horietan. Era berean, hezkuntza bereziko ikastetxeetan kontuan izan behar da higiene eta garbitasun baldintza nahikoak eta ezinbestekoak bermatu behar direla, ikasleen premiak direla-eta. Berezitasun horiek guztiek beharrezko egiten dute errealitate berezi horri behar bezala erantzunen dioten gutxieneko zerbitzu espezifikoak ezartzea.

Bestalde, ikastetxe arruntetan hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek eskolatze erregimenik inklusiboena aukeratu ahal izan dezaten egitura espezifikoak pixkanaka sortzen ari direnez, hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatutako antzeko ezaugarriak dituzten ikasleak daude eskolatuta ikastetxe arruntetako egitura horietan. Horregatik, beharrezkoa da hezkuntza bereziko ikastetxeetarako ezarritako tratamendu bera izatea garraioari eta jantokiari dagokienez.

Aipamen berezia merezi du, halaber, haur eskoletan gutxieneko zerbitzuak finkatzeak. Ikastetxe horietan 0 eta 3 urte arteko haurrak eskolatzen dira, eta helduak behar dituzte ikastetxean garatutako jarduera guztiak egiteko, autonomia pertsonalik ez dutelako. Pertsona heldu horiek ezinbestekoak dira hezkuntza arreta egokia emateko, bai eta gutxieneko segurtasuna eta higienea bermatzeko ere. Berezitasun horiek guztiek beharrezko egiten dute errealitate horri behar bezala erantzunen dioten gutxieneko zerbitzu espezifikoak ezartzea.

Bestalde, eskola-jantokiko zerbitzuari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak kudeatutako eskualdeko jantokietan jantoki-zerbitzua erabili ohi duten adingabeen kopurua hartu behar da kontuan, alegia, 7.806 ikasle. Era berean, eskualdeko jantoki eta jantoki arruntetarako laguntzak jasotzen dituzten eta egunero zerbitzu hori erabiltzen duten ikasle adingabeak 6.125 dira guztira.

Espainiako Konstituzioaren 39. artikuluak ezartzen du botere publiko guztiek adingabeen babes integrala segurtatzeko betebeharra dutela, adingabeen eskubideak zaintzen dituzten nazioarteko akordioetan ezarrita baitago babes hori; akordio horien artean, nabarmentzekoa da Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1989ko azaroaren 20an onartua. Konbentzioak dakartzan betebeharrak bi jardun-eremu nagusitan banatzen dira. Batetik, Nafarroan egoitza edo aldi baterako bizilekua duten adingabeak izateagatik, Nafarroako Administrazio Publikoetatik, modu koordinatuan, babes integrala jasotzeko eskubidea duten haur eta nerabe guztiak; babes horrek esan nahi du Konbentzioak ematen dizkien eskubideak aitortu ez ezik zaindu behar dela ere horiek benetan izatea, adingabeak eskubideen subjektu eta beren bizitzen protagonista nahitaezkoak diren aldetik, eta, horretarako, haien familiei laguntza eman behar zaie haien eginkizunak betetzeko, betiere ulertuta adingabeen interesa interes nagusi bat edo interes nagusia dela.

Era berean, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen 20.10 artikuluak xedatzen du ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko duela eskualdeko ikastetxeek jantoki-zerbitzua ematea, eta sustatuko duela gainerako ikastetxeek ere zerbitzu hori emateko aukera izatea.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak arautzen dituen maiatzaren 29ko 58/2024 Foru Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duenez, eskola-jantokia zerbitzu osagarria da eta ikasturteko eskola-egun guztietan emanen da. Honako hauek hartuko ditu barne:

a) Janari zerbitzua, menuak programatzea, prestatzea eta banatzea barne, eta baldintza eta kontrol higienikoak eta sanitarioak betetzen direla bermatzen duten jarduketa guztiak eginda.

b) Hezkuntza zaintza eta arreta, bai jan bitartean, bai jan aurretik eta ondotik, osasuna, elikadura ohiturak eta gizarte trebetasunak sustatuta, bai eta kulturarekin, kirolarekin eta aisiarekin lotutako ohiturak bultzatuta ere.

Ohartarazi behar da haurren eguneroko nutrizioa funtsezkoa dela hazkunde fisiko egokia, garapen kognitiboa, immunitate sistema osasuntsua eta epe luzean gaixotasun kronikoen prebentzioa (obesitatea, diabetesa) bermatzeko. Dieta orekatu batek energia etengabea ematen du, errendimendu akademikoa hobetzen du eta ohitura osasungarri iraunkorrak ezartzen ditu. Haurtzaroko desnutrizioak edo elikadura txarrak kalte larriak eragin ditzake garapenean, eskola-errendimendu txikiagoa eta eritzeko arrisku handiagoa barne.

Azaldutakoa kontuan hartuta, jantoki zerbitzua funtsezkoa da grebaren ondorioz ukitutako eskubideak funtsezkoak diren heinean (hezkuntzarako eskubidea eta haurren eta nerabeen garapen integralarekin eta babesarekin lotutakoak), eta hori agerian geratzen da ere bai nola Estatuko araudian (1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabekoen Babes Juridikoari buruzkoa, Kode Zibila eta Judiziamendu Zibilari buruzko Legea zati batez aldarazi dituena) hala foru araudian (12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa).

Are gehiago, zerbitzu funtsezkoaren izaera hori Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak ere berretsi du, 1994ko maiatzaren 20ko eta 2009ko apirilaren 14ko epaien bitartez. Aipatutako epaietako lehenengoak ezartzen duenez, "eskolatuei eguerdian bazkalorduaz osorik gabetzeak urratu egiten ditu osasunerako eta hezkuntzarako eskubide konstituzionalak".

Jantoki zerbitzuko gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan kontuan hartu behar da, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, zerbitzu hori ezinbestekoa dela ikasle adingabeei arreta egokia eta beharrezkoa emateko. Gainera, aldeak ezarri behar dira hezkuntzako etaparen arabera eta ikasleak matrikulatuta dauden ikasmailaren arabera. Argi dago ikaslerik gazteenak zaurgarriagoak direla eta arreta espezifikoagoa eta egokia behar dutela, autonomia gutxiago duten aldetik.

Azkenik, nahitaezkoa da, halaber, departamentuaren egoitzan erregistroen funtzionamendua bermatzea gutxieneko langileekin, herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea babestearren, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin.

Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ikusirik 2026ko martxoaren 17rako iragarrita dauden greba deialdiak, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Hezkuntza Departamentuan:

a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, hezkuntza bereziko ikastetxeetan izan ezik:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Irakasle bat Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Irakasle bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo oinarrizko mailako heziketa zikloetako lau unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Hezkuntza laguntzako espezialista edo zaintzaile bakarra dagoen ikastetxeetan, gutxieneko zerbitzuak betetzea hari egokituko zaio, eta horrelako langile gehiago dauden ikastetxeetan, hezkuntza laguntzako espezialisten edo zaintzaileen plantillako % 50i. Nolanahi ere, garraio- eta jantoki-zerbitzuak erabiltzen dituzten eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasle guztiei arreta egokia emanen zaiela bermatu behar da.

Ikastetxeetako zuzendaritzak zehaztuko du zer irakaslek bete beharko dituzten gutxieneko zerbitzu horiek lanaldi osoan, eta, hala bada, zer zaintzaile edo hezkuntza laguntzako espezialista arituko diren.

b) Hezkuntza bereziko ikastetxeetan:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Lau irakasle sei unitateko.

–Eskola-garraioaz eta jantokiaz arduratzen diren hezkuntza laguntzako espezialistak edo zaintzaileak.

–Hezkuntza laguntzako espezialisten edo zaintzaileen plantillaren % 67.

–Garbiketa-lanez arduratuko den pertsona bat.

c) 1.–Eskola-garraioa: Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu bat onetsi du, eskola-garraioaren zerbitzu guztiak gutxieneko zerbitzu gisa hartzen dituena.

2.–Eskola-jantokiak:

2.1 Elikadura zerbitzua: eskola-jantokietan ikasle guztiendako elikadura zerbitzua ezartzen da gutxieneko zerbitzu gisa.

2.2 Zaintzaileak: jantokiko zaintzaileak egonen dira, ratio hauen arabera:

–Haur Hezkuntzako ikasleentzat: zaintzaile bat 25 ikasleko.

–Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleentzat: zaintzaile bat 30 ikasleko.

–Gainerako ikasleentzat: zaintzaile bat 50 ikasleko.

d) Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskoletan:

–Zuzendaria.

–Haur hezitzaile bat bi unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Sukaldari bat.

–Garbiketa-lanez arduratuko den pertsona bat.

e) Departamentuaren bulegoetan, administrari batek kasu egin beharko dio Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Departamentuan duen Erregistro Orokorrari (San Domingo kalea z.g., Iruña).

2. Langile horien lanuzteek eta lan gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau greba batzordeei jakinarazteko agintzea, eta foru agindu hau honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei, Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskolei eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoari, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzuari, Haur Eskolen Zerbitzuari eta Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko martxoaren 11n.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2603965