63. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARINOAIN

Ordenantza, oinarriak arautzen dituena larrialdi sozialean dauden pertsonei eta / edo familiei laguntza ekonomikoak emateko banakako ebaluazioaren araubidean. Behin betiko onespena

Garinoaingo Udalak, 2025eko abenduaren 12an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, oinarriak arautzen dituena larrialdi sozialean dauden Garinoaingo pertsonei eta/edo familiei laguntza ekonomikoak emateko banakako ebaluazioaren araubidean.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 2an, baita Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine eta 326. artikuluen manuak betez, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garinoainen, 2026ko otsailaren 17an.–Alkateordea, Asier Ormazabal Ezcurra.

OINARRI ARAUTZAILEAK, LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN GARINOAINGO PERTSONEI ETA/EDO FAMILIEI LAGUNTZA EKONOMIKOAK EMATEKO BANAKAKO EBALUAZIOAREN ARAUBIDEAN

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Nafarroako toki entitateen titulartasuna dutenak, gizarte zerbitzuetako sistema publikoaren oinarrizko unitatea dira, horretara heltzeko sarbidea eta herritarrengandik hurbilen dagoen maila.

Garinoainek eta Orbaibarko beste udal batzuek, Tafallarekin batera, gizarte zerbitzuen mankomunitate bat osatzen dute. Duela 30 urte baino gehiago sortu zen, eta urte hauetan zehar zerbitzuen funtsa diren oinarrizko programak eratu dira. Hona hemen:

–Harrera eta orientabide sozialerako programa.

–Familietan esku-hartzeko programa.

–Gizarteratzeko programa.

–Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko programa.

Horien guztien helburua da gizarte zerbitzuen arloko eskaerak aintzat hartzea, erantzuna emateko eta profesionalki babesteko norberaren eta/edo familiaren zailtasunak kudeatzean, ondoko hauen bidez: prestazio ekonomikoak, programak, zerbitzuak, baliabideak...

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen prestazio asko Nafarroako Gobernuaren bidez ematen dira. Baliabideak, zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak dira, besteak beste, eta Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Zorroan daude (69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, 2008ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 9an).

Behar berriak atzeman dira udaletako gizarte zerbitzuen garapenean, eta horregatik baliabideak eta prestazioak nahitaez egokitu dira, eta berriak sortu, eta, halaber, haien kudeaketa arindu da, kolektibo zaurgarrienek erabili ditzaten, gizarte beharrei erantzuna ematearren.

Garinoaingo Udalak partida ekonomikoak eduki nahi ditu gizarte bazterketako egoera larriak onera ekartzen laguntzeko, haur eta nerabeekin batez ere. Horrez gain, beste mota batzuetako prestazioak ere eman nahi ditu, elikagaienak eta pertsonen eta familien bizi-beharretan laguntzekoak, gizarte eta hezkuntza arloan, norberaren garapenekoan eta prestakuntzakoan.

Eskaintzen diren dirulaguntzak, laguntzak eta baliabideak sustapen teknikatzat hartzen dira, bai eta Administrazioaren eta partikularren arteko elkarlanerako prozeduratzat ere, interes orokorreko jarduerak kudeatzeko honako arlo hauetan: gizarte ekintza, lankidetza, pertsonen arteko eta herrien arteko elkartasuna, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, aisialdia edo herritarren parte-hartzea. Zuzenbide estatu sozial eta demokratikoaren betebeharrak dira hauek guztiak.

Oinarri arautzaile hauek larrialdi sozialeko egoeran dauden pertsona eta familia-unitateei zuzendutako dirulaguntzei dagozkie. Asmoa dute gutxieneko bizi-baldintzei erantzutea eta horiek bermatzea beren ingurunean bertan, pertsonen funtsezko eta oinarrizko beharren arloan eta prebentzio, gizarte integrazio eta/edo prestakuntzako eta gizarte eta hezkuntzako beharretan ere.

Horretara behartzen dute ekonomia eta lan arloetako krisiaren ondorioek, urratu baitute pertsonek eta/edo familiek oinarrizko beharrei aurre egiteko duten gaitasuna. Horregatik, beste toki entitate batzuetan bezala, Garinoaingo Udalak beharrezkotzat jo du aurrekontuko partidak sortzea, familientzako dirulaguntzen bidez, larrialdi sozialeko egoerak leuntzen arin laguntzeko. Egun dauden partida ekonomikoen osagarri dira.

Oinarri arautzaile hauek, banakako ebaluazioaren araubidean laguntza ekonomikoak ematekoak, pertsona eta/edo familientzako aurrekontuko dirulaguntzei dagozkie.

Banakako ebaluazioaren prozedura hautatu da familia-unitateentzako dirulaguntzak direlako, eta helburua dutelako erantzutea premiazko beharrean edo egoera sozioekonomiko larrian dauden familia zaurgarriei. Hori dela eta, dirulaguntzak emanen dira eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera, deialdi bakoitzeko aurrekontuko partida agortu arte.

Horregatik, oinarri hauen helburua da larrialdi sozialeko eta/edo prebentzio eta gizarteratze prozesuetako laguntzak kudeatzea, indarrean dagoen legeriari jarraituz. Laguntzak gabezia sozioekonomikoak dituztenentzat dira, oso zail baitute oinarrizko beharrak betetzea honako hauetan: etxebizitza eta horren oinarrizko hornidurak, nutrizioa, osasuna, hezkuntza, prestakuntza, norberaren garapena eta gizarteratzea.

1.–Kontzeptua.

Oinarri arautzaile hauetako laguntzak norbanakoentzako edo familientzako prestazioak dira, larrialdi egoerak konpon eta/edo diru-sarrerak lor ditzaten, funtsezko beharrak betetzeko eta gizarte bazterketako egoerak saihestu edo arintzearren.

Aipatu laguntzak xededunak eta enbargaezinak dira, eta zertarako eman diren, horretarako soilik erabiliko dira.

2.–Familientzako prestazio ekonomikoen xedea eta helburua.

Oinarri hauek helburu dute Garinoaingo Udalaren laguntza ekonomikoak zehaztea eta arautzea, Garinoainen erroldatutako pertsona eta/edo familia-unitateei emanen zaizkienak, hain zuzen ere, gizarte bazterketako egoerak prebenitu, saihestu edo arintzeko behar diren berariazko gastuei (arruntak edo bereziak) aurre egiteko baliabide ekonomiko aski ez dutenean.

Prestazio hauen bidez sortu nahi dira ekonomikoki laguntzeko tresnak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte laneko egite profesionalaren osagarri, Garinoainen bizi diren familientzat, arlo ekonomikoan eta soziosanitarioan premia egiaztatuak izanik, gizarteratzeko eta normalizaziorako oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasun handiak badituzte.

Helburuak.

a) Hainbat inguruabarren ondorioz, ekonomiaren, lanaren, osasunaren, gizartearen, kulturaren eta abarren arloetan zailtasunak edo arazoak dituzten pertsonen edo familien oinarrizko premiak betetzen direla bermatzea, egoera horiek gizarte bazterketa ekartzen baitute.

b) Gutxiengoetako edo kultur talde desberdinduetako pertsonak edo familiak gizarteratzen laguntzea.

c) Bazterketa egoeran eta/edo gatazkan dauden familietako adingabeen eskolaratzea eta gizarteratzea erraztea.

d) Bere kabuz moldatzeko zailtasunak dituzten pertsonak beren etxeetan gelditu ahal izatea bermatzea.

e) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gizarteratzeko prestaturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.

f) Beste edozein jardueratan laguntzea, baldin eta bideratuta badago familien, haur eta nerabeen, adinekoen, emakumeen, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen, etorkinen, etnien eta baztertzeko arriskuan dauden beste talde batzuen arloko prebentziora, esku hartzera, laguntzara, errehabilitaziora, gizarteratzera edo gizarte ongizatearen sustapenera, eta, orobat, gabezia egoera larriak eta larrialdi sozialeko egoerak zaintzera.

Hainbat motatako laguntzak jasotzen dira oinarrietan, aipatu helburua lortzearren.

3.–Laguntza motak eta gehieneko zenbatekoa.

3.1. Pertsonen eta/edo familien oinarrizko beharrak asetzea.

3.1.1. Etxebizitza eta jabeen erkidegoa.

a) Honako hauek ordaintzea: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (ostatu-etxea, hotela eta abar). Zor horiek ordaintzeko laguntzak urteko 2 hilerokorako izanen dira gehienez.

b) Etxegabetzearen ondoren etxebizitza aldatzearen ondoriozko gastuak, batetik bestera igarotzea errazteko. Fidantza kontzeptua hartuko da kontuan, eta gehienez alokairuaren hileroko bat.

c) Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua izateko betiere, baldin beharrezkoa bada hasierako aparteko ordainketa bat egitea eta baldin diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketei aurre egiteko. Fidantza kontzeptua hartuko da kontuan, eta gehienez alokairuaren hileroko bat.

d) Jabeen erkidegoaren kuotak ordaintzea. Gehienez urteko 2 hileroko ordaintzeko izanen dira.

3.1.2. Etxebizitzaren oinarrizko hornidurak.

a) Argindarraren, gasaren eta uraren gastuak, besterik ez, betiere ohiko bizitokikoak. Ez dira barne hartuko Internet edo telefono gastuak.

b) Energiaz hornitzeko kontratuen altak ohiko etxebizitzan.

Kontzeptu horien gehieneko zenbatekoa da hileko OAEAP bat urte eta familia-unitate bakoitzeko, etxeko hornidurei dagokienez (argindarra, gasa eta ura).

Horniduren kontratuetan alta emateko, altaren kostua ordainduko da, oro har ezarritako gehienekoa aintzat hartua.

3.1.3. Nutrizioa eta higienea.

a) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako). Ondoko taulan ezarritakoa da kontzeptu honengatik hartzen ahal den gehieneko laguntza; gehienez ere, 4 hileroko dira urtean, oro har ezarritako gehieneko ekonomikoa aintzat hartuta:

FU-KO KIDE KOPURUA

GEHIENEKO ZENBATEKOAK

1 kide

OAEAParen %10 hileko

2 kide

OAEAParen %15 hileko

3 kide

OAEAParen %20 hileko

4 kide edo gehiago

OAEAParen %25 hileko

3.1.4. Osasunarekin lotura duten laguntzak.

a) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak, lekualdatze edo egonaldi behartuek sortutako gastuen kasuetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita; edo osasun sistema publikoak ordaintzen ez duen farmaziako gastua; gehienez ere OAEAParen halako bat urteko eta pertsonako.

b) Norberaren funtzionamendu integraturako beharrezkoak diren elementuak eskuratzeko laguntzak; besteak beste, zentzumenei (entzumenari eta ikusmenari) lotutakoak eta aho-hortzetakoak. Gehienez ere OAEAParen %50 urteko eta pertsonako.

c) Errehabilitazio-zentroetan egotearen ondoriozko gastuak, terapiako tratamenduetarako denean. Gehienez ere OAEAParen %100 urteko eta pertsonako.

3.2. Haur eta nerabeen prebentzio, gizarteratze eta/edo hezkuntzako beharrei erantzuteko.

Gizarte Zerbitzuetako taldeak baloratuko du kontzeptu hauengatik laguntzarik eman behar ote zaien honelako egoeretan dauden familiei:

–Eskolatzeko adinean dauden adingabeak dauzkatenak.

–Gizartearen eta familiaren sostengurik ez dutenak, egoerari edo arazoei aurre egin ahal izateko.

–Beharrezkotzat jotzea normalizazioa eta sozializazioa erraztea esparru ez arautuan.

–Oinarri hauetako baremo ekonomikoaren barnean daudenak.

–Nafarroako Gobernuan prestazio hauek, enpresetako gizarte onurak edo bestelakoak eskatu dituztenak.

Laguntzak ondoko kontzeptuetarako emanen dira, bidezko denean, betiere plaza hutsik bada eskatutako jardueran:

Dirulaguntza kalkulatzeko, zerbitzuaren edo jardueraren tasa orokorra hartuko da aintzat. Ez dira kontuan hartuko tasa orokorrarekin alderatuta deskontua duten tasa eta tarifak (familia ugariarenak, desgaitasuna duten pertsonenak...).

3.2.1. Oinarrizko hezkuntza premiak (eskolakoak).

Aparteko gastu hauek beharrezkoak direnez gizarte eta eskola bazterketa saihesteko edo arintzeko, laguntza emanen da horiei aurre egiteko zailtasunak izaten direnean ikasturtea hasita eskolatzeagatik edo gerora sortutako egoera batengatik, betiere helburu horretarako Garinoaingo ikastetxeek izapidetzen dituzten laguntzak –Udalaren OGZrekin koordinatutako gizarte entitateen bidez eta/edo Gurutze Gorriarenak– eskuratu ez badira.

Eskola jantokia, eskola laguntza eta eskola materiala lagunduko dira diruz, besteak beste.

Gehienez ere, honako zenbateko hauek izanen dira urteko:

–Haur Hezkuntzan, gehienez ere OAEAParen %10 adingabeko eta urteko.

–Lehen Hezkuntzan, gehienez ere OAEAParen %20 adingabeko eta urteko.

–Bigarren Hezkuntzan, gehienez ere OAEAParen %40 adingabeko eta urteko.

Eskaerak baloratzean, eta laguntzaren zenbatzeari dagokionez, kontuan hartuko dira honako kontzeptu hauengatik beste erakunde batzuei eskatutako bekak.

3.2.2. Udalaren kirol/kultur jarduerak, eta adingabeentzako udalekuak.

Kirol jarduera bakarra lagunduko da diruz adingabeko eta ikasturteko; laguntzok 5 eta 17 urte bitarteko adingabeentzat izanen dira.

–Dirulaguntza matrikularen %100ekoa izanen da.

–Dirulaguntza jardueraren kostuaren %80 izanen da.

–Familiak jardueraren %20 emanen du.

3.2.3. Udako igerilekuen txartela eta igeriketa ikastaroak adingabeentzat.

Dirulaguntza udako sarrera-txartel arruntaren kostuaren %80 izanen da, eta familiak %20 ordainduko du.

Honako hauek dira emateko irizpideak:

Udako igerilekuetan sartzeko:

–0 eta 17 urte bitarteko adingabeen familiak.

–10 urte baino gutxiagoko seme edo alabak dituzten familiei dagokienez, adingabea eta guraso bat lagunduko dira diruz.

–11 eta 17 urte bitarteko semeak edo alabak dituzten familiei dagokienez, adingabea baino ez da diruz lagunduko.

–8 urte baino gutxiagoko hiru seme edo alaba dituzten familia ugariei dagokienez, familia-unitateko bi heldu lagunduko dira diruz (ofizialki aitorturiko desgaitasuna duen 8 urte baino gutxiagoko adingabea bi balira bezala zenbatuko da).

3.2.4. Jostailuen kanpaina Eguberrietan.

Urteroko deialdian finkatuko da dirulaguntza. Horren helburua da haur guztiek, gutxienez Eguberrietan, jostailu berri bat izatea.

0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izanen da.

Familiek erosketa justifikatu beharko dute, faktura bidez. Hori aurkeztu behar dute dirulaguntza eman eta hurrengo hilabetean, betiere urteko abenduaren 15a baino lehen.

3.3. Helduak. Prebentzio, gizarteratze eta prestakuntzako beharrei erantzutea.

a) Bakartze egoerei eta gizartean bazterturik gelditzeko arriskuko egoerei aurrea hartzeko laguntzak izanen dira, Orbaibarren egiten diren kultur, kirol eta komunitate jardueretan parte hartzeko dirulaguntza emanez, betiere Udalaren jardueretan parte hartzea lehentasunezkoa izanik. Gehienez ere OAEAParen %25eko laguntza emanen da, pertsonako eta urteko. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen jardueraren kostua baino handiagoa.

b) Sostengu puntualak, hezkuntza jarduera arautu gabeetan eta/edo prestakuntzako jardueretan parte hartzeko, prestakuntza jasotzeko modu bakarra direnean. Gehienez ere OAEAParen %25, pertsonako eta urteko. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen jardueraren kostua baino handiagoa.

3.4. Gehieneko zenbatekoa.

3.1 eta 3.3 puntuetako dirulaguntzei dagokienez, jasotako guztien batura gehienez ere OAEAParen %125 izanen da, familiako eta urteko.

3.2 puntuan sarturiko dirulaguntzek, haur eta nerabeentzako prebentzio eta sustapenekoak direnek, ez dute gehieneko zenbatekorik, baina laguntza bakoitzak gehieneko kopurua edo ehuneko bat du.

4.–Bateragarritasuna.

Dirulaguntzetako kontzeptuak elkarren bateragarri eta osagarritzat jotzen dira, betiere horien baturak ez badu gainditzen oinarri hauen 3.4 puntuko urteko gehienekoa. Horrez gain, oinarrietan ezarritako baldintzak bete behar dira.

Ezin da eskatu bi laguntza edo gehiago, kontzeptu beragatik.

Emaniko zenbatekoak beste erakunde edo entitate batzuetako dirulaguntzen osagarri izaten ahalko dira. Hala ere, ezin izanen dira izan dirulaguntzaren kontzeptuaren benetako kostua baino handiagoak. Beste dirulaguntza bat lortuz gero, Udalaren Gizarte Zerbitzuei jakinarazi beharko zaie hori aitortu eta 15 eguneko epean.

5.–Onuradunen betebeharrak.

Gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonek eta/edo familia-unitateek jasotzen ahal dituzte laguntza hauek.

Baremo ekonomikoa ez da Udalaren prestazio ekonomikoak jasotzeko baldintza bakarra. Horren aurretik kontuan hartuko dira irizpide teknikoak (prebentzioa, sustapena, egokitasuna, presa edo gisakoak), Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariek ezarriak. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek, txosten arrazoitu baten bitartez, dirulaguntzak hartzeko salbuespenak proposatzen ahal dituzte, betiere babesgabeko adingaberik bada familian.

Baldintzak:

a) Laguntza eskatzen duen pertsona edo familia-unitatea Garinoainen erroldatuta dagoela frogatzea.

b) Tafallako eta Orbaibarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Batasunaren programaren batean sartuta egotea.

c) Behar adinako baliabide ekonomiko propiorik ez izatea eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea, ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko.

Balorazio irizpide hau ezarri da deialdi honetako laguntzak lortu ahal izateko:

HILEKO DIRU-SARRERA GUZTIEN BATURA, ken HILEKO ETXEBIZITZAKO GASTUAK, ken GAINERAKO GASTU KENGARRIAK = FAMILIAREN HILEKO AURREKONTUA

FAMILIAREN HILEKO AURREKONTUA, zati FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA = per capita ERRENTA ERABILGARRIA

Emanen da, honako hauek baino gutxiago bada:

–OAEAParen %33 HILEKO per capita ERRENTA ERABILGARRIko, 18 urte baino gehiagoko helduak dituzten familia-unitateetan.

–OAEAParen %35 HILEKO per capita ERRENTA ERABILGARRIko, 17 urte baino gutxiagoko adingabeak dituzten familia-unitateetan.

  • Familia-unitateko kide guztien diru-sarrera guztiak hartuko dira kontuan, honako hauek barne: errenta salbuetsia eta dibortziatutako/banandutako gurasoek seme-alabei eman beharreko mantenu-pentsioak (ez dira kontuan hartuko helburu zehatz baterako laguntzak, ikasteko bekak, aparteko laguntzak...). Agiri bidez justifikatu behar da dena, diru-sarrerarik ez badago ere. Langabeen kasuan, derrigorrezkoa da Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan (SEPE) izena emanda egotea. Aurreko hiru hilabeteetako diru-sarrerak hartuko dira kontuan, agiri bidez argi eta garbi justifikatuta.
  • Etxebizitzako honako gastu hauek hartuko dira kontuan, aldez aurretik justifikatuta.

HIPOTEKA

MUGARIK GABE

ALOKAIRUA

MUGARIK GABE

HORNIDURAK: argindarra, ura, gasa...

OAEAParen %30 hileko, oro har.

Familia-unitate batzuk badaude etxebizitzan, haien artean banatuko da gastua, eta kontuan hartuko zaio familia-unitate bakoitzari dagokion deskontua. Esaterako, ez zaio kontuan hartuko dena bati eta ezer ez besteei, azken hauek gauzazko laguntzarik eskatzen ez badute ere.

–Aurreko 6 hilabeteetan ORDAINDUTAKO hiru ordainagiri (alokairukoak edo hipotekakoak) justifikatuko dira.

–Bestelako gastu kengarritzat hartuko dira honako hauek:

  • Gaixotasun metabolikoen ondoriozko gastuak, egunero berariazko elikadura behar dutenean: OAEAParen %20.
  • Gaixotasun kronikoen ondoriozko gastuak:

a) 30 km baino gehiagoko astean behingo lekualdatzeak behar dituztenean: OAEAParen %20ko kenkari zenbatetsia.

b) 29 km baino gutxiagoko lekualdatzeak behar dituztenean, edo 30 km baino gehiagokoak eta gutxienez hilean behin egitekoak direnean: OAEAParen %10eko kenkari zenbatetsia.

Laguntza eskatzen duten familia-unitateek honako hau deklaratu beharko dute:

"ZIN EGITEN DUT, EZ NIK EZ NIRE FAMILIA-UNITATEKO INORK, EZ DUGULA OAEAP-A halako 9 BAINO GEHIAGOKO KAPITAL HIGIGARRIRIK".

–Urteko OAEAPa zenbatzen da (14 hileroko), eta ateratzen den hileko zenbatekoari lotzen zaio.

6.–Onuradunen betebeharrak.

a) Udalaren Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, dirulaguntza hau eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin edo egoera hori hobetzeko bitarteko pertsonalak abian jar daitezen. Erabakiak ez betetzeak ekartzen ahal du zehapenen araubidea abian jartzea (oinarri arautzaileen 10. puntua).

b) Organo emaileari frogatzea baldintzak betetzen direla; orobat, dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla frogatzea, Tafallako eta Orbaibarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan.

c) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraztea ea jasotzen ari den gauzatzen ari den esku-hartze sozialarekin loturik dagoen laguntzaren bat. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

d) Udalak dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

e) Jasotako laguntzarekin egindako gastua frogatzea, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Aipatu justifikazioa faktura edo agiri baliokide bidez egin behar da, egiaztatzen badute gastua egin dela eman zen horretarako, bai eta ordaindu dela ere. Horiek aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, laguntza ematen den egunetik hasita.

f) Itzuli beharreko funtsak itzultzea. Itzuliko dira bidegabe jasotako zenbatekoak, bai eta aurreikusitako eta egindako gastu osoa justifikatzen ez denean ere.

g) Onuraduna ez dago behartuta jasotako laguntzaren finantzaketaren publizitatea egitera.

7.–Prozedura.

Banakako ebaluazioaren prozedura erabiliko da. Hori hautatu da familia-unitateentzako dirulaguntzak direlako, helbururako egokiena delakoan. Izan ere, xede dute familia batzuen zaurgarritasun egoerari erantzutea, egoera sozioekonomiko larrian dauden familiena hain zuzen. Laguntzak emanen dira eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera, deialdi bakoitzeko aurrekontuko partida agortu arte.

7.1. Eskaerak. Dokumentazioa.

Eskaera Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko da, agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen eta familia-unitateko gainerako kideen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia*.

–Familia Liburuaren fotokopia*.

–Familia-unitateak urte horretan dituen diru-sarreren eta gastuen frogagiriak, etxebizitzari dagozkionak eta bestelako gastu kengarrienak hain zuzen ere. Halakorik ez bada, horren gaineko zinpeko aitorpena. Familia-unitatearen egoera ekonomikoa frogatuko da eskaera izapidetzerakoan. Aurkeztu beharreko agiriak oinarri hauen 5. puntuan zehazten dira.

–Laguntza oinarrizko eta presakoa zer premiatarako eskatzen den, horri lotutako aurrekontua edo zorraren frogagiria.

–Laguntzaren eskaera zehatzerako beharrezkotzat jo litezkeen bestelako agiriak, aurreko puntuetan jaso ez direnak.

–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria, Garinoaingo Udalak emana (ofizioz egiaztatuko da familia-unitateko kide guztiena).

–Gizarte Zerbitzuko profesionalen iritziz laguntzak baloratzeko beharrezkoak diren agiriak.

(*) Salbu Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren espedientean azaltzen badira.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Oro har, eta aurrekontu-kontsignazioa egonez gero, eskaerak azaroaren 30era arte aurkezten ahalko dira, organo eskudunak laguntzak eta dirulaguntzak deitu eta biharamunetik hasita. Udalak oinarri hauek onetsi eta gero sortuko da aipatu deialdia. Ez da epe hori erabiliko 3.2.2, 3.2.3 eta 3.2.4 puntuetako jarduerekin, horien epeak zehaztuko baitira dagozkien deialdietan.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak (instrukzio-organo gisa) interesdunari eskatuko dio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aurretik ebazpena emanen da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

7.3. Balorazioa, ebazpena, ebazpen epeak eta dirulaguntza ematea.

Dirulaguntza alkatearen ebazpen bidez emanen da, Gizarte Zerbitzuetako teknikariek baloratu eta gero. Ez da balorazio batzordea sortu beharrik.

Ebazpenak jasoko ditu honako hauek: emandako zenbatekoa, kontzeptua, justifikatzeko epea eta modua, bai eta paratzen ahal diren errekurtsoak ere (oinarri hauen 12. puntuan ezarriak).

Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko aurrekontuetan ezarritako zenbatekoa.

Dirulaguntza ez da inola ere izanen dirulaguntzaren xede diren gastuak baino handiagoa. Aurreratutako zenbatekoak gastua baino handiagoak badira, onuradunak itzuli egin beharko du horren gainetik jasotako zenbatekoa.

Dirulaguntza justifikatu zuten inguruabarrak aldatuz gero, ebazpena ere aldatzen ahalko da inguruabar berriei egokitzeko.

Dirulaguntza ebazteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da.

7.4. Ordainketak eta gastua frogatzea.

Emateko ebazpenaren ondoren, prestazioa edo laguntza ordainduko da.

Gastuen fakturek edo ordainagiriek pertsona fisiko edo juridiko igorlearen oinarrizko datuak jaso beharko dituzte, horretan barne direla identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) edo nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NANa), gastuen kontzeptuak zehazturik, eta horiei dagokien zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zergari dagokion atala barne, halakorik bada.

Halaber, fakturek edo frogagiriek jaso beharko dituzte pertsona fisiko edo juridiko igorlearen hartze-agiriaren zigilua eta sinadura. Garinoaingo Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, nahitaez.

Salbuespenez, faktura horien ordez, supermerkatuko edo garraioko erosketa-tiketak aurkezten ahalko dira justifikazio gisa, edota laguntza izapidetzeaz arduratzen den teknikariaren txostena.

Horiek aurkezteko epea hilabetekoa izanen da gehienez, dirulaguntza eman den egunetik hasita, betiere urteko abenduaren 30a gainditu gabe.

Onartutako laguntza bereziak aldi bakarrean ordainduko dira.

Orokorrean, laguntzaren hartzailea eskatzailea bera izanen da.

7.5. Berme neurriak.

Ez da berme neurririk eskatuko.

7.6. Jarduera azpikontratatzeko aukera.

Banakako laguntzak direnez, ezin dira jarduerak azpikontratatu.

7.7. Publizitate-araubidea.

Ematen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, onuradunen datuak zabaltzea, dirulaguntzaren xedea dela-eta, pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, abenduko 15/2004 Foru Legearen 15.1b) artikuluan ezarri bezala (Nafarroako Foru Administrazioari buruzko Foru Legea).

7.8. Kontabilitateko erregistroa.

Laguntzak pertsonentzat eta/edo familientzat direnez, ez da kontabilitateko libururik eraman behar.

8.–Pertsona fisiko eta/edo juridikoen laguntza.

Prestazioa behar bezala erabiltzen dela bermatzearren, aukera izanen da, salbuespenez, laguntzaren zenbatekoa pertsona fisiko edo/eta juridiko laguntzaileei ordaintzeko, laguntza hobeki erabili ahal izateko.

Laguntzaren dirua entitatean sartu ahal izateko, beharrezkoa da onuradunaren baimen espresa.

Hala bada, pertsona fisiko eta/edo juridikoek frogatu beharko diote Udalari beren laguntzaren xede den kontzepturako ordainketa egin dutela. Hori egiten ahalko dute dagozkion fakturen bidez edo ziurtagiri baten bidez, jarduera egin dela agertzen duena (zuzeneko zerbitzuen prestazioaren kasuan bezala, kirol klubak, udako igerilekuetako txartela, udako jarduerak...).

9.–Jasotako laguntzak itzultzea.

Jarraituko zaio Garinoaingo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorraren IV. tituluaren 32. artikuluari.

10.–Zehapenak.

Jarraituko zaio Garinoaingo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorraren V. tituluaren 33. artikuluari.

11.–Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka jartzen ahal diren administrazio errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintza eman duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori zenbatuko da errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L2602383