63. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

874/2026 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko 2026ko ekitaldiko Akordioaren esparruan. DDBN kodea: 892970.

Administrazio Publikoetako Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak, 2018ko martxoaren 9ko bileran, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko IV. Akordioaren (aurrerantzean, APEPA) testu berri bat (2005eko irailaren 21ekoa) onestea erabaki zuen, Lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legean xedatutakora egokitzeko. Akordio horretako xedapenen arabera, Nafarroako Foru Komunitateari dagozkio Nafarroako toki entitateek ­APEPAren babesean toki administrazioko langileak prestatzeko susta ditzaketen funts finalistak izapidetu eta kudeatzearen arloko eskumenak.

Estatuaren 2021erako Aurrekontu Orokorren abenduaren 30eko 11/2020 Legeak, azken xedapenetako hogeita hamahirugarrenaren bidez, Lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6. artikulua aldatzen du. Horri esker, dirulaguntza hau emateko ebazpena baino lehenago egiten ahal dira langile publikoak prestatzeko prestakuntza ekintzak.

Horregatik, aipatutako foru aginduan jasotzen den araudia testuinguru arauemaile berriari egokitzeko asmoz, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren otsailaren 8ko 5/2024 Foru Agindua onetsi da, zeinak onesten baititu Nafarroako toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan.

Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, toki administrazioko entitateek sustatutako planetarako Nafarroako Foru Komunitateari dagokion lurralde zenbatekoaren mugara iritsi arte, Enplegurako Prestakuntzako Batzorde Orokorraren 2026ko urtarrilaren 29ko Erabakiaren arabera.

Hori horrela, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren (APEPA) babesean, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak 2026ko urtarrilaren 29an egindako bileran adostu zuen, administrazio publikoen enplegurako 2026ko prestakuntza funtsen banaketari dagokionez, ezen 13.988,77 eurokoa izanen dela toki administrazioaren prestakuntza planetarako zenbatekoa; horietatik, 179.750,00 euro esleitu zaizkio Nafarroako Foru Komunitateari.

Era berean, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzaren Batzorde Nagusiak prestakuntza funtsak kudeatzeko 2026an adostutako akordioak honako hau ezartzen du:

"Kudeaketa akordioan jasotzen den administrazio publikoen enplegurako prestakuntza funtsen banaketa bi aldagaitan oinarritzen da, eta aldagai horien gaineko informazio eguneraturik gabe ezin da gauzatu. Alde batetik, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak NAPIri transferitu beharreko kreditua; horren zenbatekoa urtero indarrean dauden Estatuko Aurrekontu Orokorretan finkatzen da. Beste aldetik, langile kopurua, 2025eko uztailean eguneratutako datuekin lortu dena Langileriaren Erregistro Nagusiko administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatistika buletinetik.

Ondorioz, akordio hau egiten da 2023ko aurrekontuaren luzapenak 2026ko ekitaldian irauten duen aldirako, eta ekitaldi hartan esleitutako zenbatekoa esleitzen zaio (75.504,78 euro).

Hala ere, akordio hau alda daiteke, baldin eta 2026rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak onetsi eta zenbateko berri bat esleitzen bada enplegurako prestakuntza finantzatzeko APEPAren esparruan.

Era berean, jakiteko administrazioak zenbat langile dituen, une horretan argitaratuta dagoen informazioa eguneratuagoa bada funtsen akordio hau kalkulatzeko erabilitakoa baino, beste akordio bat proposatuko zaio, bi aldagaiak kontuan hartuta, Administrazio Publikoetako Enplegurako Prestakuntzako Batzorde Nagusiari, horretarako deialdia eginda."

Adierazitakoarekin bat, ebazpen honen bidez toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onesten da Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko 2026ko ekitaldiko Akordioaren esparruan.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak otsailaren 8an emandako 5/2024 Foru Aginduaren bidez onetsitako 8. oinarri arautzailean xedatutakoaren arabera, APEPAren esparruan toki entitateek egiten dituzten prestakuntza planen finantzaketarako dirulaguntzen deialdia onesteko eskumena Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak du, Nafarroako Foru Komunitateko Toki Prestakuntzarako Batzorde Paritarioak proposaturik.

Era berean, 9. oinarri arautzailean ezarritakoarekin bat, laguntzen urteroko deialdiaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, eta hartan nahitaez honako hauek aipatuko dira: zer foru aginduren bidez onesten diren deialdiaren oinarri arautzaileak, dirulaguntza zer aurrekontu-kredituri egozten zaion eta horretarako dagoen gehieneko zenbatekoa; eta dirulaguntzak zer xede, baldintza eta helburu dituen; adierazi beharko da, halaber, norgehiagokako araubidean ematen dela, eta zer baldintza dauden dirulaguntza eskatzeko eta nola frogatu behar diren; zein diren prozedura instruitzeko eta ebazteko organo eskudunak; eskaerak aurkezteko epea, baita prozedura ebaztekoa eta jakinaraztekoa ere; eskaerari erantsi beharreko dokumentu eta informazioak; eskaerak baloratzeko irizpideak; zer errekurtso diren bidezko eta nola jakinarazi edo argitaratuko diren.

11. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera, deialdiaren urte naturalean erabili behar da dirulaguntza, eta dirulaguntzaren xedeko prestakuntza justifikatu, dirulaguntza noiz eman den, hurrengo urteko urtarrilaren 1etik martxoaren 15era. 10. oinarri arautzaileak (Dirulaguntza ordaintzeko modua), ordea, 1. atalean ezartzen du emandako dirulaguntzaren ordainketa aurreratu bat egiten ahalko dela, prestakuntza ekintza hasi baino lehen, baldin eta justifikatzen bada finantzaketa beharrezkoa dela prestakuntza planak gauzatzeko. Aurrerakin hori emandako zenbatekoaren %25ekoa izanen da gehienez ere. Halaber, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren, %35era arteko beste aurrerakin bat ematen ahalko da, edo %60ra arteko ordainketa bakar bat; orobat, zilegi izanen da emandako dirulaguntzaren konturako ordainketak egitea, baldin eta ordainketa horiek dagoeneko gauzatu den ekintza parteari dagozkion pertsonal gastuei eta gastu arruntei erantzuteko badira. Horiek horrela, eman beharreko zenbatekoaren %40, gutxienez, diruz lagundutako ekintza bukatu eta justifikatutakoan ordainduko da.

Aurreko paragrafoan adierazi bezala, Administrazioak eman beharreko aurrerakinetarako edo egin beharreko konturako ordainketetarako, eskaera, dokumentazioa eta eskatutako justifikazioa aurkeztu beharko dira, aurrez, APEP atariaren bidez. Onuradunek ez dute abalik, gordailurik edo beste edozein berme bitartekorik eratu beharko, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako moduan.

Konturako ordainketa aukeratzen bada, eta azken frogagiriak aurkezteko ezarritako epea igarota, espedientea ixteko ebazpena emanen da, non doituko den aurkeztutako azken frogagiriak baino lehen egindako konturako ordainketa. Kasu horretan, ixteko ebazpenean finkatuko da NAPIk ordaindu beharreko zenbatekoa edo entitateak itzuli beharrekoa, entitate onuradun bakoitzak aurkeztutako frogagiriak ikusita.

Dirulaguntzaren xedeko jarduera 2026ko ekitaldian eginen da; 107.850,00 euro (%60) ordainduko dira Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Toki Administraziorako etengabeko prestakuntza planak (Estatuko NAPI)" izeneko F31001 F3600 4609 921300 partidaren bidez, eta 71.900,00 euro (%40) Nafarroako 2027ko aurrekontuetako "Toki Administraziorako etengabeko prestakuntza planak (Estatuko NAPI)" izeneko F31001 F3600 4609 921300 partidaren bidez; azken horretarako baldintza da dagokion gastu-aurrekontuan kreditu egokia eta aski izatea.

Horretarako, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI) proposatzen du urte anitzeko espediente bat tramitatzea eta onestea ordainketa egin ahal izateko aurreko paragrafoan adierazitako baldintzetan.

Bestalde, espedientean jasota daude kontu-hartzailetza delegatuaren oniritzia eta urte anitzeko espedientea baliozkotzeko txostena, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuak egin duena.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateen prestakuntza planak finantzatzeko dirulaguntzen 2026ko ekitaldiko deialdia onestea, Administrazio Publikoen Enplegurako Prestakuntzari buruzko Akordioaren esparruan, eta, horretarako, 179.750,00 euro bideratzea. Deialdia ebazpen honi atxikitako eranskinean ezartzen den prozedurari jarraikiz eraenduko da, baita Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak otsailaren 8an emandako 5/2026 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarri arautzaileei jarraikiz ere.

Dirulaguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da dirulaguntza emateko ebazpenaren unean.

2. 107.850,00 euroko gastua (%60) baimentzea 2026an, partida hauen kargura: "Toki Administraziorako etengabeko prestakuntza planak (Estatuko NAPI)" izeneko F31001 F3600 4609 921300 partida (82.120,00 euro), eta "Toki Administraziorako etengabeko prestakuntza planak (Estatuko NAPI)" izeneko F31001 F3600 4609 921300 [PEP: E-24/000721-01] partida (25.730,00 euro), biak 2026ko aurrekontukoak. Orobat, 71.900,00 euroko gastua (%40) baimentzen da, partida honen kargura: Nafarroako 2027ko ekitaldirako aurrekontuetako "Toki Administraziorako etengabeko prestakuntza planak (Estatuko NAPI)" izeneko F31001 F3600 4609 46921300 partida, edo horretarako gaitzen dena. Azken horretarako baldintza da dagokion gastu-aurrekontuan kreditu egokia eta nahikoa izatea.

3. Zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) erregelako 2. kasuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.

4. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean argitaratzen denetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari loturik. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko martxoaren 12an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa), Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra.

ERANSKINA

Deialdi hau arautuko dute eranskin honetan azaltzen den prozedurak eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak otsailaren 8an emandako 5/2024 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarri arautzaileek.

A) Eskaerak eta dokumentazio osagarria aurkezteko epea eta modua.

1.–Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 20 eguneko epean aurkeztu beharko dira, bide elektronikotik, APEP atariaren bidez, sustatzailea aldez aurretik erregistratu ondoren; atari horretara Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren web-orritik irits daiteke. APEP atarira sartzeko, atariak erregistratzean ematen dituen erabiltzaile zenbakia eta pasahitza erabil daitezke, edo, bestela, nortasun agiri nazional elektronikoa edo pertsona fisiko edo juridikoaren ziurtagiri digital aitortua, bat etorriz Konfiantzazko zerbitzu elektronikoen alderdi jakin batzuk arautzen dituen azaroaren 11ko 6/2020 Legean ezarritakoarekin.

2.–Sustatzaileak planaren ordezkari izateko aukeratzen duen pertsonaren sinadura elektronikoa agertu beharko da eskaeretan. Eskaerak aurkeztuko dira Atarian dauden formatu elektronikoetan, eta eskatzaileek aplikazioan bertan ezarritako arau eta kontrolei jarraikiz beteko dituzte. Eskaera betetzean, informazio honi buruzko datuak eskatuko dira:

a) Entitate sustatzailearen datu administratiboak.

b) Plana sinatzen duen ordezkariaren datuak, harremanetarako izendatutako pertsonaren datuak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak.

c) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen den erantzukizunpeko adierazpena, lege horretan onuraduna izateko ezarritako debeku egoeretan ez dagoela adierazteko.

d) Baterako planei atxikitako entitateen datuak, halakorik bada.

e) Prestakuntza ekintzei buruzko datu hauek:

–Prestakuntza jarduerak deskribatzen dituzten datuak, banaka zehaztuta, eta adierazita zein jarduera lehenetsiko diren, saio kopurua, ikasle eta ordu kopurua saio bakoitzeko, aurrekontua eta hartzaileak.

–Prestakuntza ekintzen memoria.

f) Jarduera osagarriei buruzko datuak: jarduera osagarrien proiektu bakoitzari buruzko memoria, honako hauek adierazita: izena, jardueraren deskribapena, xedea berariaz aipatuta, kostua eta jarduera eginda lortuko den produktu berariazkoa; jardueraren gastuen justifikazio ekonomikoarekin batera aurkeztu beharko da memoria.

g) Prestakuntza planari buruzko datuak:

–Aurreko deialdiei buruzko datuak: hartzaileak, erabilitako baliabide berekiak, diruz lagundutako funtsak, erabilitako giza baliabideak.

–Planaren datu ekonomikoak, gastu kontzeptuak zehaztuta, bi multzo ekonomikotan bereizita, deialdi honen e) puntuak ezartzen duenez.

3.–Eskabideei erantsita agiri hauek aurkeztuko dira, formatu elektronikoan:

a) Pertsona juridikoen eta gainerako erakundeen identifikazio txartela (IFKa).

b) Toki entitateen elkarte edo federazioen kasuan, planaren sinatzaileak eskatzailearen izenean jarduteko ordezkaritza-ahalmenak dituela frogatzen duen dokumentazioa, indarreko legediarekin bat.

c) Baterako plana denean, plan horri atxiki izanaren agiriak.

d) Honako eskaera mota hauetan, ordezkaritza sindikalaren txosten bat erantsiko da:

–Banakako planetarako eskaerak.

–Toki entitate batek edo toki entitateen elkarteek edo federazioek sustatutako baterako planetarako eskaerak.

–Baterako plan bati atxikitako toki entitateek, atxikipenaren agiriaz gain, entitate horretako ordezkaritza sindikalaren txostena ere erantsiko dute, langileen kopurua 200 edo hortik gorakoa denean.

4.–3. ataleko a) eta b) letretan aipatzen diren agiriak APEP atariaren bidez sartuko dira espedientean, agirien kopia digitalizatuen bidez; sinadura elektronikoa erabiliz bermatuko da kopia horiek jatorrizkoaren kopia fidelak direla. Ez da beharrezkoa izanen agiriok aurkeztea aurreko deialdietan aurkeztu baldin badira eta ondoren aldaketarik izan ez badute.

3. ataleko c) eta d) letretan aurreikusitako agiriak eskuz sinatuko dituzte administrazioen ordezkariek eta arduradun sindikalek, hurrenez hurren, eta kopia digitalizatuen bidez erantsiko zaizkio espedienteari.

5.–Konturako ordainketa bat eskatzen bada diruz lagundu den eta eginik dagoen jarduera baten pertsonal gastuei eta gastu arruntei erantzuteko, programaren memoria bat erantsiko zaio eskaerari, honako inguruabar hauek zehazturik: egin diren jarduerak, haien denbora-plangintza eta izan diren parte-hartzaileen guztizkoa, sexuaren arabera bereizita. Horrez gain, gastuen zerrenda aurkeztu beharko da, eta dagozkien fakturak erantsi, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duten agiriak, gastuak justifikatzeko eragin administratiboa dutenak. Onuradunek ez dute abalik, gordailurik edo beste edozein berme bitartekorik eratu beharko, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritako moduan.

6.–Laguntza lortzeko eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean lor ditzan zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituela egiaztatzeko agiri elektronikoak. Halere, eskatzaileak uko egiten ahal dio berariaz baimen hori emateari; kasu horretan, eskabidearekin batera aurkeztu beharko ditu egiaztagiri horiek, edo instrukzio organoak eskatzen dizkionean. Eskatzailea administrazio publiko bat edo horren menpeko entitate bat denean, egiaztagiri horien ordez erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezten ahalko da eskabidearekin batera, horretarako ahalmena duen pertsona fisiko batek emandakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.7 artikuluan ezarritakoarekin bat.

B) Dirulaguntzaren xedeko prestakuntza plana gauzatzeko aldia deialdiaren urte naturala izanen da, hots, 2026ko urtarrilaren batetik 2026ko abenduaren hogeita hamaikara artekoa.

C) Dirulaguntzak tramitatu eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.

Sustatzaileek aurkezten dituzten prestakuntza planen eskaerak onesteko organo eskuduna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Enplegurako Toki Prestakuntzaren Batzorde Paritarioa izanen da, eta hari dagokio, orobat, planak aldatzeko proposamenak onestea, bere eskumen esparruan bidezkoak direnean. Instrukzio lanetan Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren etengabeko laguntza izanen du. Prozedura ebaztea Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari dagokio, zeinak dirulaguntzak emateko ebazpena emanen baitu deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita 6 hilabeteko epean. Emandako dirulaguntzak onuradunei jakinaraziko zaizkie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako epean, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

D) Aurkeztutako eskaeren balorazioa.

1. Onuradunek aurkezten dituzten planak baloratzeko orduan, bakoitzari zenbateko dirulaguntza ematen zaion zehaztearren, eta kontuan harturik, betiere, ebazpen honetan aurreikusitako aurrekontu-kredituen muga ezin dela gainditu, parametro nagusia izanen da zein den toki entitate sustatzaileko plantilla osatzen duten langile guztien kopurua, banakako planen kasuan, edo toki entitateetako plantilletako langile guztien kopurua, baterako planen kasuan.

2. Aurkeztutako planek kalitateko gutxieneko irizpide batzuk betetzen dituztela ziurtatzeko, berriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Toki Prestakuntzaren Batzorde Paritarioak honako irizpide kualitatibo hauek baloratuko ditu:

a) Aurreko ekitaldian jasotako laguntzak zenbateraino gauzatu diren: gehienez ere 3 puntu.

b) Prestakuntzan erabiltzen diren baliabide berekiak: gehienez ere 4 puntu.

c) Prestakuntzaren kudeaketan erabiltzen diren giza baliabideak: gehienez ere 1 puntu.

d) Plana plangintza estrategikoaren proiektu batean sarturik egotea: gehienez ere 2 puntu banakako planetan, eta gehienez ere 3 puntu baterako planetan.

e) Plana beharrei buruzko azterlan batekin lotuta egotea: gehienez ere 6 puntu banakako planetan, eta gehienez ere 5 puntu baterako planetan.

f) Planen diseinua eta edukia, kontuan harturik igoera profesionalarekin eta karrera administratiboarekin lotutako prestakuntza ekintzarik sartu den: gehienez ere 2 puntu.

g) Prestakuntzaren emaitzak eta, behar denean, eragina ebaluatzeko tekniken aplikazioa: gehienez ere 6 puntu.

h) Planaren segimendurako aurreikuspenak, sindikatuek planaren prestaketan, txostenetan, kudeaketan eta gauzatzean izanen duten parte-hartzea barne: gehienez ere 6 puntu.

Aurkeztutako plana onets dadin, gutxienez ere hamabost puntu lortu beharko ditu.

Iragarkiaren kodea: F2604122