63. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

48E/2026 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana; honen bidez onesten da "Arte Gaztearen Topaketak 2026" programaren deialdia. DDBN kodea: 892514.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, departamentu eskudunen bitartez, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko dituela. Halaber, ezartzen du ezen gazteei zuzendutako kultura politiken helburuetako bat izanen dela artista gazteei laguntzea, programa espezifikoen bidez eta artista gazteak kultura eskaintza orokorrean sartuta.

Azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, 18.f) apartatuan jasotzen du gazteen kultura eta arte sormena sustatu behar direla, esaterako, ekintza hauen bitartez: dirulaguntza deialdiak, sariketak eta egonaldi artistikoak, besteak beste.

Horretan oinarrituta, bada, Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteen artea eta sormena sustatzeko asmoz antolatzen du, urtero, "Arte Gaztearen Topaketak" programa, Hain zuzen, programaren edizio desberdinetan, hainbat arte modalitate bildu dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Arte Gaztearen Topaketak programaren 2026ko edizioaren oinarri arautzaileak eta eranskinak.

2. Gehienez 40.000 euroko gastua baimentzea, programaren bost modalitateei dagozkien sariak hornitzeko, Nafarroako 2026rako Aurrekontu Orokorretako "Sariak, lehiaketak eta sariketak" izeneko 340002 34100 4809 232105 partida ekonomikoaren kontura.

3. Ebazpen hau eta bere I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondotik.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko martxoaren 11n.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–"ARTE GAZTEAREN TOPAKETAK"
PROGRAMAREN 2026KO EDIZIOKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Arte Gaztearen Topaketak programa Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatzen du, eta haren bidez sormena sustatu nahi izan du gazteen artean, horretarako baliatuz arte sorkuntzaren tutoretza, ekoizpena, erakusketak eta zabalpena. Hala, aukeratzen diren proiektuak jaialdi batean aurkeztuko dira. Jaialdi horretan, jendaurreko jarduera ireki batzuk izanen dira, haien sakoneko asmoa dela prestakuntza artistiko parte-hartzailea eta arte desberdinen arteko elkarrizketa sustatzea.

2. Partaidetza motak.

Modalitate hauetan parte har daiteke Gazte Artearen 2026ko Topaketetan (II. eranskina):

–Arte Eszenikoak.

–Arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak.

–Diseinua.

–Literatura.

–Musika.

Proposamenak diziplinartekoak izan daitezke eta, halakoetan, proposamenean pisu handiena duen modalitatean aurkeztu beharko dira, edo tutoretza premiazkoena ikusten duten modalitatean.

3. Nori zuzentzen zaion.

Deialdian parte hartzen ahalko dute 14 eta 30 urte bitarteko gazteek (urte horiek beteak dituztela eskaera aurkezteko epea agortzen den datan), betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

–Nafarroako Foru Komunitatean jaioak izatea edo bertan bizitzea edo Nafarroako forudunaren izaera zibila izatea.

–Taldeen edo kolektiboen kasuan, parte hartzen dutenen % 33 izaten ahalko dira adin horretatik gorakoak edo Nafarroatik kanpokoak.

–Taldeen edo kolektiboen kasuan, eskaera sinatu duen pertsona hartuko da ordezkaritzat.

–Pertsona edo talde bakoitzak modalitate bakarrean parte hartzen ahalko du edizio honetan.

4. Inskripzioak eta dokumentazioa.

Eskabideak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2026ko apirilaren 30ean agortuko da.

Izena emateko eskabideak bide hauek erabiliz aurkezten ahal dira:

–Dagokion fitxa, hemen: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/arte-gaztearen-topaketak (Cl@ve, Ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

—Nafarroako Gobernuaren Erregistroko edozein bulegotan.

–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako lekuetan.

Parte hartzeko eskabideei agiri hauek erantsi behar zaizkie:

–Izena emateko inprimakia beteta. Inprimakia esteka honetan sakatuta deskargatu daiteke: https://www.juventudnavarra.es/eu/arte-gaztearen-topaketak-2026 (III. eranskina).

–Artistaren NANaren edo AIZren kopia: Taldeen edo kolektiboen kasuan, partaide guztien NANaren edo AIZren kopia.

–Nafarroan jaio ez diren egoiliarren kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko bizilekuaren frogagiria edo Erregistro Zibilak emandako ziurtagiria, Nafarroako forudunaren izaera zibila duela adierazten duena.

–Aurkeztutako sorkuntza proposamenaren dosierra: Dosierrak 15 orrialde izanen ditu gehienez, PDF formatuan. Modalitate artistikoari dagozkion zehaztasunak eman beharko dira dosierrean, eta agiri horretan jasoko dira (II. eranskina). Kasu guztietan galdera honen erantzuna sartuko da: Nola nahiko zenuke Topaketek zuri laguntzea zure proiektuaren bilakaeran?

–Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera, banku entitateak behar bezala betea eta zigilatua.

Dokumentu hori ez da beharrezkoa ziurtagiri elektronikoa edo Cl@ve sinadura dutenentzat. Kasu horretan, alta ematen ahal zaio dirulaguntzaren transferentzia eginen den kontuari, eta horretarako jarraibideak esteka honetan daude: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

Sari ekonomikoaren zenbatekoa jasotzeko, sarituek, emakidaren ebazpena egiten den unean, eguneratuta izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. (III. eranskina-izena emateko inprimakian jasotako adierazpena).

Ez dute programan parte hartzen ahalko dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten pertsonek. Komunikazioa jakinarazi eta biharamunetik hasita, hamar egun balioduneko epea emanen da aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko. Halakorik aurkeztu ezean, interesdunak eskaerari uko egin diola ulertuko da.

5. Epaimahaiak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatuko ditu modalitate bakoitzeko epaimahaiak, eta modu independentean ariko dira modalitate bakoitzean. Bi kidek osatuko dute modalitate bakoitzeko epaimahaia: dagokion diskrezionalitate teknikoa izanen dute, eta idazkari baten laguntza izanen dute, hitza bai baino botorik ez duela. Nafarroako Gazteriaren Institutuko langile bat izendatuko da idazkari.

Edizio honetan, epaimahaiak pertsona hauek osatuko dituzte:

Arte eszenikoen epaimahaia: Ion Barbarin Lisarri antzezle, dantzari eta antzerki zuzendaria eta Eva Azpilicueta Martínez antzezle, dantzari eta antzerki zuzendaria.

Arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen epaimahaia: Amaia Molinet Dronda, ikusizko artista eta ikertzailea, eta Mikel Belaskoain Calatayud, artista plastikoa, zinema zuzendaria eta arte komisarioa.

Diseinuko epaimahaia: Karlota Laspalas Narvaiz, diseinatzailea eta irakaslea, eta Marisa Mantxola Gutierrez, diseinatzaile grafikoa eta artista bisuala.

Literaturako epaimahaia: Angel Erro Jiménez idazle eta itzultzailea eta Irati Majuelo Itoiz literatur kritikari eta irakaslea.

Musika epaimahaia: Oihana Herrera Erneta, musikari eta konpositorea, eta Guillermo Mutiloa Olaverri, musikari eta ekoizlea.

Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatutako ordezkoak, haiek ere arloko adituak, ariko dira haien ordez.

Epaimahaiak hautatutako proiektuen jarraipena eginen du, bai eta haien gaineko tutoretza lanak ere. Hautatutako proiektu bakoitzak hiru tutoretza saio eginen ditu, gutxienez, dagokion modalitatean. Saio horietatik bat, bederen, banakakoa izanen da.

6. Arte Gaztearen Topaketak lehiaketaren nondik norakoak.

Arte Gaztearen Topaketak aurrez aurreko elkartzeak sustatzeko asmoa duen deialdia da, eta hautatutako proiektuei diruzko saria emate hutsetik harago joan nahi du. Horretarako, hasiera batean 30 sorkuntza proposamen hautatuko dira (6 gehienez modalitate bakoitzeko). Proposamen horiei jarraipen eta tutoretza prozesu bana eginen diete epaimahaiak osatzen dituzten adituek. Proposamenak jendaurrean aurkeztuko dira urrian egitekoa den jaialdian, eta haietatik 10 proiektu egokienak aukeratuko dira (2 gehienez modalitate bakoitzeko).

1. Fasea: 2026ko ekaina:

Arte Gaztearen Topaketak programako edizio honetan hautatutako proiektuen berri emanen da.

2. Fasea: tutoretzak eta jardunaldiak irailean:

Ekainetik aurrera, gutxienez 3 tutoretza eginen dira lehen fasean hautatutako proiektu bakoitzarekin.

Gainera, Irailaren 5eko eta 6ko jardunaldietan, topaketak, prestakuntza eta tutoretza jarduerak eginen dira Arte Gaztearen Topaketak programaren barnean, hautatutako sorkuntza proposamenen bultzatzaileek elkar ezagutzeko aukera izan dezaten errazteko.

3. Fasea: Topaketen Jaialdia (urriaren 22tik 25era):

Hautaturiko artistek edo artista taldeek beren proiektuen aurkezpena eginen dute jendaurrean, modalitate bakoitzari egokitzen zaion formatuan (erakustaldia, 20-30 minutuko emanaldia, etab.), urriaren 22tik 25era bitartean, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan.

Epaimahaiak urriaren 25ean iragarriko du zein diren Arte Gaztearen 2026ko programako proiektu sarituak (gehienez 10).

7. Sorkuntza proposamenak hautatzeko prozesua.

Proiektuak aurkezteko epea agortu ondoren, puntuazio hurrenkeraren arabera hautatuko dira sorkuntza proposamenak, eta puntuazio handiena lortzen dutenak hautatuko dira, betiere gutxienekoak gainditzen badituzte. Hautaketa norgehiagoka bidez eginen da, eta diziplina bakoitzeko epaimahaien akten bidez egiaztatuko da.

Diziplina bakoitzean, gehienez, sei proiektu hautatzen ahalko dira. Kategoriaren batean gehieneko kopurura iristen ez bada, plaza horiek hutsik geratuko dira.

Proiektuak gaztelaniaz edo euskaraz aurkezten ahalko dira, eta haien balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:

–Proiektuaren kalitate artistikoa, teknikoa eta/edo narratiboa. Koherentzia kontzeptuala (20 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 10 puntu lortu beharko dira apartatu honetan.

–Originaltasuna, ikerketa, formatu berriekin esperimentatzea. Sormena prozesuan eta/edo kontzeptuan (20 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 10 puntu lortu beharko dira apartatu honetan.

–Eboluziorako aukera eta inpaktua proiektuan, Topaketen deialdian parte hartzeagatik (15 puntu). Hautatua izateko, gutxienez 7 puntu lortu beharko dira apartatu honetan.

–Gizarte inklusiboa eta askotarikoa islatzen duten eta sustatzen duten proiektuak. (5 puntu).

Epaimahaien aktak oinarritzat hartuta, Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatutako batzorde tekniko batek dagokion aktaren bidez identifikatuko ditu hautatutako proiektuak.

Batzorde Teknikoko kideak hauek izanen dira:

–Mónica Domínguez Catena, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoko burua, idazkari gisa.

–Carlos Amatriain Busto, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendariordea.

–Ana Redín Pascual, Zeharkako Ekintzen eta

Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

8. Hamar proiektu onenak hautatzeko prozesua.

Arte Gaztearen Topaketen 2026ko jaialdian, aurtengo edizioan parte hartu duten proiektuak aurkeztu eta gero, epaimahaiak hautatuko ditu bere iritziz aipagarrienak diren proposamenak (10 gehienez). Hautaketa norgehiagoka bidez eginen da, puntuazio ordenaren arabera, eta diziplina bakoitzeko epaimahaien akten bidez egiaztatuko da.

Diziplina bakoitzean gehienez bi proiektu hautatuko dira, eta sari finalistetako batzuk eman gabe geratzen ahalko dira, epaimahaiak irizten badio hala komeni dela, eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu ez izanagatik.

Proiektuak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

–Proiektuaren bilakaera Arte Gaztearen Topaketen programak iraun bitartean. Tutoretzen aprobetxamendua. Inplikazioa Jaialdiko aurkezpenean. 20 puntu gehienez.

–Jaialdian aurkeztutako proposamenaren kalitate artistikoa, teknikoa eta/edo narratiboa. 20 puntu gehienez.

–Artea eta kultura publiko gaztearengana hurbiltzeko gaitasuna. 10 puntu gehienez.

Modalitate bakoitzetik hautatzen diren sorkuntza proposamenek 30 puntu lortu beharko dituzte gutxienez beren balorazio orokorrean.

Epaimahaien aktak oinarritzat hartuta, Nafarroako Gazteriaren Institutuak izendatutako batzorde teknikoak identifikatuko ditu, dagokion aktaren bidez, saritutako azken proiektuak, itxierako jaialdian.

9. Sariak.

Sariak emanen dira deialdi honetako 7. eta 8. oinarrietan ezarritako hautaketa prozesuei jarraikiz.

–Epaimahaiek 1. fasean hautatutako sorkuntza proposamenek (30 gehienez) sari hauek jasoko dituzte:

–1000 euroko saria hautatutako 30 (edo gutxiago) proiektu horietako bakoitzarentzat, parte-hartzearen gastuei aurre egiteko eta proposamenak egikaritu ahal izateko, Jaialdian aurkeztu daitezen.

–Jarraipen prozesua epaimahaia osatzen duten kideekin; gutxienez 3 tutoretza saiorekin, horietako bat bederen banan-banakoa.

–Proiektuaren jendaurreko aurkezpena jaialdian, modalitate bakoitzerako egokia den formatu batean.

–Aurkezpena ikus-entzunezko euskarrian jasotzea, HD formatu digital editatuan.

Topaketen Jaialdia (urriaren 22tik 25era).

–1.000 euroko sari bat obra onenetako bakoitzarentzat (2 obra, gehienez, 5 diziplinetako bakoitzean).

Sariak esleituko dira Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpenen bidez. Ebazpen horiek institutuko web-orrian argitaratuko dira, eta fase bakoitzean parte hartzen dutenei jakinaraziko zaizkie.

10. Gorabeherak.

Arte Gaztearen 2022ko Topaketetan gertatzen ahal diren gorabeherak Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, apelatzeko aukerarik gabe. Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez sortzen ahal diren gorabeheren gainean ebaztezko.

Orobat, NGIak ez du inola ere erantzukizunik izanen parte-hartzaileek plagiorik edo jabetza intelektualaren alorrean indarra duen legeriaren urraketarik eginez gero.

2026ko Arte Gaztearen Topaketetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar, baita haien fase guztietan parte hartzea ere, proiektuak jendaurrean erakusteko beharrezkoak diren prestaketetan parte hartzeko konpromisoa barne, jakinaraziko zaizkien egunetan, Jaialdiaren aurretik.

Arte Gaztearen Topaketak programan parte hartzen duten artistek beren irudia eta sorkuntza materiala erabiltzeko irudi eskubideak lagatzeko klausula bat ezartzen du Nafarroako Gazteriaren Institutuak.

11. Datuen babesa.

Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa.

Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Xedea: Programan duen parte hartzea kudeatzea, eta parte hartzen duten pertsona eta entitate guztiekiko komunikazioak eta informazio trukeak ahalbidetzea.

Legitimazioa: Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hartzaileak: Ez da daturik utziko hirugarrenen esku, salbu eta baimena eman bada, edo baimenik gabe, araudiak hartarako gaitzen badu.

Eskubideak: Datuak eskuratzea, zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.

Eskubide horiek baliatzeko helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea.

12. Harremanetarako.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27, behea.

848427841.

encuentros@navarra.es

@juventud_na

https://www.juventudnavarra.es/eu/arte-gaztearen-topaketak

Iragarkiaren kodea: F2603976