Iragarkia
63. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
136E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 10ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzen 2026ko deialdia. DDBN kodea: 892155.
Gure Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Garapen Jasangarriaren Helburuak (Nazio Batuek 2015eko irailean hitzartuak) betetzeko. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta garapenerako laguntza ofizial gisa ematen dira.
Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluaren iritziz, nazioarteko elkartasun sentimendua sendotu beharra dago, eta Europan kulturen arteko gizarte bat ezartzearen aldeko ingurune bat sortu behar da. Horretarako, Europar Batasuneko estatuetan babesa eman behar zaio garapenerako hezkuntzari eta hari lotutako komunikazio politika garatzeari, eta sustatu behar da laguntza eman dakien, aurrerantzean ere, garapenerako hezkuntzaren arloan lanean diharduten GGKEen ekimenei. Ildo berean, "Garapenari buruzko Europako kontsentsua" zehaztu du, zeinak adierazten baitu, besteak beste, Europar Batasunak bultzatzen duela ugari parte har dezaten herrialdeen garapenean interesa duten eragileek, eta sustatzen duela gizarteko sektore guztiek parte har dezaten.
Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak garapenerako lankidetzari buruzko printzipio gidariak, helburuak eta baliabideak ezartzen ditu Nafarroan. Horrela, 1. artikuluan adierazten du Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten duela beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuta, askatasun kuota handiagoak eta hazkunde ekonomikoaren fruituen banaketa zuzenagoa barne direla.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere. Orobat, haren 30. artikuluaren arabera, dirulaguntzaren xedeko jarduerak gauzatzen direnean aurrekontuko ekitaldiarekin bat ez datorren urteko aldi batean (ikasturtean, adibidez), hurrengo ekitaldirako behar den gastu konpromisoa eskura daiteke, eta ez da nahitaezkoa horretarako Nafarroako Gobernuaren baimena.
Orobat, eta bat etorriz 11/2005 Legearen 5 bis artikuluan ezarritakoarekin, dirulaguntza hau jasota dago indarrean den dirulaguntzen plan estrategikoan, izen honekin: "Garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzak".
Horrenbestez, beharrezkoa da garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak ezartzea eta garatzea. Dirulaguntza horietan bermatu behar da printzipio hauek beteko direla: publizitatea, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza eta kontrola, bai, halaber, eraginkortasunaren printzipioa, administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko orduan, eta efizientziaren printzipioa, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko garaian.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzen 2026ko deialdia.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak.
3. 1.275.000 euroko gastu-erreserba onestea; horietatik 950.000 euro 2026ko gastu-aurrekontuko "901001 91100 4819 143102 (E) Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko partidaren kargura izanen dira, eta 325.000 euro 2027ko ekitaldirako, "901001 91100 4819 143102 Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko partidaren kargura, edo 2027ko gastu-aurrekontuetan horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu nahikoa badago.
4. Urte anitzeko 1.275.000 euroko gastua baimentzea. Horietatik 950.000 euro 2026ko ekitaldirako dira, 2026ko gastu-aurrekontuko "901001 91100 4819 143102 (E) Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko partidaren kargura; eta 325.000 euro 2027ko ekitaldirako, "901001 91100 4819 143102 Garapenerako nazioarteko lankidetza" partidaren kargura, edo 2027ko gastuen aurrekontuetan horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu nahikoa badago.
5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta DDBNn argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
7. Foru agindu hau igortzea Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko martxoaren 10ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.
I. ERANSKINA.–GARAPENERAKO HEZKUNTZA PROIEKTUAK ETA SENTSIBILIZAZIO EKINTZAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN 2026KO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehena.–Xedea eta helburua.
1. Dirulaguntzen deialdi honen bidez, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak esku-hartze batzuk finantzatuko ditu, garapenerako lankidetzaren arloan eragile diren garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin (GGKE) eta unibertsitateekin batera, helburu izanen dutenak beharrezko ezagutzak, gaitasunak, balioak eta jarrerak sustatzea herritarrek konpromisoa izan dezaten mundu bidezkoagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa eraikitzeko Agenda 2030 ekintza planaren esparruan.
2. Esku-hartzeak Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, eta hiru motatakoak izan daitezke:
–A modalitatea: Sentsibilizazio ekintzak. Esku-hartze horien xedea da garapen bidean dauden herrialdeen arazoei buruzko informazioa ematea, batik bat aurrerapen txikiena duten herrialdeenei, eta ulertzen laguntzea txirotasunaren arrazoiak eta ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren arteko loturak globalizazioaren baitan.
–B modalitatea: Garapenerako hezkuntza, esparru ez-formalean. Heziketa asmoa izanik eta irakaskuntza-ikaskuntza esperientziak planifikatuak daudela, hezkuntza prozesuak hezkuntza formalaren esparrutik kanpo bultzatzen dituzten esku-hartzeak dira.
–C modalitatea: Garapenerako hezkuntza, esparru formalean. Legez araututako hezkuntza sisteman garatzen diren jarduera pedagogiko guztiak. Urte anitzeko esku-hartzeak izanen dira, ikasturtean zehar egiten direlako.
Esku-hartze guztiak diseinatu eta gauzatzean genero ikuspegia txertatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat. Era berean, hegoaldeko ikuspegia islatuko dute garapen bidean dauden herrialdeei eragiten dien problematikari dagokionez.
Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria, modalitatearen arabera.
Guztira, 2026. urtean, helburu horietarako, 950.000 euro bideratuko dira, 2026ko gastu-aurrekontuko "Garapenerako Nazioarteko Lankidetza" izeneko 901001 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura. Zenbateko hori hiru modalitateen artean banatuko da, honela:
–A modalitatea: Sentsibilizazio ekintzak: 500.000 euro.
–B modalitatea: Garapenerako hezkuntza, esparru ez-formalean: 225.000 euro.
–C modalitatea: Garapenerako hezkuntza, esparru formalean: 225.000 euro.
2027ko ekitaldirako, eta C) modalitaterako soilik (garapenerako hezkuntza, esparru formalean), 325.000 euro egotziko dira; baldin eta kreditu nahikoa bada 2027. urteko gastu aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan.
Modalitateren batean 2026. urterako aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, soberan den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: C modalitatea: Hezkuntza formala; B modalitatea: Hezkuntza ez-formala; A modalitatea: Sentsibilizazioa.
Banaketa horren ondoren, deialdi honetarako esleitutako partidan soberakinik badago, soberako gastu baimendua pasatzen ahalko da larrialdi humanitarioko egoerei berehala erantzuteko deialdira, dagozkion aurrekontu-gehikuntzak eginda. Zenbateko hori erabiltzen ahalko da kreditu gehigarria baimentzen bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren egoeretako baten ondorioz.
Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak:
Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) eta unibertsitateek:
a) Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Espainiako Garapenerako Lankidetzarako Agentziako (AECID) Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute.
b) Sozietatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean edukitzea.
c) Tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
d) Ez egotea dirulaguntzak eskuratzeko aukeraz gabeturik ebazpen irmo batean ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera.
e) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.
f) Gainera, hiru entitate edo gehiagoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa izan edo ez, eta, hortaz, onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, elkartutako entitate bakoitzak lehen aipatutako baldintza guztiak bete beharko ditu. Unibertsitateak C modalitatera bakarrik aurkezten ahalko dira, hau da, "Garapenerako hezkuntza, esparru formalean" izenekoan.
Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.
Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitate eskatzaileek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2., 3. eta 7. artikuluetako printzipioei lotzea.
b) A eta B modalitateetako jarduerak 2026an egin behar dira; C modalitateko jarduerak 2026-2027 ikasturtean eginen dira, baina ikasturtea hasi baino hilabete lehenago hasten ahalko dira, eta hilabete bat geroago bukatu.
c) Zeharkako kostu diruz lagungarriak ezin izanen dira dirulaguntzaren %10 baino gehiago izan.
d) Hauek dira esku-hartze bakoitzeko eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak:
–A modalitaterako (sentsibilizazio ekintzak): 30.000 euro (35.000 euro, elkarte gisa aurkezten bada).
–B modalitaterako (garapenerako hezkuntza, esparru ez-formalean): 40.000 euro.
–C modalitaterako (garapenerako hezkuntza, esparru formalean): 40.000 euro GGKEen kasuan, eta 25.000 euro unibertsitateen kasuan.
Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.
Eskaeraren eguna baino lehenago emandako beste ekarpen batzuk baloratuko dira, betiere, egiaztatuta badaude ebazpen irmo baten bidez edo ekarpen pribatua edo, kasua bada, balioespenak bermatzen dituen agiri baten bidez.
2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo erakunde pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.
Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:
a) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Hauek daude sartuta:
a.1) Jarduerak egiteko lokalen alokairua.
a.2) Materialak eta hornidurak.
a.3) Pertsonal gastuak.
a.4) Bidai gastuak, ostatu gastuak eta dietak.
a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak.
b) Zeharkako gastuak: dirulaguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio proiektuaren zeharkako kostuen kontzeptu gisa. Zeharkako gastuak dira eskaera egin duen GGKEaren ohiko funtzionamenduaren gastu administratiboak, esku-hartzea gauzatzeko beharrezkoak direnak; horien %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.
Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu frogatzeko zailak diren gastuak. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.
2. Langileria gastuak jardueraka xehakaturik aurkeztu behar dira, hauek azalduta: jarduera bakoitzean langileek zenbat ordu emanen dituzten gutxi gorabehera; orduaren prezioa, eta guztira zenbat ateratzen den.
3. Bankuko gastuak, notarioarenak eta erregistrokoak diruz lagungarriak dira baldin eta diruz lagundutako jarduerari zuzenean loturik badaude eta hura prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira.
4. Diruz lagundutako gastuak zerbitzuak emateko erabiltzen direnean eta 12.000 eurotik gorakoak direnean, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.
5. Dirulaguntzetatik kanpo gelditzen dira mota guztietako inbertsio materialak (ekipamenduak, garraio elementuak, lurrak, eraikinak...). Dirulaguntzarik gabe geldituko dira, oro har, protokolo-gastuak (bazkariak, harrera-ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetako sarrerak eta abar). Langileen joan-etorriei dagozkien bidaia, ostatu eta mantenu gastuak dirulaguntzaren kontura egotzi ahal izateko, jarduerak egitearekin lotura zuzena izan behar dute, betiere gainditu gabe Gobernuak 2025eko otsailaren 12an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak onetsi ziren.
6. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko ekarpen gisa, honako hauen gaineko balorizazioak onartuko dira: lokalen alokairuak, material didaktikoak eta borondatez eta doan egindako lanorduak, baldin eta aurrekontuko jarduerak gauzatzearekin zuzenean lotuta badaude. Ekarpena egiten duen onuradunaren edo erakundearen ziurtagiriarekin egiaztatuta egon behar dute. Ziurtagiri horretan, edo hari erantsita, ekarpena deskribatuko da eta haren zenbatekoa zehaztuko da, eta adieraziko dira unitate kopurua, lanorduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balorizazio osoa. Balorizazioak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira, eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatuko dira.
7. Honako hauek gastu zuzenei zein zeharkako gastuei aplikatuko zaizkie:
–Seigarren oinarrian jasotako gastuak deialdi honen babesean egindakoak direla joko da baldin eta esku-hartzearen exekuzio epearen barnean eginak badira eta benetan ordaindu badira justifikazio epea bukatu baino lehen (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikulua). Dena den, onartuko da Gizarte Segurantzako kotizazioak, PFEZaren atxikipenak eta antzekoak (azken epekoak) ordaintzea aplikatzekoak diren araudietan ezarritako epeetan.
–Honako hauek gastu diruz lagungarritzat hartuko dira nahiz eta exekuzio alditik kanpokoak izan: kontabilitateko auditoretzei lotutako gastuak (baldin eta justifikatzeko modalitate hori baliatu bada, 15.h atalean adierazi bezala), bai eta ex post kanpo-ebaluaziotik datozen gastuak ere (17.q apartatua).
–Edonola ere, gastuak ez dira onartuko baldin eta, sortzapen aldi berekoak izanik ere, haien zati bat exekuzio alditik kanpo badago. Adibidez, bi hilabeteko ordainagiri batean –argindarraren hornidurakoan, esate baterako– ez da onartuko exekuzio aldiarekin bat ez datorren zati hainbanatuari dagokiona.
8. Zergak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen, salbu eta oinarri honetako aurreko ataletan adierazitako gastuak kargatzen dituztenak, betiere berreskuratu edo konpentsatu ezin badira.
Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean.
Ez da onartuko informazioa partekatzea eta aldatzea ahalbidetzen duten plataformen bidez bidalitako dokumentaziorik (DRIVE, DROPBOX, datuak biltegiratzeko plataformak edo antzekoak), ezta web-orrien estekarik ere.
2. Entitate eskatzaile bakoitzak hiru esku-hartze egiteko aurkez dezake eskaera, baina hirurak ezin dira izan modalitate berekoak. Horren ondorioetarako, entitateen batasun bat eta haren barreneko entitate bakoitza entitate desberdinak direla ulertuko da.
3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira. Horretarako, gaitutako helbide elektronikoa izan beharko du entitateak, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko. Ahal bada, "Tramiteak" aukeratik sartuko da, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian argitaratutako fitxatik (sarbidea eskura dago Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren web-orrian). Eskaerak Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalari zuzenduko zaizkio.
Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez-telematikoak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.
Eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko zaio unitate kudeatzaileari, mezu elektroniko bat bidaliz servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egun berean.
Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek servcoopdes@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.
4. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.
Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:
A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:
a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (baldin Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):
a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziako GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez aurkezten ahal da beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria, ordezkaritza hori badela frogatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Bata zein bestea aurkeztu, ziurtagiriak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau argitaratzen den egunean. GGKEak ez diren beste eragile batzuekin osatutako elkarteei dagokienez, horiek kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztuko dute, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo bulego iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.
a.2) Entitatearen estatutuak, baldin Administrazioaren esku ez badaude.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, zeinetan adierazten baita entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek ez dutela urratzen dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri direnak; bereziki, 13.2 artikuluko g) apartatuko entitateak ezin dira onuradun izan: "Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan, zergei buruzko lege orokorretan edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan ezarritakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko aukeraz gabeturik daudenak".
c) Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek parte hartzen badute esku-hartzearen zikloaren faseren batean, aurkeztu beharko dira langile horien izenen zerrenda eta programan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena beren lana bateragarria dela proposatutako jarduerarekin.
d) Entitateen elkarteak izanez gero, entitate bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:
d.1) Entitateen elkartea eratzeko agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da nola deitzen den batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahalduna edo ordezkaria, eta ez desegiteko konpromisoa hartzen duela harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte.
d.2) Agiri bat, zeinetan adieraziko baita zer eginkizun eta zer eginbehar hartuko dituen bere gain elkarteko entitate bakoitzak, eta proiektua gauzatzean zer eginkizun eta eginbehar gauzatzeko konpromisoa hartzen duen, elkartearen izenean eta haren kontura. Adierazi beharko da, era berean, dirulaguntzaren zer zenbateko aplikatuko den horietako bakoitzean.
e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko dirulaguntzak sartzeko erakundea edo banku kontua aldatu bada.
f) Dirulaguntzaren onuradun diren erakundeek hamazortzigarren oinarrian ezarritakoa eginen dute. Hortaz, hamar eguneko epea izanen dute gardentasun betebeharrerako eskatzen den informazioa aurkezteko, jakinarazpenetik hasita edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen den egunetik hasita.
B) Balorazioa egiteko dokumentazioa:
a) Esku-hartzearen memoria teknikoa eta aurrekontua, inprimaki ofizialetan (60 orrialde, gehienez ere, Arial 11 letra motarekin eta 1eko lerroartearekin). Orrialdeak zenbatuko dira II. ataletik ("Entitate eskatzailearen gaitasuna") VIII. atalera ("Bideragarritasuna eta jasangarritasuna"), biak barne. Muga horretarainoko orrialdeak baizik ez dira baloratuko. Nahitaezkoa da memorian adieraztea –dela proiektuaren izenburuan, dela haren deskribapen laburrean– esku-hartzeak nolako lotura duen garapen bidean dauden herrialdeei eragiten dien problematikarekin, batez ere aurrerapen txikieneko herrialdeei eragiten dienarekin.
Adierazitako bi dokumentuetako bat aurkezten ez bada (memoria teknikoa edo aurrekontua, inprimaki ofizialetan), eskaera ez da onartuko.
b) Eskaeraren memoria teknikoan eskatutako eranskinak, behar bezala identifikatuta. Balorazioa egiteko orduan ez dira kontuan hartuko behar bezala identifikaturik ez dauden eranskinak edo eskatu ez diren arren aurkeztu egin direnak. Eranskina behar bezala identifikaturik dagoela joko da baldin eta, batetik, adierazten bada memoriaren zein atali buruzkoa den, eta, bestetik, zehazten bada eranskinaren zer tokitan dagoen aztertu beharreko edukia.
c) Aurreikusten bada entitate publiko edo pribatuen lokaletan (udalak, beste departamentu batzuk, NUP, elkarteak eta abar) eginen direla jarduerak, agiri bat aurkeztu behar da, frogatzeko lokalaren jabea den entitatea programatutako jarduerarekin ados dagoela.
Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.
1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.
2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du ea betetzen diren dirulaguntzak hartzeko betebeharrak, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.
3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunari eskatzen ahalko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala, eta ohartaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egiten duela; hori guztia espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren. Kasu hauetan gertatuko da hori:
a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.
b) Zortzigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak izatea.
c) Laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera esku-hartzeek bete beharreko baldintzetan akats materialak daudenean.
d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, argibideak eskatzen ahalko dira, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.
e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.
Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.
Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.
1. Eskaerak zein bere modalitatean (lehenbiziko oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.
2. Dirulaguntza-eskaera baiesteko, esku-hartzeak gutxienez ere 500 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 40 gutxienez II. eranskinaren zeharkako ikuspegiekiko egokitasun irizpideei lotutakoak izanen dira.
3. Dirulaguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, betiere modalitate bakoitzerako ezarritako muga gainditu gabe.
4. Modalitate bakoitzean balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Gerta daiteke prozedura horren arabera dirulaguntza eskuratzen ahal duten proiektu guztien artetik azkenekoa finantzatzeko dagoen zenbateko erabilgarria txikiagoa izatea harentzat eskatutakoa baino. Horrelakoetan, proposatuko da dirulaguntza ematea, baldin haren kontzesioa efizientea bada, eta, kasu horretan, 11. oinarriko 2. puntuan ezarritakoa eginen da.
Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.
1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate onuradunari entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.
2. Baldin dirulaguntza proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako eskaeraren aurrekontua ez da txikiagoa izanen bi hauen arteko batura baino: proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, halakorik badago, hasieran aurreikusitako kofinantzaketaren zenbatekoa, modu homogeneoan (eskaeran ageri den kofinantzaketaren ehuneko bera mantenduko da).
Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.
1. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak.
2. Modalitate bakoitzerako ebazpen bat emanen da, honako hauek jasoko dituena: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, modalitatea, laguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, bai eta gainerako eskaeren ezespena ere, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala. Egokia ikusiz gero, ebazpen bakar batean bil liteke modalitate baten baino gehiagoren kontzesioa.
3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ezetsi egin direla ulertuko da.
Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta publizitatea.
Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate onuradunei, eta Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian argitaratuko da.
Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta, ziurtagiri digitalaren edo Cl@ve-ren bidez.
2. 2026. urteko dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, ordainketa bakar batean, dirulaguntzak emateko ebazpenaren ondotik.
3. C modalitaterako soilik: 2027ko dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, dirulaguntza osoa eta Nafarroako Gobernutik kanpo 2026an jaso duen ekarpena justifikatzeko txostena aurkeztu ondoren.
4. Hori guztia, gardentasun betebeharra bete ondoren, zeina ezarri baita bai hemezortzigarren oinarri arautzailean bai eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ere (foru dekretu horren bidez arautu egin ziren Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrak); hari helduko baitzaio Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoaren aurka ez doan orotan (azken horretan arautu ziren Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrak).
Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.
1. Esku-hartzea bukatu eta hilabete bateko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak). Txostena aurkeztea zailtzen duen inguruabarren bat gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera izanen du epe horren luzapena baimentzeko, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan xedatutakoarekin.
2. Urte anitzeko finantzaketaren kasuetan, eta 2027ko urtealdia ordaintze aldera, gauzatzeari buruzko txosten partzial bat aurkeztuko da, eredu ofizialean, 2027ko urtarrilaren 31 baino lehen, eta, harekin batera, gastuen frogagiriak, proiektuaren hasiera-datatik 2026ko abenduaren 31ra bitartekoak.
3. Txosten partzialak eta azken txostenak justifikazio-kontuaren itxura izanen dute, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko dira. Hurrengo elementu hauek jasoko dituzte:
a) Justifikazioaren txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.
b) Esku-hartzearen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera (https://www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak), egiaztapen iturriekin batera, hala badagokio.
Modalitate guztietarako: azken txosten teknikoarekin batera, agiri-fitxa bat aurkeztu beharko da, eredu ofizialaren araberakoa, Espainiako Lankidetzaren gaineko Kontu-emateen Adierazleei buruzkoa. Bertan jasoko da zer emaitza lortu diren Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) lotuta. Fitxa horren helburua da lankidetzan ari diren estatuko eragileei tresna bat eskaintzea kontu-emate osagarria egin dezaten.
c) Txosten ekonomikoa, erantsita esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txostena, Excel formatuan, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (https://www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:
–Esku-hartzearen gastuen kontua.
–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrerak, dirulaguntzak edo laguntzak, publikoak zein pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.
–Gastu guztien zerrenda, jardueraren eta gastu motaren arabera bereizita, barnean dela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez diren beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan.
d) Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiazta ditzan, zeinak laginen bidez berrikusten ahalko baititu. Egiaztagiriak fakturak izanen dira, edo, halakorik ezean, banku-laburpenak, ordainagiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo antzeko froga-balioa duten bestelako agiriak. Egiaztagiri horietan guztietan zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dira. Langileria gastuak justifikatzeko, aipatutakoez gainera aurkeztuko dira baita hilabeteko laburpenak ere, non zehaztuko baita proiektuari egotzitako pertsona bakoitzak zenbat ordu eman dituen eta zer jarduera gauzatu duen. Frogagiriekin batera, dagokien ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Egiazki egindako eta ordaindutako gastu moduan onartuko dira proiektuaren exekuzio epean sortutako pertsonal gastuen ordainagiriak (sortu ondotik ordaintzen direnenak), Gizarte Segurantzakoak eta PFEZaren atxikipenarenak, baldin eta ordainagiriak aurkezten badira behar den unean eta justifikazio kontuan sartzen badira.
Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; "Nafarroako Gobernuak finantzatua" testua; eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.
e) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa-gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.
f) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, finantzatutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.
4. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz besteko finantzaketarik bada, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia bat, zenbatekoa eta proiektua adierazita, baldin bestelako dirulaguntza publikoak badira. Nafarroako Gobernuaren finantzaketatik kanpoko ekarpen gisa onartutako balorizazioen kasuan, seigarren oinarriaren 6. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.
5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.
Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.
Entitate onuradunak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko hirugarrenak azpikontratatzen ahalko ditu; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %25 erabiltzen ahalko du, gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Esku-hartze jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari berariaz adieraztea esku-hartzearen hasiera-eguna, baldin dirulaguntza emateko ebazpenaren data baino lehenagokoa bada.
b) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Esku-hartzea gauzatzea larriki zailtzen edo aldatzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera du epe horren luzapena baimentzeko, jarraituta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritakoari.
c) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatzea eta edukitzea diruz lagundutako esku-hartzean funtsezko aldaketak egin ahal izateko, baldin proiektua gauzatu bitartean hura nabarmen aldarazten edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira, dela lurraldean, dela entitate onuradunaren egoitzan.
Funtsezko aldaketatzat hartuko dira, bakar-bakarrik, helburuak, emaitzak, xedeko populazioa, lurralde kokapena edo tokiko bazkidea aldatzen direnean, baita diruz lagundutako aurrekontuko partiden artean egiten diren aldaketak ere, baldin aldaketa horiekin emandako dirulaguntzaren %20 gainditzen bada guztira, edo, betiere, aldaketak 20.000 eurotik gorakoak direnean; edo guztirako kostua %10 edo gehiago murrizten denean, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz kanpoko ekarpena txikiagoa izan delako.
Baliabideak efizientziaz erabiltzeagatik soberakinik badago, barnean direla balizko finantza errendimenduak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearekin bat, ulertuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoari gehitzen zaizkiola, eta diruz lagundutako jardueran ere aplikatuko dira.
Horretarako, azken txostenean berariaz identifikatu beharko dira soberakin horiek (bai jatorria, bai aplikazioa). Nolanahi ere, soberakin horiek aplikatu beharko dira hasieran aurreikusitako jarduerak handitzeko edo jarduera berriak egiteko. Jarduera berriak badira, esku-hartzearen xedearekin zuzenean lotuta egon beharko dute.
Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela guztirako kostua handitzea, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik.
d) Komunikatzea zer dirulaguntza eskatu dituzten eta onartu zaizkien, eta zer zenbatekorekin, edozein erakunde publiko edo pribaturen aldetik, helburu bererako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.
e) Organo emaileari justifikatzea, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez, betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako jarduera egin dela eta, dirulaguntza zertarako eman den, helburu hori lortu dela. Justifikatutako zenbatekoa dirulaguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa-gutunaren bidez.
Betiere, pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.
f) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
g) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatze aldera.
h) Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde-lan idatzi edo grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan adierazi bezala. Logotipo horrek diru-laguntzaren entitate onuradunen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du. Nolanahi ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikuluan xedatutakoa bete beharko da; foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.
i) Edozein euskarritan erreproduzitzen ahal diren eta jendaurrean banatzeko, alokatzeko edo saltzeko diren mota guztietako materialak sortu edo argitaratuz gero, Lege Gordailuaren, Jabetza Intelektualaren eta ISBN-ISSNren eskakizunak bete beharko dira, bidezkoa denaren arabera.
j) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak nahiz kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarrian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezean, ulertuko da arau-hauste bat izan dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) letraren kontrakoa, hain zuzen.
k) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
l) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatutako kasuetan jasotzen diren funtsak itzultzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 8.2 artikuluan ezarritako ondorioekin, behar izanez gero. Foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.
m) C modalitaterako (Garapenerako hezkuntza, esparru formalean):
2027. urteko dirulaguntza ordaintzeko, entitate onuradunek, 2027ko urtarrilaren 31 baino lehen, tarteko txosten bat aurkeztu beharko dute, dirulaguntza osoa eta Nafarroako Gobernutik kanpo 2026. urtean jaso duten ekarpena justifikatzeko. Behar bezala arrazoituta lehen urteko luzapena eskatuz gero, luzapenaren gehieneko denbora kalkulatzeko, kontuan hartuko da exekuzioaren hasiera-data eta 2026ko abenduaren 31 bitartean igarotako denbora, eta, nolanahi ere, ezin izanen da luzatu 2026ko apirilaren 30etik aurrera. Instrukzio organoak txosten hori berrikusiko du eta 2027ko dirulaguntzaren ordainketa aurreratua izapidetuko du, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren eta haren exekuzio ekonomikoa egiaztatu ondoren.
Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Aipatutako 5/2018 Foru Legean ezarritako kasuak gertatzeagatik gardentasun betebeharrari lotuta dauden dirulaguntzen entitate onuradunek honako informazio hau eman beharko diote unitate kudeatzaileari, aldez aurretik errekerimendua eginda eta dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazten denetik hamar eguneko epean:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da telematikoki, Garapeneko Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalera zuzenduta. Horretarako, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen atarian dagoen deialdiaren fitxa erabiliko da, "TRAMITATU" aukeratuz (sarbidea eskura dago Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren web-orrian).
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, entitate onuradunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.
1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaindu daitezela eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.
2. Aurrekoa gorabehera, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa edo dirulaguntzaren azken ordainketatik gutxitu beharrekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.
3. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira, eta hauekiko proportzionalak izanen dira:
–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.
–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.
–C) modalitatearen (Garapenerako Hezkuntza, esparru formalean) azken justifikazioan edo justifikazio partzialean ez-betetze formal hutsak egiten direnean, kontuan hartuko da epea bukatu eta handik zenbat egunetara aurkeztu diren dokumentuak, eskala honen arabera:
- Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5era arteko diru-itzulketa.
- Lau egun baliodunetik seira bitarteko atzerapena: %50era arteko diru-itzulketa.
- Sei egun baliodunetik gorako atzerapena: %100era arteko diru-itzulketa.
4. Ez badira betetzen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak, haren 8.2 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio (foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen dibulgazioa egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako).
5. Aurreko ataletan xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.
Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.
2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.
Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, aplikatzekoak izanen dira Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen xedapenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenak.
II. ERANSKINA
1.–A modalitaterako balorazio irizpideak: Sentsibilizazio ekintzak.
a) Erakundeen egokitasuna (200 puntu arte).
a.1) Nafarroan duen ezarpena eta gaitasun operatiboa (170 puntu arte):
–Sentsibilizazio lana dokumentu estrategikoetan txertatzea (20 puntu arte).
–Garapenerako hezkuntzako eta sentsibilizazioko jarduketak (40 puntu arte).
–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu arte).
–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu arte).
–Elkartean bildutako entitate kopurua (20 puntu arte).
a.2) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu arte).
Entitateen elkarteen kasuan, hori dena elkartearen ordezkariarentzat baloratuko da; elkartea hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin, batasuna 4 entitatek edo gehiagok osatzen badute, 200 puntu arte, gehienez ere.
b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (800 puntu arte).
b.1) Xede-populazioa: hautatzeko irizpideak, ezaugarriak, kuantifikazioa, zein herritan esku hartzen den (50 puntu arte).
b.2) Lankidetzarako beste eragile batzuekiko eta eragile sozialekiko koordinazioa (25 puntu arte).
b.3) Esku-hartzearen barne koherentzia (200 puntu arte):
–Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu arte).
–Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).
–Proiektuaren exekuzioan aipatzen diren entitate publiko eta pribatuen abalak (25 puntu arte).
–Arriskuen eta kanpoko faktoreen analisia (25 puntu arte).
b.4) Metodologia (125 puntu arte):
–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).
–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (75 puntu arte).
b.5) Edukiaren egokitasuna (125 puntu arte):
–Nola egokitzen den eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegietara (50 puntu arte).
–Nola egokitzen zaion deialdiaren xedeari, eta edukiaren analisi orokorra (75 puntu arte).
b.6) Baliabideak (175 puntu arte):
–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (75 puntu arte).
–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren partida bakoitzaren beharra (100 puntu arte).
b.7) Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu arte):
–Ebaluaziora bideratutako jarraipen sistema (15 puntu arte).
–Ebaluazio-matrizea (20 puntu arte).
–Analisi- eta ikerketa-teknikak (10 puntu arte).
–Lan plana (kronograma) (5 puntu gehienez).
b.8) Esku-hartzearen baterako finantzaketa. Bakar-bakarrik baloratuko dira eskaeraren eguna baino lehenago emandako beste ekarpen batzuk eta, betiere, egiaztatuta badaude ebazpen irmo baten bidez edo ekarpen pribatua bermatzen duen agiri baten bidez. (25 puntu gehienez).
b.9) Trinkotasun eta sendotasun orokorra (25 puntu gehienez).
2.–B eta C modalitateak baloratzeko irizpideak: Garapenerako hezkuntza proiektuak.
a) Erakundeen egokitasuna (200 puntu arte).
a.1) GGKEetarako:
a.1.1) Nafarroan duen ezarpena eta gaitasun operatiboa (135 puntu arte):
–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (50 puntu arte).
–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (25 puntu arte).
–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu arte).
a.1.2) Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (35 puntu arte).
a.1.3) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu arte).
Entitateen elkarteen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta lau entitatek edo gehiagok osatzen badute, 1,4rekin, 200 puntu arte, gehienez ere.
a.2) Unibertsitateentzat:
a.2.1) Ahalmen operatiboa (100 puntu arte):
–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (70 puntu arte).
–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu arte).
a.2.2) Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (70 puntu arte).
A.2.3) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu arte).
b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (800 puntu arte).
b.1) Xede-populazioa: hautatzeko irizpideak; ezaugarriak, zenbatzea, eragin biderkatzailea, zein herritan esku hartzen den (50 puntu arte).
b.2) Esku-hartzearen barne koherentzia (175 puntu arte):
–Helburuen analisia, ikaskuntzaren emaitzak (ezagupenak, jarrerak, trebetasunak) eta jarduerak (100 puntu arte).
–Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna eta zehaztasuna (40 puntu arte).
–Arriskuen edo kanpoko faktoreen analisia (35 puntu arte).
b.3) Metodologia (100 puntu arte):
–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).
–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (50 puntu arte).
b.4) Edukiaren egokitasuna (150 puntu arte):
–Nola egokitzen den eranskin honen 3. ataleko zeharkako ikuspegietara (50 puntu arte).
–Proposamenaren edukiaren analisia (100 puntu arte).
- Irakasle, monitore, hezitzaile eta hezkuntzako beste eragile batzuen prestakuntza eta aholkularitza (20 puntu arte).
- Urteko edo ikasturteko lan etengabea (20 puntu arte).
- Proposamena nola txertatzen den ikastetxearen edo esparru ez-formaleko entitatearen programan (20 puntu arte).
- Laguntza teknikoa eta aholkularitza exekuzioan (20 puntu arte).
- Hedadura komunitatean (20 puntu arte).
b.5) Baliabideak (175 puntu arte):
–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (75 puntu arte).
–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren partida bakoitzaren beharra (100 puntu arte).
b.6) Sareko lana eta koordinazioa (50 puntu arte).
b.7) Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu arte):
–Ebaluaziora bideratutako jarraipen sistema (15 puntu arte).
–Ebaluazio-matrizea (20 puntu arte).
–Analisi- eta ikerketa-teknikak (10 puntu arte).
–Lan plana (kronograma) (5 puntu gehienez).
b.8) Esku-hartzearen baterako finantzaketa: (25 puntu arte) Bakar-bakarrik baloratuko dira eskaeraren eguna baino lehenago emandako beste ekarpen batzuk eta, betiere, egiaztatuta badaude ebazpen irmo baten bidez edo ekarpen pribatua bermatzen duen agiri baten bidez.
b.9) Trinkotasun eta sendotasun orokorra (25 puntu gehienez).
Baldin Nafarroako Gobernuak esku-hartzea finantzatu badu azken bi urteetako batean, harekin jarraitzea egoki den edo ez baloratuko da. Horretarako, kontuan hartuko da zenbat exekutatu den (ehunekotan) eta, beste proiektu baten jarraipena denean, zenbat denbora igaro den hura ebatzi zen egunetik egungo deialdiaren data arte. Emaitza positiboa baldin bada, 1,05ekin biderkatuko da b atalean lortutako puntuazioa, gehienez ere 800 puntura arte.
3.–Zeharkako ikuspegiak.
Zeharkako lehentasunak:
1. Genero ikuspegia: konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin eta generoan oinarritutako diskriminazioaren aurkako borrokarekin. Diagnostikoan genero-desberdintasunak identifikatzea. Horiek zuzentzeko lana planifikatzea (helburuak, emaitzak, jarduerak, adierazleak), hala gizarte arloan (genero-rolei buruzko kontzientziazioa, prestakuntza, elkarrizketa eta negoziazioa) nola arlo ekonomikoan, eta eskubide zibil eta politikoei dagokienez. Horrela, bada, sustatuko da emakumeek parte har dezaten erabakiak hartzeko eta elkarrizketa politikoko prozesuetan. Baloratzea zer ondorio dituzten planifikatutako ekintzek eta genero-berdintasunaren ardura duten erakundeekiko koordinazioak gizonezkoengan eta emakumezkoengan. Era berean, genero ikuspegia txertatu izana proiektuetan eta GGKEaren estrategia instituzionalean berean.
2. Giza eskubideetan oinarrituriko ikusmoldea. Giza eskubide guztien unibertsaltasunetik, zatiezintasunetik eta interdependentziatik abiatzen da –eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak, indibidualak eta kolektiboak–, eta nazioarteko itunetan aitortutako eskubideen bermean du oinarri. Pertsonen konpetentziak indartzea, beren eskubideak zein diren jakin dezaten eta eskubideak exijitzeko gaitasuna izan dezaten; eta, halaber, erakundeen konpetentziak indartzea, giza eskubideak bermatu, sustatu eta babes ditzaten. Era berean, baztertutako eta zokoratutako gizataldeen eskubideak lortzea du ardatz, bat etorriz Agenda 2030 ekintza planaren goiburu nagusiarekin: "Inor atzean ez utzi". Ikuspuntu honek bere-berea du pertsonen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen gaitasunak indartzea, gobernantza demokratikoko esparru batean (gobernu ona), eta maila guztietan.
3. Aniztasun kulturala: aniztasun kulturala errespetatzea giza eskubideak kontuan harturik zaindu beharreko aberastasuna da, eta garrantzi berezia ematen zaio herrien ondare materiala eta immateriala babesteari. Plangintza bideratzeko (diagnostikoa, helburuak, emaitzak, jarduerak), faktore sozialak, ekonomikoak eta politikoak aztertu behar dira, herrien eta kulturen artean desberdintasunak edota gatazkak sortzen dituztenak. Horrez gain, pertsonak partaide eginen dira, eta sustatuko da bai kulturen arteko elkarrizketa bai sareak sortzea gizarte zibilean. Herri indigenei eta afrikarren ondorengoei dagokienez, ekitatea lotzen da, batetik, giza eskubideekin, pertsona horien parte-hartze politiko osoa eta eraginkorra lortzera bideratutako prozesuetan, eta, bestetik, jabetza intelektualeko eskubideen, ondarearen eta kultura aniztasunaren defentsarekin. Haien baldintzak bereziak direnez, protagonismo handia dute biodibertsitate kulturalaren defentsan eta ingurumenaren babesean. Era berean, desberdintasun arrakalen eraginez, taldeok ahulezia sozial eta ekonomikoan daude.
4. Ingurumen arloko jasangarritasuna: horrek esan nahi du esku-hartzeek baliabide naturalak errespetatuko dituztela, eta saihestuko dutela aurrerapenak eta garapenak ingurumena degrada dezaten; horrela, oraingo beharrak aseko dira, baina kinka larrian jarri gabe etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko ahalmena. Bereziki garrantzitsua izanen da, batetik, ingurumen inpaktuari buruzko azterketa bat sartzea –identifikatutako ingurumen inpaktu negatiboak saihesteko edo minimizatzeko– eta, bestetik, neurri zuzentzaile egokiak aplikatzea, bai eta klima-aldaketak esku-hartzeen jasangarritasunean izan ditzakeen eraginak arintzeko mekanismoak txertatzea ere (basoberritzea, baso-soiltzea saihestea, uraren zikloaren kudeaketa jasangarria, eraikuntza bioklimatikoa, konpostatzea, etab.) eta, halaber, ingurumen arloko jasangarritasunari buruzko prebentzio eta prestakuntza jarduerak sartzea (gutxitzea, birziklatzea edo berrerabiltzea, hondakin gutxiago sor daitezen).
Iragarkiaren kodea: F2603908
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
