62. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Ordenantza, Jubiloteka Programa arautzen duena. Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2025eko azaroaren 27ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Jubiloteka Programa arautzen duen ordenantza, kontziliaziorako eta atseden hartzeko tresna izan dadin zaintzaileentzat, gehienetan emakumeak izaten baitira, eta udal-praktikan zaintzaren kudeaketari erantzuteko.

Iragarki hori argitaratu zen 2025eko 254. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 23an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Atarrabian, 2026ko otsailaren 24an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

JUBILOTEKA PROGRAMA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA, KONTZILIAZIORAKO ETA ATSEDEN HARTZEKO TRESNA IZAN DADIN ZAINTZAILEENTZAT, GEHIENETAN EMAKUMEAK, ETA UDAL PRAKTIKAN ZAINTZAREN KUDEAKETARI ERANTZUTEKO

ZIOEN AZALPENA

2009an, Atarrabiako Udala Jubiloteka Programa zerbitzua ematen hasi zitzaien mendekotasun arina edo moderatua zuten adinekoei, arreta eta estimulazio fisikoa, psikologikoa eta soziala eskaintzeko. Programak, aldi berean, atseden hartzeko aukera ematen die zaintzaile nagusiei edo familia zaintzaileari. Proiektua bi helburu zituen aldi baterako baliabide gisa planteatu zen. Lehenbiziko helburua erabiltzaileen familiei edo zaintzaileei bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzen laguntzea da, eta bigarrena, berriz, Jubilotekara joaten diren pertsonen narriadura arina edo moderatua atzeratzea.

Ordenantza honek hiru titulu, xedapen iragankor bat, azken xedapen bat eta hiru eranskin ditu.

LEHENBIZIKO TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea Jubiloteka Programa arautzea da. Programa horren helburu nagusia da zaintzaileek (batez ere emakumeak izaten dira) eta adinekoak dituzten familiek bizitza pertsonala, lana eta familia uztartu ahal izatea.

Jubiloteka Programa topaketarako, aisia aktiborako eta gizarte-harremanetarako gunea ere bada, eta autonomia pertsonala, mendekotasunaren prebentzioa eta pertsonak ingurunean mantentzea sustatzen ditu.

Bitarteko laguntza baliabide ez-finalista da, adinekoen –agente aktibo gisa– parte-hartzea eta gizarte integrazioa sustatzeko eta isolamendu soziala eta/edo bakardadea saihesteko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua eta zerbitzua erabiltzeko baldintzak.

1. Ordenantza hau Atarrabiako Udalaren Jubiloteka Programaren zerbitzua jasotzen duten pertsonei aplikatuko zaie. Programaren hartzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Mendekotasun moderatuaren balorazioa egiaztatzen duten pertsonak, Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna duten pertsonei kasu egiteko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutakoari jarraituz.

–Mendekotasunaren balorazioa eskatu ez badu edo oraindik ez badu egiaztatu zer mendekotasun-maila duen, adierazle hauek hartuko dira kontuan:

1.–65 urtetik gorakoa izatea edo aribideko urtean betetzea, betiere mendekotasunik izan gabe hauskortasun-zantzuak baditu, eta desgaitasuna duen 60 urtetik gorakoa izatea.

2.–Mugitzeko autonomia izatea eta Jubiloteka Programan proposatzen diren jarduerak jarraitzeko gaitasuna izatea.

3.–Esfinterrak kontrolatu ahal izatea.

4.–Pertsona autonomoa izanik ere, zerbitzura jotzeko behar soziala izatea.

5.–Salbuespen gisa, eta betiere irizpide teknikoei jarraituz, gizarte-txostenaren arabera garapen pertsonal eta familiarrerako onuragarri eta egokitzat jotzen den pertsonak. Gainera, zaintzaile nagusiaren egoera, arreta eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko duen beharra hartuko dira kontuan.

Atarrabiako Udaleko Berdintasun Alorrak eta Gizarte Zerbitzuen Alorrak alderdi horien aldeko txostena egin beharko dute.

Zerbitzuaren onuradun izan daitezke Atarrabian erroldatutako pertsonak, eta, plaza hutsik badago, Ezkabarteko Udalean eta Olaibarren erroldatutako pertsonak, sinatzen den hitzarmenean zehazten diren baldintzei jarraikiz. Dagokion udal erroldan izena emanda daudela egiaztatu behar dute.

3. artikulua. Administrazio eskuduna.

Jubiloteka Programa antolatzea eta kudeatzea Berdintasun Alorrari dagokio, Atarrabiako Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin koordinatuta. Halaber, Atarrabiako osasun etxearekin ere elkarlanean arituko da, parte-hartzaileen osasun egoera ezagutzeko eta zerbitzua adinekoarendako egokia den baloratzeko.

4. artikulua. Tokia.

Udalaren lokal batean emanen da zerbitzua; hain zuzen ere, erretirodunen zentroko bigarren solairuan. Zerbitzua beste lokal batean ematen ahalko da, baldin eta helburua erabilera optimizatzea eta sortzen diren beharrei erantzutea bada.

Zerbitzuaren gehieneko edukiera lokalaren baldintzen eta kontratatutako langileen araberakoa izanen da.

BIGARREN TITULUA.–ZERBITZUA ESKATZEKO PROZEDURA KUDEATZEKO ARAUAK

5. artikulua. Eskabidea.

Jubiloteka Programan parte hartzeko interesa dutenek Atarrabiako Udalean eskatu eta erregistratu beharko dute. Horretarako, eskabide eredu bat bete beharko dute (I. eranskina), Herritarrei Arreta Emateko Bulegoan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eta Atarrabiako Udalaren webgunean eskuragarri egonen dena.

Jubiloteka Programan parte hartzeko eskabideak idatziz eginen dira, emandako eredu ofizialaren arabera.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, osasun etxeak eta Jubilotekaren Zentroak berak behar besteko informazioa eta orientazioa emanen diete eskatzaileei eskabide hori bete eta tramitatzeko.

Eskabideekin batera, interesdunek 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte.

Beraz, eskabidearekin batera ondoko agiriok ere aurkeztu beharko dira:

1. Eskatzailearen NANaren fotokopia.

2. Eskatzailearen bizikidetzako ziurtagiria, erroldakoa, Udalak emana.

3. Eskatzailearen eta familia unitateko kideen azken ekitaldiko PFEZaren aitorpenaren fotokopia, hura egitera beharturik baldin badago. PFEZaren aitorpena aurkeztera beharturik ez baldin badago, hori hala dela frogatzen duen ziurtagiria eta jasotzen dituen diru-sarreren egiaztagiria.

4. Mendekotasunaren balorazioaren egiaztagiria, 26. artikuluan xedatutakoaren arabera. Mendekotasun mailak Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei kasu egiteko 39/2006 Legearen arabera.

5. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

6. artikulua. Balorazio teknikoa.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak egiaztatuko du baldintzak betetzen ote diren; haren egokitasuna baloratuko du, eta balorazio horretarako beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatu ahalko du.

7. artikulua. Itxarote zerrenda.

Itxarote zerrenda bat eratuko da plaza librerik ez geratzeagatik baliabidea aldi baterako eskuratu ez duten pertsonekin, betiere eskabidea aurkeztu eta baldintza guztiak betetzen badituzte. Itxarote zerrendako ordena eskabidearen sarrera dataren araberakoa izanen da, baldin eta profesionalek egokitzat jotzen badute zerbitzua.

8. artikulua. Onartzeko, ukatzeko edo itxarote zerrendan sartzeko ebazpena.

Alkateak onartzeko, ukatzeko edo itxarote zerrendan sartzeko ebazpena emanen du. Gehienez ere hamar eguneko epean jakinaraziko zaio interesdunari edo haren legezko ordezkariari.

Ebazpena zerbitzuan onartzeari buruzkoa bada, prezio publikoaren zenbatekoa adieraziko da, autonomiaren sustapeneko eta menpekotasunaren prebentzioko zerbitzua erabiltzeagatik dagokien prezio publikoei buruzko 3. arauari jarraikiz, baita zerbitzuari noiz ekinen zaion ere.

Emakida denbora mugarik gabe eginen da, betiere ezarritako baldintzak betetzen badira. Jubiloteka zerbitzuaz arduratzen diren alorrek (berdintasun teknikaria, Autonomia Programako teknikariak, osasun-zentroko teknikariak eta Jubilotekaren hezitzaile arduraduna) aldizkako jarraipen, ebaluazio eta koordinazioko bilerak izanen dituzte, eta kasuz kasu berrikusiko dute hasiera batean baliabidea justifikatu zuten baldintzak mantentzen diren eta unean-unean eskatutako baldintzak betetzen ote diren.

9. artikulua. Ordaindu beharra.

Ordaintzeko betebeharra zerbitzua hasten den egunean sortzen da. Data hori aipatutako zerbitzuaren emakida onartzen duen alkatetzaren ebazpenean adieraziko da.

10. artikulua. Prezio publikoa.

Zerbitzua erabiltzeagatik aplikatu beharreko prezio publikoa autonomia sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko zerbitzua erabiltzeagatiko prezio publikoei buruzko 3. arauan ezarritakoa izanen da.

Etxez etxeko arreta-zerbitzua eta Jubiloteka zerbitzua emateagatik dagokien prezio publikoei buruzko 1. arauak zehaztuko du zer prezio publiko aplikatu behar den autonomia sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko zerbitzua erabiltzeagatik.

Prezio publikoa ordainduko da hilero kargua helbideratuta eskabidean emandako kontu zenbakian.

Prezio publikoa hilabete hondarrean ordainduko da, hilabete osoa ordainduz; hamabost eguneko probaldia iragan eta zerbitzuak baloratzen badu baliabide hori ez dela egokia pertsonarendako, hamabostaldi hori bakarrik kobratuko zaio.

Prezio publikoaren kargua hilabete bakoitzaren lehenbiziko bost egunetan kobratuko da.

11. artikulua. Probaldia.

Hamabost eguneko probaldia ezarriko da. Probaldi horretan, Jubiloteka Zerbitzuaren ardura duen udal alorrak egokitasuna baloratuko du, Jubilotekako hezitzaileek emandako informazioan oinarrituta.

Baliabidea desegokitzat jotzen bada, Jubilotekaren ardura duen udal alorrak, Gizarte Zerbitzuekin koordinatuta, hori arrazoitzeko txostena emanen du.

Txosten hori nahitaezkoa eta loteslea izanen da alkatetzarentzat, eta hiru egun izanen ditu, gehienez ere, probaldia ez gainditzeari buruzko ebazpena emateko.

12. artikulua. Baliabidea desegokitzat emateko irizpideak.

1. Erabiltzailearen ohiko portaerak kalte egiten dio taldearen dinamikari.

2. Begiraleei eta/edo zerbitzuko beste erabiltzaile batzuei errespetua galtzea.

3. Egunean zehar egiten diren jardueretako bi gutxienez ez egitea edo ez aprobetxatzea.

4. Hirugarren pertsona bat behar izatea komunera joateko edo zerbitzuan mugitzeko.

5. Begiraleek erabiltzailea etengabe zaindu behar izatea, bere buruari edo zerbitzuko beste erabiltzaile batzuei arriskurik eragin ez diezaien.

6. Materialak behar ez bezala erabiltzea.

7. Zerbitzura joateak edo bertan egoteak ezongia, urduritasuna, antsietatea eta/edo estresa eragitea erabiltzaileari.

8. Higienea ez zaintzea.

9. Mendekotasun larriaren edo mendekotasun maila handiaren balorazioa izatea.

10. Jubiloteka Programan egiten diren jardueretan eta/edo lanetan etengabe gainbegiratu behar izatea.

Balorazioa: hamar irizpide horietatik gutxienez hiru betetzen badira, esan nahi du zerbitzua ez dela erabiltzailearendako baliabide egokia, eta, beraz, baja emanen zaio ofizioz.

Atarrabiako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak laguntza eskainiko du erabiltzailearentzat eta haren senideentzat edo zaintzaile nagusientzat egokia den baliabidea kudeatzeko.

Gizarte zerbitzu orokorren zorroa. 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena, martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuaren bidez eguneratua (2019ko apirilaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 75. zk.).

13. artikulua. Tokia gordetzeko araubidea.

Ospitaleratzeagatik, eri egoteagatik, oporrengatik edo beste inguruabar pertsonal batzuengatik hutsegite justifikatuak gertatzen badira, hilabete osoa kobratuko da hura akitzean. Hilabetetik gorako hutsegite justifikatuak daudenean, plaza gordetzeko eskatu ahalko da. Kasu horretan, ezarritako kuotaren % 100 aplikatuko da. Orobat, hutsegite justifikatua hiru hilabetetik gorakoa denean, Atarrabiako Udalak ahalmena izanen du plaza kentzeko, gordetzeko inolako aukerarik eman gabe.

Hutsegitea justifikatzen ez bada, Atarrabiako Udalak ahalmena izanen du plaza kentzeko, araudi honen 14. artikuluari jarraituz.

Jubilotekako begiraleak hilero emanen dio zerbitzuko arduradunari parte-hartzaileen bertaratzeen eta hutsegiteen berri. Informazio hori hilaren 5a baino lehen eman beharko da.

14. artikulua. Azkentzea edo etetea.

Honako kasu hauetan azkenduko da zerbitzua:

1. Interesdunak hala nahi izatea, erregistro bidez idatziz jakinarazita.

2. Probaldia ez gainditzeagatik.

3. Bizikidetza ezinezkoa denean Jubilotekako gainerako erabiltzaileekin.

4. Urtean 30 egun natural baino gehiago huts egitea, borondatez eta justifikatu gabe.

5. Jarraian bi hilabetetik gora huts egitea, borondatez eta justifikatuta.

6. Jubilotekako erabiltzailearen mendekotasun maila handitzea (mendekotasun larria edo mendekotasun handia), eta, horren ondorioz, bere eta taldearen premiei erantzun ezin izatea.

7. Bi kuota ez ordaintzea.

8. Barne araudi hau ez betetzea.

9. Plaza bat eskatzeko espediente administratiboko datuak nahita faltsutzea, erabat jakinaren gainean.

10. Bere egoeran izandako aldaketak ez jakinaraztea.

11. Erabiltzailearen egoera sozio-sanitarioa aldatzea, haren egoera fisiko/psikikoa okerragotuz, eta, ondorioz, zentroan ezinezkoa bada hari laguntzea.

12. Beste zerbitzu batera lekualdatzea.

13. Erabiltzailea hiltzea.

15. artikulua. Azkentzeagatiko eta eteteagatiko baja izapidetzea.

Zerbitzuan baja emateko, Gizarte Zerbitzuek edo zerbitzu horretako teknikari arduradunak agiri bat sinatu beharko du; agiri horretan, erabiltzaileari dagozkion datuak eta baja emateko arrazoiak azalduko dira, baita zerbitzua emateari utziko den eguna ere. Txosten teknikoa dagokion zerbitzuak baliabidea desegokitzat emateko unean-unean ezartzen dituen irizpideekin bat etorriz eginen da.

Alkatetzak emanen du baja emateko ebazpena, eta honako hauek jasoko dira bertan: arrazoia, ondorioetarako data eta, zerbitzua erabiltzeagatik zorrik balego, zor den zenbatekoa.

16. artikulua. Tasaren kudeaketa baja gertatzen denean.

Azkentzea gertatzen denean, ordainketa honela eginen da:

–Baja gertatzen den hilabetea osorik kobratuko da.

–Probaldian, azkentzea gertatzen bada teknikari arduradunek zerbitzuaren egokitasuna baloratu ondoren proposaturik, hamabostaldi hori bakarrik kobratuko da.

17. artikulua. Tarifa.

Jubiloteka zerbitzua erabiltzeko tarifa dagokion prezio publikoen ordenantza fiskalean jasotakoa izanen da.

HIRUGARREN TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

18. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

A) Arau-hausteak.

–Arau-hauste arinak:

  • Bizikidetzaren eta elkarrekiko errespetuaren arauak urratzea, Jubilotekan egonezina sortuz.
  • Jubilotekako instalazioak eta baliabideak modu desegokian erabiltzea edo jarduerak nahastea.
  • Erabiltzaileekin eta/edo Jubilotekako langileekin liskarrak eta edozein motatako borrokak sustatzea eta horietan parte hartzea, betiere hirugarrenei kalte larririk eragiten ez bazaie.
  • Jubilotekako erabiltzaileei edo bertako langileei errespetua galtzea.

–Arau-hauste larriak.

  • Hutsegite arinen errepika.
  • Bizikidetzako arauak ohikotasunez eta beti urratzea, Jubilotekan egonezina sortuz.
  • Jubilotekatik alde egitea, langileek aldez aurretik baimenik eman gabe.
  • Jubilotekako, beste erabiltzaile batzuen edo Jubilotekako langileen edozein motatako ondasunak ebastea edo nahita hondatzea.
  • Zerbitzuaren ordainketa hilabetez atzeratzea, bidezko arrazoirik gabe.
  • Jubilotekako erabiltzaileei edo bertako langileei errespetua behin eta berriz galtzea.
  • Jubilotekak baimendu gabeko gailuak edo tresnak erabiltzea.
  • Edozein prestazio edo zerbitzu jasotzeari buruzko datuak edo inguruabar pertsonal eta ekonomikoekin lotutakoak ezkutatzea edo gezurrezko datuak ematea.
  • Higienea eta garbitasuna ez zaintzea.

–Arau-hauste oso larriak:

  • Falta larriak errepikatzea.
  • Beste erabiltzaile batzuei edo Jubilotekako langileei eraso fisikoa egitea edo tratu txarrak ematea.
  • Kuotaren ordainketa bi hilabetez atzeratzea, bidezko arrazoirik gabe.
  • Jubilotekara joanen ez dela ez jakinaraztea, hamabost egun baino gehiago egon behar bada kanpoan.
  • Aitorpenak faltsutzea edo ezkutatzea edo datu okerrak ematea, erabiltzaile izaeraren inguruan garrantzizkoak direnean.
  • Normalean mozkor agertzea, horrek bizikidetza kaltetzen badu.

B) Zehapenak.

Izan litezkeen bestelako erantzukizunak deusetan galarazi gabe, zehapenak ezartzen ahalko zaizkie aurreko zenbakian aipatutako hutsegiteetako bat egiten duten erabiltzaileei. Hona hemen zehapen horiek:

–Arau-hauste arinengatik:

  • Ahozko kargu-hartzea era pribatuan.
  • Banakako kargu-hartzea, idatziz.
  • Jubilotekako jardueretara joateko eta horietan parte hartzeko eskubideak etetea, 15 egunetik bi hilabetera bitartean.

–Arau-hauste larriengatik:

  • Eskubideak etetea, gehienez ere sei hilabetez.
  • Zerbitzu ludikoetan eta Jubilotekako jardueretan parte hartzeko eskubidea debekatzea, gehienez sei hilabetez.

–Arau-hauste oso larriengatik:

  • Zerbizua erabiltzeko eskubideak etetea, gutxienez ere sei hilabetez eta gehienez ere bi urtez.
  • Jubilotekako erabiltzaile izaera behin betiko galtzea.

C) Zehapenak ezartzea.

1.–Arau-hauste arin, larri eta oso larriengatiko zehapenak Alkatetzak ezarriko ditu, dagokion zehapen-espedientearen bidez, eta erabiltzaileari ezarritako zehapenaren aurka jartzen ahal dituen errekurtsoak jakinaraziko dizkio, dagokion errekurtsoa jarri ahal izateko, nahi izanez gero.

2.–Erabiltzaileen edo Jubilotekako langileen osotasun fisikorako berehalako arriskua dagoen kasuetan, arduradunak egokitzat jotzen dituen kautelazko neurriak hartuko ditu, eta berehala jakinaraziko die Jubilotekaren jarraipenaz arduratzen diren udal langileei.

D) Zehapenen preskripzioa:

1.–Arau-hauste arinak bi hilabete iraganda preskribatuko dira.

2.–Arau-hauste larriak lau hilabete iraganda preskribatuko dira.

3.–Arau-hauste oso larriak sei hilabete iraganda preskribatuko dira.

Preskripzioa hasteko epea arau-haustea noiz egin den, egun horretatik hasiko da kontatzen.

Preskripzio epea eten eginen da erabiltzaileak diziplinazko espedientearen hasieraren eta instruktorearen izendapenaren jakinarazpena jasotzen duenean. Espedientea pertsonaren borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik geldiarazten bada, eta 60 egun igarota berriz hasi ez bada, preskripzio epea zenbatzen jarraituko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor hau indarrean sartzen den egunean zerbitzua jasotzen ari diren pertsonek zerbitzua jasotzen jarraituko dute, zerbitzua emateko eskubidea eteteari eta azkentzeari buruz ordenantza honen 13. artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe. Jubiloteka Programaren ardura duen udal alorrak, behar izanez gero, ordenantza berrian jasotakoa betetzeko dagokion dokumentazioa eskatuko du.

AZKEN XEDAPENA.–INDARREAN SARTZEA

Arau hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA (DOC)

Eskuragarri udalaren webgunean (www.villava.es/eu/), HABn eta Gizarte Zerbitzuetan.

II. ERANSKINA.–PREZIOAK

Urtero ezarriko dira dagokion prezio publikoen ordenantzan, eta udalaren webgunean kontsultatzen ahalko dira (www.villava.es/eu/).

III. ERANSKINA.–TRANSFERENTZIA BIDEZ ORDAINTZEKO ESKABIDEA

Eskuragarri udalaren webgunean (www.villava.es/eu/), HABn eta Gizarte Zerbitzuetan.

Iragarkiaren kodea: L2602975