62. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Publizitateari buruzko udal-ordenantzaren aldaketa behin betiko onestea

Galarko Udalaren 2025eko abenduaren 12ko osoko bilkurak hasierako onespena eman zion publizitateari buruzko udal-ordenantza aldatzeari.

Hasierako onespenaren erabakia urtarrilaren 9an argitaratu zen, 2026ko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Jendaurrean ikusgai egon den aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Ordenantzaren aldaketa hori behin betiko onartu da eta egindako aldaketak jasotzen dituen testu bategina argitaratu da.

Aplikatzekoa den araudia: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua.

Getze Galarren, 2026ko martxoaren 11n.–Alkatea, Óscar Amóztegui Recalde.

PUBLIZITATEARI BURUZKO UDAL-ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da udal-jabari publikotik ikus daitezkeen titulartasun publikoko edo jabetza publikoko edo jabetza pribatuko ondasunetan publizitate-jarduerak egiteko baldintzak, prozedura eta zehapenak arautzea.

2. artikulua. Ordenantzaren ondorioetarako, publizitatetzat hartzen da jendearen artean jarduera sozial, politiko, sindikal, kultural, profesional, kirol arloko edo ekonomikoren bat edo kontsumorako produktu edo zerbitzuren bat ezagutarazteko egiten den ekintza oro.

3. artikulua. Publizitate-jarduera honako bide hauetakoren baten bidez egiten ahalko da:

–Hesiak: publizitate-mezuak igortzeko erabil daitekeen edozein instalazio geometriko.

–Errotuluak: kokatuta dauden lokalen edo instalazioen izena, jarduera eta funtzionamendua ezagutzeko publizitate-euskarriak.

–Kartelak eta pankartak.

–Hiri-altzarietako publizitatea: bide publikoan dauden elementuak publizitaterako erabiltzea.

–Publizitate mugikorra: publizitatea egiteko edozein elementu (ibilgailuak, aireontziak, etab.).

–Beste bitarteko batzuk: publizitatea egiteko beste edozein bide, hala nola propaganda idatzia, ahozkoa edo megafonikoa banatzea, modu pertsonalean edo indibidualizatuan.

4. artikulua. Ez da publizitate-hesirik paratzeko baimenik emanen toki eta baldintza hauetan:

1. Eraikin katalogatuetan, ez eta haien ondoan ere, baldin eta babespeko eraikina behar bezala begietsi ezin bada.

2. Hiriko plaza, parke eta berdegune guztietan.

3. Higiezinetako jabeei argia edo ikuspegia mugatzen zaien tokietan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioko 403. legearekin bat.

4. Errepide nahiz espaloietan, eta ibilgailuen zein oinezkoen zirkulazioa galaraz dezakeen beste edozein tokitan. Espaloirik gabeko tokietan, galtzadaren bi aldeetan hiru metrora. Hori guztia, Nafarroako Errepideen Foru Legeak udalerriko errepideetarako ezartzen dituen mugak galarazi gabe.

5. Hesiek ezin dute gainditu gertuen dagoen eraikineko beheko solairuaren altuera. Eraikuntzarik ez bada, ez dute bost metroko altuera gaindituko, sestratik neurtuta. Eraikinik gabeko tokietan, sestratik hesiaren beheko ertzera ez dira egonen bi metro baino gutxiago.

Publizitate-elementu bereziek, hala nola banderatxo, totem eta abarrek, hesiei ezarritako gehieneko altuera beteko dute.

6. Obra-itxituretan publizitate-hesiak paratzeko baimena emanen da, baldin eta itxiturari atxikitzen bazaizkio.

7. Hutsik edo beheko solairuetan dauden merkataritza-lokalen itxituretako hesiak erabat kokatu behar dira eraikuntza-proiektuan zehaztutako lokaleko hutsuneen barnean.

8. Lurgaineko erabilera publikorako zortasuna duten ondasun pribatuetan ez da publizitate-hesirik paratuko, baldin eta oztopatzen badu zortasuna ezartzea justifikatu zuen erabilera publikoa.

5. artikulua. Jabetza pribatuko ondasunetan hesiak jartzeko, udalaren aldez aurreko baimena beharko da. Udalak administrazio-emakida bidez utziko du publizitate-hesiak jartzen udal-titulartasuneko ondasunetan.

6. artikulua. Udalerri honetan bide publikotik ikus daitezkeen kartel eta iragarki argitsuak jartzeko, aldez aurretik lizentzia beharko da, eta ordenantza honetako zehaztapenen arabera emanen da.

7. artikulua. Ezin da errotulu, kartel edo plakarik jarri, baldin eta beren forma, kolore, marrazki edo inskripzioengatik trafiko-seinaleekin nahas badaitezke, haiek ikustea eragozten badute edo gidariak itsutzen badituzte. Ezta iragarki islatzailerik edo material erregaiekin eginik ere basoetan edo landaretza ugariko eremuetan.

8. artikulua. Hiri-altzarietako publizitatea.

Zerbitzu publikoren bat ematen duten instalazioetan, elementu hauetan baino ez da onartuko publizitatea:

a) Zakarrontzi, farol eta publizitate-mugarrietan.

b) Erloju, termometro edo bestelako informazio-aparatuetan.

Baldintza-agirietan zehaztuko dira neurriak, non instalatu, kasu bakoitzeko baldintzak eta Udalaren abisu edo iragarkietarako utzi beharreko leku-erreserbaren ehunekoak.

c) Autobus-geltokietako babesleku, markesina eta zutoin nahiz telefono-kabinetan, aurreko paragrafoan aipatutako lizentzia eta baldintzak bete ondoren.

9. artikulua. Publizitate mugikorra: haren memoria aurkeztu behar da, ordutegiak, bitartekoak, tresnak eta abar adieraziz. Udalak lizentziak emanen ditu baldin eta publizitate-mezuak ordenantza honetako administrazio-baldintzetara egokitzen badira, eta bideko eta oinezkoen zirkulazio egokia bermatzen bada. Udalak baimenean mugatzen ahal ditu publizitate-jardueraren baldintza zehatzak.

10. artikulua. Publizitatea beste edozein bitarteko erabiliz egin nahi dutenek haren memoria aurkeztu beharko dute. Udalak baimena emanen du ordenantza honetako baldintza orokorrekin bat badator, segurtasuna eta apaintasuna bermatzen badira eta bizilagunei eragozpenik edo kalterik eragiten ez badie.

Berariaz debekatuta dago bide publikoan idatzizko propaganda botatzea.

11. artikulua. Kartelak eta pankartak.

Karteldegi, bitrina edo erakusleihoen barrualdean bakarrik jar daitezke publizitate-kartelak, edo horiek jartzeak, kentzeak edo ordezkatzeak hiri-espazioaren ikusmira kaltetzen ez duten lekuetan.

Espresuki debekatuta dago kartelak eta pankartak jartzea merkataritza-lokalen erakusleihoen kanpoaldean, eraikinen fatxadetan, beheko solairu okupatu zein hutsetan, aldamioetan, obrako itxituretan eta hiri-altzarietan. Hala ere, salbuespen gisa, Udalak kartelak eta pankartak baimentzen ahal ditu baldin eta eskatzaileak bere gain hartzen badu horiek kendu beharra Udal Administrazioak adierazitako epean, eta euskarriaren jatorrizko egoera behar bezala bermatzen bada. Kasu horietan, Udalak zehaztuko du ordaindu beharreko fidantza, baldintzak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

12. artikulua. Kasu bereziak.

Ordenantza honetako aginduak gertakari hauetara egokitu edo moldatuko dira:

a) Hauteskunde-kanpainak.

b) Herriko jaiak eta Gabonak.

c) Ohiz kanpoko kirol- eta kultur ekitaldiak (txirrindularitza-itzulia, kultur topaketak, etab.).

d) Garrantzizko beste gertaera batzuk (sustapen-kanpainak, beherapenak, etab.).

Udalaren baimena beharko da eta hark bermatuko ditu segurtasun-baldintzak, ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazio egokia, osasungarritasuna eta apaintasun publikoa.

13. artikulua. Baldintza tekniko eta administratiboak.

1. Eraikuntzarik gabeko lekuetako publizitate-euskarriek 120 km/h-ko haize-boladak jasateko gai izan beharko dute, eta eskumena duenak sinatutako txosten tekniko baten bidez egiaztatuko da hori.

2. Elementu argitsu edo mugikorrak dituzten publizitate-hesi eta -errotuluak instalatzeko baimena eman behar du Industria Ministerioaren Probintzia Ordezkaritzak edo, hala badagokio, eskumena bere gain har dezakeen Foru Komunitateko Erakundeak.

3. Publizitate-elementuek ezin dute zirkulazio- edo bide-seinale bertikal zein horizontalekin nahasteko moduko formarik hartu.

4. Soinu-publizitatea 09:00ak eta 22:00ak bitartean bakarrik egiten ahalko da, indarrean dagoen legeriako soinu-mugak betez.

5. Ez da publizitate-proiekzio finkorik edo animaturik baimenduko baldin eta jendea hura ikusten pilatzeak ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazio egokia oztopatzen duenean.

6. Argi-instalazioen bidezko publizitateak ez du itsualdi, neke edo ikusmen-eragozpenik eraginen.

7. Publizitate argitsuak ez ditu gaindituko argi-kutsadura saihesteko mugak.

8. Edozein sistema mugikorren bidezko publizitatea 09:00etatik 22:00etara mugatuko da. Publizitatea daramaten ibilgailuek edo beste edozein elementuk Industria Ministerioaren Probintzia Ordezkaritzaren baimena behar dute. Publizitate mugikorra ozena bada, zerbitzu teknikoek ezarritako mugak bete beharko dira, bizilagunei eragozpenik ez sortzeko.

9. Ez da publizitaterik baimenduko ez badira bermatzen instalazioaren eta funtzionamenduaren segurtasuna, ibilgailuen eta oinezkoen segurtasuna, lekuaren apaintasuna, bizilagunen lasaitasuna eta segurtasuna, eta partikularren ikusmira- eta argiztapen-eskubideak.

14. artikulua. Lizentzien tramitazioa.

Xedapen orokorren eta honako hauen arabera emanen dira lizentziak:

1. Pertsona natural edo juridikoek eskatuko dituzte dauzkaten ondasunetan beren jardueren publizitatea egiteko, edo erregistro orokorrean inskribatutako publizitate-agentziek.

2. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Publizitatearen jarduera, baliabide, ordutegi eta abarren memoria, ordenantza hau eta aplika daitezkeen arauak betetzen direla justifikatuz.

b) Elementu finkoak instalatuz gero, instalatzeko elementuen memoria erantsi beharko da: neurriak, materialak, muntaia-sistema, kokapen zehatza eta egiturak haizeari eustearen justifikazio teknikoa.

c) Oinplanoaren eta aurretiko bistaren planoa: lurraren gaineko nahiz parametro bertikalen gaineko proiekzioa edo kokapen-puntu zehatzaren eta haren ingurunearen argazkia.

d) Erantzukizun zibileko aseguru-poliza, publizitateak hirugarrenei eragin diezazkiekeen kalteak estaltzeko.

3. Eskabideak udal-zerbitzu teknikoen txostenaren mende egonen dira.

4. Baimenak emanen dira jabetza-eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenei kalterik sortu gabe.

5. Publizitate-kanpaina zehatzak egiteko lizentziak epe jakin baterako emanen dira.

6. Publizitate-hesiak eta -errotuluak instalatzeko lizentziak mugagabeak izan daitezke, eskatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik hiru hilabetez erabili ez badira iraungitzen ahalko dira, bai eta berritu ere, bere garaian lizentzia ematea eragin zuten lekuko inguruabarrak desagertu direlako.

7. Aurreko puntuak ez betetzeak honako hauek eraginen ditu:

–Jarritako fidantza galtzea.

–Iragarkia kendu beharra, arduradunaren kontura, gehienez 8 eguneko epean.

–Lizentziaren titularra izanen da baimendutako publizitatearen ondorioz sor daitezkeen kalteen erantzulea. Udalak partikularrari jasanarazten ahalko dizkio lehengoratze-lanen gastuak.

Noain-Ezkirotz industrialdeko baldintza bereziak (handitzea)

15. artikulua. Noain-Ezkirotz poligonoa handitzeko eremuan (Galarko Udalaren Udal Planaren aldaketa puntuala, Pagocelay Goizabal S.L.k sustatua eta 2004ko maiatzaren 28an behin betiko onartua):

Noain-Ezkirotz industrialdearen zabalkundeko nabeen fatxadetan errotuluak "Sarrerako Atariaren" muturrek lehen solairuan osatzen duten lerrokaduraren barruan egonen dira, eta ezin da nabearen gailurra gainditu, ez eta neoizko errotulurik edo antzekorik paratu ere.

Comarca-2 industrialdeko baldintza bereziak

16. artikulua. Comarca-2 poligonoan, publizitateari buruzko ordenantza honetan sartzen dira zehaztapen hauek, batzuk Comarca-2 Udalerriz Gaindiko Eskualdeko Plan Bereziaren 42. artikuluan jasoak:

Industria-instalazioen errotuluak eta logotipoak fatxadetan ezarriko dira, eta eraikuntza-proiektuan sartuko dira horien diseinua eta materialak. Gehienez 7 cm ateratzen ahalko dira fatxadaren lerrotik kanpora. Bandera-errotuluak debekatuta daude.

Lurzatien itxituretan edo eraiki gabeko espazio pribatuetan errotuluak jartzen ahal dira, metro batetik beherako garaiera badute eta lurretik 1,50 metro baino gutxiagora badaude, kartelaren goiko aldean neurtuta. Letra solteak izanen dituzte, gehienez 50 cm luze eta oihal itsuaren gainean, eta logotipoa gehienez 100 cm x 100 cm izanen da.

3, 4, 6, 9, 13, 14 etxadietako eraikin atxikietan, 5.4, 5.5, 5.6, 5.7, 15.1.1, 15.1.2, 15.1.3 eta 15.1.4 lurzatietan eta 5.000 m²-tik beherako lurzati berrietan, derrigorrez 10 m-ko altuera duten eraikin atxikien errotuluak eta logotipoak eraikinaren fatxada nagusietan jartzen badira, nahitaezko aurreko petoari atxikita joanen dira eta gehienez 10,0 x 2,0 m-ko azalera izanen dute, errotuluaren letrak zuzenean petoari atxikita, tarteko koloreko panelik gabe, eta logotipoa 2,0 x 2,0 m-tik beherakoa izanen da.

Errotulu argitsuak instalatzen ahalko dira, baldin eta irudi uniformea badute, isla edo keinu egiten ez badute (neoiak eta antzekoak), eraginkortasun energetikoa bermatzen duten sistemak erabiliz (led edo antzekoak).

7. eta 10. etxadietan, lurzatien aurreko itxiturako errotuluek, berdegunearekin muga egiten dutenek, zehaztapen hauek bete behar dituzte:

Plaza metaliko lakatu zurian instalatzea, Comarca 2 poligonoko PSIS planoetan grafiatutako neurriekin eta kokapenarekin, eta ez beste inola. Plaka eta letrak ez dira harresiaren kanpoko lerrokaduratik 7 cm baino gehiago aterako. Plano horretan zehaztutako posizioan eta ezaugarriekin errotulatuko da lurzatiaren izena. Lurzatien behin betiko zenbakia edo izena ezarriko du Udalak (informazio grafikoko izena orientagarria da).

Comarca 2 poligonoko 7. eta 10. etxadietako aurrealdeko fatxadetan errotuluak jartzeko aukera gehitu da, baldintza hauek betetzen badira:

–Comarca 2 poligonoko 7. eta 10. etxadietako industria-establezimenduen errotuluak eta logotipoak eraikuntzen fatxada nagusietan instalatzen ahalko dira (aurrekoetan, ez albokoetan), 1. solairuko leihoen goiko aldearen (ataripe gainaren) eta fatxadaren goiko lerroaren artean (nahitaez 11,05eko altuera lurzati bakoitzaren sestratik).

–Azalera horretan, errotuluak nahiz logotipoek gehienez 12,00 x 2,00 m-ko azalera hartuko dute, eta azalera horren ardatz horizontal eta bertikalekiko zentratuta egonen dira.

–Errotuluak letra independentez osatuko dira, eta Trexpa motako panelari atxikita geratuko dira zuzenean, tarteko koloreko panel eta xaflarik gabe.

–Fatxadaren lerrotik kanpora gehienez 7 cm ateratzen ahalko dira.

–Debekatuta daude bandera-errotuluak eta ehunen edo antzekoen bidezko publizitatea.

–Errotulu argitsuak instalatzen ahalko dira, baldin eta irudi uniformea badute, isla edo keinu egiten ez badute (neoiak eta antzekoak), eraginkortasun energetikoa bermatzen duten sistemak erabiliz (led edo antzekoak).

–Ez da logotiporik edo errotulurik onartuko beste inon, ez eta baldintzak horiek betetzen ez dituenik ere.

Getzaurre poligonoko baldintza bereziak

17. artikulua. Getzaurre poligonoan, honako zehaztapen hauek sartzen dira publizitateari buruzko ordenantza honetan, zati batean Getzaurre poligonoko Udalaz Gaindiko Plan Sektorialaren 43. artikuluan jasoak:

Industria-instalazioen errotuluak eta logotipoak fatxadetan ezarriko dira, eta eraikuntza-proiektuan sartuko dira horien diseinua eta materialak. Gehienez 7 cm ateratzen ahalko dira fatxadaren lerrotik kanpora. Bandera-errotuluak debekatuta daude.

Lurzatien itxituretan edo eraiki gabeko espazio pribatuetan errotuluak jartzen ahal dira, metro batetik beherako garaiera badute eta lurretik 1,50 metro baino gutxiagora badaude, kartelaren goiko aldean neurtuta. Gehienez 50 cm-ko altuera duten letrak izanen dituzte. Oihal itsuaren gainean joanen dira eta logotipoa gehienez 100 x 100 cm-koa izanen da.

Galaria merkataritza-guneko baldintza bereziak

18. artikulua. Galaria merkataritza-gunean zehaztapen hauek beteko dira:

–Errotuluek eta iragarkiek ez dute inola ere eraikinaren izaera edo unitatea desitxuratuko.

–Hainbat enpresaren publizitatea jarriko den eraikin edo establezimenduek osotasunaren kalitate estetikoa bermatu beharko dute, eta berariazko udal-lizentzia beharko dute.

Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Publizitate-jardueraren memoria, ordenantza hau eta aplika daitezkeen arauak betetzen direla justifikatuz, dimentsioak, materialak, muntaia-sistema, kokapen zehatza eta egiturak haizeari eustearen justifikazio teknikoa.

b) Oinplanoaren eta aurretiko bistaren planoa: lurraren gaineko nahiz parametro bertikalen gaineko proiekzioa edo kokapen-puntu zehatzaren eta haren ingurunearen argazkia.

Gainerako eremuetako baldintzak

19. artikulua. Aurrez adierazi gabeko eremuetan, publizitateari buruzko Udal Ordenantza aplikatuko da, honako aldaketa hauekin:

Errotuluak ezartzen ahalko dira toki hauetan:

1. Beheko solairuetan, eraikuntzari buruzko ordenantza orokorretako baldintzak bete beharko dira.

2. Ezin da instalatu lehen adierazitako baldintzak eta irizpide hauek betetzen ez dituzten errotuluak:

–Gehieneko altuera 2 metrokoa izanen da, fatxadaren gailurreko gehieneko altuera gainditu gabe. Ezin da publizitate-elementurik instalatu fatxadaren gailurretik gora.

–Fatxadaren goiko aldean jarriko dira, ezintasun teknikorik ezean.

–Luzerak nabearen gehieneko zabalera errespetatuko du, alde bakoitzean metro bat libre utzita.

–Sustapen bereko nabe edo etxadietako publizitate-elementuek tratamendu bateratua izanen dute errotuluak sustapen bereko fatxadetan kokatzeari dagokionez.

20. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

Arau-hauste oso larriak izanen dira honako hauek eragiten dituztenak:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian, berehalakoan eta zuzenean trabatzea, jendearen lasaitasuna edo haien legezko eskubideak galaraziz, edo araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen araberako jarduerak galaraziz, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Legearen V. kapituluko jokaerak ez badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz baliatzen ez uztea.

c) Zerbitzu publiko baten ohiko funtzionamendua galaraztea edo larriki eta nabarmen oztopatzea.

d) Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.

e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz baliatzen ez uztea.

f) Larriki eta nabarmen hondatzea espazio publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu higigarri nahiz higiezin, herritarren segurtasuna asaldatzetik eragindakoak ez direnak.

2. Gainerako arau-hausteak larriak edo arinak izanen dira, irizpide hauen arabera:

a) Zenbateraino urratu diren lasaitasuna edo jendearen eskubideak.

b) Zenbateraino urratu diren osasungarritasun edo apaintasun publikoak.

c) Zenbateraino urratu den jendeak zerbitzu edo eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea.

d) Zenbateraino urratu den zerbitzu publiko baten ohiko funtzionamendua.

e) Zenbateraino kaltetu diren zerbitzu edo eremu publiko baten ekipamendu, azpiegitura edo instalazioak.

Arau-haustea hirigintzaren arlokoa bada, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuari jarraituko zaio.

21. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen aurkako arau-hausteek neurri hauek ekarriko dituzte:

–Arau-hauste oso larriak: 3.000 euro arteko isuna.

–Arau-hauste larriak: 1.500 euro arteko isuna.

–Arau-hauste arinak: 750 euro arteko isuna.

Arau-haustea hirigintzakoa bada, Lurzoruaren Legean eta Hirigintza Diziplinako Erregelamenduan xedatutakoa beteko da.

22. artikulua. Erantzuleak eta zehapen-prozedura.

1. Ordenantza honetako arau-hausteen erantzule izanen dira:

a) Lehenik eta behin, lizentziarik edo emakidarik gabe edo haien baldintzak edo ordenantza honetako aginduak urratuz iragarkia jartzea xedatu duen publizitate-enpresa edo, hala badagokio, pertsona fisiko edo juridikoa.

b) Modu subsidiarioan, iragarki horiek jarritako higiezinaren jabeak edo instalazioaren emakidadunak.

2. Ordenantza honetako zehapen-prozedurak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraituko dio.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Bakarra.–Ordenantza hau betetzen ez duten publizitate-instalazioek haren zehaztapenetara egokitu beharko dituzte eraberritze- edo egokitze-lanak edo titulartasun-aldaketak.

Iragarkiaren kodea: L2603941