2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARGUEDAS
Udalerrian etxebizitzak birgaitzeko eta ohiko bizitegirako lehen etxebizitza eraikitzeko laguntzei buruzko udal ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena
Arguedasko Udalak, 2025eko abenduaren 17an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Arguedasko Udaleko etxebizitzak birgaitzeko eta ohiko bizitegirako lehen etxebizitza eraikitzeko laguntzei buruzko udal ordenantzan.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2026ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 13an, eta jendaurrean egoteko legeak ezartzen duen epea iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da aldaketa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hona hemen nola gelditu den idatzirik.
Arguedasen, 2026ko otsailaren 25ean.–Alkatea, José Luis Sanz Zubieta.
ARGUEDAS UDALERRIAN ETXEBIZITZAK BIRGAITZEKO ETA OHIKO BIZITEGIRAKO LEHEN ETXEBIZITZA ERAIKITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA
Xedea.
1. artikulua. Ordenantza honen helburua da Arguedasko udalerrian honako obra hauek sustatzeko laguntzak arautzea:
–Ohiko bizitegietarako etxebizitzak eraikitzea.
–Eraikinak zaharberritu eta konpontzea.
–Eraikinak handitzea.
–Desegokitzat hartutako elementuak eraistea.
–Etxebizitzak, merkataritzako edo negozioetako lokalak, bulego profesionalak eta irabazi asmorik gabeko eta kultur intereseko elkarteen egoitzak zaharberritu edo konpontzea.
–Energia efizientzia eta irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin eraikinetan egindako inbertsioak.
Babesgarritzat jotzeko, eta aurreko artikuluan aipatu legedian ezarritakoa gorabehera, birgaitu, konpondu, handitu edo eraitsi beharreko eraikinak edo etxebizitzak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) 10 urte baino gehiago izatea.
Egokitzapen funtzionaleko obretarako, hau da, kanpoaldeko akabera orokorretarako eta eraikinaren hiri irudia hobetzeko, 15 urte baino gehiago izan beharko ditu eraikinak.
Oztopo fisiko edo sentsorialak kentzeko obretarako, edo nahitaez bete beharreko arau teknikoen betetzea ukitzen dutenetarako, ez dago antzinatasun mugarik.
1.1. Jarduketa orok baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Hirigintza arloan indarra duen planeamenduak xedatzen duenera egokitzea.
b) Espazioaren antolaketak eta eraikuntza ezaugarriek bermatuko dute etxebizitzek betetzen ahalko dituztela bizigarritasunaren aldetik behar bezainbat baldintza.
Fatxadak eraistea edo erabat hustea ekarriko duten jarduketak kanpoan gelditzen dira.
Salbuespenez, hirigintzako egokitzapenak egiteko (derrigorrezko lerrokadurak) onartzen da fatxadak hein batean eraistea edo erabat hustea, betiere eraikinak 100 urte baino gehiago baditu, andeatze egoerak komenigarri egiten badu eta ezaugarri tipologikoei eusten bazaie.
Obrek koherentzia teknikoa eta eraikuntzaren aldetiko koherentzia bermatu beharko dute. Obrak ez dira babestuko, baldin eta ez badira egiten Udaleko zerbitzu teknikoek edo haiekin parekatutakoek nahitaezkotzat jotakoak.
Ordenantza honen aplikazio esparruan sartutzat jotzen dira, espresuki, honako hauek: eraikin bat etxebizitzen barne egokitzapenerako zatitzea helburu duten zaharberritze obrak, baldin eta horri buruzko planeamenduko determinazioak betetzen badira.
Baldintzak.
2. artikulua.
2.1. Aurreko artikuluan adierazitako obra motek Udalaren laguntzak eskuratu ahalko dituzte.
2.2. Gainera, ondotik zehazten diren baldintza guztiak bete beharko dituzte:
a) Kontrataren aurrekontuak gutxienez ere 12.000 euro egitea, BEZa barne.
b) Diruz laguntzen ahal den aurrekontua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZa barne) edo exekuzio proiekturik behar baldin bada.
c) Egin beharreko obrek aurrekontu zehaztu batean agertu beharko dute nahitaez, neurri eta prezio unitarioak adieraziz, edo proiektu teknikoa beharko da, behar bezala ikus-onetsia, hala badagokio.
d) Obrak udal planeamenduarekin eta zaharberritze, bizigarritasun eta hirigintzako arau orokorrekin bat etortzea. Dirulaguntza jasotzen duten obra guztiak berrikusi beharko dituzte udaleko teknikariek, beharrezkotzat joz gero.
e) Aurrekontuan baliabide ekonomikoak izatea, egokitzen den ekitaldi ekonomikoaren kargura laguntzak eman ahal izateko. Laguntza horietarako eskubideak galdu eginen dira, balio eta eraginik gabe geratuz, aurrekontuko kontsignazioa agortzen denean.
f) Behar diren inprimaki ofizialak betetzea eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztea, interesdunek eskatzen zaizkien betebeharrak baldintzarik gabe onartzen dituztela adieraziz.
Udalaren laguntzak.
3. artikulua.
3.1. Dirulaguntza motak.
3.1.1. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren % 35ari dagokion dirulaguntza emanen da ohiko bizitegietarako etxebizitza berriak eraikitzeko edo etxebizitzak birgaitzeko obra eta proiektuetarako, betiere aurrekontua 12.000,00 eurotik 30.000,00 eurora artekoa bada (BEZa barne).
3.1.2. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren % 45ari dagokion dirulaguntza emanen da ohiko bizitegietarako etxebizitza berriak eraikitzeko edo etxebizitzak birgaitzeko obra eta proiektuetarako, betiere aurrekontua 30.000,01 eurotik gorakoa eta 250.000,00 eurotik beherakoa bada (BEZa barne).
3.1.3. Aurrekontua 250.000,01 eurotik gorakoa bada (BEZa barne), dirulaguntza eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren % 45ekoa izanen da, baina oinarri diruz lagungarria kalkulatzeko 250.000,00 euro bakarrik hartuko dira kontuan, BEZa barne.
3.1.4. Bide publikoa okupatzeagatiko tasaren % 100eko dirulaguntza, sustatzaileak obra lizentziaren eskaeran zehazten duen iraupena bete arte.
3.2. Diruz bestelako laguntzak.
Ordenantza honetan jasotako laguntzak lortzeko behar den hirigintzako aholkularitza.
Laguntza ekonomikoak ezartzeko, diruz laguntzen diren obrak gauzatzeko aurrekontua hartuko da babespeko aurrekontutzat.
Onuradunak.
4. artikulua.
Onuradunak izanen dira Arguedasko udalerriko eraikin, etxebizitza edo lokalen jabeak diren pertsona fisiko edo juridikoak, baita jabeak ez izanik ere, badirenen baimen espresua dutenak obrak egiteko, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.
Udalarekiko ordainketetan egunean ez dauden partikular edo entitateei ez zaie dirulaguntzarik emanen.
Laguntzetatik kanpo geratzen dira birgaitzeko sustapen jarduketak.
Aurrekoa gorabehera, onuradunak izanen dira espedientea hasi ondoren eta obren hondarreko eskaria egin baino lehen espedientearen titulartasuna aldatzeko eskaria egiten duten eta horrenbestez eraikin, etxebizitza edo lokalen jabe berri bihurtzen diren pertsona fisikoak edo juridikoak, eta ez dira laguntzak berriz kalkulatzen ahalko.
Mugak.
5. artikulua.
5.1. Jasotzen ahalko diren gehieneko laguntzak mugatuta egonen dira kontzeptu guztietan.
5.2. Gehieneko laguntza jasota, bost urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko, obra bererako. Laguntzak emanen dira, ordea, eraikin berean obra ezberdinak egiteko, adibidez: teilatu eta fatxaden konponketa eta barne berrikuntzak.
Eraikin kolektiboetako elementu komunetan obrak egiteko laguntzak ematen badira, eraikina osatzen duten etxebizitzen edo lokalen jabeen artean hainbanatuko dira. Jabeek etxebizitza edo lokal horietarako laguntzarik eskatuz gero, jaso beharreko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekotik kenduko da bakoitzari proportzioz dagokion zatia.
Laguntza ekonomikoak emateko irizpideak.
6. artikulua.
Udalak lehentasun ordena ezartzen ahalko du obrei udal baliabideak esleitzeko, ondotik zehazten diren irizpideen arabera:
a) Udalaren erregistroan laguntza eskabidea zer datatan sartzen den.
b) Aurrekontuko partidarik baden. Ordenantza honetan aurreikusita dauden laguntza guztiei aplikatzen ahal zaizkien baliabide ekonomikoak ekitaldi bakoitzean indarrean dauden udal aurrekontuetan agertzen direnak izanen dira. Dena dela, aparteko baliabideak gaitzen ahalko dira, komenigarritzat jotzen bada.
Espedienteak izapidetzea.
7. artikulua.
Onuradunek ordenantza honetako laguntzak eskatu beharko dituzte obrak bukatutakoan eta obra bukaerako ziurtagiria aurkeztu ondotik. Hura teknikari kualifikatuak sinatua egonen da eta bertan baieztatu beharko da obrak emandako lizentziaren arabera egin direla eta, kasua bada, aurkeztutako proiektuaren arabera.
Arguedasko Gobernu Batzarrak eskaera onetsiko du, Udaleko arkitekto teknikoaren txostena jaso ondotik.
Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa obrak bukatzen direnean eginen da, betiere Arguedasko Gobernu Batzarrak onetsi ondotik.
Laguntzak galtzea.
8. artikulua.
8.1. Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak betetzen ez badira eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutuz gero, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatuko dira eta espedientean izan daitezkeen onurak bertan behera geldituko; gainera, jasotakoa itzuli beharko da, legezko interesak barne, jaso ziren unetik. Indarra duen legean diru-bilketarako ezarritako premiamendu bidez ordainaraz daitezke.
8.2. Jabeen elkarteen kasuan, deuseztapen hori banaka egin daiteke, jabeen elkarteko kideetatik bat bakarra bada betetzekoari huts egiten diona, edo taldeka, elkarteari berari egozten ahal baldin bazaio.
Eskumena.
9. artikulua.
Ordenantza honen aplikazioari dagokion orotan, Tokiko Gobernu Batzarrak zainduko du araua behar bezala betetzen dela bidezko helburuak lor daitezen.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2603050