1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
121E/2026 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baitzaio Valtierrako udal-mugartean biometano-sarea Nedgiaren injekzio-zutoinera konektatzeko instalazioak egikaritzeko proiektuari. Proiektua Biogasval SLk sustatu du.
2025eko ekainaren 30ean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Proiektu hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren 4. taldearen f) letran jaso da, "Lurruna eta ur beroa garraiatzeko instalazioak, oliobideak eta gasbideak, bai eta karbono dioxidoaren fluxuak garraiatzeko hodiak ere, biltegiratze geologikoa helburu dutenak (I. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak)" izenekoan. Beraz, lege horretan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar da.
–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
Emandako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
Aurrekariak:
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 4ko 67E/2024 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen Valtierrako 10. poligonoaren 48. lurzatian dagoen "Digestio anaerobikoko eta biometanoa sortzeko instalazioa" proiekturako. Ebazpen horren baldintzen artean dago gasa biometanizazio-instalaziotik Nedgiaren injekzio-zutoinera eramateko jarraibide batzuk betetzea. Proiektuan adierazten denez, biometano-instalazioaren gas-hodiaren sarea proiektu independente batean baimentzeko asmoa dago.
2025eko ekainaren 30ean, atal honetan jaso zen gas-eroanbidea baimentzeko eskaera. Eskaera horretan, Valtierrako udal-mugartean Nedgiaren injekzio-zutoinera biometano-sarea konektatzeko instalazioak egiteko proiektuaren eranskina gehitu zen. Proiektuaren berrikuspen teknikoa egin ondoren, atal honek, 2025eko abuztuaren 8an, sustatzaileari eskatu zion beste proposamen bat egin zezala proposatutako ibilbiderako, hasieran proposatutakoarekin bat ez zetorrena: igeltsuzko sakanekin hain inbaditzailea ez den beste ibilbide bat, bideetan barrena egiten den ibilbidea aprobetxatzen duena, mendi hegaletako ingurumen-balioei eragin gabe.
2026ko urtarrilaren 12an, beste eranskin bat jaso zen (II. eranskina), sakanaren inguruan gasa husteko sarerako proposatutako trazadura berriarekin. Ingurumen-ebaluazioaren txosten honetan I. eranskinarekin batera baloratu da.
–Abian den proiektua izapidetzea.
Biometanizazio-instalaziotik Valtierra-Arguedas industrialdean dagoen Nedgiaren sarera gasa eramateko behin betiko proposamenak 5.701 metroko ibilbidea du. Gasa joan-etorriko polietilenozko hodien bidez eramanen da. Hodi horiek diametro izendatua dute joaneko tartean, DN110, eta presioa 10 bar-ekoa da; itzulerako tartean, berriz, DN63 eta presioa 5 bar-ekoa. Horrez gain, bi balbula jarriko dituzte joaneko zatirako eta beste bi itzulerako zatirako.
0,55 m-ko zangak eginen dira, eta 2-3 m-ko lan-lerroa proposatzen da lurrerako eta 7 m-rainokoa makinetarako. Lehen zatiak, gas-kanalizazioaren sareaz gain, sare elektrikoa eta telekomunikazio-sarea izanen ditu. Sare elektriko hori lehen adierazitako ebazpenean ebaluatu zen. Telekomunikazio-sare osoa gas-hodien ondotik igarotzen da, Valtierrako industrialdean injekzio-zutoina dagoen partzelaraino.
Kanalizazio-sarea biometanizazio-instalaziotik abiatzen da eta Arguedasko noranzkoan doa, landabidetik, Valtierrako 4. iraganbiderantz. 4. iraganbideko bidetik doa, 1.000 bat metro, eta ia osorik barnetik. Ondoren, sarea bide horretatik ateratzen da eta bi zereal lurzati zeharkatzen ditu, linea elektrikoa Valtierrako 11. poligonoaren 98. lurzatian dagoen zutoin elektrikoari lotzeko, "Camino de en Medio de Bornás" gurutzatu bezain laster. Gero, sareak bide horren barnealdetik jarraitzen du zatirik handienean eta Valtierra-Arguedas industrialderantz, eta Valtierrako "Los Valles" sakanetan sartzen da. Hortik, eroanbidea landabidearen barnealdetik igarotzen da osorik, Valtierra-Arguedas industrialdean Nedgiaren gasa injektatzeko zutoinarekin lotzen den punturaino (kilometro-puntua, koordenatuekin: X:613.987 eta Y:4.671.564).
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioa, 21/2013 Legearen III. eranskinaren irizpideak kontuan hartuta.
Valtierrako biometanizazio-instalaziorako biometano-gasaren sarearen instalazioaren ibilbidea (48. lurzatia, 10. poligonoa) nekazaritza eta abeltzaintza ingurune batean egiten da. Ibilbideak Bornáseko bazkalekua (ukuiluak, baltsa eta abar) hartzen du, eta bertan nabarmentzekoa da 4. iraganbideko abelbidea, Ononis fruticosa eta Lavandula latifolia sastrakak dituena, besteak beste, eta Europar Batasunaren intereseko habitata dena (HIC 4090): ezkaia, elorri-triska eta bardeetako eta errioxako erromerodia (Salvio lavandulifoliae-Ononidetum fruticosae). Zaindu beharreko habitata da (abeltzaintzaren eta artzaintza estentsiboaren ondorioa).
Gainera, sareak, azken zatian, "Los Valles" sakanen multzoko sakan bat zeharkatzen du. Sakan horrek euri asko egiten duenean bakarrik darama ura, eta erraz higatzen ahal diren maldak ditu tuparri, igeltsu eta buztinen gainean. Horietan, 2022ko sutearen ondoren ezarri berri den larre bat dago, birsortze naturalaren prozesu egokian dagoena.
Sakanen eremu horretan, lanerako kalea bidetik irekita ere, ertzetako landaredia kaltetuko da, 10 metroko okupazioa aurreikusi baita. Hala ere, proiektatutako trazadurari jarraituz, Aleppo pinuen kimu berriak kaltetzea ekiditen da, baita sakanean dauden bi landare multzoak kaltetzea ere: Aragoi Behereako serieko landaredia, mesomediterraneoko sabina feniziarrak dituzten abariztiak (Rhamno lycioidis-Querco cocciferae S.), malformazioa igeltsu kristalinoetan, 4. iraganbidetik hurbilen dagoen eremuan; eta Aragoi Behereako geoseriearen gatz-lurretako landaredi halohigrofiloa (espartzudi halofiloa, Suaeda vera sastrakadiak, milazka, Atriplex halimus, Limonium sp.pl. eta abar), industrialdetik gertuen dagoen eremuan.
Nolanahi ere, atal honek uste du landaredi naturala ahalik eta gehien zaintzeko lan-eremua murriztu behar dela, batez ere abelbidearen inguruan eta sakanen eremuan; beraz, tarte horietan makineriak, zeinaren tamaina okupatzen den bidearen zabalerari egokituko baitzaio, seriean lan egin beharko du, eta ez paraleloan.
Nabarmendu behar da 4. iraganbidea estepako abifauna kontserbatzeko area kritiko batean (AC 23) sartzen dela, eta, beraz, lanak egiten diren bitartean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako prebentzio-neurriak bete behar direla hegazti horientzako kalteak saihesteko, batez ere ugaltze- eta umatze-aldi kritikoetan.
Ondorioa:
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, entregatutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, proposatu du ezen, 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela kalte nabarmenik izanen ingurumenean, txosten honetan ezarritako baldintzen arabera; baldintza horiek proiektuaren baimen substantiboan integratuko dira. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
EBAZTEN DUT:
1. Valtierrako udal-mugartean biometano-sarea Nedgiaren injekzio-zutoinera konektatzeko instalazioak egikaritzeko proiektuak –BIOGASVAL SLk sustatua– ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, horrenbestez, ez du bete behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.
2. Proiektuaren baimenean, baldintza hauek bete beharra sartuko da:
–Lanak hasi aurretik, argi eta garbi mugatuko da hargunearen trazadura lursailaren gainean, baita materialak biltzeko eta instalazio osagarrietarako eremua ere. Lanek ukitutako eremu guztiak ageriko zinta eta markekin balizatuko dira, eremu osagarriak eta biltzeko zonak barne. Ez da makinarik edo ibilgailurik ibiliko landaretza naturaleko eremuetan.
–Zangak ireki ondoren, eta egun berean ixten ez badira, ihesguneak jarriko dira erori den edo harrapatuta geratu den faunarentzat. Halaber, zangak estali baino lehen, animaliak harrapatuta ez daudela egiaztatuko da.
–Soldatutako hodien mutur askeak estaliko dira, animaliak sar ez daitezen.
–Lanerako kalea landabideetara mugatu behar da, proiektuan proposatutako trazaduraren arabera. Horretarako, makineria egokia erabili behar da, eta seriean egin behar da lan, ez paraleloan. Lur pilaketak landaredi naturalik ez dagoen eremuetan egin beharko dira.
–4. iraganbidearen eremuan 130 metro inguruko zati bat dago, honako koordenatu hauek dituen kilometro-puntuaren inguruan: X: 614,264 eta Y:4.674,701. Bertan, trazadurak landaredi naturalari eragiten dio. Horregatik, zanga bide barrutik egin behar da, eta dauden errodadura guztien artean zabalera handienekoak hautatu behar dira beti. Nolanahi ere, eroanbideak bideen erdigunetik joan behar du beti, ertzen kalteak saihesteko. Izan ere, Europar Batasunaren intereseko HIC 4090 habitataren ezaugarri baliotsuak dituzte ertzek, eta zaindu egin behar dira.
–Lanerako kalearen alboetako pilaketetatik sakanaren hegaletara isurketarik egitea saihestuko da. Horretarako, behar izanez gero, materialak atxikitzeko sareak instalatuko dira.
–Obrak hasi aurretik, profil nahikorik badago, landare-lurraren 30 cm desugertu behar dira, obrak eragindako azalera guztietan (bideak okupatu ez diren lan eremua, pilaketa eremua eta obretako instalazio osagarrien eremua, sarbide osagarriak eta abar). Landare-lurra aparte gordeko da. Pilaren altuera ez da metroa baino handiagoa izanen, trinkotzea saihesteko. Ondoren, erreserbatutako landare-lurra erabiliko da obrek ukitutako azalera guztiak lehengoratzeko, eta, gero, zabaldu eginen da, inguruko lursailean doitze fisiografiko egokia lortu arte. Lanerako kalean berreskuratutako aleppo pinuen ale gehienak berriz jarriko dira edo beste batzuk jarriko dira. Ingurumena zaintzeko planak behar bezala sustraitzen direla kontrolatuko du.
–Obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako harriak eta lurrak bertatik kenduko dira, eta baimendutako hondakinen kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruz indarrean den araudiarekin.
–Estepako zenbait hegazti espezie ikusi direnez iraganbidean, espezie horien aldi kritikotik kanpo egin behar dira lanak, galzorian dauden zenbait espezie ikusi baitira inguru horretan. Oro har, hegazti horientzat kritikotzat jotzen da martxoaren 15etik abuztuaren 31ra bitarteko aldia. Hegazti horiek zuzenean egiten dute habia zereal-soroetan, lugorrietan edo estepako eremuetan, eta, ondorioz, habitat aldaketa ororen aurrean oso kalteberak dira.
–Obrak hasi baino 72 ordu lehenago abisua eman beharko zaio Ingurumena Zaintzeko Ataleko Tuterako Koordinazio Unitateari (telefonoa: 948 847 033 edo 609 904 957; emaila: gmatudela@navarra.es), lanen zuinketan egon dadin eta hala haiek ahalik eragin txikiena eduki dezaten eremuko elementu naturaletan.
–Ingurumen txosten hau egiten da deusetan galarazi gabe sustatzaileak, obrak egin aurretik, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duten organoek eman beharreko txosten eta baimen guztiak lortu behar izatea.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Tuterako Ingurumena Zaintzeko Taldera (Basozainak) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko martxoaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2603880