1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
504/2026 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdi bat onesten da bi sari emateko nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatibismoaren arloetako Ikasketa Amaierako Lan hoberenei, hots, 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren eta "gainditua" kalifikazioa lortu duten graduko eta masterreko edozein titulaziotako lan hoberenei.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedraren helburua da ezagutza sortzea Ingeniaritza eta Teknologiaren, Oinarrizko Zientzien eta Osasun Zientzien, Zientzia Ekonomikoen eta Juridikoen, eta Gizarte Zientzien arloetan. Horretarako, AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak finantzatutako katedra horrek ekintzak egiten ditu nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatibismoaren arloko ikerketak eta jarduerak bultzatzeko, garatzeko eta babesteko.
Hori dela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedrako Segimendu Batzorde Mistoak erabaki zuen 2026ko jarduera-programaren barruan honako deialdi honen oinarriak onestea: 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren, "gainditua" kalifikazioa lortu duten eta nekazaritza, nekazaritzako industria eta kooperatibismoaren arloetako Ikasketa Amaierako Lan hoberenei bi sari emateko deialdia.
Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak egindako akta eta proposamena.
Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.
Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren eta "gainditua" kalifikazioa lortu duten nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatibismoaren arloetako Ikasketa Amaierako Lan hoberenei bi sari emateko deialdia, ebazpen honen eranskin gisa ageri diren oinarriekin bat etorriz.
Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 3.000 euro-koa gehienez, sarietarako izanen da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2026ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:
30.30.00.3735 480.25 Katedren sariak 3.000,00 euro (EX2026/0000571).
Hirugarrena.–Deialdia egitea Ikasketa Amaierako Lan hoberenei 2.000 euro-ko sari bat eta 1.000 euro-ko beste bat emateko.
Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetzari.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea. Halaber, argitalpen horren kalterik gabe, bermatuko da ahalik eta hedapen handiena izatea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren webgunearen bidez (https://www.unavarra.es/catedragrupoan/?languageId=100001).
Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
2026ko martxoaren 6an.–Martín Larraza Quintana, Ikerketako errektoreordea.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN AN TALDEAREN KATEDRAK EGINDAKO DEIALDIA IKASKETA AMAIERAKO LAN HOBERENEI SARIA EMATEKO. VI. EDIZIOA
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak, hau da, AN Taldearen Katedra osatzen duten entitateek, uste dute beharrezkoa dela ezagutza sortzea nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatibismoaren arloetan, unibertsitateko ikasleentzako eta sektoreko profesionalentzako prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak eginez.
Hori dela medio, AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak deialdia egiten du bi sari emateko 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu diren eta "gainditua" kalifikazioa lortu duten Ikasketa Amaierako Lan hoberenei. Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkez daitezke, baldin Ikasketa Amaierako Lana ikasturte horietan eta arlo hauetan egin bazuten: nekazaritza, nekazaritzako industria eta kooperatibismoa.
Horiek horrela, AN Taldearen Katedrako Segimendu Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen helburua sari hauek emateko prozedura arautzea da publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera: 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren eta "gainditua" kalifikazioa lortu duten nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatibismoaren arloetako ikasketa amaierako lan hoberenentzako bi sari.
2.–Finantzaketa.
Deialdi honek 3.000,00 euroko aurrekontua du guztira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2026ko gastuen aurrekontuko Katedren sarietarako izeneko 30.30.00.3735-0380-480.25 partidaren kargura ordainduko dira (EX2026/0000571).
AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak ematen du diru kopuru hori, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren finantzaketari egiten dion ekarpenaren parte gisa.
3.–Deialdiko sariak.
Deialdia egiten da 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu diren eta "gainditua" kalifikazioa lortu duten nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatibismoaren arloetako Ikasketa Amaierako Lan hoberenei honako sari hauek emateko:
–Lehenbiziko saria, 2.000 euro-koa. Epaimahaiak zilegi du kategoria honetan bi sari ex aequo ematea. Kasu horretan, erdi bana banatuko da saria bi irabazleen artean.
–Bigarren saria, 1.000 euro-koa.
4.–Hautagai izateko baldintzak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkez daitezke, baldin eta Ikasketa Amaierako Lana nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatibismoaren arloetan egin badute 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan, hau da, Ikasketa Amaierako Lanak defendatzeko deialdietan: 2024ko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era. Gainera, lanaren kalifikazioak "Bikain" edo "Ohorezko matrikula" izan behar du.
5.–Hautagaitzak aurkezteko modua.
Deialdian parte hartu nahi dutenek inprimaki normalizatu bat bete behar dute, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan aurkeztu; Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen da horra. Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
1. Ikasketa Amaierako Lanaren ildo nagusien laburpena (4 orrialde gehienez).
2. Azalpen labur bat, aditzera ematen duena Ikasketa Amaierako Lanak saria zergatik merezi duen eta zer ekarpen egiten dion proposatutako arloetakoren bati (orrialde bat gehienez).
Eskaeraz gain, IALari buruzko bideo bat bidali beharko da Katedraren helbide elektronikora (catedra.grupoan@unavarra.es); mezuaren gaian, "IALentzako sariak-AN Taldearen Katedra" adierazi beharko da, izena eta abizenak ere jarrita, eta hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehen bidali beharko da. IALa dibulgatzeko azalpen-bideoa (2-3 minutukoa, horizontalki grabatua), hizkera errazekoa, ulerterraza eta jende guztiarengana iristeko modukoa.
Hautagaitzak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2026ko urriaren 15ean bukatuko da.
Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.
6.–Saridunen betebeharrak.
Saridunek nahi bezala erabiliko dute jasotako diru kopurua, eta ordainketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak eta AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak antolatuko duten ekitaldi publiko batean eginen da.
1. Sari horiek laneko errendimendutzat jotzen dira, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 70. artikuluan horrelako etekinetarako oro har ezarria dagoen atxikipena dagokie, 71. artikuluan jasotako taulari eta jarraibideei jarraikiz –erregelamendu hori 1999ko maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen–.
2. Deialdiaren oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak. Dagokion espedientea izapidetu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak dirua itzultzeko ebazpen bat emanen du, diru-sarrera egiteko baldintzak eta epeak adierazita.
7.–Sariaren epaimahaia.
Honako lau kide hauek osatuko dute lehenbiziko eta bigarren sariak emanen dituen epaimahaia:
–AN Kooperatiba Taldearen Fundazioaren presidentea edo hark eskuordetutako pertsona.
–AN Taldearen Katedraren zuzendaria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle dena, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Batzorde Mistoko bi kide, edo haiek eskuordetutako pertsonak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN taldearen Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, epaimahaikideei dei eginen die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.
8.–Sariaren esleipena.
AN Taldearen Katedraren Ikasketa Amaierako Lana hoberenentzako sarien VI. edizio honetan, sariak bi fasetan emanen dira. Lehenbizikoan, izangai bakoitzak aurkeztutako dokumentazioa ebaluatuko da, eta guztietatik 5 finalista aukeratuko dira; bigarren fasean, irabazleak hautatuko dira finalisten artean.
Fase bakoitzerako puntuazio irizpideak honako hauek dira:
IRIZPIDEA | EBALUAZIOA | PUNTUAZIOA, GEHIENEZ ERE |
Lehenbiziko fasea - 5 finalistak hautatzea | 20 |
1. IALaren gaia eta egokitasuna | Gaia interesgarria izatea eta deialdiaren eremuetara egokitzea | 10 |
1.1. Eskaeran adierazitako eremua | Bat dator eskaerarekin. (Nekazaritzako industria, nekazaritzako elikagaiak edo kooperatibismoa) | 3 |
1.2. Interes eremua | Gaia eremu bati baino gehiagori egokitzen zaio | 1 |
1.3. AN Taldearentzako interesa | Lana AN Taldeko arlo batean edo batzuetan aplikatzen da eta interesgarria da | 6 |
2. Nolakoa den lanaren kalitate zientifikoa eta teknikoa | Lanaren zorroztasuna, koherentzia eta argitasuna | 7 |
2.1. Nolakoa den lanaren kalitate zientifikoa eta teknikoa | Helburuen argitasuna, zorroztasun metodologikoa, emaitzen koherentzia, idazketaren kalitatea | 5 |
2.2. Iturrien erabilera | Zorrotza da iturriak erabiltzen | 2 |
3. Bideoa | Ahozko defentsa, lanaren azalpenaren prestasuna eta kalitatea | 3 |
Bigarren fasea - Irabazleak hautatzea | 30 |
1. Lehenbiziko fasean lorturiko puntuazioa | Hautaketaren aurreko fasean lortutako puntuazioa | 20 |
2. Defentsa eta aurkezpena | Estiloa zuzena ote den, eta lana adierazteko eta aurkezteko modua argia ote den | 10 |
Hamaikagarren oinarrian jasotzen den bezala ("Argitalpena" izenekoan), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren webgunean (www.unavarra.es/catedragrupoan) soilik emanen da ezagutzera deialdi honi buruzko informazioa.
2. Ikasketa Amaierako Lanen jendaurreko azalpena eta defentsa presentzialki edo online egiten ahalko da. Estiloa zuzena ote den, eta lana adierazteko eta aurkezteko modua argia ote den baloratuko du epaimahaiak. Saria esleitzerakoan, lehenbiziko balorazioan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
3. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldiaren ondoren, epaimahaiak lehenbiziko eta bigarren sariak emateko proposamena eginen du, txosten arrazoituan oinarrituta.
4. Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio lehenbiziko eta bigarren sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emanen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Amaierako Lanik hoberenei lehenbiziko eta bigarren sariak emateko. Ebazpen horretan, saritutako hautagaien izena baino ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.
5. Epaimahaiak eman gabe utz litzake sariak, hala egitea egokia iruditu zaiolako edo hautagairik ez dagoelako.
6. Zilegi du, halaber, lehenbiziko saria ex aequo ematea, epaimahaiari hala egitea egokia iruditzen bazaio.
7. Ekitaldi publikoa eginen da saria emateko.
8. Sariak emateko ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren webgunean argitaratuko da, sariak banatzeko ekitaldi publikoaren aurretik.
9.–Irudi eskubideak, datuak argitaratzeko eskubideak eta konfidentzialtasun betebeharrak.
Nabarmendu beharra dago deialdiko parte-hartzaileen bideoak webgunean, sare sozialetan eta Interneten zabaltzen ahalko direla. Datuen babesari buruzko araudiarekin eta 1/1982 Lege Organikoaren aginduekin bat etorriz, bideoak soilik zabalduko dira haien egileek horretarako baimena eman badute. Horretarako, deialdi honetan parte hartzeko eskabidearen inprimakian zabalkuntza hori baimentzeko borondatezko aukera gaituko da.
Enpresaren edo erakunderen batekin konfidentzialtasun hitzarmen edo betebehar bat sinatua eta indarrean daukaten ikasketa amaierako lanek, bai GALek eta bai MALek, akordio horretan ezarritakoa bete beharko dute. Nolanahi ere, hautagaien ardura izanen da beren eskaeretan eta defentsetan datu edo informazio konfidentzialik ez zabaltzea.
10.–Datuen babesa.
Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduaren gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
Datuen tratamenduaren xedea nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatibismoaren arloetan ezagutza sortzea da, eta, horretarako, NUPeko Ikasketa Amaierako Lan hoberenei bi sari emateko deialdia egiten da. Hortaz, tratamenduaren oinarri juridikoa botere publikoa baliatzea eta interes publikoaren misioa betetzea da, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera.
Datuen tratamenduaren arduradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta AN Taldea dira. Interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk erabiltzeko ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es edo an@grupan.es helbideetara idatziz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organikoko 11. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera.
NUPek eta AN Taldeak datu hauek tratatuko dituzte: hautagaien identifikazio-datuak, harremanetan jartzekoak, sinadura eta Ikasketa Amaierako Lanak, bai eta grabatu beharreko bideoko ahotsa, irudia eta bestelako edukiak ere. Horretaz gainera, zer hautagaitza proposatu diren eta saria nork irabazi duen argitaratuko da. Halaber, bankuko datuak ere tratatuko dira saridunei ordainketak egiteko.
11.–Argitalpena.
Deialdi honetako oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren webgunean argitaratuko dira (www.unavarra.es/catedragrupoan). Orobat, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak eta AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak ziurtatuko dute ebazpen honen zabalpena.
Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedraren webgunean baino ez dira argitaratuko.
Bitarteko horiek izanen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren AN Taldearen Katedrak onartutako publizitate tresna bakarra; nolanahi ere, baliteke interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea modu osagarri eta ez-ofizialean.
12.–Errekurtsoak.
Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F2603857