62. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen deialdi hau: laguntzak, ikus-entzunezkoen sektorerako prestakuntza jarduerak antolatzeko Nafarroan (Generazinema Prestakuntza 2026). DDBN kodea: 888943.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du onets dadila Nafarroan ikus-entzunezkoen sektorerako prestakuntza jarduerak antolatzeko laguntzen deialdia (Generazinema Prestakuntza 2026), onets daitezela deialdiaren oinarri arautzaileak, baimen dadila 160.000,00 euroko gastua eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila foru agindu hau.

Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi hau onestea: laguntzak, ikus-entzunezkoen sektorerako prestakuntza jarduerak antolatzeko Nafarroan (Generazinema Prestakuntza 2026).

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102: GENERAZINEMA: Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2026

120.000,00

A20002-A2500-4816-334113: GENERAZINEMA: elkarteentzako laguntzak, ikus-entzunezko jardueretarako

2026

40.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) igortzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko otsailaren 20an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–GENERAZINEMA PRESTAKUNTZA 2026 LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da arautzea nola eman ikus-entzunezkoen sektore profesionalari zuzendutako prestakuntza jarduerak antolatzeko laguntza batzuk. Jarduera horiek Nafarroan egin beharko dira, 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra (bi egun horiek barne).

1.2. Ikus-entzunezkoen esparruan diharduten profesional eta enpresentzako ikastaroak, lantegiak, foroak, inkubagailuak eta egonaldiak hartuko dira prestakuntza ekintzatzat, baldin eta barne hartzen badituzte ikus-entzunezko proiektuen sormen- eta garapen-prozesuetan gaitasuna eta lehiakortasuna hobetzeko prestakuntza-, networking- eta tutoretza-jarduerak. Ikus-entzunezko proiektuen tipologian sartzen dira film laburrak, film luzeak, telesailak, murgiltze-narratibak eta errealitate birtualekoak, eta funtsean narratiboak diren beste eduki ikus-entzunezko eta digitalak.

1.3. Prestakuntza jarduerek ikus-entzunezkoen esparruan modu aktiboan diharduten profesional eta enpresentzako diseinaturik egon beharko dute.

1.4. Honako helburu hauek ditu laguntzen deialdiak:

–Ikus-entzunezko proiektuak sortu eta garatzeko faseak profesionalizatzen laguntzea, narratibak berrituz, sormen eta ekintzailetza trebetasunak eskuratuz, ikus-entzunezkoen sektorearen barnean sareak egituratuz, eta profesionalei eta proiektuei pizgarriak eta laguntza zuzena emanez, ekoizpenak baldintza hobeetan irits daitezen publiko potentzialetara.

–Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenaren nazioartekotzea sustatzea, ikus-entzunezkoen sektoreak duen gaitasuna hobetuta, nazioz haraindi eta nazioartean aritzeko eta aldebiko eta alde anitzeko koprodukzio gehiago sortzeko.

–Sektore pribatuak proiektuen finantzaketan parte har dezan sustatzea eta Nafarroako enpresetan efektu egituratzailea bultzatzea, barne daudela ekintzailetza, negozio eredu berrien sorrera, jabetza intelektualaren kudeaketa eta finantzaketa eskuratzeko gaitasuna hobetzea.

–Kultura eskaintzaren aniztasuna bultzatzea, finantzatzeko zailtasunak dituzten interes kulturaleko lanak finantzatzea, eta sektorean talentu berriak eta belaunaldi berriak sar daitezen laguntzea.

–Ekoizpenen marketina, sustapena, publikoekiko interakzioa eta banatzeko eta ustiatzeko modu berriak indartzea, eta ahalik eta gehien aprobetxatzea digitalizazio prozesuen aukerak, arlo horretan proiektuak sortu eta garatzeko faseetatik lan eginez.

1.5. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate.

c) Elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateak.

Entitate eskatzaileek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik.

2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona edo enpresek, eskaera aurkezten den unean, alta emanik egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan (dagokion erakundean), zinemagintzari edo ikus-entzunezkoei loturiko jarduerekin zerikusia duen edozein epigrafetan.

2.3. Onuradun izateko aukeratik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretan laguntza eskaeraren xede den proiektua finantzatzeko partida izenduna duten entitateak.

c) Filmak erakusteko aretoen titularrak diren enpresak.

d) Sindikatuak eta lanbide-elkargoak.

2.4. Horrez gain, eskatzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak eta entitateak.

2.5. Eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuan sartzen diren enpresa eskatzaileak ezin izanen dira onuradun izan aipatutako legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez badituzte.

Hori betetzen dela frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, baldin eta, kontabilitate araudiaren arabera, galera-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateak badira.

Kontabilitate araudiari jarraikiz, galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak bete izana ziurtagiri bidez frogatzeko beharra ezarri da. Ziurtagiri hori Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek eman beharko du, enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.

2.6. Azkenik, eskatzaileek ezin izanen dute laguntzen deialdian parte hartu zehatu edo kondenatu badituzte, administrazio ebazpen irmo baten edo epai judizial irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.–Deialdira bideratutako diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek 160.000 euro izanen ditu guztira, honako partida hauen kontura:

–2026ko aurrekontuko A20002 A2500 4709 334102 partida; "GENERAZINEMA: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak": 120.000 euro.

–2026ko aurrekontuko A20002 A2500 4816 334113 "GENERAZINEMA: elkarteentzako laguntzak, ikus-entzunezko jardueretarako": 40.000 euro.

3.2. Laguntzen zenbatekoak ezin izanen du gainditu onartutako aurrekontuaren %70 (deialdi honetan ezarritako denbora mugekin eta diruz lagun daitezkeen gastu motak aintzat hartuta). Gainera, proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 40.000 eurokoa izanen da gehienez ere.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkezten duena izanen da, behin kendurik (bidezkoa denean) deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuak, eta, orobat, balorazio batzordearen iritziz, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez direnak.

3.3. Aurreko muga horiek betez gero, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginda, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da.

3.4. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.5. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaeran aurkeztutako aurrekontua berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak proposatzen den dirulaguntzara egokitzeko. Balorazio batzordeak aurrekontu berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaeraren aurrekontua berregitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, baita ezarritako balorazio-irizpideak ere.

4.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

4.1. Laguntza eskatzen duten proiektuen helburua izanen da prestakuntza-espazioak sustatzea, ikus-entzunezkoen sektorearen lanbide eta enpresa gaikuntza hobetuko dutenak, sormen prozesu berrietara, merkatuaren garapenetara eta eraldaketa digitalera egokitzeko, eta, horrela, lehiakortasuna sustatzeko.

Proiektuetako parte-hartzaileak hautatzeko, publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei jarraituko diete pertsona edo entitate onuradunek.

4.2. Aurkezten diren proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Bermatzea laguntza eskaeraren xede den proiektuan parte hartzen duten pertsonen %20 gutxienez Nafarroan erroldatuta daudela 2025eko urtarrilaren 1etik.

b) Enpresa eskatzaileak helbide fiskala Nafarroan izatea proiektua gauzatzeko prozesu osoan.

5.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo tramiteen bilatzaileko "Laguntzak, ikus-entzunezkoen sektorerako prestakuntza jarduerak antolatzeko Nafarroan (Generazinema Prestakuntza 2026)" izeneko deialdiaren fitxaren bidez.

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

5.2. Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

5.3. Eskaera eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak deialdi honi erantsitako ereduen araberakoak izanen dira. Eredu horiek eskuragarri izanen dira tramiteen bilatzaileko "Laguntzak, ikus-entzunezkoen sektorerako prestakuntza jarduerak antolatzeko Nafarroan (Generazinema Prestakuntza 2026)" izeneko deialdiaren fitxan.

5.4. Eskaerarekin batera (I.A eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZ) zinemagintzari edo ikus-entzunezkoei loturiko jarduerekin zerikusia duen epigraferen batean alta emanda dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Entitate motaren arabera, agiri hauetako bat:

–Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, kasua denean, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakiarena, hurrenez hurren.

–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketa eskrituraren kopia edo, kasua denean, estatutuen aldaketarena, eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren eta identifikazio fiskaleko kodearen kopiak.

–Elkarte, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateen kasuan, estatutuen kopia.

c) Hiru urteko edozein alditan jasotako beste "de minimis" laguntzen gaineko adierazpena, baldin eta aipatu erregelamenduari edo bestelako "de minimis" erregelamenduei loturik badaude, 13.4 oinarrian ezarritakoaren arabera. Adierazpenaren eredua eta nahitaezko agiriak kontsultatzeko, betetzeko eta izapidetzeko, tramiteen bilatzaileko "Laguntzak, ikus-entzunezkoen sektorerako prestakuntza jarduerak antolatzeko Nafarroan (Generazinema Prestakuntza 2026)" izeneko deialdiaren fitxara jo beharko da.

d) I. eranskina (Informazio teknikoa eta ekonomikoa), EXCEL formatuan, laguntza eskaeraren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

AURREKONTU DIRUZ LAGUNGARRIA: 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) sartuko dira, eta 6. oinarrian gastu diruz lagungarritzat jotzen direnak, kontuan hartu gabe 6.2.f, 6.2.g eta 6.2.h oinarrietan ezarritako portzentaje-mugak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

SOLDATA ETA GIZARTE SEGURANTZAKO GASTUAK: Aurrekontuan sartutako soldatapeko langileen gastuak jasoko dira, 6.3 oinarrian ezarritako muga kontuan hartu gabe.

OHARRAK: 6.2.e) oinarrian jasotako zenbatekoak ulertzeko argibide egokiak idatziko dira.

ONARTUTAKO AURREKONTUA: Emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak onartutako aurrekontutzat hartzen ahal den zenbatekoaren kalkulu automatikoa eginen du. Organo kudeatzaileak hori berretsiko du, azterketa teknikoa egin ondoren.

BERMATUTAKO FINANTZAKETA: Proiektu bererako eskatutako eta jasotako laguntzen eta horien zenbatekoaren aitorpena jasoko du, baita proiektuaren bermatutako finantzaketa eta horren zenbatekoa ere.

Bermatutako finantzaketa egiaztatu beharra dago proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko puntuak lortzeko, hots, 8.1.f) oinarrian adierazita daudenak.

Honako dokumentu hauek erabiltzen ahalko dira: emandako laguntzen ebazpenak, banku-abalak edo elkar bermatzeko sozietate batenak, kontu korrontearen banku-ziurtagiriak, banku-kredituak, inbertitzaile pribatuen ekarpenen ziurtagiriak.

I.A eranskina (Eskaera); PDF formatuan aurkeztu beharko da.

I.B eranskina (Proiektuari buruzko informazioa), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

e) Proiektuaren memoria, behar beste informazio garrantzitsu duena proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazio artistikoa egiteko.

f) 2.5 oinarrian jasotakoari jarraikiz, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditoreak emandako erantzukizunpeko adierazpena edo ziurtagiria, kasuaren arabera, ordainketa epeak betetzen direla egiaztatzeko, aurreikusita daudenak Merkataritza eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean.

Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua II. eranskinean jasota dago (Ordainketa epeak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena), eta Nafarroako Gobernuaren web atarian deskarga daiteke.

g) Eskaera telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

5.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdiren batean parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko oinarriaren b) atalean aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.6. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.7. Baldin eta dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.8. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.2. Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Aurrez aurreko jarduerari lotutako gastuak:

–Profesionalen zerbitzuak zuzendaritzarako eta koordinaziorako, zeregin osagarriak –gonbidatuei harrera egitea, laguntzea eta arreta ematea–, aurkezle edo moderatzaileak, hizlariak, tutore eta mentoreak eta irakasleak.

–Interpreteen eta aldibereko itzulpeneko enpresen zerbitzuen errentamendua.

–Lokalen edo aretoen alokairuak (entitate onuradunaren egoitza sozialaren alokairua izan ezik).

–Jarduerak egiteko zerbitzu teknikoak eta ekipoen alokairua.

b) Online jarduerei eta digitalizazio prozesuei lotutako gastuak:

–Online jardueretarako plataforma birtualak garatzeko gastuak edo erabiltzeko alokairuarenak.

–Programatutako jardueretan hautatutako proiektu edo profesionalekin lotutako edukien ostatatze birtualaren gastuak.

–Online ekitaldietarako dinamizatzaileak kontratatzea.

–Mugikorrerako aplikazioak, 3D/4D aplikazioak eta antzekoak garatzea edo alokatzea.

–Errealitate birtualeko edo murgilgarriko teknologia alokatzea, edo jarduera gauzatzeko interesa duelako justifikatuta dagoen beste bat.

–Adimen artifizialaren teknologia aplikatzea jardueretan, marketin-azterlanetan, bertaratutako jendearekin testatzeak egiteko eta publiko berriei antzemateko.

–Ingurune digitaleko obren komunikazioarekin, sustapenarekin eta banaketarekin lotutako azterlanak.

c) Jasangarritasunari lotutako gastuak:

–Jardueraren karbono-aztarna edo ingurumen-inpaktua neurtzeko analisi edo azterketak.

–Jasangarritasuneko agenteak (ecomanager edo green runner-ak) kontratatzea jarduera gauzatzeko.

–Jasangarritasunaren arloko prestakuntza jarduerak.

–Erakunde aitortuen jasangarritasun ziurtagiriak lortzea.

d) Komunikazio, prentsa eta publizitate gastuak:

–Prentsa eta komunikazio agenteak kontratatzeko gastuak.

–Argitalpenen edizioa, edozein euskarritan.

–Publizitate kanpainen gastuak.

–Zabalkunde edo komunikazio elementuetarako diseinu grafikoaren gastuak.

–Zabalkunderako edo komunikaziorako bideoen edo ikus-entzunezko piezen edizio gastuak.

–Sustapen-materialen eta seinale- eta dekorazio-euskarrien gastuak.

e) Joan-etorrietako, ostatuko eta mantenuko gastuak:

–Hizlari, irakasle eta ikasleei dagozkien gastuak soilik, ez entitate onuraduneko langileenak.

–Joan-etorrietako gastuak, jarduera egiten den herrira joateko eta abialekura itzultzeko garraiobide kolektiboetan, ahal dela turista klasean, klase ekonomikoan edo antzeko batean.

–Norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,35 euro ordainduko dira kilometroko, gehi aparkalekuen eta bidesarien gastuak. Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaia. Gainera, diruz lagungarritzat hartuko dira herri barruko ibilbideetarako taxi edo AIG gastuak.

–Ostatu gastuak: gehienez 120 euro pertsona eta egun bakoitzeko. Fakturan gaua igarotzen duten pertsonen datuak jaso beharko dira.

–Mantenua: gehienez 60 euro pertsona eta egun bakoitzeko. Fakturen zerrendan, gastua nortzuei dagokien, pertsona horien datuak adierazi behar da.

f) Protokolozko ekitaldiak, hala nola koktelak eta antzeko ekitaldiak, gehienez 600 euro.

g) Gastu orokorrak, proiektuari egozteko modukoak izan ez arren, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak direnak, jarduera kudeatzeko aldiarekiko modu proportzionalean. Gastu horiek aurrekontuan sartu beharko dira, eta ezin izanen dute gainditu a) ataletik f) atalera bitarte jasotako zenbatekoen baturaren %5.

h) Proiektua abian jartzeko beharrezkoak izanik, pertsona edo entitate onuradunak kontratatu dituen langileen soldata kostuak eta gizarte segurantza, beren arduraldiaren proportzioan. Gastu horiek ez dute gaindituko a) ataletik f) atalera bitarte jasotako zenbatekoen baturaren %30.

i) Proiektuaren garapena finantzatzeko maileguek sortzen dituzten finantza-interesak eta negoziazio gastuak, a) ataletik f) atalera bitarte jasotako zenbatekoen baturaren %20ko mugara arte.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzu-emateetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta merkatuan hornidura hori egiteko edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Laguntza justifikatzeko unean justifikatuko dira alderdi horiek eta, horretarako, hornitzaile desberdinen hiru eskaintza gutxienez aurkeztu beharko dira, gastua egin aurrekoak.

6.3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskuratzen ahal baditu.

d) Lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 gainditzen duten entitateko langileen ordainsariak.

e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

f) Amortizazio gastuak.

g) Tributuen gastuak.

h) Elikagaien, edarien edo antzekoen gastuak, ez direnak jatetxe- edo catering-enpresek fakturatutako gastuak.

6.4. Deialdi honetan diruz lagungarriak ez diren partidak laguntza honetatik kanpoko diru-sarrerekin finantzatu behar dira, eta hala jaso behar da berariaz eskaeran aurkeztutako aurrekontuan.

7.–Izapidetze eta ebaluazio organoak.

7.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak izapidetuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarri bezala.

7.2. Balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzordea Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatuko du, ebazpen bidez; ebazpen hori argitara emanen da tramiteen bilatzaileko "Laguntzak, ikus-entzunezkoen sektorerako prestakuntza jarduerak antolatzeko Nafarroan (Generazinema Prestakuntza 2026)" izeneko deialdiaren fitxan. Honakoek osatuko dute balorazio batzordea:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, bestela, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Zinemagintzaren edo kultur kudeaketaren arloan entzute handikoak edo adituak diren 2 pertsona, eta Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Ataleko burua, edo bestela, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

7.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea. Balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko. Fase honetan, I.A eranskinean, dagokion laukitxoan, hala adierazi duten eskatzaileek beren proiektuak defendatzen ahalko dituzte balorazio batzordearen aurrean, gehienez 15 minutuko azalpena eginez.

3. fasea. Batzordea bilduko da, aurkeztutako eskaeren puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 8.2 oinarrian eskatutako 50 puntuak gainditzen dituzten proiektuen artean. Horretarako, lortutako puntuazioen ordena hartuko da kontuan, baita 3.2 eta 3.3 oinarrietan ezarritakoa ere. Banaketa egin ondoren onuradun bati eskatutakoa baino dirulaguntza txikiagoa ematea proposatzen bada, aurrekontua birformulatzeko eskatuko zaio, 3.5 oinarrian adierazten den bezala. Aurrekontu berri horrek balorazio batzordearen adostasuna izan beharko du.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4. fasea. Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

7.4. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak, balorazio batzordeak emandako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8.–Proiektuen balorazioa.

8.1. Balorazio batzordeak eskaerak aztertuko ditu eta puntuak emanen dizkie, bost kategoria hauetan duten garrantziaren arabera:

a) Gaitasun eraldatzailea. 20 puntu gehienez.

b) Sektorearen digitalizazioaren, garapen jasangarriaren eta lurralde kohesioaren gaineko inpaktua. 15 puntu gehienez.

c) Edukiaren eta jardueren kalitatea. 25 puntu gehienez.

d) Koordinazio taldea, prestatzaileak eta adituak. 20 puntu gehienez.

e) Proiektuaren ibilbidea. 10 puntu gehienez.

f) Aurrekontuaren zenbatespena eta proiektuaren bideragarritasuna. 10 puntu gehienez.

a) Gaitasun eraldatzailea. Eskatzaile bakoitzak erakutsi behar du bere proiektuak jardunbide berritzaileak eta estrategia eraldatzaileak dakartzala. 20 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

Proiektuak jardunbide edo prozesu berri bat proposatzen du, dagoen prestakuntza eskaintzaren aldean

5 puntu gehienez

Lurralde edo herrialde desberdinetako eragileen arteko lankidetza sustatzen du

2 puntu gehienez

Estrategiak proposatzen ditu ikus-entzunezko eskaintzan askotariko hizkuntzak, komunitateak, pertsonak eta gaiak irudikatu daitezen, guztiak ere ikuspegi inklusiboarekin

5 puntu gehienez

Estrategiak proposatzen ditu ikus-entzunezko eskaintzan generoak era orekatuan irudikatu daitezen

4 puntu gehienez

Estrategiak proposatzen ditu ikus-entzunezko eskaintzan belaunaldiak era orekatuan irudikatu daitezen, arreta berezia jarrita 30 urtetik beherako gazteak sartzeari

4 puntu gehienez

b) Sektorearen digitalizazioaren, garapen jasangarriaren eta lurralde kohesioaren gaineko inpaktua. Eskatzaile bakoitzak erakutsi behar du bere ekimenak digitalizazioko, jasangarritasuneko eta/edo lurralde kohesioko helburuei erantzuten diela. 15 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

Proiektuaren gaitasun eraldatzailea digitalizazioari dagokionez (proiektuak erabiltzen ditu azken teknologia digitalak, eta sustapen digitalerako eta datuen analisirako tresnak, batez ere audientzien analisiarekin lotutakoak)

4 puntu gehienez

Proiektua konprometituta dago garapen jasangarriko hiru helbururekin baino gehiagorekin (https://www.un.org/sustainabledevelopment/es/objetivos-de-desarrollo-sostenible/)

4 puntu gehienez

Proiektua batez ere landa-ingurunean garatzen da

4 puntu gehienez

Proiektuak Espainiako autonomia erkidegoen arteko elkarrekintza indartzen du

3 puntu gehienez

c) Edukiaren eta jardueren kalitatea. Eskatzaile bakoitzak erakutsi behar du bere ekimenak lan-metodologia, prestakuntza eta hautaketa prozedura zorrotza eta anbiziotsua dakarrela, bereziki honako hauek sustatzera bideratua: narratiben berrikuntza; koprodukziorako ekintzailetza trebetasunak eskuratzea; marketinean, sustapenean eta ikusleak erakartzeko lan egiteak ekoizpenaren aurreko faseetatik duen garrantziaz jabetzea; eta ikus-entzunezkoen sektorearen barnean sareak egituratzea. 25 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

Edukiaren egokitasuna, honako hauei dagokienez: irakatsiko diren gaiak eta konpetentziak, ikaskuntzatik espero diren emaitzak, tutoretza jarduerak, metodologia eta ikuspegi pedagogikoa

5 puntu gehienez

Proiektuaren neurriaren egokitasuna, honako hauen arabera: ekintza eremua (nazioartekoa / Europakoa / lurraldekoa), talde hartzailea (tamaina, profesionalen mota), eta gaikuntza maila eta lanbide esperientzia

5 puntu gehienez

Formatuaren egokitasuna, honako hauei dagokienez: nola dagoen egituratua iraupenaren arabera, moduluak (lantegiak, one-to-one topaketak, onlineko aholkularitza, etab.), hautaketa prozedura, beken politika, eta beste ekimen batzuekin sarean lan egitea

5 puntu gehienez

Proiektuaren potentziala, honako hauek ekartzen dituen heinean: negozio eredu berriak, digitalizazioaren bidez efizienteagoak diren ereduak, eta ikus-entzunezkoen sektoreko agenteen artean edo sektore horren eta beste sektore batzuen artean harremanak sortzen edo hobetzen dituzten ereduak.

5 puntu gehienez

Proiektuak barnean hartzen du bertaratutakoei jarraipena egitea hurrengo ediziora arte

5 puntu gehienez

d) Koordinazio taldea, prestatzaileak eta adituak. 20 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

Koordinazio taldearen ibilbidea

5 puntu gehienez

Tutoreen eta adituen ibilbidea, eta ezarritako helburuetarako egokitasuna

5 puntu gehienez

Koordinazio taldearen, tutoreen eta adituen profiletan mota eta dimentsio askotako lan esparru eta diziplinak izatea

5 puntu gehienez

Taldearen rolen eta erantzukizunen banaketaren garrantzia, genero-oreka eta aniztasuna kontuan hartuta

5 puntu gehienez

e) Proiektuaren ibilbidea. 10 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

Bi edizio edo gehiago egitea

10 puntu

Edizio bat egitea

5 puntu

f) Aurrekontuaren zenbatespena eta proiektuaren bideragarritasuna. Proiektuek frogatu behar dute helburuak bete ditzaketela ezarritako aurrekontuaren barnean eta ezarritako baliabideekin. Gehieneko puntuazioa emanen zaie modu errealista batean eta kronograma errealista batekin gauzatu daitezkeela frogatzen duten proiektuei, betiere aurrekontua eta proposatutako baliabideak errespetatuta, eta, gainera, balio erantsia eskaintzen dioten bazkideak baditu. 10 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

Aurrekontu sinesgarria eta orekatua du, kronogramara egokitua

5 puntu gehienez

Bere helburuak lortzeko behar beste baliabide ditu.

5 puntu gehienez

8.2. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.3. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie, beren eskaeran emandako helbide elektronikoaren bidez, eta argitara emanen da tramiteen bilatzaileko "Laguntzak, ikus-entzunezkoen sektorerako prestakuntza jarduerak antolatzeko Nafarroan (Generazinema Prestakuntza 2026)" izeneko deialdiaren fitxan.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

9.4. Ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina onesten duen maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuko 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, aipatu legearen 25.1.f) artikuluan adierazten diren pertsonek egiten baldin badituzte, gizarte interesekotzat hartuko dira. Aldiz, lege beraren 25.2 artikuluan adierazten diren pertsona edo entitateak ez dira hartuko kultur mezenasgoaren onuraduntzat. Horretarako, eskatzaileek III. eranskina (Mezenasgoaren erantzukizunpeko adierazpena) beteko dute (https://www.navarra.es/documents/48192/57193617/Anexo+III+Declaraci%C3%B3n+Responsable+Mecenazgo.pdf). Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez bete eta tramitatu daiteke.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete beharko dituzte maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintza eta betebeharrak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo- eta babesletza-ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo- eta babesletza-modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute nolako eragina izan duten laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

11.–Onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek telematikoki aurkeztu beharko dute gardentasunari buruzko adierazpena, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenarekin eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioarekin, bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa).

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Onuradunek, orobat, betebehar hauek dituzte:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

b) Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

c) Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalari jakinaraztea proiektua gauzatzean gertatzen den gorabehera oro, hura aldatzea ekartzen badu (aurrekontuko aldaketak barne). Gertatzen den unean jakinarazi beharko da, atal horrek aldez aurretik adostasuna eman dezan, betiere aldaketak ez badu funtsean aldatzen onetsitako proiektua.

d) Onartzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrolen xede izan daitezkeen artean.

h) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

11.3. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen hedapenerako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

11.4. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatu daitezke, edo Argitalpen Atalaren bidez.

11.5. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (liburuxkak, kartelak). Hala ere, hedapen telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko atalean deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.6. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da. Horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad" (http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

12.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua

12.1. Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1.1. Ordainketa.

Oro har, onuradunak diruz lagundutako jardueraren gastua egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2026ko azaroaren 6a izanen da (egun hori barne).

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

Justifikazioa egiteko, onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu (IV. eranskina bete, eranskin horretako jarraibide-orriaren arabera):

a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) EXCEL formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

FAKTUREN ZERRENDA: Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFKa; fakturaren kontzeptua; guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta (kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data. Excel formatuan igorriko da.

NOMINEN ZERRENDA: Proiektuari lotutako langileen nominen zerrenda zenbakiduna, berariaz adierazita zenbateko gordina, Gizarte Segurantza eta PFEZa. Proiektuari aplikatutako ehunekoa ere adieraziko da.

FINANTZABIDEAK: Finantzaketa-iturrien eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

AZKEN MEMORIEN DATUAK: epigrafe honetako c eta d ataletako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

b) Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak. Deialdiaren 1.1 oinarrian proiektua gauzatzeko ezarritako epeetan emanak izan beharko dute, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak.

Nominen kasuan, eredu hauek: langileen izenen zerrenda (RLC) eta kotizazioen likidazioaren hartze agiria (RNT), eta PFEZaren kontzeptuei dagozkienak.

Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

Proiektuaren gastu diruz lagungarriekin lotutako gastu guztiek (6. oinarrian zehaztuak) ordainagiriak beharko dituzte. Egindako gastutzat joko da oinarri hauetan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Egiten diren 100 eurotik gorako gastuek bankuko ordainagiria eduki beharko dute. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

Nominen kasuan, Gizarte Segurantzaren eta PFEZaren kontzeptuei dagozkien ordainagiriak.

Gastuen eta ordainketen frogagiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, IV. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

c) Egindako jarduera azaltzen duen memoria bat. Bertan, programatutako jarduera guztiei buruzko informazioa jasoko da eta, ahal den neurrian, bertaratutakoen adinaren eta sexuaren arabera segmentatutako bertaratze datuak. Halaber, memoriak izan beharko du proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta. Jasangarritasunaren aldeko neurriak hartu badira, horiei buruzko informazioa sartu beharko da.

d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Jaialdiko taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

–Jaialdiak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkunderako erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa. PDF formatuan aurkeztuko da.

12.1.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketa bat egiten ahalko da, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2026ko abuztuaren 31 baino lehen (egun hori barne). Berariazko eskaera hori telematikoki aurkeztu beharko du entitateak Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo tramiteen bilatzaileko "Laguntzak, ikus-entzunezkoen sektorerako prestakuntza jarduerak antolatzeko Nafarroan (Generazinema Prestakuntza 2026)" izeneko deialdiaren fitxaren bidez, honako dokumentazio honekin batera:

–Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFKa, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda EXCEL formatuan igorriko da, nafarroa.eus helbidean dagoen V. eranskina erabilita (Konturako ordainketaren eskaera).

–Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak, aurreko zerrendaren arabera ordenatuta, PDF formatuan.

Nominen kasuan, eredu hauek: langileen izenen zerrenda (RLC) eta kotizazioen likidazioaren hartze agiria (RNT), eta PFEZaren kontzeptuei dagozkienak.

Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

Gastuen frogagiriak PDF formatuan aurkeztu beharko dira, V. eranskinean agertzen diren hurrenkeran antolatuta.

–Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.

12.1.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, aurrerakin gisa, eta gehienez esleitutako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Aurrerakinaren zenbatekoa dirulaguntzaren helburuak betetzeko aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da. Aurrerakin hori ordaindu ahal izateko, 2026ko uztailaren 31rako, egun hori barne, VI. eranskina (Aurrerakinaren eskaera) aurkeztu beharko da, Excel formatuan, behar bezala beteta (bertan adieraziko dira diruzaintzaren egoera edo bere banku-kontuetako saldoak, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda, eta proiektuari lotuta ez dauden gastuen eta diru-sarreren konpromisoak), eta dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela justifikatuta.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntza kobratzeko eskubidea.

12.3. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

12.4. Gastu diruz lagungarrien barruan 2026ko laugarren hiruhilekoko faktura eta nominen PFEZaren atxikipenak sartu badira, bai eta 2026ko urriko nominen Gizarte Segurantza ere, dirulaguntzaren likidazioa behin-behinekoa izanen da, eta gastu diruz lagungarri horien ordainketa konturako ordainketatzat hartuko da. Behin betiko likidazioa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak dagozkion likidazioak eta egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, beranduenez 2027ko otsailaren 15ean. Hori egin ezean, zenbateko horiek gehi dagozkien interesak itzultzeko eskatuko zaio.

12.5. Ikus-entzunezko Proiektuen eta Proiektu Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

13.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

13.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak xede eta helburu bererako 2026an eman dezakeen beste batekin.

13.2. Halere, dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, 2026. urtean, xede eta helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

13.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak eginen duen jardueraren kostua baino handiagoa.

13.4. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 2831-81820. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2023ko abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.

Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera-orrian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo "de minimis" beste erregelamendu batzuen mende badaude.

14.–Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan.

16.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

17.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2602898