Iragarkia
62. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
16E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzen 2026ko deialdia onesten duena. DDBN kodea: 890723.
Azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, III. kapituluan xedatzen du Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen eremu materiala, eta eskumen horien artean dago Nafarroako Foru Komunitatearen interes sozioekonomikoak babestea, Europar Batasuneko ekintzek edo programek horietan eragina duten neurrian. Eskumen hori, berariaz, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari esleitzen zaio.
Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak interesa du Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzen deialdiaren beste edizio bat proposatzeko, era horretan Europako funtsetatik Nafarroako entitateetara itzultzen dena hobetzeko asmoz. Europako programetatik edo bestelako iturrietatik (adibidez, Europako Batzordeko zuzendaritza nagusiek berek, partzuergoek eta Europa mailako ekimenek antolatutako deialdi eta lizitazioetatik) eskualdeko enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateentzako funtsak lortzeko eskaintza eta proposamenak prestatzen direnean, aurretiaz zehaztutako metodologia edo estrategia bati jarraitu behar zaio, baldin eta, itzultzen diren funtsei dagokienez, Nafarroak izan duen arrakasta maila hobetu nahi bada. Bruselan gertatzen denari buruzko informazioa eta ezagutza izatea funtsezkoa da.
Dirulaguntza hau jasota dago 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan, eta haren helburua da sustatzea Nafarroako entitateek kontrata ditzatela Europako proiektuen sustatzaile eta kudeatzaile lanetan arituko diren pertsonak.
Adierazitakoarekin bat, eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzen 2026ko deialdia.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, kontuan hartuta zenbat eskabide jasotzen diren:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
2026ko gastuen aurrekontuko "Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak" izeneko B50003-B5200-4709-145102 partida | 2026 | 40.000,00 |
2026ko gastuen aurrekontuko "Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak" izeneko B50003-B5200-4709-145102 partidaren baliokide izanda 2027ko gastuen aurrekontuan gaitzen den partida, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago | 2027 | 40.000,00 |
2026ko gastuen aurrekontuko "Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak, irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzenduta" izeneko B50003-B5200-4819-145102 partida | 2026 | 30.000,00 |
2026ko gastuen aurrekontuko "Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak, irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzenduak" izeneko B50003-B5200-4819-145102 partidaren baliokide izanda 2027ko gastuen aurrekontuan gaitzen den partida, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago | 2027 | 30.000,00 |
Entitate onuradun mota bakoitzarentzat baimendutako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua besteari zuzendutako zenbatekoari gehitzen ahalko zaio, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko martxoaren 3an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
I. ERANSKINA.–EUROPAKO PROIEKTUEN SUSTATZAILEAK ETA KUDEATZAILEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Dirulaguntza hau jasota dago 2025-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan, eta haren helburua da Europako proiektuen kudeaketa lanetan arituko diren pertsonen kontratazioa sustatzea, Europako proiektuen esparruan laguntza deialdiak bilatu eta identifika ditzaten, gero deialdi horietan proposamen bat aurkezteko, eta/edo proposamen horiek hobetzeko, haien arrakasta maila handiagoa izan dadin eta, ikuspegi publikotik, Europako funtsak Foru Komunitatearen lurraldera erakartzeko aukerak handitzeko.
2. oinarria.–Finantzaketa.
Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, kontuan hartuta zenbat eskabide jasotzen diren:
- 40.000 euro, 2026ko gastuen aurrekontuko "Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak" izeneko B50003-B5200-4709-145102 partidaren kargura.
- 40.000 euro, 2026ko gastuen aurrekontuko "Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak" izeneko B50003-B5200-4709-145102 partidaren baliokide izanda 2027ko gastuen aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
- 30.000 euro, 2026ko gastuen aurrekontuko "Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak, irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzenduta" izeneko B50003-B5200-4819-145102 partidaren kargura.
- 30.000 euro, 2026ko gastuen aurrekontuko "Europako proiektuen sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzeko laguntzak, irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzenduta" izeneko B50003-B5200-4819-145102 partidaren baliokide izanda 2027ko gastuen aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
Entitate onuradun mota bakoitzarentzat baimendutako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua besteari zuzendutako zenbatekoari gehitzen ahalko zaio, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.
3. oinarria.–Onuradunak.
1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak eta irabazi-asmorik gabeko entitateak izaten ahal dira onuradunak:
a) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.
b) Kontabilitate arloan, arlo juridikoan, enpresa arloan eta/edo arlo fiskalean enpresentzako auditoretzako eta/edo aholkularitzako jarduerarik ez izatea xede sozial gisa.
Horren arrazoia deialdi honen helburua bera da; izan ere, sustatu nahi da kontrata daitezela Europako proiektuak kudeatzeko lanetan arituko diren pertsonak, hain zuzen ere dihardutenak lan horietan ohiko moduan eta esklusiban aritzen ez diren enpresetan eta irabazi-asmorik gabeko entitateetan (hala nola auditoretza eta aholkularitza erakundeetan), eta, horrela, pizgarri-efektu hori galtzea saihestu nahi da.
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.
2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, baimena ematen da egoitza fiskala egiaztatzeko. Interesdunak horri berariaz uko egiten badio eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak eta egiaztagiriak.
3. Eskatutako betebeharrak eskabidean sartuta dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira, eta laguntzen eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, bai eta diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean ere.
4. oinarria.–Kontratazio diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.
1. Diruz lagunduko da onuradunek Europako proiektuetarako sustatzaileak eta kudeatzaileak kontratatzea. Pertsona horiek eginkizun hauek izanen dituzte: proiektu ideia bat sortzea, ideia hori txertatzen duten programak eta deialdiak monitorizatzea eta identifikatzea, egitasmoarekin atxikiko diren kideak edo proposamenak bilatzea, eta aurkeztutako proposamenen jarraipena eta ebaluazioa egitea proiektuak irauten duen bitartean.
2. Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Gutxienez hamabi hilabete irautea eta lanaldi osokoa izatea.
b) Mugagabea izatea. Ez dira baliozkoak izanen autonomo gisa aritzen diren langileekin sinatutako kontratuak.
c) Kontratazio berria izatea. Ez da baliozkoa izanen deialdia argitaratzen den unean entitatean lanean ari diren pertsonekin egindako kontratuak eguneratzea. Entitatea aurreko urteetan deialdi honen onuradun izan bada, zer pertsona kontratatzeko lortu zen laguntza, pertsona hori ezin izanen da inola ere berriz kontratatu.
d) Kontratuan adieraziko da ezen kontratatutako pertsona ariko dela Europako proiektuak kudeatzeko eta/edo sustatzeko lanetan, eta lan horiei dagokien talde profesionala esleituko zaio.
e) Kontratuak sinatuko dira deialdi hau argitaratzen den egunetik hasita dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hiru hilabete igaro bitarte.
3. Kontratatutako pertsonari alta emanen zaio Gizarte Segurantzan, 1. edo 2. kotizazio taldeetan, bere lanbide kategoriaren arabera, eta gutxienez 32.000 euroko urteko soldata gordina eduki beharko du.
4. Kontratatutako pertsonak Nafarroan kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.
5. Kontratatutako pertsona, kontratatzen den unean, ezin izanen da izan entitatearen jabetza edo kontrola dutenen ezkontidea, aurreko ahaidea, ondorengoa edo ezkontza nahiz odol bidezko bigarren mailara bitarteko ahaidea, ezta zuzendaritzako karguak dituztenena ere, edo, sozietatearen forma juridikoa duten entitateen edo enpresen kasuan, ezta haietako administrazio organoetako kideena ere.
6. Laguntza 20.000 eurokoa izanen da kontratazio bakoitzeko. Beraz, enpresa edo irabazi-asmorik gabeko entitate batek dirulaguntzak eskatzen ahalko ditu Europako proiektu desberdinak kudeatuko dituzten pertsonak kontratatzeko.
5. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta muga-egunaren hilabetean amaituko da, hilabeteko zer egunetan argitaratzen den, egun horretan.
2. Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko izapideen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-la-contratacion-de-personas-promotoras-y-gestoras-de-proyectos-europeos-2026 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
3. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, fitxan eskura dauden ereduen arabera, artxibo bereizietan eskaneatuak eta izenaren bidez behar bezala identifikatuak:
a) Eskabidea, 3. oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena jasotzen duena.
b) Eskatutako balorazio-irizpideak azaltzen dituen memoria.
c) Entitatearen estatutu sozialak, entitatearen xede soziala jasotzen dutenak.
d) Entitatearen kotizazio-kontuen kode (KKK) guztien lan-bizitzaren txostena, langile guztiak jasotzen dituena.
e) 7. oinarri arautzailearen e) puntuan adierazitako prestakuntzetan parte hartu izanaren ziurtagiriak edo egiaztagiriak, bai eta prestakuntzen iraupena (orduak) ere.
4. Baldin eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluan aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Oinarri honen 3. ataleko c) letran eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, hori ezin izanen da inondik inora zuzendu.
6. oinarria.–Norgehiagoka.
Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, hurrengo oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz. Horretarako, bi zerrenda eginen dira, entitate onuradun mota bakoitzeko bana.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, zerrenda bakoitzean balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 4.6 oinarrian ezarritako gehieneko laguntza aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
7. oinarria.–Balorazio irizpideak.
Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahal dira:
IRIZPIDEA | GEHIENEKO |
a) Langile kopurua | 20 |
b) Kontratatzeko helburuak eta beharrak | 20 |
c) Kontratatu beharreko profilaren egokitasuna | 10 |
d) Proiektuaren ideia eta konpondu beharreko arazoa | 10 |
e) Prestakuntza-jardueretan parte hartzea | 10 |
f) S4arekin bat etortzea | 5 |
g) Sareetan, foroetan eta elkarteetan parte hartzea | 5 |
h) Lehenago onuradun izan ez izana | 10 |
i) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galaraztea | 5 |
j) 50 pertsona baino gehiago dituzten entitateen kasuan, %4 baino gehiago desgaitasuna duten pertsonakizatea, eta gainerako erakundeen kasuan, ehuneko hori plantilla osoaren %2 edo gehiago izatea | 5 |
GUZTIRA | 100 |
a) Langile kopurua.
–1 eta 5 langile artean: 20 puntu.
–6 eta 10 langile artean: 15 puntu.
–11 eta 24 langile artean: 10 puntu.
–25 eta 49 langile artean: 5 puntu.
–50 langile edo gehiago: 2 puntu.
Langile kopurua frogatzeko, entitatearen kotizazio-kontuen kode guztien lan-bizitzaren azken txostena erantsiko da, non langile guztiak agertuko diren.
b) Kontratatzeko helburuak eta beharrak.
Kontratazioarekin zer helburu lortu nahi diren. Baloratuko da zer neurritan diren helburu horiek berariazkoak, neurgarriak, errealistak, garrantzitsuak eta diruz lagundutako kontratazioaren bukaera-epera mugatuak. Kontratazioaren beharra eta kontratazioak konpontzen lagunduko lituzkeen zailtasunak justifikatzea, 4. oinarri arautzaileko 6. puntuan ezarritako aukerarekin lotuta.
c) Kontratatu beharreko profilaren egokitasuna.
Baloratuko da ea profila egokitzen den Europako proiektuen kudeatzaile baten berezko zereginetara, eta, horrez gainera, prestakuntza akademikoa, lanbide-esperientzia, hizkuntza-gaitasunak eta abar.
d) Proiektuaren ideia eta harekin konpondu nahi den arazoa.
Haren dimentsio europarra Europako zer politikatan kokatzen den zehaztuz.
e) Prestakuntza-jardueretan parte hartzea.
Entitateak 2021-2027 aldirako Urte Anitzeko Finantza Esparruari buruzko prestakuntza-jardueretan parte hartu izana 2020tik aurrera (NUPeko kudeatzaileen ikastaroa, Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritzak edo Europako Proiektuen Bulegoak antolatutako mintegiak, Nafarroako EEN sarea, CDTI, SOST, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren prestakuntza-saioak eta abar).
Entitate parte-hartzaile bakoitzeko zenbatuko da, honela: prestakuntza-ordu bakoitzeko, 0,10 puntu.
Prestakuntza-saioetan parte hartu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak edo frogagiriak aurkeztu beharko dira, bai eta saio horien ordu-kopurua ere.
f) Nafarroako Espezializazio Adimentsu eta Jasangarriaren Estrategiarekin (S4) bat etortzea.
g) Europako sare, foro eta elkarteetan parte hartzea.
h) Laguntzaren aurreko deialdietako onuradun izan ez izana.
i) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat aplikatzen duten entitateak:
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, ez badaude hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 50 langile baino gutxiago badituzte.
–Aitortza edo bereizgarriren bat izatea, beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarri ofiziala edo AMEDNAren "Reconcilia zigilua" eta abar).
j) 50 pertsona baino gehiago dituzten entitateen kasuan, %4 baino gehiago desgaitasuna duten pertsonak izatea, eta gainerako erakundeen kasuan, ehuneko hori plantilla osoaren %2 edo gehiago izatea.
Ebaluazioaren ondoren 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.
8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia da dirulaguntzak nori eman erabakitzeko organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
2. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
3. Ebazpenean azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda eta onartutako zenbatekoa. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere agertuko dira, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
4. Onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.
9. oinarria.–Kontratazioaren justifikazioa.
Dirulaguntzaren onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez laguntzen fitxaren bitartez, hemen azaltzen diren epeetan:
1. Laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez hiru hilabeteko epean:
a) Kontratuaren kopia bat.
b) Ordainsariak hitzarmenaren araberakoak badira, hitzarmenaren kopia.
c) Zinpeko aitorpena, 4. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.
d) Kontratatutako pertsonaren nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
e) Entitatearen kotizazio kontuaren kodeko lan bizitzaren txostena, kontratatutako pertsonaren izena jasotzen duena.
f) Kontratatutako pertsonaren curriculuma, honako datu hauekin: prestakuntza akademikoa, esperientzia, hizkuntzak eta abar.
2. 2026ko azaroaren 13a baino lehen:
a) Nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzeko agiriak, kontratua formalizatu zenetik 2026ko urrira artekoak, hori barne.
b) Gizarte Segurantzako "Langileen izenen zerrenda" agiria, kontratuaren hilabete horiei dagokiena.
c) Agiri bidezko froga bat, egiaztatzen duena bete dela publizitateari buruzko betebeharra, 11. oinarriko d) letran ezarritakoa, salbu eta publizitate hori egiten bada entitatearen web-orriaren bidez. Kasu horretan, web-helbidea adieraziko da.
3. Bi hilabeteko epean, kontratuaren gutxieneko epea (12 hilabete) bukatzen denetik hasita, honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzeko agiriak, 2026ko azarotik hasi eta diruz lagundutako kontratua bukatu bitarteko hilabete guztietakoak.
b) Langileen izenen zerrenda, 2026ko azarotik hasi eta diruz lagundutako kontratua bukatu bitarteko hilabete guztietakoa.
c) Entitatearen kotizazio kontuaren kodeko lan bizitzaren txostena, diruz lagundutako aldiari dagokiona (12 hilabete).
d) Azken memoria, gutxienez honako informazio hau jasoko duena:
–Eskabidearekin batera aurkeztutako memoriaren esparruan kontratatutako pertsonak egindako ekintzen azalpena, eta egindako lanarekin entitateak duen gogobetetasun maila.
–Helburuak zenbateraino bete diren, laguntza-eskaeraren memorian planteatutakoaren arabera, eta, nolanahi ere, egindako kontratazioaren ondorioz Europako proiektuen esparruan identifikatutako aukera guztiei edo deialdietara aurkeztutako proposamenei buruzko informazioa.
4. Justifikazioa aurkezten bada oinarri honetan adierazitako epeak bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
2. Dirulaguntza bi unetan ordainduko da:
a) Lehenbiziko ordainketa partzialean, emandako dirulaguntzaren %50 ordainduko da. Ordainketa hori 2026an eginen da, 9. oinarriko 1. eta 2. ataletan eskatutako justifikazioa aurkeztu ondoren.
b) Gainerako %50a 2027an ordainduko da, behin aurkezturik 9. oinarriko 3. atalean adierazitako justifikazioa.
3. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena lau hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.
Baldin gardentasun betebeharra duten onuradunek epez kanpo komunikatzen badute aipatu foru legearen 12. artikuluan eskatutako informazioa, onartutako dirulaguntza %10 murriztuko da, informazio hori hurrengo 10 egun baliodunetan aurkezten bada. Bestela, hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
b) 4.2 oinarrian kontrataziorako ezartzen diren betebeharrei eustea diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean.
c) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea 9. oinarrian adierazten den moduan.
d) Bere web-orrian edo, halakorik ez badu, beste bideren bat erabiliz, adieraztea dirulaguntza honen onuraduna izan dela, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatzen ahal dira (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala),edo haren Argitalpen Atalaren bidez.
e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Zehazki, deklaratzen ahalko da galdu dela dirulaguntzaren zati bat kobratzeko eskubidea, proportzioan kalkulatua, baldin eta kontratua azkentzen bada hamabi hilabete iragan baino lehen –epe hori eskatzen da 4.2.a) oinarrian–, salbu eta entitateak 4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen beste norbait kontratatzen badu hurrengo hilabetean, eta horren berri ematen badio Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari, hilabeteko epean, kontratu berria egiten den egunetik hasita.
12. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. Enpresaren definizioa erregelamendu horren 4. kontuan hartuzkoan agertzen dena izanen da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin izanen da izan 300.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
2. Horretarako, onuradunek frogatuko dute, laguntzen eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuta, "de minimis" laguntzarik jaso duten deialdiaren aurreko hiru urteetan.
13. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bitartez (eskura dago www.nafarroa.eus webgunean).
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barnean egiten diren jarduketa guztien komunikazioak entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez eginen dira.
Gaitutako helbide elektroniko bakarra Ogasuneko Ministerioaren helbidean lortzen ahal da (https://dehu.redsara.es/). Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, GHEBa lortzen den helbide berean.
14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoak, banaka edo beste batzuekin batera, ezin izanen ditu inolaz ere gainditu 4.3 oinarrian eskatzen den gutxieneko hamabi hilabeteko kontratazioaldi horretan izanen diren lan kostuak eta Gizarte Segurantzaren kostuak.
15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.
Iragarkiaren kodea: F2603534
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
