61. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

16E/2026 FORU AGINDUA, martxoaren 2koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean errepideko bidaiari-garraioaren gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2026ko martxoaren 17ako iragarritako greba orokorra dela eta.

Zenbait erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute Nafarroako Foru Komunitatean, 2026ko martxoaren 17rako.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, greba orokorrerako deialdia dela eta, Foru Komunitatean bidaiari-garraio erregularraren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailitzaizkieke langileei, eskoletako eta gainerako ikasleei eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileei, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela, eta, kasu honetan, iragarritako grebak kalte egiten ahal die gatazka horretatik kanpo dauden herritarrei.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenak baliatuz.

Horregatik, zenbait sindikatuk 2026ko martxoaren 17rako egindako greba orokorraren deialdia dela-eta, bidezkoa da foru agindu bidez ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean egiten den errepideko bidaiari-garraio erregularrerako gutxieneko zerbitzuak, bai erabiltzaile guztientzako garraiorako, bai erabilera mugatuko garraiorako.

Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, aurreko deialdien ezaugarriak eta deialdi horietan ezarritako gutxieneko zerbitzuak aztertu dira aldez aurretik.

Gainera, kontuan hartu da greba deialdia lanegun eta eskola-egun baterako dela, non joan-etorriak hainbat arrazoirengatik gertatzen diren, hala nola osasun zentroetara, ikastetxeetara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarretara joateko, eta, hortaz, garraio faltak kalte larriak ekarriko lizkiekeela erabiltzaileei eta, bereziki, ibilgailu partikularrik gabeko jendeari, adinekoei, mugikortasun murriztuko jendeari eta landa eremuetako erabiltzaileei, batez ere horiek baitaude errepideko garraio kolektiboaren menpe.

Greba deialdiak erabiltzaile guztientzako eta erabilera mugatuko garraio publiko erregularreko zerbitzuei eragiten die.

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularrari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa 28 zerbitzuren titularra da.

Zerbitzu horien ustiapen datuen arabera, kalkulatzen da urtean zehar 168.893 espedizio egiten direla, 2.729.409 bidaiari garraiatuz. Lanegun batean, gutxi gorabehera 8.675 pertsonak erabiltzen dituzte erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren zerbitzuak beren joan-etorrietan.

Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri horietako gehienak errepidez egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, garraio publikoko bestelako aukerak eskasak direlako egin beharreko joan-etorri horiei behar bezala erantzuteko.

Deialdi honetarako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da greba orokorra dela eta lan jarduera guztiei eragiten diela.

Era berean, kontuan hartu da greba astearte baterako iragarri dela, hots, lanegun baterako eta eskola-egun baterako, zeinetan 565 bidaia egiten baitira.

Aipatu aurrekariak eta haien ebazpen judizialak ikusita, baita deialdi honen ezaugarriak eta egin diren gogoetak ere, bidezkotzat jotzen da %40ko gutxieneko zerbitzuak ezartzea errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularrean; betiere, egunean bidaia bat bermatuko da joateko eta beste bat etortzeko kontzesio bakoitzean eta kontzesioaren tituluan baimendutako zirkulazio guztietan.

Arestian aipatutako joan-etorriez gain, eskola-umeentzat erabilera mugatuko garraio zerbitzu publiko erregularren bidez egiten direnak egin beharko dira.

Eskola-garraioaren zerbitzua hezkuntzaren zerbitzu osagarri bat da, ezinbestekoa dena kontuan harturik errealitate sozioekonomikoa, biztanleen sakabanatze geografikoa eta hezkuntza zerbitzuen kontzentrazioa. Hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, Konstituzioaren 27. artikuluan jasota baitago, Hezkuntza Departamentuak eskola-garraiorako eskubidea onartzen die irakaskuntzako nahitaezko etapetako ikasleei (Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoei, Lehen Hezkuntzakoei eta Bigarren Hezkuntzakoei) eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako ikasleei, ikastetxea ikaslea bizi ez den beste herri batean dagoenean.

Bada, 2025-2026 ikasturtean, gutxi gorabehera 14.000 ikasle dira Hezkuntza Departamentuak kontratatutako eskola-garraioa erabiltzen dutenak (276 ibilbide autobusez eta 119, berriz, taxiz). Kopuru horri gehitu behar zaizkio eskola-garraioa derrigorrezkoaren ondoko beste irakaskuntza batzuetan edo titulartasun pribatuko ikastetxeetan erabiltzen duten ikasleak, ikastetxe horietan eskola-garraioaren zerbitzuak ez baititu Hezkuntza Departamentuak kudeatzen. Aurreko ikasturtean, hots, 2024-2025 ikasturtean, eskola-garraiorako 336 baimen eman ziren, joan-etorriak egiteko bai titulartasun publikoko ikastetxeetara bai titulartasun pribatuko ikastetxeetara.

Eskola-garraioa babes berezia behar duen biztanle sektore batez arduratzen da. Izan ere, sektore hori babesik gabe aurkitzen da adina dela-eta autonomia pertsonalik ez dutelako eta, orobat, ikasleen eta adingabeen garraioaren segurtasun baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan eskatzen diren segurtasun baldintzak betetzen dituzten garraiobide alternatiboak gutxi direlako.

Errege dekretu horrek eskola-garraiorako segurtasun baldintzak ezartzen ditu eta, besteak beste, honako hauek erregulatzen ditu: zerbitzuaren antolaketa (espedizioak ezin dira ordubete baino luzeagoak izan), antzinatasuna, ibilgailuen ezaugarri teknikoak, bereizgarriak eta laguntzailea. Horregatik, erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularraren zerbitzuak, bai hiriartekoak bai hiri barrenekoak, ezin dira eskola-garraioaren alternatibatzat edo haren ordezkotzat jo, ez baitituzte bete behar goian aipatutako baldintzak.

Orobat, eskola-garraioan ezin da espediziorik murriztu; izan ere, ikastetxera joateko espedizio bakar bat egiten da, eta beste bat erabiltzaileak etxera itzultzeko. Ezinezkoa da, bestetik, ibilbideak elkartzea, ibilgailuak edukiaren arabera kontratatzen direlako eta beterik joaten direlako.

Hortaz, beharrezkotzat jotzen da etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzuei eustea. Irizpide hori bat dator erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularrarentzat hartutakoarekin, non, emakida bakoitzean, bidaia bat joateko eta beste bat etortzeko eta trafiko guztien estaldura bermatzen baitira; irizpide hori eskola-garraioari aplikatzeak berekin dakar zerbitzuei eustea.

Desgaitasun fisikoak eta psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuari dagokionez, aurreko kasuetan bezala, kolektiboaren ezaugarri berezien araberako gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira, beste inork baino babes handiagoa behar baitute.

Autobus geltokietan, gutxieneko zerbitzu horiek emateko ezinbestekoak diren jarduerak mantenduko dira.

Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

Horrek ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1997 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluan xedatutakoa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Zenbait sindikatuk Nafarroako Foru Komunitatean 2026ko martxoaren 17rako iragarritako greba orokorra egitean, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira:

a) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularraren zerbitzuen %40.

Emakida bakoitzean, gutxienez ere, joateko bidaia bat eta itzultzeko bidaia bat eginen dira egunero. Emakidaren tituluan baimentzen diren zirkulazio guztiak hartuko dira kontuan.

b) Erabilera mugatuko garraio erregularra:

–Eskola-garraioa: etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzu guztiak.

–Desgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuak: zerbitzu guztiak.

c) Autobus geltokietan, gutxieneko zerbitzu horiek emateko ezinbestekoak diren jarduerak mantenduko dira.

2. Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea deialdia egin duten sindikatuei, Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunpekoak izanik erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio erregularraren zerbitzuak ematen dituzten enpresei eta Hezkuntza Departamentuari, eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2026ko martxoaren 2an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2603757