2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BURLATA
Udalaren eta haren mendeko erakundeen zerbitzura ariko diren langileak aldi baterako kontratatzeko Erregelamendua onestea
Burlatako Udalaren Osoko Bilkurak, 2026ko otsailaren 26an egindako bilkuran, Burlatako Udalaren eta haren mendeko erakundeen zerbitzura ariko diren langileak aldi baterako kontratatzeko Erregelamendua onetsi zuen. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, testua behin betiko onetsi beharra dago, eta behar diren ondorioetarako argitaratzeko xedatu.
Burlatan, 2026ko otsailaren 27an.–Alkate udalburua, Berta Arizkun González.
BURLATAKO UDALAREN ETA HAREN MENDEKO BESTE ERAKUNDE OROREN ZERBITZURA ARITZEKO LANGILEAK ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO ERREGELAMENDUA
I.–Xedea, aplikazio-eremua eta printzipioak
1.–Xedea.
Langileak aldi baterako kontratatzeko prozedura kudeatzea, horretarako sortutako ordezkapen-zerrendetatik abiatuta.
2.–Aplikazio-eremua.
a) Plantilla organikoan hutsik dauden lanpostuak betetzea bitarteko langileekin, bai eta zenbait inguruabarrengatik sor daitezkeen beharrei erantzutea ere.
b) Erregelamendu hau Burlatako Udalari eta haren mendeko erakundeei aplikatuko zaie.
c) Erregelamendu hau ez zaie aplikatuko langileak kontratatzeko irizpide propioak dituen dirulaguntza-deialdiren baten babesean egiten diren kontratazioei (adibidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gizarte-intereseko lanak, oinarrizko errenta eta abar). Non eta berariaz eskatzen ez den.
3.–Aldi baterako langileak hautatzeko printzipioak.
Aldi baterako langileak deialdien bidez hautatuko dira, betiere berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak bermatuz.
Betiere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta eraginkortasun eta arintasun handienarekin egitea ahalbidetuko da.
II.–Izangaiak hautatzeko prozedura
4.–Zerrendak eratzea eta lehentasun-hurrenkera.
1. Prestakuntzarako, hobekuntzarako eta sustapenerako barne-deialdietan gainditutako pertsonen zerrendak.
2. Lanposturik gabeko gaindituen zerrendak, honako izangai hauek osatuak: langile finko izateko hautaprobak gainditu eta lanposturik lortu ez dutenak.
3. Langile finko gisa sartzeko hautapen-prozesuetatik heldu diren izangaien zerrendak, aurreko apartatukoak ez direnak, deialdian ezartzen den hautapen-prozesuko probaren bat gainditu dutenekin osatuak. Apartatu hau deialdiaren oinarrietan hala ezartzen bada bakarrik aplikatuko da.
4. Kasuan kasuko lanpostuak aldi baterako betetzeko hautaproben deialdi publikoaren bidez osaturiko izangaien zerrendak, dagokion hautaprobetan lorturiko puntuazio-ordenaren araberakoak.
5. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak helburu horrekin igorritako zerrendan dauden izangaien artean egindako hautaproben bitartez eratutako izangai-zerrendak, kasuan kasuko lanpostuaren betebeharrak betetzen dituztenenak, hautaprobetan lorturiko puntuazio-ordenaren arabera.
Zerrenda propiorik ez dagoenean edo zerrenda horiek agortuta daudenean, beste administrazio publiko batzuen zerrendak erabiltzen ahalko dira, dagozkion legezko mekanismoak baliatuz.
III.–Deien kudeaketa
5.–Dei-motak.
5.1. Lan-eskaintzak telefonoz edo/eta testu-mezu bidez jakinaraziko zaizkie zerrendetan dauden pertsonei, telefono mugikorrera edo/eta posta elektronikora. Mezuan, lan eskaintzari buruzko informazioa emanen zaie, eta epe bat izanen dute mezuan adierazitako moduan eskaintzari erantzuteko. Emandako epea bukatuta, lan-eskaintzari garaiz eta behar bezala erantzun dioten pertsonei deituko zaie, zerrendan duten lehentasun-hurrenkeran.
5.2. Kontratazio-eskaintzak.
Kontratazio-eskaintza arruntak:
–Zerrendako pertsonei 24 orduko epea emanen zaie erantzuteko.
Kontratazio-eskaintza presakoak:
–Zerrendako pertsonei 12 orduko epea emanen zaie erantzuteko.
Ohiko nahiz presazko kontratazio-eskaintza berariaz onartutakoek kontratua sinatu aurretik berariaz uko egiten badiote, desaktibatuen egoerara edo zerrendako azken lekura igaroko dira, uko egiteko arrazoiaren arabera, erregelamendu honen 7., 8. eta 9. artikuluetan araututakoari jarraituz.
6.–Dei egiteko arau orokorrak.
1. Aldi berean kontratu bat baino gehiago eskaintzen bada, zerrendan lehen tokian dagoen pertsonari aukera eman beharko zaio haietako edozein aukeratzeko.
2. Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dituzte gutxienez; izangaiak arduratuko dira informazio hori uneoro eguneraturik edukitzeaz.
3. Kasu guztietan, kontaktu bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.
4. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiendako, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 7. xedapen gehigarrian ezarritakoa betetzeko.
5. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie eskainiko beste lanpostu bat betetzeko lan-eskaintzarik, eta zuzenean desaktibatuta geldituko dira, salbu eta:
a) Kontratazio-eskaintzak lanaldia hobetzea badakar, lanaldi partzialetik osora pasatzen bada eta eskaintza 6 hilabetekoa edo luzeagoa bada.
b) Eskaintza lanpostu huts bat bitarte baterako betetzeko baldin bada, betiere kontratatutako pertsona ez dagoenean lehendik lanpostu huts bat betetzen, edo eskainitako lanpostu hutsaren lanaldia luzeagoa bada edo beste lanpostu bat bada.
c) Kontratazio-eskaintza ez bada egiten betetzen ari diren lanpostuari dagokion zerrendatik, baizik beste batetik.
6. Langile bat aldi baterako kontratu bat dela bide lanean ari edo aritu bada eta kontratu hori bukatu ondorengo 15 egunean lanpostu bera bete behar baldin bada, izangai berari eskainiko zaio kontratua, betiere berriz deitzen zaionean libre baldin badago indarrean dagoen kontratazio-zerrendan.
7.–Kontratazioari justifikatuta uko egitea.
7.1. 5.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, kontratazio arrunteko eskaintza bati uko egiten diotenak ez dira kontratazio-zerrendako azken postura igaroko honako kasu hauetan:
a) Indarrean dagoen kontratu administratibo edo lan-kontratu batengatik horretara behartua egotea.
b) Aldi baterako ezintasun-egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.
c) Sinatutako kontratuari uko egitea, beste administrazio publiko, enpresa publiko edo enpresa pribatu batean lanean hasteko, edo administrazio berean bai baina beste lanpostu batean aritzeko.
d) Bere zaintzapean edukitzea 3 urtetik beherako ume bat, norberarena nahiz adoptatua, edo lehen gradura bitarteko odol bidezko ahaideren bat, adinagatik edo istripu edo gaixotasun baten ondorioz bere kasa baliatzeko gauza ez dena eta lan ordaindurik egin ohi ez duena.
e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean badago.
7.2. Aurreko egoeretako batean dauden izangaiek agiri bidez eta modu frogagarrian frogatu beharko dute, 10 egun naturaleko epean, uko egiten dioten lanpostua eskaini zaien egunaz geroztik. Agiriak Burlatako Udalean erregistratu beharko dira, giza baliabideetara zuzenduta, edo lan-eskaintza egin den erakundean. Agiriak ezarritako epean jasotzen ez badira, lanpostuari justifikaziorik gabe uko egin zaiola joko da, eta zerrendan azken postura igaroko da izangaia.
8.–Zerrendak desaktibatzea.
Zerrendatik pertsona hauek desaktibatuko dira:
1) 7. artikuluan jasotzen den arrazoiren batengatik kontratuari uko egiten diotenak.
2) Eskaintza desberdinetarako bi dei arrunt egiten zaizkien pertsonak, baldin eta, 24 orduko epean erantzuten ez badute eskaintza onartzeko edo uko egiteko.
Zerrendatik desaktibatutako pertsonak ez dira berriro libre egoten ahalko harik eta erregistro elektronikoaren bidez berriro aktibatzen diren arte. Beraz, desaktibatuta dauden bitartean ez zaie lan-eskaintzarik bidaliko.
9.–Zerrendako azken tokira joatea.
Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozteko moduko arrazoiengatik.
c) Behin lanpostu bat eskaini eta onartu ondotik, izangaiarekin harremanetan jarri ezin izatea eta/edo ohiko bi deialditan erantzunik ez jasotzea.
d) 8. artikuluaren arabera desaktibatu ondotik zerrendan aktibatuta egotea, eta, eskaintza desberdinetarako bi dei arrunt egin ondotik, 24 orduko epean ez erantzutea eskaintza onartzeko edo uko egiteko.
10.–Zerrendetatik baztertzea.
Deia jaso duten izangaiak zerrendatik baztertuko dira egoera hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Probaldia ez gainditzea, betiere zerbitzuaren arduradunak egin eta Giza Baliabideek onetsitako txosten arrazoitu batekin, eta aldez aurretik sindikatu-ordezkaritzari horren berri emanda.
b) Kontratua azkentzea diziplinazko espediente baten tramitazioaren ondorioz, zerrendetatik baztertzea erabakitzen duen ebazpen batekin bururatzen bada. Diziplinazko espedientea tramitatzen ari den bitartean, administrazioak erabaki dezake izangaiari deitzeko betebeharra etetea, diziplinazko espediente hori ireki bada falta astun edo oso astun bat egin dela eta.
c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiengatik, dela kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, eta horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez egitea galarazten duen errendimendu eskasa badakar, dela lanpostuaren eginkizunak aldatzeagatik, betiere interesdunari entzunaldia eman eta zerbitzuaren arduradunak txostena egin ondotik eta sindikatu-ordezkaritzari jakinarazi ondotik.
11.–Zerrenden indarraldia.
Zerrendak indarrean egonen dira organo eskudunak kontratazio-zerrenda berri bat egitea erabaki arte.
PUBLIZITATEA ETA GARDENTASUNA
Zerrenda guztiak udalaren webgunean argitaratuko dira, modu erabilerrazean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe uzten dira erregelamendu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren xedapen guztiak, eta, zehazki, honako hauek: Langileak kontratatzeko erregelamendua, 2016ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 1ean, eta haren aldaketa, 2023ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 24an.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Indarra hartzen duen unean aplikatuko zaie Udalean eta mendeko erakundeetan indarrean diren zerrenda guztiei.
Iragarkiaren kodea: L2603222