Iragarkia
61. ALDIZKARIA - 2026ko martxoaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1650E/2026 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, hiriaren eta basoaren arteko interfazean 2026an prebentzio jarduerak egin ditzaten, zeinak jasota baitaude baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planetan. DDBN kodea: 888340.
Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 30ean hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezian adierazten denez, arrisku handiko eremuetan dauden udalerriek baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planak egin eta onetsi beharko dituzte, beren lurralde eremuaren barruan baso-suteengatik gertatzen diren larrialdi egoerei aurre egiteko.
Baso-suteetarako larrialdiko babes zibila antolatzen duen oinarrizko jarraibidean ezarritakoari segituz eta INFONAn xedatutakoarekin bat, udal jarduketa plan bereziek sailkapen hauek biltzen dituzte baso-suteen prebentzio plangintzarako eta larrialdien kudeaketarako: hiriaren eta basoaren arteko interfazea, hiri eta nekazaritza inguruen artekoa eta nekazaritza eta baso inguruen artekoa, baita haiei loturiko arriskuak ere.
Behartuak dauden udalek aipatutako planak egin ondoren, beharrezkoa da plan horietan hiriguneetarako eta eraikinetarako aurreikusitako autobabes neurriak abian jartzea, helburu dutenak hiriaren eta basoaren arteko interfazean arriskua saihestea, horretarako kontuan izanda baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planetan ezarritako zonifikazioa. Neurri horien artean, estrategiak biltzen dira eraikinetatik gertuen dagoen landaredia maneiatzeko 1. lehentasuneko eremuetan (10 metro, eraikinetik neurtuta) eta 2. lehentasuneko eremuetan (10 metrotik 30 metrora bitarte, eraikinetik neurtuta).
Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezian eskatzen dena bete ahal izateko, 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan bada F43001 F4400 4609 134103 partida, "Udal jarduketa planak sustatzeko dirulaguntzak" izenekoa, xede duena baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planak egiteko lanak finantzatzea.
Ondorio horiekin, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuaren 56. artikuluan xedatutakoarekin bat, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari arlo hauetan emandako eskumenak baliatzea: babes zibila, larrialdien arreta, suteen prebentzioa eta itzaltzea eta salbamendua.
Horrenbestez, ikusirik espedientean dauden txostenak, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuaren aldeko txostena dagoenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, hiriaren eta basoaren arteko interfazean 2026an prebentzio jarduerak egin ditzaten baso-suteen arriskuari erantzuteko.
2. Deialdi honetako oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean ageri direnak.
3. 30.000,00 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2026ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko "Udal jarduketa planak sustatzeko dirulaguntzak" izeneko F43001 F4400 4609 134103 partidaren kargura, deialdi honen ondoriozko betebeharrei aurre egiteko.
4. Aurrekontuko zuzkidura hori handitzen ahalko da, 15.000 euroan gehienez ere, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, 3.a.1 apartatuan aurreikusitako kasuetan eta b atalean ezarritako baldintzak betetzen badira.
5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
6. Deialdi honen, oinarrien eta haren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat.
7. Ebazpen hau igortzea Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzura, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatura.
Iruñean, 2026ko otsailaren 18an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.
ERANSKINA.–DEIALDIA, NAFARROAKO UDALEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO, HIRIAREN ETA BASOAREN ARTEKO INTERFAZEAN 2026AN PREBENTZIO JARDUERAK EGIN DITZATEN, BASO-SUTEEN ARRISKUARI ERANTZUTEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Deialdiaren xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko, hiriaren eta basoaren arteko interfazean arriskua saihesteko asmoz 2026an prebentzio jarduerak egin ditzaten, zeinak jasota baitaude baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planetan.
Diruz lagundutako jarduera onura publiko edo sozialekoa da garrantzitsua delako abian jartzea baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planetan autobabeserako aurreikusitako neurriak, hiriguneetan eta eraikinetan arriskua saihesteko. Horretarako, jarduketak eginen dira hiriaren eta basoaren arteko interfazean, kasuko planean ezarritako zonifikazioaren arabera.
2.–Aurrekontu zuzkidura.
Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren 2026ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko "Udal jarduketa planak sustatzeko dirulaguntzak" izeneko F43001 F4400 4609 134103 partidaren kargura finantzatuko dira, zeinak 30.000 euroko zuzkidura baitu.
Aurrekontuko zuzkidura hori handitzen ahalko da, 15.000 euroan gehienez ere, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, 3.a.1 apartatuan aurreikusitako kasuetan eta b atalean ezarritako baldintzak betetzen badira.
3.–Onuradunak eta betebeharrak.
Honako baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako udalak izan daitezke onuradunak:
a) Baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana izatera behartuta dauden udalerrien zerrendan egotea, bat etorriz Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 30ean hartutako erabaki bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Bereziaren 3.2 puntuan ezarritakoarekin.
b) Baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plan bat izatea, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren aldeko txostena duena.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.
4.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da beharrezkoa dena 5. oinarrian deskribatutako jarduketen kostuaren %80 finantzatzeko, gehienez. Onuradun bakoitzak 4.000 euro jasoko ditu gehienez, aurrekontuko esleipenaren gehieneko mugaraino.
5.–Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarriak izanen dira baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planean proposatutako prebentzio jarduketetarako egiten direnak 2026an hiriaren eta basoaren arteko interfazean, dela 1. lehentasuneko eremuetan (10 metro bitarte, eraikinetik neurtuta), dela 2. lehentasuneko eremuetan (10 metroko erradiotik 30 metrora bitarte), kasuko udalerriak duen baso-suteen arriskuari erantzuteko. Hauek dira dirulaguntza honen xede diren prebentzio jarduketak:
–Belar-sastrakak kentzeko eta inausteko lanak.
–Landare-estalkia bakantzea.
–Behetiko bakanketa.
–Zuhaitz zaharrak, gaixoak edo hilak kentzea.
Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:
1. Lotutako jarduketak egitearen kostuak, salbu eta lanak udalen baliabideekin egiten badira edo udalerriko herritarrek egiten badituzte udalerriarekin kontratu-harremanik izan gabe.
2. Zehaztutako jarduketetan erabiltzen diren materialen eta tresnen kostuak, betiere material horiek lanak egiteko beharrezkoak badira.
3. Landare-hondarrak kentzeko kostuak.
Fakturazioaren eguna hartuko da gastuaren eguntzat.
Kostu horiek ez dira inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoak.
6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, laguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.
Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
7.–Eskaerak aurkeztea, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak egiaztatzea.
7.1. Epea.
Eskaerak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.2. Aurkezteko modua.
Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekaren bidez.
Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzura zuzenduko dira.
Interesdunen batek bertaratuta aurkezten badu eskaera, modu telematikoan aurkeztuz zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen eguntzat.
7.3. Aurkeztu beharreko agiriak.
Laguntza-eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
7.4. Zuzenketa.
Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa eransten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita 10 egun balioduneko epean okerra zuzen dezan, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta eskaerak baloratzeko irizpideak.
8.1. Laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen prozedura arrunta izanen da.
Norgehiagokako prozeduratzat hartuko da aurkezten diren eskaerak alderatzean oinarritzen dena, lehentasun hurrenkera bat ezartzeko asmoz oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortzen duten eskaerei dirulaguntza esleitzeko asmoz, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.
8.2. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
Eskaerak baloratuko dira lehentasun hurrenkera bat lortzeko, handienetik txikienera, udalerriaren kalteberatasun-indizearen arabera, zeina kalkulatzen baita INFONAren 3. kapituluan ezarritako osagaiak eta aldagaiak kontuan hartuta.
IV. eranskinean kontsulta daiteke zer kalteberatasun-indize duten arrisku handiko eremuko udalerriek.
8.3. Eskaeren balorazioa.
Instrukzio organoak tramitatu, aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak, oinarriotan ezarritako irizpidearekin bat, erreferentziatzat harturik, baita ere, Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 30ean hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA) prestatzean baso-suteen arriskua ikusteko egin zen kalteberatasun azterketa. Behar den ebazpen proposamena eginen du, eta txosten bat, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak hartzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Udal guztiek aurkeztutako eskaerak sailkatuko ditu instrukzio organoak, eta hurrenkera ordena ezarriko du.
9.–Dirulaguntza ematea.
Eskaerak ebaluatu ondoren, eta instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Barne Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematea aurreko oinarrian ezarritako irizpideen arabera puntuazio handiena lortzen duten eskatzaileen alde, aurrekontuko kontsignazioaren gehieneko muga gainditu gabe.
Aurrekontuan diru kontsignazio aski ez badago eta, horren ondorioz, erabilgarri dauden funtsak eskaera bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, organo kudeatzaileak partidan gelditzen den diru kopurua esleituko dio, partida agortu arte.
Ebazpen arrazoitu batean, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da, adierazita helburua eta emandako zenbatekoa, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
Laguntzak emateko ebazpena 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, www.nafarroa.eus helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.
Ebazpenaren aurka, berariazkoa izan ala ustezkoa, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, deialdi honen 15. oinarrian adierazitako moduan.
10.–Epeak, justifikatzeko modua eta ordainketa.
10.1. 2026ko urriaren 23an beranduenez (egun hori barne), erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, Nafarroako Gobernuko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari zuzenduak:
1. Egindako jarduketen memoria, non zehaztuko baitira deialdi honen kargura egindako jarduerak.
2. Fakturak eta horiek ordaindu izanaren ziurtagiriak.
3. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren arabera.
4. Diruz lagundutako zenbatekoak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako mugak gainditzen baditu, hornitzailea efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin hautatu izanari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera eta III. eranskineko ereduarekin bat. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluan aurreikusitako zenbatekoak gaindituz gero, toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, egiaztatzen edo jakinarazten duena kontratazioan bete direla apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako lege aginduak.
10.2. Laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira. Benetan egin eta justifikatutako gastua aurrekontuan adierazitako gastuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, laguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastura egokituko da, deialdi honen 4. oinarrian ezarritakoarekin bat. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.
11.–Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradun gertatzen diren udalek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
b) Dirulaguntza zertarako ematen den, xede zehatz horretarako bakarrik erabiltzea. Laguntza emateko ebazpenean aintzat hartutako baldintzak nola edo hala aldatuz gero, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuri jakinarazi beharko zaio.
c) Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren aurrean justifikatzea betebehar eta baldintzak bete direla.
d) Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
e) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
f) Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xede den jarduerari buruz behar duen informazio guztia.
g) Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduera nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea une oro.
h) Diruz lagundutako jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.
i) Ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
g) 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean, obra bat gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzu prestazioen kasuan, entitateak frogatu beharko du proiektua efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Alderdi horiek III. eranskinean adierazitakoaren arabera justifikatuko dira.
Gastu diruz lagungarriak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluan aurreikusitako zenbatekoak gaindituz gero, toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, egiaztatzen edo jakinarazten duena kontratazioan bete direla apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako lege aginduak.
12.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honen xedeko dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein dirulaguntzarekin, beste administrazio publiko batzuenak izan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak edo partikularrenak, Espainiakoak nahiz nazioartekoak.
Deialdi honetako dirulaguntzen xedeko jarduerak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horietarako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
13.–Onuradunaren betebeharrak ez betetzea eta itzulketa.
Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, dirulaguntza osoa edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da eta/edo kobratutako dirua itzuli beharko da, hori guztia bat etorriz arau horren 35. artikuluan xedatutakoarekin.
Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.
Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Barne Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze interesak barne.
14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Arau-hauste eta zehapenetarako, aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak).
Zehapen prozedura izanen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarrita dagoena, baina kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean araututako berezitasunak.
15.–Errekurtsoak.
Dirulaguntza arautzen duten oinarrien kontra eta horiek aplikatzearen ondoriozko egintzen kontra, interesdunek zilegi dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.
16.–Aplikatzekoa den araudia.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
17.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
I-II-III. ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
Tramiteen katalogoan daude eskuragarri, laguntza-deialdiaren fitxan:
IV. ERANSKINA.–ARRISKU HANDIKO EREMUKO UDALERRIEN KALTEBERATASUN-INDIZEA
UDALERRIA | KALTEBERATASUN-INDIZEA |
Abaigar | 7190 |
Abartzuza | 34062 |
Allin | 61918 |
Allo | 54789 |
Altsasu | 39530 |
Antzin | 14031 |
Antsoain | 2853 |
Araitz | 57442 |
Arakil | 79541 |
Arantza | 46916 |
Areso | 18054 |
Arguedas | 99051 |
Aiegi | 14222 |
Barañain | 2060 |
Baztan | 549005 |
Beraskoain | 8998 |
Bera | 52458 |
Beriain | 8035 |
Berriozar | 4005 |
Betelu | 10607 |
Buñuel | 53835 |
Burlata | 3133 |
Cadreita | 40095 |
Kaseda | 126684 |
Castejón | 26728 |
Cintruénigo | 55266 |
Ziritza | 6464 |
Deikaztelu | 49418 |
Doneztebe | 12852 |
Etxarri | 3390 |
Elgorriaga | 5734 |
Eneritz | 14112 |
Lizarra | 22855 |
Ezkabarte | 50543 |
Fitero | 63971 |
Fontellas | 32947 |
Galar | 60952 |
Uharte | 5724 |
Ibargoiti | 80404 |
Igantzi | 24504 |
Iguzkitza | 24084 |
Irurtzun | 5536 |
Ituren | 22942 |
Iturmendi | 14447 |
Itza | 76209 |
Lakuntza | 16450 |
Larraun | 158440 |
Lekunberri | 9927 |
Leotz | 141309 |
Lerga | 32172 |
Lesaka | 82105 |
Ledea | 28530 |
Lodosa | 67099 |
Irunberri | 84938 |
Luzaide | 66613 |
Martzilla | 32111 |
Milagro | 42076 |
Monteagudo | 16033 |
Murchante | 19548 |
Murieta | 6618 |
Muruzabal | 8792 |
Orkoien | 8336 |
Iruña | 37184 |
Petilla Aragoi | 40770 |
Gares | 58728 |
Puiu | 31146 |
Ribaforada | 42852 |
San Adrián | 31309 |
San Martin Unx | 74231 |
Zangoza | 100704 |
Tebas-Muru Artederreta | 31590 |
Tutera | 318201 |
Uxue | 165913 |
Urdazubi | 11402 |
Uztarroze | 86360 |
Eguesibar | 78830 |
Deierri | 373724 |
Valtierra | 74396 |
Viana | 116814 |
Villatuerta | 35233 |
Atarrabia | 1566 |
Esa | 33979 |
Zabaltza | 20783 |
Zizur Nagusia | 7479 |
Zugarramurdi | 8084 |
Iragarkiaren kodea: F2602813
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
